Egin klik hemen INPRIMATZEKO


Aitzineuskara birreraikiaz: zergatik ezkerra?

Joseba Lakarra / Hizkuntza / 2009-06-03 / 08:45


Joseba Lakarra euskaltzain osoak 2009-5-30ean Arratzun irakurritako sarrera-hitzaldia irakurgai duzue hemen, oso-osorik.



Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailburu Anderea,

Euskaltzainburu Jauna,

Nafarroako eta Euskal Autonomia Erkidegoko gainerako agintarikook,

Euskaltzain Oso, Ohorezko eta Urgazleok,

Senide, adiskide eta lagunok,

Arratzuar maite guztiok,

Egunon


  1. On da, egunero ezin bada ere, noizean behin gure jardunaren oinarriak begiratzea. Izan ere, usuenik, bizitzan nahiz lanean, zurrunbilo etengabeak jan egin ohi gaitu epe motzean zer, zertarako eta zergatik ari garen jakin edo gogoratu gabe. Larriago dena, zurrunbilo horrek eginkizunak eta egitekoak zein diren ohartzeke, behin baino sarriago nekatu, berotu, ito zein desbideratu ohi gaitu -ni behintzat bai- bigarren edo hirugarren mailako eztabaida antzu eta llillura agorretan.

    Nire egitekoa -zorionez ez bakarrik nirea, jakina, eta itxadoten dut hori ahal bezain garbi gera dadin- hizkuntzaren historia da; azken urteotan, zehatzago esateko, beharbada historiaurrea gehiago historia bera baino. Hots, haren egitura eta ezaugarrien etengabeko, -oraingoz eta itxadon dezagun mende luzez-, hasiera ez amaierarik ez duen bilakabidearen ikerketa. Arratzun inon baino gehiago eman zidaten eta ematen didaten -eta nik zinez eskertzen diedan- euskalduntasunagatik ez baizik eta nik (edo neure zirkunstantziek) hala erabakirik, afizio eta ofizio horri lotu nintzaion aspaldi, hor aurkitu nituen kideen (Saussure eta Meillet, Mitxelena) lanbide eta jokamoldeek erakarririk. Niri, lotsarik nekez eman ahal didaten arrazoiengatik euskararena hautatu zitzaidan historien artean, besteri eslabierarena, txinerarena edo ainuerarena egin ohi zaien legez.

  2. Ezagun da gure hizkuntzaren jatorriak eta ahaideak etengabe bilatu direla, gutxienez azken 500 urteotan edo. Hainbat denborak, lanek eta izerdik emaitza eta etekin on eta oparorik iragartzen bide zuen; badakizue, harako "ezina ekinez egina" edo. Haatik, hizkuntzalaritzan zein beste edozertan, gehiagotan aurkitu ohi dugu "ezina, ezin egina". Zalantzarik gabe, "zenbat buru, hainbat aburu" betetzen da euskararen iraganarekiko istoriogintzan; hobe esan: "zenbat buru, GUTXIENEZ hainbat aburu". Izan ere, ez da bakana iritzi eta ustekizun bakarra baino gehiago duenik, esaterako Schuchardt, Uhlenbeck edo Tovar, aspaldiko ikertzaile errespetagarriak baino ez aipatzearren, oraintsuagoko friki samaldak bazter utzirik.

    Kontua da, gainera, hizkuntzaren azken-azkeneko jatorriaren bila aritu direlarik askotxok hizkuntza bera, benetakoa alegia, atzendu eta ahaztu ere egin duela. Demagun handi oinarritzat hartuaz latineko grandis azaldu nahi duela urliak (Vennemannek, esaterako) eta horrenbestez, *grandi bat suposatzen duela, hasierako kontsonante multzoa eta guzti, glaziazio ondoko euskararen jatorri omen litzatekeen hizkuntza zahar hartarako; badakizue, duela 10 edo 12 mila urteko Vasconic edo euskararen arbasoarentzat. Ze poza ezta? Latina eta latinetiko beste hainbat hizkuntza gure asaba zaharren hizkuntzaren zordun! Gurea, ez Kantabriko eta Pirineoen ertz bateko hizkuntza txiki askoa, baizik eta Europa osoa eta areago estaltzen zuen erraldoiaren oinordeko!

