Sarrera
|
Mapa
|
Kontaktua
|
Guri buruz
|
Gorago
Zeu iritziemaile
Bestelakoak
Enpresa
Herri-administrazioa
Hizkuntza
Informatika
Internet
Irakaskuntza
Kultura
erabili.com
RSS
Hemen zaude:
Sarrera
»
Sare-aldizkariak
»
Iritzi-muinetik
» 'XXI. mende hasierarako hizkuntza politikaren oinarriak' izeneko txostenari egindako ekarpenak
Erantzun
Izenburua
Bidaltzailea
Nortasun-txartela
(Ez da publikatuko. Konfirmazioetarako bakarrik)
E-posta
(E-posta helbidea ez da publikatuko. Konfirmazioetarako bakarrik)
Testua
> Itxaropenez eta ilusioz baina, era berean, kezkaturik idatzitako hausnarketa da irakurleak aurkituko duena hemendik aurrerako lerroetan. Itxaropenez eta ilusioz, duela 25 urte euskararen legea onartu zenetik gaur egunera egindako lan guztia ez delako alferrik izan, eta lan horri esker euskararen egoerak hobera egin duelako; baina kezkaturik, oraindik ere bidea luzea delako eta askok eta askok euskararen normalizazioa erabat lortuta dagoela pentsatzen duelako. > Lerro hauek, euskararen normalizazioaren alde lanean ari den batek Euskara Aholku Batzordeak kaleratu berri duen "XXI. mende hasierarako Hizkuntza Politikaren Oinarriak":http://www.erabili.com/zer_berri/berriak/dokumentuak/2008/Euskara_21_Oinarrizko_Txostena.pdf izeneko txostenari egin nahi dion ekarpena baino ez dira. > > Uka ezina da sekulako ahalegina egin dela urteotan euskararen alde. Goian aipaturiko txostenak horrela dakar hitzez hitz: <i>"Herri-aginteen eskutik eta gidaritzapean, gizarte-ekimeneko eragile ugarien bultzadaz, euskal gizarteak inoiz ez bezalako indarrak jarri ditu urteotan euskara biziberritzeko lanetan: euskal herritarrek, batzuek aktiboki eta beste batzuek pasiboki, baina guztiek jarrera positiboz, ahalbidetu dituzte euskararen geroa bermatzeko garatu izan diren egitura, diru-hornidura, plangintza eta sustapen-ekimen ugariak, oso neurri nabarmenean hezkuntzan"</i>. > > Zalantza daukat, ordea, hori horrela izan den. Herri-aginteak herri-ekimenen atzetik joan direlakoan nago, gizarte-ekimeneko eragileak izan direlarik abiadura handiagoa eman diotenak euskara biziberritzeko lanari. Nik neuk hoberen ezagutzen dudan arloaren adibidea jarriko dut: Helduen Euskalduntze Alfabetatzea. Hasteko, Helduen Euskalduntze Alfabetatzea orain dela 25 urte baino lehenago hasi zen. Herri-aginteek euskararen alde baino kontra egiten zuteneko garaian hasi zen, eta hori ukatzea, gure jardunaren bilakaera historikoa hankamotz erakusteaz gain, bidegabekeria litzateke sasoi hartan euskararen alde jokoan gogoa baino gehiago jarri zuten horiekin guztiekin. Uste dut horren inguruko autokritika egiteko ordua ere badela. Zorionez, gaur egungo egoera hobetzen badoa ere, urteak eta urteak izan dira lanean baldintza txarrean igarotakoak. Milaka eta milaka euskal herritarrek ikasi dute euskara euskaltegietan; asko izan dira eta bere ibilbide profesionala helduen euskararen irakaskuntzan eman dutenak lau txanpon txikiren truke, eta, nire ustez, zor handia dago sektore honekin. Halaber, euskaltegiek paper garrantzitsua izan dute administrazioa euskalduntzeko orduan, izan ere, euskaldundu diren administrazioko langileek euskaltegietan lortu dute. Honi guztiari onarpen soziala eskaintzeko une egokia da, beraz, oraingo hau. > > Bestalde, lar baieztapen biribila iruditzen zait esatea euskal herritar guztiek jarrera positiboz ahalbidetu dutela euskararen geroa. Pentsatzen dut hainbat herritar dagoela euskarari bizkar emanda bizi dena, oso eroso bizi ere. Horiek guztiak euskararen ingurura erakartzea eta euskaraz bizi nahi dugunok benetako aukerak izatea dira konpondu beharreko auziak. Hori nola bermatuko den guztion artean adostu beharrekoa da, jakina, baina, aldez aurretik, helburua horixe dela argi utzita eta elkarbizitza ziurtatzeko ezinbestekoa dela ere aitortuta. > > Sarrera hau amaitzeko, testu osoan zehar agertuko diren aipamenak EAEri dagozkiola esan beharra dago, eta zera azpimarratu: Ipar Euskal Herrian eta Nafarroan izandako bilakaera oso bestelakoa izan da, oraindik Euskara ofiziala ere ez delarik; seguruenik, euskararen ofizialtasuna lurralde osoan erreala denean, oso lerro ezberdinak idatziko dira! > > > **Gaur egungo egoeraren ezaugarri nagusiak** > > > Soziolinguistika adituek esaten duten bezala, hiru aldagai nagusi behar dira edozein hizkuntza normalizatzeko: > > 1. Lege marko egokia. > > 2. Hizkuntza Politika eraginkorra eta baliabideak. > > 3. Herritarren atxikimendua eta hizkuntzaren aldeko jarrera. > > EAEn hiru faktoreon uztardura gertatu da neurri batean, eta, horri esker, gaur egungo egoera orain dela 25 urtekoa baino dezente hobea da. Hala ere, aurrerakada horrek hausnarketa sakona behar du, etorkizunera begirako urratsak diseinatzen hasi baino lehen. Azter ditzagun, bada, goiko hiru aldagai horiek, banan-banan. > > > <br> > <b>1. Lege marko egokia</b> > > Legearen arabera, euskal herritar guztiok euskara eta gaztelania jakiteko eta erabiltzeko eskubidea dugu. Baina legeak bi hizkuntzei trataera bera eman arren, aplikatzeko orduan urraketa legalak jazotzen dira euskaldunon eskubideen kaltetan. Argiago ikusteko, bi adibide jarriko ditut: > > - 2007ko martxoan EAEko Auzitegi Nagusiak "Azpeitiko Udalaren Euskara Ordenantzak":http://www.erabili.com/plangintzak/gurien/1133365410 "baliogabetu zituen":http://www.erabili.com/plangintzak/gurien/1174287899, euskara inposatu eta gaztelania baztertu egiten zituela argudiatuta. Azpeitian biztanleen % 90ek euskara erabiltzen dute, eta, ordenantzen arabera, euskara da bertako hizkuntza. Horren harira, epailea gainerako bizilagunez arduratu zen, gaztelaniaz mintzatu nahi duten horietaz, alegia. Guztiz ulergarria zatekeen gaztelania baztertuta geratuko balitz, baina denok dakigu hori ez dela horrela. Izan ere, euskaraz dakigunok gaztelaniaz ere badakigu, beraz, gaztelaniaz bakarrik dakien horrek Azpeitiko Udalean bere hizkuntzan tratatua izateko eskubidea bermatuta dauka. Alderantziz denean, gauza bera gertatzen da? Ezetz uste dut. > > - Jaioberriak euskaraz erregistratzeko oztopoak eta debekuak. 2007ko abenduan sartu zuten euskaraz lehenengoz ume jaioberri bat Aretxabaletako Erregistro Zibilean. Horretarako, haatik, liburu berezi bat estreinatu behar izan zuten, ordura arte EAEko Erregistroetako liburu ofizialak gaztelaniaz soilik zeuden eta. Harrezkero, inskripzio gehiago izan dira euskaraz, baina gurasoek behin baino gehiagotan izan dituzte "trabak":http://www.erabili.com/zer_berri/berriak/1204022052 tramitazioa behar bezala egiteko. > > Beraz, legeak eskubidea onartu egiten du, baina gero betiko dikotomian erortzen gara; eskubidea bai, baina betearazi behar denean arazoak hasten dira. Hizkuntza biak maila berean ez dauden bitartean horrelakoak nonahi eta noiznahi ikusiko ditugu. > > Hau bideratzeko argi-izpirik bilatuta, ostera, bada bidegabeko egoera honi nolabaiteko irtenbidea eman ahal dion zirrikitu legalik: Kataluniako Estatutuak 6. artikuluko bigarren puntuan jasotzen duena, esaterako: > > > <blockquote>6. artikula. Berezko hizkuntza eta hizkuntza ofizialak.<br><br>1. Katalana da Kataluniako berezko hizkuntza. Hala, bada, bai herri administrazioetan bai Kataluniako herri-komunikabideetan katalana da usuen eta lehenen erabiltzeko hizkuntza, eta irakaskuntzan ere normalean katalana erabili ohi da bai komunikaziorako bai ikasteko.<br><br><b>2. Katalana da Kataluniako hizkuntza ofiziala. Gaztelania ere bada, Espainiako Estatuko hizkuntza ofiziala baita. Pertsona orok du bi hizkuntza ofizialak erabiltzeko eskubidea, eta Kataluniako herritarrek, biak jakiteko eskubidea eta eginbeharra. Kataluniako botere publikoen ardura da eskubide horiek erabili ahal izateko eta eginbehar hori betetzeko beharrezko neurriak hartzea. Dena dela, 32. artikuluan ezarritakoaren arabera, ezin da bereizkeriarik egon hizkuntza bata erabiliz nahiz bestea erabiliz</b>.<br><br>3. <i>Generalitat</i>earen eta Estatuaren ardura da egin beharreko ekintzak egitea, Europar Batasunean katalanaren ofizialtasuna aitor dezaten eta kulturaren edo hizkuntzen arloko nazioarteko organismoetan eta nazioarteko tratatuetan katalana ager dadin eta katalana erabil dezaten.</blockquote> > > > <br> > <b>2. Hizkuntza politika eraginkorra eta baliabideak</b> > > Edozein Hizkuntza Politikak ahulen dagoen hizkuntza biziberritzeari begira egon behar du. Euskararen Legea onartu zenetik abian jarritakoa aztertzen hasita, hona hemen nire ekarpenak: > > - <b><u>A. Euskararen erabilera arlo publikoan</u></b> > > Legearen arabera, administrazioek hizkuntza bien erabilera bermatu behar dute. Asmo horrexekin ezarri ziren lanpostuen araberako hizkuntza eskakizun edo "perfilak". Horrek, halabeharrez, langile asko euskara-maila jakinen bat frogatzera behartu zuen eta, horretarako hainbat izan dira euskara ikasi behar izan dutenak. Nago euskara ikasi behar izatea "trauma" handia izan dela horietako askorentzat. Agian, Helduen Euskararen irakaskuntzan ari garenok geure euskaltegietan ikasle izan ditugun funtzionarioak euskalduntzeko lanaren inguruan hausnarketa egin beharko dugu, baina egia da inoiz ez dela lotu ikasi beharrekoa egin beharreko lanarekin. Zentzu horretan, uste dut oso gutxitan hartu dela Euskara lan tresna bezala. Eta horri epe jakin batean maila bat eskuratu beharra dagoela gehitzen badiogu, erraz ulertu ahal dugu batzuengan sortu den etsipena. Honekin ez dut inondik inora justifikatu nahi handik eta hemendik esaten ari den guztia, euskaraz jakitea bakoitzaren espezialitatea baino gehiago baloratzen dela, esaterako, edota euskaraz jakitea inposaketa dela. Nire ustetan, administrazioan lan egiten duen orok euskara jakin eta erabili behar du. Hori horrela izan dadin, epeak eta egoera soziolinguistikoak kontuan hartuko dira, baina helburuak hizkuntza biak ondo ezagutzea izan behar du. Are gehiago, funtzionario horietako askok eta askok euskara ofiziala den administrazio batean lan egiteagatik lan orduetan liberazioa izan dute, euskara ikasteko bere poltsikotik dirutza ordaindu behar izan duten beste milaka eta milaka helduren aldean. Hemen hutsune nabarmena ikusten dut motibazio mailan eta erabilera zirkuituak bultzatzean. Ikasitakoa erabiltzeko da, eta ez da nahikoa landu euskarak herritarrekiko zerbitzua hobetzeko eskaintzen duen aukera. Horretarako erabilera aukerak zabaldu behar dira; tokian tokiko erabilera planak landu, tutoretzak ipini, euskaldun zirkuituak identifikatu... > > Bada beste alor bat erdi ezkutatuta geratzen dena; erakunde "erdi publikoak" deritzenei