 |
Euskara euskaratik |
 |
2010-02-23 / 08:30 / Bittor Hidalgo |
HIZKUNTZA |
|
Roberto Alkarterriren (eta H. Agirreren) Erdarakadak edo gaztelaniakadak ote? hausnarketari erantzun minez.
2010. urtean ez baitagokio haserre baino erantzutea halako foro zabal-nahiko batean agertutako modu honetako txoropitokeriei (barkatu, Roberto, ze azken batean, nik ere ez dakit benetan edo txantxetan argitaratu duzun argitaratua, gu denok harrapatzeko asmoz edo), nahiz denok ere guztiz ohituak gauden halakoak egunero entzuten, eta are esaten.
Baina izan ere 2010. urtean ezin da halakorik serioski plazaratu, eta publikoki defendatu nahi izan, aurretik, denok, jada esku artean ditugun euskal tradizioaren lanabesei begiratu txikiena ere egin gabe.
Badirudi, oraindik ere, XX. mende osoko hegoaldeko intelligentsiaren artean bezala, euskara zer den eta zer ez den erabakitzeko, nahikoa dela espainolari begiratzea, eta gero honen arabera definitzea zer den euskara. Espainolez parekorik ez badu, euskara bide da. Espainolez antzekorik baldin badu, baztergarria. Hala, euskara, ez bide da euskaldunok erabili, hitz egin eta idatzi duguna mendeetan, baizik eta horren parte bat soilik nonbait, espainolaren antz ñimiñorik ez dukeena. Eta horrela entretenitzen gara. Euskal forma bat "jatorra" den edo "kutsatua" ote den jakiteko, ez diogu euskal tradizioari begiratzen, baizik eta ondoko espainol orojale ahalguztidunari.
XX. mendean ulergarri(ago)a zen jarrera. Euskal tradizioa ezagutzeko aukerak oso urriak ziren. Baina azken 20 urteotan behintzat, nornahiren eskueran hasi da egoten tradiziozko erabilera hori, edo horren azterketa gero eta sendoagoa bederen. 1990 argitaratzen du Euskaltzaindiak EGLU-III jada tradiziozko erabileran nahikoa errotua, eta hortik aurrera IV, V eta VI.a (hau 2005ean). 1987an argitaratzen da OEHren I. tomoa eta 2005ean azken XVI.a. Gainera 2009an Euskaltzaindiak sarean jartzen du OEH osoa nahi bezala kontsultatzeko adina bitartekoz. Egin du lan onik Euskaltzaindiak. Gainera Susa inguruko Armiarma taldeak 2005etik aurrera du eskuragarri sarean Klasikoen Gordailua (aurreko Euskal Testuen Gordailua-ren segida edo), euskal tradizioko testu gehienak biltzen dituena: OEHa burutzeko erabilitako gehienak osorik, eta beste hainbat ere bai. Euskaltzaindiak ere badu sarean XX. Mendeko Euskararen Testu Corpusa kontsultagarri. Euskal Prosa Gaur corpusa ere aspaldi dago sarean.
Noski, gaur egun euskal gramatikaz zer edo zer serio samar esan nahi duenak, jendaurrean esan aurretik horietan guztietan egiaztatu beharko lituzke bere usteak (ez bakarrik ispilu espainolean, ez?; ala bai?), eta hor oinarritu zeinahi euskal formaren jatortasuna, edota bestela honen "kalkotasuna", honen "etorriberritasuna" gurera. Eta hori egiten ez duena, ez da ari, ez euskaldunon eta ez euskararen mesedean (barkatu berriro, Roberto), nahiz munduko borondate hoberenarekin aritu (kasu honetan ere zalantza gabe aitortu behar diodana Robertori, Hasierri eta beste guztioi ere).
Filosofiak alde batera. Zer gertatzen da, Robertok plazaratutako hiru gaitzespen edo zalantzekin?