    Badakit zenbaitentzat ilusioa bizigarri eraginkor eta ezinutzizko dela; gehiago ere: bizipoza inori kentzen diona ez bide liteke hiritar on ez abertzale zintzo izan, XIX. mendean Araquistainek zioenez historiak ez baitu naziogintzan ipuiek adina laguntzen. Nago, ordea, naziogintzaren aldekook ere -batez ere geuk- hobe dugula geure llillurak xeheki eta zuhurki hauta. Izan ere grandi batetik ezin atera liteke handi, dakigun guztiaren arabera / Cr / taldeak euskara zahar eta berrian, atzora arte, ez baitira maileguetan baino izan eta horietan ere berehalakoan hautsi ohi ziren, modu batera edo bestera. Ezin, beraz, historiaurre loriatsu hori sasi-antzekotasun eta sasi-istorio hauen gainean eraiki.

    Are okerrago; euskarazko hitzaren bitartez latinekoaren jatorria argituko bagenu ere -eta, kasu, indoeuroparlariek Vennemanni esan diotenez, ez dute horretarako euskararen laguntzaren inongo beharrik-, euskalari bezala, harako Canaangoan norbaitek bere amari esandakoa errepikatuko genuke: "emakumea, eta zuri eta niri zer?". Hots, euskalari bati inori behar ez dituen mesedeak egiten ibili beharrean, axola diona zera da, ea handi hori nola azaldu ahal den eta zein izan den bere bilakabidea gure hizkuntzaren barnean, demagun azken mila urtean edo. Horrela, goikoak eta Vennemannek erants litzakeen guztiak baino interesgarriago litzaiguke haundi, horren aldaera, ia atzo goizekoa dela eta Gipuzkoan lehendabizikoz lekukotua, Bizkaian eta Zuberoan, Erdiaroko Nafarroan bezala, diptongo gabeko formak zirauten bitartean, askotan edo gehienetan gertatzen denaren aurka, hain juxtu. Bestalde, hitz zahar asko, erro sinple zaharrak, hobe, silaba bakarrekoak badira, handi-k zergatik bi silaba dituen galdetzea ere ez litzateke alperriko, eta ezta halabehar hutsa ote den -di amaiera bera errepikatzea idi, ardi eta bestetan eta are han- hasiera bera anhitz, orain ekialdeko, baina noizbait orokorra zen kuantifikatzailean.

    "Local philologist" delakoen xehetasun hauetarik bista apur bat jasoaz, hizkuntzalaritza historikoak eta diakronikoak aspaldi utzi zuen anekdotazaleen biltzarra izateari, inoiz horrelakotan ibili bada, bederen: hots, "zelan esaten zen "ardau" duela bi mila urte?" demagun, edo "adar hitza zeltatik ote dator?" eta holakoak ez dira, dakidalarik, bere ardura nagusia azken mende parean edo, zenbait zaletu hemen inguruetan eta urrutixeago ohartu ez den arren. Larry Trask zenak legez, nik ere uste dut hizkuntzaren historiaren grina omen duen askok egindako galderak eta beren buruei ezarritako egitekoak ez direla hizkuntzalarientzakoak, psikologoei eta bestelako psiko-batzuei dagozkienak baizik: "zergatik izan behar du euskarak arbasorik ez duen hizkuntza bakarra? Ze tristea ezta?", bota zuen behin Bengtson delako batek, Oklahomako postaria garai hartan, Jose Ignazio Hualde adiskideak esan zidanez. Trasken pazientzia eta umorerik ez dugunok, nola erantzun ahal honelako presuposizio okerrez betetako itaun eta galderei?

    Hau da, oraingoz ez da egingarri metodo orokor estandarrekin euskara sailkatzea eta dagoeneko lortu ez bada zail egiten zaie ofiziokoei sinestea gutariko batek, halabeharrez edo loterian jokatuaz, lor lezakeenik. Ez da gutaz -ez euskaldunez, ez euskalariez- iritzi txarra dutela edo ez direla fido, edo ez bakarrik horregatik, behintzat; ofiziokoek ezagutzen dituzte ongi zeinek bere esparruan sofritu dituelako, gure mugak eta gabeziak, are gurea baino alde guztietarik (lanabesez eta giza baliabidez, ikerketa tradizio luzeagoez gainera) ehun bider hobeto diren hizkuntza eta familietan.

