Sarrera
|
Mapa
|
Kontaktua
|
Guri buruz
|
Gorago
Zeu iritziemaile
Bestelakoak
Enpresa
Herri-administrazioa
Hizkuntza
Informatika
Internet
Irakaskuntza
Kultura
erabili.com
RSS
Hemen zaude:
Sarrera
»
Sare-aldizkariak
»
Iritzi-muinetik
» Argiak eta itzalak euskararen lurraldean
Erantzun
Izenburua
Bidaltzailea
Nortasun-txartela
(Ez da publikatuko. Konfirmazioetarako bakarrik)
E-posta
(E-posta helbidea ez da publikatuko. Konfirmazioetarako bakarrik)
Testua
> Soziolinguistika Klusterrak bultzatutako II. Hausnartu Euskal Soziolinguistika sariketan lehen saria eskuratu duen lana duzue irakurgai jarraian. > **Atarikoa** > > > Idazlan honetan herri euskaldun bati begiratu behar diogu. Herri jakin eta zehatz bati, Leitzari hain zuzen ere. Datu objektibo, estatistika, grafiko eta ohikoez harago, ezinbestean egilearen eta bere bizipenen iragazkitik pasatako irudiak jasoko ditugu. Argazki galeria bat, nolabait esateko, herri horren errealitatea edo, besterik ez bada, errealitate horren gaineko egilearen hautematea islatzen duena. > > Argazki horiek egiteko, irudi bat baliatuz, argazkigintzak ematen dituen tresnak eta baliabideak erabili ditugu. Alegia, batzuetan diafragma zeharo irekita erabili dugu argitasuna sar dadin; beste batzuetan, berriz, filtroren bat erabilita irudiaren alderdi ilunenak bilatu eta nabarmendu ditugu; fokua erabat zuzenduta jarri dugu beste zenbaitetan, detailearen bila; panoramikaren bat ere bada, plano ezberdinak... > > Irudi edo argazki bilduma bat, azken batean, herri euskaldun bat zertsu den edo nola bizi den neurri batean bederen argitzen edo ilustratzen saiatzeko. Irudiak eta, horrekin batera, irudi horiek eragindako hausnarketak edo askatutako ideiak. Horiek ere, ezinbestean, egilearen eta bere bizipenen iragazkitik pasatakoak. > > Herri euskalduna(k) d(it)ugu aztergai, beraz. Zer da herri euskalduna, ordea? Galdera erraza da, baina erantzuna ez hainbeste. "Herri euskalduna" esaten dugunean, adierazi nahi dugun errealitatea gutxi asko denontzat antzeko zerbait izanen da ziurrenik. Baina definizioak zorrozten hasiz gero berehala hasiko ginateke zalantza egiten. Izan ere, pertsona euskalduna zein den erabat adostu ezinean ibiltzen garen bezalaxe, halaxe arituko ginateke herri euskalduna zein den adosteko garaian. > > Ezagutzari begiratu behar al diogu? Ezagutzak ematen al dio udalerri bati "euskaldun" kategoria? Eta non jarriko dugu muga? % 70ean, % 80an? Edo erabilerari ere erreparatu behar zaio? Eta erabileraren mugarria zein izanen litzateke? Eta jarrera, atxikimendua, identitatea? Horiek ere sartu beharko genituzke kontzeptuaren definizioan? > > Hori guztia argitzen saiatu gabe, ia zalantzarik gabe herri euskalduntzat jo dezakegun bat hautatu dugu, Leitza, aipatu bezala haren gaineko argazki-galeria bat osatzeko. Herriaren gaineko datuek nahiz begiratu azkar batek erakusten diguten moduan, Leitza euskalduna da ezagutzaz, erabileraz, eta jarrera-atxikimendu-identitatez. > > Halako gehiago badira Euskal Herrian, jakina, eta hemen azalduko dugun errealitatea edo errealitatearen zati bat behintzat beste horietan ere ikus dezakegu. Ez da, noski, herri guztien eredu eta isla gisa ulertu behar, herri euskaldunen multzo horretan sartzen ditugunen artean aldeak eta ezberdintasunak egon badaudelako. Eta pentsa litekeenez, hemen gertatzen direnak ez dira denak era berean inon gertatuko. Baina, halaber, hemen jasotakoak eta ikusitakoak ez dira bertako ezaugarri edo fenomeno esklusiboak izanen. Alegia, gure galerian ikusiko dugun argazkietako bat, edo bi, edo hiru, edo... edozein herri euskaldunetan topatuko d(it)ugu ziur asko. > > Aipa dezagun, bidenabar, argazki galeria honetan hartutako eta deskribatutako irudiak zenbaitetan kontraesankorrak diruditela. Euskararen bizitasunaren irudiak bezalaxe, euskararen ahuleziak ere agertuko zaizkigu. Egoera konplexu baten seinale, zalantzarik gabe, irudi horiekin alde eta molde bateko zein besteko irakurketak egin baititzakegu. Euskara osasuntsu dago Leitzan, baina erdara ere bai. Eta, jakina, gauzak beste era batean esatea xinpatikoagoa eta politikoki zuzenagoa izan ohi den arren, lehian ari dira biak, espazioen lehian. Eta espazio horietan hizkuntzen artean eta hiztunen artean gauzatzen diren harremanak konplexuak dira oso, eta, euskaltzalearen ikuspegitik bederen, argilunez josita daude. Has gaitezen, bada, argi eta ilun horietako batzuk jasotzen, Leitzari egindako argazki sortatxo honen bitartez. > > > **1. Herri euskaldunen erakarpen-indarraz** > > > Euskararen berreskurapenak euskaraz biziko eta ariko diren gune geografiko eta sozial euskaldunak behar ditu. Herri euskaldunek badute, horrenbestez, edo izan beharko lukete, euskararen berreskurapenean funtzio garrantzitsua. Euskaraz bizi, gainerakoei euskaraz bizi daitekeela erakutsi, eta berreskurapenean erakarpen-indar bihurtu. Euskaraz bizitzea "kutsatu", nolabait esateko, euskaraz bizitzea hedatu. Ni euskaraz bizi naiz, eta zu euskaraz bizitzera bultzatzen edo ekartzen zaitut. Normalizaziorako edo berreskurapenerako goranzko estrategia batean, gune euskaldunek besteak pixkanaka busti eta xurgatu egin beharko lituzkete, euskarara ekarriz. > > Hori gerta dadin, ordea, gune horiek linguistikoki erakarpen-indar izan daitezen, sozialki-ekonomikoki-demografikoki-politikoki ere erakarpen-indarra izan beharko lukete. Eta, bistan denez, ez da horrelakorik gertatzen. Gerta liteke, agian, eskualdearen testuinguruan. Baliteke Leitzak inguruko herri txikiagoekiko erakarpen-indarra izatea, eta linguistikoki ere eragitea, euskararen alde kasu honetan. Baina markoa pixka bat zabalago ikusiz gero, garbi dago erakarpenaren balantza herri eta gune erdaldunen alde dagoela. Leitzari dagokionez, eta baita gainerako herri euskaldunei dagokionez ere. > > Leitzako eta leitzarren eguneroko bizitzan Iruñeak pisu handia dauka, esate baterako. Nafarroako hiriburuan daude Leitzan eta leitzarrengan eragiten duten botere-gune politikoak, administrazio-zerbitzuak, ospitaleak, unibertsitate publikoa, merkataritza-guneak, lantegi eta bestelako lan-guneak. Iruñea ez diren beste gune batzuk ere badaude, Gipuzkoa aldean nagusiki (Tolosa edo Donostialdea), baina horien eragina murriztuz joan da azkeneko urteotan, eta Iruñerria bera baino euskaldunagoak diren arren, hizkuntzaren balantza ere ez da euskararen oso aldekoa, eta betiere Leitza bera baino eremu erdaldunagoak dira. Aipatu gabe utziko ditugu Euskal Herritik kanpo kokatuta dauden bestelako guneak, horiek ere denak erdaldunak jakina. > > Erakarpen-erlazio horretan, beraz, Leitza alderdi ahula dela esanen genuke, eta eragin linguistikoaren norabidea erdal gunetik euskal gunerakoa da, gauzak modu sinple samarrean esanda. Nekez eraginen du Leitzak modu esanguratsu batean lurralde geografiko eta sozial erdaldun horretan. > > Lurralde euskalduna beharrezkoa bada, ordea, osatuz joan beharko litzateke, gaurko guneak akaso bere inguruko lurraldeak pixkanaka irabaziz edo erakarriz, gero eta indartsuagoa izanen den gunea osatuz eta egonkortuz, eta gero eta eragin-ahalmen eta erakarpen-indar handiagoa izanen duen espazio euskalduna osatuz. Hori hala izan dadin, jakina, gune erdaldunen erakarpen- eta eragin-indarra neutralizatuko edo murriztuko duen politika kontziente, aktibo eta eraginkor bat behar da, alde batetik kostata irabaziko dena bestetik ziztu batean gal ez dadin. Eta baita gune horiei indar eta pisu soziologikoa eta ekonomikoa emanen dien estrategia aktiboa ere. > > Euskararen lurralde hori osatzeari dagokionez, esanen nuke, badu Leitzak nolabaiteko "misioa" euskararen berreskurapenean. Herri euskalduna den heinean, alde batetik, eta Nafarroako inguru edo eskualde honetan duen kokapenaren eta erreferentzialtasunaren ondorioz daukan "erantzukizunagatik", bestetik. Izan ere, esplizituki ez bada ere -eta batzuetan esplizituki ere izan da-, Leitzak berak bere buruari eta baita ingurukoek ere herriari, nolabaiteko erreferentzia-izaera aitortu izan diote. Euskararen normalizazioaz ari gara, noski, baina ez da gutxi. Euskararen berreskurapenean eragile batek, herri batek kasu honetan, ardura hori bere gain hartzea, nolabait esateko, ez dirudi txarra denik. Aurrera egiteko eta urrats eraginkorrak egiten saiatzeko baliagarri eta motibagarri izan liteke, eta hala dela uste dugu. Ez dago gogoratu beharrik edozein mugimenduk "motore" bat behar duela, eta euskararen biziberritzeak ere hala behar duela. > > Motore izanen diren gune edo herri horiek zenbat eta gehiago izan eta zenbat eta lotuago egon, orduan eta eraginkorrago bihurtuko dira, orduan eta mesede handiagoa euskararentzat. UEMAk hasieratik aipatu izan duen lurralde euskalduna sortzeko ideia hori norabide horretan ulertzen dugu guk. Lurralde bizia, euskaraz biziko dena, eta gainerakoak erakartzeko indarra izanen duena. > > > **2. Hizkuntza-lanbroa** > > > Leitzatik Iruñera 50 km inguru daude errepidez, eta 20.000 