Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Gardentasunaren alde

Gardentasunaren alde

2008-11-03 / 08:30 / Lucia Martinez   HERRI-ADMINISTRAZIOA

Garai batean irudipen bat izan genuen: sinetsi genuen, alegia, euskararen ezagutza Euskal Herrian bizi ziren guztiengana hedatu ahal izango zela. Iritzi-joera bat sortu zen, denok euskararen erantzule ginela zioena. Euskara ikastea eta erabiltzea militantzian eta hizkuntzarekiko nahitasunean oinarrituta zeuden gehienbat.

Jende askok ekin zion euskara ikasteari: ez zegoen ez bitartekorik eta ez irakasle prestaturik, oso handia zen, ordea, euskararen aldeko joera. Euskara guztiona zen eta denon artean zaindu beharra geneukan. Saltoki batzuek euskarazko esaldiekiko kartelak ipini zituzten hormetan, bezeroek euskaraz hitz egin ziezaieten enplegatuei. Lehenengo harreman hori gainditu ondoren, gaztelaniaz jarraitzen zuen elkarrizketak.

Gaur egun ia nahitatezkoa da nonahiko kartel guztiak bi hizkuntzetan idatziak egotea, baliteke enplegatuak 18 urte igaro izana ikastola batean eta bezeroak berak ere beste urteren bat gehiago, baina gaztelaniaz da elkarrizketa.

Hain handia izan zen euskara ikasi nahian zebilen jendearen emana, non euskaltegiek eta gaueskolek ez zeukaten eskari hari erantzuteko ez lokalik ez nahikoa irakaslerik. Urte gutxi batzutan, jende askok ikasi zituen euskararen hasi-masiak eta euskaraz mintzatzeko gai izan zen. Eta euskaldunen artean bi kategoria sortu ziren, bi klase ia: euskaldun zaharrak eta euskaldun berriak. Ez zen gauza bera. Haiek pedigria zuten; bigarrenak, berriz, irrigarri geratzen ziren hizkuntza erabiltzeko zuten lehiagatik eta hizkuntza erabiltzeko eragatik. Haiek, euskararen maitaleak, oso estimatuak izan ziren hasieran (haiengan baitzegoen hizkuntza beste belaunaldi batzuetara transmititzeko ahalegina), baina azkenean arrimatutzat, konbertsotzat tratatu zituen jendeak. Garai batean, kargu hartu ere egin zitzaien euskara kalteak jasaten ari zelako bere sintaxian, lexikoan eta fonetikan.

Hizkuntzarekiko militantzia hark bizirik dirau gaur egun gizarte-agerraldi batzuetan. Pentsaezina da gure inguruko beste herrialde batzuetan inork hizkuntza goraipatzeko jaiak antolatzea, are gutxiago, gainera, hemen ospatzen diren bezainbat: Ibilaldia, Araba Euskaraz, Nafarroa Oinez, Herri Urrats, Kilometroak... Garaiz kanpoko kontua da hori.

Oso baliagarria izaten da alderantzizkatzearen araua aplikatzea gorabehera jakin batzuk bere neurrian sumatzeko. Ondo da, aplika dezagun araua: Nola hartuko luke jendeak erakunde batek Donostian antolatzea, adibidez, gaztelaniaren aldeko festa bat?

Jarduera sozial bizi-bizi hori ez dator bat hizkuntzak gaur egun bizi duen egoerarekin, ez baitu militanteen beharrik, hiztunen beharra baizik.

Euskaldun jakin batzuen biktimismoa guztiz kaltegarria da eta ez du zuribiderik, gainera. Haietako askok begirada ilunez begiratzen diote euskal kulturari, azken 25 urteotako lorpen ugariak sumatzeko gauza ez direla. Eta haiek igorritako mezua aise barneratzen da gizarte honek urrats erraldoiak egin dituela jakiteko nahikoa eskarmenturik ez dutenen artean. Duela urte batzuk, harrituta ikusi genuen ikuskizun bitxi bat, alegia, euskarak izugarri kezkatutako gazte batzuek EHUko bilkura nagusi bat nola etenarazten zuten eta nola hizkuntzaren etsaia zela leporatzen zioten errektoreari. Orduko errektorea Pello Salaburu zen, euskalduna, Euskaltzaindiko euskaltzain osoa, euskararen ikertzaile ospetsua eta euskararen etsai izatearen inolako susmorik egotz ez zekiokeena. Garbi dago gazte haiek ez zekitela nor ari ziren astintzen.

