![]() |
Egin klik hemen INPRIMATZEKO |
Ludger Mees / Herri-administrazioa / 2008-11-24 / 08:30
Euskararen Aholku Batzordearen baitan abian jarri den Euskara 21 ekimenaren Oinarrizko Txostenari Ludger Meesek egin dion ekarpena irakur dezakezue jarraian.(*)
XXI. Mende Hasierako Hizkuntza Politikaren Oinarriak izeneko txostena arretaz irakurri ondoren, eta xehetasunetan sartu gabe, aitortu behar dut orokorrean bai txostenak oinarritzat duen filosofia zein bertan jasotzen diren ideia nagusiekin ados nagoela. Testua ausarta iruditzen zait, argudioak gardenak eta proposamenak zenbait kasutan berritzaileak eta ortodoxiaren aurkakoak. Horixe da behar duguna eta horregatik gustura gelditu naiz 66 orrialdeak nireganatu eta gero, bertan, besteak beste, nik neronek ere aspaldian eginak nituen zenbait gogoeta eta ideia aurkitu ditudalako. Ondoren egingo dudan komentarioak ez du, beraz, oso originala izatearen asmorik. Adostasun orokor batetik abiatuta testu bat komentatzea zailagoa baita aurkako jarrera batetik baino. Nire lerroon helburua da txostenaren ideia zenbaitzuetan sakontzea, baina baita ere -gogoeta batzuk txostenean duten orokortasunetik zehaztasunera eramanaz- irakurri ahala bururatu zaizkidan galdera eta arazoak mahai gainean jartzea.
Gaur ondo dakigu goiko (beheko) aipuetan jasotako euskararen etorkizunari buruzko aurreikuspen nekrofilikoak ez direla bete. Euskara ez da desagertu eta. Bi baieztapenok testuinguru historiko berezietan eginak zeuden, gizartearen eraldaketa sakonak markaturiko testuinguruetan, hain zuzen. Humboldtek iraultza politikoaren (Frantzia) eta sozio-ekonomikoaren (Ingalaterra) eraginpean idatzi zuen euskarari buruz pentsatzen zuena, Euskal Herrira bi bidaia egin ostean. Sabino Aranak, berriz, bere alderdikide eta laguna zen Engrazio Aranzadiri goian aipaturiko gutuna bidali zionean, industria iraultzak bi hamarkada luze zeraman Bizkaia eta Gipuzkoako gizarte eta ekonomia egitura hankaz gora jarriz eta gaztelania, modernitatearen hizkuntza bezala, bultzatuz. Humboldt eta Aranaren iragarpen ilunak ez dira bakarrak izan euskarari heriotza azkarra iragartzerakoan. Azkenean, errealitateak gezurtatu egin ditu aurreikuspen horiek eta hori, funtsean, bi arrazoirengatik: alde batetik, hizkuntza gorde eta zaintzeko borondate tinkoa zeukan gizarte mugimendu zabal bat sortu zelako Euskal Herrian, eta, bestetik, Autonomia Estatutuaren bidez borondate tinko horrek aginte politikoaren babes zabala eskuratu zuelako, eta hau benetan funtsezkoa izan zen: etorkizunik eduki nahi duen aginte politikorik gabeko hizkuntzarik ez baitago mundu osoan zehar.
