|
XXI. mende hasierarako hizkuntza politikaren oinarriak (1) izenburua duen txostena, azpititulu bezala Euskara, XXI. mendeko hizkuntza bizia, egunerokoa eta noranahikoa dakarrena, astiro eta kontua hartuz irakurri ondoren, irakurleari begietara lehenengo ematen diona aurreko hizkuntza politikari egiten zaion kritika da. Lorpenak aipatu bezain arin, aldiro-aldiro, politika haren ifrentzuak eta astunagoak ere ekartzen dira.
Besterik esaten bada ere, indarra batez ere kritikan jartzen da, oker egindakoetan edo hain ongi egin ez direnetan. Eta hori jaso dute egunkariek ere aurkezpen egun beretik:
"Los expertos hacen un duro diagnóstico de la situación del euskera. Reconocen los avances que se han registrado en los últimos 25 años, pero destacan sin medias tintas los errores cometidos".(2)
"El documento base de Euskera 21 es muy crítico. Señala abiertamente que la ecuación que equipara el conocimiento del euskera a su utilización ha fallado. ¿Tan mal se ha llevado a cabo la euskaldunización?"(3)
Ezinbestean izango da, noski, horrela jokatu beharra edozein politika aldatu nahi izanez gero. Eta horrela ulertu behar da hasierako adierazpena:
"Euskararen egoerari begiratuta, argi-ilunak ikusten ditugu gure gizartean. Nolanahi ere, hogeita bost urteotan urraturiko bidearen ondotik, argiuneak dira nagusi, euskararen gaurko egoerak ez baitu zerikusirik ordukoarekin. Baina ilunguneak ere hor dira, eta horiei buruz hitz egin behar dugu".(4)
Baina, hori onartuta ere, gogorregia gertatzen da behin eta berriz aurreko politikari eta orduan ezarririko helburuei eta hartutako erabakiei egiten zaien kritika. Eta kaltegarria ere bai euskararentzat, batez ere ongi oinarritutako kritika izango ez balitz.
Egia da HPSk jarritako puntuari eta zabaldutako bideari jarraitzen diola dokumentuak(5), baina adituek ez daukate zergatik onartu besterik gabe, arrazoien analisirik gabe, aldez aurretik ezarritako puntuak.
Eta, azkenik, eman daitezkeen azalpenak gora behera, benetan faltan ikusten dira ongi egin direnak kontutan hartzea. Aipatu baino ez dira egiten zerrenda batean. Ez dut esan nahi azterketa zehatzetan sartu behar zenik, edo Euskararen Legearen eta ondoren etorri zen arau-multzoen emaitzen eta ondorioen neurketetan, baina, edozein kritika nahiz autokritika bermez eta zuzentasunez egin nahi bada eta ondorioak ongi atera nahi badira, ezinbesteko baldintza da ongi egina zertan datzan jakitea eta horren emaitzak ikustea, ona izan denari eta oraino ona izaten jarraitzen duenari eusteko, eta eutsiz, denboraren iraganak eska ditzakeen eguneratzeak egiteko.
Laburrean, dokumentuan ezer guti dago han edo hemen aipatzen ez denik, baina zuzenean eta zeharbidez transmititzen den mezu nagusia, agian, proposatzen diren oinarriena baino indartsuago jasotzen dena, orain arteko hizkuntza politikaren hutsegitearena da. Eta hori da lehenbizi eta beste ezeren aurretik garbitu beharko litzatekeena.
Euskara indarberritzeko hizkuntza politikaren paradoxak
Eztabaida gizarteratu - Adostasuna - Kontsentsua - Bizikidetza
Euskararen Legeak adostasun zabala lortu zuen bere garaian, eta hori aipatzen da, eta azpimarratu ere, dokumentuan, baina testuinguruan gutxietsi edo ahantzi egingo balitz bezala gertatzen da:
"...aztergai guztien artean bada bat berebiziko garrantziaz plaza publikoan egon beharko lukeena, [ ... ]: euskararen kontua, euskara gure artean indartzeko eta osasuntsuago egitearen aldeko hizkuntza politikaren gaineko eztabaida etengabea, hain zuzen ere. Euskara guztiona bada, guztiok izan beharko genuke zeresanik horretan, eta esaten duguna lau haizeetara zabaltzeko [ ... ]. Baina uste dugu, nolanahi dela ere, euskararen inguruan kritikarako esparrua handitu beharra daukagula"(6).
"Euskararen erabileraren mesedean indarberritu beharrekotzat jotzen dugu adostasunak politika arloan ez ezik gizartearen luze-zabalean era arnasa hartzen duen adostasun politiko-soziala izan behar du"(7).
