![]() |
Egin klik hemen INPRIMATZEKO |
Rufino Iraola Garmendia / Hizkuntza / 2012-02-03 / 08:25
Horrenbeste metahizkuntza egiten denean, gauzak ez doaz ondo. Zoriontsu denak ez du pentsatzen zorionaz; ez denean hasten da pentsatzen.
Babeli gorazarre. Izenburu polita da, egokia, Patxi Baztarrikak duela urte pare bat idatzi zuen liburuarena; neu ere Babelen aldekoa naiz. Swahili hizkuntzari buruzko datuak ikusten jardun dut egun hauetan; interesgarria da, mintzatzen ez badakizu ere, hizkuntza baten barrunbeak apur bat miatzea. Era berean esan dezadan, ordea, nekez uler dezakedala existitu ere egiten den ez dakizun hizkuntza nola izan daitekeen nire ondare. Swahilia, neurri txikian bederen, nire ondare da, baina interesatu egin zaidalako, eta miatu dudalako, nahiz eta maila oso apalean izan. Munduko hizkuntzak guztion ondare potentzialak dira, baina ez errealak. Esan nahi dut, "euskara guztion ondarea da" onartzeko, erantzukizun minimoa exijitu beharra dagoela hori esaten duenari. Minimo hori finkatzerakoan sortzen zaizkit problemak, baina ni swahiliarekin egiten ari naizen adina edo gehixeago bai, behintzat.
Patxi Baztarrikaren liburua politikoki oso zuzena da. Seinale du, ez dakit Administrazioan ziharduela pentsatua dela, baina egon izanaren ondorioak oso nabariak direla. Erraz gaindituko luke Tribunal Konstituzionalaren azterketa: indarrean dagoen legediaren barruan pentsatua dago. Printzipio orokorretan oinarritua, nagi antzean dabil konkrezioen eremu aldapatsuan. Hori bai, asmo onez josia, eta litekeena da Patxi Baztarrika infernura joatea, infernua asmo oneko jendez betea omen dago eta. Bromak aparte utzita, zenbaitetan errepikakor samarra suertatu zait. Agian, arrazoi du ataundarrak: hemen gauzak sarri dago errepikatu beharra, bestela inor ez da enteratzen eta. Aipu egokiak ditu, asko gainera. Alde horretatik ahalegin handia egin du; bibliografia ikusi besterik ez dago. Bestalde, jakintza-maila dezentea eskatzen duen liburua da. Oro har, gai hauez zerbait baino gehixeago jakin beharko duzu: politikaz, ekologiaz, filosofiaz, soziologiaz, hizkuntzei buruzko Europako legediaz, eta euskaraz ere maila ona beharko duzu, ondo idatzia baitago, erdarakada txikiren bat edo beste gorabehera. Egoki-egokia da kontsulta-liburu moduan erabiltzeko. Azkenik, paragrafo hau amaitzeko, esango nuke erdaraz (gaztelaniaz) eskribitu beharreko liburua dela; liburu hori euskaraz leitzeko gai diren euskaldunek badakizkite gauza horiek gehienak (lehendik).
Patxiren hitzetan, hizkuntza biziberritu eta indartzeko prozesuak arrakastarik izango badu, ezinbestekoa da hiru baldintzok uztarri berean lotzea: herritarren atxikimendua, lege-babesa eta baliabidez hornituriko politika eraginkorra, hizkuntzak ez direlako bere kabuz ahultzen. Egia esan, hizkuntza bere kabuz ez da ezer, dituen funtzio sozialen baitan da zerbait. Jakinekoa da, Patxik dioen eran, hizkuntza guztiek ez dituztela prestigio eta funtzio sozial berak. Hori da gakoa; klixe utilitarioa da, azkenean, problema. Beraz, gure egitekoa badakigu zein den: beharrak sortzea; adibidez, Goierriko bankuetako mostradoreetan euskaldunak badaude, Goierriko gizartearen beharrak eraginda daude. Patxik dio Frantzian ere hasi ote diren euskara apur bat bultzatzen; hori ez da Sarkozyri, ametsetan, Gabriel goiaingerua etorri zaiolako, baizik eta premiaren bat ikusi duelako, oraindik geldoa agian, enbrionarioa, baina nolanahi ere beharra. Segur aski, oraindik ez da izango politikoki zuzena besterik, baina... Espainiak ere, Baztarrikak dioenez, konpromiso politiko zehatzak hartuak ditu. "Konpromiso formalak" esateko tentazioa sentitzen dut.
