Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Juri Vladimirovitx Zytsar-i, in memoriam

Juri Vladimirovitx Zytsar-i, in memoriam

2010-02-26 / 08:45 / Xabier Kintana   BESTELAKOAK

Euskaltzaindiak ageriko bilkura egin zuen Donostian 2010eko urtarrilaren 29an, Gipuzkoako Foru Aldundian, 2009. urtean hil ziren euskaltzainak omentzeko. Bilkura hartan Xabier Kintanak aurkeztu zuen Juri Zytsar-en hilberri txostena irakur dezakezue hemen.

Euskaltzainok, agintariok, jaun-andreok, agur guztioi. Euskararen ezaugarriak aski bitxi eta harrigarriak badira ere(1), gauza jakina da gure hizkuntzak hedadura txikia eta hiztun kopuru urria daukala. Egoera hori kontuan harturik, ez dira asko izan, zoritxarrez, gure mintzairaz arduratu diren ikertzaile arrotzak. Alde batetik, hori espero izatekoa zen, hurbiltasun eta urruntasun geografikoak bere eragina izaten duelako. Gogoan izan, adibidez, XIX. mendearen hasieratik batik bat, ezagunak izan ditugula frantses, espainol, aleman, nederlandar, ingeles eta italiar ikertzaileen izenak, eta lehenago ere beste zenbaitzuk interesatu izan direla gutaz. Halere, urriagoak gertatu dira ekialdeko herrietako euskalariak, segur asko distantziagatik eta, oraintsu arte, elkarrekiko harremanak izateko zailtasunagatik. Horrexegatik, besterik ez balitz ere, berezikiago eskertu beharko genieke atzerritar ikertzaile horiei erakutsi diguten abegi ona eta gure alde egindako lana. Are gehiago, gainera, bertoko seme-alaba izateaz ahoz eta aldizka harrotzen diren batzuek egunero beren eginekin gure herriari egiten dioten gutxiespen eta mesprezio iraingarria betaurrean izanda. Beraz, eskerbidean abiatuta, gaurko ekitaldi honek aspaldiko zorra aitortu eta nolabait kitatzeko aukera emanen dit.

Juri Vl. Zytsar errusiar euskalaria 1928. urtean jaio zen Siberian, Volga ibaiaren ondoan, Kuibyxev zeritzon hirian, antzinako -eta berriz ere oraingo- Samara-n(2). Lehen ikasketak bere auzo-eskolan egin zituen. Umea zenean, auzokide batzuek hala eskaturik, bere herriko taberna batean prentsako berriak irakurtzen zizkien. Orduan errusiar asko irrikan egoten ziren Espainiako gerra zibilaren nondik norakoak jakiteko, sobietar gobernuak Espainiar Errepublikako "Frente Popular"-ari eskaintzen zion laguntzagatik. Izan ere, ordura arte Sobietena zen munduko estatu sozialista bakarra, eta esperantza handiarekin begiratzen zioten Espainiari, hura laster bigarren estatu sozialista bilakatuko zelakoan.

Errusiako langile haiek Juri txikiari, prentsaren esanak irakurtzeko ez eze, interpretatzeko ere eskatzen zioten, eta, bere urte gutxietako jakite-urriagatik, besterik ezin erantzun zienean, haiek haurrari besoetatik heldu eta urduritasun-haserrez astintzen omen zuten gaixoa. Maiz, tabernako zurezko mahai ilunen gainean vodka tantak isuri eta hatz bustiekin lerroak marrazten aritzen ziren. Horrela, herriko jende xehe haiek, goi mailako estrategak balira bezala, nolabaiteko mapak zirriborratzen zituzten, gainean errepublikarren eta faxisten tropa-lerroen irudimenezko kokaguneak ezartzeko. Gizon haiek gerraren bilakabide eta ustezko amaieraz zerabiltzaten eztabaida sutsuen lekuko hurbil eta isila izaten zen Zytsar gaztetxoa, eta giro horretan entzun omen zuen lehen aldiz euskaldunen izena, borrokaideen artean.