Adostasun horren helburu nagusia euskal gizartearen bizikidetza delarik, hizkuntza politikaren eztabaida norbanakoen mailaraino hedatuz lortuko omen da adostasuna. Baina zalantzan jarri beharko litzateke hori. Ez dirudi politiken lerro nagusiak herri osora zabaltzea egoki jotzen denik oro har. Are gutxiago hizkuntzen arteko politikarenak. Belgikara begiratzea aski genuke horretaz ohartzeko. Hala ere, ez dago inora begiratu beharrik hizkuntzen eztabaida plaza publikora atereaz gauzak okerrera joko dutela jakiteko eta bizikidetza kaltetua ateratzeko. Eta ez, hain zuzen ere, alde batekoak, elebidunak esan nahi baita, itxiagoak izan daitezkeelako. Erabat alderantziz gertatzen dela esan daiteke. Ez dago hezkuntzako curriculumaren inguruan sortu den iskanbila ikusi besterik: Espainia osoan gaztelaniaren jazargoaren salaketa, hemen bertan sortu den eztabaidaren garratza, eta beti euskararen kalterakoa. Hizkuntza politikaz aritzen denean euskararen politikaz aritzen da, eta esperientziak erakusten du eztabaida kalera ateratzeak ez duela inolako mesederik euskararentzat. Elebakarren eskubideen aldeko eskubideen exijentziek mila aldiz oihartzun handiago eta interesatuagoa eragiten dute, elebidunen arrazoiak baino.
Euskaldunak aspalditik daude adostuak. Inork ez du arazorik jartzen gaztelera ikasteko. Ez dago euskaldunei aurpegiratzerik adostasun faltaren errua, eta, gutxiago, pentsatzerik erru hori onartuz komunitatearen bizikidetza hobeki lortuko litzatekeenik. Kontutan hartu behar dira euskara urrutitik ere ikusi nahi ez dutenak, euskal kulturari muzin egiten diotenak, herri honetako bizitzatik erabat kanpo bizi direnak.
Hori da arazoa: euskaldunak beti kontu ikaragarriz ibili behar du bere hizkuntza defendatzeko; aurka daudenek, berriz, ez dute erreparo txikienik euren iritzi banatzaileak aldarrikatu eta ahoberoki lau haizeetara hedatzeko, irudiz eurei egiten zaien zapalkuntza suharki salatzeko. Baina hemen esango balitz euskaldunen adostasuna bost axola zaiela, hori ez litzateke ongi hartuko; eta oraino makurrago, eurena inposatzeko duten erreparo faltaz hitz erdi esango balitz.
Adostasuna, kontsentsua, bizikidetza, kontzeptu ederrak dira, baina esateko errazagoak erdiesteko baino. Ez da zail horien beharrizana onartzea gizarteko zernahitarako, zer esanik ere ez gizarte elebidunean hizkuntza politika ezartzeko, eta, agian, areago gizarte honi eta euskarari dagokiona bada politika hori. Jokatu ere tentuz jokatu izan da komunitate honetan euskararen inguruan ari izan denetan. Kasu honetan ere dokumentua bera da lehena elebakarren eskubideei eusten, elebakarren adostasuna lortzeko nortzuek egokitu beharko luketen iradokitzen duena, horien adostasunik gabe ezer egitea kaltegarritzat aitortzen duena. Alderantzizkorik, berriz, ez da sekula gertatu.
Begiramen handiz jokatu, bai, baina ez plazara atera hizkuntza politikaren eztabaida. Alde batetik, entzun behar izaten diren gehiegikeriek ez baitute neurririk izaten, eta, bestetik, ez litzaiokeelako mesede txikienik jarraituko ez euskarari, ez hizkuntza politikari, ez gizartearen bizikidetzari. Gaia sutsuegia da jendartera eramateko. Atera bada atera da, eta sortu den iskanbila ez da txikia izan, baina ea, kalte handiegirik ekarri gabe, itxurak gordetzeko behinik behin balio duen. Alderdi politikoen arteko adostasuna behar da eta horrekin izan beharko luke aski, duela hogeita bost urte lortu zenaren ereduari jarraituz.
Kaleratu behar dena euskararen erabilerari benetan mesede egin dakiokeena da, erabilera bultzatzen lagun dezakeena, eta ez euskararen irudia itsusteko eta kaltetzeko bidea eman dezakeenik.
Erabilera
Orain arteko politikaren emaitzen kritika, batez ere euskararen erabileran datza. Horren ondorioz, hizkuntza politika berriaren ardatza ere erabilera da:
"Euskararen erabilera areagotzea eta sendotzea da guk nahi duguna, eta helburu horren kariaz ulertzen dugu esku artean dugun gogoeta hau"(8).
Aitortza horren azpian, testuinguruan, aurreko hizkuntza politikari egozten zaion euskararen erabileraren garapen murritza, edo, okerrago zatekeena, haren urritzea.
"Izan ere, egia izanik lehen baino gehiago egiten dela euskaraz eta milaka euskal hiztun irabazi ditugula, galdetu beharko genioke geure buruari lehen baino askoz gehiago egiten ote duten euskaraz euskal hiztunek beren artean"(9).
