Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Euskarari agindutakoak (II)

Euskarari agindutakoak (II)

2009-02-25 / 08:00 / Ezker Batua   HERRI-ADMINISTRAZIOA

2009-3-1ean Euskal Autonomia Erkidegoko Legebiltzarra osatzeko egingo diren hauteskundeetara begira, alderdi politikoek hizkuntza politikaren gainean beraien hauteskunde egitarauetan jasoa dutena ekartzen saiatu gara Erabili.com-en. Hona hemen, Ezker Batuaren proposamenak.

Euskara, guztion altxorra

Euskara, guztion altxorra

Euskara euskaldunen hizkuntza da, eta Euskadiko Autonomia Erkidegoko edo Euskadiko muga administratibo eta politikoak gainditzen ditu, Nafarroako Foru Erkidegoko eta Frantziako Errepublikako Lapurdi, Nafarroa Behera eta Zuberoa lurraldeetako ondarea ere badelako. Inolako zalantzarik gabe, nortasun-elementu nagusia da eta bereizgarritasuna ematen dio euskal herriari. Gainera, etimologiari begira, zentzua eman dio Euskal Herria kontzeptuari, euskararen herria, alegia. Dena dela, euskararen balioa nortasun-ikurretik haratago doa, milaka urteko hizkuntza delako, Europan bakarra delako eta ondare kultural unibertsala delako. Ezker Batua Berdeak-en ustez, beraz, euskaldunek ez ezik, euskal herritar guztiek ere zaindu, garatu eta bilakatu egin behar dute euskara, nazioartearen aurrean.

Jakintza eta erabilera

EAEn autonomia berreskuratu zenetik igarotako urteetan, euskara nabarmen berreskuratu da hezkuntza-arloan. Zentzu horretan, gurasoek, euskaldunak nahiz gaztelaniadunak izan, erabaki irmoa hartu zuten eta hezkuntza-eredu euskaldunetan matrikulatu zituzten seme-alabak. Horri esker, EAEn hizkuntza dakiten lagunen ehunekoa nabarmen igo ahal izan da. Nolanahi ere, gaztelaniari dagokionez euskara diglosikoa dela onartu beharra dago. Beraz, aurrerantzean ere, behar beste neurri bultzatu beharko dira, euskal gizartean euskararen jakintza eta erabilera normalizatua sustatzeko.

Gaur egun, premiazkoa da Euskadiko hizkuntza-normalkuntzarako prozesuan zenbait gairi buruz hitz egitea: euskararen eta gaztelaniaren arteko elkarbizitza baketsua; euskararen erabilera sozialaren sustapena, ez delako jakintzaren parean hazten eta oso datu kezkagarria da; immigrazio-prozesu berriak sortutako erronka eta, aldi berean, aukera, nahiz eta 60ko eta 70eko hamarkadetakoa bezain handia ez den (gainera, gaur egungo tresnez jorratu behar da gaia); eta azkenik, normalkuntza-prozesuaren hedapena beste arlo batzuetara: lana edo merkataritza.


Proposamenak:

