|
Nire ekarpenak dekalogo gisa aurkezten ditut, zehatzago esan, endekalogo gisa, hamaika baitira, zentzu bitan: 1. Batzorde iraunkorrak idatzitako testuari kritika edota iradokizunak; 2. txostenak, ene ustez, beharrezko dituen gehiketa-ekarpenak. Nik jarritako ordenak, ez du zentzu hierarkikorik, izatekotaz, orden logikoa izango luke.
I
I
Oinarrizko txostenaren ahulezia nagusia, Hego Euskal Herriaren historia garaikideari errepaso bat ez ematea dela esango nuke, hots, XIX. eta XX. mendeari, bereziki, hizkuntzaren historia sozialaren ikuspegitik. Espainiako Erreinuak, estatu liberal gisa eraikitzeko ahaleginak porrot bat baino gehiago izan zuen, militar golpismo, klerikalismo eta absolutismoen erasoengatik, baina horrek guztiak ezin ditu ezkutatu estatu horrek egin zituen ahaleginak zentralismo jakobinista ideologiarekin, gaztelaniaz gaineko beste hizkuntzak baztertzeko: irakaskuntza publikoko lehen legea Ley Moyano deitua, "Ley General de Ayuntamientos del Reino", "Ley General de Registros" eta abar dira lekuko.
Hizkuntza politika asimilazionista bat martxan jarri zuen Espainiako "estatu modernoak", lege, dekretu, agindu eta ebazpenetan askotan bat ere lotsarik gabe. Hortaz asko idatzi da, bai hemen eta Galizian, baina askoz ere ugariago eta sakonago Katalunian. Gaurko hizkuntza politikaren paradoxak ezin dira ulertu, gutxiago ondo diagnostikatu, II. Errepublika arteko politika linguistiko "gaztelanista" bat kontuan izaten ez badugu, zeren eta euskara, katalanaren eta galegoaren bazterketa ez da frankismoaren diktadura zapalkuntza ondorio soil bat, hau aparte aztertu behar delako.
Eskertuko nien testugileei, Euskaltzaindiak, 1977 urtean argitaratutako Euskararen Liburu Zurari begirada bat bederen botatzea, zeren eta bertan, besteak beste : L. Mitxelena, J. Intxausti, L. Villasante, J. M. Barandiaran, J. M. Satrustegi, G. Monreal, J. Urrutia eta J.A. Obieta Deustuko Unibertsitateko irakasle famatuak, J. M. Castells, Txilardegi eta beste batzuk lan argigarriak idatzi bai zituzten. "Liburu zuriak" deitzen diren horietako izanik, zoritxarrez, transizioan eta, gero, gure politiko gutxik, abertzaleek barne, irakurri zuten/dute liburu hori.
II
Ez nago ados gaztelaniaz "nacionalismo" eta euskaraz "abertzaletasuna" sinonimotzat itzultzeaz, ez baitira gauza berbera, nahiz eta sinplifikazioz edota komunikabideen sinplekeriaz horrela hedatua den. Ene aburuko hizkuntza politiketan eta, kasu honetan, euskararekikoan, nazionalismoek kalte ugari egin dizkiete, orohar. Euskal nazionalismoekiko kritikoa naiz, alde askotatik, gainera, baina zentzu berean ezin da espainol nazionalismoa, nik, nire artikuluetan zehatzago deitzen dudan gaztelau nazionalismoa, ez balego legez, epaitu eta kritikatu gabe utz.
Badirudi, azken bolada honetan, euskaltzaleok, Ebroz Honandikoen "bekatuen" konplejuz, Ebroz Harandikoen nazionalismoari kritikarik xumeena egiten ez garela ausartzen. Onesimo Redondoren ""Juntas Castellanas de Acción Hispánica" edo Doctor Albiñanaren "Partido Nacionalista Español", Falange Españolan integratu zirenak 1930 hamarkadan existitu, existitu egin ziren eta bere ideologia sar arazi eta indarrean bortxaz jarri Francoren gobernu faszistetan, ahantzi gabe berriz, Espainiako hedabide eta ideologia ultretan eta, ez hain ultretan, geroago eta lotsa gutxiagorekin nabarmentzen hasiak direla, hain zuzen beste hiru nazionalitateetako hizkuntzen kontra.
Behin baino gehiagotan idatzi dut hortaz eta ez dut hemen errepikatuko, bat aipatzekotan, 2007ko abuztuaren 9an, El País egunkarian idatzi nuen "Del euskera y los "otros abertzales" tiduludun artikulua. Horrek guztiak, ez du kentzen, ordea, "Demokraziaren printzipioetan oinarritu behar da hizkuntza politika" kapituluarekin bat ez nentorrenik, alderantziz baizik, zeharo ados bai nago.
III
"Euskara Euskal Herriko hizkuntza propioa da.- Baieztapen hori, jakina denez, Autonomia Estatutuaren 6. artikuluan agertzen da lehen aldiz gure artean. - Hizkuntza propioa zer da, beraz? Ez da, bistan da, Euskal Herriko hizkuntza bakarra edo, gutxienez, nagusia...". Oinarrizko txostenaren azken hitz horrekin ados, beraz, Hezkuntza Sailak darabilen nagusitasun=printzipaltasun kontzeptu hori ez dut onartzen eta, gainera, errakuntza estrategiko bat deritzat, seguru asko euskararen kaltetan. Hori esanda, txostenaren aurreko testuak matizazio eta zehaztapen bat baino gehiago mereziko lukete.
