 |
¿A las buenas o a las malas? |
 |
2009-07-22 / 08:35 / Iñaki Arruti |
HERRI-ADMINISTRAZIOA |
|
Apirilaren 29an, 17:30ean, Lasarte-Oriako Buenos Aires aldapako 17. atariaren parean, ni bizi naizen etxetik ehun metrora, Ertzaintzaren talde batek gelditu ninduen (auzo)-errepideko ohiko kontrol batean. Laukotea osatzen zuen ertzain-kideetako batek hitz bidea eman zidan, gaztelaniaz: "Buenas tardes, este es un control rutinario de tráfico...".
Nik berarekin euskaraz aritu nahi nuela eta, ezinezkoa zela zirudienez, zerbitzua euskaraz emango zidan norbait eskatu nion, jator. Berak, berriz ere, ez zekiela erantzun zidan. Nik gauza bera errepikatu nion eta ertzain taldeko arduradunarengana joan zen. Handik gutxira, arduraduna etorri zitzaidan "¡Con que con esas estamos!" esanez. Nik, hari ere, euskaraz esan nion aurrekoari esan nion gauza bera: administrazioarekin, Ertzaintzarekin, harremana euskaraz nahi nuela. Hark, ordea, "¿Qué quieres, a las buenas o a las malas?" erantzun zidan.
Handik aurrera, nirekin batera autoan zihoazen bi alaben beldurra tarteko, ertzainak (gaztelaniaz) eskatu zizkidan paperak eman egin nizkion. Paperak aztertzen ari zen bitartean, alabengan jarri nuen arreta eta biak zeuden zurbil. Txikiena (6 urtekoa), isilik. Zaharrena (8 urtekoa), berriz, barruan zituen galderei eutsi ezinik: "aita! Zergatik damaki pistola? (...) Aita! Zergatik esan du gizon horrek hori? (...) Aita! Eta berak zergatik ez daki euskeraz hitz egiten? (...) Eta zergatik ez du ikasi? (...) Aita! Alkateak errita egingo dio, ezta? (...) Aita! Eusko Jaurlaritza euskeraz da, ezta?...".
Aste batzuk pasa dira eta amorrua goxatu zait pixka bat. Nire buruaz, pittin bat bada ere, barre egitea ere lortu dut: TELPeko (Taller de l'Espai Lingüístic Personal) ikastaroak jaso (eman ere bai bateren bat), antzeko hizkuntza-egoerei asertibotasunez aurre egiteko teknikak langai izan... eta gero hau! Nire asertibitate-maila linguistikoak ere topatu du bere inkonpetentzia-maila...
Geroztik, herritar arduratsu gisara, gure hizkuntza-kexetarako bulegoetako izapideak ere bideratu ditut Behatokian eta Elebiden. Familian ere hitz egin dugu gaiaz nire alaben ziurtasun linguistikoa erasanda gera ez dadin. Harrigarria izan da beraientzat hizkuntza-jardun normala denagatik (euskaraz egiteagatik, alegia) pairatutako beldurrezko esperientzia. Amorragarria izan da niretzat tratu hori norengandik eta, zerbitzu on bat emateko familiak zergak ordaintzen dizkion administrazioetako batengandik jasotzea.
Tristeena, ordea, zera iruditzen zait: ertzainen arduradun hark esperientzia hartatik ezer hausnartzekorik ez zuela aterako, seguruenik (ezin dut nire ustea berretsi geroztik ez baitiot galdetu "con esas" hark zer esanahi ote duen beretzat). Are gehiago, uste dut ni errespeturik gabeko burugogor (fundamentalista?) linguistiko bat, edo antzeko zerbait, nintzela esanez bukatuko zutela ertzain-kideen arteko elkarrizketa (agian ez?).
Eta hurrengoan, zer? Alabarik gabe baldin banoa, "A las buenas" euskaraz zerbitzatuko nauen norbait ekarri arte planto egitea pentsatuta daukat. Eta inor ekartzen ez badu, berriz, berak erabaki dezala "a las malas" horrek zer esan nahi duen.
(IÑAKI ARRUTI LANDA Lasarte-Oriako Udaleko euskara teknikaria da)
Iñaki Arrutik erabili.com-en argitaratuak (ikusteko gainean sakatu)
|
Erantzun |
| |
 |
| Nola egin? |
 |
2009-07-22 / 10:43 / Txomin Peillen |
|
Ederki jokatu duzu, baina nola egin Euskaltzain zahar batek Iparraldekoei gehienetan frantsesez hitzegiten digunean?
Txomin Peillen
|
| |
 |
| Oinarri haren ondorena |
 |
2009-07-22 / 11:03 / Jose Luis Ormaetxea |
|
Eskerrik asko, Iñaki, hire esperientzia beldurgarria kontatzeagatik, eta miresten diat hire ausardia hurrengo batean, alabarik gabe bahoa, planto egiteko erabakitasunagatik.
Garbi esan beharra zagok: polizia hau sortzean, PNVk sekulako hipoteka ipini ziguan, eta oinarri harekin orain daukaguna haren ondorena besterik ez duk. Hasiera-hasieratik euskaldun hutsa izan behar zukeen polizia, begira 2009an zertan den!