Gerrako kontuoz gainera, beste behin ere izan zuen Zytsar umeak Iberiar Penintsulako gauzen berri. Dirudienez, goiz batean, jendea etxetik irtetean hiri osoan halako lurrin atsegin eta berezia usnatzen hasi zen, Jurik bederen orduraino inoiz sentitu gabea. Haur guztiak, instintuz, usain haren iturriaren bila abiatu ziren lasterka, ongi baitzekiten gauza berri eta on gehienak bezala, horrek ere trenbidetik heldu beharko zuela. Bai eta bete-betean igarri ere: hantxe ari ziren langileak bagoietatik kutxa batzuk deskargatzen, laranjaz beteak. Siberiako eskualde eta garai hartan behintzat, zitrikoak oso bakanak izaten ziren oraindik, eta askorentzat zeharo ezezagunak ere bai. Eta, halere hantxe ziren, beren fruta-usain gozoaz Kuibyxev osoa blaitzen, seguraski paradisua izan zitekeen nonbaitetik iritsiak. "Orduantxe ikusi nituen, lehen aldiz, latin-alfabetoaz idatziriko hitz batzuk, kaxen etiketetan jarriak" aitortu zidan Jurik behin, Georgiako hiriburuan, Tbilisin, elkarrekin paseatzen genbiltzanean.

Juri Zytsarrek gaztetandik erakutsi zuen hizkuntzak ikasi eta ikertzeko zaletasuna, eta, bere jatorrizko mintzairaz gainera, frantsesa, alemana, espainiera eta ingelesa bereganatu zituen aski laster. Geroago, hizkuntza klasikoak ere bai: latina eta greziera alegia. Bere irakasleen artean, Vladimir Fiodorovitx Xixmariov akademikoa eta Georgii Vladimirovitx Stepanov irakasle hispanista euskaltzaleak izan zituen. Horien gomendioari jarraituz, euskaraz ere interesatu zen eta gure hizkuntzari buruz idatzi zuen, hain zuzen, bere tesia, 1955ean Leningraden aurkeztu zuena. Geroago Nina Alexandrovna andrearekin ezkondu eta bere jaioterriko institutu bateko zuzendaria izan zen zenbait urtetan.

Euskaldunekiko harremanak lantzeko aukera Moskun ukan zuen Zytsarrek, bertan bizi zen eibartar bati esker, hura, Espainiako gerra zibila amaitzean, Euskal Herriko beste komunista batzuk bezala, Sobietar Batasunera babes bila joana zen eta. Horrexekin izan zituen euskara biziarekiko lehenengo harremanak Juri gureak. Horrelako komunista atzerriratu horien arteko giroan ibili eta hantxe ezagutu zuen Dolores Ibarruri, Pasionaria, eta berorrek ez zion inoiz ezkutatu sentitzen zuen euskaltzaletasun beroa(3). Zytsarrek ere beti erakusten zizkidan andre horrengana zeuzkan estimu eta mirespen zintzoak.

Juri Zytsar, bere ohiko irakasle-lanaz gainera, Errusiako gobernuak eskaturiko zeregin berezietan ere ibili zen, itzultzaile moduan, adibidez. Behin Nazio Batuen bilera batean jardun beharra izan zuen. Antza denez, tentsio handiko arazoa eztabaidatzen zen han, eta berari zegokion ingeles-errusiera arteko interprete-lana egitea. Lan horretan luzaro ibili eta gero, itzultzaile-kabinatik irten ondoren, berarekin hara joandako lagunek ea gaia eta eztabaidak zeri buruz izanak ziren galdetu omen zioten. Jurik honela ihardetsi omen zien: "Zer dakit nik ba! Nola nahi duzue, besteek diotena entzuten eta itzultzen nabilela, batera, nik esaten dudanaz ere konturatzea? Itzultzea bera ere asko eta sobera izan dut!". Une horietan, antza, automata hutsa bilakatzen zen, zioena ere ulertu gabe.

Misio sakonagoa baina, Asian bete behar izan zuen. Gauza jakina da Estatu Batuek Viet Namen aurka egindako eraso-gerran, Sobietar Batasunak hango gobernu sozialistari laguntza ugaria bidaltzen ziola, industria- eta nekazaritzarako makineria, tresna eta ekipoetan batez ere. Dena den, material horiek muntatu eta erabiltzeko azalpen gehienak errusiera hutsean zeuden, eta horrek eragozpen ez gutxi sorrarazten zizkien vietnamdarrei. Hori dela eta, makinen atalen funtzioa oker ulertu eta piezak elkarrekin gaizki lotzen zituztelako, Jurik kontatzen zidanez, egunero matxura ugari gertatzen omen ziren, eta kasu batzuetan bidaliriko tresnen ehuneko laurogeiak alferrik hondatzen zitzaizkien. Hori konpontzeko, sobietar gobernuak Viet Namera errusiar irakasle batzuk igortzea erabaki zuen, bertakoei errusiera behar den bezala irakats ziezaieten.

