Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   

Euskarazko wikipediari bultzada

 

Euskararen erabilera esparru guztietan sustatzeko, ezinbestekoa da herritarrei baliabide eta tresnak ematea, teknologia berrien arloan bereziki. Testuinguru horretan kokatzen da 2011n Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak euskarazko eduki entziklopedikoak sarean jartzeko garatutako egitasmoa.

Hasieratik, Eusko Jaurlaritzaren nahia izan da egindakoari lotzea. Horra hor, Eusko Jaurlaritzarenak ziren eduki entziklopediko interesgarriak, Lur Hiztegi Entziklopedikoa eta Lur Entziklopedia Tematikoa hain zuzen. Horregatik egoera aztertu ostean, Kultura Sailak erabaki du jabetzan dituen jatorrizko eta egokitutako euskarazko edukiak Wikipediaren bidez sareratzea./02

Wikipedia aukeratzearen arrazoiak honako hauek dira: irtenbide teknologiko egokia, azkarra, erabilgarria eta merkea delako; lana egiterakoan, parte-hartzea, osagarritasuna, elkarlana eta lankidetza sustatzen dituelako eta Wikipediaren aukera eduki libreen aldeko filosofiarekin bat datorrelako, Kultura Sailak bultzatu nahi dituen lerroekin.

Esan bezala, Lur entziklopediak erabili dira abiapuntu gisa, eta horietatik 11.000 sarrera hautatu dira; horietatik 8.500 gaur egun euskarazko Wikipedian ez daudenak dira, eta 2.500 lehendik zeudenak, baina berritutakoak edo eguneratutakoak. Sarreretatik % 20 Euskal Herriari buruzkoak dira, eta % 80 eduki unibertsalei lotutakoak. Lana aurrera eramateko, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak Elhuyar Fundazioa kontratatu zuen lehiaketa publiko bidez. Elhuyarrekin batera hainbat euskal wikilari izan da lanean. Oinarritzat hartu beharreko materialek 20 urte baino gehiago dituztela kontuan izanda, lantaldeak, beharrezkoa izan denean, hautatutako sarrerak egokitu, zuzendu eta eguneratu egin ditu.

Ekimen horri esker, Wikipediaren euskarazko edizioak 110.000 sarrera baino gehiago ditu 2011ko abendutik. Europatik atera gabe, euskarak baino askoz hiztun gehiago dituzten hizkuntza batzuk (grekoa eta letoniera, kasu) ez dira kopuru horretara hurbiltzen. Teknologia berriak eragin onuragarria izaten ari dira euskararen berreskurapenean. Horregatik, Jaurlaritzak Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiei garrantzi handia ematen die Euskararen Aholku Batzordearekin batera prestatzen ari den Euskara Sustatzeko Ekintza Plan berrian eta urteroko aurrekontuetan.

Ekimenaren nondik norakoak

Lurdes Auzmendi Hizkuntza Politikarako sailburuordeak hau adierazi zuen: "Sailburuordetzaren asmoa eduki digital horiek euskaldun guztiek erabili ahal izatea da, baina gure lehentasuna ikasleak dira. Euskal Herrian, hezkuntza-maila guztietako ikasleek beste hizkuntza batzuetan (bereziki gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez) idatzitako testuak itzultzen luzaz eta esfortzu handiz jardun behar izaten dute. Euskaraz sortutako material gehiago behar dugu. Uste osoa dut gai garela kalitateko euskarazko entziklopedia digitala sortzeko. Amets dudan entziklopediak orotarikoa izan behar du, baina euskararen eta Euskal Herriaren gaineko sarrerek toki berezia izan behar dute. Haurrak eta nerabeak erakartzeko, irudiek eta lan grafikoek garrantzi handia izango dute. Hori da Eusko Jaurlaritzaren eta Wikipediaren nahia eta horretan ari gara".

Teknologia berrietan euskararen erabilerari dagokionez, berriz, hau esan zuen: "Aro digitalak aukera paregabea ematen digu informazioaren demokratizazioan aurrera egiteko. Orain ez da beharrezkoa prentsa edo telebista inperio bat besteengana iristeko. Nork bere bloga sortu dezake. Edo gizarte sareetan bere iritzia adierazi. Eta, hemendik aurrera, non-nahi egonda ere, errazago izango du gai bati buruz dakiena beste batzuekin euskaraz partekatzea. Iparragirrek iragarri zuen bidetik, euskara lau haizeetara eta bost kontinenteetara zabaldu da".

  • Estreinakoz Euskararen Berripapera-n argitaratua


Inprimatu


Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com