  3. Ez nuke nahi nire hitzok edota nik gaur alokairuan hartutako berbok inorentzat izan daitezen inolako alperkeriaren desenkusa eta justifikazio-bide. Jatorriak epe motzean ez ertainean lortu ezina, zati baterako ahaideak ere ezin antzemana... batek baino gehiagok atera lezake (norbaitek dagoeneko horrelakorik esan ere egin du hor zehar) ezer ezin egin litekeela hizkuntzaren iragan eta bilakabidearen ikerketan eta baita hobe dugula zerbait progotxu gehiagokotan jardutea. Azken ondorioan bat nator (jardunak ere, llillurak legez, hobe ongi hautatu), inolaz ere ez lehendabizikoan. Aurrera baino lehen, esan dezadan hizkuntzaren azterketan gehienek sinkroniari, hots, momentu jakin bateko egoerari eman ohi dioten lehentasuna -bidebatez, ez nahita nahiez gaurko sinkroniari, eh!- ez dela abstrakzio metodologiko erosoa baizik. Zail edo ezinezko da gauza bat momentu berean abian -andarrean eta abiadan esaten genuen lehen Arratzun- eta geldirik ikustea, eta ulertzekoa da etengabeko aldaketaz fotografia horretan ez ohartzea edo horretaz ez axolatzea. Alabaina, hizkuntzak -edozein hizkuntzak eta edozein garaitan- aldaketa berezko du, guk hori ikusi nahi edo ez, ohartu ahal edo ez eta, beraz, baita euskarak ere, nahiz eta norbaitek ez hain aspaldi trilobites fosil batekin parekatu.

    Gure zorionerako (diakronista eta hizkuntzalari historikoenerako, bai behintzat) hizkuntzaren aldakortasun hori, horren ondorioak eta emaitzak, horren epe eta bideak ikertu eta eskura litezke XIX. mendeaz geroztik ikasi denez; honetan dihardute diakronistek eta aldaketa linguistikoaren azterketa eta azalpena dute egiteko nagusi hemen eta nonahi. Azken jatorrien llillurak bazterturik, beharbada gauza hurbilago eta eskura-errazagoekin asetu ohi dira usuenik eta, ez bide litzaiguke guri ere guztiz desegoki eroapen bertsua agertzea. Gogora zaitezte musulman artistek ezin zituztela -orain ez dakit gauzak nola diren- giza-irudiak irudikatu eta, ordainetan edo, landareak eta bestelako figura geometriko zoragarriak egitera iritsi zirela, hainbat non horrelakoei "arabeskoak" deitzen zaien mundu guztian. Ez genuke guk ere, geure indarrak eta kemenak hobexeago neurtuaz eta bideratuaz, horrelako arte berezirik lortuko filologia eta hizkuntzaren historiaren ikerketen esparruan?

    Nolanahi ere den, llillura harrapaezinen ordainetan beste hainbat gaitan erdiets liteke aitzinamendurik: dialektoen arteko erlazio eta kronologian, aldaketa fonetiko eta morfologikoetan, euskara historikoaren hainbat irregularitateren azalpenean, historiaurreko edota lekukotasunik gabeko garai historikoen ezagutzan, etab. Esate baterako, bistakoa da Mitxelena maisuak (ezta lehenago Martinetek ere, kasurako) ez zuela gehiegi lagundu jatorri eta ahaideen bilaketan, itxuraz -edo agian bai, inork baino gehiago, edozeinek jakin behar lukeenez notizia onak ez baitira notizia bakarrak, ezta zorigaitzez ugarienak ere-; are gehiago, lehen argi ez zuenari Mitxelenak behin eta berriro argitu zion bide horien antzutasuna. Ordainetan, artean eta ondoren ere egindako aurrerapen guztiak baino larriagoa egin zuen benetako hizkuntzaren eta hizkuntza horren benetako bilakabidearen ezagutzan.

    Hizkuntzaren historia lantzeko zer behar dugun izan ez da zail jakiten, berdintsu baita funtsean Grezian, Tibeten, Mexikon edo Euskal Herrian: eskura litezkeen filologia zehatzena eta hizkuntz aldaketarekiko teoria hoberena. Euskalaritzan norengan bildu ziren zabal eta aberats dohain horiek ere edozeinek daki: Koldo Mitxelenaren diakroni-lan oparo erraldoian. Dela Landuchio XVI. mendeko italiarrak Gasteizen atondu-arazotako hiztegiari jarri zion sarrerak, dela Fuentes del Diccionario de Azkue-k, Textos Arcaicos Vascos-ek edo Apellidos Vascos-ek alde batetik, Fonética histórica vasca-k, Sobre el pasado de la lengua vasca-k nahiz Lenguas y protolenguas-ek, bestetik, ederki erakusten dute zeinen hornitua eta prestatua zen beren egilea hizkuntzaren historia eta historiaurrearen azterketa oinarri berri eta sendoen gainean ezarririk eraikitzen hasteko, eta are hainbat solairu osorik gauzatu eta atontzeko ere. Aipatutakoak maisu-lan paregabeak dira euskal ikerketetan, zein bere aldetik; guztien bildumak -eta Mitxelenak baditu agertu zirenetik 30 edo 40 urte pasa direnean ere gainditu gabeko beste zenbait dozena- erakusten diguna zera da, aurreko eta ondoko edozein euskalarirengandik hainbat argi-urtera zela egilea.