Bada irudipen jakin bat biktimismo horri atxikita egoten dena, baina gero eta gutxiago; alegia, hizkuntza bera hitz egiteak printzipio-kode bera partekatzea ere badakarrela. Hiztun euskaldun batzuek jakintzat ematen dute solaskidearen konplizitatea, eta hala botatzen dituzte, beraz, gaztelaniaz esango ez lituzketen gauzak eta adieraziko ez lituzketen ideiak. Hori, zorionez, galtzen ari da.

Duela urte batzuk, ETBko gatazka bat zela eta, kate horretako programa baten aurkezlea elkarrizketatu nuen euskaraz gaztelaniazko egunkari batentzat. Elkarrizketan, aurkezleak ukatu egin zuen ETBko zuzendarietako batek legebiltzarreko batzorde batean esandakoa, gezurra esateaz salatu zuen. Guri iruditu zitzaigun berri hori gaztelaniaz helarazi behar geniola irakurleari, eta hala argitaratu zen. Handik egun batzuetara, aurkezlearekin topo egin nuen eta hark kargu hartu zidan beraren hitzak gaztelaniaz argitaratzeagatik: "Nik hori gaztelaniaz esan nahi izan banu, ez nion egunkari horri esango". Garbi geratu zen, bada, Bushen edo Sarkozyren hitzak hizkuntza guztietara itzul daitezkeela baina ezin dela gaztelaniaz esan euskaraz adierazi den hura.

Hizkuntzari benetan laguntzea da hura berdintasunez tratatzea, tratu bera jaso dezala eta haren bidez adieraz daitezela ideia mota guztiak, ederrenetatik hasi eta makurkeriarik handienetaraino.

Gaztelaniaz entzun nahi ez dituen gauzak euskaraz esaten dituen jendeaz gainera, bada besterik. Euskarazko produkzio kulturalak aukerak eman izan dizkio hizkuntza merkatu askoz handiagoetan lehiatu behar izatekotan aukerarik izango ez zuen jendeari. Hori dela eta sortu dira euskaldun klase batzuk, arrazoibide ofizialisten gatibu direnak eta harekiko kritiko agertzeko gauza ez direnak. Ez da egituratu euskaraz arrazoibide kritikorik, disidenterik ez esatearren. Askieza horrek txirotzea dakar eta baliteke eskaskeriaren babesleku bihurtu izana, zeren eta bikainak direnak berdin baitira bikain, adierazpidetzat duten hizkuntza zeinahi ere den.

Bitxia gertatzen da baita ere ikustea nola batzuetan, euskal autonomia erkidegotik kanpoko jendea bisitan etortzen zaigunean, entzule jakin batzuen aurrean esaten dituzten lehen hitzak euskaraz ez hitz egiteagatik barkamena eskatzeko direla, hori bekatu balitz bezala. Zenbaitetan, beste modu batera ere esaten dute: "Barkatu zuen hizkuntzan mintzo ez natzaizuelako". Gaztelania gure hizkuntza ere ez balitz bezala. Horrelako adierazpenek aditzera ematen dute lurralde hau elebakarra dela, elebakarra euskaraz, eta klixe hori oso urrun dago errealitatetik.

Lanpostu bat eskuratzeko euskara nahitaezkoa delako zurrumurrua zabaldu izan da urtetan, interesatuki. Ideia hori erro-errotik da negatiboa eta askotan gezurrezkoa: badago lana lortzea euskaldun izan gabe. Baina uste horrek euskara ikastera bultzatu ditu bestela euskara ikasiko ez zuten batzuk. Behartuta ikasi dute, gogo txarrez, eta oso emaitza onik lortu gabe.