Hala eta guztiz ere, zorioneko bilakaera honek heriotza zigorra momentuz bertan behera utzi baldin badu ere, euskaltzale asko ez gara horretaz jabetu, edo ez dugu horretaz jabetu nahi. Izan ere, askoz errazagoa baita zalantzarik gabe etorriko den apokalipsiaren aurrean makurtzea eta horren morroi bihurtzea, ez hondamendia saihesteko botikarik ez dagoela pentsatzen dugulako, baizik eta dauden botika guztiak gutxiesten ditugulako: botika horiek agian lagundu lezakete haginetako mina gutxitzen -horrela pentsatzen dugu- baina ez ordea gure gorputza harrapatu duen minbizia ezabatzen. No-Future mentalitate honekin bizitzea zaila denez gero, kanpora begira beste itxura eman diogu, desagertzear dagoen eta nekez bizirik jarraitzen duen hizkuntzaren defendatzaile sutsuak bezala aurkezten baitugu geure burua. Euskara indioen erreserba batean jarri dugu giltzapean eta guk zaintzen ditugu erreserba horien mugak kanpotik datorren kalteak aldez aurretik neutralizatzeko. Erreserbaren barruan, hizkuntza bizi eta garatu dadin, laguntza-sare zabal bat asmatu dugu. Hizkuntzaren alde edozer egiten hasi aurretik, mila oztopo ikusten ditugu eta oztopoak gainditu ahal izateko babesa eskatzen dugu. Futbolaren adibidea aipatzearren, gure taktika guztiz defentsiboa da, golak ez jasotzea helburu nagusitzat duena. Halako deskuidu batean kasualitatez beste taldearen atera hurbiltzen garenean, ez zaigu burutik pasa ere egiten gola sartzeko ahaleginak burutzea, horretarako kalitate nahikorik ez dugula iruditzen zaigulako. Gure ahaleginak antzezlan dotore bezain eraginkor batean biltzen dira, beste taldearen arean behin eta berriro antzezten duguna: gure gorputza lurrera botaz eta horrela penaltia disimulatuz, epailearen babes bila egoten gara etengabe, epailearen laguntzarik gabe ezin baitugu golik sartu. Horixe da, behintzat, pentsatzen duguna.
Gure gaira itzuliz, agerian utzi nahi nuen fenomenoa hauxe da: nire ustez kontraesan handi bat dago 21. mendearen hasiera honetan euskarak bizi duen egoera eta horren inguruan eraikitako diskurtso askoren artean. Etorkizunari begira diseinatu beharreko hizkuntza politika orok, nire uste apalean, oinarritzat hartu beharko lituzkeen hiru funtsezko baieztapenak hauexek lirateke:
Jakina, hemen aldarrikatzen den mentalitate aldaketa ezin da gauzatu egun batetik bestera, eta gainera badakit gauzatzekotan ere ez lituzkeela dauden arazoak besterik gabe konponduko. Halere, nekez aurkituko dugu gaur egungo arazoak konpontzeko giltzarik ez badugu abiapuntutzat hartzen analisi errealista eta hizkuntzaren erabilgarritasunean oinarrituriko ikuspegia. Hortik aurrera, guztiz ados nago Oinarrizko Txostenak planteatzen duenarekin, alegia, euskara zalantzarik gabe hizkuntzarik ahulena dela eta, "ahularen aldeko jokabidea garatu behar dute(la) herri-aginteek eta gizarteak oro har" (30. or.). Herritarrok demokratikoki erabakitzen badugu euskara gure kulturaren ondare nagusienetariko bat bezala gorde eta garatu nahi dugula, diskriminazio-positiboak hizkuntza-politikaren ezinbesteko osagai bat izan beharko luke, baina ez bakarra eta ezta nagusia ere.
Askotan orain dela urte batzuetako anekdota bat kontatu izan dut. Artean, etxean nengoenean, goiz askotan semea ikastolara joateko autobus geltokira eramaten zuen aita bakarra izaten nintzen auzoan. Nirekin autobusaren zain hainbat ama, gehienak Zarauztarrak, batzuk inguruko herrietakoak, guztiak euskaldun peto-petoak. Garai hartan, emakume horien hizkuntza-aukeraketa xelebrea bezain eskandalagarria iruditzen zitzaidan: umeekin euskaraz, beraien artean gaztelaniaz. Eskandalagarria iruditzen zitzaidan alde batetik euskara umeentzako hizkuntza zela erakusten zutelako, eta, bestetik, nire aburuz beraien izaerari traizioa egiten ziotelako. Izan ere, euskaldunok -gutxi izanik eta euskaraz hitz egiteko aukera mugatua izan arren- ahal dugunean euskaraz hitz egiteari uko egitea barkatu ezinezko bekatutzat jotzen bainuen.