Hasteko, Euskaltzaindiak, bere 139. hizkuntza arauak -euskaltzain oso guztiek aho batez, 2004ko uztailaren 23an, Abadiñoko udaletxean egindako osoko bilkuran onartua, bestalde- honako hau dio hasieran bertan: Euskal Herria izena. Aspaldiko mendeetatik hedatua izan da Euskal Herria izena, kultura ezaugarri aski jakinak dituen herrialdea adierazteko, politika eta administrazio mugen nahiz ezberdintasun historikoen gainetik erabilia.- Izen hori euskara + herri hitzetik sortua da, hots, "euskararen herria"... Gauza jakina da geografia zientzian herri edo nazio izenak jatorri desberdinekoak direla: jentilizio edo tribu izenetatik sortuak: Frantzia frankoen herria, Danimarka daniarren herria; hidronimoetatik, Uruguay, Paraguay, Jordania; oronimoetatik: Sierra Leona, Libano; puntu kardinaletatik: Austria, Norvegia, Australia etab. baina hizkuntzan jatorria dutenak: Deutschland, adibidez, nahiz eta guk erabiltzen dugun exonimoa, mendebal tribu batena izan, alamanena. Adibideekin ez luzatzeko, gure herriaren izena ere hizkuntza propiotik datorrela argitzen du Akademiaren arauak.
Matizazio eta zehaztapen gehiago mereziko luke beste esaldi honek ere: "Euskal Herriko zenbait eskualdetan euskara baino bertakoagoa da eta/edo izan da gaztelania..." Euskararen atzerakada historikoa askok ikertu dute bere Hego, Ekialde eta Mendebaldean eta, ikerketa horiek guztiz argitu ez badute ere, bat datoz Euskal Herriaren gehiengo geografiko osoan mintzatu dela euskara, Araba eta Bizkaia, barne. Horrek ez du kentzen zenbait eskualdeetan erromantze desberdinak sortu zirenetik, hots, gaztelania, astur-leonera, nafar-aragoiera eta gaskoiera ez diren egon eta mintzatu. Baita, euskararen eremuetan, gaztelania "lingua franca" bezala ere.
Hitzaldi batean, oraintsu, Bilbon, pertsona ezagun batek esan omen du: "el concepto de lengua propia tiene una connotación exclusivamente nacionalista...". Entzulegoa pozteko bota bazuen ere esaldi potolo hori, nabarmen uzten du duela hogeitamar urtean jazotakoaz duen ezjakintasuna, bere aldaketak sortzen didan tristuraz landa. Estatutuaren 6. artikuluaren lehen idazketako egilea izanik, esan behar dut horrela onartu zutela alderdi politiko guztiek: EAJ-PNV, EE, EPK-PCE, ESEI, PSE-PSOEK eta UCDk eta, gero, hala berretsi, euskal parlamentariak Gernikako Juntetxean. Beraz, euskal nazionalista zirenak eta ez zirenak. Eta berdin diote, baita ere, Katalunia, Galizia eta Balear Uharteetako autonomia estatutuen 3., 5. eta 3. artikuluek. Ez da, beraz, inondik nora euskal abertzaleek, beraientzat, propioki, hizkuntza propioarena asmatutako zerbait. Gainera, Galizian eta Balearretan ere ez zuten nazionalistek gehiengo politikorik. Segidakoan, txostenarekin ados. Kontuz, beraz, gaiaren aurrekaririk eta legeria konparatua aztertu gabe, entzuten diren arinkeriez eta ezjakintasun supinoez.
IV
Aurkeztu zaigun txostenak, 55. orrialdean, honako hau dakar: "Demokrazia hitzak esanahi bat baino gehiago izan badezake ere, hemen sistema demokratikoez ari gara, ez beste zerbaitetaz. Hau da, sistema demokratikoak dituzten herrialdeetan demokraziaz ulertzen denaz: botereen banaketan eta PARLAMENTUAREN indarrean oinarritzen demokraziaz. Azken batean, biztanle gehienen ordezkariek hartzen dituzten erabakietan funtsatzen den demokraziaz". Lerrokada bikaina, zeharo bat nator. Hain zuzen, parlamentarismoan sinesten dugunok, faltan bota dugu hizkuntza politika hain gutxi eztabaidatzea eta erabakitzea, foru parlamentarioetan, gure kasuan, Eusko Legebiltzarrean eta, baita ere, hiru Batzar Nagusietan. Adi egon beharko ginateke, bestalde, euskal hiztunkide ditugun Foru Parlamentuan zer egozten den eta, noski, Gorte Orokorretan gaztelania beste hizkuntzez.
Sarri goraipatu da alderdi abertzaleetatik, euskaldunak, Batzar Nagusietan izan zuten tradizio parlamentarista, baina, hori berori ez da aplikatu gaurkoetan eta, bereziki, gaur egun legegintza eskumena duen Legebiltzarrean. Guk hautatutako herri hautetsien debate eta erabakietan gehiago sinetsi beharko genuke -hori bat, ezaupide eta aholkularitza hornituagoekin- ez eta hizkuntza politika "Agitprop" erako bilera, eztabaida eta gatazka guneetan sartuz. Okerrago oraindik, terrorismoaz, nazio unitarismoaz edo separatismoaz edo antzerako gatazkekin, frankotan apropos, nahasten denean hizkuntza politika.