Irakaskuntzan, kezka handiagoa sortu beharko zuen gertaera bat izan da: eskarmentu eta jakintza handiko irakasle eta maisu batzuek beste postu batzuetara esbesteratu behar izan dute ez zirelako gai sentitzen berandu eta gaizki ikasitako hizkuntza batean kalitate berberaz erakusteko.

Hedabideez

Hedabideak izan dira euskara batua ez ezik euskalkiak ere hedatzeko aukera eman duen tresna ahalmen handikoa. Izan ere, euskal telebista sortzeko arrazoietako bat hizkuntza izan zen eta Euskararen Normalizazio Legean oinarritu zen haren sorrera.

Lehenengo urteetan, ETBk kanal bakarra izan zuen, euskaraz, gaztelaniaz azpititulatua, hala audientziak hurbildu ahal izan zitezen ez bakarrik euskarara, eta euskara etxekotu zezaten, baita ere ETBren bidez ematen ziren informazioetara, zeren ez baita ahaztu behar ETB batez ere komunikabide bat dela, publikoa, Eusko Legebiltzarrak eta agintzen duen alderdiak estu-estu zaindua, baina komunikabide hala ere.

Bereziki euskara hedatzeko tresna izateko borondate horrek 1986 arte iraun zuen, urte hartan erabaki baitzuen ETBk bere buruarekin lehiatzea gaztelaniazko bigarren katea sortuz, ETB2. Harrezkero, 1986ko martxoaren 31tik, euskal gizarteak lau telebista kanal publiko ditu 2 milioi herritarrentzat: ETB1, ETB2, TVE eta La Dos.

Misterio hutsa da, ordea, zergatik 4 kanal telebista kanal publiko izanda eta emisio-ordu mordo bat Euskal Herrirako, zergatik ETB1ek bakarrik emititzen duen euskaraz? Zergatik ez dio TVEk, noizbehinka izan ezik, eskaini lekurik euskarari, beste autonomia erkidego batzuetan barra-barra erabiltzen badu bertako hizkuntza? Euskal agintariek ez dute jakin espainiar agintariak konbentzitzen haiek ere bete dezaten bertako hizkuntzan emititzeko betebeharra, betebehar hori legezkoa ez bada, morala baita behinik behin?, edo iruditu zaie ETB1eko kuotarekin nahikoa dela?, edo patrimonializatu egin dute, monopolio-erregimenean, gainera? Edo hemen audientziek ez dute agintzen?, ez dute agintzen euskara behar ez dutelako?, euskara ezaugarri bat delako, apaingarri bat delako eta zenbaitetan oztopo bat ere bai informazio jakin batzuk ulertzeko?

Aldi ikaragarri luzeetan, ETB tresna gisa baliatu izan dute agintariek gure herriaren fantasia bat eraikitzeko: Euskal Herria herri ederra eta, batez ere, arkaikoa. ETB1eko edukiak zaharkituak izan dira denboraldi gehiegitan, eta erakutsi izan dute Euskal Herri zahar bat, mendi girokoa, baserritarra, askotan zahar jende askoduna, eta giro horretako kirol emanaldirik modernoena belarra moztea izan da, eta hango neska gazteak gona luzeak eta mantalak dituzte jantzita, eta ilea mototsan bildua eta zapia buruan, eta bizi, etxe ilun eta goibeletan bizi dira, harriak, aizkorak eta enborrak botatzen dituzte, leihotik astoak ikusten dituzte eta oihuka hitz egiten dute.

Euskara urtetan erabili izan da euskaraz egiten ziren agerraldi kultural edo herrikoiak besterik ez aipatzeko. Begien bistakoa da eta ulergarria bertsolari txapelketa bat euskara hutsez erretrasmititzea, baina ez dago inolako arrazoirik albiste hori gaztelaniadunei ez emateko, gure mugetatik urrun gertatzen diren gertaeren berri euskaraz eman beharra dagoen bezala.

Euskarazko hedabideek, inprimatuek bereziki, antzeko irizpideak aplikatu izan dituzte. Albisteren bat euskaraz argitaratzen den une gutxi horietan ere euskara menderatzen duen eta seguru asko berriaren jakitun dagoen jendearentzat argitaratzen da.