Gaur egun, ordea, nire iritzia zertxobait aldatu dut. Lehenik eta behin, pertsona orok hitz egin nahi duen hizkuntza aukeratzeko askatasuna eduki behar duela pentsatzen dut eta andre horiek, beste askok bezalaxe, zenbait kasutan gaztelania aukeratzen badute ez dela ezer gertatzen, zerbaitengatik izango da-eta. Gainera, gaztelania euskaldunon bigarren hizkuntza baldin bada eta hemengo kulturaren osagai garrantzitsu bat baldin bada, zergatik ezin du euskaldun batek gaztelania ere erabili nahi duen guztietan? Gaur egun gaizki iruditzen zaidan gauza bakarra -umeen hizkuntza versus helduen hizkuntza bezala laburbildu genezakeen bereizketarekin batera- euskaldun askoren itxurakeria da: denok gara oso abertzaleak, denok euskaltzale sutsuak, denok Kilometroak-en eta antzeko agerraldi publikoetan gure euskaltzaletasuna paseatzeko eta ospatzeko prest egoten gara, baina inork ikusten eta entzuten ez gaituenean gaztelaniara jotzen dugu, inork behartu gabe.
Azken finean, honekin esan nahi dudana ondorengoa da: etorkizunari begira onartu behar dugula elebakartasuna geroz eta gehiago baztertu behar dugula gure bizitzatik, eta hemen ere batzuk proposatzen duten euskarazko elebakartasunari buruz ari naiz. 21. mende honetan, jarrera egokia ez da besterik gabe gaitzestea euskaldun batek gaztelaniaz hitz egiten duenean, baizik eta aukerak jartzea geroz eta euskal herritar gehiagok gutxienez bi hizkuntza ofizialak menderatu eta erabili ditzaten, ahal dela beste hirugarren edo laugarren hizkuntzarekin batera. Historikoki, gizarte liberal eta kapitalistaren ezarpenaren ezaugarri nagusienetarikoa mobilizazio eta komunikazio prozesuak izan dira. Prozesu horien ondorioz, komunikazio esparruak zabaldu egin ziren. Frantses Iraultzaren garaiko herritar askok familiatik kanpoko komunikazioa lantzeko bi aukera izaten zuten nagusiki: igandeko mezaren ostean, eta herriko azoka egunean. Harrez geroztik, komunikatzeko esparruak biziki ugaritu egin dira eta egingo dira. Eta askotan, esparru horietariko bakoitzak komunikatzeko arau bereziak izaten ditu, baita komunikatzeko hizkuntza berezia ere. Esparru guzti horietan euskaraz (edo gaztelaniaz) aritu ahal izateko eskubidea aldarrikatzea asmo nostalgiko bezain arriskutsua da. Behingoz onartu beharko genuke esparru horietariko bakoitzaren ezaugarrien araberako hizkuntza aukeraketa egin beharko genukeela. Hemen adibide asko aipatu genezake, baina ideia orokorra zehazteko gertu dudan bakarren bat aipatuko dut: Unibertsitateko ikerketa. Mundu osoko unibertsitate guztietan ikerketaren kalitatea neurtzeko erabiltzen den irizpidetariko bat ikerlariak estatu eta nazioarte mailako iker-sareetan bere lanaren emaitzak sartzeko eta kontrastatzeko duen gaitasuna izaten da. Horretarako, geroz eta gehiago, nahitaez ingelesa erabiltzera behartuta izaten da. Pentsatu daiteke, beraz, ikerlari euskaldun batek bere ikerketaren emaitza ingelesez nazioarte mailako aldizkari batean argitaratuko duela adituengana iritsi ahal izateko, bere iker-taldearen lankide euskaldunekin artikulua ahoz euskaraz landu eta, behar bada, euskarazko -edo gaztelaniazko- hedabideren batean ikerketaren emaitza dibulgatzen duen bitartean. Alderantzizko bidea ere gertatzen da Euskal Herriko Unibertsitatean: urtero hainbat doktorego tesi euskaraz idazten dira. Euskara bezalako erabat normalizatu gabeko hizkuntza baterako tesi horiek guztiz mesedegarriak izaten dira terminoen eta kontzeptuen kodetze-lanean ekarpen handiak egiten dituztelako. Ikerlari horiek, berriz, ahalegin berezia egin behar izaten dute beraien ikerketen emaitzen berri kanpoko ikerketa-sareetan sartu ahal izateko eta horretarako euskara ez den