"Bistan da eskolan, administrazioan, hedabideetan, interneten [ ... ], ikaragarri ugaritu dela euskararen presentzia, baina lagunarteko giroan, familian, harreman-sare ez formaletan, kaleko bizitza sozialean edo lantokiko jarduera arruntean, lehen baino askoz gehiago egiten dugu euskaraz?"(10)
"Goraka ote doaz, eta zein neurritan, euskarazko produktuen irakurleak eta ikus entzuleak?"(11)
"Gaur eguneko euskal hiztunok euskaraz adierazkortasun handiagoa ala txikiagoa ote daukagu?"(12)
Ezin daitezke galdera erretorikoak hain arinki egin, justu galdetzen denaren kontrakoaren edo alderdi txarrenaren onarpena suposatzen baitute. Ez daturik eskuan, ez beste oinarri egiaztagarririk, han-hemengo berriketak eta norberaren begiaren zolitasuna izan ezik. Eta irizpide hori bermatzeko daturik balitz ere, aurreneko galdera emaitza edo ondorio horien arrazoiei buruzkoa izan beharko litzateke. Testuan zenbait arrazoi iradokitzen dira, baina indartu baino ez dute egiten irakurlearengan euskararen erabilera urritu egin denaren sentimendua. Hamahiru bat orrialde hartzen ditu "Euskararen aurrerakadaren ifrentzua" azpiatalak. Halaxe, singularrean, aurrerakadaren handiaren ifrentzua erabileran bailetza:
"Inoiz ez bezalako lege-babesa eta sustapena du euskarak, eta hori beharrezkoa du, baina ez da euskararen etorkizuna erabat bermatzeko behar bestekoa, legeak ez baitu, ezin baitu berez bermatu eta ziurtatu euskararen erabilera. Inoiz baino baliabide eta diru gehiago jarri dira [ ... ] baina ez da euskararen etorkizuna erabat ziurtatua, diruak ez baitu berez euskara noranahikoa egiten. Non dago, orduan, gakoa?"(13)
Eta jarraian erantzuna:
"Erabilera da giltzarria eta herritarrak dira, gara, protagonistak"(14).
Eta beheraxeago:
"onartu beharko dugu agian zenbaitetan atzera egin dugula"(15).
Erabilerari ematen zaion errepasoan ez da birlarik zutik uzten. Begi bistan gelditzen dira hor aditzera ematen denaren arintasun eta ahultasuna, iritzi hutsak baitira, eta ez euskararen eta bere irudiaren onerako hauek ere.
- Hezkuntza
Azken aldi honetan, unibertsitate aurreko hezkuntzan sartu nahi diren, edo nahi izan diren, aldaketek euskararen irakaskuntzaren inguruan nahikoa eztabaida eta zarata sortu dute. Aldaketa askoz ere gehiago sartzen ari da Hezkuntza Saila euskararen irakaskuntzaz gain, baina horiek ez dute azots handirik eragiten. Dokumentuak ere aurrena hezkuntzari heltzen dio, behar bada errazagoa baitaiteke hezkuntzaren gainera botatzea zernahi erru:
"Urteotako ibilbideak agerian utzi du euskararen biziberritzea ezin dela osorik eskolaren kontu utzi [ ... ]. Berari dagokiona eskatu behar zaio eskolari: beldur gara, ordea, zenbait kasutan eman duena eta ematen duena hobe badezake ere, kasu askotan, eman dezakeena baino gehiago eskatu diogula(16).
Zenbait faktore aipatu ondoren, denak egiak izan daitezkeenak, baina denak eztabaidagarriak direnak, ondorioak ateratzen ditu bat batean. Ez nolanahikoak, alafede, larriak baizik:
"Ondorioz, onartu beharko dugu, guztientzako jarritako gutxieneko hizkuntza-helburu orokorrak apalak izatea eta ikastegi ezberdinetako hizkuntza-emaitzak gutxieneko orokorretik gora ezberdinak izatea tokiz toki. Bestela, hizkuntza eta hezkuntza, biak atera litezke kaltetuak(17).
Bistakoa da esaldi hauen azpian kritika ikaragarria ezkutatzen dela orain arteko hezkuntzan erabiliriko hizkuntza politikarena, eta dudarik gabe ikastolena ere, ikastolak baitira hizkuntza helbururik altuenak dituztenak eta, oro har, helburu berdintsuak nahiz hemengo nahiz hangoak izan. Eta, lehen esan bezala, ez da ezer funtsezkotan oinarritzen. Ez dago horrelako ondorio orokorra abalatzen duen daturik.
Alderantziz direla esan behar da. Hogeita bost urte hauetan eta lehenagotik ere, ikastolek, eta D ereduan ibili diren eskolek, oro har, emaitza onak izan dituzte formazioan, emaitza homologatuak eta beste edozein tokitako eskolenekin parekagarriak. ELGE-ko hezkuntza kalitateari buruzko PISA Informean euskarazko irakaskuntzaren emaitzak onak dira, eta Espainiako batez bestekoen gainetik daude eta Europakoenetik ere. Hori lortu ezinezkoa zatekeen, hizkuntza, euskara, alegia, gaizki menderatu izan balute.
Ez da, beraz, bidezko euskararen irakaskuntzak, eskola-ikastoletan, emaitzak txarrak izan dituela zuzenean edo zeharbidez iradokitze hutsa ere. Urte askotan ikusi da hizkuntzen irakaskuntzan zer gertatu den luzaro. Has gaitezen -hegoaldean, noski- frantsesaren irakaskuntzaz, jarrai dezagun ingelesarenaz edo beste edozein hizkuntza modernoz, eta, azkenik, nahi balitz, hel geniezaioke gazteleraren irakaskuntzari berari ere. Zer gertatu da hogeita bost urte hauetan kanpoko hizkuntzekin sekulako porrot borobilena izan ez bada? Honetarako ere ez dago datu kontrastaturik, baina badakigu ez dagoela herri honetako jendeek seme-alabak atzerrira bidaltzen eralgi dituzten diruen konturik ateratzeko biderik, hainbestekoak baitira.