1. HASTERA GOAZ
Euskarazkoa da, ala euskarara etorri berria? Non begiratu? Goazen sarean OEHn (edo 1997an, orain jada 13 urte argitaratutako liburukian) joan sarrerara. Zer dio? Hain zuzen azpisarrera oso bat (4.a) eskaintzen dio kontuari, esateko hain zuzen euskararen alde eta aldi guztietan erabili dela: «(Con -t(z)era). Ir a, estar a punto de. (...) Tr[ adizioa ]. De uso general. Hay algunos ejs. vizcaínos con -t(z)en». Ondoren adibide sail ugari bat. Beraz, ezin euskarago. Eta erraza zen jakiten. Hemen eranskina(1) OEHko sarrera nahi duenarentzako (nahiko laburra delako, eta merezi duelako).
2. EZ BAKARRIK + BAIZIK ETA
Etorri berria da? EGLU-IVk (1994koa bera, 16 urte), 102-110 orrialdeak eskaintzen dizkio Ez ... bakarrik ... ere gisako egiturei, Robertok kalkotzat edo lituzkeenak, eta hauen barne 106-7 orrialdeak Ez ... bakarrik ... baizik, Ez ... bakarrik ... baizik, Ez ... bakarrik baizik (...) ere, eta Ez ... bakarrik ... baizik eta egiturei (bertan adibide sail bat bederen). Nahiz egia den OEHn ez zaiela egiten (edo nik ez dudala aurkitu) delako egiturei erreferentzia berezirik (nahiz baizik, nola bakarrik sarreretan halako adibideak ere badauden). Eskura ditugun corpusetan lehen begiratu batean (soilik baizik idazkera, ez bezik, baizikan¸ ... gisakoak), 60ren bat adibide aurkitu ditugu behintzat: zaharrena Kardaberazena (≈1760), eta ondotik J.B. Agirre Asteasukoa (ugari), Gerriko (ugari), A.M. Labaien, Intza (ugari), A. Irigarairen Nafarroako bilduman, Goñi, Munita, Irazusta, Lizardi, Orixe, Zaitegi, Etxaide, Aresti, Etxaniz, Mitxelena (ugari), Txillardegi, M. Atxaga, eta iparraldekoen artean, Hiriart Urruti (≈1900, garbizalea), J. Etxepare, Xalbador, Mirande behintzat. Euskara da.
3. NOLA BERANDU ETORRI NAIZEN...
Erdarakada? Non begiratu? OEHn nola sarrera (liburukia 1999koa da, 11 urte)? Zelan sarrera ere, badaezpada? Eta agian EGLU-Ven (1999) nola/zelan ... -(e)N sarreran adierazpen esaldien artean (77 or.), edota konparazio esaldien artean 3.4. atal ia osoa (421-30); eta EGLU-VIn (2005) kausazko esaldien artean nola/zelan ... -(e)N/BAIT- sarreran (194-7). OEHk artikulu erdia baino gehiago eskaintzen dio nola-ren erabilerari partikula menderatzaile gisa (conjunción dio OEHk). Hala dio: «II (Conj.). Tr. Su frecuencia disminuye notablemente en el s. XX, sobre todo al Sur, donde falta en los autores puristas o de estilo más culto. Los esritores alto-navarros y septentrionales (excepto Harizmendi, Elissamburu y Xalbador) lo usan con bait-, los guipuzcoanos y vizcaínos con -(e)n». (Ez da hain berri beraz benetako erabileren gaitzespena espainolaren konparazion -ezen ez euskararen-). Eta OEHk azpisarrerak egiten dizkio Robertok gaitzetsi nahi duen erabileretako bakoitzari -antzera ere zelan sarreran- (artikuluak ikusi nahi dituenak: http://www.euskaltzaindia.net/oeh).
- Kausala, dio OEHk: «1. Ya que, como, porque. Tr[ adizioa ]. Documentado en todas las épocas y casi todos los dialectos (en vizcaíno sólo algún ej. aislado).» Noski bizkaieraz zelan ageri da.
- Moduzkoa/konparazioak: «2. (Con hala). Así (...) como. / 3. (Con hain, hainbat, hainbeste, etc.). / 4. (Lar, Zam Voc). Como; como, del mismo modo que. / Así... como..., tanto... como... / 5. (Dv). (Con un numeral repetido). / 6. (Tan)... que. v. 1 non (7). / 7. (Dv, H). (Con valor temporal)».
