Egin klik hemen INPRIMATZEKO


Kale izendegiak: izenak hautatzeko irizpideak eta erabiltzeko arauak

Mikel Gorrotxategi / Hizkuntza / 2009-06-30 / 08:25


Euskaltzaindiaren Onomastika batzordeak antolatuta, "Toponimia gizarteratzea: aukerak eta egindako lana" izeneko ikastaroan (Durango, 2009-6-4) Mikel Gorrotxategik emandako hitzaldia irakur dezakezue jarraian.



Atarikoak

Atarikoak

Testu honen helburua udal agintari, langile zein hiritarrei kale izendegiak erabiltzeko tresna ematea da. Lehenengoen kasuan arautzeko eta finkatzeko baliagarriak diren hainbat aholku eta arau emango zaie. Bigarrenei berriz erabiltzeko oinarri batzuk. Oinarria Onomastika batzordearen irizpideak badira ere oraingo idazki honetan haratago joateko asmoa izan dugu eta arauez gain bestelako aholku eta nazioarteko erabilerak ere aipatuko ditugu, lagungarriak izango direlakoan.

Beraz, ez dugu hemen hizkuntza araugintza soilik landuko, bestelako aholku eta gomendio ere emango baitugu.


a) Izenen aukeraketa, Toponimoak pertsona izenak?

Izendegi bat osatzean lehenengo puntua izenen aukeraketa da. Euskal Herrian ez dago hori arautzen duen legerik, baina nazioartean badira lege batzuk nola edo hala alde hau ukitzen dutenak.

Bigarren arau hori leku askotan dago indarrean. EE.BB-etan eta Kanadan, besteak beste, debekatuta dago legez bizirik dagoen inoren izena erabiltzea. Lehenengo kasuan hamar urte eman behar dira hiltzen denetik izena erabili arte, Kanadan berriz urte osoa nahikoa da espedienteari ekiteko. Suitzan eta Nicaraguan ere antzeko legediak daude. Lege hauen helburua jende ezagunaren, kirolarien, kantarien eta abarren heriotzak dakarren beroaldia baretzea da.

Espainiako Erresuman, ostera ez dago horrelako araurik eta nahiko arrunta da apur bat ezaguna den edonori jatorrizko herrian kaleak eskaintzea, maiz omenduak berak inauguratzen duena(3).


b) Estandarizazioa zertarako?

Toponimia hizkuntzaren esparru berezia da arrazoi askorengatik. Herritarrengandik oso hurbil egonik jendeak "bere" egiteko ohitura du eta ondorioz, sarriegi, txokokerietan erortzeko arriskua dago. Hau saihestu behar eta jendeari izenak arautu behar direla jakinarazteaz gain arautze hori ez dela nork bere etxean egin beharreko zerbait azaldu behar zaio. Baina, gure herrian maizegi pentsatu izan dugu arautzea dela helburua eta ahoz erabiltzen zena baztertu behar zela. Hau, jakina, ez da horrela.

Baina Nazio Batuek azpimarratu dute estandarizazioaren beharra, besteak beste, arrazoi praktikoengatik. Baina ez da bakarrik, eta hemen aipatutako gomendio horiek labur gelditzen dira, arautu behar, normalizatu ere egin behar da.

Aurreko ikastaroan aipatu genuen arautzea ez dela normalizatzea eta kontzeptu bi horiek argi eduko behar dira.

Arautzea maila landuari dagokio, idazteari batik bat, eta izen horiek erabilera estandarra finkatzean datza: Bilbo edo Idiazabal.

Normalizatzea izenaren egoera soziolinguistikoari dagokio eta izen hori ongi erabiltzea litzateke. Lehen aipatutako kasuetan Idiazabal ongi normalizatuta dago. Hiztunek ezagutu eta erabiltzen dute, nahiz eta inguruan ahoz Izaal modukoak arruntak izan. Izena ofiziala ere bada. Bilbo, ere, nahiko normalizatuta dago, nahiz eta, harrigarria bada ere, ofiziala ez izan.

