![]() |
Egin klik hemen INPRIMATZEKO |
Xabier Mendiguren Bereziartu / Herri-administrazioa / 2008-11-10 / 08:30
Euskararen Aholku Batzordearen baitan abian jarri den Euskara 21 ekimenaren Oinarrizko Txostenari Xabier Mendigurenek egin dion ekarpena ekarri dugu hona.
Komenigarria iruditu zait ekarpenari hasiera ematea, 2008ko apirilaren 9ko datarekin aurkeztutako XXI. mende-hasierarako hizkuntza-politikaren oinarriak txostenaren lehen partean maiz erabiltzen diren kontzeptu batzuen inguruan zenbait hausnarketa eginez. Izan ere, neurri handi batean, bai balantzea bai eta aurrera begirakoa ere egituratzen duten ideiak dira eta horregatik, garrantzi handikoa da kontzeptu horien inguruan egon litezkeen hausnarketa desberdinak plazaratzea. Hona hemen, beraz, ekarpenaren hasiera gisa gure iritzia hainbat gai eztabaidagarriri buruz.
Ustezko arrakastaz
Dokumentuan zehar, behin baino gehiagotan, azpimarratzen da aztertzen ari garen zikloaren emaitza arrakastatsua. "Euskal gizarteak egin duen bide arrakastatsuaren argitan baditugu arrazoiak etorkizunari itxaropen eta ilusioz begiratzeko", "Errealitateak ez digu hil-kanpaien tristuran amiltzeko eta etorkizunari ezkortasunez begiratzeko motiborik ematen". Gauza jakina eta begi-bistakoa da, geldi ez garela egon eta euskararen alde egindakoak asko, interesgarriak, maiz eraginkorrak eta beti herri-mugimendu indartsu batek bultzatuak izan direla. Hala ere, arrakasta kontzeptuak ņabardurak eskatzen ditu, izan ere, arrakasta ez du egindakoak bakarrik definitzen, egin behar zenak eta egin ez denak ere definitzen baitu "arrakasta" kontzeptua. Beraz, triunfalistegiak dira baieztapen horiek, ez baita egia arrakastatsua izan dela, ez baitira lortu lor zitezkeen helburu guztiak eta, dudarik gabe, badugulako etorkizunari kezkaz begiratzeko arrazoi objektibo ugari. Gure uste apalean, beraz, egokiagoa da beroaldiak aparte utzita, mende-laurdenak izan dituen elementu, jardun, proiektu, ideia eta zeregin positiboez eta negatiboez hitz egitea eta, ez arrakastaz, txostenean egiten den bezala.
Bestalde, garrantzi handikoa da azpimarratzea gaur egun, oraindik ere, XXI. mendearen hasieran, euskararen etorkizuna hizkuntza bizi gisa ez duela bermatu aplikatu den hizkuntza-politikak. Gaixoa larri dago, biziko ote den ez dago ziurtaturik, konstante batzuk hobetu dira baina, edozein kasutan bizitza arriskuan du. Oso ohikoa izan da arduradun instituzionalen diskurtsoan euskararen normalizazioa ongi doalako ideia. Hasiera-hasieratik, erabili den diskurtsoa izan da, gaur egun, herritar askoren artean oso hedaturik dagoena eta neurri batez txostenak ere azpimarratzen duena. "Egin behar zena egin dugu" dio arduradun instituzional batek euskararen normalizazioari erreferentzia eginez. Berriro ere, arrakasta egin denaren argitan soilik definiturik, egin ez dena ahazturik. Arrakastatsuak izan garen edo ez epaitzerakoan egiten hasi ez dugun hori ere kontuan hartu behar dugu. Hona hainbat adibide:
Beraz, aitortuz hala ere, urte hauetan guztietan ez garela geldi egon, herri-mugimendu bizi, irudimentsu eta indartsu batek egin duen ekarpena zinez interesgarria izan dela, argi ikusten dugu azken mende-laurdena ezin dela arrakastatsu bezala definitu egin zitekeen asko eta asko eginkizun gelditu delako eta aplikatu den hizkuntza-politikak ez duelako ekarri hizkuntza-eskubideen bermea.
Kontsentsuaz
Etengabe aipatzen eta goraipatzen da "kontsentsua" dokumentu osoan zehar. "Kontsentsu sozial eta politikoa - hori da euskarak ororen gainetik behar duen arnasbide edo makulurik behinena" "Adostasuna da hizkuntza politika orok behar beharrezkoa duen sostengu nagusia..." "adostasuna delako hizkuntza politika orok behar-beharrezkoa duen sostengu nagusia alde berean demokratikoa eta eraginkorra izan nahi badu". Kontzeptua berez ongi dago, ez dago dudarik, euskararen normalizazioa bezalako prozesu luze eta konplexu bat inplikatu guztien adostasunez aurrera eramaterik balego, horixe da jorratu beharreko bidea. Hala ere, kontsentsua bilatu eta adostasuna landu beharrak inplizituki esan nahi dute desberdin pentsatzen dutenen artean negoziatu beharra dagoela, zer negoziatu ordea ez da inon ere aipatzen. Beraz, kontsentsua behar dela esate hutsak ez du ekarpen handiegirik egiten, ezinbestean definitu behar da zer den negoziagaia eta zer ez dagoen negoziatzerik. Hori dokumentuan ez da zehazten eta eskubideak ere negoziagai ote dauden zantzuak ditugu: "Eskubide hori egiazki nola bermatu herritar erdaldunen eskubideekin nola uztartu eta progresibotasuna nola gauzatu horiek dira demokratikoki erabakitzeko puntuak" Begi-bistakoa da hizkuntza-eskubideak nola bermatu ez dela negoziagarri, eskubideak bermatu egin behar dira kasu guztietan, ahalik eta denborarik laburrenean eta, kasu guztietan, epe ezagun baten barruan.
