Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Proposamen negargarriagorik? (eta 2)

Proposamen negargarriagorik? (eta 2)

2008-10-24 / 08:35 / Zelai Nikolas, Martin Rezola, Izaskun Goirigolzarri, Jonjo Agirre   HERRI-ADMINISTRAZIOA

Patxi Lópezen esanetan, "para que la promoción y el fomento del euskara sean verdaderamente eficaces, no son válidas las políticas de carácter impositivo". Zelako esaldi biribila! Eta euskarari aplikatuta, beharbada egia, gainera. Besteak beste, Estatu propiorik ez izatearen ajeak.

Gaztelaniarekin bai, ordea. Gaztelaniarekin balio izan dute zigorrek eta inposaketak. Frantsesarekin bezala... Baina gaude, esaldi potolo horren atzean beste zerbait ezkutatzen duela PSEko ordezkari nagusiak. Lópezek esan nahi du ez dagoela prest euskaldunen hizkuntz eskubideak bermatzeko inongo neurririk hartzeko. Lópezek argi diosku bidezkoa dela EAEko Administrazio Publikoetako langile guztiek gaztelaniaz jakin behar izatea, baina euskaldunoi arreta eman ahal izateko euskara eskatzea, ostera, langileen parte bati baizik ez bada ere, eta maila batera arte bada ere, hori ez omen da bidezko. Hori inposaketa omen da.

Barkatuko digu berorrek, baina euskaldunoi erdaldun elebakar gaixoek pairatzen omen duten bazterketaz hitz egitea adarra(k) jotzea da, txit gustu txarreko broma gaiztoa. Barre zantzoka lehertuko ginateke, okurrentzia ez baletor hain pertsona eta talde politiko boteretsuen eskutik.

Euskaldunen eta erdaldunen arteko balizko topagunea aipatu du López jaunak, jarraian. Euskara trabarik gabe erabili ahal izatea amets dugun herritarrok, erdaldunen eta euskaldunen arteko berdintasuna nahi duten pertsonen arteko topaleku bat eraiki nahi genuke aurreiritzi alderdikoiak identifikatzeko, bazterkeriei aurre egiteko, eta Lópezena bezalako jarrerak gero eta bakanagoak izan daitezen. López jauna, guk geuk ez dugu eduki nahi zuk erdal hiztun gisa dituzunak baino eskubide gehiago. Zeuk besteko hizkuntza eskubide izan nahi genuke guk ere, hori bai. EAEn, noski, urrunera joan barik... Zeuk baino gehiago ez, baina gutxiago ere ez. Guk uste dugu hizkuntza eskubideen eremuan ere berdintasuna bermatzera jo behar dela. Zer uste duzu zuk?

EAEn euskara eta gaztelania dira nagusi, nahiz eta euskara gizartearen heren batek baino jakin ez, eta gaztelania, aldiz, herritar guztiek. Baina hori ez da beti horrela izan. Espainiako agintariek sustatu dituzte gaztelaniaren nagusitasuna eta euskararen gainbehera. Mendez mende.

Hala, gaztelania haize alde doa eta euskara haize kontra. Horregatik behar ditu euskarak sustapen neurriak. Horregatik behar dugu euskaldunok egungoa baino askoz babes handiagoa eta hizkuntza politika eraginkorragoa. Artean, nahi baino motelago, motelegi agian, branka zuzentzen hasiak gara euskaldunak, baina, maizegi, zurea bezalako manifestuek eta proposamenek nahigabe galantak ematen dizkigute...

Jaurlaritzan gobernatzeko erantzukizuna izan nahi duen pertsonak ezin die bizkarra eman euskaldunei, egun gutxiengoa bagara ere. Geuk ere zure komunitate erdaldunak dituen eskubide eta betebehar berberak nahi ditugu, López jauna. Hizkuntza-alorreko ekinbide publikoak errespetua erein behar du, gizarte-kohesioa sustatu, eta bi hizkuntza-komunitateen berdintasuna bultzatu. Aurki, gainera, beste komunitate batzuk ere aintzat hartu beharko ditu, ziurrenik.

Euskarak aurrera egingo badu, behar-beharrezkoