Egin klik hemen INPRIMATZEKO


Bikoizketarako irizpideak finkatzen (XVI)

Asier Larrinaga Larrazabal / Hizkuntza / 2010-07-09 / 08:30


Euskarak garapen sendoa izan du baserri-munduan, eta aberatsa da hitzetan eta esamoldeetan animalien berri emateko: banakoak adinaren eta sexuaren arabera, ugalketa, gobernatzea... Telebistarako animalien gaineko dokumentalak euskarara bikoiztea egokitu denean, ordea, eten moduko bat gertatu da, ez baitugu guztiz asmatu aberastasun hori premia berrietara ekartzen. Orri honetan horren gaineko gogoeta bat egin dugu. Beste hiru gai ere erabili ditugu: «Los Angeles Lakers» eta era horretako izen pluralak zelan hartu euskarazko bikoizketa-testuetan, gernu-jarioak zelan aipatu publizitatean, eta zerk eragiten duen errazak diruditen testuak ulertzen nekezak izatea.



Erdaretatik euskarara

Erdaretatik euskarara


Animaliak kamera aurrean

Animalien gaineko dokumentaletan hizkera oso samurra erabiltzen dute ingelesez. Gauzak erraz-erraz esaten dituzte, eguneroko mintzamoldetik asko urrundu barik.

Lehenengo eta behin, alde batera uzten dute biologoen eta naturalisten hizkera animalien jokabideak deskribatzeko orduan.

Pasarte hori programa didaktiko batekoa izanik, euskaraz ez da hain latz egiten «ar-emetu» aditza, baina dokumental gehienen estilorako «ar-emetu»-k teknikoegi dirudi, baita «kopulatu» aditzak ere. «Izorratu», «gainkatu» eta beste batzuk ezergatik ere ez genituzke erabiliko, kutsu gordinegia dute eta. Aukeran, beraz, hauek ditugu: «parekatu», «ernaldu» eta «estali».

Testu hori entzunda, protagonistak, animaliak barik, pertsonak direla ematen du. Ingelesez askotan baliatzen dira pertsonifikazioaz, eta hortik datoz «bachelor», «bride» eta halako hitzak.

Euskaraz, beharbada, ez zaizkigu oso natural egingo «ezkongabe» eta «emazte» animaliei aplikatuta, baina nahitaezkoak dira ingelesez darabilten estilo informal eta arina erreproduzitzeko.

Cookie, Mary eta gainerako "neskak" krokodiloak dira. Euskaraz ez genuke arazorik izan behar jatorrizko testuari jarraitzeko, eta «neska» jartzeko.

Edozelan ere, mugak badaude. Ingelesez «pregnant» hitzak testuinguru guztietarako balio du. Euskaraz «haurdun» eta «seindun» hitzak pertsonen kasuan baino ez ditugu erabiltzen, eta animaliei buruz ari garelarik «ernari» edo «umedun» esaten dugu.

Beste hitz batzuetan ere gertatzen da testuinguruak mugatzea erabilera. Ingelesez, «bull» eta «cow» erabiltzen dituzte ugaztun askoren arrei eta emeei esateko hurrenez hurren.

«Bull» eta «cow» horien antzera, euskaraz «orots» eta «urrixa» hitzak ditugu. «Ar» eta «eme» esan nahi dute hurrenez hurren, eta orain arte etxabereen kasuan baino ez dira erabili: «txakur orotsa», «txahal orotsa», «asto urrixa», «aratxe urrixa»... Oro har, «orots» eta «urrixa» koadrupedoei dagozkie, eta euskarazko testu batzuetan hala erabilita aurki ditzakegu. Dokumentaletan ere euren tokia izan dezakete, betiere adierazitako esparruaren barruan, alegia, behi, ahuntz, ardi, asto eta halako etxabereen ahaide basatiei esateko.

Merezi du hitzoi -eta beste batzuei- aukera bat ematea. Izan ere, hiztegi aberatsak asko laguntzen du estiloa samurtzen. Ingelesa, euskara ez bezala, oparoa da basabizitzari buruz hitz egiteko.

«Kume» laburtxo geratzen da «calf», «fawn» eta «cub» darabiltzan dokumental batean, eta «oreinkume» ipintzeak ez du estiloaren alde gehiegirik egiten.

