|
Hizkuntzalaria ez den, politikaria ere ez sensu stricto, nahiz eta lehengo hainbat euskaldun fededun euskaldun politikadun bihurtu garen azken urteotan, Gipuzkoan jaio eta Nafarroan bizi, eta guztiz nafarra sentitzen den Euskararen Aholku Batzordeko kide arrunt baten gogoetak dira hauek. Ez dute, beraz, beste mailako sendotasun edo sakontasunik. Har itzazue, bada, bere neurri estu eta txikian.
Sarrera
Sarrera
"Euskara, XXI. mendeko hizkuntza bizia, egunerokoa eta noranahikoa" lemapean aurkeztutako oinarrizko txostena, itxaropenez eta ilusioz irakurri dut. Eta egia esan, ilusioz beterik eta erabat itxaropentsu geratu naiz irakurketaren ondoren.
Eta ez euskarari dagokionagatik soilik, demokraziari dagokionagatik ere. Txostenaren sarreran argi eta garbi aitortzen da gizarte demokratiko eta aurreratuen ezaugarrietariko bat politika publikoak oro eztabaidagai izatearen garrantzia. Eta bide horretatik zuzentzen da txostena bere osotasunean, geroago kontsentsu sozial eta politikoa -hori da euskarak ororen gainetik behar duen arnasbide edo makulurik behinena- baieztatzen duelarik.
Hasteko, demokraziaren baloreak onartu eta bultzatzen dituen aitorpen sakona. Euskararen aldeko apustu soila ez, askatasunaren eta kontsentsuaren aldeko apustua ere, bada. Eskertzekoa dena, euskara geure historia laburrean denok -alde batekoak eta bestekoak- maneiatu eta manipulatu egin dugulako geure epe motzeko interesen alde, ez beti joko demokratikoari loturik. Eta euskararen interesen kontra suertatu direnak. Edo hobe, euskaldunon interesen kontra, zeren euskarak berak interesik duenik ez dut uste nik.
Baina ez hori bakarrik. Argitasun osoz -inork besterik pentsa ez dezan- aipatzen da, era berean, jakin badakigula, eta ez dela ahantzi behar gure gizartean euskal hiztuna dela gaur oraindik berak aukeraturiko hizkuntzan han eta hemen jarduteko eragozpenak dituena, eta ezberdintasun hori gainditzea dugula helburu, hizkuntza politika egoki eta orekatuaren bidez, euskararen erabilera indartuz eta bizikidetza sendotuz.
Aurrerago, euskararen erabileraren mesedean indarberritu beharrekotzat jotzen dugun adostasunak politika arloan ez ezik gizartearen luze-zabalean ere arnasa hartzen duen adostasun politiko-soziala izan behar duela aitortzen da zuzen-zuzenean. Eta zenbat eta adostasun politiko-sozial handiagoa, orduan eta ziurrago gordeko ditugula osasunbidean euskara eta hizkuntzen arteko bizikidetza pentsatzen eta desiratzen delako.
Txostenaren sarrerak, txostenaren egileek beraz, hasiera hasieratik, sakontasun osoz batu egiten dute euskara, demokrazia eta kontsentsua. Bata bestaren lagungarri bailiran. Izan badirelako.
Euskara indarberritzeko hizkuntza politikaren paradoxak. Gaur eguneko egoeraren ezaugarri nagusiak
Euskararen gizarte-bilakaeraz
Bat nator edozein hizkuntzaren-biziberritze prozesuaren arrakasta bermatzeko nahitaez gertatu behar diren faktoreak ondokoak direla: lege-marko egokia, hizkuntza normalkuntza ahalbidetzeko behar bestekoa izango dena; hizkuntza politika eraginkorra eta baliabideak; herritarren atxikimendua eta hizkuntzaren aldeko jarrera eta konpromisoa. Eta baita ere hizkuntza-normalkuntza prozesuak prozesu sozial luze eta konplexuak direla eta herritar bakoitzaren borondate, askatasun, gaitasun eta ohituren mendeko direla aipatzen denean.
Abiapuntu legala
Txostenak hizkuntza politika orok bi alde dituela onartzen du: dimentsio instituzionala eta gizarte-dimentsioa. Gure artean, ordea, ohikoa da hizkuntza politikaz jarduten dugunean dimentsio instituzional hutsetik jardutea, hizkuntza politikaren erritmoak eta egokitasuna soilik lege-arauen eta herri-aginteen jardueraren esku baleude bezala.
