Egin klik hemen INPRIMATZEKO


Euskara 21

Jasone Mendizabal / Herri-administrazioa / 2008-11-06 / 08:40


Txostena lehenengo pertsonan idatzita dago enkargua maila partikularrean egin baitzait. Edozelan eta txostenari haria nik jarri badiot ere, Topaguneako hainbat bazkide, lankide eta zuzendaritza kidek eman diote gorputza. Jarraian aurkezten den gogoeta beraz, kide hauek guztiek egindako ekarpenekin egindako elkarlanaren emaitza da.



Oinarrizko txostenaz bi hitz

Oinarrizko txostenaz bi hitz

Oinarrizko txostenaren inguruan gustatu zaidana:

  1. Eskertzekoa da txostengileek adostutako lan bat aurkeztu izana. Ariketa eredugarria da hori.
  2. Proposamen berritzaileak eta gako interesgarriak aurkitu ditut oinarrizko txostenean. Erabilera sustatzea izan du ardatz momenturo eta ikuspegi horrekin guztiz bat nator.
  3. Euskararen etorkizuna euskal hiztunen borondatean eta atxikimenduari lotuta dagoen ideiarekin guztiz bat nator, beti ere borondate eta atxikimendu antolatu hori areagotzeko, laguntzeko eta sustatzeko herri erakundeek duten erantzukizuna ahaztu gabe. Euskararen aldeko atxikimendua diodanean, egunerokotasunean euskaraz bizitzeak eta euskal hizkuntza komunitatearen iruditegiak hiztunarenagan sortzen duen eraginak, herritarrari euskal hiztuna bezala hazi eta osatzeko ematen dion aldekotasun aktiboari buruz ari naiz eta bereziki euskal hizkuntza komunitateak bere burua antolatzeko eta erakundetzeko egiten duen ahaleginaz.
  4. Herri erakundeen eta gizarte ekimenaren arteko elkarlana aldarrikatzen du, nire iritzian ezinbestean bultzatu beharrekoa da hori. Are gehiago, herritarren euskararekiko atxikimendua hizkuntza politikaren ardatzetako bat izango bada, eta hala behar dela uste dut, gizarte mugimenduko elkarteak sustatzeko eginkizuna ere bere egin beharko lukete herri erakundeek.

Faltan bota izan ditudan zenbait kontu:

  1. Euskararen bilakaeraren eta egungo egoeraren inguruan egiten diren hainbat baieztapen egiterakoan horiek hornituko lituzketen datu zehatzak eskaintzea.
  2. Zenbait balorazio egiterakoan eta bereziki boluntarismoari erreferentzia eginez, balorazio orokorregi eta borobilegiak aurkitu ditut, horien gainean zein interpretazio egin zaila egin zaidalarik. Baloraziook adibide zehatzei lotuta argigarriagoak ziratekeen eta gaizki ulertzeak ekidingo lirateke.
  3. Zenbait alditan jomugatzat izan beharreko helburuak "euskararen interesen" baitan aurkezten dira oinarrizko txostenean, euskara pertsonengandik at edo kanpo balego bezala. Iruditzen zait euskararen interesa beti ere pertsonen baitan, herritarren interesen baitan defendatu beharra dagoela eta euskal hiztunen komunitatearen baitan bereziki.
  4. Oinarrizko txostenean faltan bota dut euskal hiztunen borondatea eta atxikimendua aipatu direnetan, aipamen berezia ez egin izana euskal hizkuntza komunitateak bere garapenerako daukan antolamendu eta erakundetzeari eta hauei esker eta hainbeste jenderen saiakerari esker, eguneroko zailtasunen gainetik euskaraz bizi ahal izateko egindako ahaleginari aitorpena ere faltan bota dut. Euskara bizirik badago euskal hizkuntza komunitateak, euskaldun bakoitzak egindako ahaleginagatik izan da.
  5. Norbanakoek beraien borondatea aurrera eramateko eta antolatzeko gizarte ekimeneko elkarteak daude eta horien sustatzea eta bultzada subsidiarioa da herri erakundeei dagokiena. Demokrazian herri erakundeek herritarren beharrei erantzuteko betebeharra daukate eta ekimen pribatuei laguntza subsidiarioa emateko erantzukizuna. Hizkuntza politikari dagokionez ere horixe da eskatu beharrekoa herri erakundeei.
  6. Bortxaz eta gehiegikeriaz mintzatu dira hainbatetan txostengileak eta beti ere euskal hiztunen komunitateari erreferentzia eginez. Uste dut ez direla egokiak aipamen horiek. Adierazpen horiekin euskal hiztunen komunitateak bortxa eta gehiegikeria erabili izan dituela pentsa daiteke, eta ez nator bat ideia horrekin, malgutasunez jokatu izan duen gizarte sektorerik egon baldin bada, euskal hiztunena izan da hori. Euskal hiztunok berriz, bortxa behin eta berriro jasaten dugu euskara erabiltzeko hautua egin eta parekoak ulertzen ez digunean.
  7. Ia-euskaldunak ez dira oinarrizko txostenean aipatu ere egiten. Adibidez, euskaldunok gutxiengoa osatzen dugula aipatzean ia-euskaldunak ahaztu direlakoan nago.
  8. Gure artean dauden eta gero eta gehiago egongo diren hizkuntzen eta horien hiztunen gaineko gogoeta ere faltan bota dut.
  9. EAEtik kanpoko euskaldunak aipatu ez izana. EAEtik ezin da arautu EAEtik kanporako, baina EAEko euskaldunak ezin dira ulertu EAEtik kanpokoak gabe, hiztun komunitate bakarra baikara.
  10. Hizkuntza Politikarako oinarri izango diren hainbat printzipio eta gogoeta orokor proposatu dira oinarrizko txostenean, hala ere horien interpretaziorako, gauzapenerako eta aplikaziorako zehaztasun gutxiegi eskaintzen ditu. Suposatzen dut geroko lana izango dela hori.

