Egin klik hemen INPRIMATZEKO


Euskararen inguruko jarrerak eta jokaerak

Pablo Suberbiola-Soziolinguistika Klusterra / Bestelakoak / 2010-02-25 / 08:15


Bide batean pausoka-pausoka goazela, ona izaten da bista beti motzean eraman beharrean tarteka burua altxa eta bidearen ikuspegi zabalago bat hartzea. Zer esanik ez, zabalago begiratze horrek bide berdina -edo antzekoa- egiten saiatzen ari diren lagunak ikusteko eta haiekin gure iritziak trukatzeko aukera ematen badigu.



Euskal soziolinguistikan ezagutza, esperientzia edota jakin-nahia dugunontzat (adar batetik edo bestetik) zabalago begiratzeko aukera emango duen hitzordu bat dago jarrita datorren otsailaren 26an Donostian, egun horretan egingo baita III. Euskal Soziolinguistika Jardunaldia.

Euskararekiko jarrerak eta erabilera izango da bertan aztergaietako bat. Gauza jakina da hizkuntza bat gizarte mailan gutxitua -edo minorizatua- dagoenean hiztunen nahien eta jokaera errealen artean "koska" bat zabaltzen dela, hizkuntzari gizarteko funtzio eta esparru batzuk "betatzen" zaizkion neurrian.

Prentsan maiz irakur daitezkeen hizkuntza "askatasunen" inguruko eztabaidetan, aldiz, askotan badirudi hiztun batek egoera zehatz batean hizkuntza batean edo bestean hitz egiteko hautua, une horretako hiztunaren "nahia"ren baitan dagoela soilik. Baina bistan da pertsonen jokaera testuinguru sozial batzuetan gertatzen dela. Eta testuinguru sozial horietan hizkuntza batek duen prestigioak eta hizkuntza horren erabileraz zabalduta dauden arau inplizituek nabarmen baldintzatzen dituztela "hautu" horiek. Hautuei buruz norbanakoaren erabaki "aske" balira bezala hitz egiten denean, beraz, nahita edo nahi gabe ez-ikusiarena egiten zaie fenomeno horretan funtsezkoak diren mekanismo batzuei. Noski, mekanismo horiek, gehiago konplikatzen dira, hizkuntza bat -euskara bezala- gizarte batean gutxitua izateaz gain (funtziotan), gutxiengoaren hizkuntza ere badenean (hiztun kopuruan).

Mekanismo konplexu horien inguruko datu, iritzi eta bestelakoei zabalduko die atea Jardunaldiko lehen mahai-inguruak: Euskararekiko jarreretatik erabilerara. Mahai berean izango ditugu Erramun Baxok soziolinguista (EEP), Iņaki Martinez de Luna (EHU) eta Pablo Sotes (NUP), Belen Urangak jarritako "puntuei" erantzuten.

Jardunaldian izango dira beste gai batzuk. Eta baita beste ahots batzuk ere. Esti Amorrorturena, esate baterako. Bera da 2009an argia ikusi zuen lan mamitsu baten egileetako bat: Erdaldunen euskararekiko aurreiritziak eta jarrerak(1). Hitzaldi batean emango ditu ezagutzera lanaren ondorioak. Hona hemen aurrerapen txiki bat:

"Ikerketaren ikuspegitik, euskararekiko eta euskararen aldeko hizkuntza-politikari buruzko jarrera ez-sutsua edo ez-grinatsua duten lagunak bai-bainako jarreradun pertsona modura definitu dira." .../... "Euren konpromiso maila epela da". .../... "Jarrera epeleko pertsonak bereziki interesgarriak dira euskararen normalizaziorako. Izan ere, muturrekoak diren jarrerak eta jokabideak aldatzea oso zaila edo geldoa izan ohi da. Jarrera epela edota konplexua dutenek, berriz, rol aktiboa joka dezakete euskararen normalizazioan, modu eta maila ezberdinetan". (185. or).

Lan berri gehiago ezagutzeko aukera ere emango du III. Jardunaldi honek, bertan banatuko baitira 2009. urteko Hausnartu Sariak.

Lehen lan saritua bertan aurkeztuko du bere egileak, Dabid Anaut euskara teknikariak. Leitzako bilakaera eta egungo egoera soziolinguistikoari buruz egin duen azterketak ikuspegi berezia du. Berritzailea alor honetan. Soziolinguistikan ohikoak diren datu-taula, frekuentzia, ehuneko eta abarretatik distantzia bat hartuta, Anautek lan dotorea osatu du. Angelu ezberdinetatik errealitateari "argazkiak" egin dizkio, beste udalerri batzuen azterketarako inspirazio-iturri izan daitekeen proposamen bat eskainiz.

Anaut-en lana kaleratu berri da BAT aldizkariko 74. zenbakian, bigarren eta hirugarren sarituen lanekin batera. Hona hemen lehen lan sarituaren pasarte labur bat:

"Euskararen egoeraren argiak eta ilunak gorabehera, esan genezake Leitzan euskara dela hizkuntza nagusia. Hizkuntza nagusia da, besteak beste, nagusi delako herritarren ahozko jardunean, gogoan, aldekotasunean, dinamika eta bizitza sozialean, eta abarretan. Ez da hizkuntza nagusia, jakina, esparru sozial guztietan. Erdarak baditu bere espazio ia esklusiboak: telebista-kateak, aldizkariak, estatuko administrazioa; eta beste zenbait espazio partekatu egiten dituzte, gehiago edo gutxiago.

Baina euskararen arkitektura, esanen nuke, baita Leitza bezalako herri euskaldun batean ere, erdararena baino ahulagoa da. Euskarazko produkzioak, jardunak, bizitzak... erdarazkoak baino zimendu eta egitura ahulagoa daukala iruditzen zaigu. Zaharragoa da bertan, baina higatuagoa dago". (BAT 74, 41. or)

Ikuspegiak, ikerketak eta ahotsak, beraz. Guztiak soziolinguistikaren ingurukoak, eta gehien-gehienak euskararen soziolinguistikaren ingurukoak. Baina ez denak. Aurreko bi Jardunaldietan bezala, aurtengoan ere gonbidatu berezi bat izango dugu bertan.

Eta aurtengoa ez dator Euskal Herritik, ezta Galiziatik edo Kataluniatik ere. Madrildik dator, eta bertako Unibertsitate Autonomoan da irakasle: Juan Carlos Moreno Cabrera jauna da, hain zuzen. Hizkuntzen gaineko ideologiez, berdintasunaz edo aurreiritziez irakurri izan dutenek ezagutuko dute, ziurrenik, linguista eta soziolinguista honen lana. Hemen duzue, aurrerapen gisa, bere hitzaldi baten bideo bat. Dena den, Donostian ez da erabat bere esku egongo esango duenaren haria eramatea... Onintza Irureta kazetariaren esanetara jarriko baita.


(PABLO SUBERBIOLA UNANUE Soziolinguistika Klusterreko teknikaria da)

Oin-oharrak


Inprimatu



Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.com/zer_berri/muinetik/1267009209