beste hizkuntza batez baliatu behar izaten dira. Ikuspuntu instituzional batetik aztertua, Euskal Herriko Unibertsitateari bi bideak garrantzitsuak iruditzen zaizkio eta hori dela-eta laguntzak eskaintzen dizkie bai zientziaren euskarazko dibulgazioa landu zein jatorrizko ikerketa euskaraz egin eta horren emaitzak ondoren ingelesez aldizkari espezializatuetan zabaldu nahi dituzten ikertzaileei. Ikerketa burutzeko eta zabaltzeko bidea edozein delarik ere, gauza bat garbi dago: 21. mendearen hasiera honetan, hizkuntza bakar batekin ez goazela inora, are gutxiago unibertsitatearen esparruan. Hizkuntza desberdinak erabiliko ditugu eremu desberdinetan. Aipatu dudan kasu konkretu honetan, ez dago zalantzarik bere doktorego tesia euskaraz idaztea erabaki duen ikerlariak eta baita ere bere ikerketa beste hizkuntza batean burutu duenak eta dibulgazio mailan euskarazko ekarpena egiteko asmoa daukanak ahalegin bereziak egin behar dituela bere asmoa gauzatu ahal izateko. Ahalegin horiek euskararen normalizazio-prozesurako guztiz funtsezkoak direnez gero, herri erakundeek -kasu honetan unibertsitatearen administrazioak- ahalegin horiek sustatzea eta laguntzea erabat beharrezkoa iruditzen zait.
"Borondatea ez da ongi konpontzen bortxarekin. Politikaren ondorioa bada nor edo nor halabeharrez eta ezinbestean hizkuntza bat ikastera eta erabiltzera bultzatzea, zerbaitek huts egiten du". (58. or.)
"Hizkuntza politika malgutasunean eta progresibotasunean oinarritu behar da. Malgua, neurrikoa, eraso gisa sentitzen ez dena, beti ere integratzailea" (58.or.) Orain arteko lerro hauek irakurri dituen orok dagoeneko jakingo du nik Oinarrizko Txostenetik hartutako goiko bi aipu hauekin bat egiten dudala. Halere, kontua ez da hain erraza. Nire tesia da, nahiz eta norbanakoaren borondatea eta guztion "integrazioa" helburu izan, hizkuntza politikak ezin izango duela beti inposaketa eta koertzioa erabat ekidin. Are gehiago: hizkuntza politika neurri batean beti izango da inposatzailea eta koertzitiboa, baina inposatzen duenak gehiengo demokratiko baten borondate kolektiboa izan behar du oinarri, eta gehiengo demokratiko hori ahalik eta zabalena izan dadila ahalegin bereziak egin behar dituzte hizkuntza politikaren arduradunek.
Hemen ere gauzak argiagoak geratuko dira teoriatik eguneroko errealitatera jaisten bagara, eta horretarako berriro ere Euskal Herriko Unibertsitatea hartuko dugu adibidetzat. UPV/EHU bere Estatutuen arabera bi hizkuntza ofizialen erabilera normala bermatzen duen unibertsitate elebiduna da. Hortaz, egun eskaintzen dituen ikasketa gehienak euskaraz zein gaztelaniaz ikasi daitezke. Azken urteotan, euskarazko aukera egiten duten ikasleen kopurua nabarmenki igo egin da eta laster matrikula berria emandako ikasleen erdia baino gehiago izango da euskaraz ikasi nahi duena. Halere, irakasle elebidunen kopurua oso mantso joan da gora, gaur egun % 35a ingurukoa delarik. Euskal Herriko Unibertsitatea unibertsitate publikoa da eta horren ondorioz gizartearen zerbitzuan egon behar du, gizarteak artikulatzen dituen beharrizanak asetze aldera. Unibertsitatea bera elebiduna izanik eta gizartearen zati gero eta handiagoak euskarazko ikasketak eskatzen dituen une honetan, ez dago zalantzarik UPV/EHUk euskarazko irakats-eskaintzaren arlo horretan urratsak eman behar dituela, eta urrats horien artean garrantzitsuenetariko bat irakasle elebidunentzako lanpostuak sortzea da. Hori dela eta ulertu daiteke -Euskara Errektoreordetzak proposatuta eta UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak onetsita- azken urteotan sortu diren irakasleentzako lanpostu gehien gehienak soslai elebidunarekin sortu izana.
