![]() |
Egin klik hemen INPRIMATZEKO |
Lurdes Auzmendi / Herri-administrazioa / 2010-09-08 / 09:10
Euskadin hizkuntza politika adostasunaren ondorioa izan da beti. Herri honetan, herritarrek argi eta garbi apustu egin dute euskararen normalizazioaren alde, sentsibilitate politiko ezberdinen gainetik. Ñabardurak egon daitezke Ajuria Enean nor egon eta horrela, noski, baina sakonean denok ados gaude funtsezko puntu batean: euskara eta gaztelania ez daudela maila berean eta, beraz, bi hizkuntza ofizialen arteko orekara hurbilduz joateko euskararen aldeko neurri positiboak behar direla, beti ere herritar guztien hizkuntza aukerak errespetatuz.
Horixe da Eusko Legebiltzarrean ia erabateko adostasuna lortu zuen Euskara 21 gogoetaren muina, eta Jaurlaritzak, nola ez, bat egiten du harekin.
Indar politikoen adostasunarekin batera, hizkuntza politikaren bigarren zutabea erakunde eta elkarteekiko elkarlana da. Euskara ukitzen duten gaietan erakunde publiko guztien arteko ezinbesteko koordinazioa hobetzen ari gara, bikoiztasunak saihestearren. Euskararen alde diharduten gizarte eragileek, bestaldetik, asko ekarri diote Jaurlaritzaren lanari eta are gehiago ekarri diezaiokete. Ateak zabalik dauzkagu eta beti edukiko ditugu haien proposamenei eta, hala behar denean, baita haien kritikei ere.
Ez dira hitzak bakarrik. Aurten, Etxepare Institutua abiarazi dugu, euskara eta euskal kultura mundu osoan ezagutaraziko dituena. Euskararen Aholku Batzordera dei egin dugu. Ipar Euskal Herriko Euskararen Erakunde Publikoaren hitzarmen bat izenpetu dugu eta ahaleginetan ari gara Nafarroako Euskarabidearekin beste bat izenpetzeko. Gizarte osoan eta, zeresanik ez, Eusko Jaurlaritzako sail guztietan eragin duen krisi latz batean, lortu dugu euskararen aldeko diru-laguntzei eustea (12.690.000 euro guztira), jaitsiera txiki-txiki batekin iazkoen aldean.
Merezimendua ez da gurea bakarrik, noski, euskararen normalizazioa ez baita gobernu baten desafioa soilik. Ez honena eta ez aurrekoarena ere. Gizarte osoan euskararen aldeko adostasuna nagusi da. Hezkuntza sisteman, adibidez, D eredua guztiz sustraiturik dago. Horretan ezin da atzerapausorik eman. Gizarteak ez luke onartuko. Hala ere, eredu hori, beste hainbat kontu bezala, errealitate berrietara egokitu behar da, ingelesari eta beste hizkuntza batzuei tokia egiteko. Euskal eskolak aitzindari izan behar du eleaniztasunean.
Hogeita hamar urte honetan, Euskadiko hizkuntza egoera nabarmen aldatu da. Euskara ez da jadanik hizkuntza zapaldu edo mespretxatu bat. Gero eta euskal herritar gehiagok dakite. Tamalez, erabilera ez dator bat jakite-mailarekin. Gure egitekoa, hain zuzen ere, erabilera areagotzea da. Horretarako, hizkuntza erakargarri egin behar dugu, euskararen irudi moderno, plural eta integratzailea indartuz. Horretan ari gara.
Esan dudanez, adostasunak izan behar du hizkuntza politika ororen oinarria. Gure ustez, nekez uztartzen ahal dira adostasuna eta presioa. Euskararen normalizazioan asko aurreratu daiteke zigorrik gabe. Gizartean inposiziotzat har daitezkeen neurriek euskararenganako gorrotoa piztu besterik ez dute egiten. Askatasunean, hau da, herritarren atxikimendu librean, oinarritutako elebitasuna dugu helburu.
Bukatu baino lehen, aipatu nahi nuke beste puntu bat. Arrazionalizatu nahi dugu ziurtagirien bidea. Euskarazko titulu guztiak bildu nahi ditugu erregistro bateratu batean, haien arteko baliokidetzak adierazirik. Bigarren Hezkuntzan eta Unibertsitatean euskaraz ikasten dutenei, ikasketak bukatu ondoren, gaitasun bat aitortu nahi diegu. Bestetik, erraztu nahi ditugu euskara ikasten duten helduek ziurtagiriak lortzeko eman behar dituzten pausoak.
Azkenik, hizkuntza eskakizunei dagokienez, bestela esan bada ere, urte honetan ez da aldaketa nabarmenik egon. Egia da, zenbait deialditan, euskara merezimendu bezala ohikoa zena baino gutxixeago baloratu dela, baina, betiere, 1989ko Euskal Funtzio Publikoaren Legearen eta 1997ko Herri Administrazioetan euskararen normalizazioa arautzen duen Dekretuaren mugen arabera. Gure iritziz, azterketa sakon bat behar da horri denari buruz, Administrazioko atal guztiekin eta sindikatuekin koordinaturik eta Euskararen Aholku Batzordearen iritzia aintzat harturik. Jakin behar dugu ezarritako hizkuntza eskakizunek lanpostuen behar komunikatiboei behar bezala erantzuten dieten eta, ondorioz, egokiak diren bi hizkuntza ofizialetan lan egiteko, hala behar denean, eta herritarren hizkuntza aukerak eta hizkuntza eskubideak bermatzen dituzten. Urte luze honek aukera eman digu askotan esan baina agian hainbestetan sinesten ez dena frogatzeko: euskara benetan euskal herritar guztiena dela. Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzan konbentzimendu horrekin ari gara lanean. Gure nahia euskalgintzan aurrera egitea da, arian-arian, baina tinko.
(LURES AUZMENDI AIERBE Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako sailburuordea da)
![]() | Inprimatu |