1981-82an, 10/1982 Oinarrizko Euskararen Legea prestatu, eztabaidatu eta onartzeko kapaz izan baginen, adostasun handiz, gainera, domaia izan da oinarrizko lege horren garapena zergatik ez den egin, geroztik, alor desberdinetan. Hortaz, hara 2006ko azaroaren 24ean, Euskararen Legearen 24 urte bete zituen egunean, Euskaltzaindiaren egoitzan "Europar Batasuneko hizkuntza aniztasuna eta euskararen hizkuntza politikak", Akademiaren Sustapen Batzordeak antolaturiko X. Jagon Jardunaldietan esan nituen pasarte zenbait: "... 24 urte geroago, Oinarrizko Lege horren garapena jorratzea nahiko nuke, ez lege berri batez, ez baita gaurko gaia. Aukerak, ene ustez, oso modu desberdinez aprobetxatu dira. Hara hor eta eztabaida agortzeko asmorik gabe, hausnarketa edota iradokizun zenbait. Irakaskuntza izan da, dudarik gabe, oparoen garatu dena... "Deskuidatu" egin ditugu beste alor asko... Justizia administrazioan, zoritxarreko 1985ko "Ledesma Legeari esker", aukera handirik ez bada ere... Tokiko administrazioan... Quebec-eko "Comission de toponymie" bezalako proiektua (prestatu arren ez zen ez erakunde artean adostu, ez indarrean jarri)... Merkataritza, nekazaritza, industria eremuetan hainbeste erabaki hartu dira, baina euskararekiko lege propiorik, kapitulu berezirik, gutxienez, ez dut ezagutzen... Estatutuaren 6.4. lerrokadak historia triste bat du..." Dena dela, ikus: Euskera, LI, 2006, 2. 1009-1013 orr.
Eta une honetan, bertan, irakaskuntza ereduen aldaketa Jaurlaritzatik planteatzen denean, gune parlamentarioetatik debatea eraman beharrean, Becerro de Bengoa kaleko Etxera eramanaz, Lakuatik okerreko mezu hartzaileengana igortzen denean, ene uste apalez.
Erratzen dute, baita ere, gure hedabide publikoek, 1982 urte berean, "Euskal Irrati Telebista herri erakundea sortzeko" martxoaren 20ko 5/1982 Legearen bidez ofizialki legeztatuak izan zirela ahazten baitute, hots, botere parlamentariotik. Hizkuntza politikari eta, bereziki, euskararen normalizazioari hain mesede bikainak eman dizkion legegintzaz ez da ez debaterik izan, oraintsu Radio Euskadiren 25. urteurren ospakizunen karietara. Hedabide horien mahainguru eta tertulietan ere. Kritika-autokritika hau egin dut EITBko Administrazio Kontseiluko pare bat bilkuretan, kontseilukide bezala.
V
Txostenari aurkitzen diodan hutsuneetariko bat beste hau da, hots, Euskal Autonomia Erkidegoaren erakundetze konplexuari ez erreparatzea eta, horretan, hizkuntza politikak izan dezaken eragin estrategikoa oso garrantzitsua baita. Bi kapitulutan banatuko dut, lehenean, foru erakundeekikoa eta, bigarrenean, administrazio lokaletan.
Bidenabar, arestian, Batzar Nagusiekiko aipamena egin dut, oroit araziz nolatan harro aipatzen den gure Batzar Nagusien tradizio parlamentarioa, 1876 urtean Madrilgo Cánovas del Castilloren gobernu kontserbadoreak ezabatu arte. Foru erakundeetan "ejekutiboarena" goraipatzen da, Diputazioena, alegia, baina ez erakunde parlamentarioarena. Gutxi ezagutzen da Lemonauria bizkaitar liberal fueristak idatzitakoa, hots, Bizkaian, bigarren mailako erakundea zela Diputazioa, lehena eta garrantzitsuena, ordea, Batzar Nagusiak. XIX. mende horretan Batzar Nagusiei parlamentarismo moderno bat emateko ahaleginetan aritu ziren liberal fueristak parlamentu erara batzordeak sortuz, bat, gaurko gaiari lotuta "Comisión de Lengua Bascongada" deitutakoa, zeinetan, garai hartarako, iniziatiba interesgarriak agertu baitziren.
1979an, ehun eta hiru urte ezabatuta izanda gero, berriz Batzar Nagusiak sortu zirenean, lehen urtean zenbait adierazpen eta erabaki hartu genituen Batzar Nagusietan, batez ere Diputazioen elebitasunaren mesedetan, baina, Eusko Legebiltzarra sortu geroztik eta, honek bakarrik legegintza maila agintea izanik, foru erakundeetan ez dut uste hizkuntza normalizazioaz lan ugaririk egin denik. Egin zitekeen, beti ere, Parlamentuko legeen garapenez, foru administrazioen eskumen garrantzitsuetan hizkuntzarekiko foru arauak eztabaidatuz eta onartuz.
Foru Ogasunek, hizkuntza politika baten mesedetan, zer zerga politika, beherapen eta beste, ikertu eta foru arau proposatu dituzte Batzar Nagusietan, beste zerbitzu eta alor askotan egin bezala? Foru Diputazioek, gizarte zerbitzu eta, beraien, edota udalekin batera kudeatzen dituzten arlo askotarako azken hogeitabost urteotan, Batzar Nagusietara aurkeztu dituzten hainbeste foru arau proiektuetan zenbatetan agertzen da artikulatuetan hizkuntza politika azterrenik? Ezagutzen dugunetik, oso gutxi.