inguru linguistikoki. Begietatik sartzen zaigun hizkuntza paisaiak islatzen du distantzia hori, esate baterako, baina hemendik harakoan badira bi munduen arteko distantzia ederki erakusten diguten bestelako detaile batzuk ere: umeen jarduna, adibidez. Lehendabiziko unean, sarritan, haurrak erdaraz aritzea arraro eta guzti gerta lekioke Leitzan bizi denari. Leitzan "gaizki ohitu", eta umeen jardun bakarra euskarazkoa izan litekeela sentitzera irits zaitezke. Iruñera joan, eta hangoak erdaraz ari dira nagusiki. Are gehiago, horietako askok euskaraz hitzik ez dakitenez, zerorrek ere erdaraz egin behar diezu, eta arraro samar egiten zaizu. Ez dugu exajeratuko, eta ez dugu arroztasun hori neurriz kanpo hanpatuko. Baina Iruñea eta Leitza bi mundu dira, bestelako hainbat arrazoiz gainera, baita hizkuntza arrazoi horiengatik ere. > > Haurren jarduna ekarri dugu hona, baina ez da bakarra: kaleko errotulazioa, bide-seinaleak, kalean entzuten den hizkuntza, kaleko kartelak, publizitatea, eta kolore edo izaera material argirik ez duen baina guregan egon badagoen sentsazio hori: Iruñean erdara "dago", eta Leitzan euskara. Hizkuntza-lanbro moduko bat, edo ikusten ez den substantzia bat, edo paisaiaren kolore bat, edo usain jakin baina antzemanezin bat, edo... balitz bezala. Eta ezberdina da Iruñean edo Leitzan, eta minutu bat besterik ez da behar horretaz jabetzeko. Ukiezina den horrek, nolanahi ere, zure hizkuntza jarrera eta jokabidea ukitzen ditu, eta hiztun elebiduna alde batera edo bestera lerratzen edo bultzatzen du maiz. > > > **3. Hizkuntzaren marka** > > > Herri erdaldunetan, neurri handiagoan edo txikiagoan, euskalduna izatea marka bat da. Herriaren azala kolore batekoa da, eta euskaldunak, azal horretan nabarmentzen direnean, deigarri gertatzen diren zipriztinak dira askotan. Azala zipriztintzen duten markak dira, batzuentzat gustuko eta beste batzuentzat ez hainbeste. Herri euskaldunetan, berriz, euskalduna izatea ezaugarri askozaz ere neutroagoa dela esan genezake. Herriko testuinguruan behintzat. Herri euskaldunean, hain neutroa ez dena eta agian norbanakoa markatzen duena, erdaldun elebakarra izatea da. > > Oso ohikoa da Leitzan, adibidez, pertsona bat identifikatu eta nortaz ari garen zehazteko, zer auto daukan esatea. Nolabaiteko auto-zaletasuna dutenek egiten dute, baina baita oso autozale ez direnek ere. Identifikagarri bat da. Zer etxekoa den esatea bezalaxe, nahiz eta ohitura hori ere aldatzen ari den. Bada, pertsona batek halako autoa dauka, edo etxe honetakoa da, edo han egiten du lana, edo horrekin ibiltzen da... Edo "erdalduna da". Hori ere erabiltzen da identifikagarri gisa. "Marka" bat da. Nekez entzunen dugu "euskalduna" da inor identifikatzen laguntzeko. Logika hutsa da, jakina, Leitzan herritarron % 90 inguru euskalduna delako, eta ez delako oso informazio praktikoa, ez du "bereizten". > > Baina praktikotasun hori alde batera utzita, "erdalduna da" esaten denean, estatistika hutsetik harago joaten gara. Izan ere, gaur egun ia leitzar guztiak (haurrak eta adinekoren bat salbu) erdaldunak dira. Beraz, esaten ari garena ez da pertsona horrek erdaraz (gaztelaniaz) dakiela. Esaten ari garena da ez dakiela euskaraz, eta hori informazio errelebantea da. Identifikatzen laguntzen du, bilaketan herritarren % 90 kanpoan uzten duelako; baina bestelako informazio bat ere ematen duela esanen nuke: pertsona horri zerbait falta zaio, zehazki, herritar gehienon ezaugarri oso propioa den zerbait. Gabezia horrek ez du pertsona horren eguneroko bizitza tragedia bihurtzen, baina "erdalduna" izatea marka nabaria da Leitzan, euskararen bizitasunaren seinale gure ustez. Errelebantea da datua, herriko eguneroko bizitzan euskara ere errelebantea delako; denok gaztelaniaz jakin arren, eta denok erdaldunak izan arren, euskaraz ez dakitenek multzo edo talde bat osatzen dutelako, sozialki hautematen dena eta ez jakite horren ondorioak nolabait nozitzen dituena. > > Esan dugu, arestitxoan, euskalduntasuna ez duela marka bat bezala bizitzen leitzarrak Leitzan, eta pentsatzekoa denez edozein herri euskalduneko herritarrak bere herrian. Salbuespenak egonen dira, ziur asko. Baina beste kontu bat da herritik ateratzekoan gertatzen dena. Hiztunak berekin eramaten d(it)u bere hizkuntza(k), baita euskara ere. Eta kasu askotan egunero herrian normaltasunez erabiltzen duena, herritik atera eta ezin du era berean erabili. Euskaraz jakiteak eta ezin erabiltzeak markatu egiten du. Egoera hori ez dute denek berdin bizi, nolanahi ere, eta zenbait faktorek garraztasuna eman edo kentzen diote euskara ezin erabili horri: euskararekiko atxikimendu naturala, politikoa edo ideologikoa; erdaraz aritzeko gaitasuna edo erraztasuna; pertsonaren uneko edo ohiko aldartea; norberaren espektatibak... Batzuengan muga linguistikoa pasatzea eta hizkuntza batetik bestera igarotzea modu guztiz mekanikoan, are inkontzientean gertatzen da. Eta traumarik gabe, noski. Beste batzuengan, berriz, hizkuntza aldatu beharrak etsipen-punttu bat sortzen du, eta nolabaiteko gogoetak lagunduta etortzen da. > > Bestalde, norbanakoaren mailatik harago, euskara herri euskaldunen ezaugarri nabarmena dela ezin ukatuzkoa iruditzen zaigu. Kanpoko inork Leitza nolakoa den azaltzeko eskatuz gero, bestelako ezaugarri orokor batzuekin batera, euskararena aipatuko luke leitzar askok. Herri euskalduna izatea da Leitzako herriaren bereizgarrietako bat. Beste herri askok ez duten ezaugarria. Euskal Herri erdaldundu samar batean, eta hizkuntzaren inguruko gatazka nahikoa modu esplizituan bizi duen herri batean, oharkabean pasatzen ez den ezaugarria da. Hizkuntza bakarreko udalerri bateko herritar bati bere herriaz galdetuz gero, eta hura deskribatu behar badu, ziur asko ez du esanen "hemen hala hitz egiten dugu". Herri euskaldunekoak, Leitzarrak adibidez, akaso bai. Ez, noski, goizuetarrarekin edo anoetarrarekin ari denean, baina bai, demagun, Euskal Herriko edo atzerriko herri erdaldun bateko herritarrarekin ari bada. > > > **4. Erdarak elkartzen gaitu** > > > Euskara biziberritzeko estrategia eta formulazio teorikoen artean, euskaldunon hizkuntza komunitatea trinkotu beharra indartsu agertu da, eta euskalgintzan isla eta emaitza praktikoa izan du, euskara elkarteak horren lekuko. Hizkuntza komunitatea konpaktatzeko estrategiak, planak eta ideiak sortu eta gauzatu dira, euskaldunak elkartu eta harreman-sareak trinkotzeko helburuarekin. Emaitzak, jakina, askotarikoak izan dira, hainbat faktorek eraginda. > > Ez dugu uste erdaldunen hizkuntza komunitatean antzeko planteamendu teorikorik egin denik Euskal Herrian. Beharrik ere ez, ziur asko. Baina esanen genuke praktikan gertatu gertatzen dela, eta inkontzienteki eta estrategia esplizitu baten ondorioz ez bada ere, gune euskaldunetan erdaldunen komunitateak baduela konpaktaziorako berezko joera bat. Erdaldunak, alegia, elkartu egiten direla, eta harreman-sareak osatzen dituztela. Eta erdaldunez gain, hainbat arrazoirengatik erdararako joera dutenak ere maiz eta erraz sare horretara biltzen direla. Bien abiapuntua eta errealitatea ezberdina da oso, baina biek, hainbatetan, talde berean egiten dute bat. > > Baieztapen horren atzean ez dago inolako ikerketa edo azterlanik. Ez dugu datu zehatzik. Parkean, plazan eta kalean ikusi dugunak eraman gaitu ondorio horretara. Kontzienteki gertatzen ote den? Ziur asko bai. Kontzienteki esaten dugunean, nolanahi ere, ez dugu esan nahi horren bila inor propio joaten denik. Esan nahi dugu erdaldunen -eta erdaraz askozaz erosoago aritzen direnen- talde hori osatzen duena jabetzen ari dela gertaera edo errealitate horretaz. Ez dio akaso bere buruari agindu linguistikoki definituta dagoen talde horretan integratzea, baina agian subjektibitateak horretara eraman du. Subjektibitate horretan zer dago, ordea? Agian, besteak beste, faktore hauetakoren bat: > > - Hizkuntza dela-eta elkarrizketatik inoiz edo behin baztertua sentitzeko beldurra. Euskaldunon "kortesiazko" jokabidea oso ohikoa den arren, eta normalean erdaldunaren aurrean erdaraz aritzen bagara ere, beste hainbatetan, ohartuta edo oharkabean, diskurtsoa euskarara lerratzen zaigu, erdalduna hor izanagatik. Eta erdaldunak, "militantea" izanda ere, euskaldunok euskaraz egin diezaguten eskatzeko garaian izaten dugun bezalaxe, erreparoa sentitzen du hainbat egoeratan bere ezjakintasuna dela-eta erdaraz egin dadin eskatzeko. Eskatu ez, eta taldeko elkarrizketak euskaran sartu-irteerak eginez gero, batzuetan erdalduna baztertua sentituko da. > > - Gainerako erdaldunekin bizipen bat konpartitzeko sentimendua. Horrek ere, izan ere, askotan elkartu egiten baikaitu. Oraingoan hizkuntzaren alorrean planteatzen ari gara, baina esperientzia edo egoera jakin bat bizitzeak -nozitzea edo gozatzea izan liteke- urkoarekiko zubiak eraikitzen ditu, bestearenganako bidea erraztu egiten du. Leitzan erdalduna izatea bizipen bat da; bizipen handi