dagokiena. Horietan euskararen erabilera sarri askotan paisaia linguistikoan geratzen da: hortik aurrera, ezer gutxi. Ohikoa izaten da Euskalduna Jauregira joan eta bertako langileengana euskaraz zuzenduta erantzuna gaztelaniaz jasotzea. Horrelako erakundeetan erabiltzaileen hizkuntza eskubideak bermatzeko irizpideak ezarri beharko lirateke. Hauetan ere erabilerari begirako helburuak markatu behar dira, herritar guztiei zerbitzu egokia (bezeroak hautatutako hizkuntzan, besteak beste) ziurtatzeko; hemen ere planak behar dira, erabilerarako oztopo diren hutsuneak betetzeko. > > Bestalde, lotsagarria iruditzen zait gaur egun, oraindik ere, EAEko edozein erakunde publikotako ordezkari izateko aurkezten den pertsona batek hizkuntza ofizialetako bat ez jakitea, euskara, alegia. Horrek mesede gutxi egiten dio Euskararen Legeari eta, zer esanik ez, Euskararen normalizazioari. Oraindino sarri askotan gertatzen dira horrelakoak, eta, okerrago dena, normaltasun osoz hartzen dira. Ez al du honek erakusten hainbestetan aipatzen den euskararekiko aldekotasun hori irudian bai baina ekintzetan ez dela betetzen? > > - <b><u>B. Euskararen erabilera arlo pribatuan</u></b> > > Arlo horretan euskararen erabilera bakoitzaren borondatearen baitan uzten da. Azken urteetan euskararen erabilera sustatzen ari da hainbat esparrutan, hala nola, esparru sozio-ekonomikoan eta aisialdian; baina egiten ari diren pausoak oso txikiak dira. Nire aburuz, bestelako neurriak behar dira, borondatean bakarrik geratuko ez direnak. Adibidez, administrazio publikoek zerbitzu baten esleipena egiten dutenean, euskara erabiltzeak eta ezagutzeak balio erantsia izan beharko lukete. Niri sarritan gertatu zaidana jarriko dut adibide daukagun egoera ilustratzeko. Nik <i>Bizkaibus</i> erabiltzen dut lanerako joan-etorriak egiteko. <i>Bizkaibus</i>, Bizkaiko Foru Aldundiaren zerbitzua da, kanpo kontratazioaren bidez esleitzen dena. Autobusean dagoen hizkuntz irizpide bakarra errotulazioaren gainekoa da; hortik aurrera gidariaren araberakoa da, eta gehienetan gaztelania hutsean ematen da zerbitzu guztia. Benetan uste dut erraza dela gutxieneko batzuk ziurtatzea: agurrak, lau zenbaki eta irratiaren erabilera, esaterako (euskarazko irrati kateak badirela konturatuko balira, bederen!). Erabilera normalizatu nahi badugu, horrelakoetan ere eragin beharra dago eta ez dena norbanakoen borondatean utzi, gauza bat baita bezeroak zer aukeratuko duen, eta beste bat zerbitzua ematen duenak bermatu beharrekoa. Zerbitzuetako langile guztiak hizkuntzaren biderkatzaileak dira; estrategikoa da, beraz, arlo hau lantzea eta bermatzea. Horretarako ezinbestekoa da administrazioak bideak jorratzea. > > Azalera handiko guneak oso giltzarri garrantzitsua dira une honetan. Gehien bat zona erdaldunetan daude kokatuta, eta euskararen presentzia kartel elebidunetan amaitzen da sarri askotan. Gune hauetan jendetza batzen da, eta askok aisialdiaren zati handi bat bertan ematen dute. Pentsa hauentzat zer presentzia duen euskarak bere egunerokotasunean. Ea "Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Dekretua":http://www.erabili.com/zer_berri/berriak/1220272149 ezartzen denean, bederen, bat baino gehiago ohartzen den euskara existitzen dela. > > Lan munduak ere aipamenik behar duelakoan nago. Nahiz eta apurka-apurka euskara lan tresna moduan ikusten hasi garen, oraindik arrotza da euskararen erabilera arlo horretan. Gainera, mundu globalizatu honetan, non barrura baino kanpora begira gauden, askoz ere indartsuagoak dira beste hizkuntza batzuk (ingelesa, frantsesa, gaztelania edota txinera bera ere). Euskara balio erantsi moduan hartu behar da eta euskarak merkatuan kotizazioa baduela konturatu behar dira lan munduko kudeatzaileak. Horren adibide gisa, duela gutxi egunkarian irakurritako gutun batean azaltzen zena: idazleak adierazten zuen Euskal Herriko produktuak erosteko ohitura zuen batek bertoko ekoizle jakin baten gaiak hartzeari utziko ziola; izan ere, kaxan 10 hizkuntzatan agertzen zen informazioa, baina euskaraz ez. Horrelakoak jende gehiagok eta gehiagotan egingo bagenitu, euskarak presentzia eta prestigio handiagoa izango luke eta guztion eskubideak bermatzetik gertuago geundeke. Bezeroek zeregina duten arren, administrazioak alor honetan ere gutxieneko batzuk markatu behar ditu. Inork ulertuko luke produktuen etiketak eta azalpenak gaztelaniaz ez egotea? Ezezkoan nago. > > - <b><u>C. Euskararen erabilera irakaskuntzan</u></b> > > Ez dago dudarik Hezkuntzak euskararen normalizazioan izan duen eragina handia izan dela. Hori bai, duela 25 urte hartutako erabaki estrategikoak, zeinaren arabera umeengan oinarritu baitzen herri honen euskalduntzea, hankamotz utzi du euskararen berreskurapena. Umeek egunean, batez beste, 6 ordu pasatzen dituzte ikastetxean. Denbora horretan, hautatutako ereduaren arabera, euskara gehiago edo gutxiago ikasi, entzun eta erabil dezakete. Eskola orduetatik kanpo zein hizkuntzatan bizi diren datza gakoa, ordea. Hainbat familiatan etxeko hizkuntza euskara da; horrelako egoeretan ez da arazorik sortzen, ikerketa guztiek baieztatzen baitute etxeko transmisioa dela bide emankorrena hizkuntzen normalizaziorako. Hala, baldintza biak betetzen direnean