Nola hizkuntza politika, batez ere, edota ia erabat, irakaskuntza alorreko zeregin bat zela, uste izan den eta, LTHen arabera, horretan Eusko Jaurlaritzak duen eskuduntza, foru erakundeek, tamalez, "joko zelaia" abandonatu egin dute. Hori bai, Foru Diputazioek, Batzar Nagusietara aurrekontuak aurkeztu dituztenean, "sustapen" eskumen aitzakiaz edota udalei laguntze aldera, Diputazioetatik administratu diren kopuru izugarrietan, hizkuntza politika propioari buruzko eztabaida gune edo foru araugintza gune gutxitan izan dela esango nuke. Baditut frogak.
VI
Ados nago Hizkuntza Politikaren Oinarriak finkatzeko "indirizzo politikoa" Eusko Jaurlaritzari dagokiola eta eztabaida eta akordio parlamentarioak Eusko Legebiltzarrean gauzatu behar direla. Beti esan dut hori. Besterik da, aurreko kapituluan esan bezala, beste administrazio mailetara ez jaistea. Zeren eta politika hirietan, herrietan hasi da mendez mendetan, "polis" hitzak adierazten duen legez.
Gainera, gure kasuan, beste fenomeno bar gertatu zen Euskararen Oinarrizko Legeaz duela hogeitasei urte, hau da: EAJ eta EE alderdi politikoen talde parlamentarioek % 100 negoziatu eta adostu zutela Lege hori, PSEk gehiengo handiz eta UCDk ere artikulu askotan. AP alderdiak Jaurlaritzak aurkeztutako lege proiektuari kontrako zuzenketa orokorra jarri zion eta HBk Eusko Legebiltzarrari boikota egiten zion, dakigunaren konsigna obedituz. Bi indar politiko kontra, beraz.
Baina oroitu beharko genuke hor ez zela arazoa gelditu, zeren eta lege indar minimorik izango ez zuen alternatiba estrategiko gisa, udaletxeetara eraman bai zuen azken aipaturiko indar politiko horrek hizkuntza politika eta, oraindik ere, neurri apalago batean, hala dihardu, zeren eta zer dira ba "euskarari buruzko udal ordenantza" gehienak? Zuzenbide Fakultate bateko lehen ikasturteko ikasle batek errefusatuko lituzkeenak, ez bakarrik Estatu abokatu batek.
Euskara, edozein euskaltzale zentzudun batentzat, ez dago "Agitprop" eraso politikoen artean eroso eta indartsu erabiltzeko moduan. Udaletxe baten indarren korrelazioak euskal abertzaleen alde dagoelako eta, sektore erradikalenari gainontzekoek segidismo akonplejatua eginaz hizkunza politika dopatu bat egiten bada eta, albokoan, indarren korrelazioa alderdi estatalisten alde suertatzen delako, 1982/10 Legea ere ez bada betetzen, horietako alderdiren batek hizkuntza politikari eutanasia aplikatzeko gogoaz badago, ez da Lakuako "indirizzo politikoa" udaletxera iristen.
Jakinen gainean, Gipuzkoa-Bizkaietako udalerri batzuetan, legez kontrako ordenantzez baliatuz edo gabe, ene ustez, hizkuntza politika gogorregia aplikatu zaio eta, alderantziz, Arabako eskualde=kuadrila zenbaitetan eta Bizkaiko Mendebaldeko udalerri batzuetan, ahulegia, euskararen atzerakada historikorako. Hizkuntza Politika Sailburuordetzari eskari konkretu bat egiten diot, hots, egin dezala estudio zehatz bat, udalik udal nolako hizkuntza politika aplikatu den, ez horrenbeste ohiko inkesta soziolinguistiko horietakoa, hori besterik baita.
80 hamarkadaren amaiera aldean, orduko Hizkuntza Politikarako Idazkaritza Nagusiak gidatuta eta EUDELen laguntzaz zenbait ikerketa eta txosten prestatu genituen. Helburua hau zen: Euskadiko Udal Legea gauzatuko zelakoan, EAJ eta PSE zeuden Gobernuan. Helburua, 10/1982 Legearen garapenez, hizkuntza politikari kapitulu oso bat eskaintzea Udal Legearen barnean. Ordu mordo bat sartu, hizkuntza propiodun beste nazionalitateetako legeri konparatua aztertu, Euskal Autonomia Erkidegoan zonaldeka plangintza saioak begiz jo, bigarren Lege horren garapenez, beti ere, udal ordenantza tipo desberdinen beharrizana azpimarratu baina, azkenean, dena bertan behera gelditzeko. Orain Euskadiko Udal Legea Jaurlaritzak onartzeko unean dagoenean eta, laster, omen, Legebiltzarrera aurkeztu, lege proiektu horrek izango du administrazio lokaletan hizkuntza politika arautzeko kapitulurik, gero, udal bakoitzak ordenantzen bidez eta zonaldearen egoera soziolinguistikoa eta udalaren izaera kontutan izanda garatu ahal izateko? Poztuko nintzateke hala balitz.