Baieztapen horri indar emateko galdera egiten dute txostengileek: ba al da gaurko euskal gizartean herritar gehienek euskararen alde eman nahiko luketen pausorik eta Euskararen Legeak edo gainerako lege-arauek trabatzen duelako bertan behera erortzen denik? Bistan da, argi dago, Euskal Herriko Autonomi Erkidegoaz ari dira. Nafarroan ez baita gauza bera gertatzen. Nafarroan bada "Ley del Vascuence" deritzona eta hainbat lege-arau, euskararen normalizaziorako balio beharko luketenak baina oraingoz, eta batez ere, azken urteotan, betebehar hori ahalbidetu ez dituztenak. Areago esango nuke, neurri handi batean helburu hori galarazi egin dutenak.
Hau esatean ez naiz "Ley del Vascuence" delakoa goitik behera aldatu behar dela esaten ari, uste baitut, eta horrela frogatu zen Nafarroan euskararekiko ardura beste batzuen eskutan egon zenean, aurrerapausoak emateko bidea errazten ahal duela, baizik eta Nafarroako hainbat eremutan legeria erabilia izan dela eta gaur egun ere erabilia dela herritar askok euskararen alde eman nahiko luketen pausoak trabatzeko. Edo ez behintzat laguntzeko edo bultzatzeko. Bada, beraz, bi komunitate politikoon legeriaren eta legeriaren erabileraren artean alde handirik!
Hau aitortu ondoren, eta aipaturiko ideia azpimarratzeko, txostenaren ondoko baieztapenarekin guztiz bat natorrela argitu nahi dut: errealitatea baita hizkuntza politikaren abiadurari eta nondik norakoari mugak ezartzen dizkiona. Eta komeni zaigu errealitate hori kontuan hartzea, baldin eta hizkuntza politika arrakastatsua eta euskararen erabilera egiazki indartzeko eta areagotzeko balio duena egingo badugu. Badirelako, ustez euskararen alde daudenen artean, errealitatea kontuan hartzen ez dutenak, Nafarroa Goiherria balitz bezala imajinatzen dutenak eta fantasia horretan oinarriturik euskararen bat-bateko ofizialtasuna ezarri nahi dutenak Nafarroa osoan. Kolpe batez, Nafarroako biztanleriaren errealitatea kontutan hartu gabe.
Argi dago, bestalde, bai, Nafarroako legeriak ez dituela eskubide berdinak onartzen nafar ororentzat, Nafarroa eremu ezberdinetan zatitzen baitu eta, horrela, eremu euskaldunean bizi direnek eremu mistoan edo ez-euskaldunean bizi garenok baino eskubide gehiago daukate euskararen erabilerarako, euskaraz ikasteko eta bizitzeko. Hau ez dago ukatzerik!
Beraz, geure legeriak ere hizkuntza-eskubideak aitortzen die herritarrei, baina bizi diren eremuaren arabera. Eta herri-erakundeei ezartzen dizkien betebeharrak herritarrei aitorturiko hizkuntza-eskubideak eguneroko bizitzan egiazki errespetatuak eta baliatuak izan daitezen eragiten du, baina, esan bezala, eskubide gehienak murritzak dira eta eremu euskaldunera mugatuak ia soil soilik.
Nafarroako legeria ere ez da neutrala, ez da laissez-faire printzipioaren jarraitzaile. Eta nahiz eta aitorzen duen euskararen erabilera normalizatzea eta babestea dituela helburu, errealitatean, legeriaren garapena ikusirik, huts egiteko beldurrik gabe esan daiteke batez ere euskaraz ez dakitenen eskubideak bermatzeko sortua dela. Eta ez, inolaz ere, alderantziz. Ezta ere, alajaina, batzuen eta besteen eskubideen artean oreka demokratikoa lortzeko. Egungo Hezkuntza Kontseilariak elebitasuna aipatzen duenean, elebitasunaren defentsa aipatzen duenean, gaztelerari eta ingelesari buruz ari dela ikustea besterik ez dago! Eta ez Nafarroako bi hizkuntzen jabetzaz edo erabileraz.
Kontuan hartzekoa da ere, hainbat aldiz, Foru Parlamentuan izan direla "Ley del Vascuence" delakoa aldatzeko alderdi politikoek eman dituzten pausoak. Guzti guztiak arrakastarik gabe, euskararen alde dagoen nafar gizartearen gehiengo edo ia gehiengoaren kalterako eta alderdien lotsarako! Horrexegatik jotzen dut garrantzitsutzat txostenak dioena: Hizkuntza eskubideen eragingarritasunak progresiboa izan behar duela. Progresiboak, ordea, ez du esan nahi mugagabe geroragarria. Guztiok kontuan eduki beharko genukeen ideia hasi berria den mende honetan.