Agintariek Juri Zytsar hautatu zuten lan horretarako, eta urte batzuk eman zituen han, errusiera-irakasle. Viet Namerainoko bidaia trenez egin zuen. Lehenik Siberia zeharkatu zuten mendebaldetik ekialdera, eta, geroago, Txina ere bai, iparretik hegoraino. Juriren hitzetan: "Gure trena Txinan sartu zenean ordura arte errusierazko irratiekin genuen kontaktua galdu eta txinerazko programak eta musika besterik ez genuen jasotzen. Oso aspergarria zen hura. Lehen inpresioan katu miaolariak entzuten ari ginela pentsatzen genuen, eta horrela, deus ulertu ezinik, egun batzuk pasatu ziren, zelai monotonoetan zehar. Goiz batean baina, eguzkia irten eta leihotik begiratzean, bat-batean dena aldatu zen, eta gure begien aurrean mendi makur eta paisaia harrigarriak ikusten hasi ginen, txinatar pinturetan ageri ohi direnak bezalakoak. Orduan, Txinako musika, ordura arte zentzugabeko miaokaden irudikoa, supituki konprenitu nuen, paisaia bera harekin kidetasun osoan zegoelako. Inpresio zirarragarria izan zen; ulertzeko, benetan bizi beharrekoa".

Helburura ailegatzean, bertako gobernuak eskaini zizkieten etxeetan egokitu eta berehala hasi ziren maisu-lanean. Hasieran ez zitzaien Juriri eta haren emazteari erraza gertatu Viet Nameko ohitura eta bizimodura moldatzea. Batez ere harategietan pitoiak eta antzeko sugetzarrak, jateko, nola larrutzen zituzten ikusi ondoren, bizirik oraino. Bestetik, harrera aski hotza egiten omen zieten vietnamdarrek sobietarrei. Geroago baina, elkar ezagutu eta bertako hizkuntza ikasi ahala, adiskide minak bilakatuz joan ziren.

Anekdota moduan, behin merkatuan fruitu handi eta urtsu bat erosi zuen Zytsarrek, eskolan jateko. Erdia jan eta beste erdia biharamunean amaitzeko asmoz utzi omen zuen. Hurrengo egunean baina, horren bila joan zenean, fruituaren arrastorik ez. Behin eta berriro gauza bera gertatu zitzaion, baina ezin zuten asmatu lapurra nor zen. Azkenean misterioa argitu zen. Eskola garbitzen zuen andreari galdetzean, baietz, bera izan zela aitortu zion kortesia handiz. Dirudienez, fruitu hura, behin ireki eta hasiz gero, berehala jan ezean, egun batetik bestera toxiko bihurtzen zen, eta Juriri ezer gertatu baino lehen, andre hark fruitua bildu eta zaramara jaurtitzen zuen. Noski, interesatuari, bere ezjakintasunagatik lotsa ez zedin, deus esan gabe.

Inoiz Hego Viet Nameko soldadu boluntarioak kalean gelditu eta berekin hizketan hasten ziren, beren emazte, seme-alaba eta senideen argazkiak erakutsi eta haiekin egon gabe zenbat denbora zeramaten kontatzeko. Maiz Ho Chi Minh-en hitzaldiak entzutera ere joaten zen. Jurik bere harridura adierazten zidan buruzagi txiki baina egoskor hark zeukan pazientzia amaigabeagatik, ongi baino hobeki baitzekien entzuleen galderak, argitasun-eskeak eta kritikak eroapenez jaso eta guztiei banan-banan erantzuten. "Sarritan ordu asko ematen zituen Ho Chi Minh-ek bere argudioak eta arrazoiak azaltzen, entzule zituen boluntarioak konbentzitu arte, baina behin hori lortu ondoren, soldadu haiek geldiezineko borroka-makina bilakatzen ziren. Horrela irabazi zuten gerra vietnamdarrek, amerikarren nagusitasun tekniko eta militarra gorabehera" ziostan Zytsarrek mirespenez.

Juri Zytsarren Viet Namgo ikasleek talde berezi-berezia osatzen omen zuten. Alde batetik, errusiera nahikoa zekitenak zeuden, eta horiek ikasgelako idazmahaien lehen lerroan esertzen ziren. Horien atzean errusiera gutxiago zekitenak. Errusierarik ezertxo ez zekitenak zetozen hurrengo. Hor, ohiko vietnamdarrez gainera, ikasle batzuk Frantzian legionario ibiliriko europarrak ziren. Horiek Viet Namgo askatasunerako gerran, 1954ko martxoaren 7an, Nguyen Giap generalak Dien Bien Fu-ko borrokaldian atxilotuak ziren, gehienak frantses, aleman eta italiarrak.