Txostenaz atalez atal


GAUR EGUNEKO EGOERAREN EZAUGARRI NAGUSIAK


XXI. MENDE HASIERAKO HIZKUNTZA POLITIKAREN ZIMENTARRIAK ETA ERRONKA

Ondorioak

  1. Euskara bizirik badago euskal hizkuntza komunitateak, euskaldunek, egindako ahaleginagatik izan da. Aitorpen hori ezinbesteko oinarria da.
  2. Legeak bakarrik ez du euskal hizkuntza komunitatea indartuko baina aukera berdintasuna bermatzen dituzten legeak beharrezko ditugu.
  3. Euskal hizkuntza komunitatearen bizi-indar etnolinguistikoa indartzeko biderik eraginkorrenak laburbiltzekotan lau lan ardatz azpimarratuko nituzke:
  4. Gizarte mugimenduaren garrantzia eta beharra azpimarratu nahi ditut eta uste dut beharrezkoa dela gizarte ekimenean kokatzen diren eta euskararen alde diharduten erakunde ezberdinei banan-banan erreparatzea eta "euskalgintza"-tzat ezagutzen den erakunde multzo horretan bakoitzaren funtzioaz eta lanaz aritzea. Euskaldunen nahiari eta atxikimenduari buruz mintzatzen dira oinarrizko txostenean eta norbanakoaren garrantzia kendu gabe azpimarratu nahiko nuke norbanakoek badituztela mekanismoak beraien nahia bideratzeko eta mekanismo horietako indartsuena bere burua antolatzen gauzatzen da. Gizarte ekimeneko erakunde bakoitza gizartean dagoen behar jakin bati (euskararen sustapenarekin lotuta noski) erantzuteko antolatzen da eta hortik abiatuta bideratzen ditu bere ekimenak. Horiexek dira hain zuzen ere administrazioak kontuan hartu beharreko solaskideak eta horren sostengu izango den hizkuntza politika diseinatzea dagokio administrazioari. Zentzu horretan administrazioaren eta eragile bakoitzaren artean adostasunetara heltzeko ariketa egin beharra dago etengabe. Ez naiz aspertuko errepikatzen: administrazioak euskal hizkuntza komunitatea hartu behar du ardatz eta gizarte ekimenari laguntza subsidiarioa emateko helburuaz diseinatu behar du hizkuntza politika.
  5. Nik Topagunea eta Euskara Elkarteen mugimendua ezagutzen dut gertutik eta euskararen erabilerari dagokionez gizarteko hutsuneei erantzuteko bi lan ardatz nagusi dituzte martxan: euskaraz aritzeko aukera berriak sortzeko guneak eta zerbitzuak antolatzea eta tokian tokiko euskal hizkuntza komunitateko boluntariotza euskararen alde antolatzea. Lan ardatz hauek epe luzerako dira eta elkarteok administrazioarekin elkarlanean aritzeko duten borondatea argia da eta herriz herri garatzen da. Euskara Elkarteek eta hauen ekimenek administrazioaren aldetik epe luzerako laguntzak behar dituzte, hitzarmen bidez adostu beharrekoak. Ez al da posible administrazioaren eta euskara elkarteen arteko protokolo bat adostea non bakoitzaren funtzioak elkarri aitortzen zaizkion? Posible eta beharrezkoa delakoan nago.
  6. Aurrekoarekin lotuta, ez al da posible administrazioaren eta euskara sustatzea helburu duen gizarte ekimeneko erakunde bakoitzarekin banan banako eztabaida prozesuak ireki eta protokolo bat adostea, non bakoitzaren funtzioak elkarri aitortzen zaizkion eta elkarlanerako hitzarmen esparruak adosten diren? Posible eta beharrezkoa delakoan nago.


(JASONE MENDIZABAL ALTUNA Topagunea Euskara Elkarteen Federazioko zuzendaria da)


Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)


Inprimatu



Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.com/zer_berri/muinetik/1225957101