  • Eleaniztasuna sustatzea, hau da, euskal herritar guztiek bi hizkuntza ofizialak jakitea; eta gutxienez, atzerriko hizkuntza bat.
  • Hizkuntza-ereduen gaur egungo esparrua gainditzea eta eredu bakar bezain malgua ezartzea. Hori dela-eta, nolabaiteko gizarte-bereizkeria sortu da eta ez dira euskalduntze-maila egokiak lortu.
  • Euskara eta gaztelania ikaskuntza kurrikularreko tresnak izango direla bermatzea.
  • Unibertsitatean, euskararen agerpena indartzea eta edozein titulaziotako ikasgaien % 60 euskaraz egin ahal izango direla bermatzea.
  • Euskararen eguneroko erabilera bultzatzea unibertsitateko bizimoduan.
  • Unibertsitateko irakasleak euskalduntzeko finantziazioa handitzea.
  • Ahalegin handia egitea, Lanbide Heziketako hezkuntza-eskaintza euskalduntzeko.
  • Helduak euskalduntzeko gaur egungo hezkuntza-egitura sendotzea eta eraldatzea:
    • Emaitza akademikoen araberako laguntzak handitzea eta orokortzea, harik eta doakotasuna lortu arte.
    • Irakaskuntza-sistemak teknologia berrietara eta ikasleen ezaugarri zein premia berrietara egokitzea eta finantzatzea.
    • Etorkinentzako programa bereziak sortzea eta euren aukera ekonomiko, denbora, ama hizkuntzara egokitzea eta/edo jatorrizko egoera diglosikora ere bai: magrebtarra (bereberra/arabiera arrunta), hegoamerikarra (kitxua/aimara, gaztelania)...
  • Lan-munduko hizkuntza-normalkuntza bultzatzea:
    • Sindikatuen, enpresa-batzordeen eta patronalen bidez, enpresetan hizkuntza-normalkuntzarako klausulak ezartzea eta langileen hizkuntza-eskubideak babestea.
    • Langileek eta enpresak hizkuntza-normalkuntzarako hitzartutako planen finantziazio publikoa sustatzea.
    • Euskara enpresa publiko eta pribatuen etengabeko prestakuntzarako planetan sartzea, gai berezi moduan eta beste ikasgai batzuetarako irakas-hizkuntza moduan.
  • Publizitatea eta etiketak euskalduntzea.
  • Zerbitzugintzako enpresentzako ziurtagiri publikoa sortzea, zerbitzuok euskaraz ematen dituztenean.
  • Euskararen agerpena sustatzea teknologi berrien arloan, dirulaguntzen, publizitate instituzionalaren edo beste sistema batzuen bitartez.
  • Gaur egun euskara darabilten komunikabideak sendotzea, komunikabide berriak sortzea, gaur egun gaztelaniaz bakarrik argitaratzen diren egunkari edo aldizkarien bertsio itzuliak kaleratzea, teknologia berriek eskaintzako aukerak kontuan hartuta, Katalunian eta Galizian egiten ari diren bezala.
  • ETB 1 sustatzea eta euskaldunen gaur egungo osaketa soziologikotik hurbil dauden eduki erakargarriagoak eskaintzea, gehienak gazteak eta kaletarrak direlako.

Euskal herritarren ondarea

Gure herrialdeko hizkuntza-erkidegoen arteko harremana landu beharra dago, euskarak prestigio soziala irabazi behar duelako eta herritar guztientzat, euskaldunak izan nahiz ez izan, balio handikoa eta berezkoa izan behar delako, bai eta euskal lurraldeetako muga administratiboetatik kanpo ere.

Ezinbestekoa da euskara eztabaida politiko eta ideologikotik aldentzea eta dagokion lekua ematea, euskaldun guztion ondarea delako. Horretarako, euskalduntze-prozesuek ez dute gatazkarik eta istilurik sortu behar, azkenean hizkuntza-normalkuntzaren kalterako baino ez direlako.


Proposamenak:

  • Honako hauxe zabaltzeko kanpainak egitea: euskararen errealitatea, sortzaile literarioak eta euren lanak, musika, zinea, animazioa, bertsolaritza, ahozko tradizioak, herri-literatura. Horrela, agerpena duen lurraldeetako herritar guztiengandik hurbil egon ahal izango da euskararen mundua.
  • Langile publikoak euskalduntzeko prozesuak ahalik eta gehien arrazionalizatzea.

Euskara, hizkuntza ofiziala Autonomis Erkidegoan eta estatu federalean

Azkenik, gure ikuspegi federalistatik, euskara guztion eskubide moduan gizarteratzeko estrategian, ezinbestekoa da estatu espainolean zein frantsesean berezko hizkuntza ofizialtzat hartzea, bai eta Europar Batasunean ere. Espainiako gaur egungo Konstituzioak hizkuntza gutxituen onespen zikoitza egiten duenez, ez da harritzekoa 25 urteotan estatuak hizkuntza "arrotzarekiko" borondate oneko tolerantzia erakutsi izana, kasu onenean; eta kasu txarrenetan, hizkuntza-normalkuntzaren aurkako oposizio irekia eta oztopo handiak.