Nazio Batuetako Izen Geografikoetako Aditu Taldearen arabera (GENUNG), nazioarteko esparruan ez ezik, esparru nazionalean edo lokalean ere izen geografiko zuzenak izatea funtsezkoa da, datu geografikoak zenbait testuingurutan hobeto ustiatzeko(4):


c) Proposamenak egiteko aukerak

Sarritan udalak kale bat eraikitzean izenaren hautaketa prozesuaren amaieran gauzatzen da arin eta irizpiderik gabe. Herriko toponimia bilduta dagoen kasuetan erraza izaten da izen egokia aurkitzea bai lanean bertan begiratuta bai egileari berari kontsulta egin eta gero, baina beti ez dago aukera hori.

Biderik eraginkorrena Hirigintzara jotzea da. Bertan, kalea eraikitzeko espedientearen barruan edukitzen dituzte espropiatutako lurren dokumentazioa eta izenak agertzen dira. Bat baino gehiago ageriko balitz egokiena hautatu beharko litzateke. Izena aukeratze lan horren barruan idazkera egokia zein den ere aztertu beharko dugu horretarako Euskaltzaindiak argitaratu zituen irizpideak hartuta edo, zuzen zuzenean Onomastika zerbitzura joz.

Baina batzuetan horrela ez dugu ezer lortuko, izena ez dagoelako edo agertzen direnek erabiltzeko aukerarik ematen ez dutelako. Bai jadanik erabilita daudelako, bai generikoegiak direlako (Etxaurre, Etxazpi...). Horrelako egoeretako beste bidea eduki behar da. Eredua izan zen garai batean Getxo. Bertako toponimoak erabiltzen zituzten kale berriak izendatzeko eta izenik ez zegoenean herrian bertan galdutakoak berreskuratzen zituzten, hala nola desagertutako baserriak. Hau aski ez zenean mendi izenak erabiltzen hasi ziren, izen hauek erabat neutro eta hizkuntza bietan erabilgarriak zirelako.


d) Hiritarren parte-hartzea

Leku batzuetan aukera eman zaie hiritarrei izenen aldaketen gainean iritzia emateko. Hau ideia bikaina da, komeni baita jendearen parte-hartzea, baina ezin da edonola bideratu eta argi dago aukera hau bereziki baliagarria dela izenak aldatzeko, ez berriak jartzeko, azken honetan ere erabil badaiteke ere. Zaragozan, esaterako, Lege berria dela eta aldatu nahi diren kaleen gaineko iritzia emateko kale hartan bizi behar da eta zehaztutako prozedura bete beharko du(5). Horretarako zeintzuk izen aldatuko diren eta zeintzuk ordezkatuko dituzten adierazi zaie hiritarrei.

Argi dago aldaketa denean jendeari behar bezalako informazioa eman behar zaiola kontrako jarrerarik ez sortzeko.

1. Kale, plaza eta besteen izenak

Gaur egungo lege eta ohiturek esaten dute izenak dagokien idazkera sistema eman behar direla, eta izen bikoitza bakar bakarrik onartuko dela desberdinak direnean, Donostia / San Sebastián edo Askatasuna / Libertad modukoetan bezala. Hori da izendegi hau gauzatzean erabili den hizkuntza irizpide nagusia.

Aurrekoari lotua eta kale-izendegien erabilera ikusirik, erabiltzaileari erraztasunak ematea ere badenez gero, izenak finkatzean erabilgarritasuna bilatzen saiatu behar da. Hori dela eta, izenak bortxatu gabe, hizkuntza bietan ahalik eta hurbilenekoak aukeratzen ahalegindu gara.

Arrazoi beragatik inoiz azaltzen diren izen luzeak eta erabilgaitzak, bereziki generikoa baduten izenekin, erraztera jo dugu. Generikoa dutenek arazo bi sortzen dituzte: batetik izenak bikoizten dira, generikoak desberdinak izateaz gain joskera dela-eta lekune bana hartzen dutelako (Calle del Doctor Begiristain / Begiristain Doktorearen kalea); bestetik generiko horiek gehienetan eguneroko jardueran desagertu egiten dira, jendeak izen berezia baino ez baitu erabiltzen. Hori dela-eta, nahiz eta proposamenean azaldu, izen ofiziala aldatzea erakunde honi ez, baizik udal agintariei baitagokie, izen generikoa kentzea proposatzen da, hortaz Begiristain kalea / Calle (de) Begiristain.

