|
Eusko Legebiltzarrak 2009ko urriaren 28 eta 29an jardunaldi batzuk egin zituen Euskararen inguruan, Europako Hizkuntza Gutxituen esparru juridikotik aztertuta. Jardunaldi horietan parte hartzeko aukera izan genuen Eneko Oregik eta biok arau-idazketa elebidunaren beharraz hitz egiteko.
Enekok, IVAPeko Itzultzaileen Zerbitzu-burua izanik, ondo ezagutzen du euskarazko lege-testuen historia, eta horri errepasoa egin ondoren, azken hogeita hamar urteetako itzulpegintzaz egin zuen gogoeta. Bere ondorioa: itzulpengintzaz haratago, beste urrats bat eman behar dugu araugintzan idazketa elebidunaren haritik.
Nik ikuspegi juridikoago bat jorratu nahi izan nuen, formazioz hori baita nire berezko esparrua. Horrela, arauen idazketarako tekniken eskutik bidai bat egitea proposatu nien entzuleei. Lehenbizi teknika horien jaioterrira joan ginen, Francisco Laportaren eskutik arau-idazketaren zergatia ulertzeko. Izan ere, arau-idazketarako teknikak sortu ziren nolabait legelarioi errieta egiteko, gero eta ilunago eta zailago idazten baitugu.
Autokritika hori egin ondoren, Europar Batasunera abiatu ginen, idazketa teknika horiek nola jaso diren ikusteko. 1998. urteko Jarraibide batzuk arautzen dute gai hau eta arauak argitaratzen diren hizkuntza guztietan segurtasun juridikoaren printzipioa zaintzea eta bermatzea dute helburu.
Europar testu inguru horretatik heldu genion Euskal Autonomia Erkidegoko araugintza-prozedura arautzen duen legeari, hots, 8/2003 LEGEA, abenduaren 22koa, Xedapen Orokorrak Egiteko Prozedurarena.
Euskaldunak Europan bizi arren eta gero eta eleanitzagoak izan arren, deigarria da nola Euskal Autonomia Erkidegoko araugintza-prozeduraren Legeak hizkuntza ofizialei jartzen dien arreta eskasa. Hura euskaraz eta gaztelaniaz argitaratua izatetik aparte, ezer ere ez.
Euskal Autonomia Estatutuak euskara eta gaztelaniaren arteko koofizialtasuna du ezarrita, baita legegintzan ere (EAEren 6. art eta 10/1982 Euskareren legearen 8 art(1).). Hala ere, EAEko xedapen orokorrak egiteko prozedura arautzen duen lege horretan legeen elebitasunak ez ditu jasotzen eduki beharko lituzkeen ondorioak, bai araugintza-prozeduran zehar, bai testuen egituran, bai lankidetza-ereduetan eta abar. Hutsune nabarmena du arlo horretan.
Lege horrek arautzen duen prozedura Andaluziako Legebiltzarrak edo Espainiako Gorte Nagusiek onartutako legean azal zitekeen, hau da, elebakarrak diren erakunde batek egina dirudi. Baina EAEn bi dira hizkuntza ofizialak Autonomia Estatutuaren 6. artikuluaren arabera: euskara eta gaztelania; euskara izanik, gainera, Euskal Herriko berezko hizkuntza edo hizkuntza propioa.
Bi izanik Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialak, bi hizkuntza horiek behar bezala hartu behar dira kontuan legeak eta gainontzeko arauak egiteko prozeduran. Penaz diot: aukera paregabea galdu zen 2003an Europan jadanik 1998tik aurrera, eta Nazioartean -aurrerago ikusiko dugunez- bereziki 2000. urtetik aurrera, araugintza eleanitzaren inguruan zegoen eztabaidaz jabetzeko eta gureganatzeko.