Herri-aginteek egin duten ahaleginaz
Txostenaren alor desberdinetan egiten zaio erreferentzia herri-aginteen zereginari: "Sekulako ahalegina egin da urteotan euskararen alde. Herri aginteen eskutik eta gidaritzapean, gizarte ekimeneko eragile ugarien bultzadaz, euskal gizarteak inoiz ez bezalako indarrak jarri ditu urteotan euskara biziberritzeko lanetan". "Aurrerakada hori gertatzea ezinezkoa izango litzateke, halaber, herri-erakundeen aitzindaritza eta konpromisorik gabe". "Euskarak ez du bere historian inoiz izan herri-erakundeen aldetik urteotan jaso duen babes edo bultzadaren parekorik edo antzekorik". Autokritikarik ez da testuan aurkitzen. Instituzioek gidatu dute, egin behar zena egin dute, inoiz ez bezalako indarrak jarri dituzte eta historiako unerik gozoena bizi izan dugu. Errealitatea ordea, ez da hain gozoa, zoritxarrez. Azken 25 urte hauetan aplikatu den hizkuntza-politikak une askotan gidaritza baino noraeza areago adierazi du. Ikus ditzagun adibide batzuk:
Progresibotasunaz
Ez da asko esatea prozesu sozial konplexua den euskararen normalizazioa progresiboki landu behar dela esatea. Ez dugu asko esaten goizetik gauera ezin dela dena lortu esanez. Kezkatzen gaituena da nola erabili izan den progresibitatearen kontzeptua kritika saihesteko eta "dena ongi doan" irudia emateko. Euskararen alde zerbait egite hutsak balorazio positiboa eskatzen du, positiboki baloratu behar da eta norbait kexu agertzen bada ez delako nahikoa egiten, orduantxe agertzen da "progresibitatea" arduradun politikoaren salbatzaile gisa. Hizkuntza-politika, politika planifikatua da, horixe du ezaugarri eta progresibitatea soilik plangintza baten barruan kokatzen den kontzeptua da. Progresibitatea hitz hutsa da ez baditu esplizituki ezarriak hasiera- eta bukaera-datak. Eztabaida liteke bi puntuen arteko denbora-tartea txikia ala handia den, baina hori zilegi da. Baina ez da zilegi bukaera-datarik gabeko plangintza baten barruan progresibitatea argudiatzea egiten denaren inguruko kritika sortzen denean. Urte hauetan guztietan ezagutu dugun hizkuntza-politikaren ezaugarririk desegokiena da hori. Izan ere, sistematikoki saihestu dira epeak eta horiek ezarri diren kasuetan ez dira eskubideak bermatu beharrarekin erlazionaturik egon, baizik eta ezagutza-tasarekin derrigortasun-daten kasuan bezala. Euskararen normalizazioa, fenomeno soziala den neurrian, gizarteko alor guztietan eragin behar dugu politikaren bitartez eta horrek epe eta helburu zehatzak dituen politika planifikatua eskatzen du, existitu ez dena, eta gabezia horri kritika egin zaionean kritikatzaileari eraso zaio gaia saihestuz.
Nafarroako Gobernua ere, Eusko Jaurlaritza bezala, progresiboki ari da duela 25 urte baino egoera hobean dago euskara Nafarroan baina denok dakigu euskara ez dela normalizatzen ari herrialde horretan. Nafarroako Gobernuak ere progresiboki ari dela argudia lezake, Eusko Jaurlaritza bezala, eperik gabe ari baita lanean. Honako galdera eredu hauek egin beharko lizkioke bere buruari euskara normalizatu nahi duen arduradun politikoak:
Alor, Sektore eta Sail guztietan lan egin beharko litzateke epeak oso garbi daudela eta orduantxe argudiatu ahal izango genuke progresibotasuna, bitartean ez.
Bestalde, progresibotasuna eta gardentasuna bateraezinak diren bi kontzeptu dira. Administrazioko langile bakoitzaren mahai gainean herritarrok ikusteko moduan eta inork kentzeko modurik ez duela langile horrek noiz atendituko gaituen euskaraz irakurri beharko genuke. Administrazioak noiz lan egingo duen euskaraz ikusi beharko genuke bulego ofizial batean sartzen garen bakoitzean eta alor pribatuan ere gisa bereko informazioa beharko genuke. Horrela ulerturik onargarria da progresibotasunaren kontzeptua baina, orain arte bezala erabiltzeak kontrako ondorioak ditu. Hau da, gardentasun falta, ez dakigulako prozesuak noiz bukatzen diren eta terminoaren erabilera zitala da, normalizazio-prozesua gidatzeko dauden ezintasunak ezkutatzen baititu.