bat, esanen nuke, eguneroko bizitzako bizipen txiki eta errepikatuez osatua. "Horri ere niri gertatzen zaidana gertatzen zaio" moduko pentsamendu erdi ageriko bat egon liteke erdaldunen elkarrenganako erakarpenaren atzean. > > - Lasaitasunaren bermea: erdaldunarekin bazaude, badakizu ziur erdaraz ariko zarela, inor hizkuntza-hautuan behartu gabe. Esanen nuke erdaldun askori ez diela buruhauste handirik sortzen euskalduna erdaraz egitera "behartzen" dutela pentsatzeak. Asko ohartu ere ez dira eginen, ziur asko. "Normala" da erdaraz egitea. Baina beste batzuk bai, kontziente dira, eta agian ez dute sentsazio hori gustuko, agian nolabaiteko deserosotasunez bizi dute. Diskurtso publikoan hedatu samarra baitago euskaraz bizi nahi dugula. Solaskidea erdalduna izanez gero, ordea, ez dago gisa horretako tentsiorik. Erdaraz egitea da aukera bakarra, eta lasaiago ekiten ahal zaio elkarrizketari. > > - Eta, bestalde, zurekin dagoen hori erdalduna bada, hura beste inorekin elkartuz gero -bere lagun edo ezagun bat, demagun-, orduan ere erdaraz ariko dira, ezinbestean, eta erdaldunak ez du elkarrizketatik kanpo gelditzeko beldurrik izanen. > > Arestitxoan esandakoek, aitor dezagun, ukitu erabat subjektiboa dute, eta tentuz hartu beharrekoak dira. Izan ere, ondorioak urrutiegira eramanez gero, pentsa genezake euskaraz ez jakiteak herritar batzuk talde jakin batzuetara eramaten dituela, harreman-sare jakin bat ematen diela, eta sare horren balorazio soziala eskasa dela eta marjinalitate puntu bat ere ematen duela. Ez nuke osotara baztertuko ideia hori, baina, bestalde, ez naiz halakorik erabat baieztatzera ausartzen. Jakin badakigu herrian ederki integratutako erdaldunak badaudela, euskaldunen artean eroso eta bizipen negatiborik gabe moldatzen direnak. > > > **5. Euskararen alde, aldeak alde** > > > Euskara berreskuratzeko lanari ekiteko garaian, abiapuntu modura, egoera deskribatzen ohi dugu. Hainbat eratan egin daiteke hori, baina arrunt samarra da erabilera-ezagutza-jarrera eskema. Leitzan ere baliatu izan dugu eskema hori, eta eskemaren hiru ataletan nahikoa indize onak jaso ditugu beti. > > Euskararen ezagutza % 90 ingurukoa izan da datu hori jaso den errolda eta zentsu guztietan. Erabilerari dagokionez, egindako kale neurketek eta bestelako adierazleek ere indize altuak eman dituzte (% 75 ingurukoak). > > Jarrera da hirugarren atala, eta horri erreparatu nahi diogu orain. Izan ere, jarreren inguruko irakurketa beti nahikoa modu arinean eta azalekoan egin dugula iruditzen zaigu. Ez dago leitzarren jarreraren inguruko ikerketa espezifikorik. Inkestak egin izan direnean datuak eskualdeko gainerako herriekin multzokatuta agertu dira, eta hori da daukagun informazio "objektibo" bakarra. Eskualdeko datuak baliagarriak dira, ez dugu hori zalantzan jarriko, eta baita sinesgarriak ere. Haien arabera, eskualdeko -eta, beraz, Leitzako- biztanleen euskararekiko jarrera aldekoa edo oso aldekoa da nagusiki, eta hizkuntzarekiko atxikimendua handia da. Datu orokor hori hartu izan dugu beti, eta ñabardura handirik egin gabe horrekin osatu dugu jarreren inguruko diagnostikoa. > > Errealitatea hori dela berretsiko dugu hemen. Alegia, leitzarrari galdetuz gero, normalean, euskararen aldeko edo oso aldeko jarrera duela erantzungo digu ia seguru. Baina hor, "aldeak alde" esan beharko genuke. Izan ere, galdera hori, inplikazio praktikorik ez daukan testuinguru batean egin izan da. Hori erantzuten duenak ez dauka berehalakoan deus frogatu beharrik, eta ez dago hizkuntza hautu bat egitera behartzen duen egoera batean. Jarrera hori, beraz, posizionamendu bat da, baina ez da batere exijentea. Beste gauza bat da, berriz, hizkuntza hautatu behar deneko egoera, eta hor, aldeko edo oso aldeko jarrerak gorabehera, bestelako portaera batzuk ere ikus litezke. Portaera horiek ez dute leitzarren euskararen aldeko jarrera auzitan jartzen, baina bai ñabardura batzuk egin beharra ekartzen. Bi hitzetan esateko: nahiz eta euskararen aldeko jarrera izan, hainbat egoeratan, solaskideak euskaldunak izan arren, leitzar batzuek erdaraz egiten dute. Aldeko jarrera egon badago, baina jarrera horren nahikotasun-maila ez da beti berdina. > > Eta hori da euskalgintzatik egin izan ditugun diagnostikoetan kontuan izan ez duguna. Jarrerak aldekoak direnez, ez dugu horietan gehiegi eragin beharrik ikusi. Erabilerari begiratu diogu gehiago, eta horra begiratzean ohartu gara euskaraz gaindiezinezko zailtasunik gabe egin litekeen zenbait egoeratan leitzarrek erdaraz egiten dutela. Erabilerak huts egiten du -esateko modu bat da-, baina horren azalpenaren zati bat jarreretan bilatu beharko litzateke. Aldeko jarrera horien nahikotasun-mailarik ezean hain zuzen ere. > > Beraz, urte askoan egin dugun analisia hori izan ez den arren, agian planteatu beharko da Leitza bezalako herri "euskaltzale" batean euskararen aldeko jarrerak indartu behar direla. Erdara erabiltzera bultzatzen gaituzten faktoreak eta arrazoiak gainditzeko, eta horiek gainditzera eramanen gaituzten jarrerak indartzeko. Ez, agian, euskararen aldeko posizionamendu ideologiko edo politiko bat indartzeko -hori dagoeneko egon bai baitago-. Hori baino gehiago, euskara bizitzako egiteko, funtzio, aldarte eta egoera orotan erabil litekeen hizkuntza dela ulertzera, sentitzera, barneratzera eta adieraztera eramanen gaituzten jarrerak indartzeko baizik. Euskara ezezagunei lehendabiziko hitza zuzentzeko ere erabil dezaket, edota iturginari aurrekontu bat eskatzeko, elkartean idazki bat aurkezteko, lagunei posta elektronikoz mezua bidaltzeko, interneten kontsultak egiteko, bileretan parte hartzeko, egunkaria edo literatura irakurtzeko... Horiek denak euskaraz egiteak ez du nahitaez jarrera ideologiko edo politiko jakin bat eskatzen. Ideologikoak eta politikoak ez diren uste, balioespen, sinesmen edo aurreiritziek ere eragin handia dute, eta norbanakoaren hizkuntzaren inguruko jarrera osatzen dute, hein batean bederen. > > > **6. Leialtasunaz** > > > Duela urte batzuk Txillardegik eredu matematiko bat landu zuen euskararen erabileraren inguruko irakurketa egiteko. Alegia, euskararen erabilera eta formula matematikoak errezeta berean, elkartuta. Eredu horrek eman duen ondorio nagusietako bat, gure ustez, euskaldunok euskararekiko dugun leialtasunaren inguruko ideia da. Hainbat euskaltzaleren gogoan topiko bihurtu den ideia. Ideia horren arabera euskaldunok leialak gara euskararekiko, eta, euskara erabiltzeko aukera izanez gero, zintzo samar erabiltzen dugu. > > Herri euskaldunetan, ordea, aldeak alde, egunerokoak bestelako errealitate bat ere badela erakusten digu. Eguneroko ogia baita euskaldunen arteko, are euskal elebidunen arteko, erdarazko jarduna, euskaltzale sutsuaren amorragarri. Ez gara, kasu honetan, euskaraz egin ahal izateko probabilitateez ari. Aipatu nahi dugun egoera honetan solaskide guztiak euskaldunak dira, alegia, euskaraz egiteko eta ulertuak izateko aukera bermatua daukate, baina erdaraz egiten dute. Sarritan gertatzen baita, herri euskaldunean bizi edo hura bisitatzen duen edonork aisa ikus dezakeen moduan. > > Errealitate horren atzean, jakina, hizkuntza portaera hori azaldu -zuritu, esanen luke besteren batek- lezaketen hainbat arrazoi daude. Eta ez dira soil-soilik herri euskaldunei aplikatzekoak. Hori halaxe da, jakina, giza jardun edo giza portaera oro azaltzeko edo zuritzeko arrazoiak aurkitu litezkeen bezalaxe. Baina kontua da, hemen azpimarratu nahi duguna, euskaldunon euskarazko leialtasun ustezkoa ez dela hain ebidentea herri euskaldunetan. Herri, gune, egoera eta baldintza soziolinguistiko zailagoetan euskaldunek euskarari ongi samar eusten diotela dirudi, zenbaitetan espero litekeenaren mailatik gorago; aitzitik, euskaraz aritzeko egoera optimoenean, euskaldunak sarritan erdaraz aritzen dira, aipatutako egoera zailago horietan eragin handia duten faktore indartsu batzuen aitzakiarik gabe (norberaren hizkuntza gaitasuna, euskaldunen dentsitatea...). > > Egoera horietan, beraz, ez dago euskararekiko leialtasunik. Are gehiago, hainbat kasutan, euskaraz askoz hobeki hitz egin arren erdarazko jardunari gogor eusten diotenen kasuan alegia, leialtasuna egotekotan erdararekiko leialtasunaz hitz egin beharko genuke. Izan ere, hizkuntza jakin batean traketsago eta nekezago moldatu arren, eta horretarako behar saihestezinik izan gabe, hala ere zerorren hizkuntza alde batera utzi eta hain erosoa gertatzen ez zaizun beste horretan aritzeko erabakiaren atzean, harekiko nolabaiteko leialtasuna daukazula ere ondoriozta liteke. Leialtasun hori zerk eragiten duen eta nolakoa den? Hor erantzun ugari eman liteke. Erdararekiko leial izateko arrazoien artean, euskalduna erdaraz egitera bultzatzen duten faktore ugari zerrenda genitzake: hizkuntzaren prestigioa, ustezko modernotasuna, aurretik finkatutako ohiturak, testuingurua, gaia, solaskidearen gaitasuna... Euskaldunen arteko harremanaz