Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  ISO 8601ren aldarrikapena euskal administraziorako: fetxak euskaraz

ISO 8601ren aldarrikapena euskal administraziorako: fetxak euskaraz

2010-02-04 / 08:40 / Iņaki Villoslada   HERRI-ADMINISTRAZIOA

Euskal Administrazioak autonomiaz, erabaki ahalmenaz, ausardiaz jokatu beharko luke, administrazioa deino: ISO 8601 bere egitea gainera modernitatea erakustea litzateke.

Gure kultur ingurumarian datak guk ez bezala bestek adierazteak badakigu ondorioak dituela administrazio-mailan. Izan ere, ez dira gutxi euskaraz bete beharreko formularioak izanik ere, data betetzeko orduan gaztelaniaren moduan betetzera behartzen dutenak, zifraz adierazi behar direnean datok, aitzakia dela beti, inor horregatik kexatzen bada, informatizatu beharreko idazkiak izanik, horrela sartzea derrigorrezkoa dela, horrela konfiguratuta baitaude, sail, erakunde, zerbitzu, unitate edo dena delako horretako programa informatikoetako datak, defektoz. Eta, noski, argumentu horren aurrean, isildu, kopeta makurtu, eta euskaldunak desberdinak (erdi martiztarrak) garela onartu besterik ez ohi zaigu gelditzen, normaltasunaren eredua Espainia, Frantzia, Alemania eta Britainia Handiko administrazio erraldoiak baitira, gauzak adierazteko orduan, Europan.

Baina hori horrela al da? Ba ez! Datak, gregoriar egutegia erabiliz, nazioarte mailan zifraz adierazteko moduak hiru dira eta ez bat eta bakarra. Gaztelaniaz, frantsesez, ingeles britainiarrean eta alemanez berdintsu egin ohi dute: eguna, hila eta urtea, ordena horretan. Euskaraz, aldiz, urtea, hila eta eguna idazten dugu, Txinan eta Japonen bezala. Azken modu bat: urtea, eguna eta hila, gutxien erabilia da, baina ohikoena izan da Estatu Batuetan. Kasu bitxi bat aipatzearren: Kanadan hiru moduak erabiltzen dira (gobernuak euskaraz bezala egiten du, frantziar eraginez gure inguruan ohikoa dena erabiltzen da ere, baita Estatu Batuen eraginez hirugarrena ere).

Adierazitakoak adierazita, 01-01-01 datak ez dakar arazorik munduan, aleman batentzat, euskaldun batentzat eta estatu batuar batentzat 2001eko urtarrilaren 1a da. Baina beste honek: 02-01-01, zer esan nahi du?: 2002ko urtarrilaren bata, gure artean; baina, el dos de enero de 2001, mexikar batentzat, eta estatu batuarrarentzat: February 1, 2001. Zifra berberak eta hiru data desberdin!

Globalizazioaren munduan, non datuek hegan egiten duten mila kilometrora segundo-milaren batean, horrelako anabasa oso arriskutsua da, merkataritza-munduan bereziki. Akzio-erosketa batean bezero batek bi miloi euro gastatu nahi baditu, eta artekariari emandako aginduan mugaegunari dagokionez gaizki ulertze bat gertatuz gero, galerak edo irabaziak oso handiak izan daitezke. Zein izan da soluzioa nazioarte mailan? IS0 8601 edo datak euskaraz bezala adieraztea -arauaren laburpena adierazteko modu nemoteknikoagorik ez zait otu-.

ISOren soluziobidea arbitrarioa irudi dakioke baten bati, baina aukeren artean urtea/hilabetea/eguna ezartzearenak ba omen ditu bere alde zenbait arrazoi: ordena naturala omen da kartesiar produktua adierazteko. Ohikoa da, unitate handiagoak txikiagoen aurretik jartzea eta horrelaxe egituratzera iritsi gara gure mundu-ikuskera eta ulerkuntza: milioikoak ehun milakoak baino lehen eta horiek hamar milakoak baino lehen eta horrelaxe beti txikiena eskuin aldean jarriz; ondorioz urtetik hasita egunean bukatzen dugu, ordena, dagoeneko gizaki modernoarentzat natural den gauzak interpretatzeko modu arrazional horren arabera. Egiatan, betetzen ditugunak urteak dira, ez egunak, edo hilabeteak eta egunak, bularreko haurren kasuan izan ezik eta haurdunaldia kontatzeko ia inork ulertzen ez duen, ginekologoak salbu, enbrioiaren eta fetuaren adina kontatzeko sistema salbu. Baina, berriro ere, horrek badu justifikazio naturala eta logikoa.

Kontuan izatea nahi nuke, bestetik, ISO erakundearen asmoa dela bere estandarrak gizarte, merkataritza eta gobernu mailan ezar daitezen bultzatzea. Eta Kanadako gobernuak anabasari erremedioa ipintzearren erabaki zuen estandar horren arabera funtzionatzea Conseil Canadien des Normes-en (CCN), erabaki bidez. Mundu globalizatu batean horrelako estandar baten arabera funtzionatzea bi mezu bidaltzea da: alde batetik datak modu diferentez adierazteak dakarren problematikaren jakitun zarela, lehenengo, eta zure mezu-hartzailearen izaera anitzaren jakitun zarela, bigarrena.

Beraz, hona hemen nire proposamena: EAEko administrazioak (eta bere mendeko agentzia guztiek) bere egin dezala ISO 8601 delakoa. Eta nik horrelaxe egingo dut, behintzat, hemendik aurrera, uzten didaten neurrian. Bukatzeko gogoratzea estandar hori erabili nahi izanez gero urtea osorik eman beharrekoa dela. Eta hau idazten bukatu nuen honelako egun batez: 2010-01-28, Akinoko Santo Tomas egunez, beraz.


(IŅAKI VILLOSLADA FERNANDEZ euskara teknikaria da)


Iņaki Villosladak erabili.com-en argitaratutakoak (irakurtzeko gainean sakatu)


Inprimatu


Erantzun

 
Guztiz ados
2010-02-04 / 08:53 / Mertxe Perurena

Guztiz ados Iņaki. Ez nekien nik ISO 8601 hori zegoenik, baina oso egokia iruditzen zait. Ongi izan.

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com