Azkenean, eleaniztasuna sartu da eskoletan, hau da eskolak hizkuntza horietan izatea, eta hori oso ontzat jo da. Euskararekin, berriz, hizkuntza ofizial biak ikasteko metodo horren beraren aurka atera dira, Konstituzioa eta ez dakit ze eskubide Espainia osoaren aurrean astinduz. Eta, harira itzuliz, euskararen irakaskuntzaren emaitzak ere oso onak dira baita gazteleraren irakaskuntzari dagokionez ere, gaztelerazko irakur-ulerketan, ELGE-ko PISA Informean, Espainiako batezbestekoaren arras gainetik gelditu baitira.
Faktore ugari aipatzen dira hor, baina ez euskararen erabilera urria arrazoitze alde. Ez dauka horrek zentzurik, egia bada ere ikasleen ingurugiro osoa izan behar duela begien aurrean eskolak, baina ez helburuak murrizteko besterik gabe, hezkuntzaren bilakabide eta garapena komenigarritzat ikusten den urratsez eramateko baizik. Hori eskola guziek egiten dute bakoitzak bere neurrian, helburuak kuestionatzen hasi gabe eta, are gutxiago, mailaz jaisten.
Eta euskararen ezagutzari dagokionez, ikasi egin dute euskaraz, euskara nonahi erabiltzeko gai dira, eta, erabili ere, erabiltzen dute. Hori onartzen da dokumentuan:
"Eskolaren ekarpena ikaragarria izan da euskarak egin duen aurrerakada egin ahal izan dezan"(18).
Baina, bide batez, beste arrazoirik eskaintzen bada ere, gehiegi lotzen dela eskolarekin dirudi euskararen ezagutzaren eta erabileraren hazkundeen arteko diferentzia. Gauzarik seguruena da eskolari esker bereziki gehitu eta indartu dela herri askotan, eta hirietan ere, euskararen presentzia. Eskola horietatik atera direnei esker egiten da euskaraz zenbait leihatiletan, eskola horietatik atera direnei esker dago hainbeste ikasle beste maila batzuetan euskaraz ikasten, eskola horietatik atera direnei esker euskal irakasleak gehitu dira nonahi, sendagile euskaldunak, abokatu euskaldunak..., eta horiei esker egiten da euskaraz han eta hemen. Baita kalean eta etxeetan ere. Baita Bilbon ere, eredurik hoberena izan ezin daitekeen arren Bilbo. Hala eta guztiz ere, nahi eta uste zen baino txikiagoa dela euskararen presentzia hori? Bai, noski, baina horren analisiak beste bideren bat hartu beharko luke.
Eta erabileraren arazoaz jarraituz, ezin aipatu gabe utzi ikasleek ikasgelatik kanpo gazteleraz egiten dutenarena, nahiz unibertsitate aurreko ikasketetan, nahiz unibertsitatean bertan ere. Horrek beste analisi bat eskatzen du. Hori euskararen irakaskuntzaz at gertatzen da; areago: irakaskuntzak hain emaitza onak ematen dituen arren gertatzen da. Eta orain 25 urte ere hori bera gertatzen zen eskola askotan, ikastoletan ere, tokian tokien arabera gehienbat. Baina ehuneko berrogeita hamabiak euskaraz egin zituzten unibertsitatera sartzeko probak 2007an, eta urte berean ehuneko berrogeita bostek ikasketak euskaraz egitea eskatu zuen. Hori bai dela datu esanguratsua.
Eskoletan gertatzen den hori ulertzeko gizartean gertatzen denera begiratzea hobe litzateke. Batez ere gazteleraren alimaleko presiogatik, eta dokumentuan hainbeste aldiz aipatzen den jendearen atxikimendu eskasiagatik. Begiratu Bizkaiko zenbait herritara, herri euskaldun petoetara, eta ez gazteen artean bakarrik, nagusien eta zaharren artean ere bai. Duela hogei urtetik gorakoa da gaztelerarako joera nabarmen hori, eta hori bai beharko litzatekeela neurtu, erantzunak zenbatuz ez ezik, erantzunen kalitate eta egiazko balioa ere neurtuz baizik. Eta horretan, bai, guztiz bat nator dokumentuak aparra bezala gaineratzen duen beharrarekin. Euskara galtzen bada, euskaldunek eskuetatik ura bezala irristen utziz galduko da, eta gordeko bada, presio ikaragarri horiek garaituz gorde beharko da. Hori ere jarraitzen da testutik, baina hainbeste kautela eta atxikimenduri begira egonez gero, euskararenak egin du.
Azpiatal honekin amaitzeko, ondorio eta laburpen bezala, hezkuntzaren garrantzia azpimarratu beharko litzateke, eman dituen emaitza bikainak aitortu, eta, hezkuntza den heinean, etengabe egokitu beharra ere berdin, denborek, ikasleek, interesek eta egoera desberdinek eragin handia dutelako hezkuntza-lanean eta ikasleen formazioan. Oraindik dirauten ereduen eztabaida mahai gainean dago, batez ere eredu soil edo beherengoenaren ingurukoa, baina Hezkuntza Sailaren asmotan ez da besterik dokumentu honetan ere zuzenean eta zeharbidez esaten dena baizik: irakaskuntza egokitu egin behar dela egoera ezberdinetara eta ikasleen-familien nahietara ere. Baina ez helburuen maila apalduz, hizkuntza bien ezagutza maila ona eta parekagarria lortzera joz baizik.