Erabileraz
Dokumentuaren tesi nagusia da behar baino gutxiago erabiltzen dela. "Erabilera da giltzarria". "erabiliz bakarrik zorrotz daiteke "aizkora" eta kamuts bada erabiltzaileek lukete errua (Euskaldunek berek dute errua esan zuen Axularrek)". "Erabilera da etorkizunaren giltzarria baina legeak ezin du bermatu, hiritarrek baizik" "lehen baino askoz ere gehiago egiten dugu euskaraz?" Azken galderak horrek erantzun erraza du. BAI. Inoiz baino gehiago egiten da, lehen egiten ez zen lekuetan eta horra hor garrantzitsuena: dugun ezagutza-tasa zein den kontuan hartuz espero daitekeen erabilera-tasa oso altua da. Horrela, diskurtso ofizialean esaten zaigunaren kontra euskaldunaren hizkuntzarekiko atxikimendua handia da eta aukera duenean euskaraz egin ohi du, salbuespenak gorabehera. Salbuespena bihurtu da arau orokor, beraz, hori ez da kasualitatearen ondorioa. Izan ere, azken 25 urteotan, hizkuntza-politika gidatu duen tesi nagusiak porrot egin duela ezkutatzeko esaten da gutxi erabiltzen dela. Tesi horren arabera, nahikoa zen belaunaldi berriak euskalduntzea euskara normalizatzeko, beraz, hortxe jarri da indar guztia gizarte-espazioak euskalduntzea neurri handi batez baztertuz, agian pentsatuz, belaunaldi berri euskaldunek berez euskaldunduko zituztela espazio horiek beren presentzia hutsarekin. Txostenak ere, tesiaren okerra aipatzen du: "eskola euskalduntzearekin eta neurri apalagoan bada ere euskal irrati eta telebista publikoa edukitzearekin, ondorengo belaunaldiak behin betikoz salbatuko dute euskara: hori uste izan du 80ko hamarkadako belaunaldiak, eta uste horren gainean eraiki da urteotan hizkuntza politikari eman zaion bultzada emateko beharrezko izan den adostasuna. Uste horrek ordea, erdia ustel du". Nolanahi ere, tesia okerra dela aipatzen bada ere, ardurak saihesten dituenaren erredakzioa du izan ere, uste hori 80ko belaunaldiak izan duela dioen lekuan, hizkuntza-politikaren ardura izan dutenek izan dutela esan behar zuen eta horren gainean eraiki dena ez da adostasuna, baizik eta hizkuntza-politika bera. Dokumentuan joera handiegia dago arduradun politikoen ardurak saihesteko beste batzuei egotziz egoeraren ardura zuzenean edo zeharka. Hizkuntza-politika lideratzea instituzioen zeregina izan bada, egoeraren ardura nagusia ere haiei dagokie eta, hala ere, ez dago autokritika sendorik dokumentuan.
Bestalde, esan behar dugu, erabileraz hitz egiten dugunean, ahozko komunikazioa datorkigula nagusiki burura baina, irakurtzea eta entzutea ere komunikazioa da. Etiketak irakurtzea, hedabideak kontsumitzea, erosten ditugun produktuen argibideak euskaraz irakurtzea, publizitatea, eta abar luze bat ere erabilera da eta hori ez dago erabiltzaileen borondatearen baitan. Beraz, ez da guztiz egia legeek ezin dutela erabilera bermatu. Legez bermatu behar da erabilera-saioak ez direla zapuztuko eta eskubideak ez direla urratuko eta hori legez bakarrik egin liteke. Ardura politikoa saihesteko modua da hori argudiatzea, hizkuntza-politikak arauak sortu behar ditu alor guztietan, zehatzak, herritarrak babesteko modukoak, eskubideak urratzen dituztenei zigorra ezarri behar zaie, zerbitzu guztiak euskaraz jasotzeko aukera ugaria dagoela bermatu behar da legez eta hori egin denean, ez bada erabiltzen, orduan leporatu ahal izango zaio euskaldunari zabarkeria.
Bestalde, komunikazio-saio ugari zapuzteak emozionalki eragiten dio euskaldunari eta zama horrekin bizi behar du etengabe. Egoera horrek markatu egiten du eta beste komunikazio-saio batzuk hasi behar dituenean ezagutzen ez duen jendearekin zama hori beti egongo da presente. Beraz, ez da bidezkoa euskaldunei egoeraren errua leporatzea.
Eskolaren zeregina normalizazio-prozesuan
Urte ugari eman dugu hizkuntza-politikaren tesi nagusia okerra zela esanez. Urte askotan politikaren ardura izan duten agintari politikoek uste izan dute belaunaldi berriak euskaldunduz iritsiko ginela normalizaziora. Helduen euskalduntzeak urte askotan izan duen bazterkeria ere tesi nagusi horren ondorioa da. Behin baino gehiagotan hitz egin diote belaunaldi galduaz erreferentzia eginez populazio helduari eta indarrak belaunaldi berrien prestakuntzara bideratu dituzte. Horregatik da euskalduntzearen ikuspuntutik Sailik aurreratuena. Hala ere, bertan aurki dezakegu hizkuntza politikaren bigarren desoreka estrukturala eta estrategikoa. Urte askotan ez zaio indarrez ekin gizarte-espazioen euskalduntzeari belaunaldi berrien inkorporazioak berez euskaldunduko zituela pentsatuz. Orain belaunaldi horiei leporatzen zaie ez dutela erabiltzen eta ondorioz horiena da errua baina politika diseinatu dutenena da nagusiki ardura, ez baitute aurreikusi norbanakoak euskalduntzearekin batera ezinbestekoa zela gizarte-espazioak euskalduntzea. Orain eskolak euskalduntzen du (hori ere partzialki eta ez nahiko eta beharko genukeen intentsitatez) eta gizarteak erdalduntzen alde batean irabazten duguna bestean galaraziz. Hizkuntza-politika desorekatu baten ondorio lazgarria da hori.
