|
Txostena lehenengo pertsonan idatzita dago enkargua maila partikularrean egin baitzait. Edozelan eta txostenari haria nik jarri badiot ere, Topaguneako hainbat bazkide, lankide eta zuzendaritza kidek eman diote gorputza. Jarraian aurkezten den gogoeta beraz, kide hauek guztiek egindako ekarpenekin egindako elkarlanaren emaitza da.
Oinarrizko txostenaz bi hitz
Oinarrizko txostenaz bi hitz
Oinarrizko txostenaren inguruan gustatu zaidana:
- Eskertzekoa da txostengileek adostutako lan bat aurkeztu izana. Ariketa eredugarria da hori.
- Proposamen berritzaileak eta gako interesgarriak aurkitu ditut oinarrizko txostenean. Erabilera sustatzea izan du ardatz momenturo eta ikuspegi horrekin guztiz bat nator.
- Euskararen etorkizuna euskal hiztunen borondatean eta atxikimenduari lotuta dagoen ideiarekin guztiz bat nator, beti ere borondate eta atxikimendu antolatu hori areagotzeko, laguntzeko eta sustatzeko herri erakundeek duten erantzukizuna ahaztu gabe. Euskararen aldeko atxikimendua diodanean, egunerokotasunean euskaraz bizitzeak eta euskal hizkuntza komunitatearen iruditegiak hiztunarenagan sortzen duen eraginak, herritarrari euskal hiztuna bezala hazi eta osatzeko ematen dion aldekotasun aktiboari buruz ari naiz eta bereziki euskal hizkuntza komunitateak bere burua antolatzeko eta erakundetzeko egiten duen ahaleginaz.
- Herri erakundeen eta gizarte ekimenaren arteko elkarlana aldarrikatzen du, nire iritzian ezinbestean bultzatu beharrekoa da hori. Are gehiago, herritarren euskararekiko atxikimendua hizkuntza politikaren ardatzetako bat izango bada, eta hala behar dela uste dut, gizarte mugimenduko elkarteak sustatzeko eginkizuna ere bere egin beharko lukete herri erakundeek.
Faltan bota izan ditudan zenbait kontu:
- Euskararen bilakaeraren eta egungo egoeraren inguruan egiten diren hainbat baieztapen egiterakoan horiek hornituko lituzketen datu zehatzak eskaintzea.
- Zenbait balorazio egiterakoan eta bereziki boluntarismoari erreferentzia eginez, balorazio orokorregi eta borobilegiak aurkitu ditut, horien gainean zein interpretazio egin zaila egin zaidalarik. Baloraziook adibide zehatzei lotuta argigarriagoak ziratekeen eta gaizki ulertzeak ekidingo lirateke.
- Zenbait alditan jomugatzat izan beharreko helburuak "euskararen interesen" baitan aurkezten dira oinarrizko txostenean, euskara pertsonengandik at edo kanpo balego bezala. Iruditzen zait euskararen interesa beti ere pertsonen baitan, herritarren interesen baitan defendatu beharra dagoela eta euskal hiztunen komunitatearen baitan bereziki.
- Oinarrizko txostenean faltan bota dut euskal hiztunen borondatea eta atxikimendua aipatu direnetan, aipamen berezia ez egin izana euskal hizkuntza komunitateak bere garapenerako daukan antolamendu eta erakundetzeari eta hauei esker eta hainbeste jenderen saiakerari esker, eguneroko zailtasunen gainetik euskaraz bizi ahal izateko egindako ahaleginari aitorpena ere faltan bota dut. Euskara bizirik badago euskal hizkuntza komunitateak, euskaldun bakoitzak egindako ahaleginagatik izan da.
- Norbanakoek beraien borondatea aurrera eramateko eta antolatzeko gizarte ekimeneko elkarteak daude eta horien sustatzea eta bultzada subsidiarioa da herri erakundeei dagokiena. Demokrazian herri erakundeek herritarren beharrei erantzuteko betebeharra daukate eta ekimen pribatuei laguntza subsidiarioa emateko erantzukizuna. Hizkuntza politikari dagokionez ere horixe da eskatu beharrekoa herri erakundeei.
- Bortxaz eta gehiegikeriaz mintzatu dira hainbatetan txostengileak eta beti ere euskal hiztunen komunitateari erreferentzia eginez. Uste dut ez direla egokiak aipamen horiek. Adierazpen horiekin euskal hiztunen komunitateak bortxa eta gehiegikeria erabili izan dituela pentsa daiteke, eta ez nator bat ideia horrekin, malgutasunez jokatu izan duen gizarte sektorerik egon baldin bada, euskal hiztunena izan da hori. Euskal hiztunok berriz, bortxa behin eta berriro jasaten dugu euskara erabiltzeko hautua egin eta parekoak ulertzen ez digunean.
- Ia-euskaldunak ez dira oinarrizko txostenean aipatu ere egiten. Adibidez, euskaldunok gutxiengoa osatzen dugula aipatzean ia-euskaldunak ahaztu direlakoan nago.
- Gure artean dauden eta gero eta gehiago egongo diren hizkuntzen eta horien hiztunen gaineko gogoeta ere faltan bota dut.
- EAEtik kanpoko euskaldunak aipatu ez izana. EAEtik ezin da arautu EAEtik kanporako, baina EAEko euskaldunak ezin dira ulertu EAEtik kanpokoak gabe, hiztun komunitate bakarra baikara.
- Hizkuntza Politikarako oinarri izango diren hainbat printzipio eta gogoeta orokor proposatu dira oinarrizko txostenean, hala ere horien interpretaziorako, gauzapenerako eta aplikaziorako zehaztasun gutxiegi eskaintzen ditu. Suposatzen dut geroko lana izango dela hori.
Txostenaz atalez atal
GAUR EGUNEKO EGOERAREN EZAUGARRI NAGUSIAK
- Euskararen gizarte-bilakaeraz
- Euskararen etorkizuna bermatzeko baldintzekin bat nator: lege-marko egokia, hizkuntza politika eraginkorra eta baliabideak eta herritarren atxikimendua, beti ere azken hauen antolaketa eta erakundetzearen bidez.
- Abiapuntu legalaz
"Ba al da gaurko euskal gizartean herritar gehienek euskararen alde eman nahiko luketen pausorik eta Euskararen Legeak edo gainerako lege-arauek trabatzen duelako bertan behera erortzen denik?"
- Txostengileek botatako galdera hau egokiena den nire zalantzak ditut. Akaso honako galdera egokiagoa litzateke: ba al da gaurko euskal gizartean herritarrik euskaraz bizi ahal izateko eman nahiko lukeen pausorik eta Euskararen Legeak edo gainerako lege-arauek trabatzen dutelako bertan behera erortzen denik? Txostengileak herritar gehienen borondateaz ari dira, hala ere, iruditzen zait euskaradunen komunitatea komunitate gutxitua izanik galdera hau ezin dugula gehiengoaren baitan formulatu, eta gehienez euskal hizkuntza komunitateari zabaldu beharko litzaiokeela. Hori bai, euskal hizkuntza komunitatearen eskariak bizikidetza arauetan oinarritu beharko lirateke.
- Euskaldunak gutxiengoa izanik ere, gure eskubideak ukatzea ez da onargarria.
- Uste dut legeak euskara erabiltzeko eskubidea aitortzen badigu ere, eskubide horren gauzapenerako ezinbestean eman beharreko baldintza eman dadin (parekoak euskara gutxienez ulertzea) ez duela behar besteko ez babesik ez eta aitortzarik egiten. Puntu hau korapilatsua dela jabe naiz eta ez da nire asmoa inondik inora hemen esandakoarekin bat-batean herritarrak euskara ikastera behartzea, ez. Baina bai euskaradunei aitortu behar zaiela elkarbizitzarako eta gizarte kohesiorako defizitean dagoen herritar multzoa erdal elebakarrena dela. Gainera ezin da ahaztu gure herri honetan behin eta berriro malgutasunez jokatzea euskal elebidunei tokatu zaigula eta tokatzen ari zaigula eta malgutasunez jokatzea herritar guztiei dagokigula. Sentsibilitate handiz tratatu beharreko gaia da hau zalantzarik gabe. Erdal elebakarrak euskaraz ez jakiteko hamaika arrazoi daude, eta defizit hori ezin zaie beraien borondate ezari egotzi, ez kasu gehienetan behinik behin. Oinarrizko txostenean geroago aldarrikatzen den elebitasuna erdiesteari begira legea bi hizkuntzen ezagutza bermatzeko obligazioa jasotzera ere heldu beharko litzateke, aukera berdintasuna emango bada, beti ere arau honen aplikaziorako txostenean bertan jasota dauden progresibotasuna eta malgutasuna ardatz izanik baina helburua garbi edukita.
- Egungo errealitatea da euskaraz ez dakitenek daukagun legean oinarrituta trabatzen dutela gizarte kohesioa.
- Aurreko pasartean lege aldaketa desiragarria dela aldarrikatzen badut ere, euskara ezagutzeko betebeharra legez jasotzearekin batera (ziurrenik eta hobe lehenago) euskara jakiteak euskaldunei zein erdaldunei ekarriko dizkien onurez jabetzeko prozesu bat irekitzea ezinbestekoa izango dela uste dut.
"Kontua da, euskara den baino indartsuago ez bada, euskararen normalizazioaren aldeko jardunean gauzak aurrerago joan ez badira, gizarteak oro har mugak ezartzen dituelako dela, errealitatea baita hizkuntza politikaren abiadurari eta nondik norakoari mugak ezartzen dizkiona".
- Ez nago ados baieztapen honekin. Uste dut euskararen normalizazioaren aldeko jardunean gauzak aurrerago joan ez badira gizarteak jarritako mugak baino beste faktore askok eragin dutela. Gehiegizkoa iruditzen zait gizarteak berak ezarritako mugei egoztea euskara den baino indartsuagoa ez izatea.
- Zalantzarik ez daukat legeak bakarrik ez duela bermatzen euskararen normalizazioa, hala ere iruditzen zait hauen aplikazioan herri erakundeen erantzukizuna ezin dela ahaztu honetan guztian eta erakunde publikoek eta hauetan jarduten duten alderdi politikoek erabakitako hizkuntza politiken inguruan autokritika egin beharra daukatela baita ere. Oinarrizko txostenean geroago aipatzen den bezala hizkuntza politika etengabe ebaluatu beharra dago eta erantzukizuna herritarren borondate ezari egotzi eta bere ardurari garrantzia kentzea baino, erantzukizunez jokatzea dagokiela erakunde publikoei. Horren harira azpimarratu nahiko nuke herritarrek gizarte mugimenduan kokatzen diren elkarteetan erakundetuta dutela beraien borondatea adierazteko tresnarik eraginkorrenetakoa. Bozen bidezkoa da tresna demokratiko nagusiena, eta printzipio demokratikoak ezin ditugu ahaztu, baina honen harira gogoeta bat egin nahi nuke. Azken 25 urteotan, oinarrizko txostenak erreferentzia egiten dion garaiari lotu guran, alderdi politikoak euskarari dagokionez herritarren eskakizunak jaso eta bideratzeko gai izan dira? Esango nuke ezetz. Esango nuke herritarrak eta gizarte mugimenduak askoz aurreratuago egon direla zentzu horretan, eta etorkizunera begira ere bai alderdiek eta baita erakundeek onarpen eta errespetu handiagoa erakutsi beharko lieketela gizarte mugimenduan kokatzen diren aldarrikapen eta proposamenei.
- Autojustifikaziorako eta egindako lanaz gain besterik egin ez zitekeela egiatzat jotzeko egindako esaldiak direla iruditzen zait. Lehenik eta behin herritar gehienei ez zaielako galdetu horren inguruan. Bestetik balizko gizarte borondateak moldatu, indartu, hauspotu edo urtu egin litezkeelako momentuko interesen arabera. Bestetik, hizkuntzaren inguruan egituratuta dagoen gizarte eremuek behin eta berriz eskatu dituztelako erantzunik izan ez dituzten aurrerapausoak. Eta azkenik errealitatea ertzaz beterik dagoelako, ez delako bakarra, eta errealitatearen zein arlo hartzen dugun, konklusioa ez delako berdina izango. Komunikabide indartsuenen ildo editorialei entzun edo euskara elkarte bateko kide bati entzun, erantzuna ezberdina izango da.
- Errealitatearen justifikazioa ateratzea Hizkuntza Politikaren aurrerapauso ezaren sustrai gisa ez da bidezkoa. Noski errealitateak abiadura eta norabidea mugatzen duela, ez da dudarik. Kontua da ea argudio horrek balio duen "euskararen normalizazioaren aldeko jardunean gauzak aurrerago joan" ez izanaren arrazoitzat. Errealitateak berak eta esperientziak erakusten digu ez dela hala, eta askotan herri-erakundeen utzikeriak, borondate faltak, balizko erreakzioei beldurrak edo interes politikoek eragin dutela hizkuntza politikaren norabide eta abiaduran denik.
- Egungo lege-markoaren ezaugarri nagusiei buruz honako puntuak azpimarratzen dira txostenean:
- 1. Euskara Euskal Herriko hizkuntza propioa da
- 2. Euskara ofiziala da EAEn, gaztelania bezala
- 3. Herritar guztiek dute euskara eta gaztelania jakiteko eta erabiltzeko eskubidea, eta herri-erakundeei dagokie eskubide hori bermatzea
- 4. Legearen (eta hizkuntza politikaren) helburua euskara normalizatzea eta elebitasuna erdiestea da
- 5. Dibertsitate soziolinguistikoa eta progresibotasuna dira Legearen ezaugarri nagusietarikoak
- Ez nuke lege kontuetan indar gehiegirik jarri nahi, txostengileen oinarrizko tesiarekin bat egiten baitut, legeak bakarrik ez du bermatuko euskararen normalizazioa. Edozelan txostenean jasotzen ez diren zenbait konstatazio hona ekartzea interesgarritzat jotzen dut:
- Euskara ofiziala da EAEn baina ez euskararen gainontzeko lurralde guztietan.
- Euskararen ofizialtasuna Autonomi Erkidegoaren lurralde osora hedatzen dela aipatzen da oinarrizko txostenean eta gaztelaniaren ofizialtasunaren pare-parekoa dela, berdina dela dio. Gainera honako ere gehitzen da:
"... herritarren eskubideetan oinarritzen da gure Erkidegoan hizkuntza politika osoa, ez hizkuntzaren eskubideetan edota lurraldearenetan. Herritarrek, herritar guztiek, dituzte hizkuntza-eskubideak, eta, izan, guztiek berdinak dituzte".
- Txostenean jasotako hori egia bada ere, herritar guztiek dituzte eskubide berdinak, baina legean jasotakoaren arabera ezberdinak dira herritarren betebeharrak hizkuntza bakoitzari lotuta. Gogora ekarri beharra dago Espainiako konstituzioko hirugarren artikuluak dioena:
"1. Gaztelania da Espainiako Estatuaren hizkuntza ofiziala. Espainol guztiek jakin behar dute eta erabiltzeko eskubidea dute. 2. Espainiako beste hizkuntzak ere ofizialak izango dira haiei dagozkien Erkidego Autonomoetan berauen Estatutoei dagozkien eran. 3. Espainiako hizkuntza mota ezberdinen aberastasuna kultur ondare bat da eta hura babes eta begirunegarri izango da".
- Jakina, gaztelera ezagutzeko obligazioa daukagu baina gainontzeko hizkuntza ofizialak ezagutzeko obligazioa Autonomi Erkidego bakoitzak erabakitzen duenaren baitan dago.
- Kataluniako estatutuak adibidez honakoa dio besteak beste bere 6. artikuluan:
1.Katalana da Kataluniako berezko hizkuntza. Hala, bada, bai herri administrazioetan bai Kataluniako herri-komunikabideetan katalana da usuen eta lehenen erabiltzeko hizkuntza, eta irakaskuntzan ere normalean katalana erabili ohi da bai komunikaziorako bai ikasteko.
2.Katalana da Kataluniako hizkuntza ofiziala. Gaztelania ere bada, Espainiako estatuko hizkuntza ofiziala baita. Pertsona orok du bi hizkuntza ofizialak erabiltzeko eskubidea, eta Kataluniako herritarrek, biak jakiteko eskubidea eta eginbeharra. Kataluniako botere publikoen ardura da eskubide horiek erabili ahal izateko eta eginbehar hori betetzeko beharrezko neurriak hartzea. Dena dela, 32. artikuluan ezarritakoaren arabera, ezin da bereizkeriarik egon hizkuntza bata erabili nahiz bestea erabili.
Beraz, katalanen eskubideei ez ezik katalanera ezagutzeko eginbeharrari ere egiten dio erreferentzia estatutuak.
- Euskal Autonomi Erkidegoan berriz herritarren eskubideetan oinarritzen da legea eta horien bermea herri aginteei egozten zaie. Horrez gain, hezkuntzan euskararen ezagutza bermatu beharra ere arautzen du, "benetan erabiltzeko besteko adina menperatuta", euskararen legeko hurrengo artikuluan ikus daitekeen bezala.
17. artikulua. Jaurlaritzak, derrigorrezko ikastaldia bukatzerakoan ikasleek, aukera berdinetan, bi hizkuntza ofizialak benetan erabiltzeko adina menperatuko dituztela ziurtatzera bideratutako neurri guztiak hartuko ditu; halaber, euskal giroa ziurtatuko du, euskara (ikastetxeetako) barne-nahiz kanpo-jardueretan eta administrazio-ekintza eta–dokumentuetan ohiko tresna bihurtuz.
- Zalantzarik ez daukat egungo lege-markoak euskal herritarrei aitortzen dizkien eskubideak garrantzitsuak direla eta etorkizuneko belaunaldiei begira hezkuntzarekiko lege-exijentziak aukerak ematen dituela, horren gauzapenerako egun indarrean dauden ereduen politiken eraginkortasuna gora behera. Hala ere, azpimarratuko nuke herri-aginteekin harremanean azken hauek herritarrekiko dituzten betebeharrak argiak (hauen exekuzioa ez hainbeste) badira ere, herritarren arteko harremanean bizikidetza eta gizarte kohesioa bermatzeko elebakartasunak ez duela laguntzen eta etorkizunean elebitasun efektiboa bilatzen badugu, etorri beharko dela eguna legeak ere euskaraz jakiteko betebeharra jasoko duena, bereziki erakundeetako agintariek euskaraz jakitekoa. Besterik da gaur egun horretarako baldintzak ematen diren ala ez.
- Bestalde, legeari buruzko puntu honetan txostengileek aipatzen dituzten hurrengo ideiekin bat nator:
"... euskararen erabilera normaltzea esan nahi da, hots, euskara gizarteko eginbide guztietan normaltasunez erabiltzeko aukera izatea".
"... ahulenaren aldeko jokabidea garatu behar dute herri-aginteek eta gizarteak oro har".
- Baina kezkatzen nau azpian jasotzen diren zenbait puntu demokratikoki erabaki behar direla esaten denean, erabaki demokratiko hori nola gauzatzen den. Alderdi politikoen adostasunerako gaitasunaz ari garen eta beraien esku ote dagoen edo zertaz ari garen. Uste dut ezin dela ahaztu gutxiengoen eskubideak ere eskubide demokratikoak direla.
"Legean argi gelditzen da hizkuntza eskubideen eragingarritasunak progresiboa izan behar duela. Progresiboak, ordea, ez du esan nahi mugagabe geroragarria. Bistan da euskaraz bizi nahi duenak bere hizkuntza-hautapena baliatzeko zailtasun ugari dituela gaur oraindik toki askotan. Eskubide hori egiazki nola bermatu, herritar erdaldunen eskubideekin nola uztartu eta progresibotasuna nola gauzatu horiek dira demokratikoki erabakitzeko puntuak"
- Azken pasarte honetan esaten denaren harira euskal elebidunen alde esan beharko litzateke erdal hiztunen baten eskubidea inoiz zapaldua izan bada hori salbuespena izan dela, euskaldunon berezko joera, sarri ez osasuntsua, erdal elebakarren aurrean gure hizkuntza hautua beraienera makurtzea izan ohi baita.
- Legeak euskara ezagutzeko betebeharra jasotzea defendatu dut orain arte baina aukera berdintasuna bermatzeko izan liteke beste alternatibarik: Eska dezagun gaztelera ezagutzeko betebehar juridikoarena kentzea. Badakit proposamen honen egingarritasuna zaila daukagula, baina euskara ezagutzeko betebeharra jasotzea baino askoz zuzenagoa izan liteke gaztelania ezagutu beharra ordenamendu juridikotik kentzea.
- Bukatzeko berriro diot, ez dut lege garapenean indar berezirik jarri nahi. Nik zera uste dut, euskaraz bizi nahi dugunon etorkizuna hein handi batetan (ez bakarrik) gure esku dagoela, euskara erabiliz hain zuzen ere eta euskal hiztunen komunitatea trinkotzeko elkarteak sortuz, harreman sareak sortu eta elikatuz eta behar ditugun ekimenak bideratzeko gure burua antolatuz. Ekimen horiei laguntza eta babes egokia ematea herri erakundeen erantzukizuna da, aldez aurretik gizarte ekimenarekin adostasunetara heltzeko aukerak eskainiz eta etengabeko komunikaziorako espazioak bermatuz.
- Euskararen aurrerakadaren ifrentzua
- Atal honetan aipatzeko modukoak izan daitezkeen ondoko baieztapenak azpimarratu nahi nituzke:
"...lege-babesa... ez da euskararen etorkizuna erabat bermatzeko behar bestekoa"
"Erabilera da giltzarria, eta herritarrak dira, gara, protagonistak. ...Bizikidetza horretarako behar dugu euskara,..."
"Euskara..., ez da komunikaziorako tresna neutro bat bakarrik. ...Badakigu euskara sinbolo bat dela, gure gizartearen izaera askotarikoaren ezaugarri behinena..."
"..., esan dezagun erabilerak lehendabizi eskatzen duen baldintza ezagutza dela, eta horretarako bide segurua da eskolarena. ...Baina erabilerak, ezagutzaz gain eta aldi berean, gutxienez beste bi baldintza ere betetzea eskatzen du: erabiltzeko borondatea eta erabiltzeko aukera. Bi faktore hauek eskolaz haratagoko faktoreak dira, eskola barruko lau hormen artean itotzen ez diren faktoreak alegia".
"..., errealitate hori ezin da dekretuz aldatu, eta, bestetik, errealitatea hori ere badenez, ezinbestekoa zaigu euskararen hazkunde politikarekin jarraitzea bai erritmoak egokituz, kontziente izanik urte luzeetako eginkizuna dela hori, eta bai eskolatik haratago harreman-sare euskaldunak bultzatuz, euskara ahalik eta modurik naturalenean haz dadin".
"Bi dira, hizkuntza politikaren gaineko gogoeta egiterakoan, kontuan izan beharko liratekeen oinarriak: batetik, euskara mintzabide lez indartzea eta euskararen erabilera sendotzea eta areagotzea, eta, bestetik, hizkuntza-eskubideak errespetatzea eta errespetaraztea. Izan ere, uste baitugu hizkuntza-eskubideen ikuspegitik ez ezik euskararen erabilera areagotzeko eta sendotzeko helburua lortzeko bidean zer egitea komeni zaigun, zer saihestea interesatzen zaigun, zer lehenestea eta zer aldi baterako bada ere bazterrean uztea komeni zaigun argitzearen ikuspegitik ere egin behar dugula euskararen egoeraren eta etorkizunaren gaineko gogoeta, helburu bakarra euskararen beraren interesa izanik. Ikuspegi hori hizkuntza eskubideenaren ondoan jartzeak eragina izango luke hizkuntza politikaren lan-ildoetan eta erritmoetan".
"...gaur oraindik euskaratik urrun dauden herritarrek ... jakin behar dute euskararen etorkizuna bermatzea ez dela euskal hiztunei bakarrik dagokien zerbait, gutxiago ideologia edo joera politiko jakin batzuetakoei soilik. Jakin behar dute guztiena den ondare horren etorkizuna guztiek zerbait -eta gero eta gehiago- egiten duten neurrian baino ez dela bermatuko".
"...Beraz, asko da egiteke geratzen dena herri-administrazioetan ere euskararen erabilera normalizatzeko eta gehitzeko".
"... euskara gaitasunaren eskaera (errekerimendua denean, bereziki) zuzenean lotu behar litzateke lanpostuan euskara erabiltzearekin".
"... Estatuaren Administrazio periferikoak urteotan erakutsi duen utzikeria, harena ere bai baita Euskararen Legea betetzeko obligazioa, ... Arlo horretan, guztia dago egiteke".
Hurrengo pasarteetan berriz ñabardurak egin beharra ikusten dut:
"Gehi dezagun ez dela berez hizkuntza kamutsik, honelako hutsik ageri baldin badu, zorrotz zezaketen adina zorroztu ez dutenena dela soil-soilik errua, behiala Axularrek zioenez".
- Egiatik zer edo zer eduki dezake esaldiak egiten den interpretazioaren arabera, baina ez zait egokia iruditzen euskaldunen errutzat jotzea euskarak aurrera ez egin izana, dinamika horretan sartuz gero erru asko banatu beharko genituzkeelako aizkoraren kamusteaz.
"Euskararen etorkizuna bermatzeko bidean, seguruena, hazkundea ahalik eta modurik naturalenean gertatzea dela uste dugu. ... esparru formaletan ez ezik funtzio ezformaletan ere erabiltzea da hizkuntza barneratzeko eta elikatzeko modua. Erabileran baitatza adierazkortasuna, sentimenduak, emozioak eta naturaltasuna bera, ...Erabilerak naturaltzen du hizkuntza, ez maitasunak, ez nahi izateak, ez jatortasunak, ez jatorrizko hizkuntzak".
