Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Hauteskundeak eta euskara

Hauteskundeak eta euskara

2010-03-15 / 08:40 / Ione Josie   HERRI-ADMINISTRAZIOA

Martxoaren 14an eta 21ean iraganen diren eskualdeko hauteskundeen karietara, Kontseiluak komunikazio euskarrien, proposamenen eta adierazpenen neurketa egin du. Azterketa hau egin ondoren, atera dezakegun ondorio bat da euskararen alde edo honen lege babesaren aldeko aipuak alderdi gehienek egiten badituzte ere, oraingoan ez dutela praktikan jarri.

Izan ere, alderdi bakar batek ere ez du bere euskarri guztietan informazioa bi hizkuntzetan modu orekatuan bidali. Euskararen aldeko hitzak bai, baina ekintzak, ez. Horrela laburbildu dezakegu. Herritarroi, hortaz, informazioa euskaraz jasotzeko eskubidea urratu egin zaigu.

Duela zenbait aste, Euskal Konfederazioak eta Kontseiluak hiru eskaera konkretu egin zizkieten hautagaiei: Gobernuari hitzeman legea egitea galdegitea, euskara eta okzitaniera Akitania eskualdeko berezko hizkuntzak direla ofizialki aitortzea, eta azkenik Akitania Eskualdeko Kontseiluaren aurrekontuan % 2a hizkuntza horien aldeko politika egokia eramateko engaiamendua hartzea.

11 zerrenden gain hiruk erantzun dute zuzenean: Lutte Ouvriere, UMP eta Forces Aquitaine alderdiek, hain zuzen ere. Forces Aquitainek hizkuntzentzako estatus legala lortzea egitarauan sartu aldarrikapena dela erantzuten du, eta euskara eta okzitaniera eskualdeko hizkuntza gisa aitortu behar direla gaineratzen du, aurrekontu xifraturik eskaini gabe. LOk krisi ekonomikoa du lehentasunezkotzat jotzen, eta «langile hizkuntza edozein izanik ere langileen defentsan» jarduten dutela zehazten du; ondorioz, hiru puntuak ez dituztela egitarauan barneratuko adierazten dute. UMPk dio: «Nazio mailari doakionez, lege bat beharrezkoa da».

Hizkuntza gutxiagotuen estatusari eta legearen beharrari doakionez, lau zerrendek argiki aipatzen dituzte hizkuntzen estatusaren beharra eta legea: EH Bai koalizioak, Europe Ecologique-k, Forces Aquitaine-k eta NPAk. EH Bai koalizioak ofizialtasuna eta legea aldarrikatzen ditu, Europe Ecologiquek eskualdeak hizkuntza gutxiagotuei koofizialtasuna eskainiko diela adierazten du, Forces Aquitainek, aldiz, dio Frantziak hizkuntzak ezagut ditzan aldarria sustengatuko duela, eta estatus legalaren beharra aipatzen du. Azkenik, NPAk dio Eskualdeak Euroituna izenpetuko duela. Alliance Ecologiste Independante, FN, Front de Gauche, LO, PS eta UMP zerrendek ez dute gai honen inguruan aipamenik egiten, nahiz eta Alliance Ecologiste Independante, Euskadi Europan, Front de Gauche PS eta UMP taldeek, molde lausoan bada ere, hizkuntza hauen aberastasuna eta sustapen beharra aipatzen duten. PSk okzitanieraren aldeko erakunde publiko baten sorrera proposatzen du, eta eskualdeen arteko karta baten osaera.

Haatik, EHko kazetan, eginiko erantzunetan, legearen alde agertzen dira PS eta UMPko ordezkariak. Izan ere, UMPk dio Konstituzioaren aldaketak hizkuntzen ezagupen ofiziala baimentzen duela. Horrez gain, Konstituzio aldaketaren gauzapena Eurokartaren berrestearekin edo lege baten sorrerarekin definitzen du. Haatik, Gobernuak argiki esan zuen Eurokarta berresteko tresna ez zela izango, eta legearen beharra kolokan ezarri du. Bestalde, Front de Gauche-ko zerrendak dio Errepublikaren kontra joatea litzatekeela hizkuntza eta kultura hauen eskaerei eta kezkei arreta ez ezartzea, deus ez egiteak hizkuntza hauen desagerpenaren aldeko hautua egitea litzatekeela. Haatik, estatusa ez du aipatzen.

Ondorio esanguratsuak plazaratu ditu Kontseiluak; batetik, herritarrek informazioa euskaraz jasotzeko duten eskubidea alderdi guztiek urratu dutela agerian utzi dute, alderdi bakar batek ere ez dituelako euskarri guztiak elebitasun orekatuaz, gutxienez, argitaratu. Horrez gain, nagusiki gaur egungo egoera onartzearen aldeko ditugu alderdi gehienak, eta oso gutxi dira pauso eragingarriagoak proposatzen dituztenak. Bestalde, euskararen normalizazioan garrantzi handikoak diren gai asko ez dituzte barneratu (alor sozioekonomikoa, aisialdia, administrazioaren euskalduntzea...). Euskara ondarea dela bagenekien, Konstituzio aldaketa gauzatu zenean argiki agerian utzi zigutelako, eta ikuspuntu horrekin bat egiten dute zerrenda gehienek. Haatik, ondareaz hitz egiten bada, babestu beharraz, diskurtsoa ez dator bat euskarrietan agertzen den euskararen erabilerarekin. Hala ere, euskararen aldeko hizkuntza politika behar dela denek defendatzen dute, modu batez edo bestez.

Datozen bi asteburuetan iragango dira hauteskundeak. Egitarauetan jasotako proposamenak gauzatzen ote diren ikusteko denbora gehiago beharko dugu, ordea. Hitz ederretatik harago joango ote diren ikustear dago. Gure aldetik, aldarrikapena argia da: euskarak lege geriza behar du, estatus egokia, euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatuko dituena. Hitza hitz!


(IONE JOSIE Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko kidea da)

  • Estreinakoz Berria egunkarian argitaratua (2010-3-12)


Inprimatu


Erantzun

 
Noiz arte itsu?
2010-03-15 / 17:49 / Txomin Peillen

Ione. Europe-Ecologie zerrenda horretan. Iparraldeko E.A. sartu baita, ez dut onartzen "EH bai" eredu bezala ematea, ezen azken horik bakarrik euskaldunei zuzen ziren, eta Europe-Ecologie hori Akitania osoari. Akitanian % 10era ez da iristen euskalherritarren kopurua eta halere departamentuan (karteletan izan ezik) % 40 euskaraz ipini du.

Bestalde AB eta Batasunari eska zaiezu beren newspaperak elebidun izan daitezen, beren aza ostoetan euskara gehienean % 10 azpitik gelditzen delako, baina noiz arte itsu egonen zarete Iparraldeko abertzale paper elebidun bakarra Zubiak dela E.A. Iparraldek argitaratzen duena, aitortu gabe?

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com