"Asiarren pentsaera oso berezia da -esaten zidan Jurik harriduraz-. Beren herria inbaditu zieten mertzenario eraile haiek preso hartu eta berehala fusilatu beharrean, -zalantza eta gupidarik gabe errusiarrok egingo genukeenez- vietnamdarrek oso bestela jokatzen zuten". Gerra zela eta, garai hartan Viet Namen soldadu asko hil eta andre alargun ugari zegoen. Legionario preso haiek, oro har, gizon gazte eta sendoak ziren. Hortaz, vietnamdar gobernuak aukera ematen zien: berehala fusilatzea ala emakume alargun haiekin ezkontzea. Batek ere ez omen zuen pelotoiaren aurrean pausatzea aukeratu. Edonola ere, ikasle aski basatiak ziren legionarioak, eta Zytsar irakasleak, gizon garai eta sendoa bera, haien arteko borrokak maiz baketu behar izaten zituen... ukabilka!

Azkenik, ikasgelaren atzerengo aldean, Viet Nameko leku urrun eta menditsuetako etnietako kideak kokatzen ziren, ez errusiera ez eta vietnamiera askorik ere zekitenak. Eta, irakasteko, maisuak honela jokatzen zuen: Juri Zytsarrek lehen ilarakoei eguneko gaia errusieraz, frantsesez eta alemanez azaltzen zien. Horiek, irakasleak esandakoa atzeko lerrokoei vietnameraz itzultzen zieten. Beroriek, atzeragokoei bertako beste hizkuntza batez, eta horrela segi, irakaspena azkenenganaino heldu arte. Juri gizaixoak aitortu zidan, behin eta berriro egin behar izaten zituela kontrolak, lehen lerrokoek entzundakoa azkenengana benetan nola heltzen zen jakiteko. Horregatik, noski, maiz beharrezkoa izaten zen gaizki ulertuak zuzendu eta dena behetik gora berriro hastea.

Vietnamgo egotaldian, Zytsar pozik gelditu zen lorturiko ondorioekin, ikasleek errusiera maila aski ona lortu zuten eta. Berak ere ez zuen aukera hura galdu vietnamera neurri bateraino ikasteko, eta horrek ondo lagundu zion hizkuntza tipo ezberdinez zeukan esperientzia handitzera. Geroago, bertan egindako lan bikainaren esker onez, Vietnamgo Zientzien Akademiak ohorezko kide izendatu zuen Juri Zytsar.

Euskaraz sakontzeko gogoak Koldo Mitxelenarekin postaz harremanak izatera bultzatu zuen, eta beren artean luzaroko gutuneria trukatu eta tratu emankorrak izan zituzten, batez ere 1968tik aurrera. Gauza jakina denez, garai hartan Mitxelenak errusiera ikasten ziharduen eta Jurik, errenteriarrak inoiz bere lanetan zeharka aitortzen zuenez, zalantzak argitzen omen zizkion. Harreman horien ondorio dira, bestalde, Juri Zytsarrek Fontes Linguae Vasconum-en eta Euskera-n argitaratu zituen artikulu batzuk, euskararen eta kaukasiar hizkuntza batzuen ustezko kidetasunez.

Euskararengana zeukan interesa ikusita, Arnold Txikobavak, georgiar akademiko eta hizkuntzalari ospetsuak, Tbilisiko Unibertsitatera joatea proposatu zion. Jurik eskaintza horri ongi iritzi zion eta, bere emazte Nina eta beren bi semeekin, Vladimir eta Alexei-rekin, Georgiara joan eta bertan jardun zuen ia hogei urtez linguistika eta euskara irakasten, euskal ikasketak sendotuz. Garai hartan Georgiako Sobietar Errepublikako Hizkuntza Akademiak bazeukan euskara ikertzen hasteko asmoa, eta, helburu horrekin, J. Zytsar Errusiatik Georgiara irakasle eramateaz gainera, Euskal Herriko beste norbait ere haraxe gonbidatzeko gogoa zegoen.

Hori dela eta, 1977. urtean, uztailaren 11-12an Georgiatik ordezkaritza bat bidali zuten Euskal Herrira, Xota Dzidziguri akademikoak eta Ilia Tabagua historialariak osatua, gobernu zentralaren gainbegiratzaile batekin batera(4). Bilbora heldu eta, Luis Villasante euskaltzainburua ikusteko, Jose Antonio Arana Martija euskaltzaina eta biok Arantzazura joan ginen sovietarrekin. Han batera bazkaldu eta luzaro elkarrizketan izan ginen, geure artean aita Lasa frantziskotarra genuela. Arantzazuk harriturik utzi zituen bisitari sobietarrak, paisaiaren edertasunaz gainera eliz arkitekturaz zituzten ideia tradizional guztiak hausten zizkielako.

