![]() |
Egin klik hemen INPRIMATZEKO |
Iņaki Lasa Ustariz / Herri-administrazioa / 2009-06-09 / 08:20
Hor ditugu, kaleetan, gure arreta irabazi nahirik. Zeregin horretan denak balio du, barreak, keinu atseginak, botoa aurpegi atsegin batek erabaki izango balu bezala. Aurreko mendean bi mundu gerra ezagutu dituen Europa honetan, gure Europan, oraindik ere, badela zeregina esatea begi bistakoa den zerbait da.
Eskubide eta askatasunen unibertsalizazioan badu Europak nahikoa zeregin, izan ere, Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalean jasotzen den bezala: "inor ez da bereziko arraza, larru kolorea, sexua, hizkuntza, erlijioa, politika eta bestelako iritzia, sorterria edo gizarteko jatorria, ekonomia maila, jaiotza edo bestelako inolako gorabeheragatik". Zerrenda aztertu besterik ez dago ohartzeko galtzak bete lan ditugula Europan bazterketarik gabeko gizartea eraiki arte.
Hizkuntzei dagokienez, Estrasburgoko Legebiltzarra bisitatzen duen pertsona oro harrituta gelditzen da itzultzaile kopurua ikustean. Izan ere, prentsaurrekoak eskaintzen diren aretoan alboetako bi hormak oso osorik, kristalezko gela txikiz beterik daude eta bakoitzean bi itzultzaile ari dira esaten dena Europan ofizialak diren hizkuntzetara itzultzen. Horren ikuste hutsak eleaniztasunarekiko begirunea dagoela pentsaraz dezake, eta horrela da baldin eta zure hizkuntza Estatu baten hizkuntza bada. Izan ere, horixe da eta ez besterik, Europan hizkuntza bat ofiziala izateko irizpide bakarra, Estatu-hizkuntza izan behar du. Beste irizpide batzuk bazterrean gelditzen dira.
Adibide gisa esan dezakegu 300.000 hiztun dituen Maltako hizkuntza ofiziala dela, Euskal hiztunen kopuruaren erdia du hizkuntza horrek eta katalan hiztunak 7.000.000 inguru dira eta hala ere, ez dira hizkuntza ofizialak ez euskara ezta katalana ere. Sostengua emango dien Estatu baten beharra dute bi hizkuntzok.
Hala ere, euskara eta katalana, galegoa eta bretoiera eta beste hainbat Europako hizkuntzak dira, ez inondik etorritakoak, ondorioz, bertakoa, berezkoa izatea ere ez da nahikoa irizpide ofiziala izateko. Estatua da gakoa, gako bakarra, lortzen zaila bestalde.
Euskal hiztunen hizkuntza eskubideak sistematikoki urratzen dira Euskal Herri osoan, bere Administrazio guztietan, hala Frantziakoan nola Espainiakoan; eta ondorioz argi esan behar da euskal hiztuna hizkuntza arrazoiengatik baztertua dela eta ondorioz, Europak egoera horri bukaera emateko tresna politikoak izanik ez baditu erabiltzen giza eskubideak urratu egiten dituela. Ez dago egonkortasun sozialik giza eskubideak urratuak diren gizartean eta horrela gertatzen da gurean.
Euskara ofiziala behar dugu Europan, guregatik, Europarengatik, bake eta oreka sozialarengatik, justiziarengatik. Euskara Europako hizkuntza da, agian zaharrena, babestu beharrekoa ez badugu geure historia galdu nahi.
Pentsa ezazu horretan lagun, aurpegi irribarretsuen garaian bakarrik gara indartsuak, eskubide eta askatasunekin konpromiso tinkoa duena bakarrik da hautagaia. Pentsa ezazu lagun.
(IŅAKI LASA USTARIZ Kotseiluaren ildo politiko-instituzionalaren arduraduna da)
Iņaki Lasa Ustarizek erabili.com-en argitaratutako artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)
![]() | Inprimatu |