- "Euskararen hazkundea ahalik eta modurik naturalenean" ematearekin bat banator ere, ezin uler daiteke hori inertziaz emango denik. Naturaltasunez euskaraz mintzatzeko esparruak irabazi behar ditugu baina hori eman dadin neurri zehatzak hartuz, ez inertziaz jokatuz.
"...hizkuntza naturala gaztelania duten gazte elebidunak gero eta gehiago dira".
- Hizkuntza naturala ez da kontzeptu zuzena. Dena da artifiziala, bai ama hizkuntza bai ikasitakoa, denak baitira ikasiak, batzuk lehenago eta besteak beranduago. Eta dena da naturala, ikasitako hizkuntza bat ere norberarena baita, norberak baitabil norbere hitzekin. Beste kontu bat da erraztasuna, maitasuna, adierazkortasuna... Baina naturala ez da zuzena.
"Langintza horretan ditugun mugak euskararen beraren errealitateak, euskarak gizartean duen pisuak, euskal gizartearen beraren borondate eta ahalmenak ezartzen dizkigunak dira. Horregatik da bereziki inportantea, etorkizuneko hizkuntza politika diseinatzerakoan, boluntarismoa alde batera uztea. Militantzia beharrezkoa dugu, baina boluntarismoa ezin da izan hizkuntza politikaren oinarri, hizkuntza politika kontuetan ere ezin baita egin nahi dugun guztia -edo batzuek nahiko genukeena edo luketena-. Ezin esan beti boluntarismotik guztiz salbu egon garenik, baina etorkizunari begira beharrezkoa dugu errealitatearen mugak eta errealitateak bere barnean dituen arau sozial idatzi gabeak ahazten dituen boluntarismoari ateak ixtea".
“Atal oso hau pasarte bakar batean laburbiltzera jo beharko bagenu, esango genuke oso garrantzitsuak direla hizkuntza-eskubideak, eta egunerokoan han eta hemen egiazki errespeta daitezen hartu beharreko neurriak hartu behar direla. Baina eskubideen izenean harturiko edozein neurri ez da berez onargarri, baldin eta euskararen erabilera sendotzeko eta areagotzeko balio ez badu. Euskararen erabilera indartzea eta etengabe gehitzea izan behar du hizkuntza politikaren oinarri nagusia, herritar gehienen atxikimendua eta adostasuna makulutzat hartuta. Horrek eskatzen du herritarrek euskara erabiltzeko gaitasuna izatea, euskara erabiltzeko aukerak izatea eta euskara erabiltzeko borondatea izatea, esan nahi baita, herritarrek euskara borondatez erabiltzea, gero eta gehiago".
- Azken bi pasarteetan ere ñabardurak egin beharra ikusten dut, esaten diren zenbait konturekin ados banago ere. Euskararen erabileran aurrerapauso gehiago ez emateko mugak euskal gizartearen borondate eta ahalmen faltari egoztea uste dut ez dela justua (lehenago ere aipatu izan dudan modura), nahiz eta etorkizunerako gako nagusia euskal gizartearen borondatearen baitan dagoela sinisten dudan. Uste dut euskaldunek euskara erabiltzeko lehenik eta behin aukerak izan behar dituztela eta horiek eman ezean zaila dela edozein hizkuntzari eustea. Ezin dugu ahaztu gainera legeek euskal hizkuntza komunitatearen historian zehar kontrako eragin asko eta larriak ekarri izan dizkigutela eta orain dela 25 urtera arte ezagutu ditugun legeek euskal hizkuntza komunitatea existituko ez balitz bezala jokatu dutela erakundeetan eta hezkuntzan bereziki. Euskal hiztunen komunitateak euskarari eutsiko badio, euskal komunitatearen bizi-indar etnolinguistikoan eragiten duten faktore anitzei erreparatu behar zaie, ez bakarrik gizartearen borondateari. Hizkuntza gatazka egoeratan bizi izanda hiztunak izan ditzakeen mendekotasuna eta konplexuak gainditzeko, borondateaz gain eskubideen eta legitimitatearen aitortza beharrezkoa da eta gizarte elebidun bat eraikitzeko ezinbestekoa izango da etorkizunean ere. Horiek ezean, nekez eraikiko da errespetuan oinarritutako harremanik. Euskal Legeak eta honen aplikazio egokiak hizkuntza plangintza eraginkorren bidez alde batetik eta eskubideen aitortzak bestetik, horretan lagun dezakete, nahiz eta zalantzarik ez daukadan legearekin bakarrik ez goazela inora. Lege-babes nahikoa ez izateak berak gainera "boluntarismoaren gehiegikerietara" (txostengileen terminoak erabilita) eraman dezake gizarteko sektore bat. Zer da lehenago, lege-babes falta ala boluntarismoaren gehiegikeria, oiloa ala arrautza? Aitortzen dut "boluntarismoaz" zer interpretazio egin ez daukadala oso argi, baina badirudi, edo nik behintzat hala ulertu dut, hizkuntza eskubideen defentsa lan ardatz duen gizarte ekimenari erreferentzia egiten zaiola. Desegokia iruditzen zait oinarrizko txostenean honelako baieztapenak egitea zeri buruz ari diren zehaztu gabe, adibide zehatzak eman gabe... militantziaren eta gehiegizko boluntariotzaren arteko paralelismoak eginez, hizkuntza eskubideen aldarrikapenari lotutako guztia desegokitzat edo txartzat jotzen dela interpretatzeko bide eman dezakeelako.
- Herri-erakundeen borondatea ere aldagai bat da, eta herri-ordezkarien unean-uneko borondateak, gogoak, entzuteko gogoak, ere guztiz baldintzatzen du "langintza hau". Zenbat ekimen, aurrerapauso edo plangintza ez ote dira burutu gabe gelditu herri-erakundeen galga eta laguntza falta dela bitarte? Iruditzen zait herritarrengan deskargatu nahi dela herri-ordezkariek hartu beharreko eta hartu gabeko hainbat erabaki (adibidez: euskara lan hizkuntzatzat erabili mundu politikoan, udaletxetan, aldundietan).
- Uste dut egun euskararen berreskurapenean lanean dauden erakunde eta gizarte ekimen guztiak beharrezko ditugula eta guztien erronkez eta hobetu beharrekoez gogoeta egitea dela egokiena, sektore jakin batzuetan tematu gabe, guztietan baitaukagu zer hobetua.
- Bukatzeko, uste dut herritarrak beraien hizkuntza eskubideen jabe izatea interesgarria dela eta herritarrek eskubide hauek ezagutu ditzaten bideak eta ekintzak antolatzeari interesa ikusten diot (egia da baita ere oinarrizko txostenean kontrakorik ez dela esaten). Eskubide hauek ezagutarazteko herritarrei zuzendutako kanpaina informatibo positiboak eta eraikitzaileak eta herritarron eskubideen gauzapenerako proposamen zehatzak eta hauei loturiko baliabide, euskarri eta laguntza positiboak eskaintzea dela horretarako modu eraginkorrena.
- Horra nire aldetik txostengileek idatzi dutenaz egin dudan interpretazio posible bat. "Boluntarismoari ateak ixtea"-ren ideiarekin bat egingo nuke, lege-babes falta salatzeko, ofizialtasuna eta hizkuntza eskubideak aldarrikatzeko diskurtso neurtu gabeak gizarteratzeari buruz ari bagara, honelako diskurtsoek izan baitezakete arriskurik, bereziki maximalistak badira eta horiez gain euskaraz bizitzeko argumentu erakargarriak gizarteratzeko gai ez garen heinean. Horrek guztiak izan dezakeen eraginari erreparatuz horra izan ditzakegun zenbait arrisku:
- Herritarren pertzepzioa izan daiteke euskararen berreskurapena erakundeen baitan bakarrik dagoela eta ez beraien esku, horrek izan ditzakeen ondorio eskasekin. Beraien indarrak erakundeei eskatu beharreko aldarrikapenetara bideratzea nagusiki eta euskaraz bizitzeko erabilera esparruak irabazteari dagokionez herritarren esku dagoen egitekoa bigarren mailan gelditzea.
- Gure hizkuntza komunitatetik gizarteratzen den mezu nagusia ezkorra eta gatazkatsua izatea. Komunitate ez erakargarria hain zuzen ere.
- Euskaraz ez dakitenek aurkakotasun giro bat sumatzea.
- Baina eta jar gaitezen ia guztiz erdaldundutako egungo herri batetan eta irudika dezagun hango euskaldunek beraien euskararen aldeko borondatea eta atxikimendua aurrera eramateko egin beharreko lan aktiboa; aldarrikapena baino ez zaie gelditzen euskara existituko ez balitz bezala jokatzen duten erakundeen aurrean. Aldarrikapena beharrezkoa dugu eta horren oinarri nagusia hizkuntza eskubideetan dago, zertan bestela?
- Hortaz, hizkuntza eskubideen aldarrikapena eta lanketa interesgarritzat ez ezik beharrezkotzat jotzen dut eta hauen gizarteratzeko ekimenetan errealitateari erreparatzea, solaskide aproposa aukeratzea, komunikazio egokia eta eraikitzailea lantzea eta erabilera areagotzeko emaitzak eta aldeko borondateak irabazteko moduak ziurtatzea bilatu beharko genuke.
- Edonola, boluntarismoari kritika egitea baino (nahiz eta berriro ere aipatu ez dudala argituta ikusten zertaz ari diren zehatz-mehatz txostengileak), gizarte mugimendu antolatuak eta boluntariotzatik sortutako gizarte ekimenak euskararen garapenari egin dion ezinbesteko ekarpena azpimarratuko nuke. Euskararen egoera gaur egun duela 25-30 urte baino hobea baldin bada (bai ezagutzan eta bai erabileran ere) batez ere gizarte mugimendu horri esker izan dela esan beharra dago. Tokian tokiko boluntarioz osatutako erakundeek egin diote ekarpenik garrantzitsuena langintza honi (euskararen aldeko normalizazioari) eta hauek izan dira Euskal Herrian zehar sentiberatze mailan ere lanik handiena egin dutenak.
XXI. MENDE HASIERAKO HIZKUNTZA POLITIKAREN ZIMENTARRIAK ETA ERRONKA
- Hizkuntzaren erabilera, haren osasun-egoeraren adierazgarri
- Zalantzarik ez daukat euskararen erabilera dela haren osasun egoeraren adierazgarri behinena. Hori dela eta euskaraz bizitzea erabaki duten herritarren espazioak zaindu behar dira lehentasunez, daudela hauek eremu euskaldunetan, hain euskaldunak ez direnetan edota oso erdaldundutakoetan.
- Euskararen babesleku diren eremu euskaldunetako euskal hiztunak, euskal hizkuntza komunitatearen bizi-indar etnolinguistikoarentzat hauspoak dira eta bereziki zaindu beharreko eremuak dira hauek. Herri euskaldunak ezin dira irabazitzat jo eta ahanzturan utzi, hauen bizi-indar etnolinguistikoa elikatu ezik galera prozesuan sartzeko arriskua baitute. Herri hauetan babes instituzional, ekonomiko eta politikoa ez ezik, herriko bizitza kulturala eta hedabideak euskaraz eskaintzeak berebiziko garrantzia izango du eta herritarren motibazioan eragiteko formula berriak landu beharko dira, euskal hizkuntza komunitatearen identitateari buruzko pertzepzio baikorra indartze aldera. Gogoeta berezia eskatuko luke honelako herrietan etorkinen etorrerak euskararen erabileran duen eraginak. Kulturartekotasunaren aberasgarritasuna oinarri hartuta egin beharko diegu harrera egokia kanpotik etorritakoei eta arreta berezia eskaini haur eta gazteen euskalduntze prozesuei, hauetan laguntzeko programa eraginkorrak martxan jarriz.
- Euskaldunen kopurua murritzagoa den eremuetan herritarrek euskaraz mintzatzeko irabazi dituzten espazioak zaintzen eta etorkizunean euskaraz bizi ahal izateko eraiki beharko dituzten erabilera aukerak areagotzen jarri beharko da indarra, pausoz pauso gizarte esparru guztietara zabaltzeko ahalegina eginez. Maila eta esparru guztietan erabiltzen ez den hizkuntza, gaixorik dagoen hizkuntza komunitate baten seinale baita. Hortaz, espazioak irabaztean, pertsonen hurbileko (geografiko zein afektiboa) esparruetan euskaraz modu naturalean aritzeko aukerak eskaini beharko dira, sormena eta kultura euskaraz bizitzeko aukerak eskaini, eta era berean euskal hiztunen komunitatea euskarazko hedabide masiboen bidez ikusarazi, haur eta gazteen aisialdirako aukerak euskaraz antolatu, ostalaritzan, merkataritzan eta elkartegintzan euskaraz aritzeko programak etengabe bultzatu, euskaraz mintzatzeko zailtasuna dutenei honen praktikarako programak eskura jarri, haur eta gaztetxoentzat erreferente nagusi diren gurasoak eta helduak euskaraz mintza daitezen programak martxan jarri alde batetik eta bestetik sortzaile, artista, kirolari eta abar eredugarriak beraien eskura jarri (honetan, garrantzia berezia dute hedabideetan ordu oro agertzen diren pertsona erreferentzialek, eredu modura duten funtzioagatik; ildo honetan, alderdi politikoek ere hausnarketa sakona egin beharko lukete, eskaintzen duten eredua zein den aztertuz, hizkuntzaren erabileran eredugarri izan beharko lirateke eta).
- Azkenik, zonalde erdaldunetan sakabanaturik bizi diren euskaldunek euskaraz aritzeko eta euskal hizkuntza komunitatea trinkotzeko bilguneak eta harreman sare euskaldunak beharko dituzte lehentasunez. Ezin ditugu ahaztu herri hauetan euskaldundutako horrenbeste haur eta gazte, gehienetan etxetik euskararik edan ez dutenak edota etxeko hizkuntza gaztelera dutenak. Gazte hauen aisialdian euskarazko eskaintza erakargarriak eta kontsumorako aisialdiko produktu euskaldunak eskaintzea ezinbestekoa da. Bestalde, euskaldundu diren helduentzat mintzapraktika programak, euskarazko kultur eskaintza erakargarriak eta tokiko euskarazko hedabideen zabalkundearen onurak bereziki azpimarratuko nituzke.
- Egoera soziolinguistikoaren araberako banaketa sinplea egin dut goian eta bakoitzean zenbait ekimen aipatu ditut, har daitezela horiek adibide gisa, ez baitut esan nahi eremu euskaldunetan mintzapraktika programek ez dutela lekurik, zalantzarik ez badutela, edota kulturartekotasunaren aberastasuna beste oso euskaldunak ez diren eremuetan landu behar ez denik. Adierazi nahi dudana zera da, eremu guztietan daukagula zereginik, ez daudela lehenengo eta bigarren mailako eragin esparruak eta tokian tokiko errealitatetik abiatuta hartu beharreko neurriak ondo planifikatu beharko ditugula. Euskaraz bizi den eta bizi nahi duen euskal hizkuntza komunitate osoa hartu beharko dugu kontutan eta arreta berezia eskaini baita ere hiriburuetan komunitate honek bizi duen errealitateari.
- Indar berezia jarri nahi dut euskal hiztunen komunitatetik euskararen erabileran eragiteko herriz herri antolatzen diren elkarteetan, hauek betetzen duten funtzioa euskararen garapenerako berme direlako alde batetik eta herri agintearen akuilu bestetik. Plangintzak plangintza, gobernuak proposatzen dituen politikek lurraldez lurralde eta herriz herri harrera maila ezberdinak dituzte. Harrera eta inplementazio ezberdinak izatea tokiko errealitatera egokitzea den heinean ona litzateke hori. Baina herri honetan nahi baino gehiagotan gertatzen zaigu tokian tokiko politikoaren sentiberatasun, interes edota prestakuntza faltagatik proposatzen diren politika orokor horiek ez dutela isla errealik izaten herriz herriko erakundeetako hizkuntza plangintza eta programatan eta horien gauzapenerako jartzen diren baliabideetan. Horren harira euskal hiztunen komunitatea elkarteetan antolatzeak akuilu lana egiten du eta programa zehatzen antolaketarako eta jarraipenerako bermea ere badira. Uste dut ezin dela ahaztu gizarte ekimena erakunde publikoen aurretik joan dela gizarte gaietan historian zehar eta euskararena ez da ezberdina. Euskara Elkarteek euskararen erabileraren mesedetan sortutako ekimenen aniztasuna eta aberastasuna ukaezina da (25 urte dira mugimendua sortu zela, beti ere erabilera xedetzat izan duen mugimendua), gerora etorri dira proiektuok plangintza ofizialetan onartzea, hala eman den kasuetan.
- Euskararen presentzia (ezagutza eta erabilera) txikiago den eremuetan, Arabako herri askotan, Bizkaiko zenbait eskualdetan eta baita Nafarroa eta iparraldekoetan ere zeintzuk dira herri-erakundeek eskaintzen dituzten hizkuntza politikarako neurriak? EBPN ez da toki askotara heltzen eta zenbaitetara helduta ere udaletako itzulpen zerbitzuetatik haratago ezer gutxi gehiago eskaintzen dute. Toki hauetan guztietan euskaraz egiten den apurra bertako herritarren borondatean eta bertako gizarte ekimeneko lanean oinarrituta dago. Administrazioak onartu beharko luke eta sustatu gizarte ekimenaren antolaketa lana eta hauen funtzioa ordezkatzen baino, hauen lana eta aberastasuna subsidiarioki laguntzen jarri beharko lukete indarra. Zenbat herritako EBPN diseinatu dira bertako euskaldunek antolatutako gizarte ekimenarekin adostasunik bilatu gabe? Nola eskatu gero plan horiekiko atxikimendua?
- Aurrekoaren harira garrantzitsua den gogoeta bat ekarri nahi dut hona. Hizkuntza politika diseinatzea herri aginteen egitekoa dela diote txostengileek, baina betearazpena noren egitekoa da? ez al da gizarte ekimenaren egitekoa behar dituen neurriak eta plangintzak aurrera ateratzea eta herri aginteen egitekoa ekimen hauek subsidiarioki laguntzea? zein funtzio aitortzen zaio erakunde mota bakoitzari? onartzen al dute egungo erakunde publikoek gizarte ekimenaren lana? Industriari begira esate baterako edota hezkuntzari begira ere, administrazioak diseinatzen ditu bere industria eta hezkuntza politikak, baina horien gauzatzea ekimen pribatuen esku dago eta administrazioaren lana ekimen pribatuaren lana laguntzea da. Zergatik ez du eskema honek euskararentzat funtzionatzen? Non dago arazoa?
- Euskal hiztunen komunitatearen beharretatik abiatuta Euskara Elkarteek sortutako ekimen, produktu eta programatatik haratago, euskaldunen artean sortzen diren harremanak, auzolanean aritzeko gizarte aberastasuna, ekintza eta gogoeta prozesu parte hartzaileen ekarpena, sormenerako eta berrikuntzarako euskaldunei eskaintzen dizkieten aukerak, proiektuak sortze bidean komunitate honek bizi duen motibazioaren balio erantsia, herriko beste elkarteekiko eta herritarrekiko eraikitzen dituzten harreman sareak eta elkarlanerako adostasunak, euskal hiztunen komunitatearen aniztasuna zaintzeko eta sustatzeko egiten duten ahalegina, udal ordezkari eta politikariekin euskararen erabileran aurrera pausuak emateko egiten duten akuilu lana eta elkarlana..., lan hori guztia ordezka ezina da eta euskararen erabileran eragin biderkatzailea duela esatera ausartzen naiz. Erakunde publikoek eta politikariek badute berezko joera bat gizarte ekimena kontrolatzekoa eta kontrolpean ez dutena baztertu eta ordezkatzekoa. Uste dut hori akats ikaragarria dela eta zalantzarik ez daukat gizarte ekimenak orokorrean eta erabilerari lotuta Euskara Elkarteek egiten duten lana bereziki, ezin duela administrazioak bere egin edota zerbitzu enpresa baten kontratazioarekin ordezkatu. Galera gehiegizkoa litzateke. Euskara Elkarteek izaera mistoa daukate, profesionalak eta boluntarioak biltzen dituzte, sustapen lana eta zerbitzu eskaintza bideratzen dute, baina ezin ahaztu daiteke hauen atzean eta oinarrian euskaraz bizi nahi duen herriko euskal hiztunen komunitatearen parte konprometituenetakoa dagoela eta horrek bultzada berezia ematen diola euskararen normalizazioari.
- Zerk dauka eragin handiagoa euskararen erabileran, udaletxeak antolatutako euskal kantari baten kontzertuak ala elkarte batetan bildutako euskaldun gazte talde batek bere ekimenez eta udalaren laguntzarekin antolatutako kontzertu berak? Zerk izango du epe luzera euskararen erabileran eragin handiagoa, zerbitzuen kudeaketan aditu den enpresa pribatu batek euskara hutsez kudeatzen duen ludoteka zerbitzuak, ala Euskara Elkarte batek kudeatzen duena, beti ere kontuan hartuta bere funtzioagatik haurrekiko harremanak ez ezik haien gaztaroan ere jarraipena egitea eta haiekiko erreferente nagusi diren gurasoengan eragiten ere saiatuko direla elkartean? Bere funtzioaren baitan eta bere izaeragatik bakarrik ere badu balio erantsirik Euskara Elkarteak.
- Xedeak: gizartean ezberdintasunak orekatzea, gizartearen kohesioa indartzea eta bizikidetza areagotzeko urratsak bizkortzea
"Nekez aurkitu dezake euskal gizarteak bere buruari jartzeko helburu egokiagorik ezberdintasun gutxiagoko, bizikidetasun orekatuago eta sendoagoko jendartea lortzea bera baino, hori baita gero eta libreago izateko bidea. Helburu horien barnean kokatzen dugu guk euskararen auzia ere. Euskararen auzia ez da, gure iritzian, euskararen arazoa, gure hizkuntzen arteko bizikidetasunaren arazoa baizik. Euskararen auzia ez da, beraz, euskarak kezkatzen gaituenon edo euskaltzale garenon kontua bakarrik, euskal herritar guztien, kolore politiko batzuetako zein besteetako herritar guztien, euskaltzaleen eta euskaltzale ez direnen arteko bizikidetasunean eragiten baitu".
"Izan ere, den-denok jarri beharko genizkioke geure buruari honako helburu hauek: hizkuntzen arteko ezberdintasun sozialak pixkanaka-pixkanaka baztertzea, hizkuntzak erabiltzeko aukera berdintasunerantz bidea egitea eta egiazko hizkuntza-askatasuna eraikitzea. Horrela, bada, bere oinarri nagusien artean honako bi zutabe hauek bederen izan behar lituzke: batetik, norbanako bakoitzaren hizkuntza-aukera erabat errespetatzea; bestetik, hizkuntza -zeinahi hizkuntza- baliatzeko askotariko erabilera-aukerak bermatzea".
- Guztiz bat nator txostengileek proposatzen duten bizikidetasuna landu beharrari buruz, egia baita euskara herritar guztiona dela, euskaldun izan ala ez izan. Euskal hizkuntza komunitatearen bizi-indar etnolinguistikoa indartzekotan bizikidetzan oinarritu beharko da eta bide horretan ezin izango da galtzailerik egon. Herritar guztiak izan beharko dira irabazle. Edozelan uste dut euskararen auzia, gure hizkuntzen arteko bizikidetasunaren arazoa baino, herritarren bizikidetasunaren arazoa dela, hizkuntza hautu ezberdinak egiten dituzten herritarren arteko harremanen baitan ematen dena. Zehaztasun honi garrantzia ematen diot ezin baikara euskarari buruz aritu pertsonongatik at dagoen zerbaiti buruz bezala, auzia pertsonen arteko bizikidetzan dagoela azpimarratu beharra dago. Pertsonen arteko komunikazioan eta harremanean ematen da hizkuntza baten aldeko hautua eta hautu hori askatasun osoz egin eta gauzatzera heldu beharko ginateke etorkizuneko gizarte orekatu eta aske batetan, egoera hori edozein herritarrentzat edozein hizkuntza erabiltzea aukeratzen duelarik eta besteak ulertuko dion ziurtasun eta lasaitasunarekin. Zoritxarrez gaur egun oraindik, euskararen auzia euskaldunon eta euskarak arduratzen gaituenon auzia da baina. Erdaldun askok euskararik izango ez balitz bezala bizi da, beraz, hizkuntza politikaren zereginetako bat izango da, euskararen normalizaziotik guztiz kanpo dauden euskal herritarrek ere kontu horretan beraiek zer esana eta zer egina, bietatik dutela. Abiapuntu okerra da esatea guztion kontua dela. Guztion kontua beharko luke, baina oraindik orain ez da.
- Bestalde askatasun hau ezin da borondate orokor zehaztugabeen baitan bakarrik lortu, gizarte ekimenak eta herri erakundeek badute zereginik, bizikidetza horretarako baldintzak sortuz, aukera askatasuna benetakoa izan dadin. Ezin da ahaztu oraindik ere erakunde askok gaztelera hutsez funtzionatzen dutela euskal hizkuntza komunitatea existituko ez balitz bezala.
- Zalantzarik ez daukat euskara herritar guztien ondarea dela, euskaldun izan ala ez. Hala ere, uste dut gizarte eleanizdun batetarantz aurrerapausoak emango badira pertsonei eta pertsona arteko harremanei erreparatu beharko diegula bereziki eta baita hizkuntza komunitateen arteko harremanei ere. Uste dut hizkuntza komunitate ezberdinen arteko harremanak estutu beharko direla etorkizunean, ezin baitugu ahaztu gurean badirela gazteleraz mintzatzen direnak ez ezik, gailegoa beraien ama hizkuntza dutenak, katalanera eta gero eta gehiago munduko bestelako hizkuntzak ere. Eta planteatu beharko litzateke hizkuntza guzti horien (100 arte kontatu ditu Ikuspegi erakundeak) onarpena eta aitorpena nola bideratu behar den herri-erakunde publikoetatik. Bizikidetza osasuntsu baterako hizkuntza komunitateen arteko ezagutzan eta guztion bizi-iraupenerako adostasunetara eramango gaituzten aitortza eta adostasunetara heltzeko lana egin beharko dugu. Zeregin horretan gizarte ekimenak lan interesgarria egin lezake.