VII
Estatu Administrazioak ere bete beharko zukeen 10/1982 Legea. Aitor daiteke Gobernu ordezkari batzuek saiatu direla neurri batean, ildo horretako hizkuntza politika bat betetzen, beste batzuk bat ere ez, gehiago ahalegindu dira Estatu abokatuen bidez, inoren administrazioetan, foru eta udal administrazioen erabakiak inpugnatzen, bere eginkizunak betetzen baino. Estatuaren administrazio periferikoa ere ez ahal dago Zuzenbide Estatu baten, alegia, legea betetzeko? Gaztelaniarekiko hizkuntza politika bai? Euskararekiko hizkuntza politika ez?
Badago, ordea, estatu administrazio bat Espainiako Konstituzioaren 3.2. eta 3.3. artikuluek diotena bete nahi ez duena, 3.1. artikulua soil soilik aplikatuz, bere tradizio jakobino eta gaztelaniaren hegemonia izpiritua XIX. mende erditik, Franco jeneralaren diktadura amaitu arte iraun duena eta, oraindik ere, Espainiako Erreinuaren nazionalitate eta hizkuntza aniztasuna onartu nahi ez duena, hain zuzen. Justizia Administrazioa da hori, botere horretan gelditzen baitira azken diktadura luzeko izpiritu atzerakoiak, frankotan nazionalismo gaztelau elebakarreko hizkuntza politika agerian uzten dutenak. Ez euskara, ez katalan eta ez galegoarekiko ere. Hortaz, Antonio Tovar Real Academia Españolako kide eta Euskaltzaindiko ohorezko euskaltzainak esan zuen behin "un funcionario público (Galiziako hizkuntza normalizazio legeak epailei bertako hizkuntza jakitea Auzitegi Konstituzionalera eraman zutelako, gertatu zela uste dut) el que no aprende gallego, es porque no quiere, no porque no puede y catalán, lo mismo, el euskera es más costoso, lo sé por experiencia propia, aunque también se puede". Epe luzamendu kontua, beraz, gure kasuan. Eta Tovar ez zen nazionalista. Baina zeharo lotsagarria da aurton, oraindik, Galizian epaiketa baten gertatu dena, hots, hango Auzitegi batean kazetari batek galegoz hitz egindakoa epaileak onartu nahi ez izatea, jadanik hogeitalau urte dituen hango 3/1983 Legearen 7. artikuluaren kontra!
Estatuko Justizia Administrazioa hizkuntza politikaz hain ezkorra izateak ez du ukatzen Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak, dituen eskumen urrietan ere bere eginkizunak ondo bete dituenik. Zentralismoari errua beti botata, norberaren ahuleziak ez dira estaltzen. Euskaren Aholku Batzordean nengoelarik, bi aldiz eskatu nuen estudio soziolinguistiko konkretu bat egitea alderdi judizialka, alegia, ez udalerrika, ez eta INE-EUSTATen eskualdeka, ez bai ziren baliagarri, jakiteko, adibidez, Gernika eta Azpeitiko alderdi judizialetan nola aplika zitekeen justizia administrazioarekiko hizkuntza politika bat, kontuan izanik eremurik euskaldunenak direla. Niretzat eta, barka, aiarar edo enkarterritarrak, ez zuten lehentasunik Amurrio eta Balmasedakoak. Nik dakidala, behintzat, egin gabe jarraitzen du.
Tartean, adibide bat jartzearren, hemengo Justizia Sailak konbokaturiko peritu judizialen deialdi batean hizkuntza bakarrean, gaztelaniaz, noski, agertzen ziren froga guztiak, duela bost-sei urte. Adierazi nionean Durangoko Justizia Jauregian istripu edo beste ezbehar baten peritu irizpena beharko banu euskaraz egiterik lortuko nuen, Saileko kargudun batekin jarri ninduten eta erantzuna izan zen peritu horiek hiriburuetarako bakarrik zirela. Ondorioz, Durangalde-Arratiako hiritar batek, Durangon edota Tolosalde-Goierriko batek, Tolosan ezingo zuketen peritu euskaldun trebatu batez balia. Epaileen izendapena, mende bat baino gehiagoko zentralismoz Madrili dagokio, zoritxarrez, baina perituak eta beste funtzionari asko ez. Hor, 10/1982 Legearen 9. artikulua zehazki garatua izan beharko zukeen. Kasu honetan eta, bestetan, eskumenean ditugun giza eta bestelako baliabideetan hizkuntza politika posibilista bat egiten ez dugu asmatu, bai, ordea, Madrili errua botata eta, badiot, administrazio honetan asko ditu, erronkaka igarotzen dugu denbora.
Justizia Ministerioaren eta Sailaren artean, planteatu ote da, kooperazio eran, hiritarren eskubideen mesedetan, itzultzaile eta interpretari zerbitzuak, esparru honetatik hizkuntza politika etengabeko gatazketatik aldentzeko? Hiru hiriburuez gain, ez bai daude alderdi judizial buru asko: Amurrio, Azpeitia, Balmaseda, Barakaldo, Bergara, Durango, Eibar, Gernika, Getxo, Irun eta Tolosa. Hamalau zerbitzugune, beraz, batzuk auzi kopuruagatik, edota auzitegi eremuaren egoera soziolinguistikoagatik, batzuk hornituago, beste batzuk baino, hizkuntza politika baten ikuspegitik onuragarriak suertatuko ziren.