Unibertsitatean euskarazko ikasketak eskatzen dituzten gero eta euskaldun gehiago baldin badago, bestelako zerbitzuak ere egoera berrira egokitu behar dira. Horrela, komenigarria eta beharrezkoa da jendaurreko lanpostuetan ere euskara maila bat eskatzea, elkarrizketa sinple bat eramateko baino balio ez duen oinarrizko maila baldin bada ere. Izan ere, 2008an ezin baita onartu sarritan eman ohi den erantzuna ikasle euskaldun batek liburutegi edo atezaintza batean euskaraz zerbait esan duenean: "Vuelve mañana porque el del euskera está por las mañanas". Oinarrizko zerbitzu horiek euskaraz ere eskaini ahal izateko, hurrengo urteetako hizkuntza politika finkatzen duen plan estrategiko baten bidez, besteak beste, atezaintzetako lanpostu guztiei lehengo edo bigarren mailako soslai elebiduna esleitu zaie, lanpostu horietan dauden langileei -adinagatik salbuetsita ez badaude- oinarrizko jakintza maila egiaztatzeko bost urteko epea emanez.
Nire ustez, eta beti horrela defendatu izan dut, neurri horiek dira unibertsitate publiko batek halabeharrez hartu beharreko neurriak, ideologia eta pentsamolde politiko guztien gainetik egon beharko luketen neurriak, hain zuzen. Hori horrela da ez baitut onartzen bere existentzia gizarteari zor dion erakunde publiko batek gizarte horrek eskatzen duena ez betetzea. Eta horretarako, besteak beste, irakasle elebidunak behar dira. Ingelesa irakasten duen hizkuntza akademia batek kontratatuko al ditu ingelesez ez dakiten irakasleak? Horien artean segur aski irakasle bikainak dira, baina akademia horrek ez ditu behar. Zarauzko hondartza zaintzeko igerian dakiten sorosleak kontratatzen badira udaran, igerian ez dakiten gainontzeko hiritar guztien bazterketa diskriminatzaile onartezintzat jo behar al da? Zerbitzu horrek ez al du kalitatea galtzen hiru aldiz 100 metrotako lasterketetan munduko txapelduna izan den baina igerian ez dakien hautagaia kontratatu beharrean inongo curriculumik ez duen baina uretan itotzen ez den izenik gabeko edonor hautatzen baldin badu?
