|
Udaltop, udaletako euskara-zerbitzuen topaketak egin zituzten joan den maiatzean Lasarte-Orian, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta hango Udalak Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren eta EUDELen laguntzarekin antolatuta. Mikel Zalbidek topaketa haietan egindako hitzaldia ekarri dugu hona. Hau, jardunaldiotako material guztia bezalaxe, Udaltop webgunean aurkitzen da.
Sarrera moduko azalpena
Sarrera moduko azalpena
Istorio txiki batekin hastera noakizue. Hitzaldi hau nondik datorren, nola osatu dudan eta zergatik: hori azaldu nahi nizueke sarrera honetan. Has nadin beraz aurreko puntatik: Iñaki Arrutik gonbidaturik nator zuen artera. Aspaldiko ezaguna dut Iñaki. Ezaguna eta zinez estimatua. Lan kontuan zein bestelakoetan harreman handirik izan ez badugu ere urte luzez, badugu elkarren berri. Estimu handitan dut bere ibilbide profesionala. Gogoeta-saiozko bere hainbat ekarpen ere bai. Bietan da Iñaki mugarri: ekarpen aberatsik egina digu guztioi, aspaldidanik. Bidegile ez ezik bide-erakusle ere badugu hainbat kontutan. Hori bakarrik ez: bidegilez eta bide-erakuslez gainera bidelagun ere badugu. Bereziki eskertzen da azken hori. Nor geure bidetik gabiltzala ere, aparteko poza eransten digu bidelagunen anparoak: estropada berean ari garela arraunean, hori gogorarazten digu. Arraun-lagun izate horrek gogaide ere bihurtzen gaitu hortaz, hainbatean: iritziz eta jokabidez era askotakoak izanik ere, bideak egiten gaitu bidaide. Ezin nolanahi hautsizko lokarriz bildu ohi gaitu horrek, maiz asko, euskalgintza instituzionalaren traineru honetan dihardugun gehienok.
Ez nintzen erabat harritu, horregatik, Gabonak aurrean Iñaki Arrutiren telefono-deia jaso nuenean. Argi eta zehatz azaldu zidan kontua. Berariazko jardunaldia antolatzen ari zinetela, EUDELen eskutik, udaletako Euskara Zerbitzuetako arduradun teknikook. Programa osatzen ari zinetela 2009ko maiatzerako, eta hizlari-zerrenda zehazten. Horretarako deitzen zidala, hain zuzen: jardunaldian sarrera-hitzaldia emango al nukeen. Nik ezetz: eskerrik asko baina ez zela posible. Lepazamarreraino nengoela lanez. Beste batean beharko zuela. Bera ere ez izaki, ordea, erraz etsitzekoa. Bazekien zartaginari kirtenetik nola heldu. Hala esan zidan xuabe-xuabe: ez neukala hutsetik hasi beharrik. Hain aspaldi ez dela, ekarpentxoa egina nuela HPSren Euskara 21ean. Bazegoela hor hitzaldi honetarako lehengai egokirik. HUISeko Ulibarri proiektuen sailean, bestalde, urteroko sakontze-ikastaroa egin berria genuela Leioan, eta horko nire sarrera-hitzalditxoa ere eskueran neukala, erreferentzia (eta lehengai) moduan. Euskararen erabilera normaltzeko legearen mende-laurdeneko kariaz argitara berria nuen txosten luzetik ere ikusten zuela berak, jardunaldi honetarako material apropos samarrik. Hots: maiatzekoa prestatzen ez neukala hutsetik hasi beharrik. Konforme zinateketela antolatzaileok, lehendik eskuartean darabiltzadan hiruzpalau puntu nagusi jardunaldi honen perspektibara egokiturik azalduko banitu. Egin berriak nituen lan horiek batera bilduz, nobedade handirik eskainiko ez banuen ere bazegoela hor Udaltop-en langintzan ondo samar txerta zitekeen konturik.
Hor "deskuidatu" nintzen: baietz, azalpen horietan bazegoela akaso udal-zerbitzuen jardunerako balio zezakeen gogoeta-gairik. Berak aipaturikoez gainera besterik ere banuela eskuartean, bukatu berririk. Nahi bazuen pasako nizkiola emailez, berak azter zitzan eta balora. Horrela izatekotan ontzat emango nuela maiatzean zuen artera agertzea. Bestela ez nuela modurik ikusten. Hainbat konpromiso harturik nuela aurretik, Euskaltzaindian eta handik kanpora (diglosiari buruzkoa tartean), eta horiei eman behar niela lehentasuna. Iñakik baietz: pasatzeko lehenbailehen azken hilabeteetako txosten horiek. Gabonetan begirada bat emango ziela eta Erregeenak pasatakoan hitz egingo genuela. Baita egin ere. Argibide artezik eman zidan Gabonetako bueltan. Lehendik eginik nituen lantxo horietan hiruzpalau puntu ikusten zituela berak, maiatzeko jardunaldirako apropos samarrak. Horiekin prestatuko al nuen beraz, inporta ez bazitzaidan, nire azalpena. Baietz, egingo nuela: horretaraino konprometitzen nintzela.
Horrela izan ziren kontuak. Urtarril-otsailetan itxi genuen tratua. Hori duzue beraz, funtsean eta labur bilduz, aurkezpen honen sorburua. Erretal-zatiz egina da gaurkoa, hirutik bitan. Barkatuko ahal didazue, batek baino gehiagok, hemen esatera noana lehendik ezagun(egi)a baldin baduzue. Ez naiz gauzak hain gordin errepikatu zale, baina gaurkoan hala beharko du. Saiatu naiz hainbatean, nire azalpen hau hasieran agindutakoa baino zerbait gehiago berritzen, egokitzen eta moldatzen. Saiatu naiz, orobat, gai-jartzaileak egindako kezka-galderari erantzun modukorik bilatzen. Hortik aurrerakoan, beti bezala, entzule-irakurleok duzue hitza.
Zertaz jardungo dugu gaurkoan, eta nola?
Aurrez aurreko jardunak HINBE-saioetan duen lekua aztertu nahi dugu gaurkoan. Hori ikertu edota, nahiago baduzue, gai-jartzaileak egindako galdera-sortatxo hau aztertu (eta, ahal den neurrian, argitu) nahi genuke: "Nola eragin liteke gertuko harreman-sare informal horietan (familia, auzoa, lagunak...) funtzio nagusietan eragin gabe? Edo, horietan ere eragin behar dela pentsatuz, non eta nola jarri behar genuke muga, lehentasunezko(en)ak ez diren horietan? Edo, praktikoagoak izanda, udalerri bat hartu eta hor abian diren egitasmoak aztertuta, gai izango ote ginateke bereizteko zeintzuek elikatzen duten HINBEko 6. urratsa eta zeintzuek ez?"
Ez da galdera(-sorta) makala. Bai, aldiz, euskalgintza instituzionalean ari garen guztiontzat ezin alboratuzkoa. Norabide egokian ari al gara arraunean? Olatuaren txanpa nola aprobetxa dezakegu egokien? Noiz ekin behar dio lemazainak ziabogari? Noiz egin behar du ezker, noiz eskuin? Galdera on batek urrea balio du, bidean aurrera egingo bada. Halakoa da, nire ustez, Iñakiren galdera-sorta. Zaurian jarri du hatza. Ez inori min egiteko asmoz, zauria sendatzen laguntzeko intentzio argiz baizik. Hori da bidea. Gatozen beraz izenburuaren mamira eta gai-jartzailearen galdera-sorta horretara. Kontura gaitezen, hasteko, solasgai horrek atal bat baino gehiago duela bere altzoan. Zertaz ari garen nahastuko ez bagara, bateratze-saiotxoa eskatzen du osagai-aniztasun horrek. Izenburuak eta galdera konkretuak berekin dituzten lau puntuon inguruko kontzeptu-argitzea:
1. Zer da aurrez aurreko jarduna?; 2. Zer dira funtzio (edo jardun-gune) nagusiak?; 3. Zer dira gertuko harreman-sare informalak?; 4. Zer dira HINBE-saioak? |
Kontzeptu-argitze hori egin samarrik dugula iruditzen bazaigu, gai-jartzailearen sakoneko galdera nagusietara pasa gaitezke. Oker ez banago hiru korapilo ditu Iñakiren planteamenduak, artez edo moldez askatu beharrekoak:
a) posible al da gertuko harreman-sare informaletan eragitea, jardun-esparru nagusietan eragin gabe? b) non eta nola jarri behar dira lehentasunak, eta horren arabera noiz-nola mugatu lehentasunezkoak ez diren esparruetako saioak?; c) udalerri bateko lan-programetan zeintzuek elikatzen dute HINBEko 6. urratsa, eta zeintzuek ez? |
Kontzeptualki argitu beharreko lau puntu, eta inplementazio praktikoaren aldetik zehaztu beharreko hiru gai, ditugu beraz mahai gainean. Hori dugu gaurko eginkizuna. Lehendik idatzia daukadan hainbat material berreskuratuz batetik, eta propio honetarako idatziak txertatuz bestetik, egingo dugu beraz saioa. Saioaren lan- metodologiaz hitz bi esan nahi nituzke, aurrera jo baino lehen. Gaurkoa ez da, argi esan zaidanez, Lasarteko problematika soziolinguistikoa aztertzeko jardunaldia. Euskal herri osorako errezeta konkretuen azoka ere ez, ordea. Hain egoera diferenteak izanik han eta hemen, bistan da orotariko gaietan zentratu beharko dugula: gehienontzat baliozkoa izan litekeen azterbidea, kontestu jeneralekoa, analizatu beharko dugu horretarako. Hori ez da bat ere erraza: Asteasurako planteamenduak nekez izan litezke Basaurin (ez burutik burura eta ez, hainbatean, nagusiki ere) aplikagarri. Balio-indar zabaleko baina, hainbatetan, zehaztasun mugatuko planteamenduak egin beharko ditugu beraz, gaurko saio hau gehienon probetxugarri gerta dadin.
Imajina dezagun burutazio hutseko kasu bat. Har dezagun Arakistaingo udala: hango kontuez jardungo dugu gaurkoan, besterik esaten ez dugunetan. Herriaren izena asmatua da; izana ez hainbat. Demagun bere 3.500 biztanleekin "udalerri euskaldun samarra" osatzen duela Arakistainek. Bertako biztanleen gehiengo zabalak euskaldun aitortzen du bere burua; besterik da herritar horiek zenbat, eta noiz-non-norekin-zertaz, egiten duten euskaraz. Arakistaingo jardun-gune nagusiak eta harreman-sareak (tartean informalak) definitzen saiatuko gara, batetik. Hango egoera kontuan izanik zentzuzko lehentasunak ezartzen ahaleginduko gara, bestetik. HINBEren seigarren urratsa probetxuz (arrazoizko eragimenez) elikatzen duten lan-programak, eta ez dutenak, taxuz bereizten saiatu beharko dugu azkenik. Hori eskatu digu gai-jartzaileak.
Badakit ondo asko, zuetako hainbatek etsia hartua izango duela dagoeneko, goiko hori irakurrita: "Arakistain baino ondotxoz udalerri haziagoetan bizi da gaur egun euskaldun-jendea. Lasartera begiratu besterik ez dago. Arakistain hori baino ondotxoz zabalagoa da, bizilagunez, egungo Lasarte. Zer esanik ez Irun, Eibar, Barakaldo, Getxo. Eta zer esanik ez, jakina, hainbat euskaldunen bizileku (eta are gehiagoren langune) ditugun Bilbo eta Donostia, Iruñea eta Gasteiz. Herri haziago horietan eta hiriburu nagusietan dago, benetan, gaurko gizartearen barizentroa. Hor dago beraz benetako problema. Horri erantzun behar genioke, ipuinetako Arakistain-ak eta han-hemengo Arakistaintxo-ak alde batera utzita. Horiek gai dira, berez, orain arte bezala euskaraz jarduteko. Besteetan daukagu arazoa". Baliteke gauzak horrela izatea: egiaren zati on bat, nolanahi ere, berekin du arrazoibide horrek. Nik ez dut uste, ordea, gauzak justu-justu horrela direnik.
Demografiaren informazio minimoa badut nik ere, neure eskasean. Ez naiz hain itsua, jende gehiena non bizi den eta (lanean, aisialdian, kirolean,..) bere ordu gehienak non pasatzen dituen ahanzteko. Gauza bat da ordea jende gehiena non bizi den eta nagusiki non (zein espazio fisiko eta zein espazio soziofuntzionaletan) interaktuatzen duen jakitea, eta bestea euskararen gaurko "bizi nahi eta ezin"aren sokatira nagusia non gertatzen ari den ikustea. Nork esan du Irunen, Barakaldon edota Gasteizen dagoenik egungo hizkuntza-arazoaren barizentroa? Nork esan du euskara batez ere Agurainen eta Portugaleten ari denik gainbehera, bere buruari eutsi ezinik? Zertan oinarriturik diogu hori? Nola zegoen orain, eta nola dago orain, etxean eta kalean, auzoan eta lantegian? Ez ote da egia osoagoa, benetakoagoa, Urnietan eta Bermeon dagoela, azken hamarkadotan, euskarazko jardunaren benetako arazoa? Orain baino nabarmen gehiago egiten zela horrelako lekuetan euskaraz, orain dela 30 urte? Ez ote dakigu leku horietan ari dela ura euskal ontzira zorrotada bizian sartzen? Ez ote da egia horietan ari direla euskarazko jardun-guneak ahultzen, euskarazko harreman-sare arruntak (giza arteko bizimodu informal eta intimoaren gatza eta piperra berekin dutenak) gesaltzen eta indargabetzen, artifizialtzen eta fragmentatzen?
Errazegi makurtzen gara errazera, erosora, begien bistakora. Errazegi kulunkatzen gara noranahiko formulazio jeneraletan, eguneroko bizimodu bihurriari berez dagozkion ezaugarriak gure formulazio jeneralean eta diagnostiko partikularretan behar bezala integratu gabe(1). Formulazio eta diagnostiko artezik gabe, berriz, zer lehentasun modu ezarriko dugu? Gurera itzuliz: Arakistaingo kontuak ez dira guretzat Bilbokoak edo Irungoak baino garrantzi txikiagokoak, nahiz eta jende gehiena hiriburuetan, herri hazietan eta horien gerri-bueltan bizi. Diferenteak dira, hainbat aldetatik (ez erabat) Arakistaingo eta Bilboko arazoak. Diferenteak dira eta, nire ustez, Arakistainen (eta bera baino herri-herrixka txikiagoetan) nabarmenago ageri da une honetako arazo nagusia: inon baino ageriago daukagu Arakistainen eta Arakistaintxo askotan, euskara indarberritzeko orduan eskuartean daukagun arazorik urjenteena: etxean eta auzoan, kalean eta (partez) lantegian euskaraz egiten den ingurumenetan eguneroko mintzajardun horri bizirik eustea. Demografikoki minoritario izatea arazo kuantitatibo garrantzitsua da. Eguneroko bizimoduan euskara bizirik egotea ez da ordea, urrundik ere, demografiazko arazo huts; nagusiki demografiko ere ez, hainbat kasutan. Hori baino arazo handiagoa da desoreka horren oinarrian dagoena.
Aipagai dugun arazo hori ez dago, gainera, Arakistainen eta bera baino txikiagoko Arakistaintxoetan bakarrik. Arazo hori dute, hainbatean, etxean eta kalean orain punttura arte nagusiki (auzo eta jardun-gune batzuetan bederen) euskaraz egin izan den eta orain, urtetik urtera, erdara nagusitzen ari den herrietan, batez ere bertako jardun-gune eta harreman-sare hurbil-informal-ahozkoenetan. Arazo hori bizirik dago beraz, oker ez banago, Lasarten ere. Bizirik dago orobat (parte meharragoan agian) Irun-Errenterietan, Eibar-Durangoetan, Donostiako zenbait auzotan (Añorgan, Aieten, eta Igeldon, esate baterako) eta Getxon edo Gernikan. Arazo horren aztarren xumerik ez da falta azkenik, oso neurri txikian bada ere, Iruñean eta Bilbon(2). Ingurumen askotan dago arazo hori, hein batean edo bestean. Diferentzia handiak daude horretan, ordea, batetik bestera: hori da kontua. Leku gehienetan egonik ere arazoa, argiago eta larriago ageri da, oro har, Arakistainetan eta Arakistaintxoetan. HINBEren 6. pausoa baldin badugu aztergai, eta ez behereneko hirurak, Arakistainek eta Arakistaintxoek (hots, nolabaiteko euskal "arnasguneek") eskaintzen dute arazo hori ongi aztertzeko eta probetxu handienez konpontzeko leku egokiena. Besoko ebakia nola konpondu behar den ikasi nahi duen medikugaiak larrialdiko gunean du ikasleku oparoena. Badago, motibo horrezaz gainera, Arakistain-ak eta Arakistaintxo-ak begien bistatik ("demografiak argi asko azaltzen baitu kontuak nola diren") ez galtzeko motibo emendiozkorik: HINBEren 6. urratsa baldin badugu xede ingurumen horiek eskatzen dute, gure aldetik, lehentasunezko trataera(3). Horiek dira nire lan-hipotesiak. Horietaz jardun nahi nuke gaurkoan, aurrez aurreko harreman-sareez eta jarduera informalaz hitz egiterakoan.
1. Kontzeptu-argitzea: bateratze-saiotxoa
Lau kontzeptu argitzen saiatu behar dugu, esan bezala. Hona laurak, goiko ordena berean: Zer da aurrez aurreko jarduna?; Zer dira funtzio (edo jardun-esparru) nagusiak? Zer dira gertuko harreman-sare informalak?, eta zer dira HINBE-saioak? Has gaitezen lehenengotik.
1.1. Aurrez aurreko jarduna, aldakuntza-iturrien argitan
Jarduna diogunean, mintzajardunaz ari gara noski: alemanezko Sprachverhalten, ingelesezko language (zenbaitetan speech) behavior eta gaztelaniazko comportamiento lingüístico delakoaz. Hots, solaskide biren edo gehiagoren arteko interakzio berbalaz. Zer da, berriz, aurrez aurreko mintzajarduna edo aurrez aurreko jarduna? Pertsona bi, hiru edo n elkarren ondoan daudenean (aurrez aurreko presentzia fisikoa konpartitzen dutenean) eta elkarrekin hizketan ari direnean osatzen den hizketa, guztiak izanik mezu-jasotzaile eta mezu-igorle, ez jasotzaile huts, nor bere txandan. Baldintza horiek betetzen dituen jardunari esaten diogu aurrez aurreko jarduna. Jarduera horretan sartzen dira, adibidez, bai etxe-giroko berritsuketa informal-intimoa eta bai ikertzaile-talde baten Biltzar-aretoko elkar-hizketa jasoagoa. Hori genuke bere azalpen prototipikoa. Lau osagai nagusi ditu, horren arabera, aurrez aurreko jardunak: 1.- solaskideak elkarren ondoan, elkarren presentzian, aurrez aurre daude; 2.- interakzio betea: solaskide guztiak dira mezu-jasotzaile eta, potentzialki bederen, mezu-igorle); 3.- egokitasun kontestuala: aurrera daramaten hizketa kontestu jakin horri dagokion modukoa da (situazioak berez eskatzen duen modukoa), eta 4.- elkar-ulergarria: solaskide guztiek konpartitzen dute, nork bere aldaera-sortatik, besteek darabilten aldaera bera edo, gutxienez, solaskideen aldaera-sorta osotik abiatuz ulergarria den hizkera-moldea. Horrela gertatzen da, esate baterako, asteko erosketak egitera plazaratu den Erdi-kaleko Inaxi, pasteltxo barrubete goxoez Bergaratik etorritako Antton eta espresuki kapoiak saltzera hurbildu den Aizarnako Ines Azpeitiko azokan elkarrekin txutxu-mutxuan ari direnean(4). Horrela gertatzen da, orobat, Euskararen Aholku batzordeko hiruzpalau kide, bertako batzorde-atal bereziren batean, aurrera begirako status-plangintzaren lehentasun posibleak analizatzen eta baloratzen hasten direnean. Aurrez aurreko jarduna da beraiena ere. Azpeitiko azokakoa bezain jardun betea, nahiz eta oraingoan ahozko jarduera hutsaz gainera irakurrizkoa (eta, agian, idatzizkoa) erantsi beharko dioten beren jardunari eta (agerbideagatik zein situazioagatik) hizkuntza-aldaera diferentea nagusituko den oraingoan. Aholku batzordearen aditu-ataleko aldaera horrek euskalki-bereizgarri gutxiago du berekin, elaborazio-maila handiagoko terminologia teknikoa darabil sarri eta, hainbatetan (ez beti), esaldi-moldaera landuagoa, "interbenituago"a du. Euskaraz ari dira harreman-sarexka biak, baina oso era berezian bata eta bestea. Barregarri litzateke Azpeitiko azokan (eta, horrenbestez, adar-jotzeko ez bada onartezin) Inaxik Anttoni "zein faktorek iragartzen du ongien zure barru-bete delizius horien iraungitze-data?" galdetuko balio. Hori bezain harrigarri (eta, horrenbestez, onartezin) litzateke Lakuako bilera-areto nagusian, batzorde-atal horrek azken bi urtean "etnolinguistikazko bizitasunaren aplikazio operatiboa"z garaturiko lana EAEko normalkuntza-teknikariei agertzeko eratu den ekitaldian txosten-aurkezleak honela esango balie bertara bilduei: "ez zioagu bat ere itxura oneko trazarik hartzen konpigurazio sozio-eztakizer-en xelebrekeria horri: a zer kuuxidadea!". Kontzeptuarena ez baina aurkezlearena litzateke xelebrekeria, baita kuriosidade falta ere, hiztun-talde jakinen konfigurazio sozioprofesionala horrela azalduko balu. Labur bilduz: kasuan kasuko aldakuntza-iturriek eragindako aldeak ukatu gabe, fenomeno berberaren aurrean gaude kasu bietan. Aurrez aurreko jarduna dugu, funtsean, bai Azpeitiko azokakoa eta bai Lakuako areto nagusikoa. Mintzajardunaren situazio-markatzaileek, nork-norekin-noiz-non-zertaz diharduen azaltzen duten elementuek, esplikatzen eta, partez on batez, determinatzen dute kasu bateko eta besteko jardunaren berezitasuna.
Horrela esanda, badirudi asko aurreratu dugula: badakigu aurrez aurreko jarduna zer den. Hori baino gauza sinpleagorik, betikoagorik,.. Esan beharrik ere ba al zegoen hain gauza argia? Ez dira ordea gauzak, askotan, lehen begiratuan dirudien bezain errazak. Eguna ez dugu gehienok (ezta Inaxik, Anttonek eta Inesek ere) Azpeitiko edo ez dakit nongo azokan pasatzen. Are gutxiago aholku-batzorde baten altzoan edo hango emaitzen aurkezpen-ekitaldi ofizialean. Bestelako zeregin arruntagoez betetzen dugu sarri eguna. Azken urteotan telebista ikusten, telefono mobiletik hizketan edo internet bidez konektaturik pasatzen dugu, adibidez, egunaren zati bat. Zer gertatzen da telebistaren aurrean jartzen garenean? Zer gertatzen da telefono mobiletik, uste baino beranduago etxeratuko garela esateko deitzen diogunean emazteari? Zer gertatzen da etxeko gazteak chat-ean ari direnean, eskolako edo auskalo nongo solaskide elektroniko ezagun edo ezezagunekin? Aurrez aurreko jarduna al da hori ere? Aurreko definizioaren arabera, gauzak estu-estu hartuta, Kalaka ikusten ari den Inaxi ez da aurrez aurreko jardunean ari. Ez du horretarako baldintza bakar bat ere betetzen: Euzkitze eta gainerako solaskideak ez daude bere ondoan, aurrez aurre, nahiz eta aski ezagunak izan eta birtualki "hor bertan" agertu, bi metrora daukan telebistaren pantailan; kalakariek zer dioten argi asko entzuten du Inaxik (aditu ere bai), baina ezin du eztabaidan parte hartu: mezu-jasotzaile da, baina igorle (mezu-igorle arrunt, bederen) ez. Gatozen beste kasura. Antton telefono mobiletik ari denean emaztearekin, edo chat bidez ari direnean Inesen seme-alabak beste gazte batzuekin, ondo betetzen dute bigarren baldintza (mezu-jasotzaile izateaz gainera mezu-igorle dira), baina lehenengoa ez: ez daude aurrez aurre. Interakzio hori aski bizia da, baina ez da aurrez aurrekoa. Bere interaktibotasun bizi horrek ez ote du, ordea, bien arteko distantzia (ez fisikoa, baina bai operatiboa eta are emozionala) nabarmen laburtzen? Ez ote gaude dirudien baino hurbilago, aurrez aurreko presentziatik? Demagun, partez behintzat, baietz. Orduan ere kasuak eta kasuak bereizi beharko genituzke ordea: ez da gauza bera telefonoz emaztearekin jardutea, bixi-bixi, edota internetez ari izatea, idatziz (ez hitzez), lan-esparruko azken azokan unetxo batez ezagutu genuen Zamudioko profesional batekin. Egoerak nolabait berdindu nahi izate horrekin ez ote gara diferentzia esanguratsuak (batean adierazpidea: hitzez jardutea edo idatziz; bestean situazioa: formala, informala edo intimoa) errazegi ahanzten ari? Baietz esango lizuke ofizioko soziolinguistak. Fastidioa irudituko zaizula agian, baina mintzajardunaren muinera hurbildu nahi baduzu xehetasun horiek ere zenbait momentutan kontuan izan behar dituzula esango lizuke seguruenik.
Hasierako bi adibide prototipiko haietan eguna baino argiagoa zirudien definizioa matizatu eta zehaztu beharra sortzen dizu soziolinguistaren gomendio horrek. Uste baino konplikatuagoa da kontua. Mintzajarduna aldatu egiten da sarri, hiztun berearen kasuan ere, hainbat faktoreren arabera. Jardun hori aurrez aurrekoa izan ala ez izan garrantzitsua da, bai: baina ez da hori aldakuntza-iturri bakarra. Zein dira beste aldakuntza-iturriak?
- 1.1.1. Mintzajardunaren aldakuntza-iturriak
Gizakion arteko harreman-sare batzuk uniformeago dira, eta beste batzuk dibertsifikatuago. Batzuk zabalago, urrunagoko eta inpertsonalago dira, eta beste batzuk mugatuago, pertsonalizatuago eta aurrez aurrekoago. Harreman-sare horiek eusten diote gizakion mintzajardunari. Horiek pizten dute ahozko eta idatzizko jarduna; horietan mamitzen da jaso-igorrizko jarduna; horiek bideratzen dute, orobat, jarduera formala, informala eta intimoa. Hori guztia kontuan izan behar du hizkuntza-soziologoak edo soziolinguistak, kontuak argi samar atera nahi baditu. Ez da berdin A ezaugarriak dituen harreman-sare bat aztertu, B ezaugarriak dituena edo N ezaugarrikoa. Solaskide biren edo gehiagoren interakzio berbala zehazterakoan situazio-kontestuak markatzen du, sarri asko, mintzajardunaren zenbatekoa eta nolakoa. Segun norekin ari garen, noiz-non eta zertaz, halakoa izan liteke gure jarduna ere. Amonari ez diozu, oso zure onetik atera ez bazara behintzat, "hago isilik, sudurrandi purtzil hori!" esango. Ez eta hamar urteko semeari, non eta metaforazko txantxa moduan ez diharduzun, "zer afaldu nahi du berorrek, Iker?" galdetuko. Kontestuak agintzen digu, horrelakoetan, zer den aizu eta zer ez. Kontestuak erakusten digu, orobat, ele biko situazio askotan zer den bideragarri-desiragarri-onargarri, eta zer ez. Hizketa-bidearen aniztasun hori ezin ukatuzkoa da, bai hizkuntza bakarraren aldaeren distribuzioan eta bai hizkuntza biren edo gehiagoren artekoan. Mintzajardunaren berezko aldakuntza horiek direla-eta, hiru iturri dira funtsean kontuan hartzekoak: agerbidea (ingelesezko media), zabalera (ingelesezko overtness) eta situazioa (erdal jatorrizko situation gehi, aplikazio praktikoari dagokionez, kasuan kasuko situazioari propioen dagokion estiloa). Ondoko sailkapenak biltzen du, labur bilduz, aldakuntza-iturrion sintesia:
- a) agerbidea (ingelesezko media). Hiru elementu nagusi ditu agerbideak: hitz egitea, irakurtzea eta idaztea(5). Hiru agerbide horiek badute loturarik, bistan denez, hiztunon ohiko gaitasunekin: agerbide horien parez pare doaz mintzamena, irakurmena eta idazmena(6). Agerbidea eta gaitasuna ez dira gauza bera ordea.
- b) zabalera (overtness). Hiru elementu nagusi ditu zabalerak ere: barne-hizkera, mezua jasotzea eta mezua igortzea(7). Aurreko puntuko agerbide horietariko batek, hitzezko jardunak edo hitz egiteak, berezkoak-edo ditu hiru zabalerak. Irakurketari bi atxikitzen zaizkio, aldiz, eskuartean izan ditudan nagusitasun-moldaera gehienetan, eta idatzizkoari bakarra. Aurrerago ikusiko dugu hori, adibide praktikoz horniturik.
- c) situazioa. Aldian aldiko erabilera-kontestuak markatu ohi du situazioa: nork norekin diharduen hitzez edo idatziz, noiz-non, zertaz eta zertarako. Situazio horri ongien egokitzen zaion estiloa erabiltzen da, sarri, markatzaile gisa. Eskuartean dugun eginkizunerako, hiru elementuok har litezke erreferentzia moduan. c1) situazio (eta horri dagokion estilo) formala: jasoa, landua, jendaurreko hizkera edo idazkera zaindua; c2) situazio (eta horri dagokion estilo) informala: kolokiala, lagunarteko hizkera (gutxiagotan idazkera, baina bai chat-eko edo zenbait e-mailetako) bizi-piperduna, zuzentasunari baino gehiago bizitasunari eta inpresio-lanketari begiratzen diona, eta c3) situazio (eta horri dagokion estilo) intimoa: barrenkoia, barne-emoziorik gordeenak azaltzeko edo iradokitzeko aplikatzen dena, konfiantza handiko giroan (edo haren antzezpen-egoeretan). Horrelakoa da, adibidez, senar-emazteek edo lagun minek zenbaitetan elkarrekin eratzen dutena.
Ez dago dudarik: segun hitzez ari garen edo idatziz, mezua jasotzen ari garen edo igortzen, situazio formal batean dihardugun (jendaurrean, hitzaldi landu bat emanez) edo informalean (lagun zaharrekin, taberna-zuloan) aukera handiak ditugu hizkera bat ala beste erabiltzeko. Hizkera bat ala beste egitetik harantzago, zenbaitetan, euskaratik erdarara (edo alderantziz) eramango gaitu kontestu-aldakuntza horrek. Ez al dugu inoiz ikusi euskaraz (herriko mintzamoldeaz, eskualdekoaz, are errejistro formal samarraz) zoragarri mintzo den hiztunik, paper baten aurrean jarri orduko zuzenean erdarara jotzen duenik? Hain ezdeusa eta garrantzi gabea ote da goiko ohar-sorta hori? Ez dut uste adituak oker dabiltzanik. Garrantzitsua da zinez, guretzat ere, mintzajardunaren aldakuntza-iturriak gogoan izatea. Gizatalde batek une jakinean zer hizkuntza darabilen ganoraz aztertzeko, funtsezko zehaztapena da hori.
Ez da zehaztapen bakarra, ordea. Bestelako bereizgarririk ere behar izaten da sarri, eguneroko bizimoduak berekin dituen rol-harreman eta harreman-sare anizkoitz, zabal eta korapilatsuak analizatu behar direnean. Kaleko eta etxeko jarduera arruntenaz gainera beste hainbat jardun-gunetakoa ere kontuan hartu behar izaten da halakoetan. Jardun-gune horietako rol-harreman adierazgarrienak aintzakotzat hartu eta, horien bildumaz, gizarte-bizitzan eratzen eta gailentzen diren harreman-sare nagusiak kontuan hartu behar izaten ditugu halakoetan. Aldakuntza-iturriez gainera funtsezkoak dira, hortaz, beste elementuok ere: funtzio edo jardun-gunea batetik, eta bere baitako rol-harremanak bestetik(8). Aldakuntza-iturria bezain erabakigarri izan litezke beste biok eta, nolanahi ere, erabakimen handia dute hirurek elkar harturik. Azter ditzagun lehenik jardun-guneak edo funtzioak.
1.2. Jardun-guneak (funtzioak(9))
Erraz defini litezke, intuitiboki, jardun-guneak, ingelesezko domains of language use edo domains of language behavior direlakoak. Banaka defini litezke jardun-guneak errazen. Has gaitezen etxetik: "etxe-giroak eta familiak" elkarrekin osatzen duten multzoa jardun-gune tipikotzat hartu izan da eskuarki. Kale-bizitzak, lan-munduak, hezkuntzak eta komunikabideek ere aparteko gune-trataera izan ohi dute gehienetan. Badirudi antzeko jarduera-arau batzuek agintzen dutela etxean (oro har, familian), beste batzuek kalean, berariazko arauek eskolan, bestelakoek administrazioan eta abar. "Euskara eskolara, administraziora eta komunikabideetara" oihukatzen genuenean jardun-gune nagusi batzuk seinalatzen ari ginen euskaltzaleok, 70eko hamarkadaren bigarren erdian, jakinaren gainean edo ustez uste gabean. Intuizioz geniharduen gehienok, oker ez banago.
Intuiziotik arrazoi-bidezko konstruktuetara pasatzean izaten dira lanak. Nola definitu zehazki, ahal delarik unibokoki, jardun-gunea zer den? Jardun-gunearen definizio jeneral eta unibokorik ez dago, dakidala, inon(10): ez jardun-gunea zer den, berez, eta ez zenbat jardun-gune diren guztira. Bada bederatzi jardun-gune zehaztu izan duen autorerik(11); jardun-guneak bi alorretara mugatu dituenik ere bada ordea. Zentzuz jokatu behar da, hortaz, jardun-guneen kontu honetan: kasuan kasuko azterketaren sakontasun-mailak, aztergai dugun gizatalde elebidunak eta bere interakzio-sareen nolakoak iradokitzen digu sarri, lehen hipotesi gisa, zenbat jardun-gune aukeratu, eta zein(12). Azterketan aurrera joan ahala posible da, probable ere bai, hasierako jardun-gune horiek edukiz edota kopuruz errebisatu behar izatea, abiaburuko intuiziotik ebidentzia enpirikoek babesturiko abstrakzio-maila handiagora hegaldatuz gure saioan. Egon hor daude, ordea, eta mintzajardunaren gizarte-moldaera aztertzeko orduan giltzarri dira: aldakuntza-iturriak bezain giltzarri.
Jardun-guneen adiera zertxobait argitu dugu. Hala uste dugu, behintzat. Kontuak hala direlakoan, gatozen hurrengo puntura, gaurko jardunaldi honetan benetan interesatzen zaigunera: zer dira funtzio (edo jardun-gune) nagusiak?; posible al da gertuko harreman-sare informaletan eragitea, jardun-esparru nagusietan eragin gabe? Dirudien baino galdera makurragoa da hori. Zer da izan ere "nagusi", kontestu honetan? "Nagusi" izatea era batera baino gehiagotara defini liteke. Hori dela-eta errazena, beti bezala, "segun" erantzutea da: "segun non, segun noiz, segun norentzat, segun...", posible da edo ez da posible gertuko harreman-sare informaletan eragitea, jardun-esparru nagusietan eragin gabe. Erosoa bakarrik ez da "segun" hori: egia ere bai. Umeentzat, horrela, lan-mundua ez da bat ere zentrala. Jardun-gune hori ezin esango dugu 16 (zenbaitetan, 25) urte arteko haurrentzat eta gazte-jendearentzat "nagusia" denik. Ez nagusia eta ez ohikoa. Lan-mundu benetakoa (egunerokoa, erreala: ez filmetakoa edo eskola bidez iristen zaien errainua) zer den ere ez daki neska-mutil eta gaztetxo askok. Aldiz 25 eta 60 urte inguruko heldu gehienontzat, bistan da jardun-esparru edo jardun-gune nagusietakoa dela lantegia. Lanean sartzen ditugu helduok gure bizi-ordu asko, hor eratzen ditugu harreman-sare ugari, hor hezur-mamitzen ditugu hainbat eta hainbat rol-harreman: profesionalak, lehenik eta behin, baina baita informazio-bilketazkoak, era askotako esperientzia interpertsonalak eta, ez gutxitan, baita lagunarte printzipalenetako zenbait eta, are, intimidade alorreko bat baino gehiago. Beraz, "segun" erantzun behar nahi eta ez: batzuentzat (helduontzat) jardun-gune nagusi dena beste zenbaitentzat (haurrentzat, gaztetxoentzat eta 65 urtetik aurrekoentzat(13)) ez da nagusi (esistitu ere ez da esistitzen, beren eguneroko jokamolde-sortaren barnean, horietariko askorentzat). Beste horrenbeste gertatzen da familiarekin. Adin-tarte batzuetan oso da garrantzizkoa, baina urrutiko unibertsitatera joandako gaztearentzat edo bere azken hamabost urteak zahar-etxean daramatzaten aitona-amonentzat ez hainbat, inola ere.
Oker ez banago beste modu bateko "nagusi"tasun batez ari da, ordea, gure gai-jartzailea. Eguneroko etxe-auzo-kale-bizitza hurbilaren aurrez aurre legokeen boterearen, instituzioen, unibertsitatearen, kultur ikuskari handien, luze-zabaleko komunikabide idatzien eta ikus-entzunezkoen (tartearen zinearen) multzo ezagunaz ari da bera, seguruenik. Eta hori du galdera: posible al dugu etxea, auzoa, kale-bizitza hurbila euskalduntzea (edo zeharo erdaldun gabe bizirik mantentzea), boterearen, instituzioen, unibertsitatearen, kultur ikuskari handien, luze-zabaleko komunikabide idatzien eta ikus-entzunezkoen (tartearen zinearen) multzo horretan "muturra sartu gabe".
Galdera hori funtsezkoa da, eta aurreraxeago saiatuko naiz erantzunak (erantzun partzialak, deblauki, bai erantzunak hala ere) ematen. Horretara jo aurretik, saia gaitezen argitu beharreko beste zenbait puntu argitzen. Mintzajardunaren aldakuntza-iturriak ikusi ditugu alde batetik, aurrez aurreko jardunari aparteko atentzioa eskainiz, eta jardun-guneak zehazten eta tipifikatzen saiatu berri gara bestetik. Bi kontzeptu horiezaz gainera bada ordea, lehenago esan dugunez, berariaz aztertu beharreko hirugarren bat: rol-harremana. Pluralean aztertzen dira, oro har, jardun-gune bakoitzean esanguratsuak diren rol-harremanak.
1.3. Rol-harremanak
Hiztunez beterik daude jardun-guneak: horien arteko harremanak eratzen duen mintzajardunak, eta jardun horrek dituen bateratasunak, ematen dute aukera etxeak, eskolak edo agintaritzak aparteko jardun-gunea osatzen dutela esateko. Jardun-guneak ere, goi-mailako abstrakzio diren heinean, ez dira ordea jarduera berekoak gertatzen beti. Kasuak eta kasuak bereizi ahal izaten dira bertan, mintzajardunaren aldakuntza-iturrien eta jardun-gune horretan aurrez aurre interaktuatzen duten solaskideen arabera. Bigarren puntu honi helduko diogu oraingoan: jardun-gune berean ere, solaskideen zer-nolakoak zerikusi handia du mintzamoldearen emaitzan. Demagun zortzi jardun-gune bereizten ditugula Arakistainen: etxea eta familia (A jardun-gunea); auzoa eta kalea (B jardun-gunea); kirola eta aisialdia (C jardun-gunea); eskola (D jardun-gunea); lantegia (E jardun-gunea); prentsa-irrati-telebistak (F jardun-gunea); norbanako lokailuak (G jardun-gunea); administrazio-erakundeak (H jardun-gunea). Ikus dezagun jardun-gune horietako zenbait rol-harreman.
| Jardun-gunea |
| Bertako zenbait rol-harreman esanguratsu |
|---|
| A | etxea eta familia | A | senar-emazteak beraien artean (A1) | | A | gurasoa(k) haurr(ar)ekin (A2) | | A | anai-arrebak beraien artean (A3) | | A | familiartekoak beraien artean (A4) | | B | auzoa eta kalea | B | neska-mutilak beren lagunekin (B1) | | B | neska-mutilak helduekin (B2) | | B | helduak helduekin (B3) | | B | kalean ezezagunekin (B4) | | C | kirola eta aisialdia | C | kirolariak beraien artean (C1) | | C | kirolariak bestelako solaskideekin (C2) | | C | aisialdiko kideak beraien artean (musean...) (C3) | | C | aisialdiko kideak bestelako solaskideekin (C4) | | D | eskola | D | irakasleak beraien artean (D1) | | D | irakasleak irakasleekin (D2) | | D | ikasleak beraien artean (D3) | | E | lantegia | E | lankideak beraien artean (E1) | E | lankide eta goi-arduradunen artean (E2> | | E | langileen eta bezeroen artean (E3) | | F | prentsa-irrati-telebistak: komunikazio- eta kultura kontsumoa | F | irakurrizkoa: prentsa, aldizkari, eleberri... (F1) | | F | entzutezkoa: irratia, CD (F2) | | F | ikusizkoa: telebista, zinea (F3) | | G | norbanako lokailuak |
| telefonoz, ohiko deietan (G1) | | telefono mobilez ahoz eta mezuz (G2) | | interneten, txateoan edo e-mailez (G3) | H | administrazio- eta finantza-erakundeak |
| erakundeko ajenteak beraien artean (H1) | | erakundeko ajenteak banakako hiritarrekin, aurrez aurre (H2) | | erakundeko ajenteak ageriko zabalkunde-harremanetan (H3) |
Rol-harremanen garrantzia begien bistakoa da: hemen bilduta gauden gehienok diferente hitz egiten dugu eguneroko lankidearekin hamaiketako kafea hartzen ari garenean, laneko bilera batean azalpen formala (partez txostentxo bat irakurriz) egiten dugunean, amari telefonoz deitzen diogunean (larunbat arratsaldean errege-sagar batzuk hartuta etxetik pasako garela esateko), osasun-zentroan medikuari zer sentitzen dugun azaltzerakoan, lagun zaharrekin urtean behin egiten dugun afari horretan maisu xelebre haren ateraldiak gogoratzerakoan edota Bilboko udaltzainari Loiura joateko biderik azkarrena zein dugun galdetzeko orduan. Euskara-moldea diferentea erabiltzen dugu batzuetan, euskara-erdarak nahastuz code-mixing eta code-shift praktikatzen dugu beste batzuetan, eta erdaraz egiten dugu (ohitura hori delako, beste erremediorik ez dagoelako, kontu horietan erosoago sentitzen garelako...) zenbaitetan. Gure aldaera-sorta osatzen dute euskarazko (eta, kasu, erdarazko!) mintzamolde bereziek, euskal-erdal nahas-hizkerek eta, abstrakzio-maila handixeagoan, gure hizkuntza biek(14). Aldakuntza-iturri, jardun-gune eta rol-harreman jakinen arabera, aukera horietariko batez, besteaz edo hurrengoaz baliatzen gara eskuarki. Labur bilduz,
- a) Mintzajardunaren aldakuntza-iturriak ikusi ditugu batetik: batetik agerbidea (hitz eginez, irakurriz, idatziz), bestetik zabalera (barne-hizkera, mezua jasotzea eta mezua igortzea) eta azkenik situazioa (intimoa, informala eta formala).
- b) Mintzajardun horren jardun-gune nagusiak ikusi ditugu bestetik. Egungo Arakistain gehienak kontuan izanik zortzi jardun-gune aukeratu dira lehen hurbilketa moduan: etxea eta familia, auzoa eta kalea, kirola eta aisialdia, eskola, lantegia, prentsa-irrati-telebistak, norbanako lokailuak eta, bukatzeko, administrazio- eta finantza-erakundeak.
- c) Jardun-gune nagusi horien rol-harreman esanguratsuak (esanguratsu batzuk) azaldu ditugu azkenik: goiko koadroan daude horiek, banan-banan zehazturik.
1.4. Mintzaldaketa
"HINBEren seigarren urratsa"z jardun du gai-jartzaileak, bere galdera-sorta zorrotzean. HINBEren seigarren urratsa zer den ikusteko, HINBE zer den gogoratu behar dugu lehenik. HINBEren adiera argitzeko, berriz, ezinbestekoa da mintzaldaketaz jardutea. Horixe ikusiko dugu orain. Hurrengo puntuan helduko diogu HINBEri (batez ere HINBEren seigarren urratsari), gaurko definizio-saiotxo honi amaiera emanaz.
Has gaitezen kanpotik, axaletik: zer hitz arraio da mintzaldaketa hori? Nola esaten zaio horri liburuetan espainolez, ingelesez eta abar? Erantzuna argia da: ingelesez language shift, language displacement esaten zaio mintzaldaketari; alemanez Sprachverschiebung esaten diote, eta gaztelaniaz desplazamiento lingüístico. Erdal termino horien baliokidea da mintzaldaketa. Beste izenik ere eman izan diogu euskaraz, eta orain ere izen bat baino gehiago darabilgu horretarako: ordezkapen linguistikoa edo hizkuntza-ordezkapena, besteak beste(15).
Forma kontuak alde batera utzita gatozen kontzeptura, hitzaren edukira, azal barruko mamira: hiztun-talde jakina bere eguneroko jarduera arruntean beti edo nagusiki A hizkuntza egitetik beti edo nagusiki B hizkuntza egitera pasatzen denean, hiztun-talde hori mintzaldatu egin dela esaten da. Hori da beraz mintzaldaketa. Hori da, hiztun-elkarte osoaren azken burura eramanik, luze-zabaleko mintzaldaketa(16).
Oso fenomeno ezaguna deskribatzen du mintzaldaketak: ahuldutako A hizkuntzatik bere hiztunak (hiztun batzuk, asko, guztiak) kontestualki nagusi den B hizkuntzara mintzaldatzea eta, hainbatetan, hortik aurrerako galbidea. Mintzaldaketa aski gauza ezaguna da mundu zabalean. Ez da bat-bateko pausoa, txuri-eta-beltz arteko tartea markatzen duena, urratsez urratsekoa edo graduala baizik(17). Honako sekuentzia eman izan da inoiz, continuum horren beheranzko norabidean, egoera xuabeenetik hasi eta larrienera joaz: language attrition, shift, endangerment, contraction, obsolescence, loss, disappearance eta death(18). Prozesu horien araberako (sarrienik, horien ondoriozko) hizkuntzei ere izen jakinak eman ohi zaizkie: declining, endangered, threatened, obsolescent, moribund, extinct eta dead languages.
Mintzaldaketa hori espazio soziofuntzional jakinean definitzen da printzipioz: gizaki guztiok ezin itzurizkoa dugun eguneroko jarduera arruntean. Hots, batez ere etxean, kalean, lagunartean,... garatzen den jardueran. Hitzezko mintzajardunean mamitzen da gainera, nagusiki. Hitzeko agerbidean eta situazio informal edo espontaneo (zenbaitetan intimo) jakinetan. Mintzaldaketa ez da, azkenik, espazio fisiko-territorial osoan batera gertatzen(19). Mintzaldaketa ez da hiztun batek edo bizpahiru hiztunek une, leku eta xede jakinak hartaraturik A hizkuntzatik B hizkuntzara pasatzearekin nahastu behar(20). Bi gauza dira horiek. Gertaera makrosoziologikoa da mintzaldaketa, normalean belaunaldi bi edo gehiago irauten duena, ez hiztun jakin batzuen unealdi jakineko doikuntza-prozesu mikrosoziologikoa.
Mintzaldaketa espazio soziofuntzional osora hedatzen denean, hil-urren da hiztun-elkarte hori: bere azken hiztun "mohikanoa" hiltzen denean amaitu egiten da ordura arteko hiztun-elkarte bizia. Belaunez belauneko transmisiorik gabe, hiztun-stock bizirik gabe gelditzen da hiztun-elkarte hori. Language community edo hiztun-elkarte horrek okupatzen zuen espazio fisiko-territoriala, garai batean muga ezagunak(21) zituen hiztun-herria, translinguifikatu egiten da osoro.
Esan bezala, mintzaldaketaren azken fasea, erabatekoa, da hori. Prozesua ez da ordea, beti, azken puntaraino joaten: zenbait ingurumen fisiko-territorialetan, zenbait jardun-gune eta zenbait rol-harremanetan, batez ere agerbide eta situazio jakinetan, bizirik jarrai dezake hizkuntza horren erabilerak. Kasu batean zein bestean, antzeko ondorioa lortzen da, halere: mintzaldaketak ahuldu egiten du hizkuntza(22). Lehen baino erabiltzaile gutxiagorekin(23) uzten du, erabilera-eremu gutxiagorekin edo erabiltzaile eta erabilera-eremu gutxiagorekin. Gutxiagorekin uzten du oro har, eta inolakorik gabe hainbatetan, ahultze-prozesu horren azken-azken buruan.
1.5. HINBE saioak: seigarren urratsa
Mintzaldaketaren kontrakoa da HINBE: ahuldutako Hizkuntza INdarBErritzea. Ahuldutako hizkuntza indarberritzeak zera esan nahi du: hizkuntza horrek egungo hiztun-taldeetan bizirik jarrai dezan lortzea edota, jarraipen-bide hori eten egin bada, hizkuntza hori berriro ere belaunez belaun ama-hizkuntza gisa transmiti dadin segurtatzea.
Gatozen unetxo batez perspektiba generalera, mundu mailakora. Ahuldutako hizkuntza indarberritzea definitzeko aukera bat baino gehiago dago eskueran, segun gaiari zein perspektibatatik heldu nahi zaion. Esan dezagun language revitalization(24) terminoa, Nancy Hornberger-en eta Kendall King-en (1996: 428) adieran emana esate baterako, aski hurbil dagoela indarberritze horretatik. Erdal baliokiderik hurbilena, dena den, hemen darabilguna da: Joshua A. Fishman-ek 1991n jendarteratu eta aditu askok handik aurrera sarri darabilen Reversing Language Shift (sigla bidez RLS, euskaraz HINBE: Hizkuntza INdarBErritzea)(25).
Mintzaldatzeaz jarduterakoan esan den bezala, hemen ere antzeko prozesuak dira aztergai: language maintenance, language revitalisation, reversal of language shift eta language revival. Horietako hainbaten hiperonimo gisa, bestalde, language restoration eta language regenesis erabili izan ditu autore batek edo bestek. Nancy Hornberger-en eta Kendall King-en hitzetan esateko, horiek guztiek "involve similar, and to some extent, overlapping processes. However, they also differ in their starting points, goals, and means of attainment". Euskaraz esanik "antzeko prozesuak dira horiek, eta partez gauza bera diote. Diferenteak dira, ordea, bai abiaburuz, bai helburuz eta bai hartara iristeko bideez" (Hornberger eta King, 1996: 428).
Maintenance, revitalization eta revival kontzeptuen artean ondo bereiztea komeni da. Horrela, "Language maintenance occurs when the community collectively decides to continue using the languages it has traditionally used". Euskaraz esanik, "hizkuntzari bere horretan eusteak zera esan nahi du: hiztun-taldeak edo hiztun-elkarteak ohiko hizkuntzaz baliatzen jarraitzea erabaki duela" (Fasold 1984 in Hornberger eta King, 1996: 428). Aldiz "language revival applies to contexts where the language is no longer spoken". Euskaraz esanik, "hizkuntza erabiltzeari utzi zaioneko kasuetan hitz egiten da hizkuntza biziberritzeaz" (Dorian 1994 in Hornberger eta King, 1996: 428). Azkenik, "revitalisation involves efforts to impart new vigor in a language already in use through increasing the language’s domains, often entailing increased institutional power" (Paulston, 1994). Euskaraz esanik, "hizkuntza erabiltzen jarraitzen deneko kasuetan hitz egiten da hizkuntza indarberritzeaz: jardun-gune berriak erantsiz egiten da hori, instituzionalizazio indar-babesa barne delarik sarri".
Revitalization indarberritzea da oro har: hots, ahuldurik baina bizirik dagoenari indar berri bat ematea. Revival, aldiz, hildakoa berpizteaz ari da zenbaiten adieran, biziberritzea(26). Cf. Irlandako kasua: Revitalization ordez revival (biziberritzea) hartu zen paradigma nagusi. Ondorioak begien bistan dira. Ez da egia Irlandako kasua, sarriegi entzun ohi denez, frakaso hutsa izan denik (ikus Nancy Dorian, besteak beste). Baina egia da atzera egin duela oro har, ez aurrera, hizkuntzaren eguneroko erabilera arruntak. Hots, ez da lortu 1840 ingurutik aurrera abiada bizian zetorren language shift edo mintzaldaketari frenoa jartzea. Hori ez da lortu eta, hainbat kasutan, lehengo bidetik jarraitu dute kontuek. Lehen baino jende gehiago dago orain, hainbat daturen arabera, irlanderaz (gutxi edo asko) dakiena. Egin ez da ordea lehen baino gehiago egiten. Egiten ez den hizkuntza, berriz, badakigu zer den: ikus latina.
Labur bilduz: Revival horrek zera esan nahi du, hizkuntza hori ordura arte (edo azken aldian) egiten ez zen lekuan jendeak hizkuntza horretan egitea lortzea. Indarberritzeak, berriz, besterik du helburu: bizirik dagoen lekuetan (espazio fisiko eta soziofuntzionaletan) hizkuntzari bizirik eustea, lehenik eta behin, belaunez belauneko perspektiban; bizirik eustea eta, hortik abiatuta, hizkuntzaren erabilera (ez ezagutza, erabilera baizik) hedatzea: hiztun eta jardun-esparru gehiagotara zabaltzea. Ataunen edo Lekeition euskarari bizirik eustea posible da. Labastidan ez, aspaldi-aspaldidanik ez baita (azken orduko biziberritze-saio mugatuetan salbu) euskaraz egiten bertan. Bi gauza dira beraz revitalization eta revival horiek. Bi gauza diferente dira eta aparte tratatu behar dira, nor bere helburuz, bere lehentasunez eta bere metodo partikularrez.
HINBEren seigarren urratsa
Zortzi urrats definitu izan dira RLS edo HINBE-saiorako: zentrala eta klabea, Iñaki Arrutik argi seinalatu digunez, seigarren urratsa da. Unibertsitatea eta eskola, administrazioa eta (batez ere goi-mailako) lan-mundua, luze-zabaleko komunikabideak eta kale-bizitza gehiena galdurik dituzte(27) hiztun-talde askok: milaka dira munduan, egoera horretan dauden hiztun-elkarteak. Horietariko batzuk beren esku dute ordea, oraingoz, etxea eta auzoa, eguneroko bizimodu arrunta eta aurrez aurreko mintzajarduna. Autorregulazio soziokulturalerako eta, horren bidez, beren etnokulturaren (eta horren barruan doan etnohizkuntzaren) belaunez belauneko jarraipena babestua edo segurtatua daukate hainbatean. Ez erabat, inola ere, baina bai parte ohargarri batean. Eguneroko bizimoduan hain noraezekoa dugun etxe-auzo-lagunarte hurbilaren "azken harresi" horrek babesten ditu mintzaldaketaren arrisku bizitik. Horrek segurtatzen die, parte ohargarri batez(28) belaunez belauneko jarraipen etnolinguistikoa. Beste askok ez dute (ez dugu) ordea egoera hori: azken harresia ere gainditu du horrelakoetan beste hizkuntzak, eta etxe-auzo-lagunarte hurbilaz ere jabetzen ari da. Jabetzen ari da edo dagoeneko, hiztun-herri osoaren hainbat eskualdetan, jardun-gune hurbil-primario-informal horien jaun eta jabe da. Horrelako kasuetan, belaunaldi berrien ama-hizkuntza orain artekoa izango denik ez dago batere seguru. Aurrez aurreko jarduera arrunt, hitzezko, informal-intimo horri (parte esanguratsu batez, bederen) bizirik eustea edota, dagoeneko galdu egin den kasuetan, berreskuratzen saiatzea: hori da HINBEren seigarren urratsa. Labur bilduz, HINBEren seigarren urratsak zera esan nahi du: B hizkuntzak eskuratua daukan etxe-giroa eta hurbileko auzoa, hitzezko jarduera informal arruntaren sorburu eta eguneroko aplikazio-gune edo locus primarioa, (erabat edo parte on batean) A hizkuntzak berreskuratzea eta, handik aurrera, etxearen, auzoaren eta hurbileko gizarte-bizitzaren harresi horri eskerrak "gure" A hizkuntza hori belaunez belaun transmititzea(29).
Kontzeptu-argitzearen lan gaitzena eginik dugu dagoeneko. Posible dugu, orain, aurreko puntuetan esandakoaz hainbatean jabetu bagara, azterkizun ditugun "benetako gauzak" konkretatzen hastea. Azken pausotxo bat emango dugu, ordea, horren aurretik. Aurreko ataletan ikusitako kontzeptuok batera biltzen ahaleginduko gara, perspektiba integratu batetik jardun ahal izateko. Bestela, izan ere, zuhaitz-zuhaixken ugariak ez liguke utziko oihanaren zer-nolakoaz eta nondik norakoaz jabetzen. Mintzajardunaren nagusitasun-moldaerako taulak eratuko ditugu hurrengo atalean, perspektiba integratu horretaz errazago jabetzeko.
2. Mintzajardunaren nagusitasun-moldaera. Nagusitasun-moldaerako taulak
Orain arte ikusitako elementuak (aldakuntza-iturriak, jardun-guneak, rol-harremanak, mintzaldaketa,..) konbinatu egin litezke. Horiek konbinatzen dituen taulak adierazten digu ongien, gizatalde elebidun baten mintzajardunak berekin duen nagusitasun-moldaera eta nagusitasun horren bilakaera. Lagungarri da taula hori, gai-jartzaileak azalduak dizkigun kezkak marko kontzeptual koherente batean kokatu eta hipotesi plausibleak eratzen hasteko(30). Ez daukagu horretarako hutsetik abiatu beharrik. Bada mundu zabalean, antzeko kezkak gidari izanik, aspaldi honetan horrelako saiorik egindakorik. Fishman-en eta Cooper-en orain dela 40-50 bat urteko saioa hartuko dugu abiaburu.
Weinreich-en kontzeptu ezagunetik abiatuz, eta hasierako ikuspegia perspektiba sozio-psikologikotik formulazio sozio-ekologiko batera berrorientatuz, mintzajardunaren nagusitasun-moldaera eratu zuen Fishman-ek 1964an, eta handik bi urteko Language Loyalty in the US famatuaren bidez mundu zabalean ezagutarazi. Horrela sortua da, funtsean, bere dominance configuration (of the language behavior) delakoa. Hizkuntza (edo hizkuntza-aldaera bi) aurrez aurre daudenean hiztun-talde baten baitan, hizkuntza (edo aldaera batek) hiztun-talde horren espazio territorial eta soziofuntzional osoan zer leku okupatzen duen argitzen laguntzen du, batetik, nagusitasun-taula horrek. Hots, eginkizun deskriptiboa du batetik. Horrezaz gainera, ikuspegi zinetikoa ere badu taula horrek: aldakuntza-iturri, jardun-gune eta rol-harreman bakoitzaren intersekzio-lekuan erabilera aldetik zein hizkuntzak (edo aldaerak) epealdi jakinean aurrera egin duen, eta zeinek atzera edo bere horretan eusten dion, analizatzeko balio du taulak. Ezin alboratuzko lanabesa dugu taula hori, hizkuntza-normalkuntzako teknikariek. Harritzekoa ere bada, egia esateko, orain arte zein jaramon txikia egin zaion gure artean.
2.1. Arakistaingo nagusitasun-moldaerako taula
Gatozen berriro Arakistaingo udalera. Saia gaitezen Arakistaingo (ez arakistaindarren(31)) nagusitasun-moldaerako taula prestatzen. Erraz beharrez, nagusitasun-taula esango diogu hemendik aurrerra. Nagusitasun-taula horrek, lehen esan dugunez, hiru osagai ditu: mintzajardunaren aldakuntza-iturriak (agerbidea, zabalera eta situazioa), jardun-gunea eta rol-harremanak(32). Hiru osagai horiek konbinatuz egiten da taula. Konbinazio-modu posibleetako bat ondoko hau da:
 | | Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu. |
Zortzi jardun-gune definitu ditugu kasu honetan, eta jardun-gune bakoitzean n (normalean hiruzpalau) rol-harreman, "gaurko Arakistain"-go mintzajarduna zehazteko. Hona zortzi jardun-guneak: etxea eta familia, auzoa eta kalea, eskola-alorra, lan-alorra, komunikabideak (egunkari-periodikoak, irratia, telebista...), lokailu pertsonalak (telefonoa, batez ere mugikorra; emaila, chat-loturak, internet...) eta Administrazioa (Jaurlaritzaren eta Gobernu Zentralaren Ordezkaritzak, Osakidetza, Ertzaintza, Justizia; baita Aurrezki Kutxak ere, hainbatean). Jardun-gune eta horren baitako rol-harreman bakoitzean zer hizkuntza den nagusi azaltzen digu nagusitasun-taulak. Zer hizkuntza den nagusi rol-harreman horren aldakuntza-iturri bakoitzean (ahozko jardunean, irakurtzerakoan, idazterakoan, eta horietariko bakoitzean situazio intimoan, informalean edo formalean). Galdera honi erantzuten dio taula horrek, lekuan lekuko letra horren bidez(33): zein hizkuntza da gelaxka horretan gaur (edo azterkizun hartutako n aldiunean) nagusi? Zein hizkuntza da nagusi, gelaxka horrek adierazten duen interakzio-kontestuan? Une jakin bateko argazki zehatza ateratzen laguntzen digu, hortaz, nagusitasun-taulak.
Hori bakarrik ez du egiten ordea (ez dauka hori bakarrik egin beharrik, behintzat) nagusitasun-taulak. Une jakin bateko egoera azaltzeaz gainera, egoera horren bilakaera ere adieraz dezake nagusitasun-taulak. Mintzaldaketarik edo HINBErik gertatu den (gertatzen ari den) azaltzen digu, halakoetan, nagusitasun-taulak: konkretuki, taula zinetikoak (egoera bakarrik azaltzen duenari, taula deskriptiboa esan diezaiokegu). Gelaxka bakoitzean bi letra doaz taula zinetiko horretan (deskriptiboan, aldiz, letra bakarra). Lehengo letrak, orain ("n" unean) gelaxka (aldakuntza-iturri, jardun-gune eta rol-harreman) horretan (demagun: 2008an, Arakistainen, kalean, helduen arteko mintzajardun hitzezkoan, situazio informal-intimoan) zein hizkuntza (berdin zukeen, hori aztertu nahi izan bagenu, zein hizkuntza-aldaera) den nagusi esaten du. Bigarren letrak, aldiz, ordutik ("n-1" unetik: demagun 1979tik, 2001etik edo dena delakotik) hona gelaxka horretan (hots, goian zehaztutako aldakuntza-iturrian, jardun-gunean eta rol-harremanean) zein hizkuntza ari den gora eta zein behera(34).
Gela asko ditu taula horrek. Hemezortzi lerro ditu goiko taulak, eta zortzi zutabe (zutabe bakoitza jardun-gune bat da). Beraz, 18 x 8=144 gela. Gela bakoitzean hiruzpalau rol-harreman ditugunez, bostehun bat gelaxka dira guztira. Gelaxka bakoitzean, azkenik, bi datu sartu behar dira. Batetik, perspektiba deskriptiboa: une jakin batean hizkuntza nagusia (agerbide, zabalera, situazio eta rol-harreman horretan gehien erabiltzen dena) zein den; bestetik, perspektiba zinetikoa: zein hizkuntza ari den azken urteetan gorabidean (eta, beraz, zein datorren gainbehera).
Horrela esanik, barbaridadea dirudi. Pentsatu ere egingo zuen norbaitek: "ez dek harritzekoa, hain jende gutxik taula hori erabiltzea!". Baina gauzak ez dira horrela: horko gela eta gelaxka asko fiktizioak dira. Benetan ez dira esistitzen; ezabatu egin behar dira, horregatik. Ahozko jardunean, esate baterako, familiako eta auzoko, kirolaldiko eta lagunarteko situazio formal asko irrealak dira, eta borratu egin behar dira. Zientzibideak ez du ezer galduko horiek borratzeaz, irabazi baizik. Bestetik, benetakoak diren gela guzti-guztiak ere ez dago bete beharrik. Kontuotan ez da egia, "guztia ala ezer ez". Zerbait jakitea (eta dakigun hori kontzeptualki txukun antzean egituraturik edukitzea) askoz hobea da, ezer ez jakitea baino. Ez daukagu beraz "gela eta gelaxka guzti-guztiak" bete arte zain egon beharrik. Daukagunarekin lasai asko has gaitezke lanean.
2.2. Adibide konkretu bat: Aramaio
Arakistaintxo bat aukeratuko dugu gaurkoan, konkrezio-lanari ekiteko: Aramaio, Arabako euskal arnasgune famatua. Bere 1.384 biztanleekin, aski herri euskalduna genuen Aramaio 2001ean(35). Herritarren % 86,56ek euskaraz badakiela dio. Bi jardun-gunetara mugatuko gara gaurkoan: kalera eta eskolara. Norbaitek galde dezake, zergatik aukeratu ditugun justu jardun-gune horiek, eta ez horiek bakarrik. Erantzuna erraza da oso: erosotasunagatik aukeratu ditugu bi horiek, lehenik eta behin. Horrela,
- Eskolaren kasuan aski ezaguna da bertako informazio basikoa. Datu gehienak, alor horretan, ez dira inolako misterio. Gure herri euskaldun ertain-txikietako berri duenak badaki ia eskola guztiak D eredukoak direla(36) eta, beraz, eskola barruko rol-harreman gehienetako mintzajardunaren zer-nolakoa erraz samar finka liteke, aparteko ikerketa handirik edo berariazko datu-bilketarik egin gabe. Eskolako jarduna deskribatzeko agerbide guztiak izan behar ditugu kontuan: ahozko jarduna, irakurrizkoa eta idatzizkoa. Hainbat kasutan, bestalde, sobran dago situazio-estilo bat edo bi. Horrezaz gainera hiru rol-harreman aukeratuko ditugu: irakasleak beraien artean (D1), irakasleak ikasleekin (D2) eta ikasleak beraien artean (D3).
- Beste horrenbeste esan liteke kaleaz. Erosoa da, une honetan, Aramaioko kale-erabileraz oinarri enpiriko kontrastagarria duen informazioa eskuratzea. Bertako kale-erabilera aztertu berria dago eta orain dela gutxi argitara dira emaitzak(37). Kaleko jardunaren atalean alde batera utziko ditugu hiru agerbideetariko bi: irakurtzea eta idaztea. Ahozkora mugatuko gara, oso-oso gutxitan izaten baita bestelakorik kale gorrian. Alde batera utziko dugu, horrezaz gainera, lehen zabalera mota: nor bere kasa ari denekoa. Aramaioko kalean dabilen jendeak(38) bere artean euskaraz ala erdaraz egiten duen aztertuko dugu. Rol-harremanak definitzea falta zaigu, nagusitasun-taularen zutabe hori (kale-erabileraren zutabea) zuzen bete ahal izateko. Lau rol-harreman definituko ditugu, Aramaioko kalean gertatzen den mintzajarduna zehazteko: Haurrek haurrekin duten mintzajarduna (B1); Haurrek besteekin (gazte, heldu, adineko) dutena (B2); Besteek besteekin dutena, aurrean haurrik denean (B3); eta besteek besteekin dutena haurrik tartean ez denean (B4). Hona, horrenbestez, bete beharreko taula:
 | | Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu. |
Hogeitasei gelaxka bete behar ditugu hortaz, ez Arakistaingo kasu jeneralean planteatu ditugun bostehun haiek. Badago aldea. Konkretukiago, zortzi gelaxka bete behar ditugu kale-erabileraren alorrean, eta hemezortzi eskolarenean. Gero, jakina, bi datu sartu behar ditugu gelaxka bakoitzean: une jakin bateko (kasu honetan, 2008ko) nagusitasun deskriptiboa batetik, eta nagusitasun zinetikoa bestetik. Has gaitezen besterik gabe.
- 2.2.1. Aramaioko auzo- eta kale-erabilera
Bi galdera egingo ditugu, gelaxka bakoitza betetzeko orduan: a) Zer hizkuntza da Aramaioko kalean, gaur egun (2008an), nagusi(39)?. b) Erabilera aldetik non ari da euskara Arakistainen indartzen, non irauten du lehen bezalatsu eta non ari da ahultzen?
Saia gaitezen, ikusi berriak ditugun kontzeptuak egoera konkretu horretan aplikatzen. Abiaburu gisa, har ditzagun Soziolinguistika Klusterrak eskuratu dizkigun datu grafiko-numeriko konkretuak. Konkretuki, ondoko hauek:
 | | Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu. | Goiko lau irudi grafiko-numeriko horien laguntzaz, oker egiteko beldur handiegirik gabe bete ditzakegu auzo-kale alorreko zortzi gelaxkak. Hots, zortzi gelaxka horietako hamasei galderak (batean zein hizkuntza da agerbide, zabalera, situazio eta rol-harreman horri dagokion gelaxkan nagusi? Bestetik, nagusitasun horrek zer bilakaera darama azken urteotan?(40) Horra. Besterik gabe, B jardun-gunearen kontuak nola ateratzen zaizkigun:
 | | Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu. | Gauza batzuk oso argi daude hor. Horrela, eta besteak beste,
- a) Aramaioko kale-erabilerari dagokionez bi mundu dira (gero eta bereziagoak, beregainagoak, distanteagoak) haurrena eta gazte-heldu-adineko multzoarena. Bide batetik doaz haurrak (eta helduak, haurrekin ari direnean edo haurren presentzian), eta bestetik beste guztiak, beren artean ari direnean eta, batez ere, haurrik aurrean ez dutenean.
- b) Aramaioko kale-erabilerak ondo eusten dio bere buruari, orain arte, haurren artean. Euste-lan mugatua da hori, ordea: kaduzidade-fetxa argikoa. Nahiz eta oraingo haurrak bezain D ereduan ibiliak izan (probabilitate handiz) Aramaioko kaleetan neurturiko gazteek, gaztelaniaz ari dira horiek, aski nabarmen. Badirudi jauzi egiten dutela adin batetik aurrera. Aramaioko haurren kale-erabileraren "argazki" horrek ez digu beraz etorkizun probablea iragartzen, guztion begien bistan gertatzen ari den mintzaldaketa estaltzen baizik.
- c) Mintzaldaketa bizia gertatzen ari da Aramaioko kalean, azken urteotan. Hots, Iñaki Arrutik galdetzen zigun hurbileko harreman-sare informal ezagun bat mintzaldatzen ari da nabarmen. Lekua ere kontuan hartzekoa da oso: mintzaldaketa hori ez da Bilboko kalean gertatzen ari, Donostian edo Lasarten, Arakistain(txo) bizi batean baizik. Mintzaldaketa ez da ezinbestean jardun-gune guztietan gertatzen ari, baina bai hurbileko harreman-sare informalen agerleku nagusietakoa den auzo-kale konglomeratuan. Etxean ezin esan zer gertatzen ari den, inkestak ez baitigu horren berri ematen. Baina kalean erdara ari da, dudarik gabe, nagusitzen. Helduen eta, batez ere, gazteen artean antzematen da mintzaldaketa hori bizienik(41). Eskolan ere gauza bera ari ote da gertatzen: irakasleak ere euskaratik gaztelaniara pasatzen ari ote dira beren artean? Gero eta klase gehiago erdaraz ematen ari ote zaizkie beren ikasleei?
Horregatik ari ote da kalea ere erdalduntzen? Hurrengo puntuan helduko diegu gai horiei.
- 2.2.2. Aramaioko hizkuntza-erabilera eskolan
Gatozen beraz Aramaioko eskolara: bertako herri-ikastetxera. Zer leku dute, esparru horretan, euskarak eta gaztelaniak? Klusterraren ikerketak ez digu horren berri ematen. Baditugu ordea motiboak, motibo sendoak, esparru horretan zer gertatzen ari den jakiteko. Inon zoko-miratze zabalik egin bada hizkuntzaren jakite- eta erabiltze-kontuan, eskola-munduan egin da halakorik azken mende-laurden luzean. Ateratako emaitza askok balio jeneral samarra du: oro har gertatzen ari diren fenomenoen berri ematen digute emaitza horiek, eta badago motiborik Aramaio zeharo isolaturiko hizkuntza-uhartetxoa ez dela uste izateko. Badakigu, konkretuki, gure Arakistain gehienetako eskoletan zer gertatzen ari den: gero eta haur gehiago D ereduan dago praktikan(42). Baditugu, azkenik, Aramaio inguruko zenbait ikastetxetako "gela-argazkiak", eskola barruan zer gertatzen ari den(43) aski zehatz azaltzen digutenak.
Aramaio ondoko eskola bateko LMH6ko ikasleen hizkuntza-erabilera
Har dezagun Aramaiotik oso urruti ez dagoen, herriak antzeko egoera soziolinguistikoa(44) duen eta, Aramaiokoa bezala, D eredukoa den Lehen Hezkuntzako herri-ikastetxe bat(45). Har ditzagun bertako LMH6ko bi gela, eta ikus dezagun gela horietako ikasleen mintzajarduna zer-nolakoa den, hitzez eta idatziz, beren jardun-gune nagusietan. Hots, egin dezagun unibertso horren nagusitasun-taula. Bi gela hartu ditugunez aztergai, bi nagusitasun-taula emango ditugu bata bestearen ondoan.
Sei jardun-gune aukeratu dira kasu honetan: familia; auzoa eta kalea; eskola; komunikazio-alorra; kirola; eliza. Lehenengo lau jardun-guneak aztertu dira sakonenik. Rol-harremanei dagokienez, berriz, honako hauek ditugu goiko nagusitasun-taula horretan batez ere kontuan hartu beharrekoak:
| Jardun-gunea | Rol-harremanak |
|---|
| 1: Familia | 1.1, ikasleak beren gurasoekin; 1.2, anai-arrebak beren artean; 1.3, gurasoak beraien artean. | | 2: Auzoa eta kalea | 2.1, ikasleak kaleko lagunekin; 2.2, ikasleak auzoko ezagunekin; 2.3, ikasleak auzoko ezezagunekin | | 3: Eskola | 3.1, ikasle/ikasle gelan; 3.2, ikasle/irakasle gelan; 3.3, ikasle-lagunekin jolaslekuan; 3.4, ikasle/irakasle gelatik kanpora | | 4: Komunikazio alorra | 4.1, telefonoz; 4.2, interneten; 4.3, irrati-musika entzunez; 4.4, TB, bideoa, zinea, prentsa |
Nagusitasun-taula deskriptiboak dira hauek: orain dela 10, 20 edo 30 urteko datu xeherik (justu horrela xehakaturik) ez dugunez eskueran, ez da hemen bilakaeraren berri ematen. Gauzak errazago ulertzearren, bestalde, 0tik 5era puntuatu dira nagusitasun-baloreak: 0 zenbakiak gaztelaniaren erabateko nagusitasuna adierazten du; 5ak, berriz, euskararen erabateko nagusitasuna. Kontuak errazago ateratzeko, azkenik, koloreztatu egin dira gelaxkak. Berdeak euskararen nagusitasuna adierazten du: zenbat eta berde ilunago, orduan eta euskararen nagusitasun argiagoa. Era berean, urdinak gaztelaniaren nagusitasuna adierazten du: zenbat eta urdin ilunago, orduan eta euskararen nagusitasun argiagoa. Horretaz guztiaz horniturik ikus ditzagun, hortaz, bi ikasgela horietako ikasleen nagusitasun-moldaerak, zein bere taulan emanak.
 | | Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu. | Ondorio batzuk errazak dira bi taula horietatik ateratzen. Esate baterako,
- a) Eskola dute ikasle horiek jardun-gunerik euskaldunena. Familia eta kale-auzoa, aldiz, sarri uste izan ohi dena baino erdaldunduago daude.
- b) Hor ere badira aldeak, ordea: 1. Gelako ikasleek euskaldunagoa dute etxea eta kalea. Bigarren gelakoek, aldiz, ondotxoz erdaldun(du)agoa.
- c) Gurasoen arteko jarduna, Arakistain horretan ere, erdarazkoa da funtsean. Seme-alabekin euskaraz egiten dute (badira beraz, izan, euskaldun), baina hortik aurrerakoetan (etxeko eta helduaroko bizimoduaren estandarra iradokitzen duten hainbat eginkizunetan) erdaraz egiten dute maizenik. Urruti dago datu hori, familia euskaldunen etxe barruko transmisio betearen irudi prototipikotik. Ez zaio belaunez belauneko hizkuntza-transmisio familiarraren izaera partzial-fragmentario horri, lautatik hirutan, duen garrantzia ematen.
- d) Hamabi urteko ikasleen jarduna, nagusiki, hitzezkoa da. Adin horretako irakurketa-idazketak eskolan, interneten eta liburu- edo prentsa-aldizkarien sailean zentraturik daude.
- e) Komunikazio-esparrua oso da erdalduna: denetan erdaldunena, itxura denez. Hor ere badira aldeak, ordea: internet eta ikus-irakurrizko komunikazio-bideak (telebista, bideoa, zinea eta prentsa) entzunezko irrati-musikak baino erdaldunduago daude, D ereduko eskola horretako hamabi urteko ikasleen artean.
- f) Aramaioko jardun-gune erdaldunenetako bat izatetik jardun-gune euskaldunenetako bat izatera pasa da eskola-esparrua. Kaleko harremanak baino euskaldunagoak dira, dudarik gabe, eskolakoak: batez ere ikasgelakoak.
- g) Duda egin liteke, halere, ahozko jardueran ikasleen beraien arteko jarduna euskararen alde ari den beti. Eskolan euskaraz berba egitea debekatu zenetik urteak joan dira, eta ez dago seguru jolas-lekuan lehen baino nagusiago denik euskara orain. Euskaraz egiten dute ikasleek beren artean, nagusiki, baina ezin segurta liteke jardun horretan euskararen presentzia indartu egin denik azken urteotan.
- h) Nolanahi ere, eta ondorio-zerrenda labur honi amaiera emateko, zera esan liteke eskola eta kalea konparatuz: lehen ez bezala, kalea baino euskaldunago da orain eskola. Esajeraziorik gabe, euskaltasunaren indargune modukoa da eskola, Aramaion, oraingo ikasle-irakasleentzat: ahoz eta idatziz lehen baino leku eta nagusitasun ageriagoa duen indargunea.
- i) Bi mintzaldatze-joera diferente, kontrako norabidean, ari dira Aramaion aldi berean gertatzen. Batetik, euskara indartuz joan da eskola-esparruan, azken 30 urtean. Bestetik, berriz, erdara nagusituz doa kalean, ez haurren artean baina bai adin batetik gorako gazteen artean.
Posible al da goiko deskribapen hori? Nola izan liteke, euskara-erdarak aldi berean atzera eta aurrera joatea? Bai, zeharo posible da hori, eta horra nola. Mintzaldaketa ez da bai ala ezko fenomeno totala, globala, hiztun-herri baten espazio fisiko-territorial eta soziofuntzional osoan batera gertatzen dena. Gauzak ez dira normalean horrela izaten. Hasteko, hizkuntza bat ez da hiztun-elkarte osoan batera (abiadura eta erritmo uniformez gertatzen; ez da leku guztietan une berean hasten, ez eta une berean amaitzen). Horrezaz gainera, leku berean ere ez da monolitikoa: jardun-gune jakinetan hasten da mintzaldaketa lanean, eta besteetara hedatzen da gero: etxea eta auzo hurbila izan ohi dira, sarrien, gainbehera datorren hizkuntzaren azken gotorlekuak; hor metatzen dira x-hizkuntzazko azken harreman-sare informalak, intimoak eta, zenbaitetan, kriptikoak. Posible da, beraz, eskolan aurrera egin izanak euskarak Aramaion eta etxean auzoan eta kalean atzera.
Aparteko garrantzia dute Arakistain eta Arakistaintxoek, gure begien aurrean gertatzen ari diren aldi bereko eta kontrako norabideko mintzaldaketa horiek bizi-bizirik ikusteko. Aparteko laborategia dira, gure kontzeptuak enpirikoki zorrozteko eta indarberritze-saio bakoitzaren bideragarritasuna, lehentasun kontestualak ezartzeko aukerak eta mugak argiago doitzeko. Alferrik joango zara Donostiara, Getxora edo Gasteiza, zer esanik ez Labastidara, aldi bereko atzera-aurreren gertaera soziolinguistiko garrantzitsu hori bere gordinean neurtu, baloratu eta analizatzera. Horregatik besterik ez balitz ere (eta ez da horregatik bakarrik, aurrerago esango denez) aparteko atentzio zor diegu horrelako udalerriei. Arakistain eta Arakistaintxo horiek ditu euskarak, orain eta hemen, bere arnasgune. Hurrengo puntua arnasguneen kontuan zentratuko dugu hortaz.
3. Arnasguneen inguruko gogoeta: izaera, garrantzia eta aurrerabidea
Euskal herriko Arakistain eta Arakistaintxo guztiei arnasgune deituko diegu atal honetan. Arnasguneen kontu hori garrantzi handikoa da, ahuldutako hizkuntza indarberritzeari dagokionez. Hala da atzerrian (Irlandan, Galesen, Finlandian...) eta halaxe da gurean ere(46). Indar gehienak non (zein espazio fisikotan, eta zein soziofuntzionaletan) xahutu behar genituzkeen eztabaidatzeko orduan, bereziki, ezinbestekoa da arnasgunea (lehentasunezko alternatiba posibleetako baten moduan bederen) kontuan izatea. XXI. mendearen hasiera honetako hizkuntza-plangintzak zer oinarri modu, eta beraz zer-nolako lehentasun, behar lukeen argitzeko orduan arnasguneak ezin albora litezke. Diglosia berri eguneratuaren aurrez aurreko eztabaidaren ondoan, eta glotopolitika osoaren lehentasun-printzipio nagusien zimentarri, funtsezkoa da arnasguneen kontua. Anekdotak eta kontsiderazio instrumentalak alde batera utzi eta hizkuntza-plangintzaren mamiari aurrez aurre helduko badiogu, ezin baztertuzkoa. Bi galdera hauei erantzuten saiatuko gara arnasguneen atal honetan: zergatik gertatzen da mintzaldaketa? Zergatik da hain garrantzitsua arnasguneei bizirik eustea?
3.1. Arnasguneak non? Orain dela 30 urte inguruko egoera(47)
Ahuldurik iritsia zen euskal hiztun-elkartea hogeigarren mendearen bigarren erdira: eremuz urritua(48) eta espazio soziofuntzionalez aski mugatua(49). Etxean eta kalean, lanean eta jolasean euskaraz egiten zuten euskaldunak gero eta gutxiago ziren proportzioz. Gero eta lurralde-eremu txikiagoan bizi ziren, eta erdaldunekin gero eta nahastuago. Lehendik zetorren bideari eutsiz ahuldu egin zen Euskal hiztun-elkartea, mende-hasieratik aurrera. Ahultze hori azeleratu egin zen, gero azalduko diren motiboengatik, 1955etik aurrera. 1975 inguruan eskualde jakinetara mugaturik iritsi zen, horregatik guztiagatik, euskarazko bizigiro oparoa: arnasgune jakinetara mugatua. Gogora dezagun, labur-labur izango bada ere, arnasgunearen iturburuko definizioak zer dioen: demographically concentrated and intergenerationally continuous.
Bigarrena (intergenerationally continuous) badakigu zer den: aitona-amonen hizkuntza bera ikasten dutela ilobek etxean, eta hizkuntza horretan jolas egiten dutela kalean, auzoan eta herrian beren kideko neska-mutilekin. Hor ere "nagusiki" erantsi beharko genioke esaldi osoari, halako indeterminazio-punttu bat erantsiz. Baina, bere indeterminazio-punttua eta guzti, kontzeptua argia da erabat: Errezilen garantizatua dago, gaur-gaurkoz, intergenerational continuity hori; Algortan, aldiz, ez.
Lehenengoa (demographically concentrated), berriz, nola definitu eta, batez ere, nola operatibizatu? Demagun, lehen hurbilketa moduan, udalerrika jardungo dugula(50) eta, zentsoko (eta antzeko aztersaio demolinguistikoetako) datuetatik abiatuz, % 80an jartzen dugula "pasa / ez pasa" arteko langa. Hots, demagun udalerri bateko euskaltasun-maila autodeklaratua % 80koa edo hortik gorakoa baldin bada arnasgunearen lehen baldintza ondo betetzat ematen dugula, eta hartara iristen ez bada arnasgune posibleen sailetik kanpora uzten dugula udalerri hori.
Bi irizpideak bete behar ditu eskualde batek, udalerri batek edo bertako auzune batek, arnasgune izateko. Lehenengo baldintza, goian esandako termino operatiboetan, erraz samarra da aplikatzen. Bigarrena aldiz, ez. Ez dugu datu-bilketa sistematikorik, herriz herri eta eskualdez eskualde era bateratuan eginik, bertako intergenerational continuity hori hor goian esandako moduan egindakorik.
Jakin badakigu, ordea, beste zerbait: hizkuntzaren belaunez belauneko transmisio-bide naturala eta kontzentrazio demografikoa elkarren eskutik doaz (bereziki: joan izan dira, XX. mendean) maiz. Beraz, lehen hurbilketa moduan demagun lehenengo baldintza (% 80tik gorako kontzentrazio demografikoarena) betetzen duten lekuak hartuko ditugula oraingoan arnasgunetzat. Irizpide horren arabera, zera esan liteke:
Urola bailara eta Tolosaldeko hainbat herri-herrixka, Goierriko albo-herri gehienak eta Deba ibarraren hiruzpalau bazter-herri, Lea-Artibai eta Busturialde gehiena, Uribe-Butroeren ekialdea eta Arratia gehiena. Horiek ziren funtsean, 1970-80 epean, euskararen EAEko arnasgune nagusiak. Taula batera bilduz, honako zehaztasunak erants dakizkioke azalpen horri:
| Urola bailara | Azpeitia eta Azkoitia, Errezil, Bidagoian eta Beizama, Zestoa eta Aizarnazabal, Getaria eta Aia arnasgune genituen 1975 inguruan. Ez, aldiz, Urola garaiko Zumarraga, Urretxu eta Legazpia. Erdibidean gelditzen ziren, gero eta erdaldun-kopuru zabalagoaz, Kostaldeko Zumaia eta Zarautz. | | Tolosaldea | Aduna eta Asteasu, Larraul eta Alkiza, Albiztur eta Legorreta, Elduain eta Hernialde, Belauntza eta Berastegi, Leaburu eta Gaztelu, Legorreta (aurreko lerroan lehendik aipatua) eta Ikaztegieta, Alegi eta Altzo, Lizartza eta Orexa, Baliarrain eta Abaltzisketa, Amezketa eta Bedaio. Hortik kanpora zeuden dagoeneko, aldiz, biztanle gehieneko Tolosa herriburua alboko Ibarra eta Berrobirekin, eta N-1eko Anoeta, Billabona, Andoain eta Zizurkil. | | Goierri | Inguru horretatik kanpora zegoen, garbi-garbi, Ordizia-Beasain-Lazkao bilgunea: hots, Goierriko biztanle gehien biltzen dituen kale-giroa. Olaberria (behe)ak eta Zegamak ere utzia zioten arnasgune izateari. Kontzeptu horren barruan sartzekoak ziren, aldiz, Itsasondo eta Arama, Zaldibia eta Ataun, Idiazabal eta Segura, Zerain eta Mutiloa, Gabiria eta Ormaiztegi, Itsaso eta Ezkio. | | Deba Ibarra | Hor sartzekoak dira Oñati, Leintz-Gesaltza eta Elgeta. Arabakoa izan arren multzo horretan sartzekoa genuke osorik, ikuspegi geolinguistikotik, Aramaio. Goien-barren harturik Deba bailararen bizkarrezurra osatzen duten udalerri industrialdu ugariak, aldiz, arnasgune horretatik kanpoan zeuden dagoeneko. Bergarak eta Antzuolak bakarrik eusten zioten aski euskaltasun-maila ohargarriari. Egia da, aldiz, udalerri horietako zenbaitek (Debak eta Elgoibarrek, Eskoriatzak eta Aretxabaletak kasu) nekazari giroko auzo euskaldun petorik bazutela. Udalerriak berak, bere osoan hartuta, galdua zuen ordea arnasgune izaera hori. | | Lea-Artibai | Ondarroa eta eta Berriatua izan ezik udalerri guztiak hemen sartzekoak dira: Izpaster eta Lekeitio, Mendexa eta Gizaburuaga, Amoroto eta Murelaga, Markina eta Etxebarria, Mallabia eta Ziortza. | | Busturialdea | Bermeo, Forua, Gernika, Kortezubi eta Arratzu arnasgunetik kanpora gelditzen ziren, halere. Barruan, aldiz, Mundaka eta Sukarrieta, Elantxobe eta Ibarrangelu, Ea eta Murueta, Arteaga eta Ereñu, Errigoiti eta Nabarniz, Muxika eta Mendata, Gorozika eta Ibarruri. | | Uribe-Butroe | Sopela eta Lemoiz, Maruri eta Bakio, Laukiriz, Gatika eta Maruri, Mungia eta Meñaka, Arrieta eta Fruiz, Gamiz-Fika eta Morga. Kanpoan ziren, aldiz, Plentzia eta Gorliz, Barrika eta Urduliz. | | Arratia | Areatza-Villaro kanpoan gelditzen zen, bere ingurumen gehiena barruan ordea: Zeberio eta Arantzazu, Gaztelu Etxabeitia eta Dima, Orozko eta Zeanuri. Barruan zeuden, baita ere, Ubidea eta Otxandio alde batetik, eta Mañaria bestetik. |
Lanbidez eta bizimoduz, gizarte-molde zaharraren errainu ziren, hainbatean, arnasgune horiek. Urola aldeko Azpeitia eta bere gerri-buelta alde batera uzten bada, industriak sarbide handirik egin gabeko herri-herrixkek osatzen zuten nagusiki, ez osorik, arnasgune hori. Oinarri sozioekonomikoari dagokionez, beraietan zirauen baserri-bizitzak indartsuen. Demografiaz gero eta pisu meharragoa zuten, bestalde, herri-herrixka horietariko gehienek.
Arnasgune horietatik kanpora ere bazen euskal giro jatorrik Bizkaiko eta, bereziki, Gipuzkoako beste hainbat udalerritan(51): udalerri horietako bizigune berezietan, batez ere. Etxean eta auzoan, baserri-giroan bereziki, euskaraz egiten zen bizigune horietan ere. Udalerria bere osoan hartuta, ordea, gero eta nekezago kaleratzen zen halakoetan euskarazko jardun bizia.