ari gara, betiere. > > Laburbilduz, eta berriro atal honen hasierako hitzak gogoratuz, leialak omen gara euskaldunak hizkuntzarekin. Ez dugu guk hori ukatuko. Baina ez dezagun ahaztu herri euskaldunetan eguneroko ogia den errealitate egoskor eta begien bistakoa: euskaldunok, euskaraz egiteko aukera daukagunean ere, badakigu erdaraz egiten, eta halaxe egiten dugu askotan. Ez gara beti "leial". > > Eta errealitate horren aurrean, euskaltzaleen artean askotan bi jarrera sumatu ditugu. Batetik, arazo guztien ardura eta erantzukizuna hiztunaren esparru indibidualetik kanpo kokatzen duen arrazoibidea: "errua" egoerarena da, edota administraziorena, Nafarroako Gobernuarena-edo gure kasuan, edo akaso beste entitate abstrakturen batena. Bestetik, guztiz aurkakoa den jarrera dugu: erru osoa hiztunak dauka, eta hark euskaraz egiten ez badu, besterik gabe, nahi ez duelako da; eta jokabide hori ia-ia arduragabekeriaren mugan kokatzen da. Hizkuntzaren galera jokabide horren ondorioa litzateke, eta balizko konponbidea ere ia osorik hiztun horren esku egonen da, nahikoa izanen baita hark euskara erabiltzeko erabakia hartzea. > > Gure ikuspegitik, arrazoi osoa ez dago mutur batean edo bestean. Ezta erdibidean ere, egoteko toki erosoa askotan hortxe bilatzen dugun arren. Hiztunaren jarduera baldintzatzen duten alderdi sozial, legal eta politikoak oso indartsuak direla uste dugu, baita egoerarik partikularrenean eta informalenean ere, eta euskararen egoera -eta erabilera, zehazki- azaltzeko eta konpontzeko bideak nagusiki hor bilatu behar direla uste dugu. Horren ondoan, ordea, norberaren esparrua ere badago: oso pertsonala eta emozionala da, ñabardura, xehetasun eta bizipen pertsonal besterezin eta ordezkaezinez josia, eta hizkuntza-portaeraren arduraren zamaren zati bat ere beregana dezake. Horregatik, euskararekiko leialtasuna indartu behar baldin bada, euskararen garapenerako baldintza soziopolitikoak landu eta jorratu beharko ditugu, baina hiztun indibidualaren alorra eta haren jarrera kontzienteak eta positiboak ere ukitu beharko genituzke. > > > **7. Estetika** > > > Noraino izan liteke hizkuntza-hautua kontu estetiko bat? Bada ideia horretan zinez sinesten duenik, Fermin Etxegoien kasu. Bestelako faktorerik ukatu gabe, alderdi estetikoari berebiziko garrantzia eman zion <i>Neurona eta Zeurona</i> lanean. Euskaraz edo erdaraz egiteak, une eta testuinguru jakin batean, norberaren estetikarekin eta eman nahiko genukeen irudiarekin, esaterako, zerikusia izan lezake. > > Gogora etortzen zaigu, konparaziora, euskara eskola-hizkuntza gisa jaso eta erabiltzen duen gune erdalduneko nerabe gaztearen irudia. Bere lagunekin, guztiak ere gaztelaniaz hobeki moldatzen direnak, erdaraz egiten du normalean; bat-batean euskaraz hasteak, euskara akademiko eta formal samar batean hasteak, irudi jakin bat atxikiko liokeelakoan nago. Ez, preseski, gazte batek lagunen aurrean askotan nahi izaten duen irudi moderno, "enrollatu", "guai" edo dena delako hori. Janzkera edo orrazkera bezala, hizkuntza ere estetika baten lagungarri izan daitekeela uste dugu. > > Gatozen orain herri euskaldunera. Gatozen Leitzara. Zer ekarpen egiten dio euskarak norberaren estetikari? Oro har, euskaraz egitea nahikoa ariketa normala, naturala edo neutroa da Leitzan. Ez du marka bereziegirik jartzen, ez du artifizialtasunik ematen, ez du inor modernoago egiten, ezta kontserbadore bihurtzen ere. Estetikaren eraginik bilatu al dezakegu, beraz, euskarazko jardunean? Akaso ez, edo ez oso modu nabarmenean behintzat. > > Estetika baztertu behar al dugu faktore gisa orduan? Horri ere ezetz erantzungo nioke. Euskarak elementu estetiko gisa balio apartekorik edo nabarmenegirik ez duen arren, gaztelaniak agian bai. Euskarak ematen ez digun tresna bat, edo oso era mugatuan ematen diguna, gaztelaniak ematen digu. Gaztelaniaz aritzeak, edo gure euskarazko jarduna gaztelaniaz zipriztintzeak, badu nolabaiteko balio eta indar estetikoa. Eta hori, esanen nuke, gehiago gertatzen da gazteen artean, nahiz eta ez den adin-talde horretara mugatzen. > > Oso zaila da, esate baterako, erdarazko esamolde, makulu, hitz, eta esapide linguistikorik gabe gazte-hizkeraren kutsua izanen duen zerbait ekoiztea. Leitzar gazteek, hizkerari gazte ukitu bat eman nahi badiote, ezinbestean gaztelaniara begiratu behar dute, eta handik baliabideak eskuratu. Euskara hutsezko jarduna "jatorra" izanen da, edo "neutroa" akaso, baina nekez "gaztea", "alternatiboa"... Eta, seguru asko, erdarazko hitzak edo esamoldeak saihesteak eskatzen duen ahalegin kontzienteak eta askotan ebidenteak, halako ukitu "formala" edo "konbentzionala" emanen dio gaztearen hizkerari. Euskaraz egitea normala eta naturala da Leitzan, esan bezala, baina "den-dena euskaraz esatea" gehiegizko formalismoaren eta are pedantekeriaren mugan egon liteke edo hala ikus lezake askok. Gazteen hizkeran gertatzen da hori batez ere, normalagoa baita hiztun zaharren hizkuntza-produkzioa askozaz "euskaldunagoa" izatea. Horien kasuan, entzulearengan ez dago erdarazko hainbeste hitz edo lokuzio entzuteko espektatibarik, eta ez du harridurarik sortzen "euskara huts-hutsezko" jardunak. Gazteen kasuan akaso bai. > > Elementu estetikoa egon badago, horrenbestez, eta gaztelaniak aportatzen du. Leitzak berak, bertan euskararen bizitasuna handia izanagatik, ez dauka euskarazko gazte hizkera propio bat sortzeko eta bertan hedatzeko behar besteko indarrik. Gisako hizkerak sortzeko behar adinako bizitasuna badauka Leitzan euskarak, baina hori ez da aski hizkera molde hori sortu eta hedatzeko. Herri euskaldunek duten bizindar linguistikoa beharko litzateke gazte hizkera sortzeko, baina herri erdaldunek duten pisu demografikoa, soziologikoa eta kulturala ezinbestekoa da bestetik. Euskal Herrian inoiz gazte hizkerarik sortuko bada eta arrakastaz hedatuko bada, "herri" euskaldunen multzoan zenbait "hiri" sartu beharko dira. Gaurko herri euskaldunek, oro har, ez dute eredu hori sortu eta hedatzeko indarrik, gure ustez. > > Leitzako gazte hizkera, horrenbestez, kanpotik datorkio herriari, eta erdaraz iristen zaio. Gertakari horren aurrean lau aukera edo balizko jokabide identifikatu ditugu: > > - a) Euskara hutsezko jardunari eutsi eta gazte hizkeraren moduko zerbait egiten saiatu. 15 > > - b) Euskara hutsezko jardunari eutsi gazte-ukitu hori emateari uko eginda. > > - c) Euskaraz egin eta jardunari gazte kutsua eman erdarazko zipriztinen bitartez. > > - d) Erdaraz egin. > > Esanen nuke hirugarren aukera dela gaur egun leitzar gazteek gehien baliatzen dutena. Euskaraz egiten dute, oro har, baina erdaratik jaten dute gurasoek ez bezala hitz egiteko eta beren hizkera eta estetika linguistiko propioa taxutzeko. Hor aurkitzen dute, euskarari uko egin gabe, hizkerak eman behar dien estetika. > > > **8. Etxeko atea ireki erdarari** > > > Herri euskaldunetan aspaldiko kezka da honakoa: umeek eta gazteek ez dakite erdaraz behar bezala egiten. Garai bateko kezka, hainbeste autogorroto sortu zituen hura, baina bertsio modernoan. Erdaraz batere ez dakitenik ezin esanen dute, baina haien seme-alabek ongi ez dakitela iruditzen zaio guraso askori, eta horrek arazoak ekarriko dizkiela sentitzen dute. Euskararen pertzepzioa, alde horretatik, ez da hainbeste aldatu urteotan. Jarraitzen dugu pentsatzen euskara bertako hizkuntza dela, gure burbuilatxorako akaso, baina kanpoan ez duela gauza handirik balio, ezin dela berarekin oso urrutira joan. > > Normala da, bestalde, kezka hori izatea. Gure umeak Iruñerrian ikusten ditugunean, esate baterako, hangoekin komunikatzeko mugatuta sumatzen ditugu, eta gurasoari ez zaio gustatzen bere haurrarengan inolako ezintasunik sumatzea. Beste aldera ere ikus genezake, jakina; alegia, hangoa da gurearekin ezin dena komunikatu, edo gutxienez egoera simetrikoa da, eta bi aldeek dute ezintasuna. Are gehiago, jakin badakigu urte gutxi barru gureak bestearen hizkuntza jakinen duela (gaztelania), eta agian ez alderantziz. Hala ere, hala ere, ez gaitu horrek kontsolatzen, ebidentzia baita hizkuntza nagusia zein den, eta nork daukan hizkuntza nagusiaren babes hori. > > Eta kezka hori, gehienbat gurasoek bizi dutena, eskolara ere iritsi da, eta eskolako bileretan ere aipatu da. Baita horren inguruko aholkuak eman ere, eta ez beti preseski euskaltzale amorratua pozik uzteko modukoak. Izan ere, akaso etxean erdara ere erabili behar dela planteatu izan du irakasleren batek. > > Gaiak, agian, azterketatxo bat mereziko luke. Noraino da egia ez dakitela ongi erdaraz? Zer da erdaraz ongi jakitea? Zer adinarekin jabetzen dira gaztelaniazko "gutxieneko" mailaz? Gaztelaniazko zer erregistrotan dituzte gabeziak? Zein dira sortzen zaizkien arazo eta ezintasun errealak? Erdaran murgiltzea egokitzen zaienean -Iruñean unibertsitatean ikasteko garaian esate baterako-, zenbat denbora behar dute trebatzeko? Galdera asko erantzun beharko genituzke, kezka