Hurrengo urteko maiatzean Tbilisira neu joan nintzen, Georgiako Zientzien Akademiak gonbidaturik, georgiera ikastera. Hantxe ezagutu nuen Juri Zytsar irakaslea. Gogoan dut, Greta Txantladze andre euskaltzaleak aurkeztu zidala bera. Jurik Tbilisiko Unibertsitatean, Filologia Fakultatean irakasten zuen. Kartveliar Filologiako georgiar eta abkhaziar ikasle asko zituen eta euskara ikasteko gogo handia zeukaten, gure hizkuntzak tipologian georgierarekin daukan antz nabariagatik. Juri irakasle ona zen, ikasleei beti aurrera segitzeko eta azterbide berriak irakasteko gertu.

Gorpuzkeraz gizon luze eta handia zen Juri, begi urdin argikoa, eta itxuraz behintzat, isil eta serioa. Georgiar ikasle batzuen ustez, izaera "errusiarregia" zeukan, kartveliarren nortasun hegoaldetar eta kanporakoiagoarekiko kontrastean. Gainera, haren deitura Errusian ez zela ohikoa ikusita, zenbaitzuek jatorriz judua izan zitekeela susmatzen zuten(5). Gretaren etxean eta Unibertsitateaz gainera, berarekin elkarrizketa eta ibilaldi ez gutxi egin nuen. Inoiz "Tbilisiko itsasora" ere, hots, Georgiako hiriburuaren ondoko aintzira handira(6), joan ginen elkarrekin igeri egitera, udako beroan. Aukera onak elkar ezagutu eta kontu-kontari jarduteko. Bere jaiolekuagatik eta munduan zehar eginiko ibilaldiei esker hizkuntza gutxi ezagun eta oso interesgarriak ikasteko era izan zuen. Hori dela eta, mintzaira enetzat erabat bitxi batzuen ezaugarrien berri ematen zidan.

Konparaketa mailan, aipatzen zizkidan hizkuntzen urruntasunagatik, Euskal Herritik orduan nekez egin zitezkeen konparazioak azaltzen zituen inoiz, eta etorki genealogiko bera izan ez arren, antzeko tipologiako mintzairak zirelako, etimologia batzuen jatorria argitzeko datu lagungarriak ematen zizkidan. Mesopotamiako hizkuntza batzuk ere ongi aztertuak zituen, sumeriera, adibidez, berorren tipologia eranskari eta ergatibodunak georgiera eta euskararekin izan zitzakeen loturagatik. Arlo batzuetan espezialista oso ona zen Zytsar, hizkuntzen zenbatzeko sistemetan adibidez. Era berean, euskarari buruz anitz galdera egiten zizkidan, bere dudak argitzeko.

Begien bistan zegoen sistema komunistak azken hamarkadetan jarririko horma kultural eta politikoengatik, zientziari zegokionean ere, A. Txikobavaren salaketa eta ahaleginak gora behera, eremu batzuetan hango hizkuntzalaritzak oraindik Niko Marr-en estadialismo famatuaren eraginpean zirauela(7), eta oinarrizko ikuspegi batzuetan ezin gintezkeela bat etorri. Orduan tubalismo usaineko hipotesi batzuek bizirik zeuden oraino (hizkuntza jafetikoak, nostratikoak etab.), mendebaldean inork ere serioski kontuan hartzen ez zituenak.

Edonola ere, kasu batzuetako zalantzak eta eskeptikotasuna gorabehera, solaskide aditu eta atsegina zen Juri, eta, bat ez gentozenean ere, ez zen erraza harekin haserretzea. Itxurazko errusiar hartz malenkoniatsuaren larruaren azpitik arima handiko eta umore oneko pertsona zuhurra azaleratzen zen, inguruko lagunak ulertu eta laguntzeko prest. Esango nuke bera ezagutu eta tratatu dugun guztiok horretan bat etor gintezkeela.

Tbilisiko Unibertsitatean euskarazko eskola batzuk ematera gonbidatu nindutenean Juri bera ere bere ikasleekin etortzen zen, eta galde, ohar eta zehaztasun interesgarriak egiten zituen, egoki bezain interesgarriak.