- Adierazpen esaldian (sarreraren I atalean jasotzen du, zehar galderen artean), eta dio espres: «Tr[ adizioa ]. Además de en las oraciones puramente interrogativas indirectas, aparece tbn., ya desde Dechepare y parece que en todas las épocas y dialectos, en las del tipo ikusi zuen nola zebilen kalean (= kalean zebilela), que a menudo son difíciles de distinguir de las primeras».
(BITTOR HIDALGO EIZAGIRRE euskara irakasle da Donostiako Hizkuntza Eskola Ofizialean)
Eranskina. OEH -t(z)era joan edo sarrera(1)
4. (i- H), goan (Dv). (Con -t(z)era). Ir a, estar a punto de. "Zure solasak niri damu egitera dohazi, vos paroles tendent à me faire de la peine" Dv. Tr. De uso general. Hay algunos ejs. vizcaínos con -t(z)en, p. ej. en EgiaK, Añibarro, Arrese Beitia (AmaE 60), Enbeita (86) y Kirikiño (Ab I 15). Ezen hiltzera zioan. Lç Io 4, 47. Hondatzera goazi. Mat 361. Meza erratera zioaiela sazerdotea. Ber Trat 111r. Ezen pasatzera doha / Iaun handia karrikan. EZ Noel 122. Panplonako Gastelu atxinakoa / zeure eskuetan etxuten doa. EgiaK 89. Bekhatu baten egitera zoazinean. Ax 521 (V 335). Fiñatzera doa / munduan ene adiña. Gç 207. Gure hazkürreko hartzera goazan gaizer. Bp I 134. Libratu ziren erortzera zihoazin gathibutasunetik. ES 111. Illunez estaltzera zijoala. Lar SAgust 9. Damuz bularra urratzera dijoala. Mb IArg I 96. Banhoako burua ebakitzerat. Lg I 312. Aldióro doáien bekála egiterá múnduan dén gauzarik inportanzioskoéna. LE Prog 106. Dei egitera nuako Praiskari. Mg PAb 69. Irakurten zoazan Gogartea. Añ EL1 15 (EL2 18 -tera). Gurutzea zeinaren gainean emaitera baitzohazin bere bizia. Jaur 390. Ze garaitza miragarrija irabaztera joian. Ur MarIl 51. Mundua aitzera dijoa. Arr GB 62. Zerren guztiok geure ontzia / salbetan goazalako. AB AmaE 60. Konplitzera doa misterio handia. Ip Hil 233. Gerla berri bati lotzera baitoa. JE Bur 143. Gobiernua kontribuzioa botatzera dijoakigu. Urruz Zer 130. Treina berriz joaitera zoan. Barb Sup 47. Esatera nijoakizuna. Munita 128. Berriz biziari lotzerat doa. JEtchep 63.
Bittor Hidalgok erabili.com-en argitaratuak (irakurtzeko gainean sakatu)
|
Erantzun |
| |
 |
| Tradizioak hala dio, eta zer? |
 |
2010-02-23 / 09:43 / Roberto Alkarterri |
|
Bai, Bittor, arrazoi duzu diozun horretan guztian. Bistan da kontu hauek oso serio hartzen dituzula eta, gainera, jantzi askoa zarela gramatikaren eta tradizioaren txoropitokeria horietan guztietan. Nire artikulutxoak, ordea, askoz asmo xumeagoa zuen halako eztabaida handi-mandietan sartzekoa baino. Bakarrik nahi izan dut nire ustez injustizia txiki-handi bat dena salatu; eta, bai, aitortuko dizut nolabaiteko probokazio puntua ere bazuela nire idazki horrek. Ea azaltzen asmatzen dudan.
Garbi asko esana dut artikuluan bertan ez dagokidala niri erdarakada zer den esatea, ez bainaiz aditua horrelako kontuetan. Baina banaiz dezente aritua euskararen zentsuratzaile edo komisarioen artean eta, sarritan, konturatu naiz larregi zigortzen direla kontu berri asko, eta gehiegi saritu aspaldikoak; euskaraz jardutean, beti atzera begira egon beharko bagenu bezala, gure (zuen) arbasoek hain ondo eta jator zerabilten euskara hartara. Eta zer esatea nahi duzu? Ba, nazkatuta nago betiere eta betiko iraganaren mende bizitzen, eta lanean aritzen, zorioneko euskal tradizio horren atzaparretan gatibu beti.