horri behar duen eta dagokion garrantzia emateko, ez gehiago eta ez gutxiago. > > Baina eman dezagun errealitatea horrelakoxea dela, eta Leitzako haur eta gazte batzuek benetan ez dakitela erdaraz ongi egiten. Agian pentsatu beharko dugu euskaraz bizitzeak ere bere prezioa duela? Izan ere, euskaraz bizi bagara, eta zenbat eta modu intentsoagoan eta iraunkorragoan izan, normala izanen da euskaraz hobeki moldatzea. Gure bizimodua normal samar egiten badugu euskaraz, ia egun osoan euskaraz biziz, normala izanen da bi hizkuntzen artean aldea egotea hiztunarengan. Erdaraz bizi dena, normalean behintzat, erdaraz hobeki moldatzen da, nahiz eta horrek ez duen esan nahi euskaraz ongi ez dakienik. > > Leitzan haur eta gazte asko neurri handi batean euskaraz bizi dira. Ohetik altxatzen direnetik berriz oheratzen diren arte, eguneko ordu horietan, euskaraz aritzen dira gehienbat: etxean, ikastetxean, aisialdian, lagunekin... Zenbat eta gazteagoak izan, orduan eta gehiago. Urteak aurrera joan ahala erdara espazio handiagoa hartzen doa, dela telebista, ordenagailua, aldizkariak edo irakurgaiak... Baina bai, egia da, haur eta gazte asko euskaraz bizi dira eta, ondorioz, euskaraz hobeki moldatzen dira. Euskarazko gaitasun horren ondoan, erdaraz ez dira hain ongi moldatzen. > > Saihestu beharreko zerbait al da? Lorpenaren prezioa garestiegia iruditzen al zaigu? Kosta ahala kosta erdaraz euskaraz bezain ongi moldatzea lortu behar al dugu? Leitzan bizitzeko ere haur eta gazteek erdaldun osoak izan behar al dute? Ez al dago bermatuta aurrerago denak ere hala izanen direla? Gure "burbuilan" euskaraz bizitzea lortzen badugu, baina "burbuilatik" kanpo gauza bera gertatzen ez bada, egoera hori saihestezina izanen da agian. Alegia, euskaraz ongi eta erdaraz ez hain ongi moldatzen diren haur eta gazteak izanen ditugu. Prezio hori ordaintzeko prest al gaude? > > Galdera ere alderantziz plantea genezake. Erdaraz ongi ikas dezaten, zein da ordaintzeko prest gauden prezioa? Euskaraz bizitzeko aukerari muzin egin behar al diogu? Etxean haurrekin erdara praktikatzen hasi behar al dugu? Hizkuntzak komunikazio-tresna hutsa balira, aisa erantzunen genioke galdera horri akaso. Ez dira, ordea. Etxean euskaraz edo erdaraz hitz egitea ez da bi aukera neutroren arteko hautu hutsa, bestelako inplikaziorik ez duena. Norberaren identitatearekin, sentimenduekin, balioekin, historiarekin, jatorriarekin, ideologiarekin, emozioekin... lotutako auzi eta erabaki bat da. Ez dira akaso oso kontzeptu pragmatikoak, baina pertsonarentzat garrantzitsuak dira, eta maila horretan gertatzen diren hausturei ez zaie garrantzia kendu behar. > > Ziur asko hausnarketa hau eragin duen errealitatearen indarra, erdaraz ongi ez jakite horren indarra, ez da hainbesterainokoa, oraingoz behintzat. Burbuila ez baita hain burbuila. Lehenago ez bada geroxeago guztiek ere gaztelaniaz ikasten dute, eta murgiltze-garaia etortzen zaienean, oinarri polita eta erraztasun guztiak dituzte segituan erdarazko maila egokiaz jabetzeko. Ez baita nolanahikoa erdarak gurean duen presentzia soziala. Etorkizuneko hipotesi gisa, hala ere, euskararen normalizazioak aurrera bizkor eginen balu, erdaraz hain ongi ez dakitenen hiztun-multzoak sortzea kontuan izan beharko genuke, eta agian errealitate hori bere horretan onartu. Ez gara hiztun elebakarrez ari, jakina, bizpahiru hizkuntza jakinen dituztela pentsatzekoa eta desiatzekoa baita, baizik eta euskaraz dezentez hobeki moldatuko diren balizko hiztunez. Zerbaiten seinale ere izanen litzateke, euskaraz bizi den hizkuntza-komunitate baten isla, eta ez zaigu panorama itsusia iruditzen. > > > **9. Bokal baten indarra** > > > Duela urte batzuk Leitzako pestetara ETBko kamarak etorri ziren. 6-7 elkarrizketa grabatu eta eman zituzten. Guztiak ere egoera informalean, kalean, ikuskizunen batean, plazan, doinu umoretsuan... Elkarrizketatuak, denak leitzarrak. Eta ia-ia guztiek, elkarrizketan, "det", edo "jun" (eta ez "yoan", uler dadin), edo gipuzkeratzat edo batutzat har litekeen beste hizkuntza-markaren bat erabili zuten. > > Izan ere, harrigarria da bokal edo kontsonante bakar batek "marka" bat ezartzeko izan dezakeen indarra. Ziur asko, aipatutako leitzar horietako batzuk ezagutzen eta erabiltzen duten aldaera bakarra Leitzako euskara da. Alfabetatugabeak izaki, eta besterik eskuratzeko aukerarik izan ez dutenez, horixe da eskura duten bakarra. Horren gainetik, ordea, eta telebista grabatzen ari zaiela ohartuta, bere hizkerari nolabaiteko "marka" jartzen saiatu dira, bere aldaerakoa ez den zerbait. Hizkera nolabait jasoko dutelakoan, gure ustez behintzat. Horretarako gipuzkerara edo batura jo behar, edo behinik-behin haiek batutzat edo gizpuzkeratzat jotzen duten horretara. > > Elkarrizketatu gehienek Leitzako euskaraz egin zuten, hori ere ziur asko ezinbestean, baina denak saiatu ziren beren hizkerari ukitu bat ematen, horretarako hain "eskertzekoak" gertatzen diren ohiko "det" eta "jun" horiek baliatuta. > > Leitzarrek beren hizkerarekiko konplexurik ez dutela uste dugu. Besteak baino ezdeusagoa edo eskasagoa denik ez dute uste, oro har, edo nekez entzun edo jaso daiteke horrelako adierazpen espliziturik. Baina egoera jakin batzuetan beste zerbait behar dela edo beste erregistro batzuk egokiagoak direla iruditzen zaie, bestela ezin uler liteke hizkuntza-jarduna "markatzeko" hainbestetan egiten den ahalegin hori. Izan ere, ETBko kamaren aurrean egindakoa adibide bat besterik ez da, baina ahalegin bera egiten da beste zenbait egoeratan, esate baterako hiztunaren solaskidea kanpotarra denean edo, agian, pertsona ikasia edo ustez ilustratua denean. > > Batuarenganako isuri edo joera hori, emandako adibideetan, azaleko samarra da, eta ukitu bat ematen dion arren, jarduna Leitzako euskararen barruan uzten duela esanen genuke. Fenomeno horren bertsio hanpatua edo garatua da -eta harrigarriagoa, bidenabar esanda- bestalde, Iruñean bizi diren hainbat leitzarrek haien umeekin duten portaera linguistikoa. Askotan ikusi dugu, harriduraz, Iruñean bizi diren leitzar gazte samarrak, asteburuan Leitzara etorrita, haien haurrekin euskara batu-batuan ari direla: "ura nahi duzu?", esaterako, normalean Leitzako plazan entzuten den "ure nahi dozo?" horren ondoan. > > Ez da kritikatzeko gauza, ezta larritzekoa ere, jakina. Harritzekoa da, izatekotan. Leitzar horiek berak, herrikideekin hizketan, Leitzako euskaraz ariko zaizkizu seguru asko. Beren umeekin, ordea, batuaz. Herriarekiko loturak eta atxikimenduak, etxean jaso zuten hizkera afektiboak, beren umeen garaiko erregistroak, euskalkiaren izaera "informalak"... horrek guztiak baino indar handiagoa dauka, nonbait, Iruñean jasotzen edo hurbiltzat hautematen duten erregistro edo aldaerak. Nahiz eta, bistan denez, euskararen presentzia hain txikia izaki, aldaera horren beraren pisua ez den agian oso handia izanen. > > Eta euskalkiaz ari garela, beste alderdi bati erreparatuta, Leitzako euskara bera aldatzen ari dela esan behar. Ezinbestean, hizkuntzak berak bere hiztun taldearen errealitateari erantzuten diolako. Dudarik ez dena, leitzarren errealitatea, bizimodua, ezaugarriak, harreman sareak, mugikortasuna... aldatu egin dira azken urteotan, eta aldaketa hori hizkerarengan islatzen da. Herri euskaldun honetan gertatzen da, eta, oso oker ez bagaude, baita gainerako herri euskaldunetan ere. > > Zertan datza aldaketa hori? Hizkuntzaren maila guztietan gertatzen ariko da, nahitaez, baina batzuetan nabarmenago besteetan baino. Adibide zehatz bat eman dezagun: aditza. 60-70 urteko leitzarrek erabiltzen dituzten aditzak, eta 20 urtekoek erabiltzen dituztenak, ezberdinak dira. Ez ohiko formarik arruntenetan (<i>dot</i>, <i>dozo</i>, <i>giñun</i>, <i>zaa</i>...), baina bai, esaterako, nor-nork edo nor-nori sailekoetan. Gazte askok, gaur egun, <i>zitzaidan</i> edo <i>zintudan</i> esanen dizute, <i>zetzien</i> edo <i>ziñuzen</i> formen ordez. > > Larria al da hori? Ez, gure ustez. Aldaketa da, eta euskaratik euskarara kasu honetan. Ez da larria, erabilera horren atzean euskalkiarekiko konplexu nabarmenik ez badago, edo entzulearengan erresistentzia handirik sortzen ez badu behintzat. Eta gehienetan hala dela uste dugu, nahiz eta salbuespenak egon badauden: batzuetan aldaketa hori gertatzen da eta bertako formak ez dira erabiltzen euskalkia bera gutxiesten delako; eta gertatzen da, baita ere, forma "berrien" aurrean nolabaiteko erresistentzia agertzea, "geure-geurea" dena galtzen ari delako edo. > > Lehendabizikotik gutxi dago Leitzan, gure ustez. Aditz-forma berriak erabiltzea, batukoak oro har, nahikoa modu naturalean gertatzen ari da Leitzako gazteen artean, eta forma horiek arroztasun sentsazio handiegirik gabe txertatzen ari dira bertako hizkeran, horregatik bertako hizkera gutxietsi gabe. Batzuetan hiztunaren aukera kontziente bat dago horren atzean, eta beste batzuetan, besterik gabe, hiztun horrek