- Administrazioan
Azpiatal honen barruan, euskararen erabilera arruntean, beraz, administrazioaren egoera ere sartzen da. Izan duen aurrerakada onartuz, ba omen du honek ere ifrentzurik: batetik, norberaren eskubideak zapalduak ikusi dituzten langileen artean eta, bestetik, eskaintzen den zerbitzuan ez delako lortu behar adinako zerbitzu errespetutsua euskaraz mintzatzen direnekin. Bi alderdi horietarik, langileen eskubideenean zentratzen da arrazoiketa batik bat. Euskararen Legeak horretan ez du ezer kritikagarririk, garbia eta zuhurra baita:
"Horretarako, behar daitezen neurriak hartuko dira eta eskubide honen erabilpena arian-arian -"de forma progresiva"- bermatzeko beharrezko gerta daitezen eskuarteak ebatziko"(19).
"Lege honen 6garren artikuluan aitortzen diren eskubideak egiteratu daitezen, herri-agintariek Euskal Herri-Arduralaritzari atxikitako lanariak arian-arian euskalduntzeko xedezko neurriak hartuko dituzte".
"Herri-agintariek erabakiko dute zein lantokitarako izango den beharrezko bi hizkuntzak jakitea"(20).
Dokumentuan dio, administrazioko langileen postuetarako, euskara gaitasunaren balorazioa hertsiki loturik egon beharko liratekeen bi elementu hauekin egin beharko litzatekeela: "herritarren hizkuntza-eskubidea bermatzea" eta "euskararen erabilera bultzatzea". Eta jarraian, ilunsko bada ere, gaitzetsi egiten da balorazioa gaitasun tituluaz bereziki lotzea eta "gutxi, oso gutxi, lanean erabiltzearekin". Hizkuntza profila bakarrik eskatuz, ezer gutxi omen du euskarak irabazteko:
"Bistan da hori bakarrik eginda edo nagusiki horrela jardunez, euskarak aldeko gutxi irabazten duela herri-langileen artean, eta, aldiz, zenbait langile euskaratik uxatzeko arriskua nabarmena"(21).
Ulertu dudanez, profilak eta tituluak postuek eskatzen duten euskararen erabilera-beharren arabera izan behar direla esaten du. Eta hau ere ulertu dut, agian oker banago ere: ezer ez dela eskatu behar postuak ez badu zerikusirik giza harremanekin eta, beraz, hizkuntzaren erabilerarekin.
Galdera da, ez baita zeharo garbi ikusten, beste edozein lanposturako titulua, gaitasun-agiria edo zerbait objektiboa behar den edo ez. Ez gara Mediterraneoa deskubritzen hasiko, mundu guztian eta edozein hizkuntzetan zerbait objektiboa eskatzen baita hizkuntza gaitasuna egiaztatzeko. Eta askoz ere eragozpen eta partzialkeria salaketa gutxiago gertatzen da horrela, alderantziz jokatuta baino. Bestalde, linboan bizi ote garen galde daiteke uste bada euskararen normalizazioa kexarik gabe lortuko dela eta euskara erabili nahi dutenen eskubideak egiaz errespetatuko direla, betiko itxurakeriak jasaten jarraitu gabe. Kexak, gehienetan, ez dira arrazoizkoak eta, amaitu ere, ez dira sekula amaituko, ez behinik behin jakin beharreko hizkuntza bakarra gaztelera dela pentsatzen den bitartean. Hori lotua dago, besteak beste, A ereduaren defentsa sutsuarekin, eta gazteleraren gailentasunarekin, eta eskatzen den elebitasuna ulertzeko ikusten den ezintasunarekin. Gaineratu horri euren lanpostua tartean egon litekeela, eta atera kontuak. Mingarri gerta badaiteke ere, dokumentuan bertan hartzen den postura ikuspegi tamalgarri horren adierazgarri bat gehiago dela esan daiteke.
Areago ere bai, hizkuntza eskakizunaren politika hori kontu handiz eta larregiz ere eraman dela, eta hemen ezer balego aztertzekorik, hain zuzen ere herritarren hizkuntza eskubideak nola errespetatu diren eta errespetatzen diren, euskal mintzatzaileenak, noski, gaztelera mintzatzaileenak ongi zainduak eta errespetatuak baitaude. Itsu al gaude ez ikusteko zenbait leihatila ofizialetan, Eusko Jaurlaritzako bulego nagusietan, besteak beste, gaztelera dela nagusi! Euskaraz egin eta erantzuna erdaraz. Norbera lotsaz eta gorri, eta langilea patxada ederrean.
Beraz, dokumentuak bete-betean egiten du huts horretan. Oso beharrezkoa da ongi betetzea progresibotasuna, "arian-arian" dio Euskararen Legeak, baina ezertan kale egiten bada, euskaldunen hizkuntza-eskubideak bermatzen izan da, eta ez dago elebakarren ikuspegira trepetxu guziekin pasatu beharrik.