Ironia puntutxo bat eman nahi izan diot aurreko artikulu horri, agian nabarmentzen jakin ez dudana. Izan ere, hartan salatu ditudan hiru erdarakada horiek gaur egun gure gaztetxo askok (ikasle askok) esaten dituzten beste zenbaitekin alderatu eta eztabaida piztu nahi izan dut han esandakoarekin (artikuluaren azken ahapaldietan diodana hala uler daiteke, nik uste). Ez baita, nire ustez, oso justua gizartean gertatzen ari dena: hainbestekoa da euskararen gainean egiten ari garen markajea, hain da estua euskarari zuzentasunaren eta egokitasunaren izenean jartzen ari gatzaizkion kortsea, ezen gaur egungo euskaldun berri asko eta asko, direla euskaraz eskolatutako gaztetxoak, direla euskal hiztun berriak, ez baitira ausartu ere egiten hitz erdirik esatera euskaraz. Eta ahozkotasunaz ari naiz, noski, ahozko erabileraz; idaztea beste kontu bat litzateke, beharbada.
Testuinguru horretan, ironia puntutxo horretaz baliatuta edo, proposatu nahi izan dut gaur egungo hiztun berri askok erabiltzen dituzten esamolde asko eta asko (uzten didazu boligrafoa? / joaten gara biharko kontzertura?...) hain erraz jotzen baldin baditugu erdarakadatzat, berdin egin beharko genukeela, akaso, aspaldiko beste molde askorekin, nahiz eta oso errotuak egon gure artean. Edo, beharbada, hobe liteke molde berri horietako asko onartzen hastea, hizkuntza orok, baita euskarak ere, erabileraren bilakaera onartu beharko baitu noizbait. Edo bestela, are hobeto: itxaron egingo dugu 50 urte edo mende oso bat igaro arte, eta, gero, orduko adituek esango dute, tradizioaren izenean, noski, oso molde jatorrak eta euskararenak direla orain erdarakadatzat ematen ditugun horiek. Azken finean, erabilera baldin bada irizpidea moldeok euskararenak izateko, ez al dira horietako asko askotan erabiliak, kalean nahiz eskolan, baina azterketetan onartezin bihurtu ditugunak? Erabileraren iraupena al da kontua tradiziozko eta onargarri bihur daitezen?
Izan ere, Bittor, tradizioak hala dioela dioztazu, bai. Eta zer? Euskararenak al dira molde horiek horregatik? Aspaldian ez zegoen espainolik, ala? Garai haietan, auskalo noiz, ez zen erdarakadarik egiten, ala? Zer dakizu zuk, zer Euskaltzaindiak eta zer tradizio puta horrek ere forma hau edo beste hura espainoletik kopiatua ala berezkoa ote zuen euskarak? Betidanik ez dira egon, ba, erdarakadak, kalkoak eta horrelakoak? Eta, hala bada, zergatik lehengoak ontzat eta jatortzat eman behar eta oraingo berrienak hainbeste zigortu? Tradizioak hala agintzen duelako?
Tradizioaren eta beraren izenean esaten den guztia hain garrantzizkoa bada, zeresan gutxi izango dugu beti euskal hiztunen komunitatean lur hartu berriak garenok (hau ere erdarakada da, jakina). Zigortze-saritze dinamika horretan, zigortuenak beti izaten baitira berberak: oraingo euskaldun gaztetxoak, euskaraz egitera ausartzen ez direnak, txiki-txikitatik gehiegizko zentsura jaso dutelako, euskañolez hitz egiteaz akusatu ditugulako etengabe, edo hizkuntzak eman behar zien freskotasun eta askatasuna ukatu diegulako, beharbada. Hau da, tradizioan oinarrituta, edozerk balio dezake (gora tradizioa!); egungo hiztun gazte batek esandako edozer, ordea, beti txarto, beti akastun (behera errealitatea!). Eta horrela nahi al du euskarak biziraun? Izan ere, Bittor, tradizioa iragan da; euskal hiztun berrien errealitatea, aldiz, etorkizun. Bakoitzak aukera dezala zein garaitan bizi nahi duen, eta euskarak ere (edo haren izenean ari garenok, akaso) erabaki beharko luke zer nahiago duen, iragana izan ala orain eta geroa.
