![]() |
Egin klik hemen INPRIMATZEKO |
Zelai Nikolas / Hizkuntza / 2009-04-29 / 08:45
Apirilaren 20 eta 21ean jardunaldi batzuk egin dira eremu urriko hizkuntzen Euro-gutunari buruz. Bertan izan nintzen eta han entzundakoaren inguruko gogoeta batzuk partekatu nahi ditut zuekin guztiekin.
Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunaren (1992) inguruan Jardunaldi interesgarri batzuk egin dira Bilbon apirilaren 20 eta 21ean. Gure artean, Euro-itun horren hutsuneei erreparatu izan zaie askotan, eta ez horrenbeste zabaltzen dituen bideei. Nire ustez, Euro-itunak gutxieneko babes bat eskaintzen du hizkuntza-eskubideen alorrean, guk gure ofizialtasunaren bidez are gehiago gara dezakeguna.
Ditugun arazo guztiak ez dizkigu konponduko, izan ere, asko eta asko guk geuk konpondu behar baititugu. Nolanahi ere, Frantziako estatua Europan nabarmen uzteko balio izan du. Baina, bereziki, itunak orain arteko lorpenak babesteko balio du. Espainiako agintariek, esaterako, horren kontra egingo balute, nazioartean nabarmen geldituko lirateke eta gaur egun duten "aitzindaritza" -guretzat deigarria bada ere- galduko lukete. Hortaz, Euro-itunak bide ematen digu lortutakoa babesteko eta aurrera jarraitzeko oraindik ere egiteke dugun lan ikaragarrian.
Hizkuntza-eskubideen gaian eztabaida iraunkorra zabaldu du Euro-itunak eta horretan Euskal Herri osoan euskaraz bizi nahi dugunok gure ahotsa sendo entzunarazi behar dugu foro horretan. Ez dut uste, halere, orain arte hori lortu dugunik.
Euskararen egoerari dagokionez lau hizlarik hitz egin zuten eta adierazitakoaren artean honako ideia hauek nabarmendu nahi nituzke, ez, ordea, garrantzitsuenak direlako, deigarrienak iruditu zitzaizkidalako baizik:
Estrasburgoko jurisprudentzia aztertzeko erabili zituen adibideak ez zitzaizkidan aproposenak iruditu, halere.
Nik kezkaz hartu nuen galdera hori eta zaila ikusten dut desagertzear dauden hizkuntza batzuk babestu nahi dituen araudi bat aplikatu ahal izatea, hain zuzen, hizkuntza hori ikastea galarazteko. Hori baita, azken finean, guraso batzuk nahi dutena: bere seme-alabek euskara ez ikastea.
Nahikoa frogatua dago A ereduko ikasleek, non gaztelania baita hizkuntza nagusia eta euskara ikasgai hutsa, ez dutela euskara ikasten. Alderantziz, ordea, ez da gertatzen, B eta D ereduko ikasleek gaztelania behar bezala ikasten baitute. Zaila egiten zait, beraz, ulertzea nola izan ahal den Euro-ituneko babes-sistema aplikagarri kasu horretan.
Lorpenen artean bat nabarmenduko nuke: EAEko guraso gehien-gehienek gure seme-alabak euskalduntzearen alde egin dugula.
Herritarron aukera libre horri esker, gaur egun, 15 urtetik beheragoko ikasle gehien-gehienak eredu euskaldunetan ari dira ikasten eta horrek panorama soziolinguistikoa 10-15 urtetan guztiz aldatuko du EAEn. Egoera berri hau gaurtik hasi behar dugu kudeatzen, eta sendo defendatu orain arteko lorpen hori. Datu hori buruan izatea garrantzitsua da, gaur egun martxan jartzen ditugun ekimenek sustatu behar baitute erabilera eta ezagutza handitzen jarraitzea.
Erabilera handitzeko baldintza objektiboa, ezagutza alegia, ez da nahikoa halere, gaur eguneko errealitateak nabarmen uzten duenez. Estrategia berezia behar dugu euskararen erabilera erakargarri bihurtzeko eta jendeak motiboak izan ditzan euskaraz aritzeko, dela lanean behar delako, dela gizartean erosoago sentiarazten zaituelako, dela familian goxoago aritzeko aukera ematen dizulako, dela ondo pasatzen laguntzen dizulako, dela erabileraren aldeko konpromisoak gustura hartzen dituzulako... Ezagutza handitzeko estrategia ez bezala, erabilera sustatzeko estrategia argirik ez da egon azken 30 urtetan, erakunde publikoen eskutik.