- Gizarte kohesioaren inguruan, bestalde, uste dut Euskara Elkarteek betetzen duten bizikidetzarako ahalegina bereziki aipagarria dela: antolatzen dituzten ekimenen irekitasunagatik, tokian tokiko errealitatea eta aniztasuna kontuan hartzen dutelako, tokiko hedabideen bidez bereziki euskaldun bat dagoen familia guztietara heltzeko bokazioa dutelako eta euskal hiztunen komunitatea ikusgai egiteko ariketa erreala egiten dutelako, herriko beste elkarte eta erakundeekin elkarlanean aritzeko bokazioa praktikatzen dutelako, euskararen aitzakian gizarte arloan egiten duten ekarpena ordezka ezina delako, auzolanaren bidez, elkartegintzaren baloreetan sakonduz, auto-antolakuntzaren pedagogia hedatuz eta herriko beharrei euskaraz erantzuteko duten berezko bokazioa praktikan jarriz.
- Abiaburu: elebakartasuna gaindituz, eleaniztasuna zaintzea eta sustatzea
"Baina hizkuntza-askatasunaren eta hizkuntza-erabilera aukera berdintasunaren alde, euskara eta gaztelaniaren arteko berdintasun sozialaren alde modu positiboan eta aktiboan, zuhurtasunez eta malgutasunez, baina etengabe, lan egingo badugu, nahitaezkoa da elebitasun orekatua eta aukera-berdintzailea benetan posible balitz bezala jardutea, hori helburu duen hizkuntza politika malgu eta errealista egitea. Bestela galga jarriko genioke guztion bultzada behar duen prozesuari".
- Guztiz bat nator txostengileek goiko pasartean esaten dutenarekin. Hala ere, eta hizkuntzen egoera orekatua ez dela kontuan hartuta (aukera berdintasunik ez, erabilera eremu guztietara zabaltzeko trabak...) oreka bilatzeko helbururako bide horretan, euskara hegemonikoa eta nagusi den gune eta funtzioak babestea oso garrantzitsua da. Soziolinguistikaren ikuspegitik garrantzia berezia duten ingurune eta funtzioak dira hauek eta erakunde publikoen aldetik babesgune modura kontuan hartuak eta baloratuak izan beharko lirateke. Bereziki aipatzekoak dira udalerri eta eskualde euskaldunak (biztanleen % 80tik gora euskaldunak direnak) eta baita ere haur eta gazteentzako aisialdiko eskaintza (gaur egun hau ez da babesgunetzat onartzen, baina haur eta gazteen artean euskararen ezagutza hainbestekoa denean, babesten hasi beharreko esparrua dela deritzot) edo kultur eskaintza.
- Beharrezkoa da errealitatea kontuan hartzea eta gehiegizko boluntarismoari atea ixtea ere
"...Euskara zabaltzeko nahia euskara indartzeko onuragarria izan badaiteke ere, oso kontuan hartu behar dugu euskal hiztun-erkidegoak eskatutako guztiari ezin diola aurre egin. Ikuspegi horretan sakonduz, euskal hiztun-erkidegoa indartu nahi badugu, ezin dugu neurririk gabe bultzatu euskara hedatzeko nahia (kuantitatiboa), besteak beste, halako politika batek hiztunen ahulezia kualitatiboak areagotuko lituzkeelako (ereduari, zuzentasunari eta kalitateari dagokienez) eta euskarak etorkizunaren aurrean dituen arriskuak bistaratuko. Testuinguru horretan euskara hedatzearen aldeko politika neurtu egin behar dugu, hiztun-elkartea bera ahuldu nahi ez badugu".
- Euskara hedatzea neurririk gabe, zer esan nahi du horrek? Hiztunen ahulezia kualitatiboa ematen dute txostengileek arrazoi gisa euskara neurririk gabe hedatzearen ondorio gisa. Printzipioz neurririk gabeko ezer ez da ona, denak behar du bere neurria, baina txostengileek horrekin zer esan nahi duten ulertzea da kostatzen zaidana. Behar baino gehiago hedatzea euskalduntzen den jendea eremu erdaldunetan adibidez? Ez dakit nondik heldu baieztapen horri baina printzipioz ez nago ados, nahiz eta neurrigabeko ezer ez zaidan egoki iruditzen.
- Hizkuntzaren kalitatearen murrizketa kuantitatiboki asko zabaltzearekin lotzea oso baieztapen eztabaidagarria iruditzen zait. Zeren izenean, nola eta nork neurtzen du kalitate hori? Kalitatezko hizkuntza erabiltzen dena dela daukagu premisatzat eta beraz, euskararen ezagutza eta erabilera ahalik eta gehien zabaltzeak euskaran eragin positiboa besterik ez duela izango pentsatzen dut.
- Ez dut ikusten harremanik hedapenaren eta hiztun-elkartea ahultzearen artean. Beste kontu bat da hedatu berria den hiztun-elkartearen esparrua ez dela izango guztiz osotua ereduari, zuzentasunari eta kalitateari begira, eta osotze prozesuan egongo dela, eta osotzen lagundu behar zaiola, baina ahuldu? Inondik inora ere. Indartu egingo da noski. Jadanik eraturik dagoen hiztun komunitateak etorri-berriak elikatu (eta kontrara) egin beharko ditu, baina noiztik arnas berriak ahultzen du gorputza?
"Hizkuntza indarberritzeko kontuetan, "nahi izatea da ahal izatea" printzipioak ez digu balio, ez dira ezta ere behar bestekoak -beharrezkoak eta lagungarriak gertatu arren- aginduak eta arauak".
- Nahi izatea eta ahal izatea ez da gauza bera. Baina nahi izatea beharrezkoa dugu aurrera egingo badugu. Euskaraz bizitzeko nahia eta borondatea beharrezkoak ditugu herritarren aldetik eta bereziki nahi horien ondorioz herritarrok antolatu eta erakundetzea. Gizarte sozialak herri erakundeen gainetik egon behar du eta gizarte sozialeko erakundeek ere beraien erantzukizunari heldu behar diote. Administrazioaren lana berriz gizarte ekimenari sostengu subsidiarioa ematen ardaztu beharko litzateke, komunitate honek euskaraz bizitzeko daukan nahiari erantzun ahal izateko.
- Hizkuntza indarberritzeko kontuetan aginduak eta arauak lagungarri badira ere ez dira nahikoak, horretan zalantzarik ez daukat. Herritarrek hainbeste aldi eta modutan agertutako borondatea da ardatza.
"...Izan ere, hainbat faktorek behartzen gaituzte euskal hiztunen euskarazko jarduna sendotzen laguntzera, hona hemen, besteak beste, faktore horietako batzuk: euskal hiztunak oraindik ere gutxiengoa dira,..."
- Jaurlaritzak argitaratutako 2001eko III. mapa soziolinguistikoaren arabera, euskaldunak % 32,3 dira, ia euskaldunak edo elebidun hartzaileak % 18,2 eta gainontzekoak % 49,6. Hori kontuan hartuta euskal hiztunak euskaraz hitz egiten dutenak badira, egia da gutxiengoa direla, baina elebidun-hartzaileak kontuan hartzen baditugu eta zalantzarik ez daukat hauek ere euskaldunak direla, orduan euskal hizkuntza komunitatea osatzen duten herritarrak erdia baino gehiago dira.
"...beldurrik gabe onartu behar dugu, euskararen interesetik begiratuta ez zaigula komeni hizkuntza politikaren diskurtsoa eskubideen inguruan bakarrik ardaztea, eta "eskubidea dugulako eta horregatik bakarrik" gaztelaniaz dagoen guztia euskaraz ere jartzen saiatzea".
- Ez dut dekretuen eragin miresgarrietan sinisten eta ez dut uste gure hizkuntza politika hizkuntza eskubideetan bakarrik ardaztu behar denik. Nork eskatzen du hori? Uste dut hizkuntza eskubideak berezkoak ditugula eta horiek errespetatuak izan daitezen lan egin behar dela. Horretarako zein bide jarraitu? Uste dut Euskal Herrian badaukagula lanik gure hizkuntza eskubideak errespetatzen ez direnean egoera hauek salatzeko, hor daude Behatokia eta Elebide (bi behar ditugu?) eta zalantzarik ez daukat lan garrantzitsua egiten dutela. Bestalde, herritarrak beraien hizkuntza eskubideen inguruan informatzeari ikusten diot interesik eta bereziki kontsumitzailearen ikuspegitik eskubide horien gauzapenerako tresnak, euskarriak eta proposamen zehatzak eskaintzea garrantzitsua da. Besterik da hori bakarrik egin behar dugunik, edota, euskal hizkuntza komunitatetik gizarteratzen ditugun mezu eta diskurtsoak hizkuntza eskubideetan oinarrituta egon behar direnik. Horrekin ez nengoke ados.
- Bat nator, bestalde, errealitatea kontuan hartu beharraz eta garenetik izan nahi dugunera heltzeko planifikazioa beharrezko dugun ideiaz. Baliabideak eta energiak, biak mugatuak ditugu eta oso ondo neurtu behar dugu euskararen normalizazio bidean eman beharreko urratsak.
- Badugu errealitate bat oso kontuan hartzekoa dena, euskal hizkuntza komunitatearen identitatearen pertzepzioa nahikoa baikorra eta indartsua ez dela euskara erabiltzeko jarrerari behar beste eusteko, euskaraz bizitzearen prestigioa behar bestekoa ez dela. Aurreiritzi askok oraindik funtzionatzen dutela, bai euskaldunok gure buruaz dauzkagun usteetan eta bai euskara kanpotik ikusten dutenen ikuspegietan. Gehienbat azken hauengan. Pedagogia asko dago egiteke. Uste dut euskararen erabilera sustatzeko definitzen den hizkuntza politikaren baitan antolatzen diren ekimenetatik pertzepzio hori prestigiatzeko eta hobetzeko lan egin beharra daukagula eta horixe da hain zuzen ere urte luzeetan gizarte ekimena egiten ari dena. Horretarako euskarazko jardueren erakargarritasuna eta gozamena landu, herritarren esparru afektiboetan eragiteko hurbiltasuna baliatu, euskara naturaltasunez bizitzeko aisialdiko aukerak antolatu, euskara modernitatearekin lotzeko ahaleginak egin, euskara teknologia berrietan eta interneten zabaldu, euskarazko sorkuntza lan berritzaileak bultzatu, publizitatea euskaldundu, euskarazko hedabideak hedatu eta ugaritu eta beharko dugu baita ere euskara botere guneetara hedatu, erakunde, politikari eta enpresetara.
- Ekintzen bidez komunikatzen dugunaz gain esplizituki adierazten duguna ere bereziki zaindu beharra daukagu, komunikabideetan euskarari eta euskal hizkuntza komunitateari lotutako komunikazioak zelan agertzen diren, euskara sustatzeko kanpainatan erabiltzen ditugun mezu eta ereduak egokiak diren, hizkuntza gatazka egoeratan norbanakoek baliatzen ditugun errekurtso eta argumentuak eraginkorrak diren, baliatzen ditugun euskarriak eta estetikak kalitatezkoak eta zainduak diren,... Horietarako zer mezu eta diskurtso mota lehenetsi beharko genukeen? Nire ustez, mezu positiboak behar ditugu, asertibitatean oinarrituak, eraikitzaileak, gizarte kohesioan lagungarri direnak, hurbilekoak, borondateak irabazteko pentsatuak, euskararen erabilgarritasuna eta euskal hizkuntza komunitatearen aberastasuna eta erakargarritasuna islatzen dutenak, helburuen baitako hartzaileak aintzakotzat hartzen dituzten mezuak eta euskararen aldeko ekimenak herritar guztientzat onuragarritzat jotzen dituztenak. Honelako mezu nahikoak gizarteratzen ditugu? Ezezkoan nago.
- Lehentasunez komunikatu beharrekoaz aritu naiz eta aipamenen bat egin nahi nuke komunikatu beharko ez genukeenaz. Ez zaigu komeni gure diskurtsoa mezu negatiboetan eta maximalistetan ardaztea, euskal hizkuntza komunitatearen pertzepzioa horixe izatera eraman baikaitzake horrek, negatiboa hain zuzen, ez desiragarri eta ez erakargarria. Hizkuntza portaera identitate etnolinguistikoarekin lotzen ei da (Henry Tajfelen teoria) eta teoria horren arabera norberaren taldeko (euskal hizkuntza komunitateko) partaidetza adieraziko da batzuetan, eta beste batzuetan kontrakoa, hots, beste talde batean (erdal hizkuntza komunitatean) integratzeko gogoa. Hizkuntza komunitate baten bizi-indar subjektiboan pertsonen usteek eta sinismenek badute garrantzirik eta uste horiek portaera asmoetan (euskara erabili ala ez) gauzatzen dira. Euskal hizkuntza komunitatearen kanpo zein barne pertzepzioa ezkorra bada komunitate honen bizi-indarra galtzen irteten da eta horrekin batera baita euskararen erabilera ere.