Estatu federalak bere egin behar ditu bertako herritarrek erabiltzen dituzten hizkuntza guztiak, eta, gainera, babestu eta berreskuratu egin behar ditu. Estatuko hizkuntzak ofizialak izan beharko lirateke euren lurraldeetan, ondorio guztietarako; eta koofizialak, organo betearazle, legegile eta judizial federaletan.


Proposamenak:

  • Estatuko administrazio periferikoan eta justizia-administrazioan hizkuntza-politikak ezartzea, toki-administrazioetan eta Eusko Jaurlaritzan erabilitako irizpide berberak kontuan hartuta. Horrela, elebitasuna ziurtatuko da EAEko administrazio publiko osoan.
  • Estatuko aurrekontu orokorretan kontu-saila bereziak sartzea estatuko hizkuntza guztien normalkuntzarako.
  • Hezkuntza-sistema osoko gutxieneko programetan, estatuko kultura eta hizkuntz anitzeko errealitatearen oinarrizko jakintzak txertatzea.
  • Estatuko kanpo-ekintzetan, euskararen, galegoaren eta katalanaren irakaskuntza eta zabalkundea sustatzea, Cervantes Institutuan ere bai.
  • Euskara eta Europako beste hizkuntza gutxi batzuk Europar Batasuneko hizkuntza ofizialak izatea.
  • Estatu espainolean bertan eta kanpoan, euskararen agerpena duten beste lurraldeekin hitzarmenak sinatzea, hizkuntza-politikak koordinatzeko eta bitartekoak zein esperientziak trukatzeko.


Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)

hizkuntza**


Gure hitza bete dugulako...

Euskararen normalizazioarekin konprometitu ginen...
"...eta egindako lanaren ondorengo emaitzak ikusgarriak dira. Egun 800.000 elebidun baino gehiago daude, horietatik 300.000 euskaldun berriak dira. Hamabost urtetik gorako herritarren artean, euskarak 118.000 hiztun irabazi ditu hamabost urtetan eta adinaren piramidea alderantzikatu egin da erabat: egun biztanleria gaztearen elebitasun maila handiena da, 16 urtetik beherako biztanleen % 75, hain zuzen ere".

Aurrera egiteko erronka berria dakargu orain...
...Gizartean euskara erabiltzeko urrats sendoak ematea, benetako elebitasun eraginkorra gauzatze aldera.


Hauek dira gure Konpromisoa eta Ekimenak...