3.2. Arnasguneetako mintzaldaketa: zergatik?
Hiztun-jendea, bere osoan hartuta, ez da bere kasa eta egun batez hala okurritu zaiolako mintzaiaz aldatzen. Mintzaldaketa ez da aukera pertsonal huts, ez arnasguneetan eta ez handik kanpora. Motibo sozial jakinak ditu mintzaldaketak(52). Calvin Veltman-en formulazio teorikoak eta ikerlan kuantitatiboak, esate baterako, arras kontuan hartzekoak dira alde horretatik. Atzerabide horren azken faseetan dauden hizkuntzei dagokienez ikus Stephen Wurms-en formulazio ezaguna(53) eta Nancy Dorian-en azalpen argiak(54). Joshua A. Fishman-ek (eta bere ildotik beste hainbatek(55)) honela zehaztu izan ditu, labur bilduz, language shift edo mintzaldaketaren batez besteko motiboak edo iturriak:
| MOTIBOA | AZALPENA |
|---|
| 1 | Hizkuntza erabiltzeko debekua | Demagun, eskola-munduari dagokionez, XVIII. eta XIX. mendeetako eraztun-metodo zigorbidezkoa, edota 1902-03ko arauzko debeku zorrotzak. Debeku-kontua ez da eskola-munduan bakarrik aplikatu izan: beste zenbait jardun-esparrutan ere bada debeku-politikaren adibide mingarririk. | | 2 | Dislokazio fisikoa | Gosetea, katastrofe naturalak eta norbaitek (beste herri batek edo beste pertsona batzuk) eragindako txikizioak (gerrak eta gerraondokoak, genozidioa, "scorched earth" edo "tierra quemada"-ko inbasio-politikak, mehatze- eta oihan-esplotazio neurrigabea eta, berrikitanago, airea, ura, lurra, fruitu-landareak, animaliak eta are gizakiak berak pozointzea... | | 3 | Dislokazio demografikoa | Hiztun-elkartea (edota bere baitako hiztun-talde jakin bat) dentsitatez eta, batez ere, kontzentrazio fisikoz nabarmen ahultzea, gero azalduko diren fenomeno jakinen ildotik. Dentsitate eta kontzentrazio horren faltan, nork bere hizkuntza bereko hiztunekin beren hizkuntza horretan jarduteko aukera eta beharra nabarmen ahultzea. | | 4 | Dislokazio soziala | Gizarte (berri)aren ordainsari-sisteman hiztun-talde horretako kideak gero eta beste hizkuntzaren beharrago gertatzea. A hizkuntzako hiztunak, gizartean aurrera egingo badu, B hizkuntza ondo menderatu beharra eta, hainbat jardun-esparru eta hainbat harreman-saretan, ezinbestean B hizkuntzan jardun beharra. | | 5 | Dislokazio kulturala | Gizarte molde berriak eragindako lehen ez bezalako bizimoduak eta, oro har, modernizazioak berekin dakartzan berrikuntzak B hizkuntzaren indargarri eta A hizkuntzaren galgarri gertatzea. |
Debekua eta lau dislokazio modu aipatzen dira bibliografia tekniko horretan. Bost motibo horiek eragiten badute mintzaldaketa, galde diezaiogun nork geure buruari: zein motibo ari da, batez ere, gure Arakistain eta Arakistaintxoetako mintzajardun arrunta, eguneroko harreman-sare informaletan nagusiki euskaraz bideratu ohi zena, erdal aihekara makurtzen?
Debekua? Horregatik egiten al da Aramaion, 2008an, 2001ean baino nabarmen gutxiago euskaraz? Bistan da ezetz. Gakoa ez dago hor. Debeku-politikaren adibide mingarririk nekez aurkituko da Aramaion azken hamar urteotan, mintzaldaketa justu horregatik gertatzen ari dela inor konbentzitzeko adina. Dislokazio fisikoa? Hori ere ez. Kontuak ez doaz hortik: Aramaion ez da aparteko kataklismorik gertatu azken hamar urtean, ez eta bestelako txikiziorik ere, mintzaldaketaren iturburutzat hartu litekeenik.
Beste hiru dislokazio gelditzen zaizkigu, beraz, mintzaldaketa esplikatzen lagundu dezaketenak: dislokazio demografikoa, soziala eta kulturala. Horietan dago gakoa. Hirurak dira garrantzitsuak, Aramaioko kalean gertatzen ari den mintzaldaketa esplikatzeko. Askotan ez dira erabat isolaturiko fenomeno beregainak izaten: dislokazio mota batek beste bati (edo beste biei) eragin ohi die zenbaitetan. Arnasgunearen kontzeptuarekin badute hiru dislokazio mota horiek nolabaiteko lotura. Lotura handiena, hurbilena, dislokazio-modu batekin dauka arnasguneak: dislokazio demografikoarekin. Dislokazio soziala ere hor dago: garai batean oso nabarmena zen hori; gaur egun estaliago dago; baina garrantzitsua da benetan. Dislokazio kulturalak ere eragin bizia du: batez ere gaztejendearen artean, pauta soziokultural supraetnikoak bere baitaratzeko gose-egarri handiena ageri duen jende-segmentuan alegia. Hori guztia egia izanik ere, dislokazio demolinguistikoa dugu egungo eguneko arnasguneekin lotura estuena ageri duena. Dislokazio horri helduko diogu, beraz, hurrengo atalean.
3.3. Dislokazio demografikoa
Hona, labur-labur, dislokazio demografikoa zer den: A hiztun-elkartea (edo bertako Ai hiztun-taldea) dentsitatez eta kontzentrazioz nabarmen ahultzea. Hiztun horien kontzentrazioa nabarmen ahultzea eta, horren ondorioz, A hizkuntzako hiztunek A hizkuntzako beste hiztunekin eguneroko jardunean beren A hizkuntza horretan egiteko aukera edota beharra nabarmen gutxitzea. Dislokazio demografikoaren hiru iturri aipatu ohi dira sarri:
| dislokazio demografikoaren iturrien deskribapena |
|---|
| 1 | A hiztunen emigrazioa (nagusiki) B hizkuntza egiten den hiztun-herrira (hiztun-elkartera, hiztun-taldera). Adibidez Ameriketara joandako euskaldunak, iparretik zein hegoaldetik. | | 2 | B hiztunen immigrazioa A hiztunen herrira (elkartera, taldera). Adibidez, 1955etik 1975era arteko immigrazio bortitza EAEn eta Nafarroan. | | 3 | A hiztunen haurgintza nabarmen ahultzea (kasu estremoetan, erabat etetea). Adibidea begien bistan daukagu: 1977an 41.000 haur jaio ziren EAEn. Kopuru hori 16.000 eskasera jaitsi zen urte gutxiren buruan eta 20.000ra iritsi ezinik-edo ari gara. Europako azkenak omen gara, haurgintza-tasan. |
Antzeko ondorioa dute hiru iturriek: A hiztunen kopuru totala, B hiztunen multzoaren aurrez aurreko dentsitatea eta, bereziki, A hiztunen beraien arteko kontzentrazio fisikoa ahuldu, mugatu, gutxitu eta, zenbaitetan, ezereztu egiten da. Hori da dislokazio demografikoaren ondorio ezagunena: zure hizkuntzan egiten duen hiztunik ez baldin baduzu inguruan, edo gutxienak baldin bazarete halakoak, erdaraz egin behar noski.
Dislokazio demografikoa ez da berez hiru prozedura horietara (emigraziora, immigraziora, haur gutxi sortzera) mugatzen. Prozedura horiezaz gainera bada laugarren dislokazio-iturri bat ere, oso kontuan hartzekoa: urbanizazioa(56). Ondorio demografiko sakonak izan ohi ditu, askotan, urbanizazioak. Ordura arte baserri-giroan bizi izandako populazioa (baserritar-jendea) urbanizatzen denean (bizi izatera "kalera jaisten" denean), bizilekuz aldatze horrek ondorio nabarmenak izan ohi ditu bere bizimoduan. Bera ez bezalako jendearekin bizi behar izaten du handik aurrera: askotan beste hizkuntza batean egiten duen (eta hartan egitera behartzen duen) jendearekin. Eten eta urratu egiten dira, hainbatean, ordura arteko bere ohiturak: egunero-egunero "bere hizkuntzan" egiteko ohitura, besteak beste.
Ez da hori, jakina, urbanizazioak berekin ekarri ohi duen eten-urratze bakarra. Dislokazio soziokultural sakona ekarri ohi du sarri, dislokazio demografikoaz gainera, bizi izatera baserritik kalera jaiste horrek. Dislokazio soziokultural hori bizimodu arruntaren alor gehienetan gertatzen da gutxi-asko: lanbidean, eguna eta astea partitzeko moduan, jan-edanean, janzteko moduan, astialdiko jolas-bideetan, hainbat uste-sinesmenetan, jakite kontuan eta, oro har, mundu-ikuskera osoan. Mundu-ikuskera osoan eta, askotan, eguneroko berbetan, eguneroko hizkeran. Beretzat ordura arte arrotzak ziren jende-moduekin tratatu behar izaten du aurrerantzean, batean ez bada bestean, kalera aldatu den baserritarrak: bere auzo berrian, lanean, eskolan, erosketak egiterakoan, garraio-bideetan, entretenimendu berrietan eta zeremonia publikoetan. Horrekin batera, lehen baino komunikazio trinkoagoa, ugariagoa izango du (baserrian jende gutxiago zuen hitz egiteko, ia beti solaskide berdinak, eta zertaz hitz egina ere mugatuagoa zuen). Horrek guztiak, azken buruan, ondorio jakina dakar: herri-jakintzaren baitako, eta bere ordura arteko hizkuntzan sortutako, mezuen etengabeko gutxitzea eta ahultzea.
Gurera etorriz, hirigintzak ondorio hauek ekarri ditu sarri berekin: euskaraz gero eta gutxiago egitea, batetik; aski "berezkoak" ziren gaiez gero eta gutxiago jardutea, bestetik. Hots, jatortasun etnokulturalaren gainbehera. Lehendik ere hiriburuan edo eskualdeko herri nagusian (hots, kale-giro berrian) gailendurik zegoen lingua francak (gaztelaniak gurean, iparraldean frantsesak) gora egin izan du halakoetan. Euskarazko jarduna galdu ahala erdara joan izan da haren kontura indartzen, bizkortzen eta zabaltzen. Erdara horrek, hasieran kalera etorritako horientzat arrotza zen gaztelania horrek, eskolan eta kalean ez ezik etxean ere gero eta leku zabalagoa irabazi izan du, seme-alaben artean bereziki.
Urbanizazioaren eragin hori aski ezaguna da gure artean. XX. mendearen lehen bi herenetan izan du joera horrek oldar biziena. Egia da, beraz, azken orduko fenomenoa baino gehiago gure gurasoen (are, aitona-amonen) garaikoa dela. Baina ez da lehengo kontu xaharra: 1975etik hona ere ez da erabat atertu herri-herrixketako euskaldun-jendea kalera bizi izatera jaisteko joera. Ez da erabat atertu eta, azken aldi honetan, herri txikienak ere urbanizatzen hasi zaizkigularik bizkor, kaletik baserrira hedatzen ari da, atzera-martxan bezala, kale-giroko mintzaldatze-bide hura. Erdaldunak hasi dira herri-herrixka euskaldun horietara bizi izatera etortzen: batzuetan banaka, eta bete batzuetan samaldan, baina beti ere, ezinbestean, beren erdara bizia (beren ustez noranahikoa) dutela ezpainean. Horri guztiari, jakina, azken-azken urteotako immigrazio atzerritar berria erantsi behar zaio. Lehen Bilbon, Donostian, Eibarren, Barakaldon, Gasteizen edo Getxon gertatzen zen urbanizazioa. Orain, horrezaz gain, Txorierrin, Orion eta Olaberrian. Azken bi joera horiek, oker ez banago, gero eta eragin nabarmenagoa dute gure Arakistain gehienetan. Baita Arakistaintxo txikienetan ere. Ez ote da Aramaion ere halakorik gertatzen ari? Ez ote dira Aramaion, adibidez, arrasatear erdaldun edo erdal-elebidunekiko harreman-sareak ugaritzen ari? Ez ote dute Aramaioko gero eta gazte gehiagok herritik kanpora ikasten, lan egiten eta asteburua pasatzen? Ez ote dira harreman-sare horiek Aramaioko kalean orain antzematen den erdalduntze-bidearen motibo nagusietako zenbait?
3.4. Arnasgunea bizirik eta indarrean zaintzearen garrantzia
Definizioak berak ematen dizkigu lehen argitasunak. Fishman-ek honela definitua du arnasgune edo physical breathing space delakoa: demographically concentrated space where Xish (gurean euskara) can be on its own turf, predominant and unharassed (1991: 58). Euskaraz nolabait esateko, demografia aldetik euskara "bere kabian" sentitzen den bilgunea, inork xaxatu eta eraso gabe "etxeko jaun" sentitzen den eremua. Hori da, funtsaren funtsean, Fishman-en physical breathing space edo arnasgunea. Beste definizio hau ere emana dio Fishmanek physical breathing space edo arnasguneari: demographically concentrated and intergenerationally continuous space. Hots, beren kideak elkarren pegante bizi diren eta belaunez belauneko etena jasan ez duten gizataldeak. Bi ezaugarri ditu beraz, jatorriz, arnasguneak:
- a) Kontzentrazio demografikoa. Hiztunak (gure kasuan: euskaraz mintzo diren gizon-emakumeak) elkarren pegante bizi dira. Elkarren pegante bizi izate hori ez da txuri ala beltzeko konfigurazioa: Logroñon hainbat immigrante bizi direlako, eta horietarik hainbatek (eslavoek, Saharaz beheitikoek...) oraindik gaztelaniaz (ondo) ez dakitelako (eta beraz gaztelaniaz dakiten logroñoarren portzentajea % 100 baino pittin bat txikiagoa (% 99?) delako ezin esan liteke noski logroñoarrek gaztelaniaren arnasgunea osatzen ez dutenik. "Elkarren pegante" bizi izatearen baldintza ongi bete litekeela esateko gutxienezko portzentajea non dago? Aurrerago jardungo dugu horretaz.
- b) Bertako hizkuntzaren transmisio naturala indarrean egotea. Aspaldidanik bertakoa den (edo bertakotzat hartzen den hizkuntza) aitona-amonetatik gurasoetara, eta hauetatik seme-alabetara, normal-normal transmititzea. Hots, etxean (gurasoekin eta anai-arrebekin: ama-hizkuntza, lehen hizkuntza, etxeko hizkuntza...), familiarte zabalean, kalean eta auzoan, hizkuntza horren (euskararen) transmisioa osasuntsu egotea: transmisio-bide naturala, osasun onean dagoen hizkuntza ororen transmisio-bide nagusia, hor ere indarrean egotea.
Bi ezaugarri horiei esker, ondorio bidezko ezaugarri garrantzitsua ere badu arnasguneak berekin: euskarazko mintzajarduna berez bezala sortzen dela bertan, aparteko interbentzio instituzionalik gabe. Hori da, azken-azkenean, arnasgunea arnasgune ez direnetatik gehien bereizten duena. Kontzeptu fisikoa da arnasgunea, lehenik eta behin. Bizimoduaren antolamendu fisikoa (non bizi zaren, zertatik, inguru horretako klima eta landaretza...) bere kokaera demografikoa eta osaera soziokultura (baserri-giroa edo kalea, euskal giro jatorra edo erdal giroa nagusi duen) ondorio kultural handikoak dira. Ondorio nabarmenak ditu bizimodu horrek: language-in-culture alorreko ondorioak, bere osoan(57). Dislokazio fisikoak eta demografikoak kulturaren (eta, beraz, language-in-culture delako horren) dislokazioa ekarri ohi dute sarri berekin: hori dakarte berez edota, gutxienez, horretara bultzatzen dute.
Hizkuntza ahula indarberritu edo biziberritu nahi duenak oso gogoan izan behar du oinarri fisiko eta demografiko hori. "Gure kultura jatorra" aldarrikatu eta aurrera atera nahi izateak ez du ezer askotarako balio, helduleku fisiko eta demografikorik ez badago edo, han-hemen egonik ere, aintzakotzat hartzen ez bada. Berriro gurera etorriz, galdera hauetatik abiatu behar da lekuan lekuko dislokazio fisiko-demografikoaren zabala eta sakona neurtzeko:
| a | non bizi dira leku (auzo, herri, eskualde) horretako euskaldunak?; | | b | elkarren ondoan edo luze-zabal barreiaturik bizi dira?; | | c | beren bizi-eremu horietan noraino dira euskaldunak demolinguistikoki nagusi, eta noraino ez?; | | d | bizi diren auzo eta herrietan, zenbateraino dituzte eskueran euskarazko zerbitzuak (haurtzaindegia edo haur-eskola, hortik aurrerako eskola, elizkizunak, jolas-lekuak, kirol-taldeak edo kirol-ekintzak, tabernak eta kultur etxeak, liburutegiak, teatroak eta zinema-lekuak)? Lan-esparruan ba al du lekurik euskarak? |
Hori guztia xehekiro analizatu behar da gainera: adinez adin, haurretatik hasi eta aitona-amonetaraino. Susan Gal-ek Austrian (bertako hiztun elkarte hungaroan) egin zuen azterketa famatua eredugarria da orain ere. Sakabanatze edo dispertsio fisikoaren kaltea posible da gaur egun, teknologia lagun (telefono mobila, telebista, e-maila...), neurri batean behintzat konpontzea. Baina ez gaitezen engaina: ama-hizkuntzaren belaunez belauneko transmisioa segurtatu eta mantendu nahi badugu, eta hori gabe alferrik ditugu gainerako saioak, inolako dispertsiorik edo sakabanatze fisikorik ez izatea da hoberena. Euskaldunak euskaldunekin euskal giro sendoan bizi diren lekuetan, gurasoen hizkuntza belaunez belaun eskuratzen den lekuetan, hizkuntza-plangintzarik eta inolako interbentzio berezi (zenbaitentzat "xelebre")-rik gabe diharduten ingurumenetan, horietan dago euskara bizien. Hor du euskarak osasunik hoberena. Hori da euskal arnasgune petoa, hizkuntzaren belaunez belauneko transmisioa bere betean (beste leku gehienetan baino askoz nabarmenago) segurtatzen duena.
Aparteko antolamendurik gabe ikasten dute horietan haur txikiek bertako hizkuntzan. Hala ikasten dute hitz egiten. Lehenik hitz egiten eta gero, eskola eta abar lagun(58), irakurtzen, idazten eta bertan(59) ahoz aho dabilen hizkuntza horren errejistro eta aldaera jaso, landu, formalizatuagoak erabiltzean(60). Hori da osasun oneko hizkuntzen belaunez belauneko jarraipen-bide normala, prototipikoa. Hori izan da euskararen mendez mendeko transmisio-bide nagusia ere, lehen zatiari (etxeko eta auzoko hizkera bizia eskuratzeko bideari) dagokionez. Bigarrenean (errejistro formaleko, bereziki idatzizko lanketan eta garapenean) arras eskas eta ibili gara, ongi ezaguna denez. Euskarazko lagun-taldeak eratzen dituzte auzoan eta eguneroko jardun-gune arruntetan euskaraz bizi dira, nagusiki, gaztarora bitartean. Bertan edo inguruan (beraiek bezala euskaldun diren neska/mutilekin) ezkontzeko aukera estatistikoa handiagoa dute eta, sarri, egin ere halaxe egiten dute. Horrela jokatuz euskarazko familia eratzen dute. Hizkuntzaren belaunez belauneko transmisioari ezin baztertuzkoa den ekarpena egiten diote.
Hori da beraz euskalgintzaren zinezko oinarria. Ingurumen hori da, izan, adar-adaska biziak eman ditzakeen enbor naturala. Hizkuntza ahula indarberritu nahi duen erakunde, elkarte edo mugimendu orok berariaz ahalegindu behar du, beste hitzetan esanik, bere jendearentzako arnasgune horiek mantentzen edo sortzen. Mantentzea ez da aski: sortu ere egin behar da halakorik, gure hiztun-elkartearen pareko ahuldade-mailara iritsitako kasuan. Hor ere argi izan behar da, ordea, egingarritasunaren aldetik etekin hoberena (eta, beraz, horri dagokion lehentasuna) zerk duen: ondotxoz errazagoa da dagoenari bizirik eustea, ez dagoena sortzea baino. Indar guztiak edo gehienak sortzen jartzea ez da beraz arrazoizkoa, zer mantendu (eta, hartatik abiatuz, zer garatu eta zer zabaldu) egon badagoen kasuetan.
Labastidako problematika (baita Gasteizkoa, Bilbokoa eta are, hainbatean, Donostiakoa ere) bestelakoa da. Hori ahanzteak (diferentzia hori ez ikusteak edo, ikusita ere, duen balore osoan aintzakotzat ez hartzeak) kalte handia dakar. Irlanda testigu. Eztabaida argia izan zuten han ere, une batean: demagun 1870 eta 1925 artean. Indarrak non xahutu: batez ere Gaeltacht-ean (irlanderazko arnasgune bakan baina bizietan) ala batez besteko Irlanda anglifikatuan. Arnasguneetan kontzentratu ordez Irlanda osoan (hots, irlandera egiten ez zuten irlandar gehien-gehienen artean) ezarri zen lehentasuna, 1922an independentzia politikoa eskuratu ondoan.
Horrek ez du esan nahi Labastida, Gasteiz, Bilbo edo Donostia atenditu behar ez direnik. Ez horixe(61). Horrek esan nahi duena zera da,
- a) bata (arnasguneak) eta bestea (euskara oso atzendurik dagoen ingurumen populatuak) aski diferenteak direla eta diferente tratatu behar direla;
- b) euskarari bizirik eusteak lehentasunezko eginkizuna izan behar duela hizkuntza-politikan: baita XXI. mende-hasierakoan ere.
Erdaldunentzat (eta are euskaldun edo euskaltzale kaletartu askorentzat) "gauza arraroak" dira, hala izan litezke behintzat, arnasgune horiek. Anormalak edo atipikoak gerta litezke, kabian bertan ez daudenentzat. Bertakoentzat ordea, eta euskaldungo osoari begira, leku-eremu horiek euskarazko bizibide jatorraren gotorleku eta babesgune bihur litezke, kulturazko autorregulazio-ahalmen ohargarriko guneak. Gurea bezalako hizkuntza ahulek hain sarri sufritu behar izaten duten dislokazio fisikoari aurre egiteko bide bat dira, dudarik gabe, breathing space edo arnasgune horiek. Lehentasuna dute, horregatik, hizkuntzari bizirik eutsi nahi bazaio eta indarberritu egin nahi bada. Horiek dira, Fishman-en eta beste zenbaiten ustean, hizkuntza indarberritzeko saioaren abiaburu natural eta baliagarrienak. Hori gabeko normalkuntza ez da normalkuntza. Ingurumen horien zaintza-ardura bigarren edo hirugarren lehentasun-mailara daramana ere ez.
3.5. Kritika: arnasguneak, nostalgiazko ihesbide?
Badakit zer esango zaidan: ametsetan nabilela. Egungo errealitate demografiko, ekonotekniko eta soziokulturaletik zeharo urrun. Arnasgune horietatik kanpora bizi direla EAEko (zer esanik ez Euskal herri osoko) hamar biztanletik bederatzi inguru. Oker nabilela, oso, baldin eta gaurko (zer esanik ez bihar-etzietako) euskal gizarte osoa Arrati edo Azpeiti moduko herrialdea izatea planteatu nahi bada. Leku gutxi direla horrelakoak, leku horietan jende gutxi bizi dela oro har eta, batez ere, gero eta problematikoagoa dela ingurumen horien bizi-iraupen (soziokulturalki) autorregulatua.
Bai, hala da. Leku gutxi gelditzen dira gure artean, Urrestilla edo Azpeiti modukoak. Gelditzen diren arnasgune horietan bizi den jendea oso puska txikia da EAEko (zer esanik ez Euskal herri osoko) unibertso demografiko orokorrean. Oso zati txikia da eta benetan zaila da arnasgune horien bizi-iraupen autorregulatua indar betean mantendu ahal izatea. Elebiko (zenbaitetan, hortik gorako) formulazio sinkretikoek beren lekua irabazi dute dagoeneko arnasgune horietan. Aurrerantzean errazago izango da joera sinkretiko hori are gehiago indartzea eta zabaltzea, ahultzea eta galtzea baino. Jakina: ezinezkoa (zeharo inprobablea) dirudi, horrexegatik, XXI. mendeko euskal gizartearen osaera soziokulturala arnasgune horien egungo jatortasun-maila etnolinguistiko eta soziokulturalaren proiekzio autorregulatu huts izatea. Hala da. Nork esan du kontrakorik?
- a) First things first. [ aurrekoak aurren ] Hemen esan dena besterik da: beren txikian eta mugatuan, ahulean eta apalean, ongi antolatzen eta behar duten babes-neurriz hornitzen badira, arnasgune horiek direla euskarak gaur-gaurkoz dituen zurkaitz-gune eta bizitasun-pizgarri sendoenak. Horiek gabe mila bider zailagoa dela euskalgintzaren bestelako planteamendu arrakastatsurik egitea: bai oro har eta bai Gasteizen, Barakaldon, Algortan edo Errenterian bertan ere. Transformazio ekonotekniko, demografiko, soziokultural eta politiko-operatiboaren eszenario nagusi diren beste hiriburu eta herriburu horietako euskalgintza bera ez ote da, akaso, arnasguneetan hazi eta (partez) hezi izandako gizajendez elikatu joan den berrogeita hamar urtean?: nondik atera dira, xehe-xehe kontatzen hasita, gure arteko irakasle eta kultura-eragile gehienak? Nondik espero da, gero ere, hiztun trebeenak eta elebidun osatuenak eskuratzea? Ez al dakigu kontuak nola diren? Hain zaila egiten al zaigu, gauza bakoitzari bere lekua aitortzea?
Kontua ez da euskalgintza arnasguneetara erretiratzea, arnasguneei dagokien garrantzia eta, zenbait alorretan, lehentasuna aitortzea baizik. Arnasguneei bere hartantxe eusten saiatzea nostalgiazko ekimen "pollit" bezain alfer gertatuko da, beste osagairik eransten ez bazaio ekimen-bide hori. Nostalgia, berriz, ez da etorkizunaren atari zuhur eta egiantzekoena. Baina hori ez da kontua. Kontua ez da orain, Campion-ek behiala (beste perspektibaz halere) esan zuen moduan, azken mendi-tontorrera igo eta, irrintzi artean "eutsi goiari" dei eginez, gero eta etorkizun ilun-etsigarriagoaren zain paratzea. Hori ez da kontua. Oker dabil arnasguneen aldeko argudioa ikuspegi faltsu horretara lerratu nahi duena. Arnasguneen formulazioa ez da numantziarra, ez da "azken mohikano"arena. Aitzitik, first things first irizpideaz diharduen larrialdiko osagile zuhurraren pareko jokabidea da hori. Lehentasuna lehentasun da, ez erretorika merkea, egoera larrian dagoen gaixoen kasuan bereziki. Lehentasun hori arras kontuan hartu behar du, gurera etorriz, ahuldutako hiztun-elkartearen buru-jasotze soziokultural eta etnolinguistikoa gogoan duenak.
- b) Ghettorik ez. Kontzentrazio demografikoa eta ghettoa ez dira, urrundik ere, sinonimoak. Bizirik eta osasuntsu dauden hizkuntza guztiak (begiratu ezker-eskuin, ea salbuespenik ikusten duzuen) demographic concentration eta institutional reinforcement horretan oinarriturik daude. Hots, hiztun-elkarte horietako hiztunak elkarren pegante bizi dira eta beren talde-izaeraren indargarri instituzionalik badute. Hizkuntza txikiek ere, bizi garen mendean ezinezkoa eta gogoz kontrakoa den ghetto-eredua alde batera utziaz, beren demographic concentrationeko arnasguneei eutsi behar diete beraz, ahal duten neurrian, hiztun-herri gisa bizirik jarraitu nahi badute. Zenbat eta euskaldunak elkarren peganteago bizi, hainbat eta anparo handiagoa emango diote batak besteari, erdaldunak euskara ikastera eta euskaldun motelak (ele-erasanak) hiztun sendoago bihurtzera bultzatzen dituzten "social norms" eta "interactive situations" direlakoak (hots, gizarte-arauak eta elkar-eraginezko situazioak) ugarituz.
Teoriak konbentzitzen ez duenarentzat, hor dago eguneroko esperientzia: arnasgunea ez da ghettoa. Hala nahi izanik ere, ez leukake izaterik. Arnasguneetako hiztunen bizimodua erdal eraginaren pean dago egungo egunean, goizean goiz hasi eta oheratu arte. Uste al du inork, akaso, erdarazko telebistarik, irratirik, internetik, periodikorik, bisitaririk eta lan-harremanik gabe bizi direla arnasgune horietako gaurko biztanleak, beren herri-zokotik kanpora atera ere gabe? Uste al du inork, gaur ez baina (hartan saiatuz gero) hala bizi izango direla arnasguneetako biztanleak, hemendik hogei edo berrogei urtera? Horrek ez du ez buru eta ez hanka. Aski da arnasguneen gaur eguneko giroan murgil egitea, eta perspektiba sozio-historiko minimo bat eskueran izatea, ghettoak ez direla eta, aitzitik, gauzak oso bestela direla konturatzeko. Beren bizi-parte handi batean erdaldunekin harremanetan bizi dira gaur bertan arnasguneetako biztanle asko: gazteen artean, gehienak. Arnasguneetako gazteen artean asko dira unibertsitatean ikasten dutenak: Donostiako edo Bilboko gazteen artean bezalatsuko proportzioan, seguruenik. Etxe askotan bi auto dituzte, neguan eskiatzera joaten dira hainbat eta udako bakazioak beste herritarrok bezain urrun egiten dituzte sarri. Bigarren edo hirugarren sektorean lan egiten dute, guztiek ez bada ia guztiek. Baserrian bizi diren asko ere ez dira baserritik bizi, industriatik edo zerbitzu-sektoretik baizik. Hots, modernizazio ekonoteknikoaren zurrunbiloan sarturik daude arnasguneetako bizilagunak: kaletarrok bezain sartuak, hor nonbait. Erdaraz ondo dakite guztiek eta, euskarazko jarduna zentrala bada ere beren eguneroko bizian, askotan egiten dute erdaraz. Hala segituko dute gero ere arnasguneetako bizilagun gehienek, bizi diren artean. Erdal hizkuntzak (gaztelania edo frantsesa, eta beste neurri batean ingelesa) presente izango dituzte aurrerantzean ere beren artean: hainbat kontutan presente eta zenbaitetan, ekonomian eta luze-zabaleko hedabideetan bereziki, nagusi. Planteamendu horretan ez dago, beraz, ghetto-arriskurik.