Eskolak belaunaldi berriak osorik euskaldundu ditzake, ez dago arrazoi teknikorik hori horrela ez izateko. Urrun dago hala ere helburu hori lortzetik eta beharrezkoa litzateke erreforma sakon bat helburu hori bete ahal izateko.
Euskararen aldeko neurriez
Dokumentuan zehar hainbat aldiz aipatzen da ideia lauso bat. Ideia horrek zerbait ezkutatzen du baina ez dago argibiderik. Eskertzekoa litzateke adibideren bat ematea edo bestela kendu egin beharko lirateke aipamen lauso horiek: "euskararen aldekoa dirudien neurri sustatzaile oro ez da berez eta nahitaez euskararen aldeko" "bere alde edozer egitea ez da bide segurua euskararentzako" "zenbait herritar euskaratik uxatzen dituzten jarduerak borondaterik onenez bultzatuak izan arren, ez dira euskararentzat onuragarri" "neurri eraginkorrak behar dira nahitaez euskara indartzeko, baina edozer ez da onargarri ezta komenigarri ere". Etengabe aipatzen da kontzeptu hau era oso lausoan, zer esan nahi den argi azaldu beharko litzateke, bestela kendu egin behar dira aipamenok, ez baita garbi ulertzen zer esan nahi den.
Boluntarismoaz
Pasarte iluna da boluntarismoaz ari dena. Alde batetik, ez delako definitzen zer den boluntarismoa. "Bereziki inportantea da etorkizuneko hizkuntza politika diseinatzerakoan boluntarismoa alde batera uztea. Militantzia beharrezkoa dugu, baina boluntarismoa ezin da izan hizkuntza politikaren oinarri". "Ezin esan beti boluntarismotik guztiz salbu egon garenik baina etorkizunari begira beharrezkoa dugu errealitatearen mugak eta errealitateak bere barnean dituen arau sozial idatzi gabeak ahazten dituen boluntarismoari ateak ixtea". Ikusten denez oso iluna da testua. Ez dakigu zer diren arau sozial idatzi gabeak, nola jakin idatzi gabeak badira, ez dakigu nola definitzen den boluntarismoa, militantzia eta boluntarismoa desberdinak direla suma dezakegu baina, zein den desberdintasuna ez dago jakiterik. Dokumentuak erredakzio iluna du hainbat pasartetan eta hau da adibiderik nabarmenetako bat. Iluntasun hori areagotu egiten da aurrera begira ere boluntarismoari buruzko aipamena egitean: "Boluntarismoak ez luke, beraz, inolako hizkuntza politikaren oinarri izan behar, horretatik euskarak ez bailuke deus irabaziko".
Definizioz euskararen normalizazioaren alde hartzen diren erabakien eta esleitzen diren baliabideen multzoak osatzen du hizkuntza-politika. Bi elementu horien arteko oreka ezinbestekoa da politika eraginkor bat nahi badugu. Edozein kasutan, hizkuntza-eskubideen kontzeptua ardatz nagusia da hizkuntza-politika diseinatzerakoan, politika horren lehen zeregina eskubideak bermatzea baita. Horretarako, eskubideok bere alor eta hedadura guztietan babestuko dituen arkitektura juridiko-legala beharrezkoa da. Zehatza izan behar du arauak, interpretazioei aukerarik emango ez diena; beraz, honako hauek dira arkitektura juridiko horren ezaugarri nagusiak:
Azpimarratzekoa da, hizkuntza-politika, kasu guztietan presente dagoen politika dela, euskararen alde zerbait egiten denean eta ezer egiten ez denean ere. Horrekin esan nahi dugu, euskararen aldeko neurriak ez hartzea ere hizkuntza-politika dela eta gainerako politiketan hizkuntza-irizpiderik ez hartzea ere, hizkuntza-politika egitea dela. Etxebizitza-politikaz hizkuntza-politika egiten da, osasungintzaz ere, hizkuntza-politika egiten da, turismoa, merkataritza, herrizaingoa... Sail guzti-guztietan egiten da hizkuntza-politika, euskararen aldekoa izan daitekeena edo kontrakoa. Beraz, ez dago jarrera neutralik, kasu guzti-guztietan existitzen da hizkuntza-politika, oso gutxi baitira pertsonen artean hizkuntza erabili gabe burutzen diren ekintzak.
Horregatik, oso garbi izan behar dugu, zer ezaugarrik definitzen duten hizkuntza-politika egokia eta horren arabera lan egin. Hona hemen, beraz, hizkuntza-politika egoki batek izan behar dituen ezaugarriak:
Normalizazio-prozesu batek hizkuntza-egoera irauli behar du eta, eraginkorra izango bada, gizarte osoari eragin behar dio. Beraz, Administrazio guztiak daude inplikaturik. Administrazioen artean eskuduntza-banaketa egiten dute kudeaketaren eraginkortasunaren ikuspuntutik, hori dela eta, Administrazio bakoitzak kudeatzen duen eskuduntza horietako bakoitza euskararen normalizazio-prozesuaren zerbitzuan jarri behar du. Funtsezkoa da era koordinatuan lan egitea eta kasu guztietan normalizazio-prozesuaren beharrek administrazioaren autonomia eta antzeko kontzeptuen gainetik egon behar dute. Une bakoitzean eta leku bakoitzean dagokiona egin behar da, era planifikatuan eta koordinazio estuan; horrela ez egiteak normalizazio-prozesua bera baldintzatzen baitu. Normalizazio-prozesuak Zuzendaritza politikoa izan behar du, organigrama orokorreko gailurrean kokaturik gainerako Sailetan zuzen eta nabarmenki eragiteko modukoa.