dagoeneko ez dauka forma hori bere biltegian eskuragarri, nahiz eta adituz gero ez zaion arrotz eginen. > > Bigarrenari dagokionez, alegia, forma berrien eta, azken batean, aldaketaren aurkako erresistentziari dagokionez, gure sentsazioa da ez dela jarrera edo sentimendu oso sakona edo oso gotortua, baina egon badagoela eta tarteka azaleratzen dela. Hizkera aldatzen ari dela antzematen da, nabaria da, baina horren aurrean egin beharrekoaz ez dago iritzi kolektibo bateraturik; are gutxiago ekimen kolektibo bateraturik. Norbanakoek ere, oro har, eta tarteka entzun litezkeen espantuak gorabehera, errealitate bat ikusi eta sentitzen dute, baina ez dut uste kasu gehienetan horren aurreko estrategia zehatzik garatu dutenik. Korronteak eramaten ditu, oro har, nora goazen inork oso ongi ez dakiela. > > > **10. Gogoetarik gabeko hizkuntzaren erabilera** > > > Iruñeko, edo beste inongo, gaztelaniadun elebakarra, gaztelaniaz hitz egiten ari denean, ziur asko ez da etengabeko gogoetan ari erabiltzen ari den hizkuntzaren gainean. Gaztelaniaz egiten du, natural, eta ez du pentsatu beharrik zer hizkuntzan egiten duen. Euskaraz ari denak, ordea, hautu bat egin du, eta egoera eta solaskide askorekin erabilera guztiz mekanizatua, ohikoa, eta arrunta izatera iritsi arren, oraindik ere sarritan iruditzen zaigu euskaraz egiteko hautuak baduela erabaki kontzientearen nolabaiteko ukitua edo kutsua. Alegia, euskaldunak euskaraz egiten duenean, badaki eta ohartzen da euskaraz egiten ari dela eta ez erdaraz, eta horrek haren gogoan nolabaiteko isla izan behar du: nekea batzuetan, satisfazioa beste batzuetan... Baina, betiere, erabilerari naturaltasun edo neutraltasun punttu bat kentzen dio. Horrek ez du hizkeraren kalitatearekin zerikusirik, beste zerbaitetaz ari gara, baina normalizazio ezaren isla argia da, normalizazioa horixe baita azken batean: hizkuntza natural erabiltzea, inolako kargarik gabe. > > Azaldu berri dugun hori, nahikoa bistakoa edo nabarmena iruditzen zaigu Iruñerria bezalako inguru erdaldun batean. Naturaltasun edo neutraltasun eza hori, ordea, dezente leuntzen da herri euskaldunetan. Leitzan, esaterako, edozein hizkuntzak beharko lukeen egoera ohikoa da: euskara modurik espontaneoenean, naturalenean eta inolako gogoetarik gabe erabiltzen duten hiztunak. Euskaraz ari direla pentsatu gabe hala egiten duten hiztunak. Erabaki kontzienterik gabe euskaraz egiten duten hiztunak, eta "zergatik egiten duzu euskaraz?" galdera entzunez gero hasiera batean harrituta geldituko liratekeen hiztunak. > > Egia da gutxi asko leitzar gehienek badutela hizkuntza gatazkaren berri, eta gehientsuenek badakitela gai horren inguruan nolabaiteko lehia badela. Baina horren gainetik, euskaraz elkarrekin egitea izan litekeen aukera bakarra izanen balitz bezala aritzen da leitzar asko, naturaltasun osoz. Hori hizkuntzaren bizi-indarra da, eta horrek ematen du konfiantza. Atxikimendu natural hori -hala esan badaiteke- askotan fidagarriagoa da atxikimendu kultural, politiko edo ideologiko hutsa baino. Akaso, atxikimendu naturala korrelazionaturik dagoelako hizkuntza gaitasunarekin, erosotasunarekin eta, beraz, ongi sentitzearekin. > > Leitzan euskara modu naturalean eta gogoetarik gabe egiten dutenen artean denetarik dago, gainera: haur, gazte heldu eta adineko; ezkerreko nahiz eskuineko; abertzale nahiz konstituzionalista; moderno nahiz heavy antzeko; emakumezko eta gizonezko; bertako nahiz kanpoko... Hori zabaltzen den egunean, pentsa genezake, lana egina edukiko dugu, eta indarrak beste zerbaitetan xahutu ahalko ditugu. > > > **11. Bizitasunaren adierazleak** > > > Herri batean euskara normalizatzen ari ote den epaitzeko adierazle estandar, adostu eta behin betikorik ez daukagu. Intuizioa badugu, jakina, eta baita norberaren edo taldearen inpresio subjektiboa ere, eta hori ere ez da erabat baztertzekoa. Jakina da, nolanahi ere, alde ikaragarria egon daitekeela errealitate beraren hautematean, eta herri bereko errealitate soziolinguistikoa oso modu ezberdinean jasotzen dutela, maiz, pertsona ezberdinek. Gogoan dugu Iruñeko Unibertsitate Publikoan duela zenbait urte egindako mahai-inguru batean ikusitakoa: hizlarien artean leitzar gazte eta ezagun bat ari zen. Hark esandakoaren arabera, Leitzan gazteen arteko harremana euskaraz gauzatzen zen, normaltasun osoz eta ia erabat. Entzuleek hori gordeko zuten gogoan, publikoan zegoen beste gazte leitzar batek oso bestelako deskribapena egin ez balu. Alegia, Leitzako gazteen artean erdara asko egiten zela azaldu ez balu, eta hainbat koadrila ia erabat erdaraz aritzen zirela kontatu ez balu. Leitzako errealitatea, ezinbestean, bat eta bakarra da, baina hura hautemateko erak, abiapuntuak, jarrerak, iragazkiak... askotarikoak dira. Pertzepzio eta intuizio horiek, beraz, kontuan hartzekoak dira, baina baita erlatibizatu beharrekoak ere. Datu "objektiboagoen" lagungarri izan litezke, akaso, eta hainbat fenomeno edo gertakari ulertzen laguntzeko osagarri, baina oso subjektiboak direla ahaztu gabe. > > Horien ondoan, nolanahi ere, baditugu datu objektiboagoak, errealagoak eta akaso neurgarriagoak. Ohikoak, alde batetik, (erroldako datuak, kale neurketak, euskaltegiko matrikulazio datuak, errotulazioan edo publizitatean egindako neurketak...), eta ez-ohikotzat jo genitzakeenak, bestetik. Azken horietako batzuei erreparatuko diegu. Adierazle estandarrak ez izateak, eta agian anekdota kutsua izateak ere, beste herri edo eskualde batzuekin alderatzeko indarra kenduko die agian, eta horrenbestez ez dira erabilgarri edo erreferentzial izanen beste inorentzat; baina hizkuntzaren bizitasunaren eta normalizazioaren adierazgarri esanguratsuak direla esanen nuke, eta horregatik ekarriko ditugu hona. Lurralde geografiko eta sozial jakin baten hizkuntza-normalizazioren maila deskribatzeko garaian irudi indartsuak ere baliagarri dira, estatistika eta ehunekoen ondoan. Aipa ditzagun, gehiago luzatu gabe: > > - 2005. urtean Leitzan herri galdeketa bat egin zen, enpresa batek herrian egin nahi zuen harrobi baten inguruan. Galdeketa baino lehen, ohi den moduan, kanpaina egin zen, eta gaiaren inguruko bi jarrera nagusiak lehiatu ziren herritarren iritzia irabazi nahian. Lehia horretan erabilitako hizkuntza euskara izan zen. Hori ez da harritzekoa harrobiaren aurkako herri mugimenduan, leitzarrek osatua baitzen eta hemengo dinamika soziala nagusiki euskaraz garatzen delako. Deigarriagoa da, ordea, harrobia kudeatuko lukeen enpresak harrobiaren aldeko mezua biltzen zuen foiletoa eta DVDa euskara hutsez banatzea. Enpresa ez zen Leitzakoa, eta ez zen euskaraz lan egiten duen enpresa bakan horietakoa. Bere interesa, enpresa bat zen neurrian normala den bezala, enpresariala eta ekonomikoa zen. Eta bere mezua euskaraz zabaltzea erabaki zuen, euskara hutsez gainera. Alegia, enpresa horrek egindako azterketan, ustez helburu euskaltzale edo ideologikoen zipriztinik gabeko azterketan, ikusi zuen leitzarrak haien aldera ekartzeko komeni zela mezua -ahoz nahiz idatziz- euskaraz zabaltzea. Seinale, dudarik ez dena, enpresa horren begietan euskara dela leitzarren hizkuntza nagusia eta haien gogoan eragiten gehien lagunduko liekeena. Herri galdeketa galdu egin zuten, baina ezinen diogu hori euskararen erabilerari leporatu, irabazi zutenak ere euskara hutsez jardun baitziren. Azpimarratu nahi duguna da, hain zuzen ere, herrian eragin nahi izan duen kanpoko eragile batek baloratu duela komunikaziorako hizkuntza beharrezkoa euskara dela. > > - Leitzan azken aldiko etorkinen iritsiera beste hainbat herritan baino geroxeago gertatu da, eta hasieran nahikoa mugatua izan da. Bizkorragoa da orain, eta badago etorkin talde esanguratsu bat gaur egun. Horien seme-alabak, gehienak bederen, bertako eskolan ari dira, eta euskaldunak dira. Euskaraz jakiteak, jakina, ez du esan nahi euskaraz eginen dutenik, are gutxiago beren arteko harremanetan. Erdaraz ari ohi dira normalean, eta are gehiago herrira iritsi berri diren haurrekin. Euskarak, ordea, aurkitu ditu eta aurkituko ditu ziur asko zirrikituak harreman horietan, eta anekdota hutsa eta txikikeria izan arren horren adibide dena aipatuko dugu: bi ume ditugu, 12-14 urte bitartekoak. Guraso ekuadortarrak dituzte, eta bien lehen hizkuntza gaztelania da, baita haien arteko harreman-hizkuntza ere. Bat aspaldi bizi da hemen, eta bestea etorri berria da. Bizikletaz doaz biak herriko estarta batean barrena, eta hala esan dio batek ("zaharrak") besteari: "ahora tenemos que subir esa <i>aldapa</i>". Txikikeria bai, detailea besterik ez, baina esanguratsua gure ustez. Euskarak indarra dauka Leitzan, bizitasuna, etorkinen seme-alaben erdarazko hizkuntza jardunean tokitxo bat aurkitzerainokoa. Ez gintuzke harrituko ume horien euskarazko jardunean erdarazko hitzak aditzeak. Ezta bertako gurasoak dituzten haur euskaldunen erdarazko jardunean "aldapa" eta gisakoak aditzea. Baina deigarriagoa gertatzen