- c) Euskara-erdaren arteko oreka modu bat. Arnasguneen (oro har, demografiaz trinko diren euskal eremuen) normalkuntza fisikoak, ezer esan nahi badu, zera esan nahi du: ingurumen eta jardun-gune batzuetan gutxien-gutxieneko oreka-modu bat lortzerik dagoela, orain eta hemen, euskara-erdaren artean. Hesi modu bat zutik eta indarrean mantendu litekeela. Gizaki gehienon eguneroko bizibide arruntean oinarri-oinarrizkoak diren esparru bakar batzuetan bederen euskarak nagusi izaten jarraitu dezakeela. Euskaldun-jendeak bere solaskide arruntekin euskaraz jardun dezakeela etxean eta auzoan, kalean eta dendan, elizan eta kirolgunean, leku horietan "berez" hala egin ohi delako. Esparru bakar batzuetan bederen euskarak nagusi izaten jarraitu dezakeela eta, horren bidez, herri-jakintzaren eta kultur ondarearen funtsezko osagai batzuen adierazpide, ikur-sinbolo eta bidelagun izaten jarraitu dezakeela euskarak.
- d) Galdera berez bezala dator: zer jardun-gune gorde behar ditu euskarak beretzat, arnasgune horietan (Aramaion eta Arakistain edo Arakistaintxo gehienetan)? Zer rol-harreman eta mintzajardunaren zer aldakuntza iturri (ahozkoa, idatzizkoa)?; zer situazio (formala, informala, intimoa)?. Horiek dira galderak, orain arte ikusitakoak zertxobait argitzen lagundu behar ligukeenak: etxea, auzoa eta eskola behar-beharrezkoak ditu arnasguneak, ahultze-bidean doan hizkuntzari (eta bistan da ahultze-bidean doala euskara Aramaion, eskola-esparrutik kanpora) bizirik eutsiko badiote eta belaunez belaun era naturalean (ahalik eta era naturalean: Logroñon gaztelania bezala, azken desideratum moduan) transmitituko bada. Bistan da ahozko jardunak aparteko garrantzia duela, eta hizkuntza informala orain arte egin dugun baino lehentasun handiagoz zaindu behar dugula. Hor dago biziaren iturria, eguneroko jarduera arruntaren gatz-piperren harrobia, maitasun-gorrotoen oinarria eta amets-beldur pertsonal eta kolektiboen erreferentzia-marko nagusia: hots, zu eta biok bezalako gizajende arruntaren bizimodua. Ez diogu Iñaki Arrutiri erantzun bete-betea eman oraindik, baino zertxobait hurbildu gara.
3.6. Laburbilduz:
Esan beharrik ez dagoena esaten ari garela dirudi. Bizi izateko airea behar den bezala, bere arnasguneak behar ditu soziofuntzionalki eta demografikoki gurea bezain nabarmen ahuldutako hizkuntza orok, baldin belaunez belaun transmitituko bada. Zenbat eta arnasgunea espazialki zabalagoa izan, eta euskara nagusi duen espazio soziofuntzionala erabilera-esparruz edo jardun-gunez aberatsagoa, hainbat eta hobe. Indar eta botere desberdineko language-in-culture direlakoak elkarrekin trabatzen direnean, dotore esateko elkarrekin interaktuatzen dutenean, gertatzen da LS, Language Shift edo mintzaldatzea. Elkar-trabatze horren ondorioz indartsuenak dislokatu egiten du ahulena, bai fisikoki eta bai demografia aldetik. Dislokazio horri ihes egiteko modu egokiagorik ez da izan, orain arte, arnasgunea baino. Gerokoa ikuskizun dago, jakina; orain artekoa oso kontuan hartu behar da, ordea. Bizirik dagoenari bizirik eusteko eta bizi-berritze-saio egingarriak planteatzeko, lehentasuna markatzen du arnasguneen kontuak. Lehentasunik gabeko datuen ezagutza aski ezagutza ahula da, bestela: asko jakin eta ezer gutxi entenditzeko bidea. Gure moduko arriskuan dauden eremu urriko hiztun(-herri)en eginkizun nagusia, honako bi puntuotan zentratzen du Fishmanek:
- a) erdarazko mintzajardunetik euskarazkora pasa behar dugu belaunaldi gaztea, teknikoki posible edo sozialki onargarri den neurrian. Horretarako, berriz, gazte-jende hori euskaraz ari baldin bada jardunbide horri eutsi behar zaio firme. Eginkizun hori ezin dugu, lasai-lasai, andereñoen esku utzi.
- b) "demographically concentrated and intergenerationally continuous" izango den modus vivendi edo bizimodu eguneratua bultzatu, indartu eta zabaldu behar dugu belaunaldi gazte horientzat.
Hori da Fishman-en planteamenduaren muina, ahuldutako hizkuntzak indarberritzeko lehentasunei dagokienez. Buruan duena (bere hainbat liburu eta artikulu irakurri dudalarik, eta berarekin puntu honetaz berariaz hitz egin ondoan, buruan duela iruditzen zaidana) honako hau da: "ondo da Arabako Errioxan euskara indarberritzen saiatzea. Ikasi nahi duenak ikas dezala: horrek ez dio euskarari kalterik egingo. Mesederik ere ez asko, ordea. Euskararen egungo auzia besterik da: benetako erronka belaunez belauneko transmisioa berrezartzen (edo, indarrean dagoen kasuetan, indarrean mantentzen) daukazue. Hor jokatzen duzue euskaldunok bizia: Astigarragan eta Gernikan, ez Labastidan edo Santurtzin. Ez ezazue beraz begien bistatik galdu, gurasoen bidez eta eskolaren laguntzaz eskuartean daukazuen altxor nagusia zein den: gazte-jende euskalduna, lagunartean eta kalean euskaraz egiteko benetako aukerabidea izan dezakeen belaunaldia, hori duzue euskaltzaleok zuen altxor preziatuena. Aurrerantzean ere euskaldun-jendea demografikoki nagusi, edota gutxienez masa batetik gorako kopuruan, izango den herri-herrixkak, auzoak eta biziguneak saia zaitezte euskaldun mantentzen. Horri eskerrak (italiarrei Italian, portugesei Portugalen eta daniarrei Danimarkan... bezalatsu) normala gertatuko zaie belaunaldi gazte horiei euskaraz bizi izatea. Eta, jakina: helduak izatera iristen direnean ondotxoz probableago izango da gazte horiek pareko lagun euskaldun batekin ezkondu eta euskal familia (n+1 belaunaldiko euskal familia) osatzea. Beste mende-laurdeneko arnasa emana izango diozue horrekin euskarari; epe horretan hau eta beste egin dezakezue, euskal hiztun-herriaren osasuna hobetzeko".
Beste albo-efekturik ere badu arnasguneak: erdaldunen edo euskaldun hizmotelen euskal pizgarri da. Zenbat eta euskarazko arnasguneak ugariago eta aktiboago izan, orduan eta errazago izango da euskaraz erdipurdika moldatzen diren hiztunek ere beren hizkuntza-gaitasuna (ahozkoa oraingoz, idatzizkoa gero ere lor liteke) indartu eta zabaltzea. Igeri eginez ikasten da igeri egiten, gainean jarri eta pedalei emanaz ikasten da bizikletan ibiltzen... ingurukoekin honetaz eta hartaz hitz eginaz ikasten da erraz eta lasai hitz egiten. Ez da oraindik horrelako euskaltegirik asmatu, eta ez asmatuko ere. Hainbat arnasgunetara etortzen diren immigranteen seme-alabek euskaraz egiten dute gaur ere. Eskolako euskara batuaren eredua gora-behera, eskolan eta plazan jolas eta solas ari direlarik beren laguntxoen mintzajardun jatorra eransten zaie, aparteko "hizkuntza-plangintza"-rik gabe. Beren gurasoek ere ondo entenditzen dute bertako euskara, eta gauza errazak esateko gai dira hainbatean. Eta hori zergatik?: the informal daily life of a speech community-k, (euskara nagusi den ingurumenetako hiztun-elkartearen eguneroko mintzajardun arruntak, planifikatzen hain zaila den etengabeko mintzajardun horrek), bizimolde moderno honetan ere aparteko indarra eta erakarmena duelako. "Horretan saia zaitezte zuen indarrak xahutzen, beste mila gauzatan baino lehen": hori da Fishman-en aholku nagusia, mila sinplifikaziorekin esaten ari banaiz ere. Inportantea da muina entenditzea: ñabardurak eta matizak, garapenak eta salbuespenak gero etorriko dira.
Hitzezko fenomenoa da hizkuntza oro, idatzizko jarduna baino areago. Euskaraz erraz hitz egingo duten hiztunak izateak lehentasun osozko jomuga izan behar du guretzat. Horretarako, euskaldunek euskaldunekin euskaraz jardun ahal (hainbatetan behar) izango duten arnasguneak babestea, sendotzea eta zabaltzea funtsezko eginkizuna da(62).
4. Oraingo egoera: zenbait ezaugarri eta hainbat erronka
4.1. Gazte euskaldunen emigrazioa
Hamarkada luzez inmigrazio-gune izan da, batez ere, EAE. Orain, aldiz, indartzen ari da emigrazioa. Gazte guztiak afektatzen ditu emigrazio horrek: bai erdaldun hutsak, bai erdal-elebidunak eta bai euskal-elebidunak. Gatozen azken multzo honetara: euskaldun gazte, alfabetatu eta erdi- edo goi-mailako ikasketak egindako asko EAEtik edota Euskal herritik kanpora doa lanera: Madrila edo Espainiako beste hainbat lekutara, Europara edo mundu zabalera.
4.2. Inmigrazioaren goraldi berria
1975 inguruan etenik-edo geratu zen inmigrazioa, hainbat motibo zela medio. Egonkorturik-edo zirudien giroak 1982an, Euskararen Erabilera Normaltzeko Legea onartu zenean. Aldatu egin dira kontuak, berriro: inarrosaldi sendoa izan du inmigrazioak EAEn, azken hamar urtean(63). Espero izatekoa zen hori: haur gutxi sortzen denez bertan, eta koiuntura ekonomikoak lan-eskalaren behereneko edo esfortzu gordineneko mailetatik aldentzeko aukera eskaini digunez bertakooi, kanpotik etorri dira bertakook bete gabe utzitako zuloa estal dezaketenak. Kanpotik etorriko dira eta, itxura guztien arabera, hala egiten segituko dute begien bistako etorkizunean.
4.3. Bilakaera ekonoteknikoa
Lantegien (lantegi-multzoen) kokagune berriak sortu dira han eta hemen, berrikuntza ekonotekniko horren haritik: industrialdeak. Beste lan-kultura bat, beste harreman-sareak eta beste hizkuntza-konfigurazioa dakarte lan-inguru berriok berekin: gaztelaniaren presentzia jeneralizatzeaz gainera atzerri-hizkuntza bat (ingelesa) eta, zenbaitetan, beste bigarren bat osagai arrunt bihurtzen ari dira industrigune horietariko hainbat lanpostutan. Aski neurri fragmentario eta oro har periferikoan izanik ere, leku bat eskuratzen ari da euskara kontestu berri horretan. Horrekin guztiarekin kontatu beharra du eskolak, lekuz kanpo gelditu nahi ez badu.
Industria-sektorea berritzeaz gainera zerbitzu-sektorearen zabalkundea gertatu da, aski era ohargarrian, azken mende-laurdenean. Batez ere alor publikoan (Jaurlaritza eta hiru Foru Aldundiak, Estatuaren Ordezkaritzak, han-hemengo udalak eta erakunde autonomo publikoak zein ofizialak). Hortik kanpora ere factum bat da, salbuespena baino areago, zerbitzu-sektorearen zabalkundea. Jendeak ez du lehengo ofiziorik ikasten: mahai batean lan egiten dugu gero eta sarriago, ordenagailuaren aurrean. Ordenagailua, telefonia mobila, e-posta, internet eta, oro har, komunikazio-teknologia berriak leher-eztanda bizian etxeratu zaizkigu denbora gutxian: EEN legeaz geroztikako berrikuntzak dira horiek, ia ehuneko ehun. Lan-inguramendu berriaren oinarri nagusietako bat bihurtu dira berrikuntzok. Euskarari dagokionez, jarduera molde tradizionalari (aurrez aurreko mintzajardunari) harreman-bide birtual, hitzezkoaz gainera idatzizkoa, erantsi diote.
Lan-inguramendu horretan era malgu eta aldakorrean jardun ahal izateko prestatu behar du eskolak gazte-jendea. Gaztelaniazko, ingelesezko eta, zenbaitetan, euskarazko harreman-sareetan txertatu eta interaktuatzeko prestatzen du eskolak, dagoeneko, bertako gazte-jendea. Hori da arau berria, gero eta zabalduagoa. Konfigurazio berri hori nekez izan zezaketen gogoan EEN legea prestatu eta onartu zutenek. Ez haiek eta ez inork: geroztikako bilakaera ekonoteknikoa da hori, lautatik hirutan. Hizkuntzen erabilera profesionalean, lan-esparruko harreman-sareen bilakaeran, hizkuntzazko konpartimentazio soziofuntzionalaren aplikazioan eta horrek ezinbestekoa duen eskola-trataeran ondorio garrantzitsuak ditu teknologia berrien eta lan-esparruaren transformazio sakon horrek.
4.4. Bilakaera soziokulturala
Gemeinschaft-etik Gesellschaft-erako transformazio sozialak aurrera jarraitu du, oro har(64). Lehendik ziztu bizian zetorren joera azeleratu eta orokortu egin da. Ondorio nabarmenak izan ditu transformazio horrek gizajendearen eguneroko bizimoduan: sekularizazioa areagotu egin da, besteak beste, eta moda supraetnikoa (jan-edanean, janzkeran eta pop-kultura kontsumoan) indartu; turismoa eta aisialdi antolatua nabarmen zabaldu dira, eta familiaren moldaera bera errotik aldatu da. Bilakaera horrek gogor erasan du 1980 inguruko gizarte-bizitzan indarrean zegoen hainbat iritzi eta uste-sinesmen, jarrera eta balio, lehentasun eta jokabide: hots, eguneroko bizimoduaren oinarri soziokulturala. Mende-laurdeneko bilakaera hori, eta bilakaera horrek eskola-esparruko normalkuntza-saioan eragindako hainbat ondorio, ez dira hitz bitan azaltzen errazak. Eragingarrienak diruditen elementuak seinalatuko dira hemen, soil-soilik. Has gaitezen moldaera soziokultural tradizionalean birsorkuntza-gune nagusi izandako instituzio ezagunetik: familiatik.
4.5. Familiak eta ingurumen hurbilak lehen baino babes-indar ahulagoa
Familiak eta auzoak, lagunarteak eta aurrez aurreko lan-mundu arruntak segurtatu izan du, menderik mende, euskararen belaunez belauneko transmisioa. Ikusia dugu gorago, txosten honen 1. atalean, gogor erasanik iritsi zela transmisio-bide hori 1980 ingurura. Familia gertatu ohi zen ordura arte, erdal erasanari aurre eginez, euskal belaunaldi berrien sorgune eta indargarri nagusi. Erdal eskolak ez zuen, halakoetan, familia euskaldunen hazia erabat hondatzen. Bospasei urterekin eskolara hasi arte etxean, auzoan eta herri-giro hurbilean jardun ohi zuten haur horiek elkarrekin, gurasoekin eta familiartekoekin. Etxean izaten zen ama, etxekoandrea, goizetik gauera. Orain baino ondotxoz haur gehiago jaiotzen zen orduko familietan(65). Familia zabal horietan ikasten zuten haurrek etxekoen eta auzokoen moduan hitz egiten, komunikatzen eta gizarteratzeko lehen urratsak egiten.
Bukatu da, ia erabat, familia-molde zabal eta trinko hura. Behinolako familiaren egitura eta barne-jarduera asko aldatu dira hogeita bost urteotan(66). Familia nuklearrera pasa gara erabat, oro har, eta familia monoparentalak ere ugaritzen hasi dira azken urteotan(67). Familia-eredu berrian aita-amak biak ari izaten dira etxetik kanpora lanean(68), maiz asko, eta umeak haur-eskolara bidaltzen dira sarri. Etxearen eta familia osoaren euskalduntze-ahalmena ahuldu egin du, oro har, berrikuntza horrek. Lehen baino pisu eta itzal txikiagoa du familiak oraingo haurren eta neska-mutilen sozializazio-lanean eta euskararen belaunez belauneko transmisioan. Funtsezko gertaera da hori. Eskola etsai izanik ere euskarazko bizimoduak aurrera egiten zuen lehen, hainbat kasutan, familiak eta familiondoak euskaraz (euskara hutsean edo nagusiki euskaraz) ziharduelako eta euskarazko etxe-giro sendo hori hizkuntzaren transmisiorako behar adina oinarri gertatzen zelako. Orain ez dira horrela kontuak: nahas-eleko ezkontzak ugarituz doaz, ezkontide biak euskaldun izanik ere bietako bat (edo biak) erdal-elebidun d(ir)eneko egoerak indartzen ari dira, eta etxean daudenean erdara nagusitzen da sarri. Etxean ez daudenean, berriz, erdal komunikabideen irrupzioa oso da sarkorra seme-alaben artean, adin batetik aurrera bereziki(69).
Lehen ere familia askotan erdara nagusiturik zegoela esan dezake norbaitek. Deskribatzen ari garen gertaera hori ez dela mende-laurden honetako berritasuna eta, beraz, ez dagoela hor familia-bizitzaren euskalduntasuna ahulduz doala esateko motibo sendorik. Arrazoirik ez zaio falta, hein batean, halakorik dioenari. Ez da egia, ordea, gauzak aldatu ez direnik. Asko aldatu dira mende-laurden honetan, eta aldaketak aurrera darrai, aski ziztu bizian. Euskaldun gehienon eguneroko esperientzia biografikoa dago batetik, gertaera horren egiaz, batez ere joera horren azelerazioaz, zabal eta ozen mintzo dena. Ez dago horri ez-ikusia egiterik. Han-hemengo esperientzia biografikoei irismen zabaleko datu estatistikoak erants dakizkieke, bestetik. Fragmentarioak edo aitormen hutsezkoak izanik ere funtsezkoak dira datu estatistikook, goiko baieztapen hori enpirikoki oinarritu ahal izateko.
4.6. Lurralde-antolamenduaren bilakaera
Aginte-esparru gehienetako elementu nagusi bihurtu da lurralde-antolamendua, mende-laurden honetan: Udal eta Foru Aldundi, Jaurlaritza eta Gobernu Zentral, gero eta lurralde-antolatzaile konszienteago bihurtu dira guztiak. Komunikazio-bide eta lotune berrien konfigurazio espazialak, zabor-hondakinen jestioak eta, oro har, ekologiaren baldintza-eskakizunak, etxegintza masiboak eta turismo-ustiapenak lehen mailako garrantzia eman diote lurralde-antolamenduari. Eskuartean dugun gaiarekin ere lotura zuzena du: hizkuntza-politikaren lehen-lehen mailako elementu bihurturik dago lurralde-antolamendua. Komeni da, horregatik, ikuspegi hori ere kontuan izatea.
- 4.6.1. Bide-sare berritua
Bide berriak zabaldu dira han-hemen, eta lehengoak hobetu. Distantzia fisikoa laburtu egin da sarri. Halakorik gertatu ez denean ere, distantzia "funtzionala" nabarmen murriztu da: kilometroak lehengoak izanik ere lehen baino errazago, eta askoz denbora gutxiagoan, iristen zara orain leku batetik bestera. Baita lekurik izkutuenera ere: errepide nagusietatik, hirietatik eta industrigune handietatik isolatuenik zeuden herriak, herrixkak eta mendi-zokondoak aski eskueran gelditu dira. Alde handia dago 1982ko errepideetatik 2007koetara. Egunero Donostiatik Gasteiza joan-etorrian gabiltzanok ondo dakigu hori. Kontuak ez dira, bestalde, hor amaitu: aireportuak jende- eta karga-trafiko handiagorako egokitu dira, eta itsasportuak karga-deskarga erosoagorako egokitu. Ondorio nabarmena izan du horrek guztiak hiritarren mobilitatean, autoen proliferazioan eta garraio-sistema zabal eta malguagoen antolamenduan.
- 4.6.2. Hiriak gainezka egin du eta kanpora irten da
Gainezka egin du hiriak, lekuz kabitu ezinik eta prezioen igoerak eraginik. Mende-laurden osoko fenomenoa izan bada ere hori(70), azken hamar urteak gertatu dira gogorrenak. Orain gutxira arte baso eta zelai, larre eta baratz zirenak hirigune bihurtzen ari gara: hiri-hiria edo bizigune berezia ("zona residencial" delakoa), baina natura hutsaz aparteko lur-sail interbenitua. Hirigintzaren inarrosaldi bizi hori ez da hiri-barnera eta hiri-ingurura mugatu: auzo osoak eta landa-etxe berriak eraiki dira ugari, banaka edo multzoka, ordura arte hiritik urruti zeuden herri-herrixka isolatuenetan ere (ikusi Gipuzkoako Olaberri edo Mutiloa, esate baterako). Herri-herrixketako bizimodua urbanizatu egin da ia zeharo. Baserrietakoa ere bai, askotan: orain baserrian bizi den familia asko ez da baserritik bizi, ez partez eta ez osoz. Txalet isolatuaren alternatiba funtzional bihurtu da baserri asko, azken urteotan: hiriko estandarretan bizi da jendea, hiritik kanpora ere. Dislokazio demografiko eta soziokultural handiak eragiten ari da hirigintza hori 1980an oraindik arnasgune ziren leku askotan. Merezi luke horretaz azterketa sistematikorik egitea.
- 4.6.3. Industriaren kokaera berria
Kokagune berriak bilatu zaizkie lantegiei. Hiritik edo herritik kanpora joan da industria edo zerbitzu-enpresa asko. Industrialdeak, merkatalguneak, zentro logistikoak eta teknologia-parkeak sortu dira han-hemen: horiek dira lan-munduaren eta zerbitzu-eskaintza berriaren paradigma. Egunaren zati on bat lanean pasatzen dugunez helduok, lan-gune berriok eta bertako interakzio moldea gero eta garrantzi handiagokoak dira euskara-erdaren erabilera-eskeman. Normala da orain, lehen ez bezala, egunean zortzi ordu zure alboan dituzun lankideak 100 Kmko tartetik etorriak izatea. Euskarazko lan-taldeen homogeneotasun-aukerak ahuldu egiten ditu horrek sarri. Euskalki berekoen artekoak are nabarmenago erasaten ditu. Lanean euskaraz egin nahi duenak berak ez bezala hitz egiten duen euskaldun-jendearekin jardun behar du gero eta maizago, eta selektiboa izan behar du maiz bere solaskidetzan. Ez da hori oso lan erraza, ezin gaindituzkoa ez bada ere.
- 4.6.4. Harreman-sare berriak
Motz geldituko ginateke aurreko aipamen horiekin, lurralde-antolamenduaren mende-laurdeneko berrikuntza bere dimentsio fisiko-geografikora mugatuko bagenu soil-soilik. Dimentsio birtuala, ikus-entzunezko komunikabideen leher-eztandak eta IKTen garapen biziak berekin dakartena, oso kontuan hartu behar da orobat. Telebista-kate bi ziren erdaraz, 1982an EEN legea onartu zenean(71). Hamarnaka dira orain, eta ingelesezko edo beste atzerri-hizkuntzetako hainbat aukera erantsi behar zaizkio gaztelaniazko kate-eskaintza ugari horri. Internetek eta bestelako lotura-bide informatikoek erabat zabaldu dute gainera, azken mende-laurden honetan, harreman-sare birtualen mundua. Jendeak telefonoz, telegrafoz, eskutitzez eta, pasiboki, irratiz edo liburuz gaindi zezakeen 1982an, normalean, aurrez aurreko harreman-aukera fisikoa. Orain, aldiz, erruz zabaldu da handik harako interkonexio-aukera eta mundu zabaleko lotura moldea. Telefonia mobilak, emailak eta internet-ek sekulako iraultza eragin dute mende-laurden honetan. Aho biko ezpata dira lotura-bide berriok gurea bezalako hizkuntzentzat.
Aurrez aurreko harreman-sare baliagarri zirenak ahuldu egin ditu, alde batetik, lotura-bide berri honek. Euskaraz (euskara hutsean) nekez atera zaitezke gizartera, are gutxiago mundu zabalera, solaskide erdaldunekin honetaz edo hartaz jardutera. Lotura-bide berriok hori dakarte, berriz, hainbatean: zuk zeuk erdal munduarekin jardun beharra, batetik, eta erdal mundua etxekotzea, bestetik. Erdal mundua etxekotzen ari garen heinean, auzolagun euskaldunak selektiboki isolatzen ari gara gutxi-asko: gai honetaz edo hartaz diharduten solaskideekin, ez hurbilen bizi direnekin, jarduteko aukera zabaltzen digute harreman-sare berriek, eta aukera paregabe horretaz gero eta maizago baliatzen gara. Batean sartzen dugun denbora, jakina, bestearen kaltean izaten da. Distantzia fisikoak eta harreman-sare lokalak indarra galdu dute hori dela medio, eta urrunez urrunekoek inoiz ez bezalako lehentasuna eskuratu mende-laurden honetan.
Dena ez da galera izan, ordea, hor ere: euskaldunon dentsitate fisiko-territorialean izandako galera etengabea berdindu edo orekatu egin dute, hainbatean, telefono mobilak, euskarazko irrati-telebistek, egunkari-aldizkariek, emailak eta internetek. Elkarrengandik urruti eta banandurik egon arren euskaraz egiten jarrai dezakegu orain, teknologia berriei esker. Laguntza-bide ohargarria da hori gurea bezain ahuldutako hizkuntzentzat: harreman-sare berriok euskaraz eratzeko eta euskaraz baliatzeko erraztasuna ematen du horrek guztiak. Baita eskola-giroko neska-mutilen artean ere: txateatzeko orduan balegoke aukera, esate baterako, han-hemengo gazteek beren artean euskaraz jarduteko(72).
- 4.6.5. Laburbilduz
Erdal auzategiz edo erdal zona erresidentzialez(73) bete(tzen ari) dira zenbait arnasgune, orain gutxira arte indarrean zuten euskal giroa nabarmen ahulduz eskolatik kanpora(74). Language shift edo luze-zabaleko mintzaldaketaren eszenario bihurtu dira, mende-laurden honetan, arnasgune horietariko zenbait. EEN legea onartu zenetik hona eskolan egin eta egiten den indarberritze-saioa eta eskolatik kanpora eragiten dena ez doaz askotan elkarren eskutik: elkarren kontra doaz hainbat kasutan, eskolagintza euskalduna eta lurraldearen berrantolamendu erdalduna. EAEko hizkuntza-politika ez da Kultura eta Hezkuntza Sailetan bakarrik erabakitzen. Funtsezkoak dira, horiezaz gainera, populazioaren hazkunde moldea, lurralde-antolamendua eta lan-esparruaren ordenazio berria hurbilenetik eta sendoenik eragiten duten instantziak. Goiko bi esparru tradizionalok baino funtsezkoago, oro har, ikuspegi demolinguistiko globaletik. Beste hiru instantzia horiek (populazioaren hazkunde moldea, lurralde-antolamendua eta lan-esparruaren ordenazio berria) izan dira, azken mende-laurden honetan, EAEko hizkuntza-politikaren parametro askoren eragile nagusiak. Beren eraginaren nagusitasuna areagotu egingo da, itxuraz, hurrengo mende-laurdenean.
Lurralde-antolamenduak eta lan-esparruaren ordenazio berriak ahuldutako hiztun-taldeen autorregulazio soziokulturalean duten garrantzia hain nabarmena izanik ere, ez dago motiborik modernizazioaren aurrez aurreko planteamendurik egiteko. Soluzioa ez dago lehenari iltzaturiko "euskal erreserba" etnolinguistikoetan. Are gutxiago demarkazio eskualdekatu hutsean, Irlandako Gaeltacht-ak ere behar adinako neurrian azaldua duenez. Biziko bada lana eta jana behar du arnasguneetako jendeak, lehenik eta behin. Mundutar zabal sentitzeko komunikabideetarako lotura-aukera eta bizimodua itxura gabe ez oztopatzeko behar besteko zerbitzu-eskaintza (eskola, osasun-atentzioa, erosketa-gunea) eta aisialdi erakargarria ere bai, herrian geldituko bada beste norabait lekualdatu gabe. Gazteak herritik kanpora joaten dira bestela, eta zaharrak bertan hil ahala beherantz hasten da herria: kanpotikakoen demografia-hazkunderik gabe ere galtzen dira han-hemen, sarri asko, hiztun-taldeak eta hiztun-elkarte osoak.
Soluzio majikorik ez dago: faktore asko hartu behar dira kontuan, horrelako ebaluazioa egiterakoan. Kontestu multifaktorial horretan txertatu behar da, ezinbestean, egungo eta etorkizuneko hizkuntza-politikaren oinarri-lanketa eta lehentasun-ezarpena ere. Azken mende-laurdeneko gizarte-berrikuntza dugu, labur bilduz, euskara indarberritzeko hartu diren garapen-neurrien ezinbesteko Hintergrund. Horiek kontuan hartu gabe instituzio alorrean egin eta egiten den hizkuntza-politika baloratzea alferlana da. Fenomeno soziala da hizkuntza, kontestu elebakarrean zein elebikoan. Dimentsio soziologiko hori gabe hutsalak dira, hortaz, hizkuntza-politikaren alorreko formulazioak. Hortik abiatu behar da, bestela esanik, arnasguneek etorkizunean izan behar duten lekuaren eztabaida. Bai fisikoki izan dezaketen lekua, bai soziofuntzionalki bertan garatzea espero litekeena eta bai, azkenik baina ez azken, hurrengo belaunaldian legokiekeen lehentasuna, arrazoizko eta adostasun zabaleko formulazio jeneral baten altzoan.
5. Aurrez aurreko jardunaren lekua HINBE-saioetan
Iritsi da ordua, azkenik, berriro ere hasierako gaiari heltzeko. Ikusi dugu zehazki, aurrez aurreko jarduna zer den. Funtzio edo jardun-gune nagusiak ere arakatu ditugu. Harreman-sare informalak berariaz aztertu ditugu, nagusitasun-moldaerazko taulak eratzerakoan. HINBE-saioak zer diren ere analizatu dugu, gaingiroki eta ez hain gaingiroki. Zutik diraute, ordea, gai-jartzailearen hasierako galderek:
- a) posible al da gertuko harreman-sare informaletan eragitea, jardun-esparru nagusietan eragin gabe?
- b) non eta nola jarri behar dira lehentasunak, eta horren arabera noiz-nola mugatu lehentasunezkoak ez diren esparruetako saioak?;
- c) udalerri bateko lan-programetan zeintzuek elikatzen dute HINBEko 6. urratsa, eta zeintzuek ez?
Itxuraz urruti (berriro urrutiegi) noala badirudi ere, galdera horiei nire moduan erantzuten saiatzera noa.