eraginkortasuna biderkatu egiten dela ondorioztatu dute askotan adituek. Baina, tamalez, ez da hori egoerarik hedatuena. Argi dago, beraz, eskoletan egin den euskararen aldeko apustua beharrezkoa eta onuragarria izanagatik ez dela nahikoa, eta ezin dela bakarra izan. Behar zuen garaian Helduen Euskalduntze Alfabetatzeari ez zitzaion garrantzirik eman, eta gerora ohartu gara arlo hau estrategikoa dela. Halere, honi buelta emateko ahalegina ikusten da eta benetan estrategikotzat hartu beharrekoa du administrazioak, herritarrek ere horrela ikus dezaten. > > Ikastetxeetan ezagutza asko indartu bada ere, erabilera ez, ordea. Berriro neure esperientziatik abiatuko naiz. Ama hizkuntza euskara dut, baina ikasketa-prozesua gaztelaniaz egin nuen (euskara ikasgai moduan neukan). Hori bai, ikastetxeko patioan eta ikastetxetik kanpo euskaraz hitz egiten nuen lagunekin. Gaur egun, inguruko umeen artean, neure herrian, ez dut horrelakorik ikusten, herri euskaldun batean bizi banaiz ere. Ume txikiek erabiltzen dute euskara, baina nerabeen artean gaztelania da nagusi. Zein da arazoa? Ez dugula erabilera bultzatzen asmatu. Arestian esandakoa berresten dut: eskolaz kanpoko guztiak eragina dauka, eta umeek zer ikusi, hura egin: nagusiek, euskaraz ikasi arren, ez dute euskaraz egiten. Zelan eman buelta errealitate horri? Gaur egun badira gurasoak kontzientziatzeko egitasmoak eta bide horretan egiteko franko dagoela argi dago, baina beti heldu behar zaio ekiteko, laguntzeko eta motibatzeko bideari. Egin daitekeela eta egin beharra dagoela uztartu behar dira. > > Hezkuntza Ereduen inguruan zabaltzen ari den eztabaidak ere kezka sortu dit; hain zuzen, une honetan gaztelaniaren aldeko aldarriak entzuten eta irakurtzen ditudanean, denboran atzera egiten ari garela iruditzen zait. Denok jakin badakigu gaztelania ez dagoela auzitan eta inor gutxik duela arazorik hizkuntza horretan moldatzeko; bai, ostera, euskaraz egiteko. Hizkuntz eskubideak aipatzen dituzte, baina hizkuntz politika dago jokoan. Eta hizkuntza baino gehiago, politika. Beldurra eragin nahi dute, beldurrak aurrera egiten uzten ez duelako. Horregatik, guk beldurrik gabe jokatu behar dugu; beldurrak eta konplexuak ez gaitzatela lot. Ados nago Hezkuntza Sailak planteatzen duenarekin: euskara erabiltzeko hizkuntza izan behar da. Ereduen inguruan ere eztabaida emankorra sustatu dela dirudi, eta argi geratu behar du euskara ezagutzea eta erabiltzeko aukera izatea belaunaldi berrien eskubidea dela. Euskaldun izatea balio gehigarria dela zabaldu behar dugu: denok lortu beharreko balioa, aukera berdintasuna bermatuko duen faktorea. > > - <b><u>D. Euskararen erabilera hedabideetan</u></b> > > Duela 25 urte pentsaezina zen telebista edota irrati euskaldunik izango zenik. Horretan, gutxienez, bata zein bestea aukeratu dezakegu. Baina, hautatzeko orduan, zerekin egiten dugu topo? Inpresioa dut Euskal Telebistaren euskarazko kateak, hezkuntzan egin zen bezala, umeei soilik zuzendutako eredua bultzatzen duela, txikitatik euskaraz ikusten ohituz gero, helduak direnean bide horretatik joko dutelakoan. Honezkero ohartuta gaude ez dela horrela izaten. Izan ere, hainbeste telebista kate aukeran izanik, hizkuntza ez da aukeraketarako irizpide nagusia. Horrek etorkizunerako hausnarketa sakona eskatzen du, are gehiago kable bidezko telebistak egungo hedabideen mapa errotik aldatu eta aukera berriak eskainiko dizkigula aintzat hartzen badugu. Irratiari dagokionez, hedabideen alorrean eta euskararen erabileran eta zabalkundean, euskarazko kateen aitzindaritzak eta lanak aparteko errekonozimendua behar du, bereziki udal irratiek eta irrati libreek Euskal Herri osoan eta, are nabarmenago, Ipar Euskal Herrian eta Nafarroan egin dutenagatik. Irrati publiko nazionalari behar duen zabalkundea eman eta gainontzekoen adinako kalitatea bermatzeaz gain, herri eta eskualde mailakoei ere onarpena eta bultzada eman behar zaizkie, herritarrengandik gertukoenak izanik eskaintzen dituzten aukerak direla eta. > > Prentsa idatziaren gainean, azpimarratu behar da euskarazko egunkari bakarra dagoela, beste hizkuntzetakoen artean. Argi antzematen dut nabarmen txikia dela arlo honetako presentzia kioskoetan eta, hiriburuetan dohainik banatzen diren egunkarien hedadura ikusita, galdutako esparrua dela esatera ausartuko nintzateke. Baina, "irrati txikiekin" gertatzen den bezala, aspalditik lanean ari diren tokiko hedabideek berebiziko garrantzia dute, komunikatzeko hurbileko tresna baitira euskararen berreskurapenaren aldeko lanean. Aipagarria da zentzu honetan herri aldizkariek eta, oraintsuago, <i>Hitza</i>k eta antzeko ekimenek bere herriko berriak euskaraz jaso nahi dituen euskaldunari zein euskara ikasten ari denari egiten dioten ekarpena. > > Bestalde, prentsa orokorrari gagozkiolarik, aipagarria da erdal hedabide batzuek euskararen kontrako mezuak zabaltzen dihardutela ikustea, gorago aipatu dudan ereduen auziarekin, esaterako. Mezu ezkorrak dira, Osakidetzan, Hezkuntzan eta beste hainbat tokitan ematen den zerbitzuaren kaltetan euskara bestelako jakintzen aurrean lehenesten dela, inposaketa dagoela eta horrelako argudio faltsuak darabiltzatenak. Uste dut lelo horiei buelta eman behar diegula eta Euskalgintzan ari garenon