Ez dakit Europarekin fede handiegia ez ote duen Patxik. "Pluraltasunean bat egitea" eta horrelakoak oso politak dira. Europako hizkuntza bat galtzea Europako identitatearen zati bat galtzea dela dio. Egia al da moztutako besoaren oinazea! Nazioarteko zenbait soziologo eta linguistak aholku zoragarriak ematen dituzte, hor datoz horietako asko, Patxik ipinita. Hipotetiko asko: "Se deberķa" eta abar. Horrenbeste metahizkuntza egiten denean, gauzak ez doaz ondo. Zoriontsu denak ez du pentsatzen zorionaz; ez denean hasten da pentsatzen.
Patxik bi galdera egiten ditu: "zergatik ikasi" eta "zertarako ikasi". Niretzat, lehen galdera soberan dago, ez dago "zertarako ikasi" beste galderarik. Funtzionaltasunean oinarritu behar da beti hizkuntzaren etorkizuna; jakina, identitate-funtzioa ere hor dago, bera bakarrik ezer gutxi den arren. Ez nuke sartu nahi, ez bainuke jakingo nola irten, hizkuntza ofizial eta lan-hizkuntza bezalako disgresioetan, Baztarrika sartzen den eran; dena den, hizkuntza ofizialak lan-hizkuntza ere izan behar du eremuren batean. Bestetik, oraindik ez dut ikusten zer abantaila duen Europan ofiziala izateak, eremu horretan sekula erabiliko ez bada; interesgarriagoa jotzen dut Europak hizkuntza bakoitza bere eremuan onar dezan, eta erabiltzeko medioak ipintzea. Izan ere, Patxik berak argitzen digu Europak ez daukala hizkuntza-pluraltasuna gorde eta indartzeko politika eraginkor eta egiturarik. Ados gaude elebitasuna dela integrazio bidea; nola ez gara egongo?
Baina hasierara itzuliko naiz berriro: Eremu jakin batean hegemonikoa izan behar du hizkuntzak, buru emango badu. Patxik ere mezua jasoa du, eta ez dago gizarte elebidun orekaturik. Utopia hutsa da Euskal Herri elebidun perfektuaren kontua. Identitate-funtzioaz gain, beste minimo batzuk ere bete behar ditu hizkuntzak -berriz diot- eremuren batean, berdin dit eremu hori Goizueta bada ere. Nik gutxieneko hauek eskatuko nizkioke: maila idiotikoa (pentsamendua, ametsa), familiarra (transmisioa barne), lagunartea eta aisia, lana, ikasketak, herria (herri aldizkariak, Udala, dendak, bankuak, kirola...).
Horraino gutxienez iritsi beharko genuke. Hala ere, oraindik beste hiru maila inportante, inportanteenak, geratzen dira: Nazioa (instituzioak, gizarte-komunikabideak, goi hezkuntza, sindikatuak, justizia, osasuna...), Nazioartea (turismoa, merkataritza, diplomazia, nazioen arteko kooperazioa, politika) eta Zibilizazio-mailako funtzioak (ikerkuntza zientifikoa, eta abar).
Batzuek esango dute gutxi eskatzen dudala, dena nahi izateko eskubidea daukagula. Baina pragmatismoak, askotan, ez die jaramon handirik egiten eskubideei. Premien arabera egingo dugu aurrera; arazoa da burutsu jokatzea premiak sortzeko. Hortik etorriko da ikasteko motibazioa ere.
(RUFINO IRAOLA GARMENDIA irakasle ohia da)
Rufino Iraolak erabili.com-en argitaratuak (irakurtzeko gainean sakatu)
![]() | Inprimatu |