    Lekukotasunak agortzen diren unetik aurrera birreraiketa gelditzen zaigu eta Mitxelenak eskuratu ahal izan zituen lekukotasun guztiak gogoan harturik eta mailegaketaren azterketaren bidez hainbat ikertzailek gure ingurukoen historiaz erdietsia eskuratuaz eta geureari ezarriaz, euskararen historiaurrea aitzinatzea eta aitzineuskararen birreraiketa sendoa lortu zuen. Hain sendoa non funtsean mende-erdi igaro ondoren ere estandarra hori bera dugun. Ez da, noski, kritika edo kontrako proposamenen bat honetan edo hartan izan ez delako (hori harritzekoa litzateke) baizik eta ez delako horren alternatibarik garatu eta -frogarik argiena dena- egungo egunean ere emankor gertatzen zaigulako, gutxienez azken 2.500 bat urtetako euskararen hotsak eta horien bilakabideak azaltzeko orduan. Garen tokian garelarik, ez bide da desegoki ebangelioetako harako "bere fruituetarik ezagutuko duzu" hura; eta esapidea zuhaitzei ez eze hizkuntz historia eta istorioei ere badagokie.

  4. Aurrekoak bota eta gero norbaitek edo norbaitzuk kontraesan larritzat har lezakete ondoren proposatuko dudana: Mitxelenaren paradigma zabaldu eta gainditu beharra, alegia. Honetarako ditudan arrazoi edo ustekizun zehatzak azaltzen hasi baino lehen, esan dezadan euskal filologiaren egoeran aldaketa eta aurrerapen handiak izan direla azken 50 urteotan, eta ez txikienak Mitxelenak eta mitxelenatarrek eginak: ez luzatzearren Orotariko Euskal Hiztegia baino ez dut aipatuko. Lexikografia praktikorako izan ditzakeen onurak ahaztu gabe, ukaezina iruditzen zait aro berrian jarri gaituela lexikoaren historian, literatur hizkeren historiarenean, eta baita fonetika eta morfologia diakronikoan ere, etekinik ateratzen jakinez edo horretarako gogorik izanez gero, noski. Orobat, lan horrek euskal testuen ezagutza, azterketa eta ediziorako ekar lezakeena (dagoeneko ekarri duenaz landa, jakina) agortzetik urrun gara eta balioko ahal du hainbat txepelkeria eta ahuldade ohiko bezain toxiko uxatzeko.

    Mende erdi honetan hizkuntzalaritza diakronikoan aldatu den guztiaren berri ematea nire ahalmenetik eta gaurko eginkizunetarik urruti denez, labur dezadan esanaz eskuratu dugula edo -hobe esan, isuri eta jaidura hori dugunon eskura jarri direla- hainbat hizkuntza eta hizkuntz familiatako istorio eta historiak, hurbileko eta urrutiagokoenak, gurearen antzekoenak edo oso ezberdinenak, bai hizkuntzaren sistemaren alderdi labur edo zabalez, bai sistemaz kanpoko historia edo soziolinguistikan. Honezaz gainera, batez ere hizkuntzalaritza sinkronikoan garatutako hainbat irizpide eta azterketarako lanabes, diakronian ere usuko egin dira, aipatuki hizkuntz tipologiatik datozkigunak.

    Mary Haas hizkuntzalari handiak, ofiziokoen eskarmentua azaldurik, lautan banatzen zituen aitzindarien birreraiketa-lana berrikusteko arrazoiak: lehen biak aztertzen dugun hizkuntzaren ahaideren bat edo aitzinhizkuntzaren bat aurkitzea zirelarik, hirugarrena, artean ezezagun izandako mailegu zaharren azterketa genuen; azkena, aurrekoek suposatzen duten lanabes gehiketarik gabe, lehengo datu berberak izaki horien ulerpen berri bat eskuratzea.

    Gure kasuan lehendabiziko hirurak ez dira Mitxelenaren emaitzak berrikusteko akuilu, jakina, nahiz eta, agian, mailegu zahar berriren bat hona ekarri beharrik edo ekartzeko aukerarik izango dugun. Mitxelenaren birreraiketa berrikusteko edo, hobe, haren aitzineuskararekiko ikuspegia aldatzeko edo zabaltzeko, laugarren bidea izan da edo izan daiteke zio bakarra. Lehen esan dudan legez, gutxi da hotsei dagokienez aldatu beharrik Mitxelenaren ikerketetan: oharren bat han-hemen. Hotsetarik hitzetara edo morfemetara abiatzen bagara, nabarmena da maisuak horri ez ziola hainbesteko arreta eta jardunik eskaini, ulerterraz ere delarik hori edozein diakronistarentzat. Hor eta hortik aurrera da, beraz, Mitxelenaren lana osatu beharra eta -sakontasun diakroniko handiagoa bilatzen badugu- hortik bide datoz gainditzeko zioak ere.