artean artikulatu behar dugula mezu positiboa, baikorra. Hemen ez da ezer indarrez ezartzen, guztiona den hizkuntza erabiltzeko aukera aldarrikatu besterik ez dugu egiten. Gure jarduna positiboa, erakargarria izan behar da, argi baitut mezu ezkorrek ez diotela mesede egiten euskarari. > > - <b><u>E. Euskararen erabilera aisialdian</u></b> > > Aisialdia dugu beste esparru garrantzitsu bat euskararen normalizazioa neurtzeko orduan. Arlo horretan nabarmena izan da aurrerapausoa, baina inflexio puntu batean gaudela iruditzen zait. Hasteko, esan behar da aisialdia ulertzeko era asko aldatu dela azken urteotan. Teknologia berrien iraultzak eta bizi kalitatean gertaturiko bilakaera handiak zeresan handia daukate eraldaketa honetan. > > Egunkarietan edozein asteburutako agendan begiratuz gero, aisialdirako eskaintza handia eta askotarikoa dela ikusiko dugu. Zorionez, euskarazko hainbat aukera ere aurkituko ditugu, baina, gaztelaniaz dagoenarekin alderatuta, zorigaitza gurea! Gaztelaniazkoa askoz ere ugariagoa da. Gainera, tokian tokiko agenda aztertuz gero, lurralde euskaldunetan euskarazkoa nagusia da, baina herri erdaldunetan, euskaraz ezer gutxi aurkituko dugu, edo ezer ere ez. Orduan, betiko galdera datorkit burura: ez dago euskarazko eskaintzarik euskaldun gutxi dagoelako, ala eskaintza kudeatzen dutenek aintzat hartzen ez dutelako? Hausnarketarako beste puntu bat dela iruditzen zait, baina aipa dezadan, bertan euskararen presentzia hutsala izan arren, Barakaldon Donostian beste euskaldun dagoela. Gai honetan badago beste kontu bat aztertu beharrekoa; euskarazko eskaintza eta euskarazko lanak ikustera hurbiltzen den lagun kopurua, hain zuzen ere. Berriro ere neure eskarmentutik abiatuta, esan behar dut behin baino gehiagotan joan naizela euskaraz ekoiztutako antzerki emanaldiak ikustera eta oso ikusle gutxi topatu dudala aretoan. Zergatik gertatzen da hori? Ez gaudelako ohituta antzerkia edota beste ikuskizunak euskaraz ikusten? Sarritan euskararen aldeko militantziarekin lotzen ditugulako, akaso: euskalduna naiz; euskaraz emanaldia dago, beraz, nahiz eta kalitate urrikoa izan, joan egin beharko dut. Ene iritziz, naturaltasunez hartu behar dugu euskarazko eskaintza oro; produktu duinak eta erakargarriak daude eta horiek ere kontuan hartu behar dituzte kultur programazioaz arduratzen direnek. Dagokien ardura bereganatu behar dute eta programatzeko irizpideetan euskarari dagokion lekua eman, izan Ataunen edo Sestaon. Hortaz, toki administrazio guztietan egin behar dira pausoak; eta horretarako kuotak jarri behar dira, gutxienekoak bermatu, euskarazko zerbitzu eta ekimenei prestigioa eman... > > Bestalde, Sarean euskararen presentzia gero eta handiagoa da. Honek guztiak balio izan du euskara lau haizetara zabaltzeko, baina era berean, hizkuntza nagusien erabilera areagotu egin da, eta mundu horretako kode nagusia ingelesa da. Arlo guztietatik euskarazko aukeren berri eman beharra dago eta haietara iristeko bideak erraztu. > > - <b><u>F. Euskararen erabilera kulturgintzan</u></b> > > Euskarak eta Kulturak lerro batzuk merezi dituztelakoan nago. Inoiz izan ez duen bezalako sustapena duen arloa da orain; dirulaguntzak daude liburugintzarako, antzerkirako, pelikulak euskaraz egin ahal izateko (Kimuak egitasmoa, esate baterako)... Baina, zein da horien merkatu hedapena? Batek baino gehiagok esango du nahikoa dela, gaur egun merkatu horrek oro har bizi duen gainbehera kontuan hartzen badugu. Nik neuk hainbat arlo baikortasunez ikusten ditut, adibidez liburugintzan; euskaraz liburu asko idazten da eta sarri askotan ez ditugu euskaraz daudelako bakarrik erosten, eta hori pozgarria da. > > Beste kontu bat da zinema. Apustu polita egin da eta azken urteetan, gutxienez, urtean pelikula bat ekoizteko ahalegina gauzatu da. Bestelakoa da, ordea, zinema aretoetan izan duen oihartzuna: euskarazko filmak areto gutxitan egoten dira ikusgai eta gainera, denbora laburrerako. Arlo askotan gertatzen den bezala, diruak agintzen du, eta, emaitzarik ikusten ez bada, zirkuitutik kendu eta kito. > > > **Herritarren atxikimendua eta hizkuntzaren aldeko jarrera** > > > Edozein inkesta egitean, gehiengoaren erantzuna izaten da euskararen alde daudela: milaka dira beraien seme-alabak euskarazko ereduetan matrikulatzen dituzten gurasoak; urtero 40.000 heldu inguru hurbiltzen dira euskaltegietara eta, batez beste, egunean bi orduz aritzen dira euskara ikasten. Hori guztia ikusita, edozeinek esango luke herritarren euskararekiko atxikimendua eta jarrera ezin hobeak direla. Eta horrela da euskal herritar gehienen kasuan. Non dago, beraz, arazoa? Badira aldekotasun eta atxikimendu osoa izanagatik euskara ikasi edota erabiltzeko tenorea heltzen denean pauso hori ematen ez dutenak, eta horrexegatik gaztelania erabiltzera behartzen gaituzte euskaldunok. Sarritan, ezagutza faltagatik jazotzen da hori, eta txarrena da ez dirudiela euskararen aldeko jarrera duten horiek sekula euskara serio ikasten hasiko direnik ("Ez daukat astirik, seme-alabek ikasiko dute eta horrekin nahikoa"). Horiez gain, badira, besterik gabe, euskara ezertarako balio ez duen hizkuntza dela pentsatzen dutenak. > > Milaka dira euskararen aldeko ekintzetan parte hartzen dutenak. Erronka asko atera da aurrera milaka euskaltzalek emandako sostengu moral eta ekonomikoari esker, eta horiei guztiei, lerro hauen bitartez, zera esan gura diet: mila esker bihotz-bihotzez! Horrelakoek gaur egun behar-beharrezkoak izaten jarraitzen dute, tamalez. Kezka handiena, baina, euskara behar beste ez entzuteak sorrarazten dit, hizkuntza batek hiztunak behar dituelako irauteko. > > Orain artekoa irakurri eta gero, norbaitek pentsa dezake nire ustez euskarak aurrera baino atzera egin duela. Nire asmoa bestelakoa da: egindako bideari begiratu behar diogu baina ezin gara hor geratu, ez iraganari ez orainari so. Aurrera begiratu behar dugu. Uste dut euskarak hiztun asko irabazi dituela, gure hizkuntza gero eta toki gehiagotara hedatzen ari dela, baina erabilera ez doa abiadura berean. Hausnarketarako unea da beraz; indarrak hartu eta hurrengo erronka erabilera indartzea da, ahaztu gabe ezagutzan sakontzea eta ez erlaxatzea ezinbestekoak ditugula. Euskararekiko benetako atxikimendua suspertuko da bizitzako esparru guztietan euskara inolako arazo barik erabiltzen denean. > > > **Hizkuntza politikaren erronkak** > > > Datozen urteetako Hizkuntza Politikaren oinarriak jartzeko orduan, kontuan hartu behar dira orain arte egindakoak. Ez da lan erraza eta sarri askotan adostasuna aipatzen bada ere, nik, egia esan, ez dakit zeintzuk diren adostasun hori lortzeko jarraitu behar diren bideak; izan ere, Euskal Herrian hiru hizkuntza daude, eta ez maila berean. Beraz, egin beharreko lehen gauza hirurak status berean jartzea da. Horretarako zehaztu behar diren epeak desberdinak izango dira egoera soziolinguistikoaren arabera, baina helburua, bakarra. Horrela behar luke, behintzat. Adunan zein Guardian, bietan hizkuntza biak ezein motako arazo barik erabiltzea da nire ametsa. Orduan bai hitz egin genezake gizarte elebidunari buruz! Bitartean orain bezala arituko gara, euskaraz bizi nahi eta ezin. > > Erabilera da, beraz, erronka nagusia. Baina ez gaitezen engaina: ezagutza da gakoa, ezagutzen ez den hizkuntza nekez erabili ahal delako. Zeregin horretan bi ardatz argi ditugu, batera eta, zergatik ez, elkar eragiteko moduan landu behar direnak: hezkuntza eta helduen euskalduntze alfabetatzea. Euskararen ezagutzaren bidetik, hizkuntzaren erabilera eta hizkuntzaren kalitatea sustatu behar dira. Euskara ikasteko nahia eta beharra eragin eta euskaltegiak ikaslez bete. Horrez gain, Hezkuntzako irakasleek euskara maila jasoa dutela eta erraztasun eta naturaltasun osoz erabiltzen dutela bermatu behar da, horretarako behar diren neurriak oro hartuz. > > Jendarteari euskara ikasteko laguntza ematea ezinbestekoa da. Arlo horretan beste pausu batzuk eman behar dira: barnetegietara joateko nahiz ikastaro trinkoak egiteko erraztasunak emanez, adibidez. Administrazioa euskalduntzeko zabaldu dira horrelako bideak, baina bide horiek gizarte osoari ipini behar zaizkio eskura. > > Bestalde, euskaltegietako curriculumetan kontuan hartu behar da euskararen erabilera gauzatzeko erraztasunak eta tresnak ematea. Zentzu honetan, praktika egitasmoak bultzatzeko plangintza orokorrago batera jo beharko dugu; euskaldun sareak indartzera, baina betiere "getthoaren" arriskuan jausi gabe. > > Horretaz aparte, euskara identifikazio soziokulturalaren elementua da eta berau irekia eta erakargarria izan behar da; egunetik egunera garatu beharrekoa hezkuntza eredu egoki batekin. Hezkuntza eredu erakargarri eta ireki horrek, gurasoek seme-alabak euskal ereduetan sartu nahi izatea ahalbidetzeaz gain, gurasoak eurak euskara ikastera bultzatu behar lituzke, motibazio afektiboaren bidetik. Gainera, gisa horretako identifikazioak, irekia eta erakargarria izango bada, egunetik egunera hazten ari den etorkin kopuruari erreparatu behar dio, euskarara erakarri eta eredu euskaldunetan integra daitezen; ez ditzagun eredu erdaldunetan marjina. Ume horien gurasoei, etorkin helduei, motibazio estra eta erraztasunak eman behar dizkiegu helduen euskalduntze orokorreko taldeetan sar daitezen. Oraingo euskaltegiko ikasleak dira geroko euskaldunak, ikastetxetako ikasleak diren bezainbat. > > Baina heldu guztiak ez dira guraso, eta euskara ikasteko gogoa den-denei piztu behar diegu, horretarako hainbat modu erabiliz. Izan ere, gizartea benetan elebiduna izan dadin, ezinbestekoa da gaztetan ikasi ez duten guztiek zerbait ikastea nagusiagoak direnean. Honekin esan nahi dut, besterik ez bada, gutxienez elebitasun pasiboa bermatu behar dutela ezer ez dakiten horiek. Gaur eta hemen, helburua ez da jendarte osoa Euskalduntzeko 3. mailaren jabe izatea, baina bai, sikiera, 1. mailara heltzea eta elkarrizketa arrunt batean edota bizitzako beste zenbait harremanetan euskaraz zuzendu eta ezer ez jakitea oztopo ez izatea; erdarara pasatu behar ez izatea, alegia. Eta egoera horretara heltzeko erdal eledunak dira mugitu eta konpromisoa hartu behar dutenak, euskaraz dakigunok ez baikara oztopo gizarte elebiduna edo eleanitza egituratzeko orduan. > > Bestetik, helduen artean badago beste multzo bat: euskara etxetik ekarri arren, idazteko eta irakurtzeko zailtasunak dituztenek osatutakoa; egoera horrek beldurra sortzen die eta, horrenbestez, gaztelaniara jotzen dute. Talde honetaz zera esan nahi dut: Alfabetatze hitzak duen konnotazio txarrari buelta eman beharko litzaiokeela eta aukera erakargarri moduan azaldu. Horrelako estrategia batek euskararen erabilerari onura handia ekarriko lioke, izan ere, euskaradunak normalizazioan protagonismoa erakutsi behar du, ez ikusle hutsa izan. > > Aurrera jarraituz, bada beste gai bat hausnarketa sakona eskatzen duena: gazte euskaldunek gaztelania erabiltzea. Txosten hau idazteko garaian bi egoera bizitzea egokitu zait eta bietan nerabeak egon dira tartean. Bata, 3. maila egiaztatzeko azterketa egunekoa. Egun horretan BEC aretoan 1.800 euskara ikasle batu ziren, EGAren parekoa den maila egiaztatzeko; guztiak euskaltegietan matrikulatuta. Bada, nire harridura eta samindurarako, zenbait gazteren artean erdara zen nagusi. Bigarren egoera, aurtengo Ibilaldian, zenbait gaztetxo, "Gora Euskadi" txanoa soinean, erdaraz lasai asko! Zerbait txarto egiten ari gara, gazte horiek euskara, ingelesa bezalaxe, gainditzeko ikasgaitzat hartu badute edota euskararen aldeko egun bat egun pasa bezala baino jotzen ez badute. Hil ala biziko gaia da. Nerabeek euskararen erabileraren inguruan erreferentziak behar dituzte, beraientzat euskaraz hitz egitea ez da erakargarria ezagutza bermatuta baitute. Hausnarketa sakona egin eta egoera horri buelta emateko erabakiak hartzeko unea heldu da. > > Ildo berean, hedabideek ere izugarrizko garrantzia eta ardura dute hizkuntzaren normalizazioan. Ondo dago euskara hutsean jarduten duten aldizkari, egunkari, irrati eta telebista kateak izatea. Baina horrela euskaldun osoengana baino ez dira iristen. Hori ere, jakina, beharrezkoa da, baina, nire ustez, izugarrizko inportantzia dauka hedabideetan, gaztelerarekin batera, euskara ere agertzeak, bi hizkuntzak elkarrekin bizitzeak, hain zuzen. Adibidez, euskal hiztun batek esandakoak ETB2n ere euskaraz ager daitezela (nahi badute, azpitituluekin), ez diezaiotela gazteleraz gauza bera esanaraz; ETB2n, irrati kateetan, aldizkarietan, egunkarietan... guztietan euskarak lekua izan dezala eta Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntzak batera ager daitezela. > > Administrazio Orokorra eta Tokian Tokiko Administrazioetan euskara lan hizkuntza izango dela ziurtatzeko epeak jarri behar dira, baita epe bakoitzari dagozkion helburuak egoera soziolinguistiko desberdinen arabera jarri ere. Horretarako, euskaraz ez dakiten langile guztiak euskalduntzeko denbora-mugak ipini behar dira eta horrela izango dela segurtatu. Bestalde, ezinbestekoa iruditzen zait langile berriek euskara ezagutzeko betebeharra, nahiz eta argi dudan erabaki hau batek baino gehiagok inposizio bezala hartuko duela. Zaila omen da euskara ikasten ibili ondoren lanera joan eta eguneroko jarduna euskaraz egitea! Jakina, horretara ohitu arte esfortzu handiagoa egin behar da; baina ez al da berdin gertatzen dena delako ikasketak burutu eta lehenengo lanean ikasitakoa praktikan jartzean? > > Arlo honen barruan udalerri euskaldunak bereziki babesteko bideak landu behar direlakoan nago, duten egoera soziolinguistikoari eusteko batetik, eta multzo horretan gero eta udalerri gehiago sar dadin bestetik. > > Arlo sozio-ekonomikoa euskalduntzea eta euskara normaltasun osoz erabiltzea ohikoa izatea lortu behar da. Datuei erreparatzen badiegu, 700.000 euskal hiztun inguru bizi gara Euskal Autonomi Erkidegoan, eta horien kopururik handiena, 25 eta 35 urte bitartean dago. Horrek esan nahi du euskal hiztun gehienak ikasketak bukatu eta lehen pausoak egiten ari direla lan-munduan, eta hurrengo 30-40 urteetan zortzi bat ordu emango dituztela egunero lantokian. Gainera, horiek izango dira hurrengo belaunaldiaren gurasoak eta, ondorioz, hizkuntza transmisioa bermatuko dutenak. > > Gauzak horrela, eta enpresei ere herritarrei bezala euskararekiko erantzukizuna aitortu behar zaienez, zilegi deritzot nolabaiteko pentsaera-aldaketa izan eta hizkuntzen kudeaketari ere errepara diezaiotela eskatzeari. Aurrerapauso handia litzateke hizkuntzaren irizpidea ere aintzat hartzea errotulazioa aldatzerakoan, ohiko komunikazioa idazterakoan, edo jendearekiko harreman gehien dituzten lanpostuetarako langile berriak kontratatzerakoan. > > Euskara normalizatzeari eta prestigioa emateari begira, arduradun politikoek ere dagokien erantzukizuna onartu behar dute. Jendartean pisu handia duten eragileak dira, eta, iritzi sortzaile diren neurrian, ezinbestean elebidunak izan beharko lirateke; beraz, alderdi politikoek haien burua euskalduntzeko epeak zehaztea komenigarria da oso. Helburua lortu bitartean, kuota sistema ezartzearen aldekoa naiz. Honen haritik tira eginez, "pertsona eredugarrien" mapa osatuko nuke: kirolariak, kantariak, idazleak, artistak... hauetako asko euskaldunak dira eta jendearekin hartu-eman handia dute. Izaten dituzten hartu-eman horietan euskarak tokitxo bat izango balu, erabilerak asko irabaziko luke. > > Euskara normalizatzeko, euskara bizitzako arlo guztietan "normaltasun" osoz erabiltzen den hizkuntza dela antzeman behar du herritarrak. Sarritan, euskararen inguruan gizartean zabaldutako kontzeptuak ezkorrak izaten dira: ikasteko zaila da, hizkuntza zaharra da, ez du gazteentzako hizkerarik, politikari lotutako gaia, ez du ezertarako balio... Kontzeptu hauek