Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Azkenean katalana zinema aretoetan?

Azkenean katalana zinema aretoetan?

2010-07-06 / 09:05 / Miquel Strubell   KULTURA

Maiatzean, Kataluniako zinemetako 1,9 milioi ikusleek trailerren atzetik 22 segundoko iragarki bat ikusteko aukera izan zuten. Bertan, zinema areto huts bat ikus zitekeen eta pantailan off-eko ahotsak albiste lazgarri baten berri ematen zuen: «Zinemaren legea gaur egun idatzita dagoen moduan onartzen bada, aurkeztu dizkizugun filmetako batzuk ezin izango dituzu ikusi».

Kataluniako zinemen jabeen gremioak (Gremi d'Empresaris de Cinemes de Catalunya) gaur egun Kataluniako Parlamentuan dagoen legetik hizkuntzari dagozkion artikuluak kentzeko egindako ahaleginen historiaren kapitulu berri bat da.

Otsailaren 1ean, Katalunia osoko 74 aretok egun bateko lanuztea egin zuten. (Informazio gehiago: www.lavanguardia.es webgunean). Zinemen etorkizunaren alde, katalana eta lana, bai; kuotak eta langabezia, ez izan zen deialdi lazgarria.

Gremioaren arabera, legea betetzen bada ikusleen kopurua jaitsi egingo da, kasurik okerrenean % 80, urtean 20 milioi izatetik 4 milioi izatera igaroz.

Eta galdera hau sortzen da: zer du lege horrek halako beldur jasanezina sorrarazteko?

Irakurleek agian pentsa dezakete katalanez film gutxi bikoizten direla. Hori ez da guztiz egia, telebistan bikoizketa eta azpititulu ugari agertzen baita. Servei Catalŕ del Doblatgek azpititulatutako Kataluniako telebista autonomikoaren 8.303 filmak zerrendatuta daude.

Hala ere, zinema aretoetan katalanez bikoiztutako edo azpititulatutako filmen eskaintza eta kontsumoa oso urria da: estatistikei dagokienez, 1998-2001 denboraldiko datuak eta 2006koak daude. Kopurua sekula ez da % 4ra iritsi!

Orduan, zergatik da katalanaren presentzia hain urria zinemetan? Azalpena berriki argitaratutako txosten batean aurki daiteke. 1941ean, atzerriko film guztiak bikoiztu behar zirela agindu zuen Francok, Benito Mussolini lagun faxistak ezarritako antzeko legeria jarraituz. Horrek zentsura zorrotza aplikatzeko aukera eman zuen. Dekretu hura 1947an baliogabetu arren, kaltea egina zegoen: tokiko merkatua formatu berri horretara guztiz ohituta zegoen, eta orduz geroztik, industriak ez du ahalegin handirik egin bere kabuz gauzak aldatzeko.

80ko eta 90eko hamarkadetan, zinemetan bikoizketa eta azpititulazioa sustatzeko saiakera ofizialak egin ziren (publizitatea jarri zuten eta kostuen kargu egin ziren), baina oso aurrerapen txikiak lortu ziren: industria, eta bereziki Hollywoodeko banatzaileak, luzamendutan ibili ziren. 1998an, gobernu katalanaren Decret 237/1998 de mesures de foment de l'oferta doblada i subtitulada en llengua catalana dekretu herrenak (ez betetzeagatik ez zuen zigorrik ezartzen) katalanez azpititulatutako edo bikoiztutako filmen % 25eko kuota ezarri zuen (informazio gehiago www.eldebat.cat eta Padrós helbideetan). Dekretua urte batzuen buruan baliogabetu zen, banatzaileen artean pixkanaka-pixkanaka katalanez eskainitako filmen kopurua igotzeko "akordioa" lortu ondoren, baina sekula ez zen bete.

Zergatik sortu da orain hainbesteko zalaparta? Eman diezaiogun begirada azkar bat egungo eztabaida-iturriari.

Zinemaren legeak hizkuntzaren inguruko artikulu bat du: 18. artikulua. Oinarrian, honako hau zehazten du: «Katalunian kopia bat baino gehiago duen zinema-lan bikoiztu edo azpititulatu bat estreinatzen denean, enpresa banatzaileek kopia analogiko guztien % 50 katalanez banatzeko betebeharra dute (...) Enpresa banatzaile eta erakusleek hizkuntza-oreka bermatu behar dute zinemaren banaketan eta erakusketan, biztanleria, lurraldea eta pantailan duen presentziaren irizpideak jarraituz (...) Halaber, artikulu honen eraginpean dauden filmetan egiten den publizitatean, katalanaren eta gaztelaniaren arteko oreka bermatu behar da». Europan egindako filmek (Katalunian eta Espainian egindakoek barne) ez dituzte baldintza hauek bete behar, baldin eta Katalunian 16 kopia baino gutxiago banatzen badira.

Osoko bilkuran onar dadin aurkeztuko den testua 2010eko maiatzaren 17an argitaratu zen.

Artikuluak guztiz ezartzeko bost urteko epea izango du, eta bere justifikazioa sarreran zehazten da: «hizkuntza katalanean erakutsitako zinemak ez du modu eraginkorrean bermatzen Kataluniako herritarrek zinema herriaren berezko hizkuntzan ikustea aukeratzeko eskubidea».

Artikuluaren aurka egin dute hizkuntzen "inposizioaren" aurkako eta "askatasunaren" eta merkatuaren indar neurrigabeen aldeko deialdi sutsuak egiten dituztenek. Hala ere, nik dakidanez, inork ez du ezer esatekorik gaur egun gaztelaniaren erabilera nahitaezkoa izan dadin ezarritako arau kopuru handiaz. Izan ere, 500 baino gehiago dira. Hemen aurkituko duzue zerrenda osoa: www.plataforma-llengua.cat.

Parlamentuak legea egin ondoren, gremioak beste hainbat datu emango ditu seguruenik, haien susmo izugarriak neurri batean oinarririk gabeak direla eta Legearen ondorioak guztiontzat onuragarriak izango direla adierazten dutenak. Besteak beste, Hollywoodeko film askotan ikus daitekeen maila altuaren, luxuzko etxeen, zinema sexy-ko izarren eta aberastasun eta boterearen irudiaren arteko harreman faltsua apur dezake, publiko nagusiarengana iristen diren hizkuntzari esker: gaztelania. Paul Newmanek zineman katalanez hitz egin zuen lehen aldian jendeak barre egin zuen (The Verdict, 1982) eta harritu egin ziren JR-k zein azkar ikasi zuen katalanez (Dallas-en; telebista espainiarrak 1983ko uda aurretik telesaila bertan behera utzi zuen, eta telebista katalanak udazkenera arte mantendu zuen!).

Halaber, azpititulatutako filmen presentzia areagotzea espero da, Europako gainerako herrialdeetan gertatu bezala (herrialde handien kasuan salbu).


(MIQUEL STRUBELL Universitat Oberta de Catalunyako Hizkuntzen eta Kulturen Ikasketetako irakaslea da)

  • Estreinakoz www.gipuzkoaeuskara.net webgunean argitaratua (2010-7-1)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com