|
Komunikazio molde berriek leku berezia hartu dute gaur egungo gizartean. Mugarik gabeko harremanetarako eta komunikazio masiborako aukeren aurrean, gizabanakoek eta komunitateek egokitzeko ahalegina egin behar dute. Hizkuntza gutxituen komunitateentzat ere, egungo baldintzetara egokitzea erronka nagusietako bat da.
Egokitze horretan, hizkuntzen etorkizuneko bilakaera jokoan dagoenaz konbentziturik, gaiari buruzko ideiak plazaratu eta elkartrukatzeko asmoz jo du Soziolinguistika Klusterrak aditu talde anitzarengana.
Kokatzen garen testuinguru berriaren ezaugarriez jabetzea ezinbesteko zaigu. Nola heltzen zaizkigu joera globalak? Zein harreman dute ezaugarri lokalekin?
Zein da bertako hizkuntzaren lekua munduko joera homogeneizatzailearen aurrean?
"Komunikazioaren autobide zabalek nekez uzten diete lekurik tokian tokiko kultura txikiei, salbuespenak salbu. Desoreka hori gainditze aldera, eta teknologia berrien olatua baliatuta, "Don’t hate the media, be the media" lelo ezagunak bide egin du, baina ez du mundu guztirako balio"
Aitor Zuberogoitia (Mondragon Unibertsitatea)
Komunikaziorako bideak areagotzen eta aldatzen ari badira, zein eragin du honek talde nortasunetan? Harreman globalek, besteak ikusteko moduaz gain gu geu ikusteko moduan eraginik ba al dute? Zein dira komunikazioa eta identitatearen arteko harremanak?
"Komunikabideek nortasunen eraikuntzan duten garrantzia areagotu egiten dela esan genezake. Identifikaziorako ikurrak hedatzeko, espazioan sakabanatuta dagoen jendea harremanetan jartzeko, edota espazio publikoa egituratzeko duten ahalmenak, indar berezia ematen die testuinguru berri horretan".
Josu Amezaga (Euskal Herriko Unibertsitatea)
Eta komunikaziorako bideak eta komunikazio horretan parte hartzen dutenen nortasunak aldatzen ari diren honetan, nola jokatu beharko lukete euskarazko komunikabideek? Zein dira eta zein izango dira etorkizunean euskal gizarteko jarrerak?
"Komunitateak identifikatuta ditugu? Euskaldunona komunitate bat da bai, dudarik ez. Euskaraz jarduten dugunok begi-bistan dugu beti komunitate hori, baina ez ote da momentua komunitateak gehiago estutzeko? Teknologia berriek ematen digute aukerarik euskalduna gehi beste aldagai bat jartzeko eta komunitate zentratuagoak begiz jotzeko?"
Iban Arantzabal (Goiena Komunikazio Zerbitzuak)
Nola heldu diote gaiari antzeko kezkak dituzten hizkuntza komunitateetan? Nola bide eman hizkuntzaren biziberritzeari eredu berrien araberako hedabideen laguntzaz?
Mundu mailan hizkuntza, kultura eta nortasunen arteko topatzeak, talkak, harremanak areagotuz ari dira azken garaiotan. Euskal Herrian, badugu esperientzia bat erlazio horietan. Hobeto edo okerrago gauzaturik ere, ezberdinen arteko loturen kudeaketa presente dugu gurean, aspaldidanik. Hizkuntzen eremura ekarrita eleaniztasunaren kudeaketaz ariko ginateke. Nola atera diezaiokegu etekina orain arte bizi izandakoari?
"Europa eleanitz batean eta mundu globalizatu batean, euskaldunok dugun koiuntura soziolinguistikoa aukera bilakatzen jakin behar dugu merkatu esparru berriak zabaltzeko".
Josu Waliño (Elhuyar fundazioa)
Hauek eta gehiago dira, hizkuntza gutxituekiko kezka dugunok geure buruari egiten dizkiogun galderak. Galderen aurrean erantzun posible batzuk ezagutu eta bakoitzaren usteak elkarrekin kontrastatzeko asmoz EHUko udako eskaintzaren barruan ikastaroa antolatu du Soziolinguistika Klusterrak. Goi mailako irakasle taldea elkartu eta gaiaren alderdi ezberdinak jorratzeko aukera ematen duen egitaraua osatu da.
Zein hizkuntza hitz egiten du komunikazio gizarteak? Galdera izango du izenburutzat eta Donostiako Miramar Jauregian burutuko da ekainaren 22, 23 eta 24an.
Izen emateko epea zabalik da dagoeneko, eta matrikula Soziolinguistika Klusterraren bidez eginez (asier@soziolinguistika.org) erraztasunak izan daitezke. Informazio osagarria nahi izanez gero www.soziolinguistika.org/ehuikastaroa helbidera jotzea da biderik egokiena.
(ASIER BASURTO ARRUTI, Soziolinguistika Klusterraren izenean)
|