Jakina, galdera horiek erretorikoak dira eta erantzun erraza dute. Unibertsitatean, ordea, tarteka marteka antzeko galderak edo salaketak egiten dira. Azkenekoak, 12 katedradunek prentsan argitaratutako manifestuan ageri dira errektoregorako hauteskundeetan hautagai bakarraren aurkako bozka eskatzeko. Hemen salatzen dena -gaztelaniaz, jakina- besteak beste, hauxe da:
"La contribución decisiva del equipo rectoral para acentuar una presión lingüística injustificable ha conducido a un declive de nuestra universidad. La forzada euskaldunización del PAS {Personal de Administración y Servicios, L.M.}, sin atender a las situaciones y dificultades de una plantilla no consolidada, además de exigir grandes sacrificios personales, no se justifica ni por sus resultados ni por sus costes. Respecto al profesorado, el problema es igualmente grave. Las plazas sin euskera preceptivo han sido prácticamente inexistentes. La confrontación de esta política lingüística con las necesiades expresadas por los centros y departamentos crea disfunciones graves que no tienen justificación. La falta de competencia en la selección de candidatos compromete la calidad de la actividad docente e investigadora de nuestra Universidad. También en la UPV/EHU se debe hablar de sobredosis lingüística. La función de la UPV/EHU no es ser un ámbito privilegiado de construcción de la nación vasca, sino la creación y difusión de conocimiento y la formación de profesionales. Las críticas sobre la política de euskaldunización forzosa de nuestra sociedad también pueden trasladarse a nuestra Universidad".(1)
Manifestu hau eredugarria da antzeko idazkietan errepikatzen diren topikoak eta aurreiritziak lerro gutxietan ongi laburbiltzen dituelako. Zer esanik ez dago Unibertsitateko hizkuntza politika -beste alorretako politika guztiak bezalaxe- eztabaidatu eta kritikatu daitekeela, egin dena eta egiten ari dena ez baita posible den bakarra. Halere, kritika hori sinplekeria eta topikoetan oinarritzeak ez du batera laguntzen benetan eztabaidatu eta iritziak kontrastatu nahi baldin bada. Hemen, funtsean, egiten den salaketa gogorrena da esatea hizkuntza politika ez dela dauden arazoak aztertu eta gainditzeko asmoz egin den analisi arrazional baten ondorioa, inposaketa ideologiko baten ondorioa baizik. Ikuspuntu honen arabera, irakasle elebidunak ez dira kontratatzen beharrezkoak direlako, baizik eta nazionalisten nazioa eraikitzeko tresna direlako. Lehen aipatu dugun matrikularen bilakaeraren analisia ez da egiten. Ez da esaten eskolak emateko, salbuespen oso gutxi izan ezik, gaur egun ez dagoela gaztelaniazko irakasleak kontratatzeko inolako beharrik. Ez da esaten irakasle elebidunen lanpostuak sortzearen alternatiba ez dela lanpostu ez-elebidunak sortzea, baizik eta inongo lanposturik ez sortzea. Ez da esaten lanpostu baterako irakaslea aukeratzea hizkuntza politika definitzen duten arduradunen esku ez dagoela. Horretarako Unibertsitateko sailek osaturiko epaimahaiak daude eta hautagai batek kalifikazio maila nahikorik ez badu, nahiz eta elebiduna izan, lanpostua bete gabe gelditzen da (edo gelditu beharko luke, bestela epaimahaiak bere lana gaizki egingo luke). Ez da esaten Unibertsitatean hizkuntza politika malgutasun handiz aplikatu egiten dela eta hizkuntza eskakizuna inoiz ez dela izan oztoporik kalifikazio eta prestakuntza akademiko handiko irakasle ez-elebidunari ateak isteko: horra hor Euskara Errektoreordetzak emandako hainbat baimen irakasle ez-elebidunek aldi baterako lanpostu elebidunak betetzeko, beraiek epe jakin baten barruan bere burua euskalduntzeko konpromisoa sinatuz gero. Eta bukatzeko, ez da esaten hizkuntza politika hori babesten duen plan estrategikoa (Euskararen Plan Gidaria) UPV/EHUko organo erabakikor gorenak gehiengo handi batez onartu zuela. Nik ulertu dezaket, maila pertsonal batean, lanpostu bat eskuratzeko euskara ikastera behartuta dagoen langileak pentsatzea politika hori ez dela batere "integratzailea", baizik eta bere aurkako "erasoa". Sentipen hori, segur aski, ezin da beti saihestu. Baina, beste alde batetik, kasu honetan Unibertsitateko arduradun eta diru publikoaren kudeatzaile bezala, eskatu beharko nioke langile horri "inposaketa" horren arrazoiak ulertzen saiatzeko, eta euskara ikasi ahal izatea aukera bat bezala, eta ez mehatxu bat bezala