- Bestalde, gizarte ekimenari badagokio gizartean identifikatzen dituen hutsuneak betetzeko behar diren neurriak exijitzea eta hori euskarari lotuta ere legitimoa eta beharrezkoa da.
- Euskara denona eta denontzat
- Euskara denona da eta denontzat. Ados. Hizkuntzak mundu guztiaren ondare dira, denontzat aberastasuna eta hizkuntza bat galtzen den bakoitzean gizateria osoak galtzen du zerbait, aniztasuna pobretu egiten da. Dena dela, horrelako aipamen orokorrekin denok bat etorri gaitezkeen arren, azpian dauden egitateak ez lirateke ahaztu behar: hizkuntzak hiztun komunitateak bizi dituzte, bakoitzak bereak. Euskararen kasuan ere, antzeko zerbait esan daiteke: euskara denona da, baina euskara euskal hiztun komunitateak bizi du. Euskara mendetan zehar bizirik mantendu duena euskal hiztunen multzoa izan da, ez zehaztugabeko gizateria unibertsal batek; euskara garatu, eguneratu eta biziberritu baldin bada hori euskal hiztunei esker izan da eta aurrerantzean ere horrela izango da. Honekin ez dugu esan nahi euskalduna izan ez arren euskarari ekarpen ikaragarria egin dioten euskaltzaleen ahalegina kontuan hartu behar ez denik (kontuan hartu eta eskertu), baina batez ere euskara ikasi, euskara erabili eta euskara bizi dutenei esker da euskara gaur egun dena. Beraz, denona eta denontzat bai, baina euskaldunona besteena baino apur bat gehiago.
- Hizkuntza propioari aitortza zor zaio
"Gizartearen zeregina da, honenbestez, hizkuntzak aberastasun bezala ikustea, eta aberastasun horren gainean ahalik eta gizarterik baketsuena eraikitzen saiatzea. Aberastasun hori bultzatzeak esan nahi du, besteren artean, baldintzak sortu behar direla euskara ere erdararen pare, ahal dela, gara dadin, eta, gaztelaniak bezala, erabilia izateko egiazko aukerak izan ditzan".
"Honen guztiaren harira, hizkuntza garatzeko baliabideak eta erabilera gauzatzeko esparruak zaindu, sustatu eta sortuko dituen hizkuntza politika beharko genuke".
- Demokraziaren printzipioetan oinarritu behar da hizkuntza politika
"Edozein modutan ere, hizkuntza politika ez litzateke demokratikoa izango, ezagutzen ez duenari ezagutzeko aukera emango ez balio. Horretarako, ezagutza sustatu beharko litzateke. Horrez gain, hizkuntzen arteko ezberdintasun egoera orekatzeko, hizkuntza politikak zehatza ere izan behar du, hizkuntza errealitatean eragiten duena. Hitz gutxitan esanda: gehiegikeriarik gabea izan behar du hizkuntza politikak, gizartearen kohesio-bilatzailea, baina ezin izan liteke deserosotasunik gabea".
- Atal honetan aipatzen den puntu batetik abiatu behar da, adostasuna agertuz. Hizkuntza politika egoerarik zailenean dagoena babesteko izan behar da, ahulena babesteko.
- Bortxak eta gehiegikeriak ez dira onak, horretan zalantzarik ez daukat, baina txostengileek ondo dioten moduan edozein aldaketa prozesuk deserosotasuna dakar.
- Gizarteak eskatzen duenaren isla izan beharko lukete politikariek defenditzen dituzten politikak, baina zintzoki zalantza handiak ditut sarri hori horrela gertatzen denik. Demokratikoa ez den sistema hobeagorik ezin aurkeztu eta daukagun onena horixe da, horregatik, demokratikoki baina gizarte ekimenarekin adostasunez egin beharko da lan; hizkuntza komunitate gutxitu honen errealitatea sarri ikusezina suertatzen da eta gizarte osoaren borondatean oinarritu behar garen honetan, euskal hiztunen komunitateak beti atzean gelditzeko aukera guztiak izango baititu bestela. Honetarako irtenbiderik ezean, demokraziaren arauak onartu besterik ez zaigu gelditzen eta susmoa dut, gurditik tiratzea hain zuzen ere euskal hizkuntza komunitateko herritarroi egitea tokatzen zaigula, ez daukagula beste biderik eta horrela izan dela eta izaten jarraitu beharko duela etorkizunean ere. Gure hizkuntza komunitatearen etorkizuna hiztunon esku, gure borondatearen esku dago hein handi batetan eta baita gizarteari ikusgai bihurtzea ere. Gure hizkuntza hautuetan euskarari eutsiz, gure artean erakundetuta gure beharrak agerraraziz, nahiak azalduz, espazioak eraikiz eta beharrezkoa denean dagokiguna exijituz. Hori guztia, beti ere gizarte osoaren aberastasunerako, guztiok irabazteko eta kohesioan eta bizikidetzan aurrerapausoak emateko. Zeregin horretan ere herri erakundeei euskal hizkuntza komunitatearen eskariei erantzutea eta laguntza ematea legokieke.
"Elebitasun (gutxienez) pasiboaren hedapenaren bidez, hedabideen bidez eta zabalkunde-lanaren bidez euskal herritar erdaldunak euskal munduaren jabekide egin beharra dago, herritar euskaldunok Euskal Herriko erdal munduaz jabetzen garen bezala. Zubigintza beharrezkoa dugu honetan ere, eta guztiok egin beharko dugu zerbait elkar ezagutu eta ulertzearen mesedean, baina ez litzateke inor mindu beharko esango bagenu euskarari eta euskal munduei bizkar emanda bizi direnak direla pauso gehixeago eman beharko lituzketenak, euskarara hurbiltzeko erabakia eurei baitagokie".
- "...euskarari eta euskal munduei bizkar emanda bizi direnak direla pauso gehixeago eman beharko lituzketenak, euskarara hurbiltzeko erabakia eurei baitagokie". Zalantzarik ez daukat euskaraz ez dakienak ikastea erabakitzen badu, erabiltzen ez duenak erabiltzen hasteko erabakia hartzen badu, euskaraz jakin gabe bere seme-alabak euskaldun izatea erabakitzen badu eta horretarako euskal ereduan eskolaratzea ez ezik bestelako neurriak hartzen baditu, egoera hauek bizi dituzten pertsona hauek itzeleko esfortzua egiten dutela. Uste dut esfortzu hauek guztiak txalogarriak, eskertzekoak eta ezinbesteko ditugula.
- Gauza bera gertatzen da jende euskaldunarekin oso euskaldunak diren inguruetan. Euskara ikasi dutenei meriturik kendu gabe, neurri handi batean euskaraz bizi direnek gaztelania ikasteko egiten duten esfortzua ere aitortu beharko litzaieke. Ingurune oso euskaldunetan ez da erraza gaztelania ikastea eta hauek ere itzeleko esfortzua egiten dute. Ahalegin hori aitortu ez ezik eskertu ere egin beharko litzateke.
- Edozelan, zubigintzaz gabiltzalarik, zubirik indartsuena euskaldunok euskararen erabilerari eustea eta zubia igarotzeko gogoz daudenei laguntza ematea dela eta zeregin horretan herri erakundeek eta gizarte ekimenak euskal hizkuntza komunitateari bereziki eskaini beharko lioke babesa.
"Azken aldian, bestelako lurraldeetatik datozen pertsonen etorrera indartu delarik, areagotu beharra dago gizarte-kohesioan, aukera berdintasunean, integrazioan (ez-asimilazioan), eta abar areagotzeko egiten ari garen ahalegina, besteak beste, irakaskuntza elebidunerako aukerak ziurtatuz eta metodo egokiak bilatuz, plangintza sistematikoak eginez, harrera-egitasmoak garabidean jarriz eta orokortuz, eta abar".
- Etorkinentzat irakaskuntza elebidunerako aukerak ziurtatu behar direla esaten denean, derrigorrezko irakaskuntza prozesuaren ondoren ikasleak elebidunak (gazteleraz eta euskaraz) edo eleanitzak hemengo bi hizkuntza ofizialez gain beraien ama hizkuntzaren jabe izango direla ulertzen dut. Gutxienez hala izan beharko litzatekeela uste dut benetako aukera berdintasuna emango bada etorkinentzat. Bestelako eskubideen izenean haur eta gazte etorkinei euskararen ezagutza ukatzea akats izugarria litzateke eta ukazio horrek ekarriko zukeen gizarte ereduari buruz gogoeta egin beharko litzatekeela uste dut. Etorkin gaztetxoentzat euskalduntzeko errefortzu programa bereziak bermatu beharko lirateke eta nola edo hala euren jatorrizko hizkuntzari (eta gehiago hizkuntz gutxitua bada) aitorpena eman behar zaio hezkuntza sisteman berezi eta hezkuntza sistematik kanpo ere.
- Norbanakoaren borondatea izan behar du oinarri hizkuntza politikak
"Borondatea ez da ongi konpontzen bortxarekin. Politikaren ondorioa bada nor edo nor halabeharrez eta ezinbestean hizkuntza bat ikastera eta erabiltzera bultzatzea, zerbaitek huts egiten du. Euskara bultzatu behar da, euskal hiztunek bere hizkuntza erabil dezaten erraztasunak emanez, ez da dudarik horretan, eta erdarak egunero duen eragin handia nolabait ere berdindu behar da beste bide batzuk erabiliz. Honek berdin balio du administrazioaren zereginean edo enpresa pribatuetan, hauek ere bere gain hartu beharko bailukete politika honetan laguntzea".
- Bortxaz eta inor halabeharrez hizkuntza bat ikastera eta erabiltzera bultzatzeaz mintzatzen dira txostengileak. Honelakoak gertatzen dira? Egia esateko ez zait egokia iruditzen bortxaz honela aritze hau adibide zehatzik eman gabe. Egia ez al da beste aldetik euskara erabiltzea erabaki duenak bortxa bizi duela euskaraz ez dakienaren aldetik?
- Norbanakoen borondatea izango da izatekotan gure hizkuntza komunitatearen biziraupenaren bultzada emango duena. Hala ere, administrazioan edota enpresatan bortxaz aritzea gehiegizkoa iruditzen zait. Esango nuke langileen eskubideez ari bagara bortxa ez dela inoiz eman ez administrazioan ezta enpresa pribatuan ere. Uste dut gizartean ematen diren hainbat aldaketa eta garapen bideetan lanpostu askotan ematen den birziklapen prozesuetan kokatu beharko litzatekeela euskararena, informatikarekin, atzerriko hizkuntzekin edo bestelako prestakuntza edukiekin gertatzen den bezala. Langileak bestelako motibaziorik izan ezean, hor kokatu beharko luke euskara ikasteko edo erabiltzeko eskakizuna. Besterik da honelako egoerez egin ohi den erabilpen interesatua.
- Progresiboa, malgua eta neurrikoa izan behar du hizkuntza politikak
"Hizkuntza politika malgutasunean eta progresibotasunean oinarritu behar da. Malgua, neurrikoa, eraso gisa sentitzen ez dena, beti ere integratzailea".
"...egiazko askatasuna, puntu honi dagokionez, elebidunak diren hiztunek bakarrik dute, gehienen kasua bestelakoa baita: ezagutzen duten hizkuntza bakarra erabiltzeko ezinbesteko beharra".
"...hizkuntza politikak askatasunean oinarritua bai, baina, hautatzeko askatasun txikiena duen hizkuntzaren aldekoa izan behar du. Komunikazio-hizkuntza diferenteak daudenean, ukipen egoeran ditugunean hizkuntza nagusia eta gutxitutakoa, nagusia erabiltzea ez litzateke askea, ezartzailea baizik gutxituarenganako".
- Progresiboa, malgua, neurrikoa eta integratzailea izan behar du politikak, baina baita ausarta ere; deserosotasun puntua behar du, halabeharrez.
- Egiazko askatasuna izatekotan elebidunak diren hiztunek bakarrik dute eta bi hizkuntzen jabe egin ahala askatasunean irabazten da. Dena dela, askatasuna ez da pertsonala bakarrik, aske sentitzeko parekoak askatasuna baliatzeko aukera eman behar dizu beraz, aske-askea ez da inor, parekoak ez badu askatasun hori bermatzen.
"... hizkuntza politikak ahalik eta gutxien baldintzatu beharko luke herritarren askatasuna. Borondatean oinarritzetik indarrean, edo indarkerian, oinarritzera pasatuz gero gertatuko litzateke hori".