    Har ditzagun lau soinu: bi bokal eta bi herskari, kopeta eta badago-ko kontsonanteak, alegia. Horien binakako konbinaketatik euskara historikoan 900 erro ezberdin sor zitezkeen CVCV egiturarekin: bake, bide, dago, dugu, begi, bada eta holakoak. Kontua zera da; asko edo mordoa izanik ere, 900 horietarik urruti gelditzen direla benetan aurkitzen ditugunak, batetik, eta askozaz larriagoa dena, goiko horiek eta beste enparatuak oro, bi multzotan sar ditzakegula: (a) maileguak eta (b) eratorri-konposatuak. Bestela esan, izan zitezkeen 900 erro soiletarik, Sodoma eta Gomorrako hartan bezala, ez erdiak, ez laurdena, ez 100, ez 50, ez 25 eta ez 10 ez ditugula aurkitzen eta, horrenbestez, orduko su berberak erretzen, suntsitzen eta ezabatzen digula erro-eredu hau euskal erro-eredu zaharren zerrendatik.

    Badakit honekin ez dudala inor beldurtuko, beste erro-eredu asko gelditzen baitzaizkigu Uhlenbeckek duela hirurogeitik gora urte erakutsi zuenez, eta sandiak eta berendiak pentsa lezake erro-eredu hori gabe ere euskara eta aintzinako euskaldunak lasai asko pasa zitezkeela. Baliteke, noski, baina kontutxo hori dirudien baino ardurazkoagoa da; hots, erro-eredu hori oso oinarrizkoa da bisilaboen artean eta horrelakorik ez bada oraintsu arte euskaran izan -beno, badakizue, gutariko batzuentzat inoiz edo sarri, "oraintsu" 1.000-1.500 urte izan litezke, hor akitaniera eta Euskara Batu Zaharraren artean, edota hau eta Erdiaroko lehen lekukotasunen bitartean"; berriro ere diot, erro eredu bisilabiko oinarrizkoenak berandu arte ez badira izan, orduan pentsa genezake monosilabikoak izan direla nagusi eta beharbada bakar, txineran edo vietnameran edota Gineako kwa hizkuntzetan bezala.

    Izan ere, 1995ean erro zaharren egitura CVC zela aldarrikatu nuen, honenbestez aurreko hutsunea errazki azaldurik. Badakizue, orduan guztiok ginen hamabost urte gazteago eta baliteke hortik etortzea nire ausardia, garbi baita nire proposamen horrek arazo larri bat kentzen zigula -egia esan, inori burukomin handirik eman gabea zen arren- baina beste hainbat eta hainbat, beharbada horren larriak, lehengo bake-bertan-goxo hartan ez genituenak sortzen zizkigun. Hau da, nik nioena benetan harturik, alu, oker, usain, ater, aho, bazter, nigar, bildur, ezain, hagin eta beste hainbat eta hainbat bisilabo -Gernikako urriko astelehenetan piperrak otzarara legetxez edo-, dozenaka eta zientoka jaurti behar genituen euskal hiztegiko geruzarik zaharrenetik kanpora. Horiek (eta arrazoi gehiagorekin *ardano, *organa, *enazur, herio edo egia hiru silabatakoak eta arerio laukoa) soilik mailegu edo eratorri-konposatu izan zitezkeen. Joakin Gorrotxategi adiskideak orduan edo geroxago esan zidan bezala, "ederto, orain bakarrik gelditzen zaizu horiek guztiak azaltzea".

    Ulertuko duzuenez, Joakinen erronka, ez zen lasai uzteko modukoa; lan mordoa eta arriskutsua, inork aurretik ez erdietsi ez beregan hartu gabea baizekarren. Egia esan, hertsi-hertsian, aski bide da norberaren teoria aurrekoarena baino hobe, sakonago edo indartsuago dela erakusteko hark ezin aurreikus edo azal lezakeen kasu bakar bat aurkeztea eta gainditzea milaren zain egon beharrean. Bestalde, -fenomenoak azaltzeko botereaz landa-, teoriek badute beste botere estimatu eta estimagarriagorik, zeina baita galdera berriak aurkeztekoa, hain zuzen. Alde honetatik nik neritzonez eta oraindik ere deritzodanez, irabazia nuen partida jokatzen hasi baino lehen ere, galderak dozenaka eta zientoka baitziren, bisilabo eta polisilabo bakoitzeko bat gutxienez; alabaina, deseroso eta beldur nintzen "zergatik ez zen TVTV erro-eredu soilik euskara zaharrean?" eta etimologia bakanen batekin jendaurrean neure burua aurkezteko, ez bainuen itxadoten askotzarik asetzea.