Zuzendaritza horrek izaera exekutiboa izango du eta bere barnean bi adar: alde batetik, teknikoak, prozesuaren bilakaera etengabe ebaluatzeko, nazioarteko esperientziak aztertu, egokitu eta, hala balegokio, indarrean jartzeko, aplikatzen diren estrategien eraginkortasuna neurtzeko eta abarretarako; eta bestaldetik, soziala, euskararen normalizazioaren alde modu eta forma desberdinez ari diren taldeen, enpresen eta norbanakoen ahotsa entzun, haien esperientziaz baliatu eta ezinbestekoa izango den ekimen soziala indartu eta erabiltzeko. Zuzendaritza politikoa, soziala eta tekniko batek gidatuko du, beraz, normalizazio-prozesua eta horrek berak gidatu behar du Administrazio desberdinek egin behar duten politika.
Gaur egun hauxe da hizkuntza-politikak duen hutsunerik nabarmenetako bat. Ez da lan egiten epe zehatzekin, euskaldundu beharreko alor bakoitza jardun amaigabean dago murgilduta. Beti ari gara, beti gaude atzo baino hobeto baina ez dakigu noiz iritsiko garen helmugara, ez maila estrategikoan ezta taktikoan ere. Alor garrantzitsu asko batere eperik eta jardunik gabe ditugu herritarren borondate hutsaren eskuetan galduta. Alor askok ez dute atzean politika eraginkor bat eta horrek politikari berari noraeza ezartzen dio. Kosta ala kosta gainditu egin behar da horrela lan egiteko ohitura.
Gastatzeko moduari buruzko hausnarketa zabala egin behar da eta beldurra galdu behar diogu eskubideen berme juridiko legalari, beste gauza batzuen artean hizkuntza-eskubideak ere giza eskubideak direlako.
Une guztietan, norbanakoek zer motibazio duten, zer oztopo aurkitzen duten aztertu behar da eta, era berean, espazioak euskalduntzeko unean ere, zer motibazio sozialekin egiten dugun topo eta zer oztopo aurkitzen dugun ere aztertu behar dugu. Ezagutza unibertsalizatzeko bidea jorratzen dugun neurri berean gizartean espazioak irabazi behar dira erabilera areagotzeko, hauxe da hizkuntza politika egoki baten diseinuan beti presente izan behar dugun ideia. Beren burua elikatzen duten bi bide dira: ezagutzeak erabiltzeko aukera irekitzen du eta erabiltzeak ezagutzeko gogoa pizten du baina, era berean, zirkulua ez bada norabide horretan ari alderantzikatu egiten da joera normalizazio-prozesuaren kaltetan. Norbanakoak motibazioz iristen dira ezagutzara eta horiek sorburu desberdina izan dezakete eta espazioak funtsean hizkuntza-politikaz euskalduntzen dira, zailagoa baita motibazio kontzeptua talde bati egokitzea.
Azken 25 urte hauetan ezagutu ditugun harreman desegokiak bukatu beharra dago. Hizkuntza-politika Instituzioen ardura dela esateak ez dakar inplizituki haiena bakarrik dela esatea. Normalizazio-prozesua fenomeno soziala da, konplexua, gizartea bere osoan inplikatzen duena eta, ondorioz, etengabeko komunikaziotik, lankidetza zintzotik, konplizitatetik eraiki behar da hizkuntza politika eraginkorra izango bada. Kontrol-nahiak, bikoizketak, eta abar, ez da inondik inora, euskararen normalizazioak behar duen harremana Administrazioaren eta herri-mugimenduaren artean.
Orain arte ezagutu dugun hizkuntza-politikak ez du ikuspegi oso hori izan. Ez da aurreikusi, esate baterako, euskaldundutako belaunaldi berriak lan-mundura pasatzen direnean haien euskalduntasuna garatzeko aukerarik ez zutela eta, ondorioz, ikasitakoa galduko zutela askok eta askok familian euskara erabiltzeko aukerarik ez izateagatik. Ez da aurreikusi, Hezkuntza Sistemak irakasle euskaldunak behar zituela eta gaur egun oraindik ere Magisteriotik gaztelaniaz bakarrik irakasteko gai diren irakasleak ateratzen dira; berdin gertatzen da osasun-alorrarekin ere, Unibertsitateak ez dira gauza izan behar genituen profesional euskaldunak sortzeko eta gaur egun arazoak ditugu lanpostu batzuk betetzeko; ez zen aurreikusi helduen euskalduntzeak duen garrantzi estrategikoa eta milaka aukera galdu ditugu mugimenduaren parte handi bat bazterturik egon delako urte askotan. Hizkuntza-politikan hartzen den neurri bakoitzak eragina du multzo osoan eta horiek aurreikusi beharra dago eraginkorrak izan nahi badugu.