Hizkuntzalaritzaz ez eze, literaturaz ere kezkaturik zebilen J. Zytsar, batzuetan kezkatuegi, eta sentiberatasun berezia zeukan poesiarako. Hori dela eta, Gabriel Arestiren Nire aitaren etxea irakurtzean hunkiturik geratu zen. Ordu asko eman zituen poema hori errusierara itzultzen eta bere erara "birsortzen". Haren kezka, gainera, bere ikasleengan txertatzen jakin zuen, eta haiek poema bera Kaukasoko beste hizkuntza batzuetara itzuli zuten. Tamara Makharoblidzek, Salome Gabuniak eta Natela Sturuak, adibidez, georgieraz eman zuten. Itzulpen horietako batzuk Javier Oroz Arizkuren nafar irakasleak eginiko antologian argitaratu ziren(8).

1980an Euskaltzaindiak Euskalarien Biltzarrera antolatu eta Juri Zytsar gonbidatu zuen Sobietar Batasunaren ordezkari gisa. Berarekin batera, Xota Dzidziguri, Georgiako Zientzien Akademiako kidea, Salome Gabunia etnografoa eta Natela Sturua hizkuntzalaria etorri ziren.

Hura izan zen Errusiako irakaslea Euskal Herrian izan zen aldi bakarra. Poz handia izan zuen Euskaltzaindiak inbitatuentzat antolatu zuen ibilaldietan gure Herriko eskualdeak bere begiekin ikustean. Gure gastronomia ere asko gustatu zitzaion. Getarian izandako bazkarian, sardinak oliotan dastatzean, honela esan zidan: "Gatzetan, errusiar gustura prestaturik daude: bikainak benetan", eta bertako txakolina ere, ordura arte izenez besterik ezagutzen ez zuena, biziki goraipatu zuen.

Joan den mendearen azken hamarkadan Georgian gerra zibila piztu eta bertako eskualde autonomoetan (Abkhazian eta Osetian) Errusiako gobernuak eskusartze militar nabarmenak izan zituen, georgiar agintearen aurka, aldi berean toki horien kontrola eskuratu eta bertako separatismoa bultzatzeko. Ondorioz, Georgian bizi ziren errusiarrei ingurugiroa laztu zitzaien, eta horietako ez gutxik herri hartatik alde egitea erabaki zuten. Testuinguru nahasi horretan 1990ean, estremista batzuek etxea erre zioten eta bera bere familiarekin Leningradera bizitzera joatea erabaki zuen, hots, hurrengo urtean Sankt Peterburg izena berreskuratuko zuenera. Urte berean, 1991an, berak hainbeste maitaturiko Georgiak independentzia aldarrikatzen zuen.

Behin Sankt Peterburgera helduta, bertako Unibertsitate Teknikoan irakasle aritu zen. Han, besteak beste, euskara irakatsi eta ikasleak euskararen arlora bideratzen zituen, doktorego tesia alor honetan egin zezaten. Lanpostu horretan 1995ean jubilatu arte jardun zuen.

Baltikoko hiri eder horretan Roberto Serrano euskaldun irakaslea ezagutu zuen, gaur geure artean duguna, eta elkarrekin harreman luze eta sakonak izan zituzten. Berorri zor dizkiot, hain zuzen, Juriren bizitzaren azken aldiko datu gehienak, hemendik benetan eskertzen dizkiodanak.

Errusiako eta Georgiako zientzi aldizkariez gainera, Fontes Linguae Vasconum eta Euskaltzaindiaren Euskera aldizkarietan ere artikulu mordoa idatzi zituen. Alde horretatik, behialako sobietar eremuan euskarologia landu, haizatu eta bultzatzeko meritu ukaezina eduki du.

Euskaltzaindiaren agerkari ofizialean, hots, Euskera-n Zytsarren honako artikuluak irakur daitezke, beste aldizkari batzuetan idatzi zituen ugariez gainera:

  • Euskal deklinabidea
  • Escalera de compuestos de tipo mujer-criatura en el vasco
  • Quelques comparaisons kharthvélo-basques du domaine du lexique de l'élevage
  • Reconstrucciones en el dominio del culto a la luna y a las animas (para la etimología del vasco "argizagi")
  • Sobre el pasivo vasco
  • Sobre el rema del vasco
  • Sobre los geminados semánticos de A. Tovar

Euskarari eskainitako interes eta arreta nabarmenengatik, gure Akademiak ohorezko euskaltzain izendatu zuen 1992ko otsailaren 1ean. Era berean, Ukrainako Akademiak ohorezko kide izendatu zuen.

Gogoan gai asko omen zeuzkan aztertu eta idazteko, baina azken urteetan pairatu zuen gaixotasun luze eta mingarriak ez zion utzi horiek bukatzen eta proiektu ez gutxi gelditu zitzaizkion amaitu gabe.