Euskararen aurrerakadaren ifrentzua
Egia da: Euskara, bistan da, ez da hizkuntza hutsa, ez da komunikaziorako tresna neutro bat
bakarrik. Gainerako hizkuntza guztiak ere badira esandakoa baino zerbait gehiago. Badakigu euskara sinbolo bat dela, gure gizartearen izaera askotarikoaren ezaugarri behinena, bizirik gorde beharreko kultura ondarea. Baina euskara ez da, inolaz ere, gu besteak baino hobeak garenaren ikurra. Edo areago, gaztelera baino hizkuntza geureagorik. Biak dira geureak eta biak erabili behar ditugu. Inolako mespretxurik gabe, ez batentzat ez bestearentzat. Areago, ez elebakarrak direnentzat, ustez beste hizkuntza bat menderatzen dugulako hoiek baino hobeagoak garela pentsatzeagatik. Aberatsagoa da elebiduna, noski, batez ere, batez ere, elebidunak edo eleanitzaren mezuak balioa duenean. Mezuak ere bere balioa duelako, hizkuntza batean eman edo bestean.
Bai, bi hizkuntza ofizial -geure kasuan, Nafarroa osoan ofizial ez propio baizik- dituen gizarte honetan, zenbat eta berdinkideago izan biak, orduan eta sendoagoa izango dela hizkuntza bien arteko bizikidetza, eta, ondorioz, herritarren artekoa onartzea jarrera logiko eta demokratikoa iruditzen zait. Eta nahiz eta bat natorren euskararen etorkizuna bermatzeko bidean, seguruena, hazkundea ahalik eta modurik naturalenean gertatzea dela dioen esaldiaz, ez dut uste egiten ari garen ahalegina naturaltzat jo daitekeenik, ez EAEn ez Nafarroan. Noski, "natural" ez izateak ez dio baliorik kentzen. Aldiz, balioa erantsi egiten dio, gizartearen ahalegin aske eta kontzientea delako. Ez ahantz, dena dela, euskararen kontra daudenak ere aske eta kontzienteki ari direla.
XXI. mende hasierako hizkuntza politikaren zimentarriak eta erronkak
Edozein hizkuntza biziberritzeko beharrezkoak dira, bai, legeak, dekretuak, laguntzak eta abar luze bat. Herritarren jarrerak-eta ezagutzeaz gain, politikan eta gizartean hizkuntza kontuetan aldiro adostasuna gaurkotzea eta berritzea ere ezinbestekoa da, txostenak dioenez. Eta seguruen, hau da Nafarroan egiatan, ez sakonean ez azalean, oraindik lortu ez duguna, oinarrizko adostasun politiko eta soziala. Eta adostasun hori gabe, ezinezkoa da helburuak eta mugak ongi zehaztea. Eta nire ustez, hor gaude nafarrok, euskararentzat zer nahi dugun ongi, zehazki, jakin gabe.
Beraz, euskararekiko helburuak aipatzen direnean, Nafarroan, neure ustez, lehena euskara nafar guztiona dela onartzea da. Dakigunona, mintzatzen dugunona eta baita ere ez dakitenena. Eta hau onartzea aurrerapauso ikaragarria litzateke. Gezurra dirudi baina horrela gaude. Ez da hau euskararekin bakarrik ematen den arazo bat. Euskal aurrizkia duen guztiarekin gerta daiteke. Hona adibide bat (nolabait eta neurri batean eredua ere badena): Jorge Oteizak bere obra Nafarroako herriari utzi zion. Altzuzako Museoa bukatua zelarik eta eskulturak ikusi ahal zirelarik, Caja de Ahorros de Navarrako agintari batekin bazkaltzen ari nintzela ikustera ez zela joan eta ez zela joango ere, "porque estos vascos a los navarros sólo nos traen problemas". Ez da nafar gehienek pentsatzen dutena, baina askok bai.