Askoz ere aberasgarriagoa litzateke komiki aleman bat euskaraz eta bertsolari txapelketaren sailkapena edo Euskaltzaindiaren azken erabakiak gaztelaniaz argitaratzea.

Gaztelaniaz argitaratutako hedabide jakin batzuek egindako inkestek argitzen dutenez, irakurleek ez diote uko egiten orrialde horietan informazioa euskaraz emateari, betiere horregatik ez badiote berari behar-beharrezko informaziorik ukatzen. Beraz, gaztelaniadun irakurlearen arabera, euskara bigarren mailako kontuetarako da, jakitea edo ez jakitea berdin dion kontu horietarako. Eta baliteke hori izatea arazoaren gakoetako bat.

Baina ez dira irakurleak iritzia duten bakarrak, profesionalek ere badute iritzia. Ohiko kontua izaten da euskaraz lan egiten dutenek eta euskaraz argitaratzen dutenek kexu izatea beren esklusibek gizartean oro har garrantzi edo oihartzun gutxi dutelako. Gerta daiteke kazetari batek informazio bat aste batzuk lehenagotik argitaratua izatea eta, gero, informazio hori gaurkotasuneko gai bihurtzea berandu argitaratuagatik gaztelaniaz argitaratu delako.

Probintzietako egunkarietako kazetariak ere kexu izaten dira beren informazioek oihartzunik izaten ez dutelako harik eta Espainiako hiriburuko hedabideren batek berri hori berea bailitzan jasotzen ez duen arte.

Hala eta guztiz ere, eta zailtasun horiek jorratu ondoren, garrantzitsua eta esan beharrekoa iruditzen zait hedabideek lan handia eta aipagarria egin dutela euskararen zabalkundearen alde; aberastu egin dute euskara eta, batez ere, hura normalizatzea lortu dute.

Unibertsitateaz

Irakasleek unibertsitatean sartzeko dituzten araubideak eta prozedurak alde batera utzita, eta horiek eztabaidatzen hasi gabe, agintari akademikoek ez dute kontrolik ezarri unibertsitatean lanpostu elebidunak betetzeko sartu izan diren irakasleek eskolak euskaraz emateko beren betebeharra gerora bete ote duten ziurtatzeko.

Euskal Herriko Unibertsitatea jakintza alor jakin bateko departamentuka antolatuta dago; departamentu horietan irakasle kopuru oso aldakor batek dihardu. Irakasleen artean hautatuz, zuzendaritza aukeratzen da.

Eskola jakin batzuk emateko irakasle bat edo bestea izendatzea Departamentuaren zuzendaritzak erabakitzen du irizpide jakin batzuen arabera; irizpide horietako bat hizkuntza da. Bada, badira irakasle batzuk beren lanpostuak edo jabetzan dauzkaten postuak euskaraz irakasteko konpromisoarekin eskuratu zituztenak, baina, gero, departamentuaren zuzendaritzarekin elkar harturik, irakasle horiek berek gaztelania hutsez ematen dituzte eskola horiek.

Unibertsitateko goi mailako agintariek badute gertaera horren berri, departamentuek beren lanpostuen zerrendaren berri nahitaez eman beharra daukatelako, bakoitzaren ardura eta zeregina zehazturik.

Hala eta guztiz ere, unibertsitateko agintariek ez dute batere araurik ezarri eskolen parte bat bederen euskaraz eman dadila behartzeko, eta arrazoizkoa da hori hala izan dadin, lanpostua emateko irizpideak, euskara ezagutzea alegia, benetako premia bati erantzun behar baitio, premia egiaztatu eta arrazoitu bati, nola den euskaraz irakasteko gauza izango den irakasleak izatea.

Lanpostuen oposizio edo lehiaketa deialdia egiten denean, hizkuntza eskakizuna aukeratu beharra dago. Izendatu beharra dago, alegia, ea irakasleak euskara jakin behar duen euskarazko taldeei irakasteko bideratuta dagoelako lanpostu hori. Zenbaitetan, hori ez da hala izaten: euskarazko lanpostua ateratzea izaten da kontua, besterik gabe, nahiz jakinaren gainean egon bide horretatik sartuko den irakaslea ez dela seguru asko sekula behartuta egongo bere eskolak euskaraz ematera: gaztelania besterik ez du erabiliko.

