Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Roger Idiart (1931-2009)

Roger Idiart (1931-2009)

2010-03-04 / 08:30 / Jean-Louis Davant   BESTELAKOAK

Euskaltzaindiak ageriko bilkura egin zuen Donostian 2010eko urtarrilaren 29an, Gipuzkoako Foru Aldundian, 2009. urtean hil ziren euskaltzainak omentzeko. Bilkura hartan Jean-Louis Davantek aurkeztu zuen Roger Idiarten hilberri txostena irakur dezakezue hemen.

Roger Idiart Azkainen sortu zen 1931ko urtarrilaren 15ean eta Kanbon zendu 2009ko abuztuaren 27an, 79. Urtean. Azkaingo laborari/nekazari familia bateko seme zen, bortz haurretarik laugarrena. Hona bortzen izenak adin arau: Mixel (apeza hau ere), Jean, Helene arreba (zendua), Roger, Pepe.

Pepe sortzean, ama hil egin zitzaien. Rogerek urtebete baizik ez zuen. Aitak bortz haurrak eraiki zituen, ama zenaren Mimiague ahizpen laguntzari esker.

Rogerek lehen mailako ikasketak egin zituen Azkaingo eskola publikoan, bigarren mailakoak lehenik Hazparneko Saint Joseph kolegio katolikoan, eta gero Uztaritzeko Saint François Xavier ikastetxe katolikoan. Apezgai ikasketak Baionako Seminario handian egin zituen eta Soldadu Zerbitzua bete zuen Parisen.

Apez ordena hartu zuen 1955eko ekainaren 29an Baionako katedralean.

Letretako lizentzia Frantziako Tolosan prestatu zuen 1955eko udatik.

Frantsesezko irakasle sartu zen 1959ko udatik Oloroeko Saint Joseph ikastetxe katolikoan; gero Hazparneko Laborantza Eskolan jardun zuen 1962tik 1965era; azkenik Uztaritzeko Saint François Xavier delakoan 1965etik 1968ra.

1968ko maiatz famatu hartan ez zelakoan geldirik egon, ondoko urrian Zuberoara desterratu zuten (Xiberoa baxenabartar eta lapurtar apezen Siberia ei baitzen). Hor egon zen 23 urtez, 1968tik 1991ra, baina «gulag» horretan hastetik laketu.

1991ko udan Ainhoako erretor izendatu zuen Pierre Moleres apezpikuak; 1995eko maiatzean Zuraideko erretor; 1998ko maiatzean Kanboko apez laguntzaile, eta 2006ko uztailan hor erdi erretiroan, 75 urteak ongi beterik: gurekin erkatuz, erran nezake emeritu gradora iganik...

Kanbon zendu da 2009ko abuztuaren 27an, paralesia luze baten ondotik, hau odol zain bateko ebakuntzari zor ziola: 78 urteak aitzineko urtarrilaren 15ean bete zituen.

Roger Idiarten euskal lanak

Iparraldeko euskal irratien aitzindarietarik izan zen hirurogeiko hamarkadan, Maite Barnetxe zenaren inguruan, lapurtar adiskide batzuekin, Jean Garreto paristar kazetalariaren ardurapean, Biarritzeko Casino delakoan.

Teatroko taula zuzendari lanetan jardun zuen Piarres Larzabalen bi antzerkitan: bata Orreaga «pastorala gisako ikusgarria», 1964an antzeztua Azkainen eta gero Donibane Lohizuneko «Théâtre de la nature» delakoan; bertzea Matalaz, Baionako antzokian emana 1968an.

Bitartean 1966an, Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatua zuen.

1968tik siberiar desterruan, Zuberoako eliza txiki eta baseliza multzo bat birrantolatu zuen gazte batzuen laguntzarekin, haietan bereziki flandriar ikasleak opor denboretan.

Urte askoz Enbata astekarian parte hartu du, sinatu gabeko editorialak euskaraz eta zirto umoretsuak frantsesez idatziz, azken hauek lagun batzuekin, «Tartaro» sinadura kolektiboarekin. Enbata kazetan gisa batez Piarres Larzabal herritar handiaren segida hartu zuen: Larzabal apez euskaltzaina, sortzez azkaindarra, Enbata aldizkariaren zazpi sortzaileetarik bat izana baitzen.