Ondorioak
Ez dago azken ondorioak komentatu gabe uzterik. Hemen ere, hondarrean, kritikaren sastakai sakona dago, esaldi orokor eta eztabaidagarrietan oinarritua:
"Langintza horretan ditugun mugak euskararen beraren errealitateak, euskarak gizartean duen pisuak, euskal gizartearen beraren borondate eta ahalmena ezartzen dizkigunak dira"(22).
Nork erabaki du horiek direla hizkuntza politikak dituen mugak, horrela euskararen eta euskaldunon bizkarretara jaurtiz erantzukizuna eta gertatzen zaigunaren azalpena? Ez al da arrazoi agirikoagorik euskararen egoera hobeki azal dezakeenik? Hona zein iradokitzen den:
"Horregatik da bereziki inportantea [ ... ], boluntarismoa alde batera uztea [ ... ], boluntarismoa ezin da izan hizkuntza politikaren oinarri"(23).
XXI. mende hasierako hizkuntza politikaren zimentarriak eta erronkak
Duda daiteke hirugarren kapitulua ez ote den, gehienbat, aurrekoaren errepikapena. Agian, aurrekoa honen oinarria da, edo oinarritzat hartzen da, eta horregatik irudi lezake errepikatu egiten direla han esanak, baina horrela ulertu badute, honek askoz ere laburragoa beharko lukeela dirudi, hizkuntza politikaren paradoxak deituak eta gaur eguneko egoeraren ezaugarriak luze eta zehatz aztertuak baitaude.
Izan ere, politika horrek errealitatera egokitu beharra duela esanez hasten da atala. Adostasun sendo eta eztabaidaezina, kualitatiboa, lortu behar duela, helburuak eta mugak ongi zehaztuko dituena. Eta honek aurrekoaren bisa dirudien arren, irakurlea kolokan jartzen duena jarraian dioena izan da:
"Alabaina, bide horretan (hizkuntza politikan, alegia) urratsak egin aurretik, komenigarria da, gure ustez, Euskararen Legeak ezarri zituen habe haiei buruz gogoeta egitea, hausnarketa sakontzea eta zenbait gaizkiulertu argitzea"(24).
Eta, hemen ere gaizkiulerturik gerta ez dadin, zehazten da:
"Bidenabar, elkarrizketaren bidez aurreratu beharko da zein irizpide, oinarri eta printzipio diratekeen gaur-biharretako adostasunerako baliagarri"(25).
Lehen eginak ez al dira egoeraren nahi adinako gogoeta eta hausnarketa? Eta horren ondorioa dirudiena ere lehen aski garbi gelditu dela esan liteke:
"Euskara hizkuntza bizia, adierazkortasun handikoa, jarduera formaletan ez ezik jarduera ez-formaletan ere naturaltasunez eta atseginez gero eta jende gehiagok erabiliko duen hizkuntza noranahikoa izatea da helburuetan helburu. [ ... ]. Erabilera areagotzea da, beraz, xedea, erabileran baitago etorkizunaren giltzarria"(26).
Dena den, honetaz ere arrazoiketak ez du erraz izango euskararen ikuspegitik errealitatea begiratzen duen edonor konbentzitzen. Zertara dator elebitasun simetrikoaz edo euskara hutseko elebakartasunaren aldeko postura itxiaz esaten dena?(27). Ez bata eta ez bestea, horiek ez dira euskaldun elebidunek defendatzen dituzten posturak, baina testuinguruak euskaldunenak bailira tratatzen ditu. Hemen inor badago, eta badago pila galanta, gaztelera bakarraren aldeko jendea da eta, beraz, elebitasun simetrikoaren edo ez simetrikoaren aurkakoa. Euskara dutenak ama-hizkuntza, denak, dira elebidunak eta hori ez da froga txarra elebitasun simetrikoaren asmakizunaz argudiatzen dutenen aurka, edo elebakartasun itxiaren, nahiz irekiaren, berdin da, salaketa deusezteko. Aurretik ere gauza bera adierazi izan da hitzen artean:
"Horrek garamatza euskara -erabilera-aukera gutxien dituena- indartzera; baina ez ezeren kontra, ez hemengoa den eta gu geu aberasten gaituen beste hizkuntzaren kontra -gaztelaniaren kontra, alegia-, haren ondoan baizik, baina, hori bai, gero eta bien arteko aukera-berdintasun handiagoan"(28).
Euskaldun elebidunek aitortu eta argitu behar dute hori, alderdi guzietarik gaindituak aurkitzen diren gazteleragatik? Eta iparraldean frantsesarengatik? Nola esan behar dugu ez gaudela erderen aurka, ez gaztelaniaren ez frantsesaren aurka? Hori ez bada, zer da elebiduna izatea gure lurretan! Benetan gogorra da, eta ulertezina ere, beti euskaldun elebidunak bere burua azalpenak eman beharrean ikustea. Edozein ekintza hartzen dutela ere, beti baina-ka ibili beharrean agertzen. Horrek esan nahi du gazteleradun elebakarraren ikuspegia errazegi onartu eta jasotzen dela testu honetan.