Zertarako orduan lanpostu elebidun bat? Egon daitezke horretarako baita hiru arrazoi ere, eta ager daitezke hirurak batera pilatuta edo bakarka.

  • Lanpostua eskatzen dutenak hizkuntzaren defendatzaile sutsuak dira, eta, premiak premia, berez izendatzen diote eskakizun elebiduna eskari bakoitzari. Baliteke, azkenean, euskaraz hitz egiten dutenen edo, baita ere, euskaraz hitz egiten duten batzuen defendatzaileago izatea, euskararena berarena baino.
  • Garai jakin batzuetan zurrumurrua zabaltzen da lanpostu elebidunei lehentasuna ematen zaielakoa, alegia, baina zalantzazko kontua izan liteke lanpostu hori berori ematea elebakarra baldin bada (gaztelaniazkoa izaten da beti). Hizkuntza eskakizun hori ezarriz gero, aukera gehiago izaten dira lanpostua eskuratzeko. Pragmatismo hutsa lanpostu gutxi ematen den merkatu batean.
  • Euskaldunak gutxiengoa dira gizartean eta, horren isla gisa, Unibertsitatean ere bai. Gainera, azken urteotan urrats erraldoiak egin diren arren, eta alde handiarekin jakintza alorka, ikasketak euskaraz egiten dituztenen prestakuntza akademikoa, eskarmentu profesionala, curriculuma azken batean, ahulagoa izaten da batez beste, laburragoa izan delako. Eta, batez ere, askoz gutxiago dira, eta, gainera, ezagunak dira eta haien ingurukoek haien produkzioa ezagutzen dute. 6

Gaztelaniako lanpostu batera unibertsitate askotako irakasleak etor daitezke, curriculum potoloetako hautagaiak, bertako hautagaiak lanpostua lortzeko dituen nahiak aise zapuztuko lituzketenak. Hobe horrelako arriskutan ez sartzea. Hobe kate motzean lotzea kontua. Tradizio luzeagoko unibertsitate alorretan, dozena bat hautagai bil liteke, Espainiako leku guztietatik eta beste herrialde batzuetatik etorriak, gaztelania jakinez gero. Lanpostu hori bera euskaraz eskaintzen bada, murriztu egiten da hautagai multzoa eta lehiakideak neutralizatuta geratzen dira. Nahiz hautagai jakin horrek euskarazko argitalpenik ez izan, nahiz ziur jakin inoiz ez dituela eskolak euskaraz emango... Nahiz jakin haren hizkuntza maila oso urria dela. Nola da hori posible? Epaimahaiak osatzeko, eskuratu nahi den lanpostuaren maila bereko edo goragoko irakasleak ekartzen dira unibertsitate espainoletatik. Epaimahai batean inor ez bada euskalduna, edo bakar bat besterik ez badago, gaztelaniaz egiten da orduan proba.

Zein arrazoirengatik sartu dira, bada, irakasle batzuk elebitasunaren bidetik, ez badute azkenean eskolarik euskaraz emango?

Hasteko, aurreko guztitik eratorritako arrazoiengatik eta, beharbada, beste bakan batengatik ere bai. Kexuka ibili ohi dira beti irakasle euskaldunak materialak askoz urriagoak direlako euskaraz; beraz, eskolak eta materiala prestatzeko denbora gehiago behar da. Luze bilatu behar izaten dute eta ez beti onerako. Gehiago kostatzen da, beraz, ikasgai bera euskaraz ematea gaztelaniaz baino.

EHUn nahitaezkoa da lanpostu elebidunak eskuratu nahi dituztenek euskara ondo ezagutu eta etorri handiz hitz egiteko gauza direla ziurtatu behar izatea. Batzuetan, epaimahaia eskuzabala izaten da bisatuekin, jakitun baita, beharbada, lanpostu bat betetzeko dagoen premiaz. Profesional horiek ez dute ziurtasunik izaten ikasgelan eta nekez adierazi ohi dituzte kontzeptu korapilatsuak beren bigarren hizkuntzan. Gaur egun ez da ohiko kontua, baina une jakin batzuetan irakasleek lehen aldiz adierazi behar izan zituzten kontzeptu batzuk euskaraz, eta kontzeptuak hitzez adierazten dira. Sakon ezagutu beharra dago, horretarako, bai ikasgaia eta bai hizkuntza.