ulertzea. Aipaturiko 12 katedradun horiek bezala "inposaketa" eta "mehatxuaren" diskurtsoa publikoki lantzen dutenek, berriz, edozein eztabaidatan sartu baino lehenago, nire ustez argitu beharko luketeen zalantza da benetan elebitasunaren aldeko urratsak emateko prest dauden ala ez. Izan ere, susmo hutsa baino gehiago den inpresioa baitaukat "sobredosis linguistikoaren" salaketa horren atzean egiazko kezka eta hizkuntza politika hobetzeko ardurarekin batera kasu askotan kontrako helburuak nahasten direla: edozein hizkuntza politika geldiarazteko helburuak, hain zuzen. Kasu horietan, "sobredosi" edo "fundamentalismo linguistikoaren" mozorroa erabiltzen da elebitasunaren aurkako jarrera tinko bati itxura emateko. Ez gaitezen inozoak izan: euskara ez den guztia gustura baztertu eta debekatuko luketen muturreko mega-abertzale horiek bezalaxe, egon badaude beste muturrekoak ere: euskara bera modernitaterako balio ez duen bitxikeria anakronikoa bezala mezpreziatzen dutenak, aintzineko historiari buruzko esku-liburuetan edota turistak erakartzeko museoetako bitrina dotoreetan gorde nahiko luketenak, elebitasunean sinisten ez dutenak eta euskararen aldeko neurri guztiak norbanakoaren askatasuna murrizteko eta -garai bateko egoera politikoak behartuta- nazionalistei egindako kontzesiotzat jotzen dituztenak. Eta gainera -hauxe da azken bolada honetan gero eta maizago entzun daitekeen beste argudiotariko bat- denok gaztelaniaz badakigu, eta beraz elkar ulertzeko tresna badaukagu, zergatik eta zertarako artifizialki puztu hainbat hiritarrek ulertzen ez duten hizkuntza bat? Gaztelaniaz jakiteak berdinak egiten bagaitu, euskararen aldeko neurriak bultzatzea berdintasun horren aurkako politika diskriminatzailea litzateke.(2) Eta horrek eramaten gaitu azken komentario bateraino.
"Euskara denona eta denontzat" dio Oinarrizko Txostenaren atal baten izenburuak (54. or.). Bertan, testuak ondorengo baieztapen eta nahiak azaldu ditu: "Euskararen geroa ez da euskaltzaleen -eta are gutxiago, abertzaleen- kontua bakarrik, euskara guztion ondarea denez, guztiok, baita euskaltzale sentitzen ez direnek ere, hartu beharko genuke eginkizun propiotzat gizartean eta gizabanakoen artean euskarari arnasa ematea, erabilera handituz eta elebakartasuna gaindituz".
Ezin dut adostasun handiagorik sentitu baieztapen hauekin. Errealitatea, ordea, ez da horren samurra eta, beraz, zenbait xehetasun eta zehaztapen gehitzea beharrezkoa iruditzen zait baieztapen polit horiek errealistagoak eta eraginkorragoak izan daitezen:
Lerro hauek hasi ditut mentalitatearen aldaketa eskatuz, euskararekiko jarrera baikorragoa eta ofentsibagoan datzan aldaketa, hain zuzen. Bukaeran, berriz, hizkuntza politikaren beharra azpimarratu dut, eta baita politika horren inguruko adostasunaren beharra ere. Bi aldagai horien arteko orekan ikusten dut nik, behintzat, etorkizunerako bidea. Alde batetik, euskara indioen (euskaldunon) erreserban giltzapean gordetzeko eta babesteko tentazioa gainditu behar dugu eta horretarako segur aski biziki maite ditugun zenbait ohiko pentsamolde eta aldarrikapen ahaztu beharko genituzke, hala nola mimetismo linguistikoa ("Gaztelaniak daukan oro nik ere euskararako nahi dut") edo David eta Goliaten arteko nahasketa (euskarak ez du inoiz gaztelaniak duen garrantzi eta eragina izango, gaztelaniak, alemanak edo frantsesak inoiz ingelesak daukan garrantzi eta eragina izango ez duten bezalaxe). Guztietara iritsiko ez garenez, euskararen indar-eta erabilguneak definitu behar ditugu, beti hizkuntzaren kalitatea eta erakargarritasuna sustatzea helburu nagusitzat hartuz. Kalitatean jarri behar dugu arreta, beraz, eta ez kantitatean. Hobe da kalitatea duen eta jendea erakartzen duen ekimen bakarra egitea errutinak bultzaturiko mila ekimen aspergarri egitea baino. Horretarako, beste alde batetik, aginte publikoaren babesa behar da, bera hizkuntza politikaren norabidea definitzen duen eta behar diren baliabideak jarriko dituen eragile demokratikoa baita. Baliabideen banaketak ere beti kalitatea eta erakargarritasunari lotuta egon beharko luke, diru-laguntzaren jarraipena ebaluazio neurgarri baten emaitzaren arabera erabakiko delarik. Zerbait euskaraz edota euskararen alde egiten dela argudiatzea printzipioz, besterik gabe, ez luke nahiko izan beharko aginte publikoaren babesa jasotzeko.
