Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Izen ttipiak euskaraz

Izen ttipiak euskaraz

2009-06-11 / 08:30 / Patxi Salaberri   HIZKUNTZA

Euskaltzaindiak Izen ttipiak euskaraz aurkeztu zuen 2009-6-4an Durangon, Onomastiacon Vasconiae bildumaren 26. liburua, "Toponimia gizarteratzea: aukerak eta egindako lanak" izeneko jardunaldiaren barruan. Patxi Salaberri euskaltzaina da liburuaren egilea. Hemen, Salaberrik berak aurkezpenean egindako hitzaldia eta liburuaren aitzinsolasean azaltzen dituenak jaso ditugu.

Lehenik eta behin eskerrak eman nahi dizkiot Euskaltzaindiari, bereziki Onomastika batzordeko burua den Andres Iñigori eta beste Andresi, euskaltzainburuari, Andres Urrutiari, lan hau argitaratzeagatik, ikertzaileon arazoa maiz horixe baita: liburuak idatzi bai, baina gero zaila izaten da karrikaratzea, garestia delako, jakina. Eskerrak eman nahi dizkiet, orobat, berriemaile izan ditudan lagun guztiei, bereziki Peio Kamino Kaminondo luzaidarrari eta Juan Joxe Zubiri Lujanbio goizuetarrari.

Aitzinean duzuen lan hau, asmoz behintzat, pankronikoa da. Erran nahi dut saiatu naizela eskura nituen datu guztiak, garai guztietakoak, baliatzen, Koldo Mitxelenak eta Joakin Gorrotxategik aztertu zituzten Akitaniako idazkunetatik hasi, Erdi Aroko eta geroagoko datuetan zehar gure egunetara iritsi arte, zaharrak eta berriak ongi bereiziz, hori bai. Gaurko datu bizi gehienak Nafarroan bilduak direla aitortu behar dut, eta, alderdi honetatik, oraino lantegi zabala dagoela beste herrialdeetan. Badakit dauden guztiak ez ditudala bildu eta geroko agiri bildumek hemen jasotzen ez ditudan izen ttipi berriak azaleratuko dituztela, tankera honetako lehen lana baita, gero osatu, zuzendu eta aberastu beharko dena.

Izen ttipi edo hipokoristikoa familian, lagun artean, konfiantza giroan erabiltzen diren izenen aldaerak dira, Antton(i), Axun, Txixilio, Aña, Dollores, Josetxo eta abarren modukoak. Arazoa da azken hamarkadetako euskal izendegietan, hein batean euskarak bizitu duen egoera soziolinguistiko bereziarengatik, berez hipokoristikoak direnak izen neutrotzat hartu direla, eta, horregatik, Beñat, Eñaut, Matxin eta beste franko oinarrizko izentzat ugaritu eta hedatu direla, eta euskararen sistema bortxatu dela, neurri batez. Orain, dena dela, legeak atea -edo ataka behintzat- ireki die honelakoei eta, beraz, lan hau ez da gaizki etorriko Onomastika batzordera iritsiko diren hipokoristikoen inguruan erabakia hartzeko tenorean. Alderdi honetatik kontent nago, ekarpen teorikoa ez ezik aplikazio praktikoa ere badukeelako nire liburu honek, araiz.

Lanaren egitura dela eta, aztertutako garaiaz, izandako iturriez eta bestez azalpenak eman eta ondoan, hipokoristiko edo izen ttipia zer den definitzen ahalegindu naiz lehenik eta gero munduan barnako zenbait hizkuntzatan (gaztelania, frantsesa, ingelesa, alemana, errusiera...) gauza hauek, hots, hipokoristikoak, nola moldatzen diren ikusi dut, ez luze ordea, bestela entziklopedia idatziko bainukeen, hau baino adreilu gotorragoa oraindik. Ondoren euskaraz hipokoristikoak egiteko izan diren baliabideak aztertu ditut, alegia, bustidura edo palatalizazioa, atzizkien erabilera eta izenen laburtzea (aitzinetik, gibeletik edo erditik). Gero ondorioak heldu dira, laburdurak eta erabilitako bibliografia, lau azpiataletan hondarreko hau: onomastikaren ingurukoa, agiri bildumak, literatura eta bestelakoak.

Ez dut aurkezpen hau luzatu gogo, baina derradan atzizkietan ehun eta hamabi berrekailu aurkitu ditudala, horietako anitz konposatuak, zenbait kasutan zalantza badut ere, egiazki hipokoristikoak sortzeko erabili ote diren. Hauetako gehienak egun ez dira emankorrak. Fonosinbolismoa, bestalde, usu ibili dugu eta usu ibiltzen dugu euskaraz, arrunt baliabide bizia da gure egunotan ere. Eta beste horrenbeste erran daiteke izenen laburtzeaz.