Horrela, 2009ko ekainaren 23an hil zen, 82 urte zituela. Bi egun geroago bere jaioterrian, Samaran, ehortzi zuten, hots, jaio zeneko Kuibyxev-en. Haren bizitzaren eta heriotzaren berri ongi sentitua Roberto Serrano euskal irakasle eta kartvelologoak eman zuen GERNIKA-герника aldizkari informatikoren 6. zenbakian.

Tоварищ юри: слaва вам!
Juri adiskidea: Ohorea zuri!


(XABIER KINTANA URTIAGA Euskaltzaindiaren idazkaria da)

Oin-oharrak

  • (1) Europako kokagune honetan behintzat. Izan ere, beharbada euskararen berezitasuna handitzearren, kontu hau aipatzea eskuarki ahanzten da, baina gogoratu beharko genuke munduko hizkuntza gehienak eranskariak direla, hots, euskararen tipologia berekoak. Batzuek, gainera, hiztun ugari dituzte (japonierak eta turkierak, adibidez) eta tipo berekoak dira Amerikako indiarren hizkuntza gehienak (kitxua, nawatl, maia, guarani...) eta Afrikako eta Asiako ez gutxi ere. Kontua da, baina, historian zehar, beren jatorrizko eremutik kanpoan, politika, konkista eta merkataritza arrazoiengatik, mundutik gehien hedatu direnak bestelako tipologietakoak ditugula, kopuruz gutxi izan arren. Alde batetik hizkuntza flexiboak, hots, indoeuroparrak (hindiera, mintzaira latindarrak, germaniar eta eslaviar hizkuntzak), eta semitarrak (arabiera, hebreera) eta, bestetik monosilabikoak (txinera, adibidez).
  • (2) Erdi Aroan Samara deitzen zen hiriari 1935-1990 bitartean Kuibyxev (КУЙБЫШЕВ) izena jarri zioten, deitura bereko iraultzaile komunistaren omenez (Valerian Vladimirovitx Kuibyxev, 1888-1935). Politika-gorabeheren eraginez tokiei izena aldatzeko ohitura hori oso hedaturik dago oraindik ere Errusian. Hortxe ditugu, adibidez, 1703ko maiatzaren 27an Petri I.a Handia tsarrak fundaturiko Sankt Peterburg ezaguna, 1914tik 1924ra artean, Petrograd izenaz eslaviartua, geroago, 1924an, sobietar iraultzaren aitaren omenez, Leningrad birbataiatua eta, 1991tik aurrera, ostera ere, sortu zen garaiko izen jatorraz gelditua, hots: Sankt Peterburg: Gauza bera esan daiteke 1589tik 1925era bitartean Tsaritsyn deituriko hiriaz ere, harrezkero eta 1961ra arte Stalingrad deitua, eta ordutik gaur arte, Volgograd. Beraz, nihil novum sub sole. Gurean, halaber, Espainiako gerra zibilaz gero, horixe bera gertatu da hiri eta herri askoren euskal izenekin (Guernica/Gernika, Rentería/Errenteria, Fuenterrabia/Hondarribia, Iruñea/Pamplona...), eta, nola ez, kaleen izenekin ere bai; horretara, 1936z gero faxistek izendaturiko Calle del Generalísimo Franco, José Antonio Primo de Rivera, Avenida del Ejército, 18 de Julio haiek gaur, berriro, Sabino Arana, Jose Antonio Agirre, Autonomia, Askatasuna... birbilakatu dira.
  • (3) Kontu hau gutxitan aipatu den arren, ondo dakit Dolores jendeak uste baino euskaltzaleagoa izan zela, bai Juri Zytsarrek hola esan zidalako, eta bai Amayaren, Pasionariaren alabaren lekukotasunari esker ere. Andre hau beraren amari Bilbon eskaini zitzaion omenaldi batean ezagutzeko aukera izan nuen. Behin, Amayari, Bizkaiko leku ikusgarrienetako batzuk erakusteko asmoz, turismo-ostera bat egitea proposatu nion. Izan ere, ia bizitza osoa atzerrian emana zuen, eta horregatik gogo handia zuen bere amaren jaioterria ezagutzeko. Ibilaldi horretan amaren anekdota ugari kontatu zizkidan; batzuk euskarari buruzkoak. Etxean, esaterako, euskal kantak sarritan kantatzen zituen Doloresek, eta, behin, Moskun antolatu zen Emakumeen nazioarteko Kongresu batean, Pasionariak teatro hartako eszenario gainera igo eta bertan bilduei bere sorterriko aire bat kantatzeko baimena eskatu zien. Holaxe entzun ahal izan zituzten hara mundu guztitik helduriko emakume haiek, Doloresen ahotik, Gernikako arbolaren doinua eta euskal hitzak, herriminez eta emozioz beteak.