Zer esanik ez, *Begiristain Doktorea kalea modukoak gaizki daude eta, ondorioz, ezin dira erabili.


1.1. Izen bereziekin

Egitura orokorra honako hau da: [ Izen berezia + kalea ]. Adibidez: Aizkorri kalea, Ibaeta plaza, Castelao kalea, etab. eta ez *Aizkorriren kalea, *Ibaetako kalea edo *Castelaoren kalea. Beraz ez da gaztelaniaz maiz agertzen den de preposizioa itzuliko: Calle de Cervantes / Cervantes kalea.

Izen berezi hori elementu batez baino gehiagoz osatua egon daiteke, izen-deiturez adibidez. Horrelakoetan ere, euskal tradizioari jarraituz eta Euskaltzaindiaren erabakiei so eginez (1922.eko lotazilaren 28koa) genitiboaren kasu marka ezabatu egiten da: Arturo Campion kalea, Julio Urkixo kalea, Toribio Altzaga kalea, Xabier Lizardi kalea, etab.

Gaztelaniazko kale-izenetan lehenbiziko osagaian bertan batzuetan de preposizioa agertzen da izena eta deitura lotuz, (Telesforo de Aranzadi, Juan de Antxieta...). Horrelakoetan, preposizioa kendu egin dugu gehienetan, beregainki tradizio luzerik ez dutenetan: Telesforo Arantzadi, Juan Antxieta, e.a. Erdal deituretan, ordea, de hori gorde egin dugu: Antonio de Sucre kalea, Diego de Rojas kalea. Besterik da, jakina, deitura konposatuetan agertu ohi diren de hori: Torcuato Luca de Tena, esaterako. Hauetan preposizioari eutsi egin zaio, deituraren parte delakoan.


1.2. Izen arruntekin


1.3. Kale izena toponimo zahar bat denean

Horrelakoetan izena bere horretan errespetatzen da, forma ihartutzat emanez. Horrek esan nahi du batzuetan artikuluarekin agertuko dela eta beste batzuetan artikulurik gabe. Nolanahi ere, kasu batean eta bestean hitza oso-osorik gordeko da, izen berezia balitz bezala. Horrela, Errotaetxea kalea edo Urartea kalea, alde batetik, eta Illunbe kalea bestetik.

Baina, eta hau oso garrantzitsua da, izena ezin da edonola idatzi. Izenak idazteko irizpideak finkatu zituen Akademiak aspaldian eta horren arabera arautu dira Nafarroako, EAEko eta Iparraldeko toponimoak. Ez luke, eta ez du, inolako logikarik izango irizpide horiek alde batera uztea eta norberaren herrian irizpide berriak asmatzea. Ulertezina litzateke, eta da, herri batean izen bat modu batean arautzea eta ondokoan bestela, gure herrian sarriegi gertatu den bezala.

Irizpideak aspaldian argitaratu zituen Euskaltzaindiak, baina Euskeran agertu zen testua zaharkituta dago eta aurreko ikastaroan banatu zen eguneratuago dagoen testua. Horretaz gain, geroago beste dokumentuak sortu ditu Akademiak Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan DEIKER institutuak Eusko Jaurlaritzarentzat egin dituen estandarizazio lanen inguruan. Honekin batera doakizue irizpideen laburpena eta etxe izenaz esaten da osorik hori izan daitekeelako eguneroko jardueran maiz ukitu behar dugun gaia.


1.4. Bide osagaia duten kaleak

Hauetan, bide osagaiak aski informazio ematen duenez, kale hitza ez idaztea gomendatzen da. Batzuetan artikuluarekin emango da: Amezketabidea, Agitibidea, etab., eta beste batzuetan artikulurik gabe: Aldapabide, adibidez. Horren arazoia berezko erabilera da, bide-dun toponimoak horrela ibiltzen direlako. Oro har, toponimoa berria denean artikuluarekin emango da.

Bide osagaia aurreko hitzari itsatsia idatzi behar da, Altxuenebidea, Errotazarbidea, Murgilbidea, salbu ezkerreko elementu hori bi hitzez edo gehiagoz osatua egon edo gaztelaniazkoa denean. Adibidez: Elbira Zipitria Andereñoaren bidea edo Aingeru Zaindariaren bidea.

