Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Lan munduan nola eragin erabileran? EraLan zer izan den eta zer eman duen

Lan munduan nola eragin erabileran? EraLan zer izan den eta zer eman duen

2008-11-05 / 08:35 / Soziolinguistika Klusterra   ENPRESA

EraLan izenak adierazten duena "laneko erabilera" da; lan munduko euskararen erabilera. Eta izen hori daraman proiektuak bi lan nagusi garatu ditu: lan esparruan euskararen erabileran eragiten duten aldagaien identifikazioa, eta aldagai horietan eragiteko interbentzioak diseinatzeko metodologia zehaztea eta aplikatzea. Laburtuz, gaiaren inguruan egindako ekarpen teorikoaz gain, lan munduan eragiteko metodologia proposamen bat da EraLan.

2006an abiatu zen proiektu honen ardura EraLan-eko Garapen Taldearena izan da, eta bertan parte hartu dute unibertsitateko, administrazioko, euskara planen aholkularitzetako eta sindikatuko hainbat eragilek, Soziolinguistika Klusterrarren koordinazio eta gidaritzarekin.

Proiektuaren emaitza nagusiak datorren azaroaren 13an izango den EraLan Topaketan aurkeztuko dira (www.soziolinguistika.org/eralan). Bertan banatuko da, gainera, 2008ra bitartean garatutako proiektuaren nondik norakoak biltzen dituen argitalpena ere.

EraLan ikerketaren emaitza nagusiak hauek izan dira:

1. Aldagaien analisi-matrizea

Lan nagusietan aurrena, hizkuntzaren erabileran eragiten duten aldagaien identifikazioa izan da. 45 aldagai identifikatu ditugu eta analisi-matrize batean kokatu.

Aldagaiak analisi-matrizean kokatu dira, Garapen Taldearen ustez, aldagai horiek batez ere ze mailatan eragiten duten irudikatzeko. Horretarako, bi ardatz definitu dira eta horien arabera antolatu identifikatutako aldagaiak: Maila sistemikoak (norbanakoa, taldea, organizazioa eta ingurunea) eta faktore-ardatzak (demanda, motibazioa, gaitasuna, kultura/praktika, instituzionalizazioa). Honakoa da matrizea:

Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.

2. Erabili eta garatutako metodologia bera

Bigarren lana, aldagai horietan eragiteko metodologia zehaztea eta aplikatzea izan da: EPEsA, Euskara Planetan Esku-hartze Analitikorako Metodologia. Eredu horrek erabilitako metodologia 12 pausotan azaltzen du.

Metodoak azpimarratzekoa duen berrikuntza, interbentzioa identifikatutako aldagaietan zentratu izana da. Interbentzioa diseinatzean hipotesiak formulatzen dira, aukeratutako aldagai batzuetan eraginez sortuko diren emaitzak aurreikusiz. Helburua lortzeko, interbentzioa pausoz pauso programatu behar da. Hona hemen eredua:

3. Lan-topaketak

Bi lan-topaketa antolatu dira EraLan proiektua garatu bitartean. Bietan izan da helburu egindakoa zabaltzea, ekarpenak jasotzea eta arloko eragileen topagune izatea.

  • 1. lan-topaketa:

    Eraldaketa Organizazioetan eta Hizkuntza Eraldaketak (2006ko martxoaren 16an) honako helburuekin: ordura arte EraLan proiektuko Garapen Taldeak egindako lanketa eta hausnarketen berri ematea, beste zientzietako erreferente teorikoak ezagutzea eta erakundeen eraldaketan eragiten duten faktoreetatik hizkuntzaren eraldaketan kontuan hartzekoak diren aldagaiak identifikatzea.

  • 2. lan-topaketa:

    Hizkuntzaren Erabileran Eragiteko Esperientziak (2006ko urriaren 5ean) honako helburuekin: erreferente praktikoak ezagutzea, eraldaketarako egun burutzen ari diren esperientziak eta metodologiak ezagutzea eta praktika bat egitea, eta komunitateari ekarpen praktikoa egitea.

4. Ikerketa-interbentzioak

Ikerketa-interbentzioak osatzea izan da proiektuaren beste helburu nagusia: maila teorikoan egindako lana aplikatzea. Horretarako, Garapen Taldeko erakundeetako ordezkariek EPEsA Metodologia aplikatu eta lau hilabeteko iraupena izan duten interbentzioak diseinatu dituzte. Ikerketa-interbentzio bakoitza diseinatzean, ze aldagaitan eragin nahi zen, aldagai horietan eraginez lortu nahi zena hipotesi bidez formulatu eta horretarako erabiliko zen metodologia zehaztu zen.

Zazpi ikerketa-interbentzio garatu dira 2007an zehar:

  • Kirola euskaraz (Bizkaiko Foru Aldundia)
  • Akuilu taldeak Fagorren (EMUN)
  • GFAko errenta aitorpeneko bulegoetan euskararen erabilerarako protokoloaren eraginkortasuna neurtzeko ikerketa pilotua (Gipuzkoako Foru Aldundia)
  • Zer behar dut euskaraz egiteko? (Gipuzkoako Foru Aldundia)
  • Eraginguneak (LAB)
  • Eskualdeko idazkaritzaren bileretan euskaraz (LAB)
  • Mintzatratu trinkoak (LAB)

Topaketa berria

EraLan ikerketa-proiektuaren berri emateko eta etorkizuneko asmoez hitz egiteko antolatu da Zamudioko Parke Teknologikoan ospatuko den EraLan ikerketa-proiektuaren Topaketa: Lan munduan nola eragin erabileran? EraLan zer izan den eta zer eman duen. Topaketan ikerketa-proiektuaren lan-taldeko hainbat kidek emaitza nagusiak azalduko dituzte eta, ikuspegia zabaltzeko asmoarekin, honako bi adituren hitzaldiak ere izango dira:

  • Pilar Kaltzada (Innobasque): Hizkuntza, kalitatea eta berrikuntza
  • Durk Gorter (Ikerbasque): Laneko hizkuntza-erabilera, Europako hizkuntza gutxituetan

Egitarauaren informazio zehatza Soziolinguistika Klusterreko webgunean duzue. Izen emateko epea azaroak 6 da eta webgunean bertan egin daiteke (www.soziolinguistika.org/eralan).

EraLan-eko Garapen Taldea osatu duten kideak honakoak dira:

  • Zuzendaria: J.Inazio Marko (UPV-EHU)
  • Koordinatzailea: Oihana Lujanbio (Soziolinguistika Klusterra)
  • Garapen Taldea: Jon Ajuria, Fermin Perez (Bizkaiko Foru Aldundia), Joxean Amundarain, Nekane Jauregi (Gipuzkoako Foru Aldundia), Eņaut Apaolaza (Emun Koop. E.), Aitziber Madrazo (Lab Sindikatua) eta Elixabet Almandoz (Eusko Ikaskuntza).

Proiektuaren finantzatzaile nagusi Bizkaiko Foru Aldundia izan da eta Gipuzkoako Foru Aldundia laguntzaile. Lerro hauetatik gure esker ona adierazi nahi diegu lantalde-kide guztiei, bi erakunde finantzatzaileei eta baita proiektuan parte hartu duten gainerakoei ere. Beraiek gabe ezingo zelako proiektu hau burutu.


(SOZIOLINGUISTIKA KLUSTERRA)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com