da, gure ustez bederen, etorkinen seme-alaben erdarazko diskurtsoan euskarazko hitzak aurkitzea. Ez zaie hori gertatuko tipologia bereko Iruñeko haurrei (eskolako hitza jakin batzuekin ez bada, behintzat), ezta Donostiakoei ere ziur asko. Euskarak oso bizitasun handia behar duelakoan gaude, horrelakoak gertatuko badira. > > - Hurrengo detailea ere etorkinen mundutik datorkigu: ama argeliarra alabaren bila joan da ludotekara. Neska, 5 urtekoa, euskalduna da, bertako eskolan euskara eta euskaraz ikasia. Ludotekatik atera da eta arratsaldean egindakoaren berri amari ematen hasi zaio. Gaztelaniaz? Ez. Arabieraz? Ez. Euskaraz! Esaldi pare bat egin eta ondoren erdaraz hasi zaio amari, baina hasieran, modurik naturalenean, euskara atera zaio ezpainetatik, baita bere ama arabieradunarekin ere. Euskara, guraso argeliar eta erdaldunak dituen Nur-entzat, hizkuntza naturala da, bere gogoan instalatuta dagoena. Eskolako eta ludotekako bere lagunekin erabiltzen duen hizkuntza da, ohikoa, naturala, behartu gabea, informala... eta espontaneoki ateratzen zaiona. Euskalduna da jakitez, erabileraz, eta baita gogoz ere. > > > **12. Haurrak ari** > > > Leitzako 5 urteko haurrek ez dute hizkuntza kontzientziarik. Hizkuntzaren inguruko jarrera kontziente, arrazoitu eta esplizituaz ari gara. Hizkuntzak egon badaudela ohartzen dira, jakina, eta agian nolabaiteko gogoeta ere egin egiten dute horren inguruan. Baina, oro har behintzat, ez genuke esanen hizkuntza jakin baten edo hizkuntza-aldaera edo erregistro jakin baten aldeko jarrera "ideologikoa" edo kontzientea, edo aldekotasun esplizitua dutenik. > > Badakite, ordea, erregistroak praktikan bereizten, eta egin egiten dute. Esate baterako, beren jolasetan. Behin baino gehiagotan ikusi dugu haien joko sinbolikoetan, konparaziora, batuari heltzen diotela. Batua, normalean behintzat, eskolan jaso duten eredua da, eta ez etxean edo inguru hurbilean. Erregistro hori ezagutzen dute, eta beren jolasetako egoera informaletan, egoera jakin batzuk irudikatzen edo antzezten ari direnean, erabili egiten dute. Irakasle papera antzezten ari direnean, esate baterako, baina baita gurasoaren papera irudikatzen ari direnean ere. Guk dakigula, eta ikusi dugunaren arabera, haur horien gurasoek ez diete haurrei batuaz egiten. Batua ez da, beraz, haur horien iruditerian, gurasoen erregistroa. Hala ere, egoera hori antzezteko garaian, zenbaitetan behintzat, batura jotzen dute. Egoera antzezteak nolabaiteko formaltasuna eskatzen dielakoan, akaso. Hala bada, ondorioztatu beharko dugu ongi aski lotzen dutela euskara batua eta nolabaiteko formaltasuna. 5 urte dituzte, eta inork ez die gisako azalpenik eman ziur asko. > > Beste kontu bat, hau ere umeen erabilerarekin lotua. 3 urteko ume bat, hizketan dagoeneko ongi samar moldatzen dena, eta gauza da ergatiboaren erabilera "ez-zuzena" egiteko, are txikiagoa den ume baten plantak egiteko. Ume hori gauza da "nik ez" behar duen tokian, esaterako, "ni ez" esateko, intonazioaren eta ahotsaren doinuaren aldaketa eta aurpegiaren espresioaren aldaketa barne. Marka gramatikal baten erabilera kontziente batez -"maltzurkeria" eta guzti- ari gara, 3 urteko haur baten kasuan. Ez du nahitaez herri euskaldun batean gertatu behar, jakina, baina hemen ohikoagoa izanen dela esatera ausartuko ginateke. > > Umeek erregistroen erabilera kontziente eta esplizitu hori egitea, gure aburuz, hizkuntzaren bizitasunaren adierazle bat da. Umeak hizkuntza jakin batez oso ongi jabetu behar du hizkuntza jakin horren aukerak baliatzeko; hizkuntzaz maila horretan jabetu ahal izateko esposizioak handia izan behar du, eta hizkuntza intentsitate handiz jaso behar du, etengabe, eta iturri askotatik. Hizkuntzan zenbat eta trebeago eta osatuago, orduan eta errazago jostatuko da harekin pertsona, logikoa den moduan. > > > <b>13. ¿Pero éste quién es?</b> > > > <i>2001</i>. urtean ETAK Leitzako zinegotzi bat, Jose Javier Mugika, hil zuen atentatu batean. Biharamunean udalak batzarra egin zuen, eta bertara bertako nahiz kanpoko jendea etorri zen. Alkate eta zinegotziek hitz egin zuten bertan. Zinegotzi bat gaztelaniazko idatzi bat irakurtzen ari zela, atentatua gaitzestera kanpotik etorritako pertsona batek halaxe esan zuen zinegotziarengatik: "¿Pero éste quien es?". Nonbait, gaztelaniaz irakurtzeko zituen zailtasunak ez gustatzen, zinegotzia euskaldun peto-petoa eta erdaraz ez oso trebea izaki, eta purrustada doinuarekin esan zuen aipatutakoa. Ondokoak erantzun zion: "es el compañero de partido de Mugika". Alegia, UPNko zinegotzia. > > Kanpotar horren gogoak nekez irudikatu eta uler zezakeen gisako egoera. UPNko zinegotzi bat, euskaldun peto-petoa, euskaraz gaztelaniaz baino askoz hobeki moldatzen dena? Nola izan liteke? Bada, holaxe zen, eta holaxe da: alderdi konstituzionalista eta espainolzale gogor eta sutsuko kide izanagatik, euskaraz bizi eta euskara zinez barne-hizkuntza duen pertsonarik bada Leitzan, ez gutxi gainera. Nafarroako iparraldeko herri euskaldunetan nahikoa gauza arrunta da, eta Leitzan udalaren osaeran ere isla dauka egoera horrek. Abertzaleari kontraesan ideologiko eta politikoa irudituko zaio seguruenik, nekez eramateko modukoa, baina identitate linguistiko euskalduna eta identitate politiko konstituzionalista eta espainol sutsua -eta baita "prekonstituzionalista" ere- pertsona berarengan elkartzea gerta liteke eta maiz gertatzen da Leitzan. > > > **14. Baserrian** > > > Mendiko bueltatxoa egitera goazela, baserri baten ondotik pasa gara. Inguratzekoan, herriko azkeneko elebakarrak sumatu ditugu. Etxeko zakurrak dira. Ez dute euskaraz egiten, baina euskara ulertzen dute, eta ez beste hizkuntzarik. Horregatik diogu elebakarrak direla. Azkenekoak? Bada, ziur asko bai, adineko elebakar osorik ia ez delako gelditzen, eta haurrak ere hala diren arren, trantsizio alditxo bat besterik ez delako egoera hori. > > Tira, txantxa kutsua izan lezakeen zakurrekikoak alde batera utzita, baserrian ere giza hotsak entzun ditugu. Askotan euskararen azkeneko gotorleku gisa irudikatu den horretan gaztelania entzun dugu, ordea. Euskara ederki gorde da herri euskaldunetako -eta Leitzako, beraz- baserri askotan, baina gaztelania ere aspaldi iritsitakoa da. Etxekoen ezpainetan dabil baserri batzuetan, eta sarbide seguru samarra du guzti-guztietan. Izan ere, telebista, irratia, egunkariak... baserri gehien-gehienetara iritsi dira, normala denez, eta baita interneta eta bestelakoak zenbaitetara. Baserria ez baita garai batean nolabaiteko isolamenduan zegoen bizi- eta lan-lekua. > > Bereziki larria da baserrietan ikus daitekeen egoera linguistikoa? Herriko gainerako etxeen parera etorri izana bereziki esanguratsua da? Ez zait iruditzen. Garai batean eman zitzaion balio sinbolikoa eta gotorleku izaera hori galdu du akaso, eta horrek nolabaiteko efektu psikologikoa izan lezake zenbaitengan. Baina gaur egun, Leitza bezalako herri batean, hizkuntzari dagokionez ez zait iruditzen baserriari funtzio edo egiteko berezirik eman dakiokeenik. Ahozko tradizioaren bilketan eta garai bateko euskara biziaren lekukotasunak jasotzeko oso emankorra izan liteke oraindik ere, eta hor badago oraindik ere zer jasoa, baina, hori ukatu gabe, euskararen berreskurapenean funtzio berezirik ez duela uste dugu. Garrantzitsua da baserrietan euskarari eustea, herriko gainerako biziguneetan garrantzitsua den bezalaxe. > > > **15. Etiketak** > > > Gustatu edo ez gustatu, urkoa identifikatzeko edo sailkatzeko nolabaiteko markak, etiketak, erabiltzen ditugu. Ideologia politikoa, janzkera, zaletasunak... askotariko elementuak erabil ditzakegu norbanakoari etiketa bat jartzeko. Eta etiketa horrek, hori ere gustatu edo ez gustatu, askotan gure jokabidearen eta gure harremanen nondik norakoak baldintzatzen ditu, haiengan eragina dauka. Izan ere, etiketak aurreiritzi sorta batekin lotuta joaten dira askotan. > > Hizkuntzari dagokionez, batez ere denok elkar ezagutzen dugun guneotan, denok izan ohi dugu gure zigilu-etiketa-marka... Batzuetan oso argia da, besteetan ñabarragoa edo ez hain definitua. Baina normalean gure inguruko pertsona bakoitzaren balorazio linguistikoa egina daukagu, kontzientea edo inkontzientea. Eta interakzio linguistikoak balorazio horren baitan gertatzen dira, eta asko markatzen ditu. > > Beren jokabide linguistikoa oso irmoa eta erabakia dutenek oso etiketa indartsua izaten dute, nabarmena, eta normalean beti berdin jokatzen dute, eta aisa eramaten dute bestea beren alorrera. Elebidunez ari gara, noski, erdaldun hutsek aukera bakarra baitaukate, aukera bakarra ematen baitute. Etiketa indartsuko horien artean erdarara nahiz euskarara jotzen dutenak ditugu, baina bai batzuek eta bai besteek sendo eusten diote beren hizkuntza portaera horri. Horien kasuan, etiketa oso markatukoak baina ezberdinekoak aurkitzen direnean sortzen da zalantzazko egoera, egoera horrek sortuko duen gatazka edo tentsio-maila