Ez diat ahazteko orain dela urte mordoxka, 1991n, Arrasateko Ertzainetxean ikusi nuen panorama, han eman bainian gau erdi bat: ez diat uste hango giroak (eman zidaten tratua, irratia, ertzainen arteko komunikazioa...) eta Espainiako edozein polizia-etxetakoak alde handirik izango zutenik.
Ea hire alabek berriro holakorik jasateko paradarik ez duten!
|
| |
 |
| Interpelazioaren estrategia mantendu |
 |
2009-07-22 / 12:26 / Iñaki Zabaleta Urkiola |
|
Arruti adiskidea:
Zorionak euskararen alde egin duzulako eta, batez ere,"herritar/hiritar" giza eskubideen alde egin duzulako. Eusko Jaurlaritzako ertzain askok ez dituzte giza eskubideak errespetatzen (hizkuntz eskubideak barne) eta jokabide nahiko bortitz eta biolento erabiltzen dituzte hainbat alditan. Ez dute demokrazia praktikatzen.
Guk ere unibertsitatean (UPV-EHU), Leioako campusean ezin dugu euskaraz jan eta edan kafetegi eta jantokietan (batean salbu), ez baitigute euskaraz atendituak izateko eskubidea errespetatzen. EIREKA aldizkariaren alean horixe salatu dugu.
Izan ere, ez baitiegu eskatzen ertzainei eta zerbitzari publikoiei euskara ikas dezaten (egingo balute hobe), baizik EUSKARAZ ZERBITZUA EMAN DEZATEN. Horretarako nahikoak lirateke, 20-30 hitz edo esaldi eta zenbaki.
INTERPELAZIOAREN estrategia tinko mantendu behar dugu, alegia, euskaraz egin eta egin eta eskatu ahal den guztietan (euskararen militantzia berriz ere). Bestela, jai dugu.
|
| |
 |
| Horrelako hamaika |
 |
2009-07-23 / 09:45 / Miren Gorritxo |
|
Urte luzeotan horrelako hamaika gertatu dira eta inoiz ere jendearen aldetik konplizitatea jaso beharrean, ia destaina sentitu dugu (ohiko lau "erradikalen" kontua da...).
Ongi etorri errealitatera!
|
| |
 |
| Bakoitzak nahi duen bezala hitz egin dezala... |
 |
2009-07-23 / 10:07 / Jon Etxeberria |
|
Euskara 21 delako prozesuaren haritik hainbat kontzeptu berri agertu zitzaizkigun gure soziolinguistikan. Horietako batzuetan, hain zuzen ere, Espainiatik etortzen zaigun eraso politiko-linguistiko-ideologikoaren eragina nabarmena zen: "hizkuntza hautatzeko askatasuna", "euskararen inposizioa" eta horrelakoak erabiltzen dira, euskaldunak euskara erabiltzeko eta, hitz batean, euskaraz bizitzeko izan beharko genituzkeen hizkuntza-eskubideen kontraposizioan.
Nire ustez, gure subkontziente delakoan halako beldurra edo lotsa sortarazi digute gure eskubideak aldarrikatzeko, hori inposizio bat delakoan (inposizioa gurea, baina ez gaztelania edo frantsesarena).
Ildo horretan kokatu nituen Iñaki Arrutik, nire harridurako, aldarrikatu zituen hainbat kontzeptu. Nire hemerotekatik eskuratu ditut hartan Diario de Gipuzkoan Iñakik egindako adierazpenak: «Arrutik "elkarrizketa elebiduna normaltasunez gizarteratu" beharra nabarmendu du. "Bakoitzak nahi duen bezala hitz egin dezala, baina horretarako elkarrizketa bat mantentzen dutenek bi hizkuntzatan maila bat izan behar dute. Bestela azkenean gaztelaniaz hitz egiten bukatzen dugu"».
Esan bezala, hartan harrigarria iruditu zitzaidan gizarte ez-elebidun (elebidun bakarrak euskaldunak baikara) eta ez-orekatu (diglosiko) batean horrelakoak aldarrikatzea. Eta horren aplikazioa Iñakik orain kontatzen digun pasadizoan dugu: bakoitzak nahi duen bezala hitz egin dezala... baina euskaraz hitz egin baduzu, kasu, agian komisaldegian eta epaitua bukatuko baituzu!
|
| |
 |
| Animo eta eskerrik asko |
 |
2009-07-27 / 13:52 / JJ Agirre |
|
Ez dirudi Arrutik orduan proposatutakoek zer ikusirik dutenik ertzainengandik jasandako tratu negargarriarekin. Hitzak, proposamenak edo direlakoak ez lirateke testuingurutik atera behar.
Animo Iñaki, eta eskerrik asko gertatutakoa publikoki salatzeagatik.
Ea orain hizkuntza askatasunez aukeratzeko eta erabiltzeko eskubidea hain ozen defendatzen omen dutenek maila ematen duten, boterean daudelarik (esan gabe doa aurrekoek ez zutela lortu).
|
|
Erantzun |
|