Honaino hizkuntza-politika egokiak eta eraginkorrak, gure ustez, izan behar dituen ezaugarri nagusiei buruzkoa. Hala ere, hizkuntza baten normalizazioa hizkuntza-ohiturak aldatzeko norbanakoen eta kolektiboen borondateak mugitzea den neurrian, komenigarria da oso kontuan hartzea hizkuntza batean irautera edota ikastera eramaten gaituzten arrazoiak zein diren. Aztertu behar dugu ere, hizkuntza-politikak nola eragin dezakeen borondate horietan, nola erraz ditzakeen bideak eta nola neutraliza ditzakeen kontrako indarrak.
Nonbaitetik hasi behar da euskararen normalizazio-prozesua bizkortzeko ahaleginetan. Hori dela eta, behar beharrezkoa du euskararen normalizazioak lozorrotik aterako duten talka-neurriak hartzea bide egokian jartzeko. Hona hemen, beraz, lehentasuneko hainbat neurri eraginkor hizkuntza-politikak behar duen norabide-aldaketa egiten hasteko:
Gaur egun euskarak duen estatusa desorekatua da gaztelaniak duenarekiko. Hizkuntzen arteko oreka garrantzi handikoa da estatusaz ari garenean. Izan ere, gaur egun gaztelania ezagutu beharrekoa izatea eta euskarak estatus hori ez izateak, eragozpen ugari sortzeaz aparte, egin daitekeen hizkuntza-politika baldintzatu egiten du. Behin estatus hori zehaztu ondoren arkitektura juridikoa bere osoan aztertu beharko litzateke. Honako hauek erreforma presazkoa beharko lukete:
Helduak ez dira galdutako belaunaldia. Gaur egunean jokatzen dugu euskararen etorkizuna eta ondorioz, helduek zeregin garrantzitsua dute eredugarriak izan baitaitezke atzetik datozenentzat. Euskarak Hezkuntza-sistemaren bitartez ikasteko aukera izan ez dutenentzat doakoa izan behar du eta, gainera, mota guztietako erraztasunak eman behar zaizkie hori posible izateko, batez ere, lan arloko ordutegiaren malgutasunari dagokionean.
Bestalde, motibazio pragmatikoak direnez helduak masiboki euskarara erakartzeko dugun biderik eraginkorrena eta horiek hizkuntza-politikak sortzen dituenez erabaki estrategiko batzuk hartu beharko dira (Funtzionario izateko euskararen ezagutza ezinbestekoa izatea, Administrazioarekin harremanak dituzten enpresek euskarazko zerbitzua bermatu behar izatea, euskarazko zerbitzua bermatzea azpikontrata guztietan...) eta bereziki aztertu erabaki horiek hartu baino lehenago sektorean izango duten eragina emaitzaren arrakasta ziurtatzeko.
Eskubidezkoa da informazioa euskaraz jasotzea mota guztietako hedabideetan. Hori dela eta, erabilera kuotak ezarriko zaizkie EAEn lan egiten duten hedabide guztiei eskubideok bermatzeko bidean.
Dokumentuaren bigarren parteak hainbat hausnarketa eskatzen du zabaltzen dituen ideia batzuen inguruan. Guri behintzat pasarte askok zer pentsatua eman digute eta hausnarketa horiek konpartitu nahiko genituzke eztabaida argitu nahian. Hona hemen:
1. "Herritar gehienen borondatera eta gogora egokitu behar da arian-arian gorpuzten den hizkuntza politika".
Hizkuntza-eskubideak bermatzea ez da "joko demokratikoan" kokatzen den zerbait. Oso garbi izan behar dugu gaur egun, eskubideok sistematikoki urratzen direla eta egoera hori bukatzeko politika eraginkorrak behar direla. Dudarik gabe, hartu beharreko neurriak onar daitezen populazioaren sektore handi batzuen aldetik neurrien zergatikoa ongi azaldu behar da, baina, edozein kasutan, hizkuntza-politika ardazten duen kontzeptua eskubideen bermea da.
Bestalde, bitxia gertatzen da printzipio hau hizkuntza-politikari aplikatzea eta ez bestelako politikei. Inork ez du esaten, esate baterako, etxebizitza-politika herritar gehienen borondatearen arabera egin behar dela, edo ogasun-politika edo garraio-politika. Kasu horietan interes orokorraren aipamena egiten da. Zer da bestalde, interes orokor handiagokoa hizkuntzaren normalizazioa baino?
2. "Behar-beharrezkoa da gero eta jende gehiagorentzat hizkuntza erakargarri, atsegin eta naturala izatea".
Hizkuntza guztiak dira berez, atseginak eta naturalak. Inork ez du hizkuntza baten aldeko pausoa ematen halako edo bestelako hizkuntza atsegina eta naturala delako. Erabaki horiek ikuspegi pragmatikoz hartzen ditugu, hau da gure bizitza normalean beharrezkotzat jotzen dugulako hizkuntza ezagutzea. Ikusi, bestela, ingelesaren fenomenoa diogunaren adierazgarria delako. Ingelesaren alde pragmatikoa da erakargarri egiten duena, internet, turismoa, bibliografia... denak du ikuspegi praktikoa.
Euskarara, beharrezkotzat jotzen duenean, hurbilduko da herritarra eta hizkuntza gutxituaz ari garenean hizkuntza-politika eraginkorrak bakarrik lor dezake hori. Ingelesaren beharrezkotasuna induzitua da, dudarik gabe. Erabaki estrategiko askoren emaitza da, hizkuntza horri dagokionez, gaur dugun ikusmolde hori eraiki duena. Euskararekin, beraz, bide bera jorratu behar dugu, hau da, beharrezko bihurtuko duen hainbat erabaki estrategiko hartu behar dira. Horrek aldatuko ditu motibazioak.