Eta amaitzeko, Bittor, jakizu zorioneko EGLUak eta bestelako "biblia" batzuk ere irakurriak ditudala, ipi-apa irakurri ere bere sasoian. Eta zuk, fededun horrek, zera diozu: "2010. urtean ezin da halakorik serioski plazaratu, eta publikoki defendatu nahi izan, aurretik, denok, jada esku artean ditugun euskal tradizioaren lanabesei begiratu txikiena ere egin gabe". Baina ateook usteetan finkatzen ditugu geure sineskeriak, nahiz gehienak erdi ustelak izan. Jakin baitakigu usteek eta zalantzek mugitzen dutela mundua aurrera; dogmek-eta inboluzioa dakarte. Zer du txarrik, ba, iritzia emateak? Zer txarrik kritika ironikoak egiteak? Ez al da hau, ba, eztabaida publikorako foro bat? Eta, gainera, iritziak argudiatuz eta inori errespeturik galdu gabe ematen baldin badira, areago azkartzen dute munduaren bilakaera hori; dogmazaleen errespetu faltak lagunduta betiere.
Ongi izan, Bittor, eta segi biblietako irrealitatean errealitatea gozatzen.
|
| |
 |
| Hitz eta ideia parrastada valiotsuak |
 |
2010-02-23 / 20:33 / Erramun Gerrikagoitia |
|
Esan nahi dut sartu gabe ezein konkretionean, ze nire ustez, hemen agertu da hitz eta idea parrastada bat onik.
Iduri du ez dugula ezagutza globalik eta behintzat aski zabalik na euskara (euskararena). Mesederik franko jasoko genuke klassikoak irakurtzetik.
Zuri Viktor Hidalgo zorionak egin duzun lana gatik rebatitzeko hain ederki eta irrefutableki delako puntuak; ni ez nintzateke kapaza izango egin duzunaren egiteko, viva zu Viktor. Problemea ez da jakina hiru puntu delakoetan edo gehiagoko batzuetan baizik-eta geure perzeptionean eta komplexuetan.
|
| |
 |
| Pozten naiz, Roberto |
 |
2010-02-25 / 08:36 / Bittor Hidalgo |
|
Poztu naiz zure erantzuna irakurrita. Ikaragarri harritu ninduen zure artikuluak, eta pentsatu ere egin nuen ironiaz ari ote zinen. Aurreko batzuetan biok ere kezka berdintsuak plazaratu izan ditugu (uste dut) gaur eguneko euskara azterketa sistemaren ustelaz, eta oraintxe ere hitzez hitz egiten dut bat diozun guztiaren muinarekin. Nire ustez ere egia da, gaur egungo azterketa sisteman, neurrigabean zigortzen dela erabilera, gazteena eta beste guztiona ere. Eta horrek, mesede baino askoz kalte gehiago eragiten digu, euskara erabiltzera bultzatu ordez, norberaren kontzientzia txarra baino areagotzen ez digulako (nik (ere) oso gaizki egiten dut euskaraz). Eta hori aldatu beharra dago.
Eta tradizioa ere nire ustez oro har erabileraren alde dago. Erabileraren zabala eta aukera aniztasuna eta dibertsitatea baino ez digu erakusten begiratu bat egin orduko. Ez aukeren murritza, azken urteetako (eta azken mendeko) hegoaldeko filosofian hain zabaldu duguna. Eta hain zuzen, horregatixe uste dut komeni zaigula tradizioa (ere) gure alde erabiltzea. Hain justu, erakusteko, gure artean -euskal intelligentsian-, euskaltegietan, gramatika eskuliburuetan, eta batez ere azterketa sistemetan, zigortzen diren erabileretako asko eta asko (gehienek?) ez dutela tradizioan ere batere oinarririk. Tradizioa ere zuk (eta nik) hain gorroto ditugun kortse horien kontrakoa da.