Kritika hori bideratu nahia edo, nazioarteari begiratu genion ondoren. Esperientzia oso interesgarriak daude elebidunak diren gizarte eta erakundeetan, hala nola, Kanadan, Belgikan, Nazioarteko Lan Erakundean, Hong Kongen. Esperientzia horietatik guztietatik hainbat ondorio interesgarri ateratzen dira. Laburbilduz, honako hauek aipatuko genituzke:
- Batetik, elebitasunak eskatzen du hizkuntza ofizial bakoitzean idatzitako lege-testuek autonomia osoa izan behar dutela aplikatu eta interpretatzerakoan, eta bata ez dela bestearen menpeko izan behar. Hori hala izan dadin neurri zehatzak hartu beharko dira lege-testua idazteko orduan eta ondoren ere bai.
- Bigarrenik, hizkuntza ofizialetan idatzitako lege-testuen baliokidetza printzipioak ez du ezinbestez hitzez hitzezko itzulpena eskatzen. Horren ordez, hizkuntza bakoitzaren berezitasunak kontuan hartu behar dira edukia antolatzeko orduan, nahiz eta mezua bi bertsioetan bera izan behar den.
- Hirugarrenik, baliokidetza printzipioak zenbait ondorio ditu testuen egituran eta lege-testuak egiteko prozeduran. Eta azkenik, korredakzioa da teknikaririk egokiena, nahiz eta beti ezin omen den erabili.
Gizarte eta erakunde elebidunetan, beraz, arauak idazketa elebidunaren bidez lantzen dira eta, horren bidez oreka bilatzen du ofizialtasuna eta segurtasun juridikoaren artean. Horretarako, besteak beste, legelari eta hizkuntzalarien arteko lankidetzaren estua sortu eta arautzen da.
Gaiak gure ustez berebiziko interesa du eta dagokionak arreta jarri beharko lioke, behar bezala landu eta antolatzeko. Baliabidea teknikoak eta pertsonalak baditugu, bikainak esango genuke gainera; nondik ikasi ere badugu, bai etxeko iturritik (idazle klasikoen testuetan hizkuntza garbiaren gaineko kezka azaltzen da) bai kanpokotik.
Gure artean, ordea, ez dugu oraindik eredu zehatzik, baina lankidetzaren bidez lor daiteke. Lanean jarri behar dugu eta horretarako gai honetan ardura duzuenok prest gaituzue bai teknikariak eta bai itzultzaileak. Gutxienez 10 urte pasatzen utzi ditugu Europan eta munduan gai honi normaltasunez aztertzeari ekin zaionetik eta beste batzuek aurrea hartu digute; aurrerantzean ez dezagun denbora alferrik gal, arren.
(ZELAI NIKOLAS EZKURDIA Eusko Jaurlaritzako langile eta Tiraka taldeko kidea da)
Oin-oharrak
- (1) 8. artikulua:
- 1. Euskal Herriko Autonomia Erkidegoan kokatutako herri-aginteek emandako arau-xedapen zein ebazpen ofizial orok bi hizkuntzetan idatzita egon beharko du zabalkunde ofíziala egiteko.
- 2. Euskal Herriko Autonomia Erkidegoan kokatutako herri-aginteek esku hartzen duten egintza guztiak eta baita administrazioaren jakinarazpen eta adierazpenak ere bi hizkuntzetan idatzita egon beharko dute, salbu eta interesdun partikularrek Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialetako bat berariaz erabiltzea aukeratzen badute.
- 3. Aurrekoan agindukakoa gora behera, herri aginteek euskara bakarrik erabili ahal izango dute toki-administrazioaren esparruan baldin eta, udalerriaren ezaugarri soziolinguistikoak direla-eta herritarren eskubideak kaltetzen ez badira. Konstituzio Auzitegiaren 82/1986 Epaiak Konstituzioaren aurkakotzat jo zuen paragrafo hau.
Zelai Nikolasek erabili.com-en argitaratutakoak (irakurtzeko gainean sakatu)
|