- Ez dut uste hizkuntza politikaren oinarriak lantzeko testuinguru honetan indarkeria aipatzea inorentzat mesedegarri denik. Euskal hizkuntza komunitatetik indarkeria ematen dela interpretatzera eramaten gaitu aipamen honek eta uste dut hori ez dela onargarria, hizkuntza komunitateren batetik malgutasuna eta egoerara egokitzea egon baldin bada gizarte elebidun honetan, hori euskaldunon hizkuntza komunitatetik izan da, zalantzarik gabe. Askatasunaz ari gara, edozein dela ere norbanakoak egiten duen hizkuntza hautua. Utz dezagun hor gaia.
- Egin daitekeenaren eta ezin egin denaren artean mugitu behar du hizkuntza politikak, kalitatea zainduz ahal den neurrian
- Hizkuntza politikak ezin die modu berean eragin errealitate ezberdinetan bizi diren herritarrei, horrekin ados nago. Tokian tokiko egoera soziolinguistikoa kontuan hartu behar da, pertsona bakoitzaren lanpostuaren arabera honek herritarrengan izan dezakeen eragina eta beste hamaika faktore. Horretarako hizkuntza plangintzak eta ematen dizkigun tresnak baliatu beharko ditugu eta tokian tokiko eta eragin esparru bakoitzeko errealitatearen eta euskal hizkuntza komunitatearen egoera eta bizi-indarra izan beharko ditugu oinarri aurrera begirako neurriak zehazteko. Baina horietan guztietan etorkizuneko ikuspegiaz jokatu beharko dugu, orain erabakitzen diren politikak ez daitezen izan etorkizunean mugatzaile. Zentzu horretan ausart jokatu beharko genuke.
- Errealitate ezberdinetara egokitzea ez litzateke ulertu behar lehen mailako eta bigarren mailako eragin esparruak, herritar taldeak, ingurune soziolinguistikoak daudenik. Uste dut bakoitzari berea eman behar zaiola eta ikuspegi horretatik lan egin.
"Bestetik, guztion zeregina da euskararen erabilera aberatsa bultzatzea, eta kalitatea zaintzea, baina beharbada hiztun kopurua haztearen eta belaunaldi berrietara hedatzearen ondorioz hizkuntzak puntu honetan bidesaria ordaindu beharko du".
- Euskararen erabilera aberatsa eta kalitatezkoa bultzatu beharra dago eta egia da eskola bidez emandako euskararen ezagutzaren hedapen zabalak eragin negatiboa ere ekarri diola euskararen kalitateari. Edozelan uste dut euskararen hedapenari mugak jartzen baino, euskararen kalitatea hobetzeko neurriak hartzen jarri beharko genituzkeela indarrak. Horretarako proposamen zehatzak egiten dira Euskararen kalitatea, zertaz ari garen eta zertarako txostenean, horra batzuk:
- Euskararen egokitasuna sustatzeko giroa sortu behar da hizkuntza ikasketa eta erabilpenaren hobekuntzari lotutako plangintzatan.
- Euskararen erabilpenerako aukerak bermatu: euskarazko zerbitzuak eskaini eta euskarazko produktuen kontsumoa sustatu.
- Haur-gazteen adinaren araberako helburuak jorratuko dituzten ikastetxeetako hizkuntza normalizazio plangintzak hedatu eta sistematizatu, esku hartzen duten eragile guztiak aintzakotzat hartuz, erabiltzen den materialeko euskararen egokitasuna landuz eta ikastorduetako eta ikastorduetatik kanpoko erabilera zainduz.
- Hedabideetan jorratzen diren sailen araberako hizkerak erabaki, bereziki haur eta gazteei zuzenduriko kultur eta komunikazio produkzioan.
- Hedabideetarako haur eta gazte hizkera eta errepertorioak landu, sistematizatu eta zabaldu.
- Iragarle euskaldunen eta batez ere erakundeen publizitatean euskararen presentzia egokia landu.
- Haur eta gazteen euskarazko produktuak eta zerbitzuak eskuragarri eta erakargarri egin.
- Teknologia berrietan euskararen sarbidea bermatu.
- Herri/eskualdeko hizkuntz ondarea jaso eta erabilgarri ipini, errepertorioak lantzeko baliabide interesgarri gisa.
- Euskal herriko zonalde euskaldun eta erdaldunetako gazteen arteko harremanak ugaldu.
- Eskola-orduz kanpoko jardueren euskalduntze programak bultzatu eta horietara egokituriko errepertorioak lantzea, hizkera ez-formalak eta afektiboak lantzeko esparrurik interesgarrien eta eraginkorrenetakoa hauxe delarik; are gehiago kontuan izanik berezko lagunarteetara iristea oso zaila dela, herri txikietan ez ezik.
- Azpimarratu nahiko nuke Euskararen kalitatea, zertaz ari garen eta zertarako txostenean espresuki nabarmentzen dela aisialdia euskalduntzeko programek haur eta gazteen hizkera ez-formala eta afektiboa lantzeko duen eraginkortasuna. Hemen kokatuko nituzke adibidez Euskara Elkarteetatik antolatzen diren aisialdi ekintzak, eta hauekin lotura zuzena duen kultur arloko eskaintza ere. Azpimarratu nahi nituzke baita ere aisialdian kokatzen diren eta gazte zein helduek parte hartzen duten mintzapraktika egitasmoak, zeintzuetan harreman afektiboek garrantzia handia hartzen duten eta euskara praktikatzeko helburuaz dabiltzan partaideei tokian tokiko ereduak eskaintzeko aukera ere ematen duten. Kalitateari dagokionez interes berezia izango luke hezitzaileei edota mintzapraktika egitasmoetan parte hartzen duten hiztun osoei euskara egokia eta aberatsa erabil dezaten eta bereziki gazte hizkerari lotutako ereduak heda ditzaten errekurtsoak eta programak eskaintzea. Horren adibide izan daiteke Ttakunek eta Urtxintxak sortutako "Lagun arteko hizkerarekin jolasean" programa.
- Herritarren elebitasuna bultzatuko duen hizkuntza politika. Irakaskuntzaren garrantzia helburu horren bidean
- Irakaskuntza elebidunaren bidez elebitasun pertsonala hedatzeko lortutakoa oso garrantzitsua izan dela aitortuta, egun indarrean dauden eredu ezberdinen emaitzen jabe izan behar gara eta eredu bakoitzaren arabera gazteen hizkuntza gaitasunari lotuta jaso diren emaitzak oso gogoan izan.
- Ikasleen komunikazio gaitasun ahalik eta hoberena bermatze aldera, tokian tokiko errealitateetara egokituko den hezkuntza eredua beharko dugulakoan nago baina bereziki eskolan egindako esfortzuak alferrik galdu ez daitezen, ezinbestekoa izango da hauen osagarri izango diren eskolaz kanpoko programa eta zerbitzu osagarriak eta euskara erabiltzeko aisialdiko eskaintza erakargarriak antolatzea.
"Hari berari tiraka, eskolan landu den hizkuntza-erregistroak zernahirako nagusitzeak hiztun berrien adierazkortasun-gaitasunean ere eragin du. Era berean, hiztunen adierazkortasunari eta egokitasunari bainoago gramatika arauak baliatzeari eman zaio askotan lehentasuna, eta horrek hiztunaren komunikazio egintzen arrakastan eragina izan du. Euskaraz hitz egiteko orduan hedatu den gramatikakeriaren morrontzak euskara erabiltzeko aukerak murriztu egin ditu. Oso zabaldua dago hiztunen artean hizkuntza zuzena ez erabiltzeko beldurra, beldurrak zalantza sortzen du eta zalantzak paralizazioa. Horrekin hausteko, leku egin behar zaio arau-hausteari, lasaitasunez hitz egiteari, gainetik autoritate linguistikoaren arnasa sentitu gabe".
- Goikoarekin ados egonik, arau-hausteari eta adierazkortasun-gaitasunean eragiteari begira aisialdiko ekintzatan daukagu aukera paregabea, askatasun espazioak diren heinean, arau-haustea errazagoa delako eta egungo eskola ereduetan komunikazio gaitasunari oraindik ere oso leku eta denbora gutxi eskaintzen zaiolako.
- Ahozkotasuna lantzeari garrantzia berezia eman behar zaio, horrek ematen baitu jariotasunez aritzeko gaitasuna. Aisialdia da horretarako aukera aproposena, baina irakaskuntzan ere lekua behar du. Aisialdia eta irakaskuntzaren arteko zubiak eraiki behar dira.
- Eremu euskaldunak (bai gune fisikoak eta baita eremu funtzionalak) berariaz eta lehentasunez zaindu beharko lirateke, bertako hizkuntza-erregistroak zaintzeko eta hedatzeko.
"Herritarren elebitasuna bultzatzeko bidean, irakaskuntza arautu eta derrigorrezkoaz gain, garrantzi handia izango du helduen euskalduntzeak ere. Komeniko da jarduera hori herritarren hizkuntza-beharrizan aldakorretara egokitua eta herritarren aldian aldiko hizkuntza premiei kalitatez eta malgutasunez erantzungo diena izatea. Horrekin guztiarekin batera, lan munduan bezala informazioaren eta komunikazioaren teknologietan, nola baita ere hedabideetan, euskararen erabilera sustatzea izan beharko du helburu edozein hizkuntza politikak".
- Hedabideetan euskararen erabilera sustatzeari buruz euskara hutsezko hedabideak behar ditugula argitu beharra dago eta ez hedabide elebidunak. Baieztapen hau egiteko Aitor Zuberogoitiak 2003an idatzitako doktoretza tesiari ("Euskararen presentzia gaur egungo prentsa elebidun abertzalean") egingo diot erreferentzia eta bere lanaren ondorioen ataletik ateratako zenbait pasarte ekarriko ditut gogora:
- "Esan dezagun berriro: mundu globalizatu honetan osasuntsu iraungo badu, hil ala biziko du euskal hizkuntza-komunitateak euskarazko komunikazio-esparrua osatzea; eta esparru horrek euskara hutsezkoa behar du izan, eta hizkuntza-funtzio guztiak bere baitan hartuko dituen zirkuitu osoa eduki behar du oinarrian. (...) Egon ere, hortxe dago auzi honen gakoa: Sanchez Carrionek iradoki bezala, ibilbide oso hori osatzera jo ezean, hizkuntza gutxituaren kanpo-funtzioetatik sartzen hasiko litzateke hizkuntza inbaditzailea, harik eta barne-funtzioak ordezkatu arte, elebitasuna, jada esana dugun moduan, ez baita egoera finkoa, hizkuntza biren arteko ordezkatze-prozesuaren fase jakina baizik (eta, onenean ere, ordezkatze-prozesua eskema diglosiko batekin apur bat galgatzea lortuz gero, eskema horretan hizkuntza bat beti izango da ezinbesteko hizkuntza, bestea hizkuntza baztergarria izatera kondenaturik egongo den bitartean".
- "(...) logikak berak argi eta garbi erakusten du euskarazko komunikazio-esparrua euskarazko hedabideak indartuta sendotzen dela, eta ez hedabide elebidun diglosikoak sortuta/sustatuta.(...)".
- "(...) Hau da, hedabide elebidun diglosikoen hautuak baduela logikarik: izan ere, haientzat ahalik eta gehien saltzea baita lehen mailako kontua, euskararena bigarren mailako afera dela. Euskal hiztunen komunitateari, ordea, logika horrek ez dio balio: komunitate horrentzat euskarak behar du izan lehen mailako kontu, baldin eta euskarak zein komunitateak berak iraungo badute. Hortaz, ez ausaz hedabide diglosikoei (haiek euren interesak dituztelako) baina bai euskal hiztunen komunitateari gogorarazi behar zaio nola euskarak hala komunitateak berak osasuntsu bizi gura badute baitezpadako dutela euskara hutsezko komunikazio esparrua, eta horretarako funtsezko direla bai euskarazko hedabideak bai hedabide horiek kontsumituko dituen masa kritikoa. Eta, bistan denez, hori ez da bermatzen hedabideetan (ohartuki zein oharkabean) erdaren aldeko diglosia potentziatuta".
- "Ezaugarri horiek lituzkeen euskarazko komunikazio-esparrua eraikitzera bideratu beharrean, prentsa elebidun diglosikoa zurkaiztera bideratzen diren ahalegin oro, euskal komunikazio-esparruaren eraikuntza oztopatzen ari da, zeharka bada ere. Eta kontua ez da inoren aurka jotzea, trinkotu beharreko kalitatezko komunikazio-esparru baten alde egitea baizik; (...) Beraz, eta honenbestez lan honen ondorio nagusira ailegatu gara, gure hizkuntza osasuntsu biziko bada, datozen urteotan euskara hutsezko kalitatezko komunikazio-esparru autozentratu erakargarria eraikitzera bideratu beharko dugu gure energia guztia, hori baita uneotan euskarak begi bistan daukan desafio nagusia".