VIII
Hizkuntza politikaz zer hausnarketa egin da enpresa eta zerbitzu publikoetan? nola planifikatu da? Enpresa publiko estrategiko batzuetan badakigu hausnarketa bat baino gehiago egin dela, adibidez, EITBn, geroago aipatuko duguna.
Onuragarria litzateke enpresa publiko guztiak zenbatu eta, banan banan, zer hizkuntza politika diseinatu, planifikatu eta aplikatu duten azken hogeitabost urteotan. Denen batuketa eginda, izugarrizko garrantzia eta pisua duela konturatuko ginateke, gizarteari, egunero eta nonahi onura egingo liokeena. Kontuan izanik, bestalde, giro eta urte hobeagoak izan ditugula, gaur egun, ETAren terrorismoa, alde batetik, eta horren aitzakiaz edo, gabe, Espainiako Erreinuan, geroago eta lotsa gutxiagoko nazionalismo gaztelaua indartzen hasita dagoela, prekonstituzionala frankotan, ultra ez denean. Hori gutxi balitz, bertakoen, beste alde bateko jarrera ultrak ere sobera ditugula. Batzuek eta besteek, elebitasun eta euskararen mesedetan zeharo zailtzen dute Euskal Herrian hizkuntza politika demokratiko bat, baita ere, Estatuaren hizkuntza aniztasuna defendatzen dugunontzat.
Ba da, horregatio, Jaurlaritzaren erakunde publiko oso garrantzitsu bat, Osakidetza, hain zuzen, zeinez, hedabide zentralistek edo neozentralistek, gaztelau nazionalistek ez esatearren, neurriz kanpoko kanpainak egiten diharduten. Gaixo euskaldunak, beraien hizkuntza propio eta ofizialean medikuak edota erizainak arta izateko eskubidea demagogikoki ezkutatzen da. Besterik da, zonaldearen egoera soziolinguistikoaren arabera planifikatu behar dela osasun arloan hiritarren zerbitzu publikorako ari diren profesionalen hizkuntza ofizial bien jabetasuna, baita ere espezialitateen arabera ere. Ez dadila gertatu, 80. hamarkadan Gurutzetako ospitalean ia hiru urte zituen ume bati gertatutakoa, solairu osoan euskaraz zekien ez medikurik, ez erizainik izan ez, isolaturik "lo! lo! eskatzen negarrez eta frantsesez zekien erizain batek ura eraman! Non zauden haur koitaduaren eskubideak?, eta non zerbitzari publikoen betebeharrak? Mereziko luke aipaturiko kanpaina nazionalistei, moduz, baina zorrotz aurre egitea.
Enpresa publikoetan hizkuntza politika zabalagoa izan beharko lukeela uste dut, bereziki Jaurlaritza eta foru administrazioen menpekoetan, ahantzi gabe estatuarenak, Estatu ere baikara. Neurri txikiagokoak dira, oro har, udaletako enpresa publikoak.
Enpresa pribatuen eremuko hizkuntza politika beste kontu bat da, hor Administrazioa nekezago sar daitekeelako. Besterik da, sustapen politika bat egitea, zenbait kasutan ondo egin dena eta, beste batzuetan, huts. Esango nuke, bestalde, enpresa pribatu batzuk, ez asko, eredugarri izan direla eta, direla, hizkuntza politika normalizatu bat diseinatuz eta aurrera eramanaz.
IX
Lluis Ninyolles soziolinguista valentziarrari aspaldi entzun nion Sitgesen -"transizio" garaian izandako Kongresu baten izan zen, hain zuzen- hizkuntza bat egoera normalizatu baten egoteko hezkuntza maila guztietan irakatsi behar zela, administrazio desberdinetan hiritar-administratuak zerbitzatu behar zirela eta giza hedabide orok, publiko nahiz pribatuk ere bazutela hizkuntza minorizatu bat normalizatzeko, neurri batera edo bestera, erabiltzeko betebehar soziala. Oraindik katalana, galegoa eta euskara ez ziren ofizialak, ez geneukan autogobernurik, baina bere mezua argigarria iruditu zitzaidan.
Hedabide publikoetako hizkuntza politika helburu estrategiko mesedegarriz hornitua izan da. Lekuko, 1982/5 Legea, martxoaren 20ko "Euskal Irrati Telebista" Herri Erakundea sortu zuena, zeinen 3. h) artikuluak honako hau agintzen duen: "Kulturaren eta euskararen sustapena, euskara erabiltzearen xedeetarako, oinarrizko egitarau sortarauak ezarriz, orotariko eskaintza mailan Erkidego Autonomodunean euskaraz irrati-telebistazko emankizunen oreka beharra kontutan izanik". Ildo honetatik ofizialdu eta garatu dira bai Euskal Telebista eta baita Euskadi Irratia izugarrizko onuragarritasuna ekarririk hizkuntza politikari eta elebitasunari. Elebakarreko Estatu zentralista historikoan, batez ere diktadura frankista luzea ezagutu genuenok amestu ere ez genuen egiten holako aukerarik izango genuenik. Elebakarreko hedabideetatik elebidun hedabideetara igaro gara autogobernuari esker, 1982 urteko 5. eta 10. lege bion segurantzaz, ez da gutxi. Maximalista zenbaitek bakarrik uka dezakete hori.
