Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Euskararen tokia lurreko telebista digitalean

Euskararen tokia lurreko telebista digitalean

2005-11-10 / 07:00 / erabili.com   HERRI-ADMINISTRAZIOA

Lurreko telebista digitala (LTD) ate joka dugu. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak datorren abenduaren 31 baino lehen banatu behar dituzte tokiko telebistentzako lizentziak. Analogikotik digitalerako jauzian, kate kopuruak izugarri egingo du gora. Euskarak LTDren lizentziak lortuko dituzten kateetan izango duen edota izan beharko lukeen presentzia ez dago hain argi. Arautu gabe dagoen kontua da oraindik, eta euskaraz ari diren tokiko telebista txikietan eta euskalgintza munduan kezka eta eskaerak sortzen dituen gaia da.

Aro berria ate joka

Aro berria ate joka

Sistema analogikoari ez zaio denbora luzerik geratzen telebistaren munduan. Europako gainerako herrialdeetako ildoari jarraituz, urte gutxi barru telebista emisio guztiak sistema digitalaren bidez jasoko ditugu gure etxeetan, lurreko telebista digitalaren bidez.

Sistema analogikoan frekuentzia batean kate bakar bat kabitzen bada, digitalean halako lau sartzen dira gutxienez. Horrenbestez, ikus-entzuleentzat berrikuntza nagusiena etxean ikus ahal izango duten kate kopuruaren ugaritzea nabarmena izango da. Irudia eta soinuaren kalitatea ere hobea izango da, eta telebista interaktiboago bat agintzen zaigu.

Estatu espainiarrean 2010. urtea jarri dute itzalketa analogikoa deritzona gauzatzeko azken muga bezala. Ordurako, LTD ondo hedatuta eta finkatuta izan beharko da gurean ere. Horraino iritsi aurretik, ordea, urrats asko ematea falta da, aurrenekoetan gaudela esan daiteke.

EAErako baimenak

Espainiako Lurreko Telebista Digitalaren Legearen arabera, Eusko Jaurlaritzak du tokiko telebistek errealitate berrian izango duten kokapena zehazteko ahalmena eta 2005 urtea amaitu aurretik banatu beharko ditu Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako tokiko telebistei dagozkien lizentziak. Hamar urterako balioa izango dute baimenek. Emisio baimenen banaketa hori eremuka edo barrutika egingo da. Barruti bakoitzari lau telebista kate dagozkio. Gipuzkoan zazpi barruti aurrikusten dituzte, Bizkaian sei eta Araban bi.

Emango diren baimen horietatik, batzuk titularitate publikokoak izango dira (udalen esku egongo dira) eta beste batzuk pribatuak.

Araudiaren zain

Zehazteke dagoena, aurrerantzean gutxienez bikoiztuta iritsiko zaigun kate eskaintza horretan euskarak izango duen presentzia da. Eusko Jaurlaritzak oraindik ez du jakinarazi zer baldintza bete beharko dituzten tokiko telebistek lurreko telebista digitalen baimenak eskuratu ahal izateko.

Laster iristekoa den araudi horren zain daude tokiko telebistetako arduradunak, eta bereziki euskaraz aritzen diren telebistetakoak. Gaur egun ere euskarak erderarekin alderatuta tokiko telebisten esparruan toki txikia hartzen badu, euskarazko hedabideetan dabiltzanak kezkati ageri dira, digitalizazioak berarekin dakarren kate kopuruaren handitze nabarmenarekin euskararen toki hori zertan geldituko den ez dakitelako.

Barrutiko bat euskaraz, gutxienez

Euskarazko tokiko telebisten elkarteak, Tokiko elkarteak, kezka hori eta Eusko Jaurlaritzari zuzendutako bere proposamenak plazaratu zituen joan den urriaren 28an eginiko agerraldian. Busturialdeko Irrati Telebista, SL (Urdaibai Telebista), Goiena Komunikazio Zerbitzuak Kooperatiba Elkartea (GoiTB), Goierriko Ikuskari, SL (Goierri Telebista), Telezerbitzuak, SA (Zarautz Telebista), Ttipi-Ttapa Fundazioa (Ttipi-Ttapa Telebista), Xaloa Telebista eta Topagunea Euskara Elkarteen Federazioa biltzen ditu iaz sorturiko elkarte horrek.

Legeak ezarritako barruti bakoitzean lau katerentzako baimenak emango direla kontuan hartuta, lau horietatik bat gutxienez euskarazko telebista katea izatea eskatzen diote Eusko Jaurlaritzari Tokiko elkarteko kideek. Orain emango diren lizentziak hamar urterako izango direla-eta, neurri hori ezinbestekotzat jotzen dute Tokiko elkartetik. Horrela egin ezean, euskarazko telebistarik gabe geldituko baitira barruti batzuk datozen urte luzeetan. "Euskaldunok eguneko informazioa euskaraz jasotzeko eskubidea bermatua izan behar dugu", ordea, Tokiko elkartekoen esanetan, eta horretan lagundu beharko luke Eusko Jaurlaritzak euskaraz aritzen diren telebistentzako lekua gordez.

Gutxienekoak ezarri

EAEn ezarriko diren baldintzak zeintzuk eta zer nolakoak izango diren jakin aurretik, euskalgintzaren mundutik eginiko eskaeretan euskararen presentzia baimena lortuko duten kate guztietan bermatzea eskatu da.

Lizentzien banaketaren bidez euskara hutsezko kateen presentzia bermatzea ez ezik, gazteleraz ariko diren kateei ere "euskara kuota bat" ezartzea eskatu du esate baterako Kontseiluak, eta hori legez babestea.

Kataluniako eredua

Gurean ez bezala, Katalunian dagoeneko ezarri dituzte lurreko telebista digitalaren zabalkundean tokiko telebistentzako lizentzien lehiaketan parte hartzeko bete beharreko baldintzak.

Baldintza horietan Kataluniako hizkuntza propioaren erabilera eta kultur adierazpenen zabalkundea bermatzeko neurriak ezarri ditu Generalitateak. Horrela, baimena lortu nahi duten tokiko telebistek katalan hizkuntza erabiltzeko obligazioa izango dutela esaten da, Kataluniako kultur adierazpenak sustatu beharko dituzten bezalaxe.

Nafarroan eta Iparraldean larri

EAEn lurreko telebista digitalaren lizentzien banaketak eta horretarako araudiak euskararen presentziarekin lotutako kezkak eta zalantzak sortzen ditu, araudia bera plazaratu atarikoetan.

Kezkak eta zalantzak, ordea, are nabarmenagoak dira Nafarroan eta Iparraldean. Nafarroan gaur egun euskaraz aritzen diren bi telebistak, Ttipi-Ttapa eta Xaloa, baimena lortzeko aukeratik kanpo gelditu dira. LTDaren zabalkunderako Nafarroan bost barruti ezarri ziren: Iruņea, Tutera, Lizarra, Tafalla eta Zangoza. Ttipi-Ttapa eta Xaloa, berriz, Nafarroa iparraldekoak dira, eremu euskaldunekoak. Baztan, Bortziriak eta Malerreka bailaretara iristen dira eta, beraz, ezarritako eremuetatik kanpo eta baimenik gabe gelditu dira horrenbestez. Eta baimenik ezean, dirulaguntzarik gabe gelditzeko arriskua dute, eta aurrera egiteko zailtasun ugari beraz.

Iparraldean (Lapurdiko kostaldean bai behintzat) telebistaren digitalizazio prozesua Hegoaldeko lurraldeetan baino aurreratuago dago. Joan den irailaren azken egunetik hainbat herritarrek dagoeneko beraien etxeetan jasotzen dute lurreko telebista digitalaren seinalea eta, berarekin, kate berri ugariren eskaintza. Frantziako Estatuan, ordea, tokiko telebistentzako baimenik ez dute eman eta, horrela, lizentzia duten kate guztiak telebista eta enpresa handienak dira. Euskarak ez du kabidarik programazio horietan.


Gai honi buruz erabili.com-en argitaratutakoak (irakurtzeko gainean sakatu)

Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com