Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Poeta kaxkarra

Poeta kaxkarra

2009-12-18 / 08:35 / Jonjo Agirre, Zelai Nikolas, Martin Rezola eta Aitor Esteban   HERRI-ADMINISTRAZIOA

Patxi Lopez lehendakariak Euskararen Egunean emandako adierazpen instituzionala irakurri dugu, harriduraz beste behin ere. Ez da sinistekoa Lehendakariak euskarari, euskal kulturari eta oro har, euskaldunoi buruz zein irudi desitxuratua eta txarra daukan berrestea, noiz eta Euskararen egunean ere bai!

Euskaraz apenas dakien lehendakari honek, euskara eta libertadea "elkarrekin lotu"..., "euskal kultura demokratikoa, tolerantea eta aurreiritzi gabea bultzatu" nahi omen du.

Euskal kultura ez-demokratikoa, ez-tolerantea eta aurreiritziz josia dela diosku Lehendakariak.

Ezagutzen du Lopez jaunak euskal kulturgileen lana? Ezagutzen ditu euskal kulturgileak? Horren izaera penagarria antzeman die? Atxagaz ari da? Lertxundiri buruz? Andu edo Benito? Leteren edo Uriberen gainean beharbada? Mikel Laboaz? JC Perezi buruz? Zumeta, Chillida edo Oteizaren gainean? Perurenaz edo Muņozi buruz? Baltzolaz, Mintegiz, ala Urretabizkaiaz? Irastorza? Urkiza? Osoro? Arzak edo Arbelaitz? Epaltza, Barandiaran, Urkiza, Olasagarre, edo Izagirre? Egaņa? Lujanbio? Ordorika, Rueda, Murugarren, Gari, Goenaga, Zabala, edo Etxart, Oihenart, Philips, Martikorena... horiek ote dira ez-toleranteen ezten eta buru? Anari... Ubedatarrak? Muguruzatarrak? Elorriaga? Jimenez... Edorta, Irati ala Jorge?...

Hain akusazio larriak egin (ohi) dituenak, argitu behar luke euskal kulturgintza guztiaz ari den, unionista ez diren euskal kulturgileez ari den, edo nor demontreren gainean ari den behinik behin; euskal kulturgile guztien izena zikindu besterik ez baitu egiten horrela jokatuta, eta euskaldunoi, espaņolistarik atzerakoienek ezarri ohi diguten estigmaren zama handitu, euskal kulturari bizkarra emanda bizi diren euskal herritar erdaldun elebakarren artean, batez ere.

Euskara ez da ideologia konkretu baten ondare, ez horixe, baina onartuko du Lehendakariak PSE-n eta PP-n adibidez, ez dela ondare estimatuegia euskara. Tamalez, euskara ideologizatuta dagoela eta gisa horretako huskeriak esaten dituzte sarrien, euskarari ez entzunarena eta ez ikusiarena egin ohi dioten horiek, eta euskararekin soilik ika-mika maltzur eta partidistarako gogoratzen diren horiek.

Euskal (Euskadiko?) instituzioei ere, omen dagokie hiztunei bidea erraztea. Nola baina? Hezkuntzan edo Osakidetzan hartu berri diren antzeko neurriak hartuz? Lantzean behin, euskaldunoi (euskal hiztunoi) buruz idazten dituzuen gaiztakeriak, zabalduta?

Lehendakari, bazterketarik gabeko bidearen premia dugu euskaldunok bereziki, euskal hiztunok alegia. Euskaldun elebidunak gara euskara eta erdararen jabe. Elebidunok egiten dugu posible erdaldun elebakarrekin elkarbizitza, eta ez alderantziz. Elebakar uniformistek eragiten dizkigute elkarbizitza arazoak; euskarari bizkarra eman eta erdara uneoro inposatu nahi diguten horiek, euskaraz bizitzeko aukerarik urrienak ere, zapuztu nahi lituzketenak.

Aurreiritziak alde batera utzi, eta hurbil zaitez euskaldunongana, Lehendakari. Premia handia baituzu. Premia handia baitugu. Eta hori egiteko gauza ez bazara, utz gaitzazu bakean behintzat. Ez jokatu Koldo Izagirrek idatzi eta Imanol Lartzabalek famatu zueneko kanta zoragarri hartako poeta kaxkarraren antzera, mundua azpikoz gora, dena aldrebes jartzen zuen hark bezala.


(JONJO AGIRRE, ZELAI NIKOLAS, MARTIN REZOLA eta AITOR ESTEBAN Tiraka taldeko kideak dira)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com