EITBn, oraintsu, bere Administrazio Kontseilu barruan, propioki batzorde berezi baten bidez eta adostasun ia erabatekoaz, Kontseiluak zeinetan, EITB taldearen euskarrietan euskara eta euskal kulturaren tratamendua onartu duen. Iritsi da Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzara? EITBko Zuzendaritzak berak eman dio honen berri euskal gizarteari? Ba, egin ez bada, oker gabiltza, zeren eta hizkuntza politika hedabideetan gatazka denean bakarrik barraiatzen da, gehienbat irakaskuntza desberdinen alorretan eta herri zerbitzaritza, hots, funtzionariekiko elebakar trintxera zentralistetan edota euskalduntze dopatzaileetan. Eta, ez naiz aspertuko esaten, hizkuntza politika zabalagoa da esparru horiek baino, enpresa publikoetan hausnartuago izan beharko luke, bereziki Jaurlaritza eta foru administrazioen menpetakoetan, ahantzi gabe estatukoak, Estatu ere baikara, Orohar, neurri txikiagokoak dira ere udaletako enpresa publikoak.
Besterik da, hedabide pribatuez Euskal Administrazio Publikotik zenbait urtetan eraman den hizkuntza politika, edota hedabide pribatuen enpresetatik eraman dena. Estrategia lerratuegiak eraman direla maizegi uste dut, alde batetik eta bestetik, inoiz sektarioak ere, horrek desenkontru bat baino gehiago sortaraziz euskararen kaltetan. Ondo letorke autokritika zintzo bat hizkuntza politika euskaltzale baten mesedetan. Faltan bota dut, inoiz, 1982/10 Legeko III Kapituluaren garapena, batez ere 25 artikuluarena, zeinak amaieran hau agintzen baitu: "Horretarako, aurreko alor horietaz (egunkari eta aldizkarietan, besteak beste) ihardun eta horiek araupetu ditzaten legeen horretaz kapitulu garatuko da". Garapen horrek bidera zezakeen gizarte iniziatibazko euskal prentsaren hizkuntza politika autonomo bat, ziurtapen juridiko-ekonomiko adostu batez baliaturik.
X
"Zonalde" kontua ere Oinarrizko Txostenari egin nahi dizkiodan nire erakarpenetan aipatzea zilegizkoa deritzat. Ez noski, inondik nora, Legean bertan Nafarroan bezala hizkuntza bat ez ofizialtzeko, baizik eta planifikazio zentzuan. Zeren eta erabili den hizkuntza politikan gutxiegi nabaritu dudalako, ez bakarrik administrazio autonomikoan, baita ere foru eta udal administrazioetan ere. Oinarrizko Legeak, inplizitoki, aipatzen du 2. Xedapen gehigarrian plangintza soziolinguistikoaren egin beharra egozten dio Jaurlaritzari, "hori, aldian aldian, Eusko Legebiltzarrari jakin arazi ondoren berrikuskatuz". Zonalde eremua aipatu genuen hiru talde parlamentarioek eztabaida eta negoziaketetan: EAJ, PSE eta EEek, ez ordea "lurralde historikoa", ez eta "udalerria", uste bai genuen plangintza zonaldeka egitea zela hoberena.
Aldi bateko 2. xedapena espreski aipatzen da zonalde baten egoera soziolinguistikoa bereziki begiratzeko Jaurlaritzari eskatuz. Duela hamabost bat urte, irakaskuntzan Euskararen Aholku Batzordean kide batek "A eredua" desagertu behar zela adierazi zuenean, kontra agertu nintzen -uste dut bakarra- esanez batzordekide eta politiko euskaltzale bezala ez naukala horrenbeste interes Añana eta Enkarterri eskualdeak presaka euskalduntzeko, gutxiago hango hiritargoa irabazi gabe. Konkretuki eskualde horietako udalerri bi aipatu nituen Gaubea eta Artzentales haranak, hain zuzen. Nire interesa eta ardura Gipuzkoako eskualde guztietan; Bizkaikoetan, salbu Enkarterri historikoan, Ezkerraldea barne eta Arabako Iparraldean, zonalde eskualdeetan hizkuntza kontsolidatzea zen D ereduarekin. Ahantzi gabe, hiriburu eta beste hiri nagusietan, hiru ereduei aukera ematea, ikastetxez ikastetxe, edota barrutiz barruti, ongi planifikatuta, noski. Enkarterrian eta Arabako koadrila bakoitzean, egoera soziolinguistikoaren hiritarren giroari eta gogoari, euskararen atzerakadaren noiztik norakoari eta gainontzeko zirkunstantziei so eginda.
Irakaskuntzari buruz esan nuen ildotik, Euskadiko Udal Legea gauzatu bazen eta bertan hizkuntza normalizazioaren kapitulua aipatzen nuen, arlo honetan, prezeski eskualdeka sailkatzea, garatzea eta planifikatzea. Kataluniako "Centres Comarcals de Normalització", hasieran jarri ziren bezalaxe, hemen ere, amankomunean, Mankomunitateen bidez, hizkuntza zerbitzu teknikoak jartzea izango zen biderik aproposena. Oinarrizko txosten bati ez badagokio ere, gaur egunean ere, hizkuntza politika bat udal administrazioetan modu desbideratze ideologizatuetan erortzea nahi ez bada, hiri nagusiez kanpo -hauek bakarrik izan dezakete ahalmena bakarka hornitzeko- amankomunean soilik jarri daiteke, beti ere zonaldeka eta eskualdearen tipologia soziolinguistikoa kontuan izanik. Ongizate gizarte zerbitzuak horrela ez dira bada egiten? foru administrazioen diru laguntza oparoaz gainera, herri txikiak ez direlako kapaz bakoitzak bere kontutik egiteko? Hizkuntza normalizazio zerbitzuek ere ez dira beste mota bateko gizarte zerbitzuak? Prestakuntza profesionala duten zerbitzu teknikoekin, euskal filologia lizentziatuekin, adibidez, hornituak bakarrik berma dezakete profil arautu jakin batzuekin, udaletxeetatik hizkuntza politika gatazka ideologikoetatik ateratzea.