- Euskarazko hedabideen inguruan gainera badago kontuan hartu beharreko faktore garrantzitsu bat, hedabideon hedapena hain zuzen ere. Jakina da nahiko genituzkeenak baino kontsumitzaile gutxiago ditugula euskarazko hedabideetan eta euskarazko komunikabideak euskaldunok behar dugun informazio eta entretenimendu beharrari erantzutea ez ezik, euskal hizkuntza komunitateak gizartean ikusgai egiteko dugun tresna garrantzitsu bat ere badela, gizarte kohesioan funtzio garrantzitsua betetzen duena. Komunitate honetako "nukleo" inplikatuenean dugu kontsumitzaile kopururik handiena baina "periferiara" heldu beharra da egungo erronka garrantzitsuenetarikoa eta adituen artean helburu onartua. Zentzu horretan argigarriak dira esku artean ditugun kontsumitzaileen azken datuak: ETB1ek 163.000 ikus-entzule ditu, Euskadi Irratiak 84.000 entzule, Hitzak 78.000 irakurle, Berriak 62.000 eta Euskadi Gazteak 59.000 entzule. Nire datuen arabera Topagunean federatutako tokiko aldizkariek 263.000 irakurletik gora dituzte eta hauetako askorentzat euskaraz irakurtzen duten prentsa bakarra da tokiko aldizkaria. Interes orokorreko informazioa jorratzen duten hurbileko argitalpenak gutxienez euskaldun bat dagoen familia guztietara hedatzearen estrategia sustatu beharrekoa dela deritzot.
- Euskararen erabileran aurrerapausoak emateko, gizarte eleanitz batetan kokatzen diren irakaskuntzako erronkei aurre egin beharko zaie, herritarren beharrei egokitutako helduen euskalduntze-alfabetatze eskaintza egin beharko da, lan-munduko erabilera programak hedatu eta hauetan sakondu beharko dugu eta euskarazko hedabideak ugaritu eta hedatu beharko dira. Horrez gain, bereziki erabilera askeko guneetan, aisialdian, kulturgintzan, sormeneko esparruetan, interneten, hurbileko harreman sareetan... eragitean ikusten dut indar berezia jarri beharra.
- Herritarren protagonismoa barnebilduko duen hizkuntza politika ez ezik herri-erakundeen aitzindaritza barnebilduko duen hizkuntza politika
"Dena ez dago herritarren borondatearen esku uzterik, herri-erakundeen aitzindaritza ere ezinbestekoa da, baldin ezberdintasunak orekatzeko moduan paratuko badira; inor baztertu gabe, euskararen erabilera gertatzeko erabilera-eremuak indartu, eskuratu eta hedatuko badira; ahulena denak -gure kasuan, euskarak-biziberritzeko egiazko aukerak eskueran izango baditu. Ez dago beraz, zoriak zer ekarriko pasiboki jarduterik, izan ere, herritarren borondatea eta herri-erakundeak eskuz esku joan behar dute hizkuntza kontuetan, baldin eta zedarritu ditugun helburuetara iritsiko bagara".
- Dena ez dago herritarren borondatearen esku uzterik, herri-erakundeen aitzindaritza ere ezinbestekoa da, baina eta dena ez dago herri-erakundeen esku uzterik, herritarren borondate antolatuaren eta gizarte ekimenaren bultzada ere ezinbestekoa da eta gizarte ekimena bizirik izatea herri-erakundeen erantzukizuna ere bada.
"Herritarrek eskubidea dute hizkuntza ofizialetan -batean zein bestean- artatuak izan daitezen, eta herritarren eskakizun horri ganoraz erantzutea da herri-administrazioen obligazioa. Alabaina, herri-administrazioak ezin muga daitezke herritarren eskabideei erantzute hutsera; herri-administrazioek, askotariko herritar eta erakundeak bezala, hizkuntzaren normalizaziorantz hurreratzeko subjektu eta eragile izan behar dute. Honek, besteak beste, administrazioak eskaintzen dituen askotariko zerbitzuetan hizkuntza-irizpideak ezartzea dakar, zalantzarik gabe, boluntarismo oro baztertuz eta, besteren artean, administrazioko langileen euskararen eskakizuna erabilerarekin uztartuz, ezinbestean".
- Herri-administrazioetan euskararen erabilerarako jauzia ere eman beharraz guztiz bat egiten dut txostengileekin.
- Herritarren eskabideak hizkuntza eskubideei lotutako eskakizunetara mugatzen direla interpretatzeko bidea ematen du pasarte honek. Zalantzarik ez daukat herri-administrazioek hizkuntzaren normalizaziorantz hurreratzeko subjektu eta eragile izan behar dutela. Baina herritarrek ere euskararen erabileran aurrerapausoak emateko badituzte bestelako mekanismoak, herri-erakundeek eskaintzen ez dieten zerbitzu, programa edo bestelako erabilera programak proposatzeko edota horiek guztiek beraiek propio sortzeko. Horretan eredu eraikitzaile eta eraginkorrak dira Euskara Elkarteak eta herritarren borondatea oinarri izanda, boluntarismotzat ulertu daitekeenetik urruti izaten dira elkarteotatik bideratzen diren ekimenak. Herritarren atxikimendua bilatzen den balore nagusietako bat dela aipatzen dute txostengileek behin eta berriro, eta uste dut euskararen erabilerarekiko atxikimenduaren adierazle ezin adierazgarriagoa dela herrietako euskal hizkuntza komunitateak herriz herri erakundetzea beraien beharrei erantzuteko bide eraikitzaileak antolatuz. Herri-erakundeenaren osagarria da Euskara Elkarteen lana eta lehendabizikoei dagokie elkarteen lan aberasgarria eta bizia aitortzea eta elkarteok lagundu eta sustatzea. Euskara Elkarteen lana eraikitzailea den bezala, lehenago ere aipatu dudan moduan deserosotasuna ere sortu ahal diete elkarteok herri-erakundeei. Beharrezko denean herri-erakundeei bestelako neurriak eta exijentzia egitea ere badagokie elkarteei eta honetan guztian elkarren arteko errespetua eta adostasunetara heltzeko borondatea beharrezkoak izango dira bien aldetik. Horren harira, erakunde bien arteko konfiantzazko harremanetan oinarritzea funtsezkoa izango da.
- Erakunde publikoen eta pribatuen jardunaren arteko osagarritasuna ardatz hartu behar du hizkuntza politikak
"Euskararen alde egitea ez da bakarrik erakunde publikoei dagokien lana, guztion zeregina baizik. Alde horretatik, ezin da ahaztu erakunde pribatuek ere badutela hemen lanik. Nolanahi ere, komeni da esatea, inork bere erantzukizunari bizkar eman ez diezaion, gizarte demokratiko batean herritarren mandatua eta ordezkaritza duten erakunde publikoei dagokiela hizkuntza politika definitzea eta garabidean jartzea.
Hortik aurrera, besteren artean, herritarrek hizkuntzarekiko duten atxikimendua sendotzeko asmoz, jardun pribatua edota gizarte-ekimena indartzea eta haien ekarpenak bideratzea ere garrantzi handikoa da, beti ere herri-aginteek diseinaturiko hizkuntza politikaren osagarri gisa.
Horrela, bada, erakunde mota bakoitzaren egitekoei eta ardurei bizkar eman gabe, egiteko horien eraginkortasunaren mesedean beharrezkoa da hizkuntza politikaren garapenean askotariko erakundeen eta elkarteen arteko elkarlana sustatzea"
- Erakunde publikoei dagokie hizkuntza politika definitzea eta garabidean jartzea eta baita ere herritarren borondateari erreparatzea, gizarte ekimeneko proposamenak aztertuz eta ahal den neurrian horiek aurrera eramateko elkarlanean arituz. Erakunde publikoei dagokie hizkuntza politika definitzea, baina ez dagokie gizarte ekimena ordezkatzea, alderantziz gizarte ekimena subsidiarioki laguntzea dagokie.
- Gizarte ekimenari dagokio gizarteko hutsuneei erantzuna emateko antolatzea eta behar den tokian hutsune horiek estaltzeko neurriak eta ekimenak antolatzea eta horiek aurrera ateratzeko behar diren eskakizunak bideratzea. Herritarrek hizkuntzarekiko duten atxikimendua maila partikularrean ez ezik maila kolektiboan ere ematen da eta elkarteetan erakundetuz euskararen erabilerarako behar dituzten ekimenak aurrera eramatea eta aldarrikapenak plazaratzea, gizarte demokratiko baten bizitasunaren eta aberastasunaren adierazle dira.
- Herri erakundeek aberastasun gisa hartu beharko lituzkete gizarte mugimenduko erakundeak, herriko bizitasunean balio erantsi gisa. Euskararen erabilera indartzeko lanean herri-erakundeen osagarri ez ezik, ekimen berriak sortzeko bide erakusle ere izan dira eta izango direla esango nuke.
Ondorioak
- Euskara bizirik badago euskal hizkuntza komunitateak, euskaldunek, egindako ahaleginagatik izan da. Aitorpen hori ezinbesteko oinarria da.
- Legeak bakarrik ez du euskal hizkuntza komunitatea indartuko baina aukera berdintasuna bermatzen dituzten legeak beharrezko ditugu.
- Euskal hizkuntza komunitatearen bizi-indar etnolinguistikoa indartzeko biderik eraginkorrenak laburbiltzekotan lau lan ardatz azpimarratuko nituzke:
- Eskola (eskola diodanean euskaltegiak ere barne kontsideratzen ditut) bidezko euskalduntzea.
- Gizarte esparru guztietan euskara erabiltzeko aukerak sortzea indar berezia jarriz erabilera askeko guneetan (aisialdian). Hemen kokatzen ditut baita ere kontsumorako produktuak, ekoizpenak eta hauen hedapena.
- Erreferentzialak diren instituzio eta botere-guneetan (hedabideak, politikariak, erakundeak, enpresak...) euskararen erabilera bermatzea.
- Euskal hizkuntza komunitatearen pertzepzio baikorra sortuko duten mezu eta diskurtsoak gizarteratzea.
- Gizarte mugimenduaren garrantzia eta beharra azpimarratu nahi ditut eta uste dut beharrezkoa dela gizarte ekimenean kokatzen diren eta euskararen alde diharduten erakunde ezberdinei banan-banan erreparatzea eta "euskalgintza"-tzat ezagutzen den erakunde multzo horretan bakoitzaren funtzioaz eta lanaz aritzea. Euskaldunen nahiari eta atxikimenduari buruz mintzatzen dira oinarrizko txostenean eta norbanakoaren garrantzia kendu gabe azpimarratu nahiko nuke norbanakoek badituztela mekanismoak beraien nahia bideratzeko eta mekanismo horietako indartsuena bere burua antolatzen gauzatzen da. Gizarte ekimeneko erakunde bakoitza gizartean dagoen behar jakin bati (euskararen sustapenarekin lotuta noski) erantzuteko antolatzen da eta hortik abiatuta bideratzen ditu bere ekimenak. Horiexek dira hain zuzen ere administrazioak kontuan hartu beharreko solaskideak eta horren sostengu izango den hizkuntza politika diseinatzea dagokio administrazioari. Zentzu horretan administrazioaren eta eragile bakoitzaren artean adostasunetara heltzeko ariketa egin beharra dago etengabe. Ez naiz aspertuko errepikatzen: administrazioak euskal hizkuntza komunitatea hartu behar du ardatz eta gizarte ekimenari laguntza subsidiarioa emateko helburuaz diseinatu behar du hizkuntza politika.
- Nik Topagunea eta Euskara Elkarteen mugimendua ezagutzen dut gertutik eta euskararen erabilerari dagokionez gizarteko hutsuneei erantzuteko bi lan ardatz nagusi dituzte martxan: euskaraz aritzeko aukera berriak sortzeko guneak eta zerbitzuak antolatzea eta tokian tokiko euskal hizkuntza komunitateko boluntariotza euskararen alde antolatzea. Lan ardatz hauek epe luzerako dira eta elkarteok administrazioarekin elkarlanean aritzeko duten borondatea argia da eta herriz herri garatzen da. Euskara Elkarteek eta hauen ekimenek administrazioaren aldetik epe luzerako laguntzak behar dituzte, hitzarmen bidez adostu beharrekoak. Ez al da posible administrazioaren eta euskara elkarteen arteko protokolo bat adostea non bakoitzaren funtzioak elkarri aitortzen zaizkion? Posible eta beharrezkoa delakoan nago.
- Aurrekoarekin lotuta, ez al da posible administrazioaren eta euskara sustatzea helburu duen gizarte ekimeneko erakunde bakoitzarekin banan banako eztabaida prozesuak ireki eta protokolo bat adostea, non bakoitzaren funtzioak elkarri aitortzen zaizkion eta elkarlanerako hitzarmen esparruak adosten diren? Posible eta beharrezkoa delakoan nago.
(JASONE MENDIZABAL ALTUNA Topagunea Euskara Elkarteen Federazioko zuzendaria da)
- Idazki hau, Euskara 21 ekimenaren abiapuntu izan den Oinarrizko Txostenari egin zaizkion ekarpenetako bat dugu.
Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)
|