Guztiz bat nator, beraz, gizartean ezberdintasunak orekatzea, gizartearen kohesioa indartzea eta bizikidetza areagotzeko urratsak bizkortzea txostenak proposatzen dituen xedeekin. Eta guztiz neure egiten dut ondoko gogoeta: den-denok jarri beharko genizkioke geure buruari honako helburu hauek: hizkuntzen arteko ezberdintasun sozialak pixkanaka-pixkanaka baztertzea, hizkuntzak erabiltzeko aukera berdintasunerantz bidea egitea eta egiazko hizkuntza-askatasuna eraikitzea. Horrela, bada, etorkizuneko hizkuntza politikak, edozein delarik ere, bere oinarri nagusien artean honako bi zutabe hauek bederen izan behar lituzke: batetik, norbanako bakoitzaren hizkuntza-aukera erabat errespetatzea; bestetik, hizkuntza -zeinahi hizkuntza- baliatzeko askotariko erabilera-aukerak bermatzea; eta azken zutabe hau aipatuta, eta euskararen erabilera bultzatzea izanik goiburu, garbi eduki behar da hizkuntzarik ahulena, ezberdintasunean dagoena, jarduteko aukera urrienak dituena, euskara, erabiltzeko ditugun aukerak indartu egin behar direla eta berriak sortu (nahiz eta argi eta garbi ez izan zer ote den aipatzen den "hizkuntza-askatasuna"...).
Agian, ametsa dirudien arren, nahitaezkoa da elebitasun orekatua eta aukera-berdintzailea benetan posible balitz bezala jardutea, hori helburu duen hizkuntza politika malgu eta errealista egitea, hori da biderik egokiena hizkuntza bien eta biztanle guztien arteko oreka lortu ahal izateko, boluntarismo guztien gainetik. Mitxelenak arrazoi osoa zuen diglosiaren purgatorioetatik ihesi goazela, ez gaitezela ghettoaren infernuan eror. Hizkuntza integrazioa beste ezein bezain beharrezkoa dugu idatzi zuenean. Uzten badidazue esaldia neurea egiten, Nafarroan areago erantsiko nioke.
Txostengileek ez zaigula komeni hizkuntza politikaren diskurtsoa eskubideen inguruan bakarrik ardaztea diote eta nik baieztapen hau politikaren arlo guztietara eramango nuke, bizitza osora. Edozein eskubideen gainean soilik eraikitzen denean, batzuen eskubideen alde egiten da eta besteen eskubideen kontra. Eskubideen hizkuntza dilematikoa da guztiz, eta nire ustez, eskubideei uko egin gabe, askoz baliagarriago, aberatsago, kontsentsurako aproposago da baloreen hizkuntza. Honek batzuen eta besteen baloreak adosteko balio duelako eta ahalik eta balio gehien lortzen eta babesten saiatzen delako.
Integrazio-nahirik gabe ez da helbururik zehazterik. Eta horixe da bereziki Nafarroan kaltetan botatzen dena. Edo nik botatzen dudana, bederen. Hortikan datoz euskaldun ere garenok jasaten dugun dagozkigun eskubideen murrizketa; hortikan, erdaldun soilak direnek euskal munduarekiko duten mesfidantza (egia esan, euskaldun garenok ere eta bereziki, euskaldunak izan ala ez, euskararen defentsan ari direla aitzakiatzat hartuz indarkeria erabiltzen dutenek badute honetan erantzukizun eta erru galanta); hortikan bi mundu hauen arteko bizikidetzarako komunikazio zubi handirik ez izatea; hortikan, euskararen egoera kaskarra Nafarroan. Zentzu honetan euskarari ez datorkio batere ongi bere inguruan orain arte izandako aurkaketak, instituzioen aholkularien dimisioak, etab. Euskarabidea da egun Nafarroan dagoen Aholku Batzarraren antzeko erakundea: orain dela gutxi lehen bilera ospatu zuena, jite berri batez, lehengo ezinikusiak, istiluak eta aurka egiteak alde batera utzirik, kontsentsu giroan... nahiz eta UPNren begirada zaintzailaren azpian egon. (Pena da, atzo bertan jaso genuen berria: Euskarabidea-ko Zuzendariak bere lankide bat, zerbitzuburu zena, dimitiarazi du beraien arteko ezberdintasunengatik... Euskara berriz ere, erakunde jaio berri honetan arazoak sortzen... Hori, hainbatek salduko duten irudia).