  • I.- Sentsibilizazioa eta Sustapena
    • Hasierako urratsetan, euskararen ikaskuntza erraztea, lehenengo mailetan euskara erraza eskainiz eta hasierako maila horietako (A1 eta A2) oinarrizko ezaguerak, Europako markoan homologaturik daudenak, eskuratuko direla ziurtatuz.
    • Gazteen, euskaldun berrien, etorkinen eta aisialdiaren alorrean jarduten dutenen eremuan euskararen erabileran eragin zuzena duten egitarauei laguntzea lehenestea.
    • Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia (EBPN) eguneratzea "Euskara 21: XXI. Mendeko Hizkuntza Politikarako Oinarriak" eztabaida saioan ezarritako oinarrizko abiaburuekin bat etorriz.
    • Etengabe sentsibilizazio ekintzak abiaraziz, egungo gazte euskaldun berrien eta beren seme-alaben arteko euskararen transmisioa bermatzea.
    • Euskara komunikazio eta kultur sormenaren mintzaira bihurtzea, euskal gizartean partaide izateko sentimendu guztiak integratuko dituen identitatea eratzeko gai dena.
    • Euskara jarrera alderdikoi eta baztertzaile guztietatik babesteko eta gizarte elebidunaren eraikuntza denon zeregina dela guztiek beregain har dezaten etengabeko jarrera eta lana bultzatzea.
  • II.- Komunikabideak eta teknologia berriak
    • Euskarazko komunikabideetan berrikuntza prozesuak era selektiboan bultzatzea ondoko irizpideetan oinarrituz: bideragarritasuna, gorentasuna, eskariaren araberakoa izatea, edukien ekoizpena, euskarri berriak...
    • Frekuentzia modulatuan irrati emanaldietarako lizentzia ematean euskararen presentzia bermatuko duten hizkuntza irizpideak zehaztea lurreko toki telebista digitaletarako ezarritakoari jarraituz.
    • Euskara garapen teknolinguistikoaren abangoardian kokatzea: Internet, sistema elkarreragile aurreratuak (ahots teknologiak, telefonia mugikorra), ezagueraren eta informazioaren kudeaketa, euskarazko software, e-inklusioa.
    • Ondoko egitasmo zehatzak garatzea: itzultzaile automatikoaren aplikazio berriak (euskara-gaztelania, euskara-ingelesa, euskara-frantsesa), corpus orokorrak -XXI. mendean euskararen ereduzko corpusa eta itzultzaile automatikoan aplikatzeko corpus elebidun etiketatua-, eta euskarazko entziklopedia digitala.
  • III.- Erabileraren sustapena
    • Euskara ikasteko banako diru-laguntzetarako zuzkidura gehitzea, HABEren 1. urratsa edo horren baliokidea eskuratzen duten ikasleen hasierako mailetan bereziki.
    • Euskaltegien sarea sendotzea, urtero 8.000 euskaldun berri izan daitezen.
    • Euskararen erabilera sustatze aldera aukera berriak erraztuko dituzten kalitateko produktu eta zerbitzuak sortzea, batez ere, biztanleriaren dentsitate handieneko udalerrietan, hau da, hiriburuetan eta beren inguruetan.
    • Euskararen erabilera eremuak sendotzea euskal hiztunen artean.
    • Gazteriaren astialdi eta aisialdiko jardueretan euskararen erabileraren normalizazio osoa sendotzea.
    • Helduen euskalduntzearen arloan, euskaltegi sarearen ikasketa eskaintzen aniztasuna eta kalitatea sendotzea presentziazko zein semi-presentziazko ikastaro eta autoikasketakoen bitartez.
    • Etorkinentzat lehen mailako ikastaroak (AISA) eta ondorengo ikasketa orokorreko ikastaroak sustatzea.
    • Euskararen Erabilera Planak administrazio publikoen eremuan zabaltzea.
    • Nafarroako Gobernuarekiko lankidetzan sakontzea, bi erakundeen arteko begirune maila handienean euskarrituko den lankidetza markoa eratuz.
    • Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia (EBPN) 5.000 biztanletik beherako udalerrietan eta, bereziki euskal hiztunen kopurua txikia den tokietan zabaltzea.
    • Etxepare Institutuaren bidez, euskara eta euskal kultura atzerrian sendotzea. Euskal gizataldeetan euskara ikasteko aukerak zabaltzea.
  • IV.- Arlo sozio-ekonomikoa
    • Lan arloan hizkuntz normalizaziorako egitarauak sustatu eta bultzatzea, 32.000 enpresetan helburu hori lortzeko eta hizkuntz normalizazio planak dituzten enpresen kopurua % 50 handitzeko asmoarekin.
    • Bikain Hizkuntz Kalitatearen Ziurtagiria kreditatuko duten enpresa eta establezimenduen kopurua % 500 gehitzea.
    • 123/2008 Dekretua dela bide, kontsumitzaile eta erabiltzaileen hizkuntz eskubideak bermatzea eta, era berean, enpresa eta establezimenduetarako laguntzak gehitzea aurrez ezarritako betekizunetara mailaka eta etengabe egokitzen joan daitezen.


Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com