    Azken hamabost urte hauetan, batez ere hondar hamarrotan, ordu batzuk sartu ditut -ez urrutitik ere nahi eta behar liratekeen guztiak, halere- silabak kontatzen, aldaerak miatzen eta hotsak irabiatzen erro-ereduetako emaitza potentzialetarik benetakora diren aldeak erkatzen eta horien zergatiaz neure buruari eta besteri -batez ere Blanca, Gidor, eta Ricardori- galdetzen. Orobat, lekukotuak, bost sail nagusitan ezarri ditut -a) maileguak, b) aldaera modernoak, c) eratorri-konposatuak, d) onomatopeia eta sinbolismoak eta e) gainerakoak- behin eta berriro sailkatuaz, bereziki (e) azken saileko hondarrak.

    Hasiera batetik emaitzak aski onak izan ziren, lehen ezagutzen ez ziren erro berriak aurkituaz, ezagutzen genituenei familiak eta sare zabalagoak antzemanaz, gramatika zaharreko fenomeno berriak (dela erreduplikazioak, dela aurrizkiak) bilatuaz eta beren funtzionamendua zirriborratuaz.

  5. Gorago esan dudanez, lehen sailkapen batean bost azpisailetan bana ditzakegu euskal hiztegi eta testuetan nahiz beste nonahi jasotzen diren hitzak; alabaina, ondorio etimologikoei dagokienez bitan: a) etimologia ezaguna duten lehen lau sailetakoak eta b) bostgarreneko hondarrak. Markagarria da lehen lau azpitaldeetakoak goraka joan direla hamabost urteotan, goraka doazela orain eta -ezinbestean, edozer gertatzen delarik nire ikerbidearekin- zalantzarik gabe goraka joango direla etorkizunean. Bigarrena -etimologiagabekoena- gutxituaz joan da, gutxituaz doa eta urrituaz joango bide da etorkizunean ere, azkar edo astiro, hau besterik da, baina gainbehera seguru.

    TVTV ez eze, gainerako erro-eredu bisilabiko nagusiak aztertzean ehuneko oso urriak dituzte etimologiagabeko morfemen kopuruei dagokienez. Areago dena, iragazki fonotaktikoak (hau da, hots konbinaketa berriak ezabatzen dituenak) eta geografikoak (euskal dialektoetan hedadura gutxiegikoak baztertzen dituztenak) ezarriaz, bat ere ez da iristen zein bere ereduan izan zitezkeenen % 4ra eta usuenik ezta % 1era ere.

    Are estatistika asko ez dakienak ikus lezake % 1etik behera diren eta behera baino ezin egin lezaketen ereduek etorkizun gutxi dutela euskararen iraganeko eredu gisa. Hobe esan eta zehatzago, izan, ez dira benetako ereduak, gure azterketaren azken hondarrak baino. Ez dakit gehienetan legez noiz iritsiko diren % 0,0ra, edo noiz izango garen gai horiek horra eramateko; alabaina, dagoeneko ez dira esanguratsu aitzineuskararako erro soilen zerrendarako hautagaitzan.

    Guk 1995ean eredu zahartzat proposatutako CVC monosilaboa % 15ean edo dabil kenketa eta garbiketa guztiak egin ondoren eta hori, kasu, soilik benetan modu autonomoan lekukotutako har, hotz, gor, zur, lan, hots, eta gainerakoak hartuaz. Hots, *bel, *zen, *bur, *dun, *thor, *ger eta beste hainbat Mitxelenak berak birreraikiak edo ondokoenak gehituaz gero, % 25-% 30era ere iritsiko bide ginateke. Monosilaboetan oso gutxi dira mailegu, berrikuntza, eratorpen edo onomatopeia eta, bisilabo gehienekin jazotakoaren aurka, oso zabalduak edo orokorrak dira dialektoetan, beren antzinatasun handiagoaren seinale, alegia.