Bideak nondik norakoa aipatzen duenean, berriz, ohikoa izan da Arkaia-Otazu bidea moduko egitura erabiltzea.


1.5. Letra moldeen erabilera

Euskaraz, frantsesez eta gaztelaniaz ez bezala, generikoa atzean doa eta hitz hasieran ez doanez letra xehez idatzi behar da, izen berezia ez bada Kale Txikia edo Plaza Barria kasuetan bezala. Izenaren gainerako osagai guztiak espezifikotzat jo behar dira eta letra larriz idatzi, barnean generikoa badago ere. Hortaz Alamedako Markesaren plaza edo Arteta Margolariaren kalea eta ez *Arteta margolariaren kalea edo *Arteta Margolariaren Kalea.

2. Pertsona izen-deituren grafia

Dudarik ez dago arlo hau dela korapilatsuena eta zailena ebazteko. Bidezkoena hizkuntza bakoitzari berea ematea denez deiturak jatorrizko hizkuntzaren idazkeran emango dira, inguruko auzo hizkuntzetan egiten den bezala, Nebrixa>Nebrija.

Hala ere Espainia edo eta Ameriketan euskal deitura dutenak ugariak izanik gogorra litzateke haiei ere aldatzea, Bolivar askatzailea, esaterako, eta horrelakoetan bere horretan uztea proposatzen da. Gauza bera gertatzen da garaikideak izan eta deitura euskalduntzeko aukera edukirik ere euskaldundu ez dutenekin (Gabriel Celaya edo Pío Baroja modukoak).

Ponte izenen kasuan berriz jabeek erabili zuten moduan jartzea erabaki zen, izen bikoitza, hala erabili zutenentzat gordez. Hala ere Euskal Herriko zenbait pertsonaia historikoren kasuan bidezkoa da euskaraz ematea, Bernat Etxepare, konparaziorako. Ez da gomendatzen mende honen hasierako idazkera. Beraz, Uriarte’tar Joseba Andoni-ren ordainez, Jose Antonio Uriarte emanen da.

Generikoez aritzean esan bezala ponte-izenen erabilera ez da bat ere sistematikoa eta askotan agertu arren besteetan ez da agertzen, herri usadioari jarraiki. Hori dela eta nahasgarria ez den kasuetan kentzea gomendatzen da.


2.1. Erdal izenak

Oro har, erdal izen-deiturak, dauden-daudenean utzi behar dira: Calle Ignacio Mercader / Ignacio Mercader kalea, Calle Ramon y Cajal / Ramon y Cajal kalea, Calle Arturo Campion / Arturo Campion kalea.

Dena dela, azentuari dagozkion seinu diakritikoak, hots tilde ikurrak ezaba daitezke.


2.2. Euskal izen-deiturak

Gorago esan bezala euskal deiturak euskal ortografiarekin eman dira, soil soilik. Ponte izenak, berriz, bere horretan utzi dira, idazkera bikoitza pertsonaia historikoa izan edo hala erabili zutenentzat utziz. Beraz: Calle Isidro Antsorena / Isidro Antsorena kalea, Calle Javier Barkaiztegi / Javier Barkaiztegi kalea, baina Calle Bernat Etxepare / Bernat Etxepare kalea, Calle Juana de Albret / Joana Albret kalea, etab.

3. Leku izenen idazkera


3.1. Euskal leku izenen idazkera

Euskal toponimo batez osatutako izenak, euskal grafiara egokitu dira, izen bakarra emanez: Zarautz, Zuhatzu, Munaitz, etab.

Aurreko irizpidearen salbuespena hizkuntza bietan tradizio desberdinak daudenean gauzatu da eta honelakoetan biak eman dira. Beraz, Nafarroa Beherea kalea / Calle Baja Navarra, etab.


3.2. Hitz arrunten itzulpena

Erdal izen arruntak (Ferrerias, Marina, Astilleros etab.) euskarara itzulita eman dira: Oleta kalea (ez Olaeta), Itsas kalea, Ontzitegi kalea, etab.

Badira, ordea, beste deitura berriagoak, erakunderen bati dagozkionak (Ur Zaleak, etab.), hauek izen berezitzat har daitezke eta, horrenbestez, tradiziorik ez den bitartean, ez dugu ukitu beharrik ikusi.

