|
Kataluniako funtzio publikoari buruzko legeko 34. artikuluak dio artikulu lakoniko batean Generalitat-eko langileek egiaztatu beharko dutela katalanaren ezagutza ahoz eta idatziz. (Artikulu bakarrean lan asko). Artikulu hori konstituzioaren araberakoa da, gainera. Euskal funtzio Publikoari buruzko Legeak hiru artikulu behar ditu, hori baino gutxiago egiteko.
Gutxiago diot, zeren Osakidetzako lanpostuen % 16k ezarrita baitauka derrigorrezko euskarazko hizkuntz eskakizuna. Gutxitxo, ezta? Nik gehiago nahi nuke. Eta, hala ere, hainbeste aiene, kexa, eta lantu: aski dela, gehiegi dela, profesional onak bazterrean gelditzen ari direla, profesionalen mugigarritasunaren aurka doala hori, gainera perfilak berak zailak direla eta abar, inork ez duela etorri nahi gurera perfilengatik eta profesionalen behar gorrian omen gaude. Bide batez, esan behar da gaur egun Osakidetzako lanpostu bat eskuratzeko euskararen eskakizunak, EPEetan 2006tik burutzen ari denak, Espainiako lege baten sostengua duela: langile estatutarioen lege-markoak, Aznar presidente izanik (beraz, PPko gobernua), osasun zerbitzuetan bertako hizkuntza derrigorrez eskatu ahal izateko artikulua jaso baitzuen: los procedimientos de selección (del personal estatutario), sus contenidos y las pruebas se adecuarán a las funciones a desarrollar en las correspondientes plazas incluyendo, en su caso, la acreditación del conocimiento de la lengua oficial (sic) de la respectiva comunidad autónoma en la forma que establezcan las normas autonómicas de aplicación.
Baina, hizkuntzarena bigarren mailako kontutzat jotzea nahi dute batzuek, osasungintzan atentzio medikoak lehentasuna izan behar baitu. Gainera, hizkuntza-eskakizunek mugagarritasuna galarazten omen dute eta profesional onak uxatzen ei dituzte, profesionalen behar gorrian gauden unean, hain zuzen. Hori guztia egia bada, ados egongo gara, arazo guztien konponbidea Europako profesionalak erakartzea izango litzatekeela -inork ez du zalantzan jarriko munduko profesional onenen artean daudela (ezta?), eta nola hizkuntzari ez diogun erreparatuko...-. Hori guztia bat dator, gainera, Europako legeriarekin eta Batasuneko helburuekin. Beraz, Vive l´Europe! Europarrak gara, zer demonio! Erantzi dezagun txapela eta izan gaitezen mundutar edo europar, sikiera.
Baina, ikuspegi moderno aurrerazalea hori izanik, zer pintatzen du 2008ko Osakidetzako EPEko deialdian, gaztelaniaren ezagutza derrigorrezkoak? Osakidetzako deialdian parte hartzeko, izangaiek bete beharreko baldintzetan, besteak beste, gaztelaniaren ahozko eta idatzizko ezagutza daude. Eta zergatik ez dira haren kontra altxatu hizkuntza eskakizuna gaitzesten dutenen ahotsak?
Derrigorrezko gaztelaniaren hizkuntza eskakizuna eta, gainera, deialdian aterako diren lanpostu guztietan (% 100)? Erdaldunen hizkuntz eskubideen babesa balitz kontua, % 70 nahikoa litzateke, ezta? Ez dira eta gehiago, erdaldunak gurean, euskaldunak heren bat bagara, behintzat (ah, barkatu, euskaldunak elebidun garenez, gu ere erdaldunak gara eta gure erdaldun hizkuntza-eskubideak ari dira babesten, nonbait -Zorionekoak gu, bi aldiz babesten baitira gure hizkuntza eskubideak-).
Ikus dezagun, bada, nolakoak diren gaztelaniazko hizkuntza eskakizun horiek:
Gaztelerazko ahozko eta idatzizko ezagutza modu bitan egiaztatuko da: nahiz Espainolaren Diploma (gutxienez, tarteko mailako B2 edo C1) aurkeztuz, urriaren 31ko 1137/2002 Errege Dekretuak, otsailaren 22ko 264/2008 Errege Dekretuak aldatu duenak, araututakoari jarraiki, nahiz tokian tokiko autonomia erkidegoko organo eskudunek espainola atzerriko hizkuntza moduan egiaztatzeko ematen duten B2 maila aurreratuaren edo tarteko mailako B1 egiaztagiriaren agiriak aurkeztuz, abenduaren 29ko 1629/2006 Errege Dekretuan aurreikusitakoarekin bat.