Hizkuntza politika malgutasunean eta progresibotasunean oinarritu behar da. Malgua, neurrikoa, eraso gisa sentitzen ez dena, beti ere integratzailea diote txostengileek. Eta neureak balira sentitzen ditut hitzok. Baina bada Nafarroan Nafarroako Gobernuaren egungo sasi hizkuntza politika erasotzat hartzen dutenak, batez ere politika orokorraz lotu egiten dutelako eta euskara euskal nazionalisten -edo hobe, Euskadiren- ikurtzat hartzen dutelako eta ez nafar guztien ondare bat bezala. Neurri horretan soilik ikusten dute euskara integratzaile, Euskadin integratzeko tresna bat bezala. Pentsamolde honen bultzadan sekulako erantzukizuna izan du UPNko hainbat aitzindarik (azpimarratzekoa da arlo honetan orain gutxi arte Hizkuntza Politikarako Idazkaria izan zen Pejenaute jaunak mantendu zuen euskararen kontrako jarrera bortitza). Eta guztiz bat nator berriz ere txostenak dioenarekin zera aipatzen duenean: Hizkuntza politikak ahalik eta gutxien baldintzatu beharko luke herritarren askatasuna. Borondatean oinarritzetik indarrean, edo indarkerian, oinarritzera pasatuz gero gertatuko litzateke hori. Nafarroan arlo honetan bortxa jasaten dugun bakarrak euskaldun ere garenok gara.
Azpimarratzekoa da Nafarroan hezkuntzak izan duen garrantzia normalizazio bidean; euskararen hainbat eremutan, hainbat lekutan, legeriatik at egin delako eta askotan Gobernuaren laguntzarik gabe eta ia beti Gobernuak bultzatutako politikatik urrun eta kontra. Urteak joan urteak etorri D ereduan ikasten duten haurren multzoak gora egin du. Hau ikusirik, Gobernutik, guraso elkarteen iritzi eta eskakizunen kontra, "British" delako eredua bultzatu da, zeinean haurrek gaztelera eta ingelesa ikasiko dute. Hauxe da Pérez Nievas kontseilariak egin duen apustua. Asmo horren kontra, bat egiten dut txostenak dioenaz: gure ustez, hezkuntzaren eremuan aldaketak gutxika-gutxika egin behar direla, egin nahi dena orokortu aurretik aldez aurretik probatuz eta balioetsiz, bitartekoak esleitu ahala jeneralizatuz, hezkuntza-erkidegoaren eta gizartearen borondateak arian-arian bilduz eta kohesioa landuz. Honek ez du esan nahi bere sasoian diseinatutako hizkuntza-ereduak bere horretan utzi behar direnik, baizik-eta komeni dela eraldaketa oro aurreko bideari segituz egitea. Krakatakoa gerta liteke bestela, eta kaltea ahulenari ekarriko dio, berreskura ezinezkoa beharbada. Argi eta garbi esan dezagun: herritarren borondatea eta herri-erakundeak eskuz esku joan behar dute hizkuntza kontuetan.
Azken hitzak
Ez dut, dena dela, negatiboki bukatu. Itxaropentsu nago eta ilusioz beterik. Nafar gizartearen atal handi batek euskara maite du eta bere haurrak euskaraz eskolaratzen ditu; atal txikiago batek geroz eta gehiago euskara erabiltzen du eguneroko gauzetarako (nahiz eta oraindik ehuneko txikia izan inoiz baino handiagoa da); asko dira arlo guztietan, ez bakarrik literaturan baizik eta hainbat arlo ezberdinetan, euskaraz idazten dutenak; askoz gehiago dira euskararen aldeko topaketetan parte hartzen dutenak... Bada, bai, egun, nafar gizartean euskararekiko joera sakon bat.
Nire ustez, joera honek duen bultzada neurri handi batean euskararen despolitizazioari zor zaio. Guztiz lortu ez dena. Eta agian, sekulan lortu beharko ez dena, zeren euskarak zerbaiten beharra baldin badu, politika on baten beharra da. Politika demokratiko on batena. Euskara guztiona dela azpimarratuko duena. Eta euskara batzuen eta besteen kontra arma jaurtigarri bat bezala inoiz gehiago erabiliko ez duena. Txosten honek horretarako bidea irekitzen du. Horrexegatik, neure zorionik beroenak txostengileei eta eskerrik sakonenak Batzorde honetan eta gogoeta hauetan parte hartzera gonbidatu gaituen Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailburuari eta Hizkuntza Politika Sailburuordeari.
Egin dezagun denok aurrera txostenak maisuki markatzen duen ildotik!
(KOLDO MARTINEZ URIONABARRENETXEA Euskal Kultur Elkargoaren lehendakaria da)
- Idazki hau, Euskara 21 ekimenaren abiapuntu izan den Oinarrizko Txostenari egin zaizkion ekarpenetako bat dugu.
Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)
|