Egin klik hemen INPRIMATZEKO


Denoi egitea dagokigun bidea

Patxi Baztarrika / Hizkuntza / 2009-04-30 / 08:30


Bukatzear den 2005–2009 legealdian euskararen bizi-indarra eta bilakaera gertutik jarraitzeko hainbat ikerketa-lan bultzatu eta burutu ditugu. Azken biak aipatzearren, IV Inkesta Soziolinguistikoa eta IV Mapa Soziolinguistikoa aipatuko nituzke. Gaur aurkeztera goazena, ordea, berezi xamarra da, oso singularra esango nuke: "erdaldunen euskararekiko aurreiritziak eta jarrerak".



Legealdia hasi eta hilabete gutxira, 2006an, eskatu genion Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak Unesco Etxeko ikerketa-talde bikainari azterketa hau egin zezala. Finantzazioa eta epeak adostu genituen, eta eskutan dugu hiru urteko lanaren emaitza.

Guztiz berria eta berritzailea da ikerketa hau, ikuspegi askotatik da nobedadea eta nobedosoa. Norbaitek galdetuko du: "zergatik eta zertarako aztertu erdaldunen euskararekiko jarrerak eta aurreiritziak?".

Galdera hori, gainera, bi muturretatik etor daiteke. Mutur batetik esango digute: "euskara ofiziala dela 30 urte pasa ondoren oraindik ere erdaldun izaten jarraitzen baldin badute eta euskara ikasi ez badute, euskara bost axola zaielako edo euskararen etsai direlako da hori, beraz horiei ez dago zer galdeturik, hor konpon jende hori!, horiek euskara ikastera behartu behar dira eta kitto!". Beste muturretik, berriz, honako hau esango digute: "si todos tenemos la obligación de saber el castellano y todos nos entendemos en castellano, qué me importa a mí el euskera, que sólo se habla aquí y además la hablan unos pocos. Está bien que el euskera esté ahí, que se mantenga y que lo hablen quienes quieran hacerlo; pero no es mi lengua, no quiero aprenderla, que no me obliguen a aprenderla ni a utilizarla, que se olviden de mí el euskera y quienes quieren entenderse conmigo en euskera".

Arrazoi absolutuz beteta egon ohi dira beti muturrak; horregatik da zaila ezer partekaturik eraikitzea muturren artean, muturrek onenean ere elkar anulatu egiten dutelako. Horregatik, gauza gehienetan bezala, hizkuntza kontuetan ere moderazioak eta erdibideak ematen duten zabaltasunean bakarrik eraiki daiteke elkarbizitza, mutur batekoen maximalismoak bezala beste muturrekoen minimalismoak alde batera utzita.

Gaur egungo euskal gizartearen defizit larrienetako bat da euskarazko munduen eta erdara hutsezko munduaren arteko etena, inkomunikazioa eta ezjakintasuna. Defizit larria esan dut, bai, hizkuntza kontuei dagokienez gure helburua -kontuan izanik bi hizkuntza ditugula- ez baita koexistentzia, konbibentzia baizik. Eta elkarbizitzak ezinbestez eskatzen du bestea ezagutzea, eta ez bestea asmatzea edo irudikatzea. Gaur egun, ordea, gure gizarteko erdal munduaren zati handi batek ez ditu ezagutzen euskaraz ari diren munduen eguneroko bizipenak, kezkak eta lorpenak. Inkomunikazioaren eta ezjakintasunaren harresi hori botako duen eta kohesioa eta integrazioa sendotuko dituen zubigintza behar dugu.

Izan ere, gehiagotan esan dugun bezala, euskararena ez baita euskararen auzia. Euskararena izatekotan ere hizkuntza-konbibentziaren auzia da, euskara eta gaztelaniaren arteko bizikidetzaren auzia; eta, ondorioz, euskal gizarte-bizikidetzaren auzia da. Hala delako du beharrezkoa euskara biziberritzeko prozesuak guztion inplikazioa, euskaraz badakitenena eta ez dakitenena, kolore guztietako herritarren inplikazioa. Horregatik da ezinbestekoa inork ez monopolizatzea euskara, inork inor ez baztertzea prozesu honetatik, berdin dio arrazoi politiko-ideologikoengatik edo euskaraz ez jakiteagatik; eta neurri berean da horregatik beragatik ezinbestekoa, inork bere burua ez baztertzea egiteko honetatik, edozein delarik ere bere burua autoeskluitzeko erabiltzen duen arrazoia edo aitzakia.