Eta horregatik, orain tradizioa inoiz baino eskueragoan dugulako, edozeinek erabili dezakegu tradizioaren lekukotza, eta erabili behar dugu, inoiz behintzat denok eduki eta maiz zabaldu ditugun uste debekatzaile merke eta ustel horien kontra. Horretatik nire erantzun mina zure "itxurazko" behintzat beste hiru arau merke eta ustelen kontra. Horien kontra, eta antzeko guztien kontra.
Hemendik aurrera, zerbait euskaraz txarto dagoela esaten ausartu aurretik (eta batez ere azterketak prestatzen dituztenez ari naiz, eta gramatika eskuliburuak ontzen dituztenez), hartu dezatela aurretik tradizioa (erraz) kontrastatzeko neketxoa, gu, euskara erabiltzaileok, beste guztiok, alferreko uste zalantza infinituen eragile eta kaltegarrietan murgilduta utzi gaitzaten aurretik.
Pozten naiz bada Roberto, oraindik ere trintxeraren alde berean eta berdinean jarraitzen dugulakoan biok ere, ze badugu zer borrokatu oraindik, diot.
Ondo izan
Bittor
P.S. Iradokitzen duzu (beste askok bezala), uzten didazu boligrafoa? / joaten gara biharko kontzertura?..., erdarakada baztergarriak direla. Baina hala al dira? Hegoaldean barra-barra erabiltzen da (eta erabili da?, egia esan ez dakit, baina susmoa dut baietz; agian ez). Baina iparraldean gaur egun ere barra-barra erabiltzen da (eta erabili da?, egia esan ez dakit, baina susmoa dut han ere baietz; agian ez). Bagoaz igerilekura? ere beraz, maila bereko erdarakada da? Ez dakit, baina badaezpada horietan ere ez nuke jarriko lepoa.
|
| |
 |
| Equilibrioa artean traditionea eta realitate aktual inukatuzkoa |
 |
2010-02-25 / 12:54 / Erramun Gerrikagoitia |
|
Esan ze asko gustatu zait ideiak hon Roberto Alkarterri eta baita ere erantzuna na Viktor Hidalgo. Sentimentua dut ze bien ideaiak direla bateragarriak zorionez.
Kommentatuz valioa hon traditionea -beti ere nola edozer duelarik valio relativoa, ez absolutoa- nahi dut ekarri hona bi aipamen nire ustez direnak relevanteak.
Guziok dakigun lez esan ohi da izenean hon traditionea ze euskaraz ez dago hitzik hasten dena kin r letrea eta behar da ipini, behintzat nahi ez bada sartu an heterodoxia edo inkorrektionea, ipini behar da e letra epenthetikoa aurretik delako hitz hasten dena tik r letrea.
Esaterako:
referente esateko behar dela orthodoxian esan erreferente.
Edo esateko
insektizida omen dela euskara garbian intsektizida.
Gogoan dut nola kontatzen nion akademiko Andolin Eguzkitza santurtziar mundu hontatik joanari ze galdetu niola ki bertsolari Xabier Amuriza ea zer pensatzen zuen buruz esatea errifle ordez erabili rifle nola erabiltzen da Euskal Herri osan, Amurizak esan zidan ze agian bere aititak esaten bazuen ere hypothetikoki erriple berak esaten zuela rifle eta hor konpon Mari Anton. Argudiaturik hori ki akademiko numerario A. Eguzkitza erantzun zidan ze ez baldin bazen ere erabiltzen nehon errifle ezen hori zela behar zuena tokamenez. Gogoan dut ze esan zuela tokamenez, nik diot orai ba zatekeela traditionearen tokamenez, traditionea -askotan txarto interpretatua- eta traditione "intelligentsiak" sakralizatua.