Hizkuntza eskubideen gaian aditu den Kataluniako irakasle bati (Milian i Massanari) entzun nion duela gutxi hizkuntzen babes-araudiaren xede nagusia ez dela hizkuntza bere horretan babestea, baizik eta hizkuntza hori baliagarri egitea hizkuntza horren hiztunentzat. Hizkuntzak zer edo zertarako balio ez badu, alferrik dira babes-araudi guztiak.
Aski da negar egiteaz... alde onei begiratzen ikasi behar dugu.
Administrazio hizkeraren ajeei dagokienez, mimetismo izugarriz kopiatu dugu eredu espainiarra... gure lana da, halaber, urrutirago eramango gaituzten bideak saiatzea ere.
Bide berriak behar ditugu, bai horixe. Besteak beste, teknikari euskaldunak euskaraz lan egiten hastea; korredakzioaren aldeko urrats sendoak; prestakuntza berritua eta, era berean, gure berezko ezagutzan sakontzeko aukera ematen diguna (testu klasikoak, hizkuntza ez formala...).
Lankidetza-eremuak sortu behar ditugu eta ikasi guk baino gehiago dakienarengandik (Lertxundi, Sarasola, Atxaga, unibertsitateko irakasle, EHko zein nazioarteko aditu...). Gustura jardungo nuke sakonago, esaterako, Anjel Lertxundirekin, berak aipatutako ideia horien gainean jardunaldi edota batzorderen batean.
Azken ideia horrekin amaitu nahi nuke, beraz: bide berriei ekin behar diegu, baita administrazioan ere eta, orobat, lankidetza esparru berriak zabaldu.
(ZELAI NIKOLAS EZKURDIA Eusko Jaurlaritzako langile eta Tiraka taldeko kidea da)
Zelai Nikolasek erabili.com-en argitaratutakoak (irakurtzeko gainean sakatu)
![]() | Inprimatu |
Alberto López Basaguren / 2009-05-06 / 18:05
Zelai Nikolasek bere testuan nire hitzaldian esandakoa aipatzen du; eta zabalik utzitako galdera bati dagokionez ondorio batzuk ateratzen ditu nik esan nuenarekin -eta esango nukeenarekin- bat ez datozenak.
Galderak kezka gaitzake edo ez; baina etorkizunean galdera horri erantzun beharko diogu. Gustuko izan edo ez.
Zelaik zera esaten du nik esandakoaren haritik: zaila ikusten dut desagertzear dauden hizkuntza batzuk babestu nahi dituen araudi bat aplikatu ahal izatea, hain zuzen, hizkuntza hori ikastea galarazteko. Hori baita, azken finean, guraso batzuk nahi dutena: bere seme-alabek euskara ez ikastea.
Ez dakit hori den guraso batzuk nahi dutena; ez dirudi hori denik Euskal Herriko Komunitate Autonoman gurasoek, orokorrean, nahi dutena, salbuespenak gorabehera.
Europako Gutuna ezin da erabili hizkuntza bat ikastea galarazteko. Ez kezkatu. Hizkuntza bat -eremu urriko hizkuntza bat- ezarri daiteke hezkuntzan ezinbesteko gai gisa inolako arazorik gabe. Hura ikastea nahitaezkoa izan daiteke, lasai-lasai.
Arazoa ez dago horretan. Arazoa beste honetan dago: Europako Gutunaren eremuan, eremu urriko hizkuntza bat babesteko bidean, ezarria izan daiteke hezkuntzaren hizkuntza gisa gurasoen nahia gorabehera, haien aukerako hizkuntza baztertuta? Eremu urriko hizkuntza bat babesteak zilegi egiten du beste hizkuntzaren aukera galaraztea hezkuntza hizkuntza gisa halako hizkuntza ofiziala denean? Babesten du Europako Gutunak, eremu urriko hizkuntza bat sustatzearen alde, lurralde horretan ezarrita dagoen beste hizkuntza bateko hiztunen aukera galaraztea?
Bi gauza arras diferente nahasten dira: hizkuntza bat nahitaez ikasi beharra hezkuntza sistema batean eta hizkuntza bat nahitaez hezkuntza hizkuntza gisa erabili behar izatea. Eremu urriko hizkuntza baten hiztunek eskubidea badute haien hizkuntzan hezitzeko, besteok ez dute antzeko eskubide bat haien hizkuntza ere ofiziala denean? Nahiz eta batzuk eta besteok izango duten betebeharra aukerazko ez duten hizkuntza ikasteko, ezinbestez. Gure eskubideen izenean besteenak galarazten hasten garenean bide seguruena hautatu dugu euskara batzuen arerio bihurtzeko. Euskarak ez du halako arerioen beharrik. Zer eskubide dugu hori ezartzeko? Euskara ahulegi da halako arerioen kontra borrokatu behar izateko. Eremu urriko hizkuntza gehienen gisa.