|
"Los indígenas nos quedamos en el discurso y ustedes llevan las ideas a la práctica. Esto es una inyección de motivación para sentir que tenemos que llevar a la práctica nuestras ideas". Masaileko bat jasotzea baino hobea da hiru maia, hiru kitxua, bi aimara, bi maputxe eta shuara batekin lau orduz hizketan jardun ondoren beraiengandik hori entzutea.
Geure buruei hainbatetan esan diegu gauza gehiegi egiten ditugula eta pentsatu eta aztertu, berriz, gutxiegi. Izan liteke hori ere egia, baina kanpotik begira etorritakoari hori sentiarazteak ere zer pentsatua eman behar liguke.
Ariketa polita da distantziaz urruti eta kulturalki are eta urrutiago dauden pertsonei, beraiek bezalatsu, egoera gutxituan dugun hizkuntza komunitate bat berreskuratu nahian hemen egiten ari garena azaltzea. Kosta egiten da kokatzea, bakoitzaren egoera ulertzea, eman eta jaso daitekeena zehaztea, gai berari buruzko ikuskera desberdinak ulertzea...
Oraingoan ere (nola ez!), hainbestetan jaten eman digun Debagoieneko eltzean egosi da esperientzia hau. Eta hau ere soilik ideia izango zen aurrena, egitasmoa ondoren, eta egiazkoa orain. Horretan behintzat, diskurtsoan soilik geratzean alegia, ez du indigenen antz handirik Debagoieneko euskalgintzak. Euskal Herriaren nortasunaren bizi-ahalegina eta horretarako garabideen esperientzia, hala nahi duten herriekin elkartrukatzeko kooperazioari Garabide jarri zioten izena (eta bidegara abizena).
Batzuk alfabetoa erabaki gabe, besteak estandarra nola osatu asmatu ezinik eta beste batzuk autogorroto linguistikoan ia itorik bizi badira ere, bizinahia bera izango dute haiek ere hazteko eta Garabidek eskainitakoa garatzeko bide. Batzuetan, hitz-jokoa onartzen bazait, garabi lanak ere egiten dituzte, ahoz aho, arnasa eman nahian beti ere.
Baina, dudan geratzen naiz elkartrukean nor ateratzen ote den garatuago, ustez hartzeko gehiago duena, ala ustez, hori ere, emateko gehiago duena?
Zalantza, azken proiektuaren berri izan dudanean sortu zait. Alegia, euskalgintzak azken lauzpabost hamarkadetan izan duen bilakaera modu kronologikoan, eta hortik abiatuz hizkuntzak biziberritzeko teoria unibertsal bat eta gako nagusiak, hamabi DVD eta liburuxkatan jasotzeko proiektua ezagutu dudanean. Hori dena, hala diote beraiek, "jatorrizko hizkuntza berreskuratzeko bidean dauden hizkuntza komunitateentzat baliagarri izango delakoan".
Aimarentzat, kitxuentzat eta beste hainbatentzat ziur baliagarria izango dela. Eta guretzat ez, ala?
(IÑAKI ARRUTI LANDA Lasarte-Oriako Udaleko euskara teknikaria da)
Iñaki Arrutik erabili.com-en argitaratuak (ikusteko gainean sakatu)
|
|
Barkatu Mari, baina, diozun modura, dirudienez ez duzu ongi ulertu amaiera. Hala ere, badakizu normalean hori ongi azaldu gabe dagoelako izan ohi dela. Artikuluan nik ez dut inoren kontra hitz egiten. Izatez gero, Debagoienako euskalgintzaren alde. Amaieran egiten dudan hausnarketa bakarra da, prestatzen ari diren euskalgintzaren historia hori, dirudienez, kanpoko komunitateei laguntzeko prestatzen ari direla. Eta, Garabidekoek beste komunitateekin egiten dituzten trukeetan gertatzen den moduan, besteei laguntzeko ahalegin horretan, norbera dela onuradun handiena sarri. Besterik gabe.
|