Arestian aipatu bezalaxe, guztiz kontziente naiz hemen aldarrikatu dudan oreka -mentalitatearen aldaketa alde batetik, eta hizkuntza politika berritua bestetik- ez dela egun batetik bestera gauzatuko. Hori dela eta, Euskara 21 gogoeta prozesua bezalako ekimen zabal eta anitzak behar beharrezkotzat jotzen ditut behin eta berriro aldarrikatzen den kontsentsua lantzeko. Eztabaida gizartearen sektore guztietara eramaten saiatu beharko genuke, baita -eta bereziki- Hizkuntza Politikaren Sailburuordetzak abian jarri duen ekimen berri honetan inon ageri ez den sektore batengana: euskal gazteen mundura, hain zuzen. Gogoeta prozesu hau ez da erraza izango, hizkuntza oro komunikatzeko tresna soila baino askoz ere gehiago delako. Globalizatutako mundu honetan hizkuntza gure identitatea osatzeko ezaugarri nagusienetariko bat ere denez gero, eztabaida kontu eta errespetu handiz eraman behar dugu, hori bai, eztabaida honen inplikazio edo sustrai politikoak -askotan ezkutuak- ahaztu gabe. Oinarrizko Txostena lehen urrats garrantzitsua izan da eta bertan ageri diren (edo ageri ez diren) kontuen inguruko nire gogoetak mahai gainean jartzen saiatu naiz aurreko lerroetan. Hemendik aurrera irakurleek esango dute burutazio antzuak baino ez diren ala agian indioen erreserbatik ihes egiteko eta 21. mendeko bidea markatzeko orientabide gisa baliagarri izan litezkeen.
(LUDGER MEES Euskal Herriko Unibertsitateko Euskara errektoreordea da)
Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)
"Pero a su pecularidad nacional preparan las influencias lentas tanto más seguramente el ocaso, al forzar en nuestros días al más pequeño grupo, en el contacto recíproco de casi todos los puntos de Europa unos con otros, a renunciar a su carácter exclusivo. Arrinconan poco a poco su lengua y con ésta se pierde necesariamente a la vez también aquél. Ya en el día tiene que retroceder a la montaña, de decenio en decenio cada vez más, acosada por todos los lados, tratada como por mala madre precisamente por la parte más ilustrada de la nación, y es de prever que su decadencia tomará de aquí en adelante una marcha aún más acelerada (...) En menos de un siglo habrá desaparecido quizás el vascuence de la serie de lenguas vivas (...)" Wilhelm von Humboldt, 1821
"Cuando me pongo a pensar, así sobre esto como sobre la raza, conprendo claramente que esto se va: se va antes que termine el siglo que acaba de empezar. El único remedio está en el dinero: y éste no se encuentra. El aldeano sabe de sobra que el euzkera de nada sirve al hijo. El remedio está, pues, en fundar industrias, adquirir caseríos, sostener compañías navieras, organizar sociedades de artes y oficios, hermandades benéficas y de mutualidad de pesca, de agricultura, de ganadería, apoderarse o abrir vías de comunicación ... nacionalizando todas esas esferas de la vida, de suerte que el euzkera sirva de algo, porque sea obligatorio para tener parte en ellas. ¡Sólo Dios, único Grande y Poderoso puede remediarlo! Es preciso que el euzkera baste, y es el caso que no sirve más que para hablar de las operaciones agrícolas". Sabino Arana Goiri, 1901
![]() | Inprimatu |