gorabehera. Esanen nuke, nolanahi ere, egoera horretan errazagoa izanen dela euskara gailentzea gaztelania gailentzea baino. Izan ere, jendarteko interakzioen balorazio sozial eta kolektiboan, koherentzia kontuak alde batera utzita, hobeki baloratzen da euskaraz egitea gaztelaniaz egitea baino, eta nekez ikusiko dugu inor "euskararen etiketa" daukan beste bat kosta ahala kosta erdarara eraman nahian. Bi muturretako etiketak elkartzean, nire ustez behintzat, euskarak irabazten du, akaso lehia ez-esplizitu baina kontziente horretan euskarak euskararen aldeko jarrera kolektiboaren babesa daukalako. > > Jende askok, berriz, joera bat edo bestea nagusi badu ere, solaskidearekiko moldatzeko nolabaiteko malgutasuna eta prestutasuna agertzen du. Euskararako joera duen askok, erdarazko etiketa indartsua daukanarekin, amore ematen du. Erdarazko joera dutenek gauza bera egiten dute maiz, baina alderantziz. > > Eta egoera askotan negoziazio moduko bat gertatzen da, nahiz eta esplizitua ez izan. Batez ere bi pertsona baino gehiago daudenean, etiketa edo joera ezberdinekoak. Hizketan hasi baino lehenago ez da erabili beharreko hizkuntza adosten, ez dago erabaki espliziturik, baina ziur asko hiztun guztiek egin dute egoera jakin horren nolabaiteko balorazioa, eta gauzak nondik joanen diren asmatzeko nolabaiteko aurreikuspena. Eta ez dut uste balorazio eta aurreikuspen horrek erabat kontzientea izan behar duenik. Negoziazioa, norberak erabiltzen duen hizkuntza hautatzean gertatzen da, solaskideen araberakoa izanen baita. Gerta liteke lehen hitza hartzen duenak bidea markatzea, gerta liteke "atariko" moduko batzuk egotea, baita bi hizkuntzak erabilita besteari atea irekita uztea ere, edo indarrak neurtzea... > > Eman lezake elkarrizketa arrunt baterako gehiegizko tentsioa edo buruhauste gehiegi sortzen direla. Baina baliteke hiztunak tentsio hori hain era dramatikoan eta deserosoan ez bizitzea, eta harreman pertsonalek eragiten dituzten bestelako zailtasun batzuekin batera erabat asumitua izatea. > > Ez dugu ukatuko, nolanahi ere, zenbaitetan egoera horiek deserosoak direla eta hala sentitzen direla. Adibide bat: erdaraz aritzeko erabateko ohitura duten bi pertsona ari dira, ondora etorri zaie euskaraz egiteko ohitura erabatekoa duena, eta euskaraz hasi dira. Baina hasierako bikoteko kideengan deserosotasuna sumatzen da. Sentsazio hori areagotu egiten da euskarazko joera duena euskalgintzako militante, edo euskaltzaletasunaren nolabaiteko erreferente edo irudia baldin bada. Hasierako elkarrizketako kideei erdaraz eginda nolabaiteko erruduntasun-konplexua edo sentsazioa sortzen zaie, baina euskaraz eginda naturaltasun falta edo egoera behartuaren sentsazioa ere bizi dute. Gerta liteke, hizkuntza dela eta, egoera deserosoa bihurtzea presente dauden guztientzat, eta denontzako irtenbide eroso eta betegarririk ez egotea. > > Herri euskaldun bateko eguneroko bizitzan gisako une eta egoera asko daude. Hizkuntza harremanen sarea konplexua da, konbinazio asko egon litezke. Aldebiko harreman gehienetan arauak finkatuta daude normalean, eta ez dago aldiro erabaki beharrik, baita koadrilakoetan ere adibidez, baina eguneroko bizitzan sortzen diren beste egoera askotan ez hainbeste, eta egoerak kudeatu beharra dakar askotan. > > > **16. Herrigintzako kideen profil euskaltzaleaz** > > > Kontzeptua erabiliko dugun arren, herrigintzaren definizio zehatzik ez dugu emanen. Herriko bizitza sozialean eta publikoan parte hartzen ari den jendeaz ariko gara, batez ere bizitza sozial horretan eragiten duten ekintzak, ekimenak, jarduerak eta bestelakoak antolatzen ari den jendea gogoan izanda. Izan liteke euskalgintzako jendea, edo jubilatuen elkartekoak, gaztetxeko kideak, indar politikoetako militanteak, guraso elkartekoak, zinegotziak, kultur taldekoak, kirol elkarteetakoak, ikastaroak antolatzen dituztenak... > > Esparru eta giza multzo zabalaz ari gara, beraz, eta hor denetik aurkituko dugu, ezinbestean. Ausartuko ginateke esatera, hala ere, horietan denetan parte hartzen duen jendearen profila, orokorrean, euskaltzalea dela. Are gehiago, herritarren batez besteko profil euskaltzalea baino altuagoa dela herrigintzan ari diren horiena. Ez dugu datu zehatzik, inpresio bat baizik ez da. > > Hori hala balitz, azalpena ere izanen luke noski. Alde batetik, profil hori, nolabait esateko, derrigorrezkoa izan liteke zenbaiten kasuetan. Alegia, herriko bizitza soziala euskaraz garatzen dela bistakoa da Leitzan. Antolatzen diren gauza gehienak euskaraz egiten dira, eta hor idatzi gabeko nolabaiteko araua dago. Arau horrekin bat egiten ez duenak, akaso, bere burua nahikoa mugatua ikusiko du parte hartzeko garaian. "Nik nahi ez dudan arren, euskaraz antolatu eta egin beharko ditut gauzak". Horren aurrean, eta deseroso sentitzeko arriskuaren aurrean, agian batzuek nahiagoko dute parte ez hartzea. Parte hartzen dutenek, oro har, idatzi gabeko arau hori ontzat jotzen dutenak izanen dira. > > Bestalde, herrigintzan parte hartzen duen jendearen profilak, normalean, aldarrikapen kolektiboekin bat egitea biltzen du bere baitan. Izaera soziala, kolektiboarekiko kezka, besteen eskakizunekiko elkartasuna... horiek denak nahikoa bateragarriak dira -akaso banaezinak- herrigintzan eta "herriaren alde" egiten duen pertsonaren izaerarekin. Eta euskararena aldarrikapen kolektiboa da Leitzan, euskararen aldeko jarrera orokorra egon badago, euskararen inguruko eskakizun zehatzak ere bai. Logikoa dirudi herrigintzarako profila duenak, euskara bere lehentasuna izan gabe ere, gutxienez euskaltzaleekiko enpatia eta elkartasuna sentitzea, eta euskaltzaletasun berezko edo elkartasunezko hori bere lanean islatzea. > > > **17. Azken hitza** > > > Euskararen egoeraren argiak eta ilunak gorabehera, esan genezake Leitzan euskara dela hizkuntza nagusia. Hizkuntza nagusia da, besteak beste, nagusi delako herritarren ahozko jardunean, gogoan, aldekotasunean, dinamika eta bizitza sozialean, eta abarretan. Ez da hizkuntza nagusia, jakina, esparru sozial guztietan. Erdarak baditu bere espazio ia esklusiboak: telebista-kateak, aldizkariak, estatuko administrazioa; eta beste zenbait espazio partekatu egiten dituzte, gehiago edo gutxiago. > > Baina euskararen arkitektura, esanen nuke, baita Leitza bezalako herri euskaldun batean ere, erdararena baino ahulagoa da. Euskarazko produkzioak, jardunak, bizitzak... erdarazkoak baino zimendu eta egitura ahulagoa daukala iruditzen zaigu. Zaharragoa da bertan, baina higatuagoa dago. Euskarak eta euskararen erabilerak atzean duen oinarria, euskarria... ez dira erdararenak bezain egonkorrak, edo, begirada herritik pixka bat altxatuz gero, erdarak dituen babesa eta bitartekoak handiagoak dira. Errazago egin dezake atzera euskarak erdarak baino. > > Herri euskaldunak inguruarekin estu lotutako guneak eta espazioak dira: errepideak, pertsonak, hedabideak, internet, lana, ikasketak, aisia... Loturok, gainera, egun inoiz baino indartsuagoak eta azkarragoak dira. Horren aurrean, ezin ukatu lotura horiek hizkuntzarentzat erabat suntsigarriak gerta ez daitezen sortu diren bitartekoak eta defentsa-mekanismo praktiko nahiz psikologikoak ere inoiz baino indartsuagoak direla. Borroka eta lehia bat dago hor, baina gako nagusiak eta arrakastaren giltzak ez daude, neurri handi batean behintzat, herri euskaldunetan, beste nonbait kokatuta dauden zenbait botere-guneetan baizik, boterea oso era zabalean ulertuta. > > Hizkuntzaren etorkizuna eta patua herritik kanpo lekutzen al du horrek? Ez erabat, gure iritziz. Herriak berak, Leitzak gure kasuan, badu zer esana eta zer egina euskarak bertan etorkizuna izanen badu. Badirudi Leitzako herria, edo herritarrak hobeki esanda, itxura batean behintzat bertatik egin daitekeena egiteko prest daudela. > > Eta borondate hori, hain zuzen ere, hizkuntza bizipenekin lotuta dagoelako gertatzen dela uste dugu. Euskararen inguruko bizipenak indartsuak dira Leitzan, eta denak positiboak ez diren arren, horiek gailentzen direla esanen genuke. Bizipen horiek, eta bizipenak era positiboan barneratzeak, ematen dio Leitzan euskarari daukan indarra. > > Esandako horren zenbait alderdi irudi batzuetan jasotzen saiatu gara. Leitzari arretaz erreparatuz gero, herri euskaldunen iraganeko eta etorkizuneko argazkiak, biak batera, atera daitezkeela iruditzen zaigu. Garai bateko herri euskaldunen argazkia atera liteke Leitzan, dagoeneko ia ihes egin digun bizitzeko molde eta ohitura batzuen irudiak oraindik ere ikus daitezkeelako. Eta etorkizunerako argazkia ere antzeman genezake, testuinguru modernoago batean herri euskaldun bat nolatsukoa izan litekeen imajina baitezakegu Leitzako eguneroko bizitzako zenbait une eta guneetan. > > > <br> > **(DABID ANAUT PEÑA euskara teknikaria da)**
Galdera garrantzitsua, spammerren kontra
Zenbat dira hiru gehi lau? (zenbakiz idatzi)
Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com