"Euskara guztiona da" onarpen zabala duen baieztapena da, eta horrek hain zuzen ere horixe esan nahi du: euskara ez dela inoren monopolio, eta erdaldunek ere zaindu beharreko ondarea dela. Hori, ordea, ez dator bat, praktikan, erdaldun askok erdaldun huts izaten jarraitzearen aldeko inertziarekin. Nik erdaldun huts izaten jarraitu nahi duten heldu aroko herritar erdaldunei ez diet ukatuko euskarari eta gure hizkuntza-dibertsitateari eta euskaraz diharduten munduei bizkar emanda bizitzen jarraitzeko aukera pertsonala, hori bada euren gogoa. Baina adieraz dezagun garbi aukera hori gure gizarte pluralaren kohesio sozialerako eta hizkuntza-integraziorako guztiz kaltegarria dela, onenean ere koexistentzia soila bermatzen duelako, baina errespetuan eta elkarren ezagutzan oinarrituriko bizikidetza harmonikoari ateak ixten dizkiolako.

Zorionez, euskal gizartearen gehiengo zabala elebitasunaren eta hizkuntza-bizikidetzaren alde dago. Gehiengoa da "euskaldunak garelako euskaraz eta kitto!" edo "en castellano y punto porque todos sabemos castellano" bezalako jarreretatik urrun dagoena. Gehiengoa da euskara biziberritzeko pausoak ematearen kontra ez dagoena, baina ez daude guztiak neurri berean ados, eta oraindik asko dira, gehienak, euskaratik urrun daudenak. Erdaldun izaten jarraitzen dute, ez dute euskarara hurbiltzeko jarrera aktiborik gauzatzen, jarrera kontraesankorrak ere badituzte, batzuetan euskaratik hurbilago eta beste batzuetan urrunago sentitzen dute euren burua, euskararena planteatu ere egiten ez duten eta gehiegi axola ez dien kontua da, epeltasunez ikusten dute euskararen kontua, aurreiritzi ugari dituzte zuzenean ezagutzen ez dituzten euskararen munduei buruz, maila diferentetako urruntasunez bizi dute euskararekiko erreferentzia... Horiek guztiek, jarrera eta bizipen horiek, existitzen dute. Hori ezagutu nahi izan dugu duela hiru urte azterketa hau egiteko enkargua eman genionean Unesco Etxeari. Jarrera horiek guztiak ezagutzea behar-beharrezkoa delako hizkuntza politika demokratikoa (gizarte osoarena den hizkuntza politika), integratzailea, kohesionagarria eta euskara biziberritzeko benetan arrakastatsua izango dena diseinatzeko eta garatzeko. Erdararen eta euskararen munduen arteko dibortzioa betikotuz gero, etorkizun eskasa luke euskarak.

Euskara biziberritzeko prozesua arrakastatsua izango baldin bada bi bide uztartu behar dira, nahitaez: batetik, euskarak eta euskararen munduek seduzitu, liluratu eta ilusionatu egin behar dituzte euskararen kontra ez baina gaur oraindik euskaratik urrun dauden herritarrak. Inork ezeri -ez gaztelaniari eta ez inolako pentsaera politikori- uko egin beharrik gabe, eta inork gogoko ez duen ezer irentsi beharrik gabe hurbildu ahal izan behar da euskarara. Eta, bestetik, horrekin batera garbi izan dezagun euskarara hurbiltzeko -eta euskara gero eta gehiago benetan guztiona izan dadin- ahalegin handiagoak egin beharko dituztela gaur oraindik euskaratik urrun daudenek, eta euskararen munduen kolore politikoen aniztasuna areagotzeko soluziobidea falta direnak euskarara hurbiltzea dela.

Bi bide horiek uztartuz euskararen biziberritzea, euskararen eta gaztelaniaren bizikidetza eta gure gizartearen kohesioa sendotuko dira, ezbairik gabe. Bide hori egitea denoi dagokigu, eta bidea definitzeko beharrezkoa dugu bide horretan aurrera egiteko ditugun oztopoak eta zailtasunak ongi identifikatzea, aurreiritzien pisua ezagutzea, eta bide hori egin behar dutenek dituzten jarrerak eta inplikazio-mailak ezagutzea.

Horretarako primerako ikerketa da Unesco Etxeak egin duena. Pista asko ematen dituen ikerketa da. Zorionak eta eskerrik asko Esti Amorrortu, Ane Ortega, Itziar Idiazabal eta Andoni Barreñari.


(PATXI BAZTARRIKA GALPARSORO Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako sailburuordea da)


Gai honi lotutako artikulua (ikusteko gainean sakatu)


Inprimatu



Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.com/zer_berri/muinetik/1241018346