5.1. Ganorazko euskal girorik gabe, etorri oneko hiztunik ez
Etorri oneko hiztunak behar ditu edozein hiztun-taldek, hizkuntza horretan funtzionatuko badu. Ez, ezinbestean, hiztun garbiak eta jatorrak, "gure aurrekoen pare eta guztiok egiten dugun moduan" hitz egiten dakitenak. Bai, ordea, etorri onekoak: esan behar dutena esateko gai direnak, zenbaiten iritziz "aski euskera xelebrean" jardungo badute ere(75). Hots, eskolan ez ezik eskolatik kanpora ere eguneroko bizitza arruntean aparteko lotsarik gabe euskaraz jardungo duten gazteak. Etorri oneko hiztunak sortzea lehentasun argia zen eta da gure artean. EEN legearen "conocimiento práctico suficiente" hura ez dut uste ingelesezko fluency-tik eta gure hitz-etorri-tik hain urrun dabilenik. Helburua hor dago egon baina, oro har, helburu hori ez da bete. Etxetik erdaldun diren neska-mutil gehienen artean ez da hala izatea lortu, eta etxetik euskaldun direnen artean ere batzuetan bakarrik lortzen da halakorik. Ez da moztade hori hemengo kontua bakarrik. Badugu perspektiba zabalagoko konparazio-aukera ederrik, eskolaren eta eskolaz kanpoko jardunaren arteko konexioaz. Bada Europan, urruti joan gabe, aski gure antzeko egoera soziolinguistikoa duen herrialdea: Gales. Saio sendoa egiten ari dira galestarrak, beren hizkuntza ahula indarberritzeko. Aparteko garrantzia ematen diete haiek ere eskola bidezko berreskuratze-lanari. Ebaluazioak eta balioespenak metatzen ari dira, bertako eskola-saioaren emaitzak direla-eta. Berariaz aztertu dute batzuek, etxetik galesez ez dakiten gazte batzuek zergatik lortzen duten hitz-etorri ona (on samarra) galesez, eta besteek ez. Kontu hori berariaz aztertu duen gero eta autore gehiagok zera dio, Galesko emaitza horien argitan: etorri oneko hiztunak sortzearen gakoa eskolatik kanpora dagoela hein handi batean. Eskolan ikasten dutena eguneroko bizian aplikatu ahal, aplikatu nahi edo aplikatu behar izango duten jardunguneak, harreman-sareak eta solaskideak behar dituztela hiztun berriok. Solaskide horiekin diharduten neurrian eskuratzen dutela hitz-etorria. Ikasle horien harreman-sare hurbil, arrunt eta eskuragarriez inguratu behar dela hortaz eskolako indarberritze-lana, saio osoa alferrik galduko ez bada. Haurrek, neska-mutilek eta gazteek ingurumen babesgarria behar dutela, erdal erasanaren aurrez aurre beren L2 horretan jardungo badute eta, horrela, jardunaren jardunaz hitz-etorria eskuratuko badute. Auzoan eta kale-bizitza hurbilean, adin bereko gazte-gaztetxoen lagun-taldeetan, hurbileko osasun- eta kirol-zerbitzuetan, astialdi antolatuan eta ikasketa-aukera berezietan erabilgarri eta erakargarri eta baliagarri gertatu behar zaiela hizkuntza, hartaz baliatuko badira. Gero eta maizago irakurtzen dira horrelakoak han-hemen. Azken-azken orduko lanei dagokienez (eta L2ko ikasle helduetan zentraturik) ikus, esate baterako, Lynda Pritchard Newcombe-ren 2007ko Social Context and Fluency in L2 Learnears. The case of Wales. Gazteen eta helduen mundua badu ere aztergai, eskoletako euskara-ikasle askoren situazioa ere oso ondo deskribatzen duela uste dut(76). Ondoko pasarteok jasotzen dute argi bere iritzia: "Great emphasis is placed on the learner as a social being whose processing of the second language (L2) depends to a large extent on their ability to negotiate entry into... ...social networks of target language speakers.(...)...successful language learners require regular interaction in the target language in a setting in which they feel comfortable". (L. Pritchard Newcombe, 2007: 1). Baita beste hau ere: "The support of native speakers is particularly crucial in the learning of lesser-used languages. In the case of Wales, for instance, there are large areas, such as the capital Cardiff and its environs where the only contact for many learners with Welsh is in a classroom and the rest of life -home, social and work- is conducted through the medium of English. In situations of this kind, learners have to seek opportunities to meet Welsh-speakers and converse". (L. Pritchard Newcombe, 2007: 3). Aukera hori baliatzen ez denean, edo halako aukerarik ez dagoenen, oso nolabaiteko gales-hiztunak sortzen dituzte sarri bai eskolak eta bai "galestegiak": "they only ever speak "classroom Welsh", resort to simply reading the language, or give up altogether". (L. Pritchard Newcombe, 2007: 3).
Ezaguna gertatzen al zaigu Galesko ondorio hori? Bai, oso ezaguna: hemen bertan, eta guri begira, idatzia dirudi. Bai etxetik erdaldun diren gazteen kasuan eta bai, are, etxetik euskaldun (nola-halako euskaldun) direnen artean bete-betean kunplitzen dira Galesko muga-eragozpen horiek. EAEko eskola-mundua bere bidetik joan da, sarriegi, haurren euskalduntze- eta alfabetatze-lanean. Belaunaldi berriaren euskalduntze- eta euskarazko alfabetatze-lana osorik berea dela uste izanik, eta langintza horren motore-izaeraz zeharo konbentzitua, gizarte-ingurumenarekin elkarlan handirik osatu gabe jardun du mende-laurden honetan. Errua ez da, inola ere, berea izan. Ez, behintzat, berea bakarrik. Inork baino gehiago egin du eskolak, euskalduntze-alfabetatze-lanean, eta errua inork baino gehiago egin duenari leporatzea ez da gisako. Eskolaz kanpoko jardunguneen, harreman-sareen eta solaskide-multzoen falta sentitu izan da maiz, aitzitik, eskolaren lana osatzeko. Udalak eta bestelako instantziak gogotsu agertu izan dira sarri, euskarazko irakastereduen alde. Besteok ez dira neurri berean ahalegindu izan, eskolako euskalduntze-saioari osagarrizko eta ezinbesteko jardungune eta harreman-sareok eskaintzeaz beren jardun-esparru propioetan: kirolean, astialdi antolatuan, gazteentzako zerbitzu-eskaintzan eta, oro har, neska-mutilak eta gazteak auzoan, kalean eta gizarte-bizitzan hiritar bihurtzen dituen hainbat ekimen kolektibotan. Egia da zenbait udalek eta hainbat instantziak eredugarrizko traiektoria dutela alor horretan, aspaldidanik, eta urtetik urtera zabaltzen ari direla beren jestio-alor hori. Egia da, orobat, gero eta eragile gehiago ari direla gurdi horretara biltzen. Mende-laurdeneko baioespena egin behar bada, ordea, kontuak bestelakoak dira: desoreka handia dago eskolan eta eskolaz kanpoko jardunguneotan egin denaren artean.
5.2. Zer etekin du jardun-esparru "nagusi"etan eragiteak, horien bidez gertuko harreman-sare informaletan eragiteko?
Galderak badu puntu enpiriko argi bat: jardun-esparru "nagusi"tzat hartu ohi da irakasmundua, oro har. Jardun-gune horretan, berriz, ez dago dudarik eragin dela eta eragiten dela. Hori bezain egia da, ordea, eskolako eragin zabal horrek aski oihartuzn ahula izan duela orain arte, gertuko harreman-informalak euskalduntzeko orduan. Are gehiago: orain puntura arte aski euskaldunak ziren kasuetan ere nekez lortu da lehen berez zebilenari zutik eta indarrean eustea: gogoratu Aramaioko, eta oro har Arakistain gehienetako, egoera. Goiko galderaren erantzuna ez da beraz, beti eta nonahi, baiezko biribila.
Arazoa, jasotako datuak zeharo okerrak ez badira, gazteen alorrean antzematen da indar bizienaz. Joera, horregatik, eskolari "zerbait gehiago" eskatzea izan ohi da sarri. Alferbidea da hori, funtsaren funtsean. Bistan da eskolak orain arte eman duena baino gehiago eman dezakeela: zenbat gehiago, ordea? Aramaioko D eredua baino eskola-molde euskaldunagoa nola eratu nahi da, eta Euskal herri osora hedatu? Irakasleak, eskolak eta Hezkuntza Saila bera ari dira aspaldidanik saiatzen, beren ikasleek (euskaldun berri eta zahar) horrelako jardunguneak eta harreman-sareak izan ditzaten eskolatik kanpora. ULIBARRI programa bera, partez (ez osoz), eskolaz kanpoko jarduera horiez arduratzen da. Programa horrek egin dezakeena ez da, ordea, aski. Ingurumenaren esparrua mila aldiz zabal-trinkoagoa da, ULIBARRIk konekta eta aktiba dezakeena baino. Ez da arrazoizkoa, beraz, konexio- eta aktibazio-ardura osoa ULIBARRIren bizkar gainera botatzea(77). Laguntza handia lukete eskolek eta irakasleek, baita guraso kezkatu askok ere, ingurumeneko ekintza-bideok lekuan lekuko iniziatibaz eratuko balira, guztia "goiko"en ardurapean utzi gabe. Etorri oneko hiztunak, ez nolabaiteko elebidunak, sortu nahi baditugu osagarrizko laguntza horien eta beste askoren beharrean da eskola. Berak bakarrik ezin du halakorik egin, ez orain eta ez gero.
Gazteen euskarazko aisialdi- eta atentzio-sarerik eratu ezinik ez legoke berez. Posible da hori, teorian eta praktikan. Baita osagarrizko diru-kostu handirik gabe ere: nork esan du neguko astebukaeretako irteerak (Pirineoan eskiatzera, demagun) eta udako jaialdiak euskaraz antola ezin litezkeenik, autobus, jantoki eta dantza-leku barne? Egon ez dago ordea, praktikan, horrelako eskaintza handirik. Oztopo bi ageri dira hor, besteak beste: dagoen apurra aski markatua dago ideologiazko baldintza estuz, eta beraz "aurrez konbentzituak" bakarrik erakartzen ditu jarduera horrek. Ez da murriztapen ideologiko hori bide egokia, luze-zabaleko gazte-atentzioa indartzeko. Halako mugarik tartean ez denean ere tematikak berak murrizten du, sarri, gazteentzako eskaintza eta beraien parte-hartzea. Ezin aste guztiak bospasei kantari-talderen disko berak entzuten, trikiti-jaialdira joaten eta bertsolari-saioak entzuten pasako dituzte gazteek. Hori baino kultura-eskaintza zabalagoa eta dibertsifikatuagoa eskatzen du, arrazoiz, gazte-jendeak. Hortxe dago bigarren koska: aisialdiaren euskarazko aukeraren murritzak eta dibertsifikazio-faltak nekez gazte-saldo zabalak erakar ditzake. Euskarazko eskaintza horren beharra handia da, bestalde, eskola bidezko saioa gaztaro bete-betean indargabetu edo ezabatuko ez bada. Etekin linguistikoaren aldetik, nolanahi ere, funtsezkoa da euskaldun alfabetatu gazteok "beren neurriko" harreman-sare euskaldunetan txertatzea eskolatik kanpora, eta beren irakurmen-mintzamenak garatzea. Batez ere mintzamena: ahozkotasunean dago behaztopa-harri nagusia(78). Trebetasun-lantze horretan eskolak izan dezakeen eragina ez da gutxiestekoa, baina bere neurritik ez da ateratzea komeni. Eskolatik kanpora pasatzen ditu gazteak bere esna-ordu gehienak, eta ordu ugari horietako hizkuntza-input bizia gabe kamutsa da, oso, eskola-bide hutsez eskura litekeena.
Euskal eskolak ezinbestekoa du ganorazko euskal-girotze saioa. Halakorik asko ez da eratu. Eskoletan egin den esfortzuaren ondoan ezer gutxi egin da, diruz eta gizajendez, antolamenduz eta baliabide materialez, baita diseinu teorikoz ere, hain funtsezkoa den alor horretan. Mende-laurden honetako defiziten artean ez da hori, ene ustez, txikiena. Baita perspektiba ekonomikotik ere: zer justifikazio du eskolan egiten den inbertsioak, ondorio material konkreturik ekarriko ez badu? Ondorio konkretuak eskuratzeari dagokionez, berriz, nork esan du aste osoko klase-emankizun errutinarioek, bizi-taupadatik urrun eta lautatik hirutan pasiboek aste-bukaerako berritsuketa alai, bizi, gatz-piperrezkoek baino eragin handiagoa dutenik neska-mutilen hitz-etorri lanketan? Nork esan du euskarazko aisialdiaren antolamendua oraingoa baino garestiagoa denik?
Bada, gai honi amaiera emateko, berriro ere kontuan hartu beharreko beste puntu bat. Euskal-girotze saiorik bultzatu nahi baldin bada aparteko garrantzia dute, bai perspektiba ekonomikotik eta bai, bereziki, lanaren etekinaren ikuspegitik, euskarazko arnasguneek eta, oro har, gune horietatik kanpora kokaturik dauden euskarazko harreman-sare beregain arruntek. Bizirik dagoena eta bere buruari eusten diona, hori da euskalgintza osasuntsuaren ezinbesteko abiaburua. Baños de Ebron saiatzea ez da okerra, are gutxiago debekuzkoa. Baina bizia hemen dago, ez han, eta hemengo bizi-indar beregain honetan oinarritu behar da eskola bidezko indarberritze-saio osasungarria. EAE osorako formulazio uniformea ondo dago, konstruktu jurilinguistiko moduan. Hori baino hurbilbide xume eta zentzuzkoagoa aplikatu behar genuke, ordea, eskolan ikasten denari ingurumen hurbilean txertagune praktikoa bilatzerakoan. Lekuan lekuko lan-programak behar dira horretarako, ez "café para todos" moduko formula antzuak. Bizirik dagoenari bizirik eutsi, eta zuhaitz-landare berriak harizti bizian aldatu, hori da lehentasunezko bidea. Ez al gaude horren faltan, lehenik eta behin?
5.3. Posible al da gertuko harreman-sare informaletan eragitea, jardun-esparru nagusietan eragin gabe?
Orain bai. Orain erantzuten saiatzera noa. Labur erantzungo dut, gainera, aski luzatua bainaiz dagoeneko. Eta erantzuna, ezpairik gabe honelakoa da: bai, baldin. Gure arnasguneetako kontzentrazio demografikoa ez da beti, ezinbestean, Foru Aldundian, Lakuan edo Madrilen erabakitzen. Herri mailan (kasu honetan, demolinguistikoki aski euskalduna den herrian bertan) erabakitzen da hori, askotan. Gaurko (azken hamabost urteko) hizkuntza-politikaren eragile nagusiak hirigintza-batzordeak eta lurralde-antolamenduaren arduradunak izan dira. Herrian bertan, plan bat martxan jartzerakoaan, bere ingurumen-inpaktoa egiten da sarri, batzorde horiek erabaki bat hartu aurretik. Inpakto soziolingusitikoa ez da ordea, dakidalarik, planteatu ere egiten. Zer egin behar duzu ordura arte aski euskalduna zen herri edo auzo bat erdal-euskaldunez edo erdaldunez gainezka jartzen baduzu: D ereduko eskola (eta gero unibertsitatea) jarri? Aurrezki Kutxako pertsonala euskalduna izan dadin esijitu? Euskarazko telebista-kate bat eratu bailara horretarako? Baina gauza horietariko asko egin da dagoeneko, edo eginbidean da, eta kausa-efektu argirik nekez esan liteke hortik ateratzen ari denik. Hori ere kontuan izan behar da, goitik beherako erabakien eragin oroahalduna bere neurri zehatzean balioesteko orduan. Auzoan eta kalean, tabernan eta plazan euskaraz egitetik erdaraz egitera pasa baldin bagara, hirigintza eta lurralde-antolamenduaren erabaki horiek direla medio, alferrik da gero "goi-mailako erabaki indartsu"ak behar direla esatea.
Beste era batera esanik: arnasgune gisa funtzionatu duten herri eta auzo ugari (nahiz demografikoki ez hain handi) horien autorregulazio soziokulturala indartuko duten hirigintza, lurralde-antolamendua eta lantegi-moldaera laguntzea, bultzatzea, indartzea ezinbestekoa da. Maila batean hala egin izan da askotan eta, orain ere, hala egiten da zenbaitetan. Beste askotan ez ordea, eta gutxitan jabetzen gara diferentzia txiki horien ondorio sakonez. Arnasguneetako harreman-sare informalen geroa ezin liteke, makro-mailako erabaki handien mende utzi. Hori egitea, partida aldez aurretik galdutzat ematea da. Lekuan lekuko erabakietan, ez kultura edo hezkuntza alorrean bakarrik kontuan izan behar da hizkuntza-faktorea.
5.4. Non eta nola jarri behar dira lehentasunak, eta horren arabera noiz-nola mugatu lehentasunezkoak ez diren esparruetako saioak?
Labur-labur erantzungo diot gai-jartzailearen galdera honi ere. Hiru baldintza izan behar ditu udaleko normalkuntza-teknikariak, besteak beste, gogoan:
- d) Aldeko ondorioak laster (ez hemendik berrogeita hamar urtera edo auskalo noiz) izan ditzaketen erabakietan zentratu behar da euskararen indarberritze-lana.
- e) Paperezko eta ikus-entzunezko neurriak ez dira eragingarrienak, harreman-sare informaletan eragiteko. Harreman-sare informalak "berez" eratzen diren kontestuak bilatu behar dira, lehenik eta behin. Horietan eragitea zaila edo oso zaila dela esatea egiaren erdia esatea da. Erdarak gero eta indartsuago eragiten du hor, inolako planifikazio formalik gabe. Auzo-beharrak, auzo-zerbitzuak, auzotarren intereseko langintza da identifikatu, antolatu eta hedatu beharra. Auzogintza da kontzeptu klabea. Jendeak gustura sentitu behar du ematen zaion (beste inork apenas ematen dion) zerbitzuarekin, eta zerbitzu horrek euskarazkoa izan behar du euskaldun-jendearentzat.
- f) Egungo marko jurilinguistikoa (edo aldian-aldian legokeena) kontuan hartuz jokatzea eskatzen du horrek, alde batetik. Bestea, kasurik onenean, ihes egitea da.
- g) Goitik beherako indarberritze-saioen ondoan, bere aurretik eta bere ondoan, behetik gorako planteamenduak egitea eskatzen du horrek. Aukera politiko jakin, markatu eta itxietatik harantz planteatzen den euskalgintza. Lekuan lekuko herri-aginteekin bat eginik ibiliko den jarduna.
6. Azken gogoeta-saioa
Kontestu zabalago batean koka dezagun gaurkoan ikusitakoa. Saia gaitezen hizkuntzaren gizarte dimentsioa perspektiba territorial eta tenporal zabal samarrena kokatzen, gero hortik behera, xehera, etortzeko. Jokabide hori oinarri harturik, eta aurrez esandakoen osagarri, ondoko puntuok gogoan hartzekoak direla dirudi.
6.1. Euskara ez doa, oro har, berehala galtzera
Bere osoan hartuta, euskara ez doa berehala galtzera: ez gure bizi-denboran eta ez, itxuraz, gure seme-alaben aldian. Endangered language direlakoetan alde handiak daude batzuetatik besteetara, eta euskara ez dago urrundik ere azken-azkeneko fasean, espezialistek moribund language esan ohi duten horretan. Motibo objektiborik badago, egon, baieztapen hori egiteko. Euskaraz dakitenen kopurua ez doa, batetik, atzera. Hainbat kasutan, are, aurrera egiten ari dela esan liteke. Mende bi t’erdiko atzera-martxari kontrako irabazpidea erantsi berri zaio (EAEn), eskolaren laguntzaz bereziki. Zenbait eskualdetan eta ingurumenetan, bestetik, ugari egiten da euskaraz, orain ere: bere pisua du halako ingurumenetan euskarazko jardunak etxean eta kalean, lagunartean eta lan-giroan. Arnasgune horiek bizirik daudeino bizirik iraungo du euskarak, gainerako eskualdeetan erabat desagertuko balitz ere. Herri-agintea eta lege-markoa euskararen aldeko dira, hurrenik. Hala dira, hainbatean, EAEn eta, beste neurrian, Nafarroan. Aldeko izaera horrek bere korolarioak ditu egungo egunean, euskararen aldeko reward-system edo ordain-sarietan(79). Euskaldungoak eta bertako hainbat erdaldunek, azkenik eta horrezaz guztiaz gainera, aldeko jarreraz gainera konpromisozko jarduera ageri dute zenbait esparrutan: batez ere eskola-munduan, baina ez horretan bakarrik. Indargune ohargarria da hori guztia: Europako hiztun-herri gutxik du, dakigun neurrian, maila horretako babes-indarrik egungo egunean.
Ez dezagun ahaztu, ordea, gauza bat dela jakitea eta bestea egitea. Hizkuntza jakitetik ondo jakitera eta, batez ere, eguneroko jarduera arruntean barru-barruan eraman eta etengabe erabiltzera alde handia egon ohi da. Hala egon ohi da han-hemen, ahuldutako hizkuntzen artean, eta halaxe dago gure kasuan ere: mintzajardunaren gizarte-moldaerak bilakaera negatiboa ageri du hiztun-kopuruz eta harreman-sarez, belaunez belaun, euskal herrietako eskualde eta herrialde osoetan. Iritzi kontuei dagokienez, bestalde, aski patroi diferenteak antzematen dira jarrera jenerikoetatik konpromiso konkretuetara. Euskara ez dago hiltzeko zorian, baina gogor ahulduta dago eta belaunez belauneko jarraipena segurtatu gabe dauka hainbat eskualde, jardungune eta harreman-saretan.
6.2. Elebitasuna, euskaldunon bizi-aukera bakarra
Ele biko hiztun-elkartea (bilingual speech community) osatzen du euskaldun-jendeak. Euskaldun hutsik, euskaraz besterik ez dakienik, apenas gelditzen da inor gure artean, hiruzpalau urtetik gorakoetan. Erdaldun hutsak eta (mintzagai jasoetan edo idatzizko zereginetan batik bat) erdaraz erosoago moldatzen diren vasco-euskaldunak, aldiz, asko dira: multzo biak batuz, gehiengo zabal-zabala. Euskaraz dakien eta hala egin nahi lukeen hainbatek, goiko motibo horiek direla medio, erdaraz egin behar izaten du maiz. Salbuespen bakanak alde batera uzten badira, gauza bat dago argi: ele biko herrialdean (bilingual setting delakoan) bizi dela, egungo egunean, euskaraz dakien eta hala egiten duen gizajendea. Elebakarrez inguratua bizi da, gainera: harreman-sare berrien indarra eta dibertsifikazioa kontuan hartzen bada, inoiz baino erdaldunez inguratuago bizi gara euskaldunok.
Ele biko hiztun-elkartea osatzen dugu gaurko euskaldunok eta, euskara zeharo ahultzen eta galtzen ez bada bidean, ele biko hiztun-elkartea osatzen jarraituko dugu gure (eta gure seme-alaben) bizi-denbora guztian. Horretan ez dago dudarik: hasi berria dugun XXI. mende honetan, euskara hutsezko hiztun-herriaren (nolabait esatearren, XIX. mendeko Zazpi Probintzien) behinolako konfigurazio etnoterritorial osabetezko hura ez da, arrazoibidez eta gizarte-moldaera berrien jakinaren gainean ari bagara, begin bistako etorkizunean egingarri. Egia da etorkizuna ez dagoela, ehuneko ehun, aurrez erabakia. Hori bezain egia da, ordea, gizatalde zabalen hizkera molde nagusia, mintzajardunaren gizarte-moldaera alegia, norbanakoaz haraindiko baldintza jakinez gogor eta herstuki mugatua egon ohi dela nonahi eta noiznahi. Hizkuntza-soziologiak ezer erakutsi badu azken mende-erdian horixe da, hain zuzen: norbanakook hizkuntza jakin bat egitea (edo beste bat, edo biak) ez da zori itsuaren ondorio, hiztun-talde jakinak hizkuntza horretaz/horietaz baliatzeko duen beharraren eta egokieraren emaitza baizik. Jatorrizko hitzetan esateko, "the vast majority of any speech community comes to speak (read, write) in the ways it does –monolingually or bilingually- because of its long and intricate involvement in reward systems requiring such speech" (Fishman,1985). Bizi garen aldian eta aldean bizi izanik, bertako "reward system" nagusiaz jabeturik eta "long involvement" hori kontuan hartuz euskara hutsezko hiztun-herri osabetezkoaren formulazioa ez da begien bistako etorkizunean eskuragai.
6.3. Euskarak "bere lekua" behar du, galduko ez bada
Ikuskizun dagoena, zinez ari bagara, ez da alderik aldeko euskal elebakartasun hori (hemendik 10 urtera, 25era edo 50era) lortzerik izango den ala ez, beste kontu hau baizik: euskarak behar adinbateko indar izango ote duen (hiztun-kopuruz, harreman-sareen zabal-iraunkorraz eta eguneroko jardungune nagusien sendoaz), bere buruari eutsi eta, belaunez belaun transmitituz, espazio fisiko zein soziofuntzional jakinetan hiztun-elkarte osasuntsu baten eguneroko adierazpide izaten jarraitzeko. Hori da galdera nagusia, hizkuntzen gizarte-dimentsioaren gainean zientzi arauz informaturik dagoen aditu- eta arduradun-jendeak bere buruari lehenik eta behin egin ohi diona. Aldian behingo zentso-emaitzak gorabehera, euskaltzaleen ekimen ohargarriak eta egungo lege-markoak (EAEkoak bereziki) eskaintzen duen babes-laguntza instituzionala kontuan izanik ere, gure hizkuntza zaharraren iraupena da benetan ikuskizun dagoena: batez ere bere habitat historiko jarraia izandako hainbat herrialdetan (iparralde gehienean, adibidez) eta euskarazko mintzamoldeari belaunez belauneko jarraibidea eman izan dioten bizi-esparru hurbil-arruntenetan. Goazen bidetik goazelarik gaztelania (edo, iparraldean, frantsetsa) hemendik 10, 25 edo 50 urtera desagertuko ote den galdezka (zer esanik ez, beldur-itxuran) jardutea lekuz kanpora dago erabat. Elebitasunaren alternatiba probableena ez da euskara hutsezko elebakartasuna, erdarazko (hemen: gaztelaniazko) elebakartasun gero eta zabalduagoa baizik.
"Bere lekua" behar du euskarak, begien bistako etorkizunean bizirik aterako bada gaztelaniaren eta beste erdaren ondoan. Zein da, ordea, "bere lekua"? Erantzuna aski etsigarria da: ez dakigu(80). Zientziak ez du, oraingoz, galdera horrentzako erantzun baliagarri unibokorik. Historian zehar aski konpartimentazio territorial eta soziofuntzional diferenteak gertatu izan dira, hizkuntza biren edo gehiagoren elkarbizitza-oinarri. Egungo egunean ere aski formulazio diferenteak dituzte hiztun-herri txikiek. Luze-zabaleko eztabaidaren ondoriozko adostasuna izan liteke, zientzi arauzko erantzun uniboko horren ezean, irtenbide erosoena. Zer eztabaidatu eta zer adostu behar da, hizkuntza kontuan? Mila kontu eta mila ikuspegi daude gure artean, honetaz eta hartaz, eztabaidagai izan litezkeenak. Guztiak izan litezke interesgarri: ez dago a priori inoren analisi- eta diskusio-biderik gaitzesterik.
Interesgarri izanik ere ez dira eztabaida guztiak, ordea, probetxu handiko. Zertan zentratu beharko luke eztabaidak, hortaz, euskara-erdaren elkarbizitzan aurrera egin nahi bada? Benetako helburua elkarbizitza hori baldin bada, eta irtenbiderik gabeko zuloan erori nahi ez badugu, garbi dago galdera nagusiak zein izan behar duen: zein leku dagokio euskarari, eta zein gaztelaniari, begien bistako etorkizunean iritsi nahi genukeen gizarte-bizitzan? Hizkuntza bi izango badira gure adierazpide eta gure ezaugarri, bistan da biek ezingo dutela espazio fisiko eta soziofuntzional berbera okupatu: ez dago munduan adibide praktiko bakar bat, konpartimentaziorik gabeko funtzionamendu hori belaunez belaun bizirik mantentzen duenik. Kontua ez da enpirismo hutsekoa: hizkuntza-soziologiaren oinarri teoriko seguruenetarikoa da, belaunez belaneko perspektiban ezinezkoa dela horrelako moldaerarik. Erredundantzia hutsa litzateke hori. Zer leku opa diogu hortaz euskarari, eta zer leku gaztelaniari? Zer leku opa diogu bakoitzari espazio fisikoan, eta zer leku espazio sozio-funtzionalean? Eztabaida eta adostasun-bilaketa hori ez da batere erraza. Hizkuntza ahula bizirik aterako bada behar-beharrezko bilaketa da hori, ordea: hil ala biziko egitekoa da hori euskararentzat. Ez, aldiz, gaztelaniarentzat: pasatzen den egun bakoitza bere (gaztelaniaren) aldeko eguna izaten da maizago, kontrakoa baino. Euskaldunok eta euskaltzaleok izan behar genuke egia horren inor baino jakitunago. Ez dirudi hala denik, ordea: beldurra diogu, zorabioa ez bada, konpartimentaziozko formula bat bilatzeari. Beldurra diogu horri eta, beldur horren barruan, ele biko hezkuntza-molde egokiena adosteari: hori da nire ustea, mende-laurden honetako ibiliak erakutsia(81).
Bistan da, bestalde, irtenbide hori bezain elkorra dela kontrako punta-muturreko filosofia tradizionala, inplizituki bederen EEN legeak bere egiten duena: denok denokin era inkonpartimentatuan, gogoak hala emate hutsaz, ele batean egin ordez ele bitan egingo dugu, gaur ez bada bihar. Ez dago munduan halako adibide ezagun bakarrik, eta hizkuntzen atzera-aurrerak arakatu dituen aditu-jendeak aho batez dio erredundantzia funtzionaleko elebitasun sozial hori bidera ezina dela belaunez belauneko perspektiban.