deuseztatu behar dira, berriak zabaldu eta horiekin identifikatu: euskara ikastea erreza da, milaka lagunek lortu dute, mundu berri bat zabaltzen zaizu, euskarak gauza askotarako balio du, egin beharreko esfortzua ez da alferrikakoa, irabazteko asko dago... Horretarako komunikazio-kanpaina eraginkorrek asko lagun dezakete. > > Eta nola ez, baliabideak, diru baliabideak zein giza baliabideak; behar beharrezkoak dira euskararen normalizazioan. Diru inbertsioak egin behar dira euskararen aldeko prozesuak azkartzeko, beharrezko zerbitzuak bermatzeko, eskaintzaren kalitatea handitzeko, aditu profesionalak prestatzeko eta prestigioa emateko, sentsibilizazio kanpainak egiteko, bestela iristerik izango ez genukeen alor estrategiko eta espezifikoetara iristeko... Berriro Helduen Euskalduntze Alfabetatzea aipatuz, ezinbestekoa da arlo hau baliabidez hornitzea, gero eta prestatuago dauden profesionalen ihesa geldiarazteko. Horrekin batera, Helduen Euskalduntze Alfabetatze sektoreari merezi duen prestigioa onartu behar zaio. > > Eta Helduen Euskalduntze Alfabetatzeari prestigioa eta status egoki bat emate aldera, premiazkoa da Unibertsitatearekin sareak uztartzea. Ez bakarrik horretarako beren-beregi egokitutako ikasketa lerroren bat bideratuz, baizik eta, ikerketari bidea irekita, metodologiaren garapen egokirako eta hizkuntza ikasteko moduen egokitasunak aztertu eta horretan hobetzeko bideak zabalduz. > > Azken hausnarketa bat: azkenaldi honetan behin baino gehiagotan pentsatu izan dut Jaurlaritzan Industria, Hezkuntza, Barne Saila edota Osakidetza dauden moduan Euskara saila ere egon beharko litzatekeela. Norbaitek pentsa dezake ez dela beharrezkoa, Kultura barruan gaur egun dagoen eran ondo dagoela; eta agian horrela da. Baina pentsa dezagun: gizonak eta emakumeak legez berdinak gara, teorian legeak bermatzen du bion artean berezitasunik ez egotea, baina errealitatean denok dakigu ez dela horrela. Hori konpontzearren, Berdintasunaren Ministerioa sortu berri du Zapatero Espainiako Presidenteak. Batzuen ustez, guztiz beharrezkoa; beste batzuentzat, ordea, ez horrenbeste. Niretzat kontuan hartzekoa da, eta, lehen esan dudan legez, Euskararen Normalizaziorako beste akuilu bat izan daiteke, euskarak transbertsalitatea behar du eta. > > Esandako guztiari amaiera emateko hitz bat aipatu nahi dut, besterik ez: elkarlana. Ezer gutxi egingo dugu, asmo hutsalak izango dira euskararen alde egin beharrekoak, nork bere aldetik eginez gero. Nork bere esparruan baina aldamenekoari begiratuz, elkarri lagunduz jardun behar dugu. Horrela lortuko dugu Euskara guztiontzat eta guztion ondasuna izatea; zaindu eta bultzatu behar den ondarea izan dadin lortu behar dugu. Euskal hiztunak ez direnak ikastera eta erabiltzera motibatuak izan daitezela, eta euskal hiztunek erabili dezatela, egoera normala bihur dadila euskararentzat. Jalgi hadi, euskara, Euskal Herriko kale eta plaza guztietara! > > > <br> > **(MERTXE MUGIKA BALANZATEGI AEKren koordinatzaile nagusia da)** > > > - Idazki hau, <i>Euskara 21</i> ekimenaren abiapuntu izan den <a href="http://www.erabili.com/zer_berri/berriak/dokumentuak/2008/Euskara_21_Oinarrizko_Txostena.pdf">Oinarrizko Txostena</a>ri egin zaizkion ekarpenetako bat dugu. > > > <br> > <b>Ildo bereko artikuluak</b> (irakurtzeko gainean sakatu) > > - "Indioen erreserbatik ihesi. Euskara, 21. mendeari begira":http://www.erabili.com/zer_berri/muinetik/1227083832 > > - "Oinarrizko txostenari egindako ekarpena":http://www.erabili.com/zer_berri/muinetik/1226057003 > > - "Euskara 21":http://www.erabili.com/zer_berri/muinetik/1225957101 > > - "Euskararen Aholku Batzordeko kide baten gogoetak":http://www.erabili.com/zer_berri/muinetik/1225704918 > > - "Gardentasunaren alde":http://www.erabili.com/zer_berri/muinetik/1225184125 > > - "Ez dopingik, ez eutanasiarik":http://www.erabili.com/zer_berri/muinetik/1224842402 > > - "Euskara 21":http://www.erabili.com/zer_berri/muinetik/1224667449 > > - "XXI mende hasierako hizkuntza politikaren oinarriak txostenari iradokizunak":http://www.erabili.com/zer_berri/muinetik/1224582728 > > - "Egindakoari eutsi eta egiten segi":http://www.erabili.com/zer_berri/muinetik/1223281870 > > - "Hizkuntza politika berria gazte teknologikoentzat":http://www.erabili.com/zer_berri/muinetik/1222076254 > > - "Euskara, XXI mendeko hizkuntza bizia, egunerokoa eta noranahikoa":http://www.erabili.com/zer_berri/muinetik/1221729936 > > - "Euskara 21":http://www.erabili.com/zer_berri/muinetik/1221644603 > > - "Hizkuntza politikaren oinarriak berpentsatuz":http://www.erabili.com/zer_berri/muinetik/1216188244 > > - "XXI. mende hasierako hizkuntza politikaren oinarriak txostenari ekarpenak":http://www.erabili.com/zer_berri/muinetik/1215592315 > > - "HP21: Oinarrizko Txostena irakurri ondoko zenbait ohar":http://www.erabili.com/zer_berri/muinetik/1215426700 > > > <br> > <table class="taula"><tr><td><img src="http://www.erabili.com/zer_berri/argazkiak/inprimatzeko.gif"></td><td><a href="http://www.erabili.com/zer_berri/muinetik/1227688592/inprimatzeko">Inprimatu </a></td></tr></table>
Galdera garrantzitsua, spammerren kontra
Zenbat dira hiru gehi lau? (zenbakiz idatzi)
Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com