Bukatzeko, nabarmendu nahi dut izen ttipi asko galdu ditugula bidean, hots, denboraz ohikoak ziren hipokoristiko franko ezezagunak dira orain (gehienez ere oikonimian, leku izenetan eta deituretan finkatu dira), hein batean oinarriko izenak berak galdu direlako edo atzizkia dagoeneko emankorra ez delako. Kasu honetan daude, adibidez, Txaria, Txariako, Txartiko, Matxikote, Txaringo, Peruski, Joanesgo, Xemerot eta beste hainbeste. Haur baten esperantzetan diren aitatamek kanpoko izenak aukeratu beharrean euskal izena hautatzeko egokiera ederra dute hemen. Badute non aukeratu.

AITZINSOLASA

Gure artean onomastika lanak urriak izan direla ezin erran daiteke, anitz baitira eta aspaldidanikoak arlo honetan egin diren saioak, baina gehienbat toponimia aztertu da, ez hainbeste antroponimia, eta hau landu denean batez ere ponte izenak eta deiturak hartu dira ikergaitzat.

Jakina, onomastikan sail guztiak elkarrekin hertsiki loturik daude: lehen ponte izenak zirenak orain deiturak dira (Andres, Jimeno, Maiora, Ojer, Oneka...) edo toponimoen (Gartziarana, Ilurdotz, Paternain, Petiriberro...) eta oikonimoen (Arrosakoa, Beñatenea, Bettinea, Ferranenea, Lopekoa, Lutzikoa, Mariestebanbaita, Martzelinorenea...) osagaitzat aurkitzen ditugu. Etxe izenak eta hauetan oinarritutako izengoitiak, bestalde, maizkara deitura bilakatu dira (Arotzarena, Bartzelona, Dorai, Etxeberria eta Etxeberri, Jauregizar, Karlosena, Mitxelena, Paris, Petrirena eta Petri, Salaberria eta Salaberri...) eta orobat toponimoak (Abartzuza, Arizkun, Azpeitia, Elizondo, Erbiti, Ezkurra, Legasa...). XVI-XVII mendeetan, gainera, ohikoa da toponimoak pertsona izentzat kausitzea, emazteki izentzat batez ere (Mariarano, Mariabaztan, Mariamendaro, Mariasunbil, Mariezkurra...), eta azken urteotan jokabide hau franko hedatu dela erran dezakegu (Bianditz, Irati, Saioa), ardura Andre Mariaren santutegien eta baselizen izenek izan duten arrakastagatik (Aitziber, Arantzazu, Belate, Estibaliz, Idoia, Oskia, Muskilda, Uxue, e.a.).

Beraz, onomastikaren barreneko sail guztiak loturik daude, gure hizkuntzan eta besteetan, eta sail horietako bat lantzen denean besteak ere ukitzen dira hein handi edo txikian. Errate baterako, Mitxelenak Apellidos Vascos lan bikainean deiturak hartu zituen aztergaitzat, baina toponimia lanetarako ere ezin baztertuzko tresna eskuetaratu zigun, eta hipokoristiko edo izen ttipi batzuk ere ukitu eta aztertu zituen. Bestalde, toponimia lantzean argitzen diren puntuak eta jasotzen diren datuak, historikoak eta egungoak, hagitz baliagarri izaten zaizkigu deituren ikerketarako, erran bezala toki izen franko deitura bilakatu direlako. Era berean, hemen ematen ditudan datuak, aztertzen ditudan izenak eta jaulkitzen ditudan hipotesiak lagungarri izanen zaizkio, hala espero dut behintzat, toponimia, oikonimia edo antroponimiaren beste sailen bat gainetik ikusi edo sakonki ikertu nahi duenari.

Nolanahi ere, eta erran gisa sail guztien arteko harremanak ugari eta estuak izanagatik, bakoitzak bere nortasuna du, eta ikertzaileak aldian horietako batean sakontzea erabaki dezake, metodologikoki egoki iruditzen bazaio. Hau da, lan batean oikonimia azter dezake, hurrengoan herri edo eskualde bateko toponimia eta hirugarrenean herri bateko edo garai bateko deiturak, adibidez. Hau bistako kontua dela uste dut, eta ez da zertan azalpenak ematen hasi. Jokatu ere, gainera, horrela jokatu ohi da gehienetan.

