Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Mikel Atxagari eskainitako hilberri txostena

Mikel Atxagari eskainitako hilberri txostena

2010-03-02 / 08:30 / Mari Karmen Garmendia   BESTELAKOAK

Euskaltzaindiak ageriko bilkura egin zuen Donostian 2010eko urtarrilaren 29an, Gipuzkoako Foru Aldundian, 2009. urtean hil ziren euskaltzainak omentzeko. Bilkura hartan Mari Karmen Garmendiak aurkeztu zuen Mikel Atxagaren hilberri txostena irakur dezakezue hemen.

Mikel Atxaga Fernandez, lagun maitea, urnietarra jaiotzaz, 2009ko irailaren 10ean hil zitzaigun Donostian. Juxtu urtebete lehenago, 2008ko irailaren 9an, Arantzazuko Ama Birjinaren egunez, aste batzuk lehenago antzeman zioten minbizi aztarnen frogak hartuta joan zen Donostia Ospitaleko Onkologia Zerbitzuan guztiz maitekiro eta arretatsu zaindu duen Josep Piera medikuarengana, une oro bere ondoan izan duen Maria Angeles emazteak lagunduta. Urtebete hori ez da urte samurra izan. Egin ahala guztiak egin arren, gaitz erasotzaileari Mikel-ek ezin izan dio borroka irabazi. Baina Mikel Atxagak, bizitzan guk uste baino sarriagotan gertatu zitzaizkion sufrimendu egoera latzetan bezalaxe, oraingoan ere duintasuna, jendetasuna eta, zinez azpimarratu nahi dudan koherentzia, bere bizitza osoko oinarrizko printzipio eta sineste sendoekiko erakutsi dizkigu.

Mikel-ek, buruz beti bezain argi, baina osasunez oso makaltzen hasita zegoen garaian, iazko Argia saria jaso zuen bihar urtebete. Apirilaren 1ean berriz Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak "bidegile partikularrari" eskaini zion omenaldia. Bai batean eta bai bestean, apur bat lotsaturik, bihotza esker onez gainezka idatzi zituen hitzak gertuko adiskide bidez helarazi zituen: Elixabete Garmendia eta Xabier Euzkitze. Zorionez, bai sariak eta baita omenaldiak ere, aukera aparta eman digute Mikel Atxagaren bizitza osoko berri hobeto ezagutzeko eta baita euskal kazetaritza modernoari egindako ekarpen mardul, aintzindari eta aberatsa aitortzeko ere. Kultura sailak, omenaldirako paratu zuen Mikel Atxaga, bidegilea liburuaz gain, laister, Elixabete Garmendiak prestatu duen Mikel Atxaga biografia emango du argitara Bidegileak bilduman. Nire iritzi apalean, bi argitalpen horietan, eta heriotza garaian kaleratutako artikulu eta berrietan ederki jaso dezakegu euskaltzain urgazle honen berri.

Nik, ordea, badut Euskaltzaindiaren bilkura honetan Mikel Atxagari eta Joxe Mari Aranalde bere lagun minari pertsonalki bihotzez eskertu nien laguntzaren arrazoi emateko. 1985eko abuztua Donostian. Hilabete eskas besterik ez Ardanza lehendakariak Hizkuntza Politikarako eta Aholku Batzordearen idazkari nagusi izendatu ninduela. Ez zen hura garai erraza zuetako askok ondotxo dakizuen bezala. Nire aurrenengo erabakietako bat Koldo Mitxelenarekin hitzegitea izan zen eta Mikel Atxagari eta Joxe Mari Aranalderi lagun egiteko eskatu nien. Laurok otordua egin genuen, sekula ahaztuko ez zaidana, ez jakiengatik, bai ordea otordu ondoren iluntza arteko solasean aritu ginelako. Hizketagai: Orotariko Euskal Hiztegia, Euskaltzaindia, Uzei, euskararen modernizazioa, Euskararen Aholku Batzordea... Eta nola ez, gori-gorian zegoen egoera politikoa, indarkeria, eta baita fedea ere, erlijioa, bekatua, bizitza eta heriotza... Mitxelenak bere baitan zituen kezkak, saminak, baita haserrea ere, ez zituen batere izkutatu. Ez zen hura otordu samurra gertatu zenbait unetan, baina zinez esan dezaket ez zela inoren kaltetan izan, mesedetan baizik. Hirurak eskertu nahi ditut gaur zuen aurrean.