Horregatik, euskararen ondarea ugaria denean, ondo ustiatu behar da, estilo erraz eta arin bat lantze aldera.

Hizkuntza gaiak


Izen pluralak

Gure inguruko hizkuntzetan -s morfema da pluralaren marka, eta izen berezietan aurkitzen dugunean ez zaigu oharkabean galtzen beraren esangura: The Doors, Les Têtes Raides, Los Secretos, eta abar.

Halako izenak euskaraz erabili behar ditugunean zalantza lantza sortzen zaigu, berez, izen berezi direnez gero, singularrean jokatzera jotzen baitugu, gure ezagutzak markatzen digun pluralaren aurka.

Bikoizketarako irizpide bat zehaztu baino lehen, hainbat sail bereizi behar genituzke, ez baitira denak era berekoak.

Orain arte, iragarkien itzulpenetan «chocapicak», «golazoak» eta abar esan izan dugu, eta irizpide egokia iruditzen zaigu.

Beste kasu bietan erabilera bi daude. Batetik, izena bere horretan har daiteke, eta singularrean jokatu, "Athletic" esango bagenu bezala.

Erabilera "kanonikoago" horren aldean, bestetik, erabilera "informalago" bat badago. Izenaren atzean taldea barik taldekideak ikustean datza; Athletic esan beharrean Athleticekoak esango bagenu bezala.

Bigarren erabilera horretan pluralaren morfema arrotza kendu, eta euskarazko marka jartzen zaio izenari.

Musika-taldeen kasuan, erabilera informalagorako alde batera uzten dugu jatorrizko hizkuntzako artikulua.

Ahoskera, jatorrizkoa errespetatzen da: [ leikerrak ], [ roliñak ], [ rolinstonak ]...

Hizkerak


Joanak eta jarioak

Merkatuan gero eta produktu gehiago daude maskuri-ahuleziak eragiten dituen ondorioen aurka. Jakina da zein diren ondorio horiek: «pérdidas de orina», «urine escapes», «fuites urinaries».

Euskarazko iragarkietan hainbat modutara esan izan da hori: «galerak», «txizari ezin eustea», «gernu-jarioak»...

«Jario» hitza baztertu barik, bada beste hitz bat, aukerakoa: «joan». Ura galtzen duten iturriei buruz, «iturri honek joana dauka» esaten da, esate baterako, edo emakumeen haurdunaldiko odol-galtzeei ere «joan» esaten zaie.

Paperetik ahora


Hautemate-arazoak

Esaldi askok itxura txukuna agertzen dute paperean, baina ahots goraz esanda, belarritik jasota, ez dira ondo ulertzen.

Hainbat adibide bildu ditugu, eta azalpenen bat eman diogu bakoitzari, fenomeno hau apur bat hobeto ulertzeko ahaleginez.

  1. Batzuetan hotsek eragiten dute arazoa.

    Beltzez dagoen pasartea ez da iluna esanguraren aldetik, baina aliterazioa (kontsonanteak errepikatzea) gertatzen da, kontsonante-multzo zaila agertzen da, eta, gainera, -eta amaierak barne-errima eragiten du. Jazoera horiek guztiek oztopoak jartzen dizkiote ulermenari.

  2. Hots-katearen barruan, batzuetan, aurretik pentsatu gabeko elkarketak gertatzen dira.

    Jatorrizko testuaren tonuari jarraitze aldera, «gorrimin» eta «bizi» adjektiboak aukeratu ziren, sen onez aukeratu ere, baina hots katean «minbizi» hitza eratu zen ustekabean. Horrek entzulearen arreta desbideratu zuen.

  3. Esateko modu bihurriek ulermena nahasten dute.

    Ezezko-pilaketa hori entzunda, azkenean ez da garbiro ulertzen testuko sugea harrapakinen zain egoten den ala ez.


(ASIER LARRINAGA LARRAZABAL Euskal Telebistako Euskara Sailaren burua da)

Orain arte argitaratuak

  1. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (bat)
  2. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (II)
  3. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (III)
  4. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (IV)
  5. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (V)
  6. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (VI)
  7. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (VII)
  8. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (VIII)
  9. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (IX)
  10. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (X)
  11. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (XI)
  12. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (XII)
  13. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (XIII)
  14. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (XIV)
  15. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (XV)


Inprimatu



Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.com/zer_berri/muinetik/1278583800