Beno, hortxe dituzue, ba, gaztelerazko hizkuntza eskakizunak, besteak beste, Instituto Cervantes-ek banatuko dituenak, euskarazkoetan eskatzen ari diren mailaren parekideak erabat. Ez al ginen askotxo eskatzen ari euskarazko hizkuntza eskakizunekin? Eta hizkuntza eskakizun berri hauek espresuki ala inplizituki (zeren espainol naziotasuna dugunok salbuetsita baikaude egiaztagiria aurkeztetik) Osakidetzako langile berri guzti guztiei eskatuko zaie: (% 100), eta euskarakoa, ba, % 16ri, oro har, eta OPEn % 20 ingururi.
Eta ez pentsa gaztelerazko hizkuntza eskakizun hauek Osakidetzaren kontua direnik soilik. Izan ere, badirudi etorri direla gure artean gelditzeko: hezkuntzako maisu-maistren kidegoko funtzionario izateko deialdian, euskarazko bigarren perfila eskatzen zaie guzti-guztiei, baina, beno, batzuei, hiru urteko epea emango zaie perfil hori egiaztatzeko (luzapen bat, izan ere, euskara oso zaila baita). Aldiz, gaztelerazko hizkuntz eskakizun berria emateko ez dago inolako luzapen edo salbuespenik: Oposizio-aldiko probak egin aurretik, nazionalitate espainiarrekoak ez diren izangaiek proba baten bidez egiaztatu beharko dute gaztelaniaren ezagutza, hizkuntza hori behar bezala ulertzeko eta ahoz eta idatziz erabiltzeko gai direla egiaztatzeko. Proba hori baloratzeko epaimahaia izendatuko duen ebazpenean zehaztuko dira probaren tokia, data eta ordua.(Nonbait gaztelera errazago da eta inork ez du eperik behar hura egiaztatzeko, atzerritarra izanik ere).
Bitxia da hizkuntza eskakizun berri hauen kontua, bestetik, sanitateko eremura bueltatuz, Kantabriako Autonomia Erkidegoko Osasun Zerbitzuko 2007ko enplegu publikoko eskaintzan, esate baterako, ez baitago horrelakoen arrastorik. Ez diete europarrei, beraz, Kantabrian gaztelaniaren jakintzaren maila egiaztatu beharraren derrigortasunik ezarri; Errioxan, aldiz, bai; Katalunian baita ere, baina, Galizian ez. Honen guztiaren ondorioak zeintzuk izango diren antzematea ez da zaila: babesten ari da Espainia barruko lan-merkatua, europarrei zailtasun bat ezartzen ari baitzaie gure osasun zerbitzuko langile izateko, eta, bidenabar, bi hizkuntza ofizialetako baten hautua sustatzen ari da, (% 100 vs % 16-20). Baina, eskakizun linguistiko berri honen kontrako iritzirik ez da jaso oraindik, hizkuntza-eskakizunen kontrakoen aldetik.
Hizkuntza komunaren aldekoek badute pozik egoteko motiboa, beste harritxo bat jarri baitute gaztelaniaren aldeko normalizazioan herri honetan, mendez mende luzatzen den kate luze batean beste maila bat da, alegia. Gaztelania inoiz baino sartuago dago gure artean, eta garai baten Pio Barojak euskara ikasi behar izan bazuen Zestoan mediku izateko, gaur egun frantses euskaldun batek gaztelania ikasi beharko du, euskara ez baita nahikoa. Eta Sarako Etxeberri Hondarribiko eta Azkoitiko mediku ezin izango litzateke izan gaur egun, lehenago gaztelaniazko hizkuntz eskakizunaren egiaztagiria aurkeztu ezean. Gero eta europarragoak al gara? Euskara Europako bi estatutan hitz egiten den hizkuntza bat da, gaztelania, aldiz, Europako estatu bakar batean hitz egiten da. Zeintzuk dira europarragoak? Eta zein hizkuntzarena da gaindosia?
(IÑAKI VILLOSLADA FERNANDEZ euskara teknikaria da)
Iñaki Villosladak erabili.com-en argitaratutakoak (irakurtzeko gainean sakatu)
|