6.4. Perspektiba horretan txertatu behar dira eguneroko mintzajardun arrunta eta harreman-sare informalak
Eskolak neska-mutilei eransten dien plus-a (etxetik euskaldun direnak alfabetatzea; gehiengo erdalduna euskalduntzea) galdu egingo da neska-mutil horiek eskola ondoko gaztaroan eta heldualdian euskarazko harreman-sareetatik deskonektaturik bizi badira. Erdal familia eratzen badute gazteok, esate baterako, berriro ere hutsetik hasi beharko da euskalduntze-lanean. Erdarazko irakurketa-idazketak baldin badira nagusi, eskola-urteak amaitu ondoan, etxetik euskaldun ziren gazteen artean, eskolako irakurmen-idazmen haiek galdu egingo dira: kasu batean zein bestean probetxu eskasekoa gertatuko da hainbat urtetako hezkuntza-saioa. Eskolaren hizkuntza-garaipena edo porrota ez dago eskolan bertan: eskolatik kanpora dago hori, nagusiki. Hori da inor gutxik entzun nahi duena eta are gutxiagok onartzen eta kontuan hartzen duena. Noiz arte segitu behar du ez-ikusiarena egin nahi horrek? G. H. Jenkins-ek (2000) galesarentzat aurreikusia duen terminal decline hori azken hiztun-talde euskaldunoi zeharo gaineratu eta guztioz erabat jabetu arte? Lagunarte eta familia euskaldunak sortzea, euskaldun-jende horrek lan-esparruan (partez bederen) euskarazko harreman-sareak eratu eta haietan txertatzea, mila aldiz garrantzi handiagokoa da, Errioxako edo ez dakit nongo A ereduko ikasleak (are Bko askotxo) itsu-itsuan Dra eramatea baino. Hori ez da D ereduaren kontrako alegatua, D eredua bere neurrian eta bere kontestuan kokatu beharraren argudio-bide sotila baizik. Behar-beharrezkoa du euskaldungoak, mende berrian bizirik aterako bada, euskarazko eskola. Ingurumen-baldintza batzuen barruan bakarrik emango du, ordea, eskola horrek bere fruitua. Hain zaila al da hori entenditzea?
Errazegi ahaztu dugu guraso euskaldunen garrantziaren kontua: egindakotzat ematen dugu sarri, guraso euskaldunek etxegiro euskalduna osatuko dutela, lagunarte euskalduna eratuko ere dutela oro har eta auzo-bizitza arruntean bertan euskarazko harreman-sareak indartzen ahaleginduko direla. Badakit bertsio ofizialak zer dioen: guraso euskaldunen belaunez belauneko hizkuntza-transmisioa altua edo oso altua dela eta, beraz, familia-bizitzaren (eta, horri gehi eskolari eskerrak) gazte-gaztetxoen euskal-elebitasuna segurtaturik dagoela. Dakigun neurri mugatuan, ez dago batere garbi hori horrela denik: ezagunenetik hasita, eskola da gaur egun, haur horiek hiruzpalau urte dutenean, erdalduntze-gune masiboetako bat. Behin eta berriro frogatutako datua da hori: begiak erne izan nahi dituenak ahaztu behar ez lukeen datua. Handik hasita, erdal lagunarteak eratzen dituzte sarri haurrek, adinean gora egin ahala. Bertsio ofizialaren oso bestelako ikuspegia ematen du gertaera horrek, eskola-mundutik bertatik atera gabe. Hurbileko gizarte-bizitzan euskarazko jardunguneak eta harreman-sareak eratu gabe alferrik dira, ordea, eskolaren ahaleginik handienak. Konparaziorako ikus Galesko Twf proiektua (V. K. Edwards, eta L. Pritchard Newcombe 2003, 2005 eta 2006).
Errazegi ahaztu ditugu, orobat, garai batean garrantzi handia aitortzen genien jarrera eta motibazio kontuak. Motibazio integratiboa eta instrumentala bereizten ahaztu egin zaigu, antza(82). Funtsezkoa da orain ere bereizketa hori, hiritarren herri-gogoa eta euskaltzaletasuna bere neurrian baloratu nahi badira eta onarpen zabaleko formulazioak hobetsi. Funtsezkoa da hiritarren gogo-giro eta babes hori, bereziki, eskola-esparruko hizkuntza-politika definitzerakoan.
6.5. Eguneroko harreman-sareen ondorioa corpus-plangintzan
Status-plangintzan bezala corpus- eta acquisition-plangintzan ere gogoan izatekoa da hori guztia. Corpus-plangintzari dagokionez ikus, adibidez, Fishman-ek aspaldi esana(83): "Dans l’ensemble (...) il semble qu’il serait préférable de considérer l’école comme un facteur important à la disposition des planificateurs-linguistes, plutôt que come une force indépendante décisive devant garantir l’implantation de l’aménagement linguistique. On charge souvent de donner suite aux efforts de normalisation, mais elle est sans doute beaucoup trop faible pour y parvenir. Si, dans le mithe populaire, cette distinction n’est pas évidente, elle doit l’être pour les spécialistes de la politique linguistique. Peut-être, en effet, vaudrait-il mieux considérer l’école comme un instrument secondaire de valorisation au service de systèmes sociaux plus fondamentaux et plus puissants".
Euskaldunek euskaldunekin euskaraz (euskara hutsean edo batez ere euskaraz) jarduteko esparruak, harrreman-sareak eta situazio komunikatiboak ez dira azken mende-laurdenean nabarmenki indartu. Izatekotan, ahuldu egin dira. Galdu-irabaziak gertatu dira hor, dudarik gabe. Horrela, eta irabaziei gagozkiela, lehenagoko konpartimentazio funtzionala birrindu ahala dibertsifikatu egin dira euskarak sarbiderik duen jardun-gune horiek: lehen erdaraz bakarrik egiten zen hainbat esparrutan ele bietan, gaztelaniaz zein euskaraz, egiten da orain. Hori dela medio inor gutxi harritzen da gaur egun udal-bulego batean norbaitek bere eskabide-orria euskaraz betetzen duelako, aurrezki-kutxako diru-makina automatikoarekin hainbatek euskaraz dihardugulako edo, are, bertako zenbait unibertsitarik bere tesi doktorala euskaraz egiten duelako. Zabaldu egin du euskarak bere presentzia, lehen debeku (agintearen erabakiz edo konbentzio sozialez debeku) zituen H esparruetara. Baina zer preziotan? Hasteko, dibertsifikazio soziofuntzional (hots diglosia-galtze) hori partziala izan da oro har: nagusitasun argia du gaztelaniak gaur egun ere, lehen jaun eta jabe zen esparruetan; eta, bereziki, esparru-irabazte mugatu horren trukean, lehen euskararenak ziren esparru informal-arruntetan ere berdin-berdin gertatu da dibertsifikazioa. Berdin-berdin ez, justu alderantziz baizik: lehen euskara zegoen lekuan (etxean eta familian, auzo-bizitzan eta lagunarte hurbilean) euskara eta gaztelania daude orain. Diferentzia batekin, gainera: erdarak L esferan egin duen irrupzio hori euskarak H esferan egindakoa baino sendoagoa izan dela. Eta ez dezagun ahaztu, L esferako mintzajardun arrunt-egunerokoa dela, hamarretik bederatzietan, hizkuntzen belaunez belauneko transmisioa (eta, beraz, gurea bezalako hizkuntza ahul-txikien biziiraupena) segurtatzen duena.
Eskuartean zer dugun, eta nola jardun nahi den, argitu beharko da lehenik eta behin. "Lehendabizi ikasi, gero erabili" paradigmaren mende gauden artean jai dugu. Erabiliz ikasten da, hemen eta nonahi. Hori baino ikuspegi integratuagoa behar da, ezer lortuko bada euskalduntze-alorrean: bai azken orduko etorkinekin eta bai, nola ez, hasieratiko vasco-erdaldunekin. Etorkinen eskola bidezko euskalduntze-saioen eragimena mugatua da oso, eta hala izango da gero ere, saio horrek beren bizi- eta lan-ingurumenetik deskonektaturik jarduten duen artean. Euskaldunek euskaldunekin euskaraz egiten duten jardunguneak, harreman-sareak eta mintzagaiak indartzen ez diren artean, eta erdaldunek (tartean etorkinek) euskararen beharra edo mesedea nabaritzen ez duten artean, nekez (estatistikoki, ez kasu bakanetan, nekez) egingo dute aparteko saio gogorrik euskara ondo ikasi eta jardungune zein harreman-sare horietan euskaraz jarduteko. Nahikoa lan dute bestela ere bertako pauta nagusietan integratzen, beren ingurumen hurbilean eragin efektiborik ez duten jakite-kontu hutsei aparteko esfortzua dedikatzeko: behar ez dena ez da behar. Aldiz etorkinen potentzial humanoa, kulturala eta ekonomikoa eguneroko euskalgintza biziaren gurpilean txertaten bada, bistan da lagungarri sendo gerta litekeela uhin berri hori hizkuntza-normalkuntza kopuruz eta barne-konplexutasunez osatzeko. Betikora goaz: euskarazko jardungune, harreman-sare eta solasgai arruntak bizirik mantendu eta, ahal delarik, indartu behar dira horretarako. Errazago da hori esaten, halere, egiten baino.
(MIKEL ZALBIDE ELUSTONDO Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Saileko Euskara Zerbitzuko burua da)
Bibliografia
- Alba, Eli, 1990: "Irakaskuntza aldatzea posible al da?", in Hik Hasi aldizkariaren 1998ko abenduko ale berezia, 13-7 or.
- Altube, Seber, 1933-35: "Sobre la Vida del Euskera" eta "Más sobre la Vida del Euskera", in Euskera.
- Barnes, J. A. 1974: Social Networks. Reading Mass. Addison-Wesley Modular Pub. Addison-Wesley.
- Bell, Roger T. 1976: Sociolinguistics. Goals, Approaaches and Problems.London: Batsford.
- Cooper, Robert L. 1969: "How can be measure the roles which a bilingual’s language play in his every behavior?" (192-239), in (Proceedings of the International Seminar on) The Measurement and Description of Bilingualism, L. Kelly (arg.)
- Cooper, Robert L. (arg.) 1982: Language Spread. Studies in Diffusion and Social Change. Bloomington: Indiana Universituy Press.
1989: Language Planning and Social Change. Cambridge: Cambridge University Press.
- Corcoran, T., 1925: The Irish language in Irish schools. Studies.
- De Vries, John 1992: "Language Measurement and Shift. Problems of Measurement", in Willem Fase, Koen Jaspaert eta Sjaak Kroon (arg.) Maintenance and Loss of minority languages, 211-222.
- Dorian, Nancy 1981: Language Death. The Life Cycle of a Scottish Gaelic Dialect. Philadelphia: University of Pennsylvania Press.
1987: "The value of language maintenance efforts which are unlikely to succeed", in International Journal of the Sociology of the Language, 68, 57-67. 1994: "Purism vs. compromise in language revitalisation and language revival", in Language and Society, 23 (4) 479-94.
- Dorian, Nancy (arg.) 1989: Investigating Obsolescence. Studies in Language Contraction and Death. Cambridge: Cambridge University Press.
- Edwards, John 1992: "Sociopolitical Aspects of Language Maintenance", in Willem Fase, Koen Jaspaert eta Sjaak Kroon (arg.) Maintenance and Loss of minority languages, 37-54.
1993: "Language Revival: Specifics and Generalities", in Studies in Second Language Acquisition 15, 107-13.
- Fase, Willem, Koen Jaspaert eta Sjaak Kroon (arg.) 1992: Maintenance and Loss of minority languages. Amsterdam/Philadelphia: John Benjamins.
- Fasold, R, 1984: The Sociolinguistics of Society. Oxford: Basil Blackwell.
- Fellman, Jack 1973: "Concerning the "revival" of the Hebrew language", in Anthropological Linguistics 15, 250-7.
- Fishman, Joshua A. 1964: "Language maintenance and language shift as a field of inquiry", in Linguistics 9: 32-70.
1971: "The relationship between micro- and macro-sociolinguistics in the study of who speaks what language to whom and whem", in Joshua A. Fishman, Robert L. Cooper, Roxana Ma et al, Bilingualism in the Barrio, 583-604. 1987: "Language spread and language policy for endangered languages" in Peter H. Lowenberg (arg.) Georgetown University Round Table of Languages and Linguistics. Washington: Georgetown University Press. 1989: Language and Ethnicity in minority sociolinguistic perspective. Clevedon: Multilingual Matters. 1991: Reversing Language Shift. Theoretical and Empirical Foundations of Assistance to Threatened Languages. Clevedon: Multilingual Matters.
- Fishman, Joshua A. et al (arg) 1966: Language Loyalty in the United States. The Hague: Mouton.
1971: Fishman, Joshua A., Robert L. Cooper, Roxana Ma et al, Bilingualism in the Barrio. Bloomington: Indiana University Press. 1985: The Rise and Fall of the Ethnic Revival. Berlin: Mouton.
- Fundación FOESSA 1970: Informe sociológico sobre la situación social de España. Madrid: Euramérica.
- Gal, Susan 1979: Language Shift. Social Determinants of Linguistic Change in Bilingual Austria. New York: Academic Press.
- Gumperz, J. J. 1976: Social networks and language shift. Working paper 46. Language Behavior Research laboratory. University of California, Berkeley.
- Harshav, Benjamin 1993: Language in Time of Revolution. Berkeley. University of California.
- Hindley, R. 1991: The death of the Irish Language. London: Routledge.
- Hornberger, Nancy eta Kendall King, 1996: "Language Revitalisation in the Andes: Can the school Reverse Language Shift?", in Journal of Multilingual and Multicultural Development, vol 17, n o 6, 427-41.
- Jauregi, Pello 2003: Euskara eta gazteak Lasarte-Orian (II). Hizkuntzazko jokaerak. Lasarte-Oriako Udala.
- Jones, Mari C. 1998: Language Obsolescence and Revitalization. Linguistic Change in Two Sociolinguistically Contrasting Welsh Communities. Oxford: Clarendon Press.
- Kelly, L. (arg.) 1969: The Measurement and Description of Bilingualism. Toronto: University of Toronto Press.
- Kloss, Heinz 1966: "German-American Language Maintenance Efforts", in Fishman, Joshua A. et al (arg): Language Loyalty in the United States.
- Koenig, E. L. 1980: "Ethnicity: the Key Variable in a Case of Language Maintenance and Language Shift", in Ethnicity, 7: 1-14.
- Mac Namara, J., 1971: "Successes and failures in the movement for the restoration of Irish". In J. Rubin and B. H. Jernudd (eds.) Can Language be Planned? Sociolinguistics Theory and Practice for Developing Nations (65-94 or.) Honolulu, HI: East-West Center, University of Hawaii Press.
- Maguire, Gabrielle 1991: Our own Language: an Irish Initiative. Clevedon: Multilingual Matters.
- McRae, K. D. 1975: "The principle of territoriality and the principle of personality in multilingual states", in International Journal of the Sociology of Language 4, 33-54.
- Mitxelena 1982: Normalización de la forma escrita de de una lengua: el caso vasco, in Revista de Occidente, 10-11. zkia., 55-75.
- Myhill, John 1999: "Identity, Territoriality and Minority Language Survival", in Journal of Multilingual and Multicultural Development, 20 (1) 34-50.
- Ó Laoire, Muiris, 1995: "An historical perspective on the revival of Irish outside the Gaeltacht, 18801930, with reference to the revitalization of Hebrew", in Current Issues in Language and Society, vol. 2, no 3, 223-35.
- Paulston, C. B. 1994: Linguistic Minorities in Multilingual Settings: Implications for Language policies. Amsterdam: John Benjamins Publishing Company.
- Paulston, C. B., Pow Chee Chen eta Mary C. Connerty 1993: "Language Regenesis: a conceptual overview of language revival, revitalisation and reversal", in Journal of Multilingual and Multicultural Development, 14 (4) 275-86.
- Pauwels, A. F. 1985: "The Role of Mixed Marriages in Language Shift in the Dutch Communities", in Clyne (arg.) Australia Meeting Place of Languages. Canberra: Pacific Linguistics.
- Reyhner, J. eta E. Tennant, 1995: "Maintaining and renewing native languages", in Bilingual Research Journal 19 (2), 279-304.
- Robins, Robert H. eta Eugenius M. Uhlenbeck 1991: Endangered Languages. Oxford: Berg.
- Rubin, J. and B. H. Jernudd (arg.) Can Language Be Planned? Sociolinguistic Theory and Practice for Developing Nations. Honolulu: University of Hawaii.
- Schmidt-Rohr, Georg, 1932: Die Sprache als Bildnerin der Völker. München.
- Spolsky, Bernard 1996: "Conditions for Language Revitalization: A Comparison of the Cases of Hebrew and Maori", in Current Issues in Language and Society, 1995, vol 2 (3) 177-201.
- Tabouret-Keller, A. 1968: "Social factors of language maintenance and language shift: a methodological approach based on European and African examples", in Joshua A. Fishman, Ch. Ferguson and J. Das Gupta (arg.) Language problems in developing nations. New York: John Wiley.
- Veltman, Calvin, 1983: Language Shift in the United States. New York: Mouton.
1991: The Future of the Spanish Language in the United States. New York City and Washington D. C. Hispanic Policy Development Project. "Theory and Method in the Study of Language Shift", in J. R. Dow (ed.) Language and Ethnicity Vol II., 145-n or. Amsterdam / Philadelphia: John Benjamin.
- Weinreich, Uriel 1953: Languages in Contact: Findings and Problems. New York: Linguistic Circle of New York.
- Williams, Colin H. 1992: "Agencies of language reproduction in Celtic Societies", in Willem Fase, Koen Jaspaert eta Sjaak Kroon (arg.) Maintenance and Loss of minority languages, 307-29.
- Wright, Sue, 1995: "Language and the State: Israel and Ireland", in Current Issues in Language and Society, vol. 2, no 3, 173-6.
- Wurms, Stephen 1991: "Language Death and Disappearance: Causes and Circumstances", in Robins, Robert H. eta Eugenius M. Uhlenbeck (arg) Endangered Languages, 1-18.
Oin-oharrak
- (1) Gatozen ohiko adibidera: bistan da bihotza eta burmuina besoa baino elementu zentralagoak direla gizakion anatomian. Besoko zauria baino ondotxoz grabeagoa izan ohi da, gehienetan, burukoa edo bihotzekoa. Ondorioak begien bistan daude: bada gure artean besamotzik, beso bakarraz baliatu beharrak aparteko ilusiorik egiten ez badio ere hainbatean moldatzen denik. Aldiz "burumotz"ik eta "bihozmotz"ik (burua edo bihotza falta zaienik) ez dago. Bakar bat ere ez. Zerbait erakutsi behar liguke horrek. Gaixotasun bat "grabeago" izateak ez du esan nahi larriagoa "urjenteagoa" denik. Grabedadea eta larritasuna ez dira gauza bera. Ospitaletan ez dago, dakidanez, "lehendabizi buruko edo bihotzeko gaixo grabeen interbentzioak egingo ditugu, eta horiek maneatutakoan besoko zauri larriei helduko diegu" dioen urrezko araurik. Inon ez dago esana, gaixotasun grabeagoa larriago, urjenteago ere badenik "hemen eta orain". Demagun Koldoren kasua: eskalatzen ari dela irrist egin du gaur goizean eta hiru metroan behera amildu da. Eskerrak buruko kaskoa ondo jarria zeraman: buruko min kroniko handiak ditu aspalditik (burmuinean tumoretxoren bat ote duen beldur dira medikuak) eta gaurko irristadak ez zion mesede handirik egingo. Bularrean zaztada handiak izan ohi ditu gainera, azken bost urtean; gaurkoan ez dirudi, halere, aparteko kolperik izan duenik bularralde horretan. Besoan, aldiz, egundoko ebakia egin du: zorrotada bizian doakio odola, zainetik kanpora. Ospitaleko larrialdi-lekura eraman dute ziztu bizian. Medikuek berehala erabaki dute zer egin: besoko odol-galtze hori gerarazi egin behar zaio Koldori, lehenbailehen. Horrezaz gainera badago kezkatzeko motiborik, dudarik gabe, Koldoren buruko min kronikoaz eta petxuko zaztadaz. Ez da momentua ordea, "eskanerrean errebisio jeneral bat egitea ondo etorriko litzaiokeenez" hartarako txanda eskatzeko, errebisio horren zain egoteko eta, tokatzen denean, ordubetetxo bat aparatu horretan eralgitzeko. Besoko ebakitik odolusten ari da Koldo une honetan; odoluste hori konpondu behar zaio orain. Berehala jarri behar zaio torniketea edo dena delakoa, lehenik, eta zauria itxi lehenbailehen. Etorriko da gero, hala komeni bada, eskanerretik pasa eta gauza "inportanteagoak" aztertzeko unea.
- (2) Batetik Gasteizko, eta bestetik Miarritze-Angelu-Baiona multzoko, gertakizunak ez dakit atal horretan sar litezkeen. Lehen begiratuan baietz esango nuke, baina informazio zehatzagorik ezean hobe dugu kontu hori alde batera uztea.
- (3) Gatozen berriro parabolara. Bizirik dagoena osatu egin dezake medikuak; hilik dagoena ez. Berpizte kontuak ez dira medikuen langai. Bi mundu dira, alde askotatik, bata eta bestea. Eguneroko bizimodu arruntean (etxean eta kalean, familian eta lagunartean) euskara atzera ari den (baina oraindik hor dagoen) egoeretan interbenitzea gauza bat da, eta 1950etik hona, mende t’erdi luzez edo azken bospasei mendean (bederen) eguneroko bizia erdaraz (erdara hutsez edo erdararen erabateko nagusitasunez) bideratu izan den eta orain ere hala egiten den ingurumenetan jardutea bestea. Diferentzia horretaz jabetzen ez bagara, alferrik dugu txosten honekin aurrera egitea: funtsezkoa da puntu hori. Kasu batean zutik dago zaldia, eta (hobeto edo okerrago) gurditik tira egiten du eta bere lekura eramaten. Bestean, berriz, zaldirik edo idi-parerik gabeko gurdia dugu eskuartean. Tira egingo dion aziendarik eransten ez badiogu, geuk bultzata bakarrik mugituko da. Gure indarrez, berriz, gutxitan eramango dugu gurdia behar den lekura. Noiz arte segituko dugu gurditik tiraka? Ez al gaude halakoak egiteaz (ilusio handiz hasieran, "horrela behar duelako" gero) aspertzen hasi samarrak? Berez ibiliko diren autoak, beribilak, sortu ezean alfer-alferrik ari gara lanean. Mundua ez dugu geure bizkar gainean mugituko, etengabe.
- (4) Euskaraz ari dira, nahiz eta hirurek ez duten denean berdin-berdin egiten. Lanak izaten dituzte Inaxik eta Inesek, zenbaitetan, Anttoni entenditzen (alderantziz nola ote dira kontuak?). Aldeak alde euskaraz egiten dute ordea hirurek, inolako deskuidorik gabe.
- (5) Definizio ezagun eta laburrera bilduz, honela eman ditzakegu hiru elementuok: 1) Hitz egitea: bera da mintzajardunaren agerbide nagusia, bai agerraldi estatistikoz eta bai hizkuntza-eskuratzeari zein belaunez belaun transmititzeari dagokionez; 2) Irakurtzea: norbere buruarentzat, edo besterentzat boz goran, inork idatzirik deskodetzea; 3) Idaztea: batez ere aurrean ez dagoen hainbatek, zer diogun entendi dezan, aparteko teknikaz egiten dugun kodetze-lana.
- (6)
- (7) Azalpen laburrenera bilduz, honela eman ditzakegu zabaleraren hiru elementuok: 1) barne-hizkera (ni, mezuaren igorle eta jasotzaile); 2) jasotzea (ni, mezuaren jasotzaile); 3) sortzea (ni, mezuaren igorle).
- (8) Atributu pertsonalez (adinez, generoz, nortasun-ezaugarriz,..), posizio sozialez (status-ez, atxikirik daramagun rol-sortaz,..) eta erakarmenez (prestigioz eta bestez) diferenteak gara norbanakook. Horrelako norbanako diferenteez osaturik daude, hemen eta nonahi, giza arteko harreman-sareak. Sare horiek egituratzen dituzte, nonahi eta noiznahi, "hizkuntza" esaten diogun gertakari harrigarri horren aplikazio-gune ditugun jardun-guneak (etxea, auzoa, lantegia, eskola,..); jardun-gune horietan osatzen dira, berriz, rol-harreman jakinak (etxe-giroan senar-emazteak, ama-semeak, aitona-ilobak..., eskola-alorrrean irakasle-ikasleak, ikasleak beraien artean,...). Rol-harreman horiek multzokatuz eratzen dira, azkenik, alorrean alorreko harreman-sareak.
- (9) Bere galdera horretan "funtzio" dioenean "jardun-gune" esan nahi du Iñaki Arrutik, oso oker ez banago. Ez da inolako deskuidoa: gure artean aski ohikoa den izendapen-bide bati eusten dio berak, funtsean. "Funtzio" hitzari sentidu hori eman izana ez da, gainera, guk asmatua: horrela jardun zuten, hasiera batean, Haugen-ek eta Weinreich-ek, orobat Mackey-k. Azken mende-erdi luzean, linguistikan lehen eta soziolinguistikan gero, adiera ugari eta aski dibergenteak izan ditu ordea "funtzio" hitzak. Adiera ugari horien artean sartzekoak dira, besteak beste, Jakobson-en sei hizkuntza-funtzioak (emotive, conative, context, message, contact eta code), Halliday-ren hiru makrofuntzioak (ideational, interpersonal, textual), Hymes-en 1972ko 13 elementuak (bereziki SPEAKINGeko 8ak), formatik funtziora doazenak, Sebeok-enak eta Weir-enak. Adiera-aniztasun horretaz ikus, adibidez, Bell (1976: 82-88). Fishman-ek (1966: 428), "funtzio" hitzaren aniztasun horretaz jabeturik, hasierako terminoari eustea hobetsi zuen. Hori dela-eta Schmidt-Rohr-ek alemanez esandakoa domain (of language behavior, of language use) moduan eman zuen ingelesez. Domain of language use horretatik abiatu izan garenok "erabilera-esparru", "jardun-esparru" eta antzekoak erabili izan ditugu euskaraz. Azken urteotan jardun-gune erabili ohi dut nik horretarako. Komeni litzateke, gehienon probetxurako, terminologia hori bateratzen hastea: nork geure hobespenari eutsiko diogu, bitartean. Nolanahi ere, argi gera bedi "funtzio" hitzaren kontra ez daukadala aparteko grinarik. Bere ordez beste bat aukeratze horretan ez dago inolako gaitzespen kontzeptualik ere, terminologia aldetik seguruxeago ibili nahia baizik.
- (10) Gutxien-gutxieneko definizio baten bila gabiltzalarik, esan dezagun antzeko jokamoldez jardun ohi deneko situazioen baturak eratzen duela jardun-gunea. Aldakuntza-iturriak aldatu ezean, hiztun-talde batek hizkera-molde jakina (ele biko hiztun-taldeetan, aparteko hizkuntza) erabiltzen du jardun-gune bakoitzean (kontuz halere: jardun-guneak horrelakoak izateak ez du esan nahi, horrela diharduen guztia "jardun-gune" denik. Apaiz katolikoen gainean obispo bat egon ohi da normalean, baina obispo guztiak ez dira apaiz katolikoen agintari; hor daude obispo anglikanoak, esate baterako). Hiztun-talde horretako kideek esparru jakin horretan hizkuntza bietariko batean egitea espero da, edota hala egitea esijitzen. Beste zenbait definizio-saiotarako ikus Fishman 1966: 428-9.
- (11) Schmidt-Rohr-ek honako hauek definitu zituen 1932an: familia, auzoa eta kalea, eskola (bere barruan ikasbide-hizkuntza, ikasgai-hizkuntza eta pausaldiko hizkuntza bereiziz), eliza, literatura, prentsa, harmada, auzitegiak eta administrazioa (ikus Fishman, 1966: 428).
- (12) Hizkuntza-soziologiaren (bere atal deskriptiboaren, zinetikoaren eta dinamikoaren) alorrik gordinenetakoa dugu hau, oraindik ere. 1930eko hamarkada-hasieran Schmidt-Rohr-ek lehenik, eta Fishman-ek handik hogeita hamar bat urtera gero, egindako saioek gauza asko argitu zuten, lehen hurbilketa moduan, baina esparruaren eragile nagusiak landu-arin daude oraindik. Ahuldade horretaz informazio handiagoa nahi duenak jo beza iturri hauetara: Schmidt-Rohr (1932), Cooper, (1969: 192-239) eta Fishman (1966: 424-58; 1971: 539-604). Schmidt-Rohr-ek badu besterik ere. Konkretuki 1933ko Mutter Sprache. Jena: Eugen Diedrichs Verlag (aurreko urteko argitalpenaren idazkuntza berritua, antza denez nabarmen nazifikatua).
- (13) 65 urteko hori muga konbentzionala da, jakina. Praktikan askotxo dira lan-mundutik kanpora lehenago gelditzen direnak: 60 urterekin batzuk, eta lehenago zenbait. Multzo horri beste handiagoa erantsi behar zaio: lan-mundura jauzi egin gabe etxean bizi diren helduak (garai batean, batez ere emakumezkoak) eta, nola ez, beren gogoz kontra lanik gabe daudenak.
- (14) Hizkuntza biek edo gehiagok, bi horiezaz gainera ingelesez edo beste (normalean LWCren) batez jarduteko gai baldin bagara.
- (15) Gainerako baliokideak bezala, aski berria da mintzaldaketa terminoa. Berria edo ia berria. Xabier Lizardi jardun zitzaigun lehenengoz, oker ez banago, antzeko hitz batez: "mintzalda" zeritzan bere hitz-sorkari berriari, eta aski kontestu poetikoan baliatu zitzaigun hartaz (ikus X). Hortik saiatu nintzen ni, aspaldixko, mintzaldaketa edo luze-zabaleko mintzaldaketa ateratzen.
- (16) Jatorrizko definizioari dagokionez, Mintzaldaketa diogunean, Uriel Weinreich-en garaitik language shift esaten den fenomenoaz ari gara. Bere jatorrizko definizioa hau da: "the change from the habitual use of one language to that of another" (Weinreich, 1953: 68). Euskaraz esanik, A hizkuntzatik B-rako Language shift edo mintzaldaketa zera genuke: hiztun-talde batek (edo hiztun-elkarte osoak) eguneroko mintzajardun arruntean bere ordura arteko A hizkuntza (partez edo osoz) alde batera utzi eta handik aurrera B hizkuntzan egitea. Fishman-ek eman zion kontzeptu horri aurrez aurreko garapen akademiko zabalena 1964an, Language maintenance and language shift as a field of inquiry lanean eta gero, bereziki, 1966an bere Language Loyalty in the United States famatuan. Hizkuntza-soziologiaren oinarri-oinarrizko kontzeptua da, harrez gero, language shift edo mintzaldaketa.
- (17) Graduala izate horrek ekarri du, hain zuzen, language shift delakoa process moduan formulatu izana. Bada ordea tartean (GAL, 1979: XX) besterik dioenik: transition moduko prozedura dela eta, horregatik, hizkuntza-erabilera sinkronikoan jokabide hetereogeneo gisa hasten dena quantitative alteration lehenik, eta categorical change azkenik, bilakatzen dela perspektiba diakronikoan.