Hizkuntza politikarako ez dira euskaldun elebidunak arazo. Kontu larregi ere hartzen dute euren esanetan, zer esanik ez hizkuntza eskubideen eskaeretan. Hemen erabiltzen diren erreparoak irrigarri gelditzen dira besteen hizkuntza politikaren parean. Bost axola beraiei hizkuntza politika, beraiena izan ezean: "Todos los españoles tienen el deber de conocerla", eta deklarazio horrretan oinarrituz euskarari buruzko ezer onartzera ukatzen dira. Eta ez zaie gaizki joan inposizioa, ez oraingoa eta ez aurreko inposaketa basatia(29), euskara nabarmen jaitsiarazi dutelako, galtzeko arrisku beltzean ipiniz, eta erdara guztiz hedatu delako Euskal Herrian. Aspalditxotik, ez da euskaldun hutsik gelditzen. Elebakar bakarrak gazteleradunak dira. Eta, iraingarriago gertatzen dena, beraiek bortxatutako elebitasuna baliatzen dute hemengo edozein hizkuntza-politika erasotzeko eta euren egoera eta hizkuntza hatz eta atzapar defendatzeko.
Azkenik, boluntarismoa(30) baliatzea eta horretatik ateratzen diren ondorioak ere ez dira mesedegarriak euskararentzat. Zati honetan zuzenean hitz egiten da euskarari buruz, euskarari buruz bakarrik esan nahi dut, baina beti, ikuspegia, borondatea, agian, hobe, positiboa dela onartuz ere, euskararen ahulezia, euskal hiztunen ahulezia kualitatiboak, euskarak etorkizunaren aurrean dituen arriskuak eta abar, hiru orrialde luzetan azpimarratuz(31). Zertarako? Hizkuntza politikan zuhurtasunez aritzeko, euskara hedatzearen aldeko politika neurtua, hau da, mugatua, eta, testuinguruan, oraingoa baino mugatuagoa eragiteko, hiztun-elkartea bera ahuldu nahi ez badugu.
Hitz hori, boluntarismoa esan nahi baita, ez litzateke hemen erabili behar. Aipatu beharra ikusiko balitz, aipatu behin eta kito. Baina ez boluntarismoaren gaitzespenean hizkuntza politika oinarritu. Bide horretatik abiatuz, orain arte lortu ez den edozein helburu ere, zabarkeria hutsez gehienbat, besterik gabe bazter daiteke errua boluntarismotzat joz. Ez dirudi arrazoizko, boluntarismoa inbokatuz, hainbeste muga jarri dakiokeenik euskararen politikari.
Esanak esan, badira atalki honetan irizpide eta aholku aprobetxagarriak, batez ere azkeneko hiru paragrafoetan, baina horiek justifikatzeko ez dago boluntarismorik aipatu beharrik. Egia esan, boluntarismoaren aipamena erabat kenduko nuke, ez baitzaie inondik inora egokitzen ez orain arteko hizkuntza politikari ez eta euskararen aldekoari bereziki ere. Eta, noski, ez duelako batere mesederik ekartzen eta bai, aldiz, kalterako ikuspegiak sorrarazten.
Laburpen gisa
- Hizkuntza politikarako ezartzen diren oinarriak: demokrazia, adostasuna, eskubideen berdintasuna eta abar; helburu orokorrak: hala nola, bizikidetza, jendeen atxikimendua eta abar; eta zehatzagoak, euskararen erabilera ardatz bezala hartuz, denak dira onargarriak, baina hizkuntza politika bera zuzenago eta bere izatean aurkeztuz, hainbeste azalpen, argitasun, justifikazio eta amore ematen jardun gabe, aldez aurretik ia barkamen eske bagenbiltza bezala. Ez dagoelako horretarako batere arrazoirik.
- Euskararen Legearen eta urte hauetako euskararen bilakabidearen irudi positiboagoa eta egiari hobeki erantzuten diona eskaini. Beraz, askoz ere arreta handiagoa jarri oker eginak edo oker irudituak azaltzean eta, beraz, zuzendu beharrekotzat jotzen direnetan, ez dadin gizartera zabaldu euskarari, edo euskal hiztunei edo, esan bezala, 25 urte hauetako hizkuntza politikari, edo denei batera egotz dakiekeela edozein erru.
- Adostasuna, errespetua, berdintasuna..., denak dira behar beharrezkoak, eta aipatu beharrekoak. Baina horietarik ezer faltako balitz, ez litzateke euskaragatik ez eta euskaldunengatik, hurbileko hizkuntzek hartzen dituzten eskubideengatik eta horien hiztun elebakarrek baliatzen dituztenengatik baizik. Beraz, pertsonen eskubideak errespetatzea beharrezkoa da, eta, ahal den neurrian, baita ohiko bihurtu diren egoerak kontutan hartzea ere. Baina ez da alegeraki ontzat eman behar beti elebakarren lan-eskubideak direla hizkuntza politikarekin zapaltzen direnak, ez dadin, ustekabean eta borondaterik hoberenaz, hizkuntza politikaren perspektiba erabat aldatu, eta euskararen muinotik hartzen dena izan beharrean, aurrekoen mendi gainetikora bihurtu. Hizkuntza politika bat baino gehiago baitira gure lurrean.