4. Santu izena duten kaleak

Gure tradizioan, bai literaturan, bai onomastikan eta bereziki hagiotoponimian horrela agertzen diren santu izen zaharrekin, aposizio honetaz horniturik azaltzen direnekin(7), Done, Dona erabiltzea gomendatzen da, San, Santa adjektiboak gainontzekoentzat utziz. Hortaz, Done Bikendi kalea, Done Eztebe kalea, Done Joan kalea, baina San Frantzisko kalea. Kristoren ama izendatzeko Andre Maria hobesten da, baina Andra erabiltzen den inguruan azken hau ere erabil daiteke arauan zehazten den bezala.

5. Kale edo plaza hitza aipatu gabe aritu behar denean nola joka?

Errotulaziotik aparte, "kale" hitza eman gabe hitz egin nahi denean, toponimoak, izen sintagma normaltzat deklinatu beharko lirateke: baldin artikulua badute, artikuluarekin (Harrian, Harriko, Harritik, etab.) eta ez badute, gabe, izen propio gisa: Gaztelubiden, Gaztelubidetik, etab.

Pertsona izena duten kaleetan ere, izen hori osorik hartuko da: Antonio Gaztañetan, Nemesio Otañotik, etab.

Baina izen elkartu modura eratutako izenetan (Konstituzio plaza, Foru pasealekua, Bake plaza, etab.) arazoa sortzen da. Izan ere, kasu batzuetan pluralean eman beharko litzateke: Foruetan; beste batzuetan berriz singularrean Konstituzioan. Beste zenbaitetan, azkenik zentzugabekeria litzateke generikoa kentzea: Bakean, Geltokian edo Eskolan esaterako. Hortaz, izen elkartu gisa emandako kale izenetan ezin da generikoa (kale, plaza, etab.) kendu: Posta kalea, Foru plaza, Iturri kalea, etab.

Bestalde, eta hau inportantea da, sarritan helbideak jartzerakoan, ez da "kale" hitza agertzen. Orduan, absolutiboan emango da kalea: Done Bladi, 4; Joan XXIII.a, 3; etab. Baina Konstituzio plaza, 5; Foru pasealekua, 12, etab.

6. Azken oharrak. Xaflen diseinua bideratzeko irizpideak

Euskara eta gaztelania, hitz ordenari begira, aski desberdinak direnez, biderik egokiena hizkuntza bakoitzari bere xafla eskaintzea da. Leku askotan plaka bakar batean eta sarritan elkarren hurren eman dira kale izenak Avenida de Algortako etorbidea, esaterako, erabilera okerrak (batez ere gaztelaniaz) sortuz: "vivo en la calle Algortako". Beraz egokiena holakoetan xafla bitan ematea da.

Bestalde, euskaraz artikulua eta kasu marka hondarkian bat eginik azaltzen baitira, ezin daitezke bi osagaiak berezirik idatzi, gaztelaniazko de preposizioarekin gertatzen denaren kontra. Hori dela-eta Antso Jakituna-ren kalea moduko idazkerak okertzat aitortuko ditugu. Holakoetan bereiz liteke Antso Jakitunaren kalea moduko idazkerak erabiliz, baina sistema honek ez luke balioko pluralerako, pluralean artikulua eta genitibo marka bat eginda agertzen baitira. Nafarroako Errege-erreginen kalea-ren kasuan, adibidez. Aurrekoa ikusita bereizketarik ez egitea proposatzen da.

Etxe izenek arazo berezia sortzen digute askotan ahozko eta idatzizko erabilera urruti samar egon daitezkeelako, bereziki azken urteotan populismorako egon den joeraren ildotik. Holakoetan, behin behineko irteera moduan ahozko aldaera ere eskain liteke, baina mailakea ongi zehatuz. Esaterako Altolagirre ondoan Antonar ere gehi liteke, baina ongi azalduz ez direla maila berean erabili behar.

(MIKEL GORROTXATEGI NIETO Euskaltzaindiaren Onomastika batzordeko idazkaria da)

Oin-oharrak


Inprimatu



Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.com/zer_berri/muinetik/1246268238