    Aurreko lanak "etimologia formala" dei genezakeena garatzera eraman gaitu. Demagun VCCV bezalako erro eredu bat maileguz eta berrikuntzaz josia dugula eta, aldiz, aitzineuskarako hautagai bakar diren etimologiagabez oso urri. Har ditzagun horren barruan eske edo urde bezalako bi hitz; dakidanez, ez da orain arte bi hauentzako kontsentsu osoko etimologiarik. Erro-ereduaz dakigunak bidera gaitzake arestian pentsa zitekeen baino urrutiago: iturri edo jatorri zehatza lortu ez arren ere, hitzon egitura hutsak biek mailegu izateko aukera handia dutela esango nuke, Mitxelenak aspaldi, dollor eta abagadaune-rekin egin bezalatsu. Gainera, eske-tik uescor eskatzen naiz eta urde 'zikin'-etik turpe-ra den bidea errazki edo iruzur handirik gabe egin ahal badugu, are hobe guretzat, noski. Bazter eta bildur-ek oso jator itxura dute, AE-ko CVC + CVC batetik aterea balitz bezala; itxura ez da aski, ordea: zer dira hor *baz, *ter, *bil eta *dur? Ezer ez; horrenbestez hauetan ere maileguak ikustea ez bide da ezinezko horretaz orain arte ohartu ez bagara ere: cf. latineko praesepe eta timor, hurrenez hurren.

  6. Hizkuntza monosilabikoak ez dira eransleak izan ohi, lehen aipatu vietnamera, txinera edo Gineako kwa hizkuntzetan ikus genezakeenez. Aldiz, erro bisilabikoak dituzte ia % 100ean eransle garbiak diren hizkuntza finougrioek, japonierak, turkierak, mongolierak edo Australiako gehienak. Ez ditut hemen gertakari honen ondorio guztiak miatuko baina edozein ohar liteke hain sartua eta zabaldua dugun euskararen irudi kanonikoa -eransle, aditz komunztadura aberatsa, izen sintagma deklinabide atzizkiz eta bestelakoz josia, aurrizkirik ez, SOV ordena, etab.- ezin izan litekeela ez Adan eta Ebaganikoa, ez duela 7.000, 5.000 edo 3.000 urtekoa ere. Txinera edo mon-khmerraren itxurako egitura batetik azken bostehun urtetan ezagutzen dugunera egindako bide luzea eta eskuratzen zaila bide da; badute hor, beharbada, lanik ondoko hizkuntzalariek, batez ere euskara hizkuntza fosil bakartzat hartzera mugatzen ez direnek.

    Gainetik, ongi litzateke gogoantzea orain arte gehiegi ikusi ez diren edo ikusi nahi izan ez diren zenbait gertakari "bazterreko", eskubi aldeko erlatibo zaharrak edo aurrizki zahar urriak edota Izen-Adjektibo ordena. Baliteke sinkronista amorratuentzat -batez ere XXI. mendeko euskara dutenentzat corpus ideal gisa- irregularitate gutxi batzuk ez izatea deskribapen egoki edo azalpen sakon-erabatekoak emandako poza hondatzeko lain.

    Diakronian ikuspegi honek ez du hanka ez buru; irregularitateak dira, hain zuzen, erakartzen gaituztenak. Meillet eta Sapirrengandik datorren dotrina da -gure artean Mitxelenak usu azaldu eta frogatua- edozein hizkuntzatan eta hizkuntzaren edozein alderditan irregularitateek dutela zahartasun aukera gehien. Gogoeta honek ez du zerikusirik hizkuntzen diseinatzailearen asmoekin edota hauen primitibismoarekin edota hizkuntzek -horretarako Akademiak dituztenek, jakina- azken garaietan izan bide duten garapenarekin. Ez, irregularitateari eman ohi zaion lehentasuna ez da diakronisten berezko edo beharrezko apaltasunaren ondorio baizik; hots, irregularitateak ez daude objektuan, hizkuntzan edo hizkuntzaren garai bateko egituran, geure begietan baizik. Hau da, ezagutzen ez duguna da irregular eta azalpen-gabe egiten diguna ezaugarri edo erregela; eta gertakari hau usuago gertatu ohi da duela 500 urteko lekukotasun baten aurrean ezen ez duela 50ekoan edo gutariko edozeinen jardunean.

    Horrenbestez "ongi-etorri"-en pean ezkutatzen jarraitu beharrean, zergatik ez hauetariko batzuk ikertu? Baliteke fonologian, morfologian zein lexikoan aurreko birreraiketa-paradigma osatzeko edo gainditzeko bide edo bidexkaren bat antzematea.

  7. Gogoetan nintzelarik duela zenbait hilabete zein perpaus hautatuko nuen egungo egunean zuen aurrean ukitzeko, deliberatu nuen filosofo zaharren eta Sarako Joanesen esanei jarraituaz euskal entzuleek beti oso gogoko ohi duten gaia hartzea eta, beraz, ezkerra hautatzea nire gaurko jardunerako. Alabaina, ezker hau ez da izango gizartea, modu baketsuan edo bestela, aldatzeko antolatzen diren eta naski Euskal Herrietan ere beharko genukeena baten baino gehiagoren ustetan. Ez, izan ere, segur nintzen entzuleen artean gehienak ziratekeela bere baitarik horretara aski emanak eta ez zutela nire beharrik ezker horren balentria eta kanta-alosia goxoetara makurtzeko.