Azkenik, tokian tokiko hizkuntza politika udaletxeetan lar egiten da, arestian esan bezala eta, hemen ere, gehiegikeriak edo gutxiegikeriak ez egiteko. Zonaldeen tipologia eta sailkapena onuragarria litzateke. Lea-Artibai eta Urola Kosta baldin badira eskualde euskaldunenak ezin dira, ez udalak, ez mankomunitateak, Arabako Errioxa edo Enkarterri eskualdeekin nahasi, historikoki erdaldunak baitira, nahiz eta elebitasuna horietan ere desiragarri izan, baina helburu eta erritmo zeharo desberdinekin. Durangaldea eta Debagoiena, oso antzerakoak dira, euskaldungoaren, euskalkiaren eta sozioekonomiaren aldetik ere. Hiriburuak eta zenbait hiri nagusik tratamendu propio beharko lukete, antzerako hizkuntza politika jartzeko.
XI
Hamaikatxo gauza nituzke esateko baina, hamaikagarren honetan berkapitulazio batekin amaituko dut, beraz.
Euskal Herrian hizkuntza politika, beste politika guztiak bezala, erresistentzia eta "rupturismoaren" estrategiapean izan da, zoritxarrez. Eta, trantsizio garaitik geroztik, ezin izan dugu atera, ez eta erreforma politikako ildo politikoa hartu genuenok ere. Autokritika sakon bat egin beharko genuke. Eta zer esan ETAren borroka armatuaren estrategiapetik, ez ideologiapetik oraindik libratu ez direnez? Dugun autogobernua arbuiatzen hasi ziren, antiparlamentarismo antzu batez hizkuntzarekiko legegintzari boikota egiten, baina, gero, pixkanaka pìxkanaka onura guztiak ateratzen. Ez deritzat gaizki ofizialtasunari onurak aprobetxatzea, beste batzuk ere hori egin baitugu, baina posibilismo politiko osoz joko zelaian bustita, baina, gutxienez, espero zitekeen aitormen autokritiko bat. Euskaltzaletasuna dutela, ez dut duda egiten, hori besterik da.
Ba dago hirugarren sektore bat, hots, trantsizioan "trantsitatu" ez zutenak, alegia, frankismo ideologia aldi baterako ezkutatu zutenak eta, orain berriz, mozorroa kendurik, tertulietan eta prentsa zutabeetan elebitasun hizkuntza politikarekiko aurka azaltzen dena. Oraindik talde desberdinetan ari direnak, baina hedabide eta zirkulu garrantzitsuetan aukera ugari dituztenak, batzuetan kriptikoki, beste batzuetan nabarmenago baina beti ere, gaztelaniaz beste hiru hizkuntzez kritiko. 1930 hamarkadan bezala, zenbaitzuk bakarrik falta dute Falange Española aldra bateratu bat berpìztea. Hauentzat euskara Antzinateko arkeologia erlikia baliotsu gisa bitrina baten gordeko lukete baina, horretarako, eutanasia aplikatu behar. Konstituzioaren 3.2. eta 3.3. artikuluen aldaketa ere aipatu dute horietako batzuk, ondorioz, legegintza mailakatu eta garatu batez, gerta dadin heriotza gozo gozoa.
Baina, ondo dakigun bezala, heriotza ez da eutanasiaz bakarrik gertatzen, baizik eta "doping"az ere. Kirol munduan batez ere emaitzak azkartzeko, recordak lortzeko, txapelketak irabazteko, gorputza dopatzea gauza ezaguna da. Hala hil dira kirolari asko, gure herrian ere ez gutxi. Euskalduntze politika arriskutsu eta ausartegi lar eraman da, egoera soziolinguistikoa Euskal Herri guztian Aulestiko edo Ataungo udalerrietakoa bailitzan, zerbitzu publikoetan, ez bakarrik hezkuntzan, ekintza dopatzaile ugari aplikatuz. Euskara oraindik ahul dago eskualde askotan, gaixorik beste batzuetan, indartsu gutxitan hizkuntza politikan dopagerik apurrena erabiltzeko. Hizkuntza politika ezer izatekotan epe ertain eta urrunerako sendabidekoa izan beharko luke, erakundeetan politika posibilista eta demokratikoa adostuaz, zonaldez zonalde planifikatuaz, gizarte elkarteen bidez ekimen orekatuz hornituaz. Sekulan santan ezin da dopatu, hau, heriotzara kondenatzea bai litzateke.
Labur bilduz eta amaitzeko Euskal Herrian hizkuntza politikak ez du behar ez eutanasiarik, ez eta "doping"ik.
(JOSE LUIS LIZUNDIA ASKONDO euskaltzaina da)
- Idazki hau, Euskara 21 ekimenaren abiapuntu izan den Oinarrizko Txostenari egin zaizkion ekarpenetako bat dugu.
Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)
|