Mikal Atxagak oso argi izan du beti erakundeen egitekoa eta lekua gizartean, eta zenbat lan, elemena lan isil, ez ote duen egin erakundetze horren alde, euskararen alorrean era berezian. Nik neuk, eta lankide izan nituenak HPINan, EABan eta Kultura sailean geroxeago, zeinen lagun argia, adeitsua eta esku zabala izan genuen Mikel. Badakit, gerora ere, bere jarrera horrek berdin jarraitu duela. "Bidegileak" bilduma asmatu eta abian jartzeko erabakia hartu nuenean hantxe izan genituen Mikelen aholku eta iritziak. Joseba Intxaustik bildumaren zuzendaritza utzi zuenean Mikel Atxagari eskaini genion ardura eta 1996tik heriotza arte erabateko maisutasunez zuzendu du. Maria Angeles Lizarralde emazteak bildu berri ditu Mikelek hil aurretxoan prestatuta utzi zituen ohar eta hurrengo argitalpenetarako proposamenak.

Bada, Mikelen adore, eskuzabaltasunari eta siniste sendoei zor diegun zerbait, gaitzak mendean hartu aurretik burutua: José Antonio Pagolak idatzitako Jesús, aproximación histórica liburuaren itzulpena, Jesus, hurbilketa historikoa deituraz argitara emana. Maria Angeles emazteak daki ondoen zenbat orduz, nolako arretaz, zeinen maitekiro jardun den Mikel lan hori, bikaina benetan, burutu arte. Barruan arantza bat zuela joan zitzaigun, ordea, Mikel: euskarazko edizioa argitaratzeko atzerapen luzeak nahigabe handia sortu zion, baita haserre punttu bat ere esango nuke. Azkenean bera hil eta aste gutxitara eman zen argitara, irailaren 29an, J.M. Uriarte gotzainaren eta J. A. Pagola egilearen ezpairik gabeko esker onarekin. Pagolak hitzaurrean hauxe dio: "Mikel, lagun maite eta ahaztezin hori, ez dakit nola adierazi zuri dizudan esker ona. Liburu hau euskaldunen eskuetan ikusteko irrikaz eman duzu azken arnasa (...) Badakit nola gozatu duzun Jesusi buruz idazten eta badakit dohain egin nahi izan duzula, zure herriarentzat opari emana. Bizitza osoan bihotz-barrenan izan dituzu Nazareteko Jesus, euskara eta gure herria, zure biziaren pizgarri".

Heriotzako atarira beregan beti sumatu genituen jendetasun eta argitasunarekin iritsi zen, nahiz gaitzak gogor erasotu. Ondo dakite hori familiakoek, era berezian Maria Angeles emazteak, Garazi eta Naroa alabek, Jon suhinak, lagunek, zaindu zuten medikuek. Xabier Euzkitzek Urnietako parrokian, hileta-elizkizuna amaitzean, Mikel-en gorputzaren aurrean kantatu zion hartatik hauxe ekarri nahi izan dut:

"Ez zaitugu ahaztuko,
Atxaga kuttuna,
baina hau hutsunea
utzi diguzuna...
Adio, lankidea!
Adio, laguna!
Eramazu zurekin
denon maitasuna"


(MARI KARMEN GARMENDIA LASA Eusko Jaurlaritzaren Kultura sailburu ohia da)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com