Kasu batzuetan eta garai jakin batean, fakultate batzuetako euskara taldeen ezaugarriengatik izan da utzikeria, ikasle erradikal gehiago biltzen baitituzte, gure herriaren idiosinkrasia dela eta. Eduki jakin batzuetako ikasgaiak irakastea ez da erosoa izaten. Hizkuntza ez da egokia izaten gai jakin batzuetan katedra-askatasuna lantzeko.

Azkenik, azken urteotako joeraren eraginez, erabakita baitago lanpostu sortu berri guzti-guztiak elebidunak izatea, hainbesteraino eskastu da hautagai unibertsitarioen kalitatea non irakasle lizentziatu berriak kontratatzen baitira, beren curriculumean ia ezer aipagarririk ez dutenak, ekainean lizentziatu edo, are okerrago, irailean eta urtarrilean ordezko gisa eskolak ematen ari direnak, lanpostu hori bete behar duen batzordeak ez duelako nahi hura hutsik geratzea. Edo hutsik geratuz gero, gainerako irakasleen lan-karga gehiegizkoa eta onartezina litzatekeelako. Hori oso kontu larria da eta bistan dago erantzukina norena den, neurriak aldez aurretik hartu nahian oso prestakuntza gutxiko jendea kontratatzea ahalbidetzen dutenena hain zuzen.

Beste egoera, hautagaien jarioa estutzeko euskara inbutu gisa erabiltzearena, ez da izango, beharbada, hain kaltegarria etorkizuneko profesionalentzat, bai, ordea, batzuk euskara instrumentalizatzen ari direla badakitenentzat, euskara hautagaiak kanporatzeko metodo eragin handikoa dela badakitenentzat.

Euskara jakiteko eskakizuna ez da zorroztasun berarekin aplikatzen irakasleriakoak ez diren langileen artean, administraziokoak eta zerbitzuetakoak diren langileen artean, alegia.

Unibertsitatean sartzeko ikasleei egiten zaizkien azterketak ere ez dira, nonbait, zorrotzak, nahi duten lerroan sartzea eta hura aukeratzea uzten baitzaie, unibertsitateko ikasketak zentzuz baliatzeko behar bezain hizkuntza ezagutza maila duten neurtu gabe. Gauza bera gertatzen da, ordea, gaztelaniaz. Euskarazko taldeetako ikasleen zati batek, gehienbat erdaldun diren eremu geografikoetatik datozenek bereziki, zailtasunak izaten ditu, eta zailtasun horiek are nabarmenagoak dira hizkuntza lan-tresna bat baino zerbait gehiago den ikasketetan. Herrenka ibiltzen dira, lehian, ahalegin bizian, gu guztiok bezala, baina unibertsitateko ikasketak beren ama hizkuntzan egitea edo ez planteatuz gero lortuko lituzteketenak baino emaitza okerragoak izaten dituzte. Urte batzuk badira aholkatu niola Barakaldoko neska ikasle bati saia zedila euskara unibertsitateko paretetatik at erabiltzen. Handik egun batzuetara emaitzaren berri eman zidan: egun hartan, mundu guztiarekin euskaraz hitz egiteko erabaki sendoa hartuta, bere herriko udal liburutegira joan zen, hango langileak funtzionarioak izanda euskaldunak izango zirelakoan. Enplegatua aurkitu zuen bezero batekin galegoz hizketan.

Oinarrizko txostenak aipatzen duen joera, alegia ohikoa dela ikasleak beren artean gaztelaniaz hitz egiten entzutea baita gela barruan ere duela gutxi samarreko kontua da (3 edo 4 urte), Kazetaritzako lizentziaturan, behinik behin. Ikasketak zein hizkuntzatan egin nahi diren erabakitzerakoan heldutasunik eza eta gogoetarik eza larria adierazten du horrek, nire iritzian. Hiru urte betetakoan eta gurasoen erabakiz hasitako ikasketak berez eta nahitaez jarraitu behar izatea balitz bezala unibertsitateko prestakuntza. Nolanahi ere, ez dira gizabanako batzuen jarrerak eta, sarri errepikatzen direnez, alarma jotzeko modukoak dira.