- (18) Zenbaitek ez du sekuentzia hori bere horretan ontzat ematen. Bi gauza nahasten dira hor, bere ustez: batetik erabileraren atzerapausoa, eta bestetik hizkuntza-gaitasunaren gainbehera: halakoen ustean, beste nonbait tratatu behar dira language loss eta language attrition kontzeptuak. Xehetasunak xehetasun, sekuentzia hori argigarria da hein batean. Conceptual confusion egoera ere bere baitan du, ordea, oraindik.
- (19) Euskaratik gaztelaniarako mintzaldaketa XIV. mende-inguruan gertatu zen Ezkarai aldean, XVIII. mendearen bigarren erdialdean-edo Arabako hainbat ergoienetan, XIX. mendea amaitzerako aski aurreraturik (baina ez erabat buruturik) zegoen Erronkarin, eta abar. Aieten, ni jaio nintzen Donostiako auzoan, 1960tik hona gertatu (gertatzen ari?) da batez ere.
- (20) Argitu dezagun kontua, adibidetxo batez: demagun Manchester-era doazela, Erasmus egitera, unibertsitateko bi lagun. Hegazkina hartu eta Londresen dute transbordoa, Heathrow-ko aireportuan. Ingelesez ari dira hor, partez: beste abioia noiz aterako den, eta zer atetatik, ingelesez irakurtzen dute horma-paneletan; garagardoa ere ingelesez eskatu dute terminaleko kantinan; Sarrikon "utzi dituzten" Ander eta Ikerrentzako bisera martxoso horiek ere ingelesez erosi dituzte, duty-free shop horietariko batean. Hor ari dira, beraz, beren ingeles kamuts hori nola zorroztuko saiatzen. Hori ez da luze-zabaleko mintzaldaketa, lagun bien aldaera-sortaren barruan eguneroko jardunekoa ez duten baina eduki hor daukaten ingeles-jakite horri (kontestuak hala eskaturik: kasu honetan hala agindurik) unetxo jakin batez bere zukua ateratzea baizik. Hori ez da mintzaldaketa: ezer izatekotan mintzalagun biren ohiz kanpoko kontestu bateko code switching modukoa genuke hori. Code switching modukoa edo aldian aldiko solaskideenganako ele-egokitzapena.
- (21) Kontuz ordea: "ezaguna" gauza bat da, "determinatzen erraza" bestea. Ez gara gaur hiztun-elkarteen arteko muga kontu horretaz ari, halere, eta ez dugu hemen, hortaz, horri buruzko zehaztapen-saiorik egingo.
- (22) Beste era batera ere formula liteke hori: mintzaldaketak bestelakotu egiten du hiztun-taldea. Bere aldaera-sortan zentrala zen hizkuntza, eguneroko jardun arruntean bakarra edo nagusia, desagertu egiten da bere errepertorio berbaletik (zehazkiago esanik, desagertu egiten da eguneroko jardun-gune eta rol-harreman informal-intimoetan zuen nagusitasun hori) eta bere ordez beste hizkuntza batek hartzen du horren lekua.
- (23) "Gutxiago" hori zehaztu egin behar izaten da sarri, terminoa balore absolutuan edo erlatiboan hartu behar den argituz. Ahuldutako hiztun-taldearen kontzentrazio kontua sartzen da hor, gainera, maiz aski tarteko. Ez da hau, ordea, horretaz jarduteko lekua.
- (24) Revitalization horren formulazio posibleez ikus, adibidez, goian aipaturiko Nancy Hornberger, Susan Gal eta Bernard Spolsky. Baita C. B. Paulston ere.
- (25) Reversing (reverse, reversal...) hori ez da, hizkuntza-soziologiaren esparruan, Fishman-ek asmatua: Wurms batek lehendik erabilia zuen reverse kontzeptua, eta beste zenbaitek ere bai bere aurretik. RLSren konstruktua, eta horren barruan belaunez belauneko hizkuntza-transmisio ohikoari (normalean etxeak eta familiak, lagunarte hurbilak, auzoak eta kaleak eman ohi duenari) aitortzen zaion zentraltasuna, Fishman-ena da ordea.
Revernacularization falta da goiko zerrenda horretan, eta ez da ahaztea komeni. Bestelako sendabidea da hori: hizkuntza sakroklasiko bat (bere esparru formal-idatzian baizik erabili izan ez dena) eguneroko hizkuntza bizi bihurtzea. Gero eta horren (horren korrelato partzial baten) beharrago gerta gaitezke euskaldunok, bere adiera eta ondorio sakonez gehiegi konturatzen ez bagara ere. Terminologia aldetik egonezin handia ageri da hemen ere, autore batetik bestera.
- (26) Badakit, nola ez, adiera zabalagoaz (eta, askotan, aski diferenteaz) erabiltzen dela biziberritzea gure artean. Bietarako balio du adiera zabalago horrek: bai revival adierazteko eta bai, hainbatetan, revitalization-erako. Kontua da bibliografia teknikoan aparte tratatzen dituztela biak aditu askotxok, aski adiera berezia erantsiz batari eta besteari. Oso kasu gutxi dago munduan, halako adibiderik eskain dezakeena: hebraiera jarri ohi da horren adibide argien, baina diskutigarria da hori ere. Ez dago argi, hebraierarena erabateko biziberritzea izan den. Funtzio batzuetan, izan ere, hebraiera ez da inoiz hilik egon. Zenbait adituren iritzian hobe da, horregatik, hebraieraren prozesua revival baino areago revernacularization motakoa izan dela esatea.
Beste kasu arrakastatsua ere (swahili-arena alegia) ez da revival motakoa, ezer izatekotan revitalization modukoa baizik. Eztabaida ez da jolas kontua: gauza bat da errioxarrak euskalduntzea (diskutigarria da, oso, kasu horretan berreuskalduntzeaz hitz egin litekeenik); beste gauza bat da, aldiz, euskara Goierrin, Durangaldean edo Baztanen indarberritzea. Oso gauza diferenteak dira biak: bai kontzeptu aldetik dira diferente eta bai, bereziki, adostu beharreko helburuen, ezarri beharreko lehentasunen eta aplikatu beharreko metodoen aldetik. Hori da benetan garrantzitsua, eta ez biziberritzea ondo esana dagoen ala ez. Ez gara terminologiaz ari, hezur-mamizko edukiaz baizik.
- (27) Berez, kontu handiagoz ibili beharko genuke esaldi horrekin: hainbat kasutan ez dago segurtatzerik, goi-mailako "funtzio" horiek inoiz bere esku izan dituztenik; ez "funtzio" guztiak izan dituzte beti beren esku, eta ez hiztun-elkarte guztiak iritsi izan dira inoiz halako nagusitasun-mailara.
- (28) "parte ohargarri batez" diogu, ez "erabat": etnokulturak eta beren baitako hizkuntzak ez dira inon, ez eta munduko nazio-estatu indartsuenetan ere, inolako aldaketarik gabe transmititzen, belaunez belaun eta gizaldiz gizaldi. Ez da munduan halakorik, ez lehen eta ez, are nabarmenago agian, orain. Lekuz kanpo daude, beraz, "dena bere horretantxe" transmititu nahi izateko planteamenduak. Desideratum moduan baliozkoa izan liteke agian (hori ere oso da zalantzazko), baina ez du gizarte-aldaketaren eta gizarte-berrikuntzaren mundu zabaleko fenomenoarekin uztardura egokirik.
- (29) "Gure" izate horrek badu bere garrantzia, hiztun-elkarte gisa bizirik segitu nahi duen hiztun-elkartearentzat. Ez da normalean "bere" hizkuntza bakarra izango, baina bai bere herri-izateari hurbilen txertatua. Hots, jatortasun etnokulturalaren konstelazio berezi horrekin ongien ezkontzen dena.
- (30) Antropologiak eta psikolinguistikak, hizkuntza-soziologiak eta soziolinguistikak azken 80 bat urtean landu dituzten kontzeptuak gogoan izanik, Joshua A. Fishman-ek eta Robert Cooper-ek egin zuten nire ustez saiorik zabalena (bai eta, gerora begira, iraunkorrena ere) kontzeptu horiek marko nagusi bateratuan integratzeko. Uriel Weinreich-en 1953ko Languages in Contact famatuaren formulazioetatik abiatuz, hiru kontzeptu-zutabe eraiki eta elkartu zituzten gizatalde jakinen mintzajardunaren zer-nolakoa, eta bere bilakaera posiblea, sintetizatzeko: aldakuntza-iturriak, jardun-guneak eta rol-harremanak (harreman-sareak). Hiru zutabe horien gainean eraiki zuen Fishman-ek, Weinreich-engandik zorrotz bereiziz hainbatean, gizataldeon mintzajardunaren nagusitasun-moldaera. Moldaera hori era grafikoan azaldu zuen 1964tik aurrera, bere taula jakinetan. Horrela eratu eta aplikatu zituen Fishman-ek, 60ko hamarkadan, mintzajardunaren nagusitasun-moldaera, eta horrelatsu aplikatu izan dira geroztik behin baino gehiagotan: Gipuzkoari begira, esate baterako, nagusitasun-moldaerazko taula horren formulazio sinple baina adierazgarria eskaini zigun 1991n, RLS famatuan, lau urte lehenago gure artean izan zenean egindako datu-bilketatxo baten haritik. Bai perspektiba deskriptibotik eta bai zinetikotik landu eta ustiatu litezke taula horiek. Hots, leku eta une jakin batean hiztun-talde batek okupatzen duen espazio soziofuntzionalean zein hizkuntza edo aldaera zer alorretan nagusi den, eta zeinetan ez, erakusteko balio du nagusitasun-taularen formulazio deskriptiboak. Horrezaz gainera (ez horren ordez) tarte-aldi jakinean alor bakoitzeko nagusitasunak zer nolako bilakaera izan duen azaltzeko balio du taula horren formulazio deskriptiboak.
- (31) Arakistaingo eta arakistaindarren nagusitasun-moldaerak ez du zergatik berdina izan beti. Are gehiago: aldea egon ohi da, sarri, batetik bestera: Arakistaingo nagusitasun-taulak, beste gauza askorekin batera, Arakistaingo kalean zer hizkuntza den nagusi esango digu. Arakistaindarren nagusitasun-taulak, aldiz, arakistaindarrak (Arakistainen edo beste nonbait) kalean dabiltzanean nagusiki zer hizkuntzaz baliatzen diren. Badakigu ondo asko, gure Arakistainen eta Arakistaintxoen berri dugularik, bata eta bestea ez direla gauza bera. Adibidez, Arakistaingo kalean (elizaldean, taberna inguruan...) ez dira arakistaindarrak bakarrik ibiltzen, aste barruan (lan-kontuak direla medio herriko medikua, herri-ikastetxeko irakasle zenbait, udaleko idazkaria... ez dira arakistaindarrak eta, bizi ere, handik kanpora bizi dira: baina hor dihardute hizketan, gainerako arakistaindarrekin). Antzera gertatzen da asteburuan: eguraldiak laguntzen duenean, bereziki, hiriburuetako jendez josita egoten da Arakistain. Arakistaindar asko, berriz, kanpora joaten da: hondartza aldera, Pirinioetara, Donostiara arropa-dendak maxiatzera... herritik kanpora egiten du arakistaindar askok bere kale-bizia, dena ez bada bai zati ederra. Arakistaingo kale-erabilera eta arakistaindarren kale-erabilera ez dira hortaz gauza bera. Antzera esan liteke lan-munduaz eta beste zenbait jardun-gunez.
- (32) I.1, I.2 eta I.3ko elementu konkretuak hartuko ditugu oro har, Arakistaingo nagusitasun-taula hau osatzeko.
- (33) Kontuan izan, "da" horren pean hiztun-talde diferenteak har litezkeela aztergai: bakoitzak bere nagusitasun taula behar du. Guk, konkretuki, "Arakistainen kalean gora eta kalean behera dabiltzan hiztun-pareak, hiztun-hirukoteak eta gainerako hiztun-multzoak" hartu ditugu oraingoan aztergai. Pentsatzekoa da arakistaindarren guztien (eta soil-soilik arakistaindarren) kaleko mintzajardunetik ez dela gure aztergai-multzo honen erabilera oso-oso urruti ibiliko. Pentsatzekoa bada, baina hobe izango genuke gehiegi ez fiatzea. Sorpresa handiak har litezke. Generalizazio hori ez da beraz, inola ere, orain arteko zehaztasun-maila eta fidagarritasun-maila berekoa.
- (34) a) zein ari den interakzio-kontestu horretan "bere lekutxoa egiten, edota kontestu horretaz jabetzen, edota lehendik (orain dela hogei urtetik, azken bi mendeotatik, auskalo noiztik) aski bereganaturik zuen nagusitasun hura "bereagotzen"; b) zein hizkuntza (berdin, hala nahi izanik, aldaera) ari den, aldiz, garai bateko (orain puntura arteko, duela hirurogei urteko, 1700eko...) nagusitasun hura galtzen partez (oraindik nagusi izaten segitzen duelarik), osoz (gelaxka horretan nagusi izateari utzi diolarik ordutik hona) edo erabat (ezer ere egiten ez delarik hizkuntza horretan gaur, normalean).
- (35) 2006ko datuak ez ditut une honetan eskueran, baina panorama nagusia ez dute alderik alde itzulipurdikatzen. 2001eko datu horiek baliozkoak dira, beraz, eskuartean dugun auzi-garbitzerako.
- (36) Horrela dira gauzak Aramaion ere: konprobatua dago datu hori.
- (37) Olatz Altunak eta beste zenbaitek eraman dute azterlan hori aurrera. Azterketa horrek 2008ko kale-erabilera neurtu du. Lehendik ere badira ordea bestelako neurketak bertan eginak, eta haiekin (haietako zenbaitekin) konparatuz oso ondorio argigarriak atera ditu lan-talde horrek: ikuspegi zinetikotik, batez ere, funtsezko ondorioak.
- (38) Aramaioar izan zein ez: hori ez dakigu.
- (39) Hala nahi izanez gero aukera ederra emango liguke moldaera honek hizkuntza bakoitzaren aldaerak ere xeheki aztertzeko: konkretuki, Aramaioko kalean zenbatek (norekin, zertaz...) egiten duten bertako aldaeran, eta zenbatek (norekin, zertaz...) euskara batuan. Alde batera utziko dugu, oraingoz bederen, aldaera kontu hori. Dena ezin da.
- (40) Kasu honetan, ikerketak informazio hori ematen digulako, 2001etik 2008ra arteko bilakaera hartuko dugu kontuan.
- (41) Norbaitek esan dezake, neurketa gaizki egin dela zeharo, eta datu horiek ez direla fidagarriak. Ez dut uste kontuak horrela direnik.
- (42) D eredura doaz Araskistainetako 12 edo 16 urte arteko ikasle guztiak (segun herriaren neurria) eta hortik gorako asko. Hortik gorako eskolarik ez dago Arakistainen, baina jakin badakigu nora doazen: erdia baino gehiago D eredura batxilergoan, eta askotxo Lanbide Heziketan. Baita unibertsitatean dabiltzanen artean ere.
- (43) Balore deskriptibo handi samarra dute gela-argazki horiek. Zoritxarrez, teknika hori berrikitan aplikatzen hasi denez ezin dugu, oraingoz, azken x bat urtean zer bilakaera izan den) hortik atera. Erreferentzia seguru samar gisa, orain dela 30 urtekoa har dezakegu: hots, autonomiaurreko faseari zegokiona.
- (44) Biztanleen % 80k edo gehiagok euskaraz badaki; hobe esan, hala definitu du bere burua azken galdeketa demolinguistikoan. Aramaioren pareko egoeran dago, beraz, alde horretatik.
- (45) Gela-argazki horren identifikazio-datuak kendu egin dira. Deskribatzen den egoera benetakoa da ordea: hots, Aramaio inguruko (eta euskaltasun-mailaz antzeko) herri hazixeago (Arakistain, ez Arakistaintxo) bateko eskola baten azalpen egiazkoa.
- (46) Fishman dugu, aurrerago ikusiko denez, azken hamabost urtean arnasgunearen kontzeptua indar berriz plazaratu duena. Fishman ez da ordea lehenengoa, azkena ere ez, arnasgunearen kontzeptuari aurrez aurre heltzen diona. Aurrekariei dagokienez, eta Euskal herriko gogoeta-lanetatik abiatuz ikus, esate baterako, Seber Altuberen gerra aurreko Sobre la Vida del Euskera eta Más sobre la Vida del Euskera famatuak. Mundu zabalekoen artean ikus, bestalde, herrialde zeltikoen jarduera: bai Irlandakoa, Gaeltacht ingurukoa, eta bai Galeskoa. Azken kasu horretan ikus, adibidez, Colin H. Williams geolinguistaren lanak.
- (47) Gehiagotarako asti faltaz, berrikitan egindako txosten baten atala eskaintzen da hemen, laburturik eta soildurik. Detaileak ikusi nahi dituenak jo beza Euskaltzaindiaren Euskera aldizkarira, orain dela gutxi aurkeztu den azken alera. Bertan ikusiko du, besteak beste, Euskararen Erabilera Normaltzeko Legearen 25. urteurrena zela-eta hezkuntza-esparruaz prestatua dudan txostena. Legea onartu aurretik, orain dela hogeita hamar bat urte, EAEko gizartea soziolinguistikoki nola zegoen azaltzen saiatu naiz bertan, alde batetik. Gaur eguneko egoeraren ezaugarri batzuk azaltzen saiatu naiz, bestalde. Baterako zein besterako, arnasguneen kontzeptua beharrezkoa gertatu zait. Goazen beraz, besterik gabe, atal bi horiek ematera.
- (48) Azken berrehun urte luzeko prozesu soziokultural, demografiko, politiko-operatibo eta ekonotekniko konplexuen emaitza da, funtsean, euskararen eremu-urritze hori. Ez da gaurko hau horretaz jarduteko lekua, eta bego horretan.
- (49) "Espazio soziofuntzionalak" diogunean, hiztun-elkarteak hizkuntza baten edo bestearen bidez eratzen dituen jardun-esparruak aipatu nahi ditugu: familia, lan-mundua, lagunartea, eliza, eskola...
- (50) Diskutigarria da hori: beste nonbait aipatzen dugunez, oro har arnasgune-baldintzetara iristen ez den hainbat udalerritan badira auzuneak, arnasgunearen % 80ko langa-baldintza ondo asko betetzen dutenak: Legazpiko Brinkolan eta Telleriarten, esate baterako.
- (51) Demagun, adibidez, Legazpia: udalerriaren erdi- eta behe-aldea zeharo industrialdurik zuen bertako enpresa nagusiak, 50eko hamarkadatik aurrera, eta langile-auzo trinkoaz horniturik. Industrializatze bizkor horren eraginez etorkin asko iritsi zen herrira Nafarroatik eta, batez ere, Gaztela aldetik. Erdal giroa nagusitu zen, horren eraginez, kaskoan eta langile-auzo handian. Aldiz udalerriaren urrutiagoko baserri-eremuetan, batez ere Telleriarten eta Brinkolan, euskal-giro tradizionalak nagusi izaten jarraitu zuen.
- (52) Horrek ez du esan nahi, urrundik ere, erabateko adostasuna dagoenik jakite-alor horretan: 1966an Language Loyalty in the United States argitara zutenean Joshua A. Fishman-ek eta bestek, esate baterako, garbi azaldu zuen Heinz Kloss-ek uste baino korapilatuagoa zela alor hori eta ordura arte seguru samartzat edo probabletzat emandako hipotesi gehienak aski diskutigarri zirela. Beste horrenbeste gertatu zen Susan Gal-ek 1979an bere Language Shift. Social Determinants of Linguistic Change argitara zuenean. Langintza zabala bideratu da ordea azken berrogeitaka urtean, esparru horretan: bai teoria aldetik egin da aurrera, eta bai ebidentzia enpirikoaren bilketa sistematikoan. Hori guztia dela medio lehen ez bezalako argitasun-bideak ditugu egungo egunean, gai horri zientzia-arauz heldu ahal izateko. Mintzaldaketaren motiboak (bere determinante sozialak edo, zehazkiago, mintzaldaketaren korrelatoak edo iragarleak) aski era sistematizatuan azaldurik daude egungo egunean. Horietaz dihardugu hemen, "motibo jakin"-ez ari garenean.
- (53) Ikus, besteak beste, 1991ko bere artikulu sonatua: Language Death and Disappearance: Causes and Circumstances.
- (54) Ikus bere lan ugariak, adibidez Language Death. The Life Cycle of a Scottish Gaelic Dialect.
- (55) Bere bidetik dabiltza aditu batzuk, aski hurbiletik: ikus, adibidez, Nancy Hornberger amerikarra (ikus, adibidez, 1996ko "Language Revitalisation in the Andes: Can the school Reverse Language Shift?") eta Bernard Spolsky israeldarra ("Conditions for Language Revitalization: A Comparison of the Cases of Hebrew and Maori").
- (56) Kontestu honetan, urbanizazioaren euskal jatorriko sinonimo hurbilena ez da hirigintza, hiritartzea baizik. Egia da lotura estua izan ohi dutela biek: hirigintzarik gabe zail da (baina ez ezinezko; txosten honen amaieran jardungo dugu horretaz) jendea hiritartzea. Gauza bi dira ordea, eta ez zaigu biak nahastea komeni.
- (57) Aurrerago saiatuko gara, language-in-culture hori zer ote den azaltzen.
- (58) Asko zehaztu liteke "eskola eta abar" delakoaren puntu hori, labur beharrez eta esaldia gehiegi ez korapilatzearren horretan utzi bada ere. Zehazkiago jardun nahi bagenu literatura, ikus-entzunezko komunikabideak, errotulazioa (publiko zein pribatua), administrazioa eta, bereziki, lan-mundua (gero eta irakurmen-idazmenetan oinarrituagoa) erantsi beharko genuke. Esaldi-amaierako "abar" hori gero eta luzeagoa da, izan ere, gehien-gehienok bizi garen gizarte teknologiko berrian.
- (59) Zehazkiago: etxean, auzoan, lagunartean eta, oro har, aurrez aurreko gizarte-bizitzan.
- (60) Eskolan probetxuz alfabetatzen dira, herrian horren beharra eta horrenganako aprezioa bizirik baldin badago. Bestalde, elebidun aktiboak dira horietariko gehien-gehienak: bizi garen kontestu konkretuan aski eragozpen mugatua (gero eta mugatuagoa) izaten dute ingurumen horietako neska-mutilek (zer esanik ez adin batetik aurrerako gazteek) gehiengoaren hizkuntza nagusiaz (gurean gaztelaniaz) jabetzeko.
- (61) Are gehiago: hartara joz gero, hiri erdaldunenean ere arnasguneak sortzeko saiorik behin baino gehiagotan egin izan da: New York-en Yiddish-arekin, eta Dublinen (1922 ondoan) edota Belfasten (1980ko hamarkadatik aurrera) irlanderarekin. Balegoke, hemen ere, hiri-giroko arnasguneen aldeko saio horietatik zer ikasia (ikus, adibidez, Muiris Ó Laoire 1995 eta Gabrielle Maguire 1991).
- (62) Arnasguneen inguruko informazio gehixeago nahi duenak jo beza txosten honen lehenengo eranskinera.
- (63) Errioxako, Gaztelako, Galiziako, Estremadurako edo Andaluziako etorkinei beste multzo batek hartu die oraingoan txanda: Latinoamerika, Afrika (Magreb zein Saharaz beheitia), Europaren ekialdea edo Asia: hori dute jatorria oraingo etorkin gehienek.
- (64) Mundu zabaleko fenomenoa da hori, EAEko berezitasuna baino gehiago. F. Tönnies-en jatorrizko zatibitze kontzeptualaz gainera ikus, diogunaren lekuko, Fishman (1989, 1991) eta Fishman et al. (1985).
- (65) Baita 1970eko hamarkadan ere (hots, EEN legeak begien aurrean zituen ikasle-multzoen garaian). 1970 ingurutik aurrera gauzak gogor aldatzen ari baziren ere etxean egoten zen, oraindik familia askotako ama (etxekoandrea). Ama bakarrik ez: aitona-amonak edo izeba solteraren bat ere bai, hainbatetan. Familia molde horrek euskararen belaunez belauneko transmisioan izan duen garrantzia eta 1970 ingurutik honako bilakaera xeheago aztertu beharra dago: ez da hau horretarako lekua.
- (66) Aldaketa handienak lehenxeago hasiak ziren zabaltzen: haur-sorkuntza eragozteko metodo berriak 1975etik aurrera; beste hainbat ohitura, balio eta jokamolde hori baino hamar-hamabost bat urte lehenago. Ikus horretaz, esate baterako, Mitxelena 1982, 73.
- (67) EUSTATek esan berri duenez, EAEn behintzat familia nuklear tradizionala, sexu desberdineko gurasoek eta haurrek osatua, atzera doa beste zenbait konfigurazioren aurrean: gorantz doaz, aldiz, guraso bakarreko familiak, haurrik gabeak, sexu bereko gurasoak dituztenak...
- (68) Haurren jaiotza ondoko lehen urte(et)an izan ezik: hobeto aztertzeko kontua da hori ere.
- (69) Ikus honetaz, adibidez, P. Jauregi (2003: 104). Puntu horri beste jeneralago hau erantsi behar zaio: gero eta sarriago, familiak eta gizarteak bere gain hartu ohi zituen eginbehar ugari eskolari leporatu nahi izaten zaizkio egungo egunean, hezkuntzaren soluzio-ahalmena aski mugatua dela ahaztuz behin baino gehiagotan. Ikus, esate baterako, Eli Alba 1998: 17.
- (70) Kasu honetan ere atzerago joan behar litzateke, fenomeno horren abiaburuaz hitz egiteko. Ez da hau ordea lekua, zehaztasun horietan sartzeko.
- (71) Zenbaitek (Donostiatik Iruna bitartean bereziki) Frantziako telebista ikusi ahal izaten zuen horrezaz gainera, aparteko moldaeraz. Gutxiengo nabarmena zen ikusle multzo hori.
- (72) Besterik da, jakina, teknologia berri horietaz zer neurritan baliatzen garen euskaldunok, zahar eta gazte, eta zergatik. Badago zehar-daturik, esate baterako, etxetik euskaldun den eta D ereduan dabilen gazte askok erdaraz txateatzen duela uste izateko. Gaurko gaitik kanpora eramango gintuzke kontuak, eta alde batera utziko dugu. Badago, ordea, gaiari aurrez aurre heltzeko arrazoirik aski.
- (73) Hots, erdaldun-jendea demografikoki nagusi den auzategiz edo zona erresidentzialez.
- (74) Auzoan eta herriko plazaren inguruan, aisialdiko ekintzetan eta salerosketa-guneetan, lan-eremuan eta, azkenik, lehengo hainbat bizilagunen etxean eta familiartean bertan garbi ari da antzematen ahultze hori.
- (75) Hiztun garbiak etorri onekoak izan ohi dira normalean, non eta bestelako ezintasun estralinguistikoren bat ez duten. Alderantziz ez da beti horrella: alderantzizko baldintza hori da, berez, ezinbestekoa.
- (76) Kataluniako Miquel Strubell soziolinguista ezaguna ere ondo ohartua dago horretaz, ni baino lehenago. Ikus L. Pritchard Newcombe-ren argitalpen horren sarrerakoa.
- (77) Komeni ere ez, hainbat kasutan. Bi motiborengatik diot hori: a) udalen eta beste instantzien lasaigarri da, askotan, ULIBARRIren parte-hartze hori: HNTak eta gainerakoak "lanean ari direnez, ondo asko", beraiek ez daukate ezer egin beharrik. Horra aitzakia ederra, kontuak bere horretan uzteko. b) eskolatik gehiegi urruntzen diren neurrian, eskola-kontuak (hots, beren lan zentrala) full time atenditzeko denbora gutxiago eta baliabide-aukera txikiagoak dituzte HNTek.
- (78) Behin eta berriro hitz eginez edo irakurriz eskuratzen dira, orobat, ezpain-lumetako trebetasunak: pedalei emanez, ez bestela, ikasten dugu bizikletan ibiltzen. Gero ere hala egin behar izaten dugu (aldapan behera goazenean izan ezik) etxetik helburura iritsiko bagara lurrera erori gabe. Eginez ikasten da hitz egiten eta idazten: ez dago beste biderik.
- (79) Euskal Autonomia Erkidegoa funtsezko elementua izan da, zaharra eta berria ele biko formulazio juridiko bakar batera bilduz. Euskal Autonomia Elkartea (Jaurlaritza eta Foru Aldundiak) eta, horren ildotik, hainbat erakunde (Hezkuntza Saila, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza, EHU, HABE, ETB, IVAP) sortu edo (Euskaltzaindia, Eusko Ikaskuntza) indarberritu izanak etnolinguistikazko gainbehera hori frenatzen (eta, puntu jakin-konkretuetan, galdutako edo inoiz eskura izan gabeko jardun-esparruak bereganatzen) lagundu egin du, berreskuratze horren zabala eta sakona ondo zehaztu gabe badago ere.
- (80) Gehiegizko flagelaziorik ez da, noski, bidezko: beste lekuetan ere gordin samarrik dago, aukeran, jakintza-alor hori. Besteren hutsarteak nekez indartuko gaitu ordea. Besteak beste direla gurea da, partez, ez jakite horren errua: saio handirik ez dugu egin, galdera horri zientzi arauzko erantzunik emateko. Hartarako proposamenik egin denean ere, bestalde, ugariagoak izan dira traba-eragozpenak lagungarrizko pausoak baino.
- (81) Konpartimentazioaren soluzioa, hemen eta orain, ez da apartheid printzipioa aplikatzea. Ezin da halakorik egin, nahita ere, batetik. Eta, ahal izanik ere, ez nuke halakorik aholkatuko: gizajendearen eta giza-taldeen askatasun-esparruan izango lukeen erabateko galera ezin onartuzkoa litzateke bizi garen gizarte moderno-mendebaleko honetan. Ez dago beraz inolako motiborik, konpartimentazio fisiko, demografiko eta laboral hertsiko Apartheid-bideak hemen eta orain emaitza onik emango lukeela uste izateko. Babes-oinarri juridikorik are gutxiago izango luke, euskararen aldeko neurrietan. Eta ez dago, batez ere, hartarako gogo-girorik txikiena gizartean. Bide horrek ez du beraz irtenbide onik. Konpartimentazioa eta Apartheid ez dira ordea sinonimo. Posible da lehen bidea, bigarrena gabe.
- (82) Motibazio integratiboaren azken berrikustapen-saioaz ikus R. C. Gardner 2001.
- (83) Iturria: "Aménagement et norme linguistiques en milieux linguistiques récement conscientisés", in Édith Bédard et Jaques Maurais (argk.), 1983: La norme linguistique.
|