Iparraldeko apez abertzaleen taldean ere parte hartzen zuen: ardura biltzen ziren, gertakizunen arau Euskal Herriko egoeraz eta euskaldunen eskubideez oharrak agiri eta kazetetako artikulu batzuen bidez hedatuz.

Beraz Roger Idiart idazlearen aipatzen hasia naiz dagoeneko, eta hemen Euskatzaindiko bilkura batean gaudenez, hori bera dut egoki eta zuzen den bezala gaurko ardura eta aipagai nagusia.

Haren gaztaroan, eta gero laster nirean, ikasketa klasikoak ziren oraino bikainenak: ez zen moda berria, ez eta txarra. Beraz gure Roger kultura humanista orokorrez ongi hornitua zegoen, greko, latin eta frantses literaturen bitartez, azken honetan lizentziaduna eta bederatzi urtez bigarren mailako irakasle izana berriki aipatu ditudan hiru lizeo-instituto katolikotan (1959-1968). Begi ona zuen, espiritu erne, zalu eta xorrotxa, umoretsua ber denboran, eta luma elea bezain trebea. Dohain eta karta horiek guziak edukiz, ezin zen idazle txarra izan, eta bere idazlan joriez ederki erakutsi du.

Euskara eder eta gozoa zuen, bai lapurteraz, bai zubereraz. Azkaingo lapurtera, etxean eta herrian edoskia, parrokiako elizan plomatua, literaturako etsenplu bikainez aberastu zuen, bereziki Axularren liburutik, eta Piarres Larzabal herritar adiskidearen antzerkitik.

Zubereraz gero «hanitx ontsa» ikasi zuen, Arbailan eta Basabürüan jendeekin mintzatuz, bereziki Etxahunekoekin: aho-mihizkoan pregfosta, baina zinez kalitate onekoan. Zuberoako Literatura idatzia haatik, ez dut uste hainbat zuenik, zuberotarrek ere ez dutelarik dastatzen, ez baitute euskaraz irakurtzen, salbu pastoraletan eta kantu profano ala eliztarretan. Eta hain zuzen, bi genero literario horietan da gehienik agertu Roger Idiarten eskua.

Kantuan aski ekoitzi du, musika barne, bai elizakoan, bai kanpokoan. Azken honetan zaigu ezagunenik, belaunaldi berriak ez baitira hainbat elizan iibiltzen, salbu lagunen eztei eta ehorzketetan. Nork ez ditu gogoan bereziki Baionako suprefeta, Basabürüan Montori eta Ez gal gure odol berao, Bizi dadin gure Xiberoa?

Elizakoan, zenbat kantika berri, bere euskalki batean ala bertzean! Gainera Ebanjelioa kopla eta bertsotan laburbildu digu lapurteraz Berri ona kantuz liburuxkan.

Bertzalde, edozein gertakariren kariara, holako edo halako pertsonaren ohoretan, bertso polit batzuen idaztea maite zuen. Kantu eta bertsogintzako ekoizpen horrek guziak, osoan biltzea merezi luke nire ustez, altxor baliosa bailitzateke euskaldun eta euskaltzale guzientzat.

Haatik ez zen obra laburretara mugatu gure azkaindar apez ausarta, zuberotar berria. Zuberoako santutegi gorenera igotzeko atrebentzia eduki zuen, maratoizale, trajeriako sugarra eskuan, bi pastoral idatziz: bata Xalbador, bertzea Etxahun-Iruri. Lehena 1991n larraintarrek antzeztu zioten, arras ederki. Izigarriko jendetza bildu zuen Euskal Heri guzitik, bereziki bistan dena Zuberoa eta Nafarroa Beheretik, Urepeleko artzain bertsolari hunkigarriaren omen eta oroimenez.

Bigarrena 2001ean, Irurin jokatu zioten Iruri eta Zalgize-Doneztebeko herritarrek. Lehena baino sotilagoa izan zen, bizi-bizia, polita. Damurik, bertze pastoral bat ere agertu zen uda horretan, Xiberoko makia, nik idatzia, sohütarrek emana. Halere bakoitzak, bere bi meanaldietan, sei mila entzun-ikusliarrez goiti bildu zuen, asko baita. Urteko bakarra izanez, batak ala bertzeak Larraineko marka berdindu zezakeen, gaiak halakoak baitziren, zinez herrikoak eta erakargarriak. Geroztik holako lehiak baztertu ditugu, arrisku gehiegi ekartzen dutelako gisa guzietara.