    Nik gaur aipatu nahi dudan ezkerraren birreraiketa bestelakoa da, aspaldiko aitzineuskararen ezkerrarena, alegia. Orain arte hitzen erdi-aldea, bokalarteko kontsonanteak zein kontsonante arteko bokalak gehi eskubiko amaierak (batez ere kontsonantikoak) izan dira gehien ikertuak. Fonética histórica vasca-n, demagun, hots-sail guztietan dituzue horiei buruzko ohar zehatz eta aberatsak; ezkerra, halere, ia ez da aipatzen, ez bada leherkarien atalean esateko birreraiketarako kokagune eta testuingururik zailena ezkerra dela. Bertsolari eta poetek zein azken 500 urteotako euskarara mugatzen diren euskalariek beren harrobi eta bihotza eskubian izatea ulertzekoa da, jakina. Guk, ordea, hor zer irabazi gutxi dugu eta, zailtasunak zailtasun, hobe dukegu ezkerrera begi eta burua bihurtzea.

Noan amaituaz

Hemen aurkeztu nahi nizuena ez zen teoria itxi eta amaitua, gure hizkuntzaren historiaurrearen azterketan zenbait aurrerapen lor litzakeen hurbilketa bat edo, are gutxiago, hurbilketa baten alderdi labur bat baizik. Esango nuke dagoeneko antzeman litekeenaren arabera, aitzineuskararen ezkerraren birreraiketa hurbiletik eta zuzenki lotua dela azken urteotan ahotan ibili dudan euskararen deriba zabalarekin eta bata eta bestea aspaldian neure azterketa nagusitzat izan dudan morfemen forma kanonikoa eta erro monosilabikoaren teoriarekin.

Filologia zehatza, Meilletek aspaldi eskatzen zuen erakoa, eta teoria diakroniko aberatsak aldarrikatu ditut esparruaren garapenerako eta, zorionez, bata eta bestea ere aurreraka doaz, baita gure artean ere. Horiekin batera, ezinbestean, zortea ere beharrezkoa gertatzen da biak lotzeko ahalik eta modu emankorrenean.

Nik neurez ez dot, balinde banikezu dio -hots, "nik neurez ez dot, emango balidate emango nizueke"- Bizkaiko errefrau zahar batek, eta nik ere gaur eta hemen ezin dut besterik esan. Saio honetan, gogoan nuen legez, zuoi ezer onik eskeini baldin badizuet gutxiena da nirea eta gehiena inorena: asko Benveniste eta Meillet, Sapir eta Sagart, Austerlitz eta Garrett, Matisoff eta Postena; gehiago, gehiena, Koldo Mitxelena nire maisuarena, zeinekin, damuz, ezin izan dudan ez lehen eta ez orain huntaz eta hartaz (hots, etimologiaz eta birreraiketaz) eztabaidatu; Arratzun eta Derion harenganako bidean jarri ninduten eta ahaztu ez ditudan Juan Sagarna eta Mikel Zaraterena ere bai, jakina. Patxi Goenagaren sintaxiazko eskola bikainak gogoan ditut, nahiz gehienetan ni kontu horietarik urruti ibili. Ibon Sarasola eta Joakin Gorrotxategirekin urteotan egindako zorrak gogoan ditut eta baita Ińaki Camino eta Iván Igartua hizkuntzalariekin etengabe hartzen ditudanak.

Egunero behar beste eskertzen ez diedan arren, badakit Ińigo Ruiz Arzalluz, Gidor Bilbao, Ricardo Gómez eta Blanca Urgell filologoak azken hogei urtean behintzat, lagun -eta halere adiskide- izatea ez dela nire merezimenduz, haien opariz baizik. Gazteagoei, Céline Mounole eta Julen Manterolari, berariaz, aitortu nahi nieke beren lan ongi eginaz landa, noizean behin ni sasoiko mantentzeko egiten dituzten ahaleginak galdera erraxak, zailxeagoak eta erantzun ezin ditudanak konbinatuaz.

Zorrik handienak, jakina, etxean ditut: Gasteizkoan Anarekin eta Arratzukoan gurasoekin eta, haien bitartez, familia osoarekin. Azkenik, baina ez gutxienik, neure burua arratzuar legez, lehen eta orain, harro agertzera eraman nauten herkide guztioi. Eskerrak bihotzez.

Esan dut.


(JOSEBA LAKARRA ANDRINUA euskaltzain osoa da)


Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)


Inprimatu



Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.com/zer_berri/muinetik/1243925957