- Ez dago behin eta berriz aipatzen ibili beharrik ahulenari laguntzea dela demokraziaren legea. Euskararen historia latzegia izan da, hitz egiten hasi aurretik beti demokrazia aldarrikatu beharra edukitzeko, bide batez euskara beraren ahulezia alderdi guzietara hedatzen ibiltzeko.
- Hezkuntza ez litzateke hizkuntza politika berrian sartu behar, ez behinik behin erabileraren ikuspegitik hartuta. Hezkuntzak baditu bere arazoak eta bere garapena, eta hori bere osotasunean ikusi behar da. Beraz, hezkuntzarena berariazko arauez zuzendu behar da, hizkuntza politikarako lege berririk aterako balitz ere. Euskararen erabilera arrunta, hots, ikasgeletatik kanpokoa, ez da hezkuntzaren ondorio, arazo askoz ere zabalago eta sakonago baten kokatzen den errealitatea baizik, tokiz toki ezberdin agertzen dena, bestalde.
- Hizkuntza politika berritzea ongi letorke, berritzeak bizitasuna lekarkeelako berekin. Halere, Euskararen Legea, oraindik baliagarria dena, bere hartan eutsi ahal da. Lege on bat da, alderdi guziak kontutan hartzen dituena, eta hizkuntza politika berritua ere bideratu eta onar dezakeena. Eta adostasun handia eta kualifikatua lortu zuena.
- Hizkuntza politikaren eztabaida gizarteratzea ez da mesedegarritzat hartzen politika on bat burutzeko. Mila kontzesio egin nahi bazaizkie elebitasunaren aurka daudenei, bide hobeagorik ez da aurkituko. Errealitatea hainbeste aipatzen denez gero, errealitatea alderdi horrek ere osatzen du. Beraz, batez ere euskal Legebiltzarrean mamitu eta lortu beharko litzateke adostasun hori, eta ikusteko dago aurrekoaren adinakoa lortuko duen.
- Eta, azkenik, dokumentu zehatzago eta garbiago bat lortu beharko litzateke. Dokumentu honetan ez da erraz iritzi garbirik ateratzerik, bat azkenean zorabiatu egiten baita hitz eta ideia berdintsuei hainbeste jira eta bira eragiten. Behar bada, ez zen hain dokumentu luzearen beharrik, eskaintzen diren ideiak ez direlako, berez, ezezagunak ez eta, berritzat jo daitezkeen kasutan, aditzera emateko zailak ere. Testu ongi bateratuaren gotortasuna falta zaiola irudi du.
(TOMAS URIBEETXEBARRIA MAIZTEGI irakaslea eta Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputatu ohia da)
- Idazki hau, Euskara 21 ekimenaren abiapuntu izan den Oinarrizko Txostenari egin zaizkion ekarpenetako bat dugu.
Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)
Oin-oharrak
- (1) Hemendik aurrera Dokumentua bezala aipatuko da.
- (2) Marta Fdez. Vallejo, "La política lingüística a debate", El Correo, 30/4/08.
- (3) Concha Lagok Alberto López Basagureni egindako elkarrizketa: "La política lingüística, a debate", Deia, 17/5/08.
- (4) Dokumentua, "Sarrera", 21. or.
- (5) Dokumentua, "Sarrera", 18. or., eta aipatzen den puntua, 18-19 or.
- (6) Dokumentua, "Sarrera", 17-18 or.
- (7) Dokumentua, "Sarrera" 21-22 or.
- (8) Dokumentua 2.3., 33. or.
- (9) Dokumentua 2.3., 33-34. or.
- (10) Dokumentua 2.3., 34. or.
- (11) Dokumentua 2.3., 34. or.
- (12) Dokumentua 2.3., 34. or.
- (13) Dokumentua 2-3, 31-32 or.
- (14) Dokumentua 2-3, 32 or.
- (15) Dokumentua 2-3, 32 or.
- (16) Dokumentua 2-3, 34-35. or.
- (17) Dokumentua 2-3, 35. or.
- (18) Dokumentua 2-3, 35. or.
- (19) Euskararen Legea, 6. Art.
- (20) Euskararen Legea, 14 Art., 1 eta 2.
- (21) Dokumentua, 2-3, 40. or.
- (22) Dokumentua, 2-3, 43. or.
- (23) Dokumentua, 2-3, 43. or.
- (24) Dokumentua, 3, 46. or.
- (25) Dokumentua, 3, 46. or., (3. atalaren sarrerakoan).
- (26) Dokumentua, 3, 47. or.
- (27) Dokumentua, 3, 50-51 or.
- (28) Dokumentua, 3, 49. or.
- (29) Zazpi urteko haurrei zumearekin -xibita Oñatin- negu gogorrean iztertxoak ongi berotuz lagunekin eta anai-arrebekin kalean euskaraz egitearren.
- (30) Boluntarismo hitzak gaztelerako erabileratik datorkion esanahi ezezkorra du berez erabilera arruntean, adierazi nahi baitu ez dela bururik izan lortu nahi den edozein helburu ahalmenen gainetik gelditzen denean. Hemen, testuinguruak indartu baino ez du egiten esanahi hori.
- (31) Dokumentua, 51-53 or.
|