3. "Gaur egun gure gizartean elebidunak, kasu askotan, uko egin behar izaten dio hizkuntza-aukera baliatzeari".
Gaizki formulatutako esaldia da. Izan ere, elebidunak ez dio inoiz uko egiten hizkuntza-aukerari beste gauza batzuen artean bi dituelako. Euskaldunak bai egin behar izaten dio uko bere euskalduntasunari, elebakarraren diktaduraren eraginez. Beldur handia diogu errealitatea deskribatzeari, izan ere, elebakarraren diktadura da arazoaren sorburua, bere ezjakintasunak behartzen gaitu euskara ez erabiltzera, haren ezjakintasuna da inposizio-biderik gogorrena. Gogoratu behar dugu, XXI. mendearen hasieran oraindik ere, elebakar askoren moduak euskaldunekiko onartezinak direla eta haien jarrera zurrunak emozionalki kalte egiten digula, euskararen aldeko hautu librea erabat baldintzatuz.
4. "Esaten da ez dela munduan benetan elebiduna den gizarterik, argudiatzen da elebitasun simetrikoa ez dela inon gertatzen eta hori hemen ere ezinezkoa dela". "Elebitasun simetrikoari dagokionez, ez dakigu benetan eraiki ahalko dugun baina nahitaezkoa da posible balitz bezala jardutea".
Argudiatzen da eta gainera, aditu guztiek onartzen duten zerbait da. Elebitasun simetrikoaren aldarria alor politikoan eta ezjakin askoren ahotan soilik kokatzen da. Elebitasuna fenomeno pasakorra da, une historiko jakin batean gertatzen dena, hizkuntza bat ordezkatze-prozesua jasaten ari denean. Beraz, bukaerako helburu bezala inoiz beteko ez den zerbait definitzea, ez da egokia. Elebitasun asimetrikoa aldarrikatzea ezinezkoa izango dela jakinda, ez da egokia. Beraz, hemen ere, komenigarria da helburua egoki formulatzea. Euskararen normalizazioak ekarri behar digu egoera bat, non herritar guztiek euskara duten lehentasunezko komunikazio hizkuntza eta, gainera, nahi dituzten hizkuntzak ezagutzen dituzte beren garapen pertsonalerako egokiak jotzen dituzten neurrian. Hori da normalizazioaren formulazio egoki bat.
5. "Ezinezkoa da euskal gizarte elebakarra".
Ezinezkoa ez da. Badira gizarte elebakarrak, beraz ez dugu arrazoirik ikusten ezinezkoa izateko. Beste kontu bat da desiragarria ote den. Argi dago ezetz, guk behintzat herritar eleaniztunez osaturiko gizartea nahi dugu, non euskara den ohiko eta lehentasunezko komunikazio hizkuntza.
6. "Testuinguru horretan euskara hedatzearen aldeko politika neurtu egin behar dugu, hiztun-elkartea bera ahuldu nahi ez badugu".
Aldrebeskeria nabarmena da ideia hori. Gaur egun euskararen erabilerak duen arazorik handiena ezagutza-tasa urria den neurrian, nola izango da hiztun-elkartea ahultzeko bidea ezagutza unibertsalaren aldeko pausoak ematea? Gainera, helburu bezala definitu duten elebitasun simetrikoarekin borrokan dago ideia hau. Belaunaldi berriak oso-osorik euskaldundu behar dira, erabili nahi dutenentzat oztopo eta eragozpen izan ez daitezen. Inork ez luke argudiatu beharko ez dakiela, horrela bakarrik gara genezake eraginkortasunez euskarazko aho-komunikazioa. Beraz, guztiz desegokia deritzogu ideia horri.
7. "Onartu beharra dugu gure gizarte hau ez dela benetan elebiduna izango beste 25 urtean".
Denbora faktorea garrantzi handikoa da. Euskararen normalizazioa prozesu luzea izango bada ere, epeak definitu behar dira eta, ondorioz, hizkuntza-politikaren inguruko hausnarketa egin nahi duen dokumentu batean ez litzateke hitz egin beharko lortuko ez dugunaz, definitu beharko litzateke zer lor dezakegun datozen 25 urteotan eta ildo horretan ekarpenik ez dago. Gure ustez, ordea, ongi lan eginez gero eta hizkuntza-politika eraginkorra abiatuz gero ezagutza unibertsaletik oso gertu egon gintezke. Hitz egin dezagun bada horretaz, defini dezagun helburua eta lan egin dezagun hura bete dadin.
8. "Beldurrik gabe onartu behar dugu, euskararen interesetik begiratuta ez zaigula komeni hizkuntza politikaren diskurtsoa eskubideen inguruan bakarrik ardaztea, eta eskubidea dugulako eta horregatik bakarrik gaztelaniaz dagoen guztia euskaraz ere jartzen saiatzea". "Beldurrik gabe, onartu beharko genuke etorkizuneko gizartean ohikoa izango dela hizkuntza bakoitzak bere erabilera-eremuak izatea".