Bestetik beste behin mintzaturik kin akademiko Xabier Kintana bilbaotarra galdetu nion zergatik batzutan realitate sozilogikoa izanik %100 hala ere zergatik baztertzen ziren horiek formak eta hartu beste batzuk zutenak vigentzia %0 an realitate soziala. Ez naiz gogoratzen zein exemplu jarri nion baina izan ahal zen trankilki esaterako balsamo ordez balsamo. Baina ez zidan erantzun deus koherenterik, atera kontuak ze ez naiz gogoratzen! (Ekarri gogora ze behintzat batzutan Kintana da nola avalantxa verbal bat hitz dariola non ez duzu izaten edo aurkitzen zuk -ari zarenak behintzat theorikoki elkarhizketan berarekin, hori apreziationea da dudagabeki nire perzeptionea- tarte handirik zeuk zeozer esateko edo soil tartekatzeko bitarte luzean)
Horra esaterako puntu bi direnak agergarri lista luze batzuena. Nola aplikatu hor neurria artean traditionea eta realitate sozial aktuala zeina bait da legitimoa eta ere positivo pozgarria erakusten lukeenak hizkuntzaren (hiztunen) bizitasuna eta bizinahia? Seguru ze hor, aipatzea gatik soil puntu relenate eta irrefutable bat, ez gara ari jokatzen behitzat tentuz eta alde gu euskaldunok.
(Nire eskribitzeko manerea edo syntaxia ere ba dakit, Bittor, ze lehen behintzat zeneukala joa tzat anathema [a thing or an idea which you hate because it is the opposite of what you belive; Oxford Dictionary] baina zergatik ez duzu hartu behar, Bittor, nola possibilitate edo entsegu positivo bat joan dadin euskara bide berrietan barna bidean hon etorkizun oparoago eta relaxanteagoa tzat oraingo eta geroko euskaldunak?)
|
| |
 |
| 'Bihar, zazpietan abiatzen naiz' |
 |
2010-02-27 / 23:21 / Bittor Hidalgo |
|
Bihar, zazpietan abiatzen naiz / Zerbait hartzen duzue?
Gaur izan dut begitan C. Mounole-ren "Sintaxi diakronikoa eta aditz multzoaren garapena" artikulua (X. Artiagagoitia, J.A. Lakarra (arg.), "Gramatika jaietan Patxi Goenagaren omenez", 585 eta hurr.), eta bertan dio agerian -t(z)en partizipioaren erabileraren inguru (586): "Batzuetan eta bereziki ekialdeko euskalkietan, perifrasi horrek geroaldia adieraz dezake: Bihar, zazpietan abiatzen naiz". Nire azken erantzunaren azken oharraren inguru.
|
| |
 |
| Kalkoa erdarak inglesetik eta euskarak erdaratik? |
 |
2010-03-01 / 13:51 / Erramun Gerrikagoitia |
|
Nik entzun izan dut -soilik entzun edo irakurri nonbait- ze erabiltzen da ere gaztelaniaz verbuaren presenteko formea adierazteko futuroaren ideia. Hori batez ere an latinamirikako gaztelania askoz ere sarriago ezi peninsulako gaztelanian, esaterako esan ohi da
"el jueves voy París"
esan beharrean
"el jueves iré a Paris".
Eta dut entzuna ere (behar luke hori reaffirmatu edo ukatu dakien baten batek) hori dela kalko bat inglesarena non inglesean askotan eta sarri erabiltzen da presentea adierazteko futuroa, holaxe
"I am going to visit Paris next Thrusday".
Nik entzun izan dut ze hori dela anglizismo bat gehiago erabilia an gaztelania hon Atlantikoaren okzidenteko ibarrean eze ez hemen Atlantikoaren orienteko ibarreon.
Baina baldin balitz ere kopiaren kopia eta ere rekopia rekopiatua ez dakit zenbatgarren rebotekoa, gaztelaniak inglesetik eta euskarak gaztelaniatik hartua' behar ote litzateke hori phenomenoa hartu tzat mailegu txar refusagarri eta kondenable bat? Nik ezetz uste.
Beharbada honek reflexioneak valio izan du argitzeko zeozer eta ikusteko phenomenoa yago zabalki.
|
|
Erantzun |
|