  • (4) Gainbegiratzaile hori, edo zehatzago nahiago bada, komisario politikoa, ukrainar jatorriko gizona zen, eta Viktor Bondarenko zeritzon. Ilia Tabaguak azaldu zidanez, Bondarenko, Atzerritar Arazoetarako Sailekoa, pertsona atsegina eta bide-lagun ona gertatu zen, eta espainiera-errusiera itzultzaile trebea izateaz aparte, ez zien inolako oztoporik jarri bidaia osoan. Geroago jakin nuenez, Tabagua bera ere poliziakidea zen, baina beti ere tratu egokia erakutsi zidan, edozertan laguntzeko prest.
  • (5) Haren jaioterrian, Kuibyxev-Samaran, Juri jaio zenean 7.000 judu inguru (orduko populazioaren % 4 inguru) bizi izan arren, eta bertako sinagoga zoragarria gora behera, nik dakidala behintzat Juri ez zen judu familiakoa. Berak behin kontatu zidanez, bere ustez Zytsar deitura alemanezko Ritter-etik etor zitekeen, hemen hitz gutxitan azaltzeko hain erraza ez den eboluzio baten bitartez. Errusian, pertsonaren izenaren ondoan eta familiaren egiazko deitura baino lehen, aitaren izenetik eratorriko "sasideitura" jartzen da, nolabait gure Jaun edo erdal 'Don'-en baliokidea. Gogoan izan, gainera, errusieraz deitura kontzeptua familiya (фамилия) hitzaz adierazten dela. Izan ere, errusieraz jauna hitzak (госпадин gaspadín), nobleziaren behialako maila adierazten zuen, eta gaur behintzat aski irrigarria gertatzen da gizaki bati aplikatzean. Hori dela eta, pertsona bati errespetua adierazteko, ohikoena izen propioaren ondoan aitaren izena aipatzea izaten da, -ovitx semea bukaerarekin, horrekin interesatuaren etxekoak ere ezagutzen eta kontuan hartzen direla adierazteko. Errusiar ohitura horregatik, guretzat harrigarria bada ere, Ivan deritzon aita batek Kiril izeneko bere semeari hitz egitean normala izaten da honela mintzatzea: Kiril Ivanovitx, ongi entzun esango dizudana..., hots, Kiril, Ivanen semea,.... Bestalde, juduen artean Testamentu Zaharreko izenak ipintzeko ohitura oso errotua egon da, eta ez da oso sinesgarri judu-familiako batek Vladimir Munduaren edo Bakearen jabea bezalako izen eslaviar peto-petoa eramatea, Juriren aitak zeukan bezalakoa.
  • (6) Georgieraz tbilisis zγva deitua.
  • (7) Niko Marr georgiar hizkuntzalariak (1864-1934), marxismoa, politikan ez eze, zientzia formaletan ere aplikatzeko ahaleginak egin zituen, matematika, fisika edo hizkuntzalaritza, adibidez, klase-borrokaren ikuspegitik garatzeko modurik balego bezala. Garapen-maila kultural bereko gizarte guztietan izaten diren tresneria-kidetasunaz landa ere, hizkuntza gizarte-harremanen peko produktua delakoan, Marr-en ustez, Sobietar iraultzaz gero, Frantziako proletarien frantses hizkuntza hurbilago zegoen errusieratik Frantziako kapitalisten frantsesetik baino. Niko Marr linguistaren eta Trofim Denisovitx Lysenko (1898-1976) biologo ukrainarraren mitxurinismo eta postulatu azientifikoen eraginpean sobietar zientziek desbideratze larria pairatu zuten, harik eta Arnold Txikobavak joera kaltegarri hori Stalinen aurrean salatu eta estadialismoa ofizialki gaitzetsi arte (1950). Halere, bere azken urteetan, Arn. Txikovabarekin izandako elkarrizketa batean, georgiar akademikoak, nolabait, bere kritika gogorraren ondorioz Marr-ek Kaukasoko hizkuntzez izandako zenbait ideia on baztertu eta emaitza interesgarri batzuk erabat zokoratuak izatea deitoratzen zuen.
  • (8) Ikus J. Oroz Arizkuren-en Nire aitaren etxea bostehun baino gehiago hizkuntzatan, Tübingen-go Unibertsitatea, 1982.


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com