Beldurra eta beldurraren aipamena. Ez dugu beldurrik ezer onartzeko baina, ez dugu konpartitzen ideia beste elementu batzuek ardaztu behar dutela hizkuntza-politika iradokitzen delako eta, gure ustez, behintzat, hizkuntza-eskubideen bermeak ardaztu behar du hizkuntza-politika. Eskubideak sistematikoki urratzen dira eta egoera hori bukatzeko behar dugu hizkuntza-politika, ez beste ezertarako.
9. "Ateak itxi behar zaizkio ildo politiko eta ideologiko jakinekin euskara lerrokatzeari".
25 urtez etengabe erabili izan den esamoldea da hau. Oso kontzeptu eztabaidagarria da, izan ere, euskararen normalizazioaren kontra dagoenaren ildo politiko ideologikoa baino hitzez alde egon baina praktikan kontra ari denaren ildo politiko eta ideologikoa kaltegarriagoa da euskararentzat. Tesi politiko desberdinetatik euskararen alde ari dena ongi ari da, edozein izanik ere duen motibazio politiko eta ideologikoa. Euskararen aldekoen motibazio ideologiko-politikoak direla beste batzuk erakartzeko oztopo pentsatzea zentzurik gabea da. Gaur egun euskararen normalizazioaren alde edozein lerrotatik lan egin daiteke, borondatea besterik ez da behar, aitzakia guztiak alde batera utzita.
Bestalde, hizkuntza politikaz ari gara, politikoek egiten dute politika eta den-denek dute beren lerroa; beraz, euskara lerrokatzea zer den ez dago batere garbi.
10. "Hemen beti izan ditugu maila batean edo bestean bi hizkuntza".
Gehitu beharko litzateke duela gutxi arte hizkuntza-politika bakarra, euskararen kontrakoa hain zuzen ere. Ez dugu ahaztu behar urte askotan, garai errepublikarretan eta diktatorialetan, baita lehenagoko beste aldi historiko batzuetan ere, kasu guztietan euskara desagertzea bilatzen zuen hizkuntza-politika aplikatu zaigula.
11. "Hizkuntza-politikak balore demokratikoak ditu oinarri eta ez bortxa eta inposizioa", "onartezina litzateke, hizkuntza kontuetan, gauzak bortxaz egitea eta inposizioan oinarritzea, hiztunen eskubidea borondateak bakarrik segurta baitezake".
Bortxa eta inposizioa gaur egun alde bakarrean dago. Garbi utzi behar dugu ideia hau. Euskaldunak dira beren hizkuntza-eskubideak sistematikoki urratuak dituztenak, bortxaz eta inposizioz. Legez ezartzen zaigu gaztelania ezagutu beharra eta hori ez da inposiziotzat hartzen, gure bizitzaren une askotan, etengabe gaztelania erabiltzera behartzen gaituzte eta euskarak alor askotan, inposizioz duen presentzia, hutsaren hurrengoa da. Euskaldunon eskubideak bermatu behar ditu hizkuntza-politikak eta horretarako neurri eraginkorrak behar ditugu eta horietako batzuk nahitaez izango dira inposatzaileak.
12. "Hizkuntza-politika malgutasunean eta progresibotasunean oinarritu behar da. Malgua, neurrikoa, eraso gisa sentitzen ez dena, beti ere integratzailea".
Dagoeneko esana dugu malgutasuna eta progresibitatearen kontzeptuak denbora faktorearekin jarri behar direla ezinbestean harremanetan; bestela, hitz hutsak dira.
13. "Denok ohartu behar dugu, eta onartu, eskubideak, gutxi batzuk kenduta (bizitzeko eskubidea, adibidez) ez direla modu absolutuan gertatzen".
Ez dugu garbi ikusten zergatik onartu behar dugun hori. Bizitza galtzen baduzu dena galtzen duzu eta era berean, euskalduntasuna kentzen badigute ez gara gu; beraz, dena galdu dugu, izana galdu dugu-eta.
14. "25 urte pasatxotan hizkuntza politikaren ildorik eta lorpenik garrantzitsuena, dudarik gabe, irakaskuntza elebiduna izan da".
Ez dago dudarik, lorpenik garrantzitsuena da; beraz, horrek berak definitzen du nola lan egin den beste alor batzuetan. Hala ere, hezkuntza-sistemak EAEn ez du lortzen belaunaldi berriak euskalduntzea, D ereduak bi heren euskalduntzen ditu (16 urterekin B2 maila eskuratzea), B-k heren bat eta A-k inor ere ez du euskalduntzen. Unibertsitateek ez dute oraindik eskaintza euskaldundu, Lanbide Heziketaren egoera tamalgarria da. Egoera hau ezagutuz eta kritikatuz urte ugari eman baditugu ere, oraindik ez da sistema hori eraberritzea lortu.
15. "Administrazioak eskaintzen dituen askotariko zerbitzuetan hizkuntza-irizpideak ezartzea dakar, zalantzarik gabe, boluntarismo oro baztertuz eta besteren artean administrazioko langileen euskararen eskakizuna erabilerarekin uztartuz, ezinbestean".
Langileen eskubideak hizkuntza-eskubideak bermatzeko bidean muga izan dira, azken urteotan, eta proposamenean horrela izatea iradokitzen da. Administrazioak euskaraz noiz lan egingo duen definitu beharko litzateke jadanik, lanpostu guztiek izan beharko lukete derrigortasun-data, eta ez litzateke kontratatu beharko hizkuntza ofiziala den euskara ez dakien inor.
(XABIER MENDIGUREN BEREZIARTU Kontseiluko idazkari nagusia da)
Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)
![]() | Inprimatu |