Egiari zor diot aitormen hau ere: Roger pastoral idazleari buruz, kritika sakonik korritu zen erdi ahapetik ondoko denboretan, bai eziz aipaturiko bi olerkarien nortasuna ez zuela zen bezala plazaratu. Xalbador gehiegi politizatu omen zuen idazleak, bere ikuspegi eta xede abertzaleak haren bitartez aldarrikatuz. Etxahun aldiz, beti alegera erakutsi zuen, ekibegiko gizona, poetaren eskualde sakona, bihozmina eta itzal-herria izkutuan utziz, ezabatua bezala.

Haatik egia da ere oso neke dela hil berri den heroi baten aipatzea teatroan, haren lekukoak han beitaude begia zorrotzik, epaile bilakatzeko gai, pertsonaia horrez eta garaiko gertakizunez beren ikuspegi berezia gogoan ongi finkatua, ezin hunkitua. Zailtasun hori bera ongi frogatua dut nihaurek gai modernoa duten nire antzerkietan, bereziki Xiberoko makia piezarekin. Beraz Idiarten ausartzia prezatzen dut, eta idazlearen askatasuna babesten.

Bertzalde Roger berenaz umoretsu porrokatua zen eta zinez arazoen irriaz artatzera ekarria, erromatar zaharen ildotik: «castigare ridendo mores». Orokorkiago, hori da baxenabartar eta lapurtar askoren joera naturala, edo kulturala: nigar egiteko tirria ere maiz arraileriaz estaltzen dute. Joera hori nabaria da bereziki Nafarroa Behereko antzerki zahar ala berrian. Zuberotarrak minberago gara, eta ez idurian ilunago: gure historia bortizkeriaz aberatsa ikusten dut, adibidez Bereterretxe, Oier III, Matalaz, Etxahun Barkoxe, Jon Mirande, Xiberoko bi makiekin. Saminak bere partea badu pastoralean, zerbaitengatik «trajeria» deitzen da, tragedia puntu batekin, zirrara pizle. Behar bada beltz edo gorri horretarik poxi bat eskas zuten Idiarten bi antzerkiek, bereziki bigarrenak? Dena dela, estetikaz eta espiritu xorrotxez aberatsak ziren, eta pastoral on batean beharrezkoa den euskara ederrean oinarrituak.

Kezka bat halere: Roger Idiart euskaltzain urgazleak Euskaltzaindiarekin zer harreman ukan zuen? Gure Akademiari estimu handia ziola badakit, baina honen arauez berri guti hartzen zuen antza denez, iparraldeko euskaltzale askok bezala. Grafia zaharretik guti urrundu zen zubereraz, eta horrek ez nau harritzen, grafia batua gure ahoskeratik hein bat aldentzen delako. Deitoragarriago zait lapurteraz berdintsu egitea, belaunaldi horretan ohi den bezala, bereziki nazioarteko hitzen eta formen idazkeran, adibidez izma idatziz ismo bukaeraren ordez. Iparraldean joera bat badago hitz eta forma horien frantses ahoskeratik hartzekoa, izkiriotik hartu beharrean: horrela S letraren ordez usu Z sartzen zaigu euskaran, liturgiako testuetarik ikus dezakegunez: eukariztia, Izai, Izrael... eukaristia, Isai(as), Israel idatzi behar litzatekeelarik. Horretan bide zuzena erakusten digute Junes Casenavek eta Marcel Etxehandik Testamentu Berriko itzulpenetan. Arazo hori orokorra dugu Iparraldean, eta bertze honekin dabila: Euskaltzaindiaren aholku eta erabakiak nola ezagutaraz iparraldeko basamortuan, eta bereziki Xiberoko Siberian? Dena dela, hutsune horrek ez dio ezer kentzen gure gaurko «süjetaren» merituari.

Zuberoan eta Lapurdin indartsu daude Roger Idiart idazlearen fama eta oroitzapena. Azkaingo herriak ere toki onean dauka bere haur ezagunen artean, Elizalde/Zerbitzari eta Piarres Larzabalen konpainian, bere hirugarren apez idazle dotorea. Goian bego. Berriz arte laguna, betiereko bortuan, Orhin eta Larrunen.


(JEAN-LOUIS DAVANT euskaltzain osoa da)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com