Lehen eta bigarren hezkuntza hizkuntza batez, euskaraz, jabetzeko erabili izan da lehenik eta behin; eta bigarren mailan besterik ez da erabili beharrezkoa den hezkuntza emateko. Jarrera hori unibertsitateraino hedatu baldin bada... bada zerbait hor ez dabilena, edo, okerrago dena, gaizki dabilena.

Unibertsitateak beste zeregin bat du. Hizkuntza erabili arren (edozein eta gehienetan bat baino gehiago) erakusteko eta ikertzeko, ez da hizkuntza eskola, ezta beste hizkuntza batzuk ikasteko akademia ere. Etorkizuneko profesionalen prestakuntza txirotu egiten da hizkuntza oztopo denean.

Aurkakoz

Gardentasunez betetzea du hizkuntza politikak alderdi garrantzitsu bat. Gardentasuna helburuetan eta kostuetan. Euskal gizarteak badaki elebitasuna diru karga oso handia dela, baina inoiz ez da garbi hitz egin gai horri buruz. Beharbada, gehienbat gaztelaniaz ari diren administrazioek ez dutelako beren aurrekontuetan euskarari dagozkion atalen kostua bereizteko ohiturarik.

Baina beste administrazio batzuek ere, euskalduntze maila handiko eremuetako udal txiki batzuek, ez dituzte legeak bete nahi izan eta euskara ezarri dute hizkuntza bakartzat. Oinarrizko kontutzat hartuko bagenu herri txiki horietan ere kontu-sail batzuk bideratu behar direla administrazioko testuak gaztelaniara itzultzeko, beharbada argudio asko kenduko litzaizkieke euskara gizarte honi diru kopuru handia kostatzen ari zaiola uste dutenei eta horrez gainera kopuru horiek zer-nolakoak diren inoiz jakiten ez dugula diotenei. Kontua ez da ezkutatzea, hori egin beharra dagoela erakutsi eta defendatzea baizik.

Uste dut, bestalde, auzi hau dagokien erakundeek ahalegin handi bat egin behar dutela kontrakoak konbentzitzeko -ez naiz ezaxolatiez ari-, esanez hizkuntza aberastasun bat dela euskara eta guztioi dagokigula hura zaintzea. Beti hitz egin beharra dago kontrakoekin. Urrats handia litzateke euskara zaintzearen kontrako ahotsik ez goratzea lortuko balitz. Mirari hori lortuz gero, askoz errazagoa litzateke iritzi horiek berak zeharo ezaxolatiak direnengan txertatzea. Hizkuntza politika aktibo eta dinamikoen kontra ahotsik ez goratzea lortzea urrats handia litzateke. Gizarte talde batzuek lortu izan dute XX. mendean zehar iritzi jakin batzuk adieraztea politikoki oso desegokia suertatzea.

Badakigu gizarte elebidunak gizarte elebakarrak baino garestiagoak direla eta badakigu orobat gizarte horiek denbora eta espazio gehiago behar dutela, informazioak bikoiztua egon behar duela, badakigu horrek kostu bat duela. Ez dakigu, ordea, zernolako kostua duen.

Administrazioek harro erakusten dituzte hezkuntzara eta osasunera bideratutako kontu-sailak, adibidez. Hizkuntzan egiten diren gastuenak ere kontu-sail ezaguna izan behar luke eta gogoa beterik erakutsi behar litzateke, altxor bat gordetzeko modu bat baita inbertsio hori, euskara gordetzeko modu bat.


(LUCIA MARTINEZ ODRIOZOLA kazetaria eta Kazetaritza irakaslea da EHUn)

  • Idazki hau, Euskara 21 ekimenaren abiapuntu izan den Oinarrizko Txostenari egin zaizkion ekarpenetako bat dugu. Testua gaztelaniazko jatorrizkoaren itzulpena da.


Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com