Hipokoristiko edo izen ttipietara itzuliz, erran dezaket saio zabalik ez zaiela eskaini gurean; beste sailen batean sakontzean ikusi dira, iragaitzaz bezala, nahiz badiren datuak jaso dituzten lan batzuk, eta jaso ez ezik aztertu ere egin dituztenak: Del Valle Lertsundiren bi artikuluak, Leo Spitzer-ena, Mitxelenaren ohar batzuk, Irigoienen artikulu eta liburu atal zenbait, Knörren txosten bat eta Salaberriren artikuluxka nabarmendu daitezke horien artean (ikus bibliografia), baina bururen buruko lanik ez dut ezagutzen eta uste dut horrelakorik ez dagoela, arrunt oker ez banabil.

Lan honetan dokumentazioan han-hemen agertzen diren datuak biltzen ahalegindu naiz eta ikertzaileek honetaz edo hartaz erran dituztenak jasotzen. Liburua buru-buztan, hasi eta buka irakurtzeko adorea eta kuraia duenak ikusten ahalko duen moduan, hipokoristiko anitz agertzen dira hemen, aurkitu ditudan ale desberdin guztiak. Alabaina, segur naiz badirela oraino franko, niri itzuri zaizkidanak. Geroko lanak azaleratuko beharko ditu, beraz, orain gaitzerupean estalirik gelditu diren horiek.

Hipokoristikoen azterketa zergatik den garrantzizkoa galdeginen balidate ihardetsiko nuke, lehen-lehenik, euskaldunok erabili ditugun eta oraino erabiltzen ditugun izendatze bideen berri ematen digulako dela munta handikoa. Nago hau, berez, aski arrazoi pisuzkoa dela, izan ere onomastikaren zeregina izen bereziak aztertzea baita. Honetaz landa eta bigarrenik, izen ttipiek egungo deitura eta oikonimo asko ongi ulertzeko aukera ematen digute: adibidez, Peruskirena-n Peru dugula lehen begiratuan antzeman daiteke, eta bukaera edutezko genitiboa dela, baina tarteko segmentua zer den ez da garbi egonen hipokoristiko sistema ikertu ezean. Era berean, Martija deituran Marti dagoela aise ikusiko dugu, baina ez diogu apika amaieran dugunari igorriko, gure izendegia aztertzen ez badugu.

Hirugarrenik, izen ttipien arloko ikerketa toponimoen etimologia argitzeko ere lagungarri izan daiteke; erraterako, Baztango Almandoz herri izenak Alaman antroponimoaren eratorri batean, hipokoristiko batean, duke oinarri, *Alamando-n hain zuzen ere, Irigoienen ustekaria egia izatera (1995f), eta nire iritzian egiantz handikoa da. Nik neronek ez dut bizkaitar euskaltzainak aipatzen zuen aldaera aurkitu, baina bai horren biziki irudia den Alemantto. Erran bezala, euskal onomastika arautzen ere lagun diezagukete hipokoristikoek, oraingo deituraren jatorria eta nondik norakoa hobeki ulertzeko bide ematen digutenez geroztik.

Laugarrenik, izen ttipiek aukera ematen dute ohiko hizkeraren azpian dauden egitura fonologikoak aztertzeko: silaben barne egitura eta motak, «template» edo plantillak, errepikapen baliabideak eta irudikatze fonologikoaren maila desberdinen arteko harremanak batez ere (Lipski, 1995: 387). Nik garbi baino garbiago dakusat, azken urte hauetako lanak irakurrita, hipokoristikoen azterketan aurrera eginen badugu fonologialarien premia dugula, euskal onomastikariok ez baitakigu -nik segurik ez- fonologiaren barreneko zoko-mokoen eta (azken) korronteen berri.

Bosgarrenik, dialektologiarekin ere badute zerikusia, izen ttipiek berek eta hauek erdiesteko ibilitako erabideek historian zehar izan duten hedadura geografikoa bestelako ezaugarri dialektalekin erlaziona daitekeelako, euskalkien garapena eta bilakaera hobeki konprenitzeko.

Buruenik, izen ttipiak hertsiki erlazionaturik daude haur hizkerarekin, eta garbi dago arlo honetan ari diren ikertzaileei ekarpen polita egin diezaiekegula onomastikariok, eta orobat haiek guri, hipokoristikoak eremu zabalago batean kokatzeko abagune ematen digutelarik. Michaelssonek (1939: 110) haurren beren hizkerari baino garrantzi handiagoa aitortzen dio helduek haiekin ibiltzen dutenari: «La part de l’enfant dans ces formations est généralement minime; les transformations sont avant tout dues à la mère, aux parents [ ... ]». Stratmannek (1935: 30-31), ordea, haurren hizkera bera nabarmentzen du, helduek umeekin komunikatzeko erabiltzen dutena ez ezik: «Wenn man an seinen eigenen Familienkreis, seine nähere Umgebung denkt, wird man sich sofort des weiten Einflusses der Kindersprache bewußt». Ikertzaile honek bokal eta kontsonante sistemetan gauzaturikako hots aldakuntzak, izenen laburtze eta sinkopak, eta azaldu gabeko formak haur hizkerari leporatzen dizkio. Boyd-Bowmanen iritziz ere munta handikoak dira haurren hizkera eta helduen horiekilakoa (1955: 337-338):

«También señalaremos que estas deformaciones se deben en gran parte al rudimentario sistema fonemático de los niños que aprenden a hablar, y a los esfuerzos que hacen los adultos, con intención cariñosa, para imitar el sistema».

Afrika erdialdeko Hausa hizkuntzan, Newmanek eta Ahmadek diotenez (1992: 162), hipokoristiko era gehienak batez ere helduek haurrekin edo haur koskortuek gazteagoekin hitz egiten dutenean erabiltzen dira. Daviesek (2000: 22) izen ttipietan agertu ohi diren errepikapenak eta italieraz gertatzen den geminazioa haur hizkerari leporatzen dizkio. Lipskik (1995: 388, 422-423) gaztelaniako izen ttipien ereduen oinarriak haur hizkeran berean eta helduok haurrekin mintzatzen garenean egiten ditugun bakuntzeetan bilatu beharrak direla uste du, eta Piñeros (2000) Amerikako gaztelaniako hipokoristikoak zuzentzen dituzten arauak eta haur hizkerarenak lotzen saiatzen da.

Nik ez dakit haur euskaldunak zer adinetan hasten diren izen ttipiak, mota batekoak izan edo bestekoak izan, ibiltzen. Badira haurrarekiko hizkera adierazkorra biltzen duten (Salaburu, 1984: 119 eta hurr.) edo aztertzen duten (Zubiri, 2002) zenbait lan, baina ez, dakidala, hipokoristikoez mintzo denik. Gaztelaniaz, Aguirrek, Albalak eta Marrerok egindako ikerketaren arabera (2005: 141), urte bat eta bederatzi hilabeterekin eman zuen Magín zeritzan umeak lehenbiziko hipokoristikoa, eta hilabete gehiagorekin Mariak. Nolanahiko gisan, gogoan hartzekoa da atzizki bidezko izen ttipiak eman zituztela haurrok eta euskaraz gaia korapilatsuagoa dela, aukeran baliabide gehiago daudela.

Zernahi dela, akort naiz Irigoienekin (1995: 1) euskararen eremuko Erdi Aroko hipokoristikoen sorrera aztertzean «se me hace necesario manifestar aquí, que, como es obvio, considero que el mundo de los hipocorísticos es de una gran complejidad, y que no puedo penetrar en él más que de soslayo, máxime tratándose de textos medievales» dioenean. Nik, dena dela, Nafarroako egungo hipokoristikoak ere biltzen ditut, bizkaitar euskaltzainak ez bezala, eta historikoak eta gaurkoak eskema orokor baten barnean sartzen ditut. Bestalde, hark ez bezala, izengoitiak alde bat utzi ditut usaian (Per Arnalt dicho Velçto-ren modukoak), zenbait aldiz lehen izenaren eta izengoitiaren arteko bereizkuntza arrunt garbi ezin egin badaiteke ere (ikus hirugarren atalean diodana).

Euskal onomastika ikertu duten lanek arruntean ez dute kontuan izan gure inguruan eta munduko beste alderdi batzuetan gertatzen dena: erraterako, Jimeno Juriok eta biok argitara emandako Artajona. Toponimia Vasca / Artaxoa. Euskal Toponimia liburuan Nafarroako herri horretako leku izenak aztertu genituen, baina ez ginen saiatu toponimo horiek beste hizkuntza eremu batzuetakoekin erlazionatzen, eta uste dut neurri batean hau normala dela holako liburu batean. Hala ere, iruditzen zait hats handiagoko lanetan baitezpadakoa dela euskaraz arruntak diren gertakariak gure inguruko eta urrutiagoko beste hizkuntza batzuetan badirenetz aztertzea, hots, geurea bakarra den zerbaiten aitzinean gauden ala munduan barna aski ezaguna den erabide baten aitzinean. Alegia, uste dut ez garela gure txokoan goxo-goxo gelditzen ahal eta ahaleginak egin behar ditugula kanpoan zer dagoen jakiteko. Hau da, izan ere, euskal hipokoristikoen gaia ikertzean bestetan gauzak zertan diren ikustera bultzatu nauena.


(PATXI SALABERRI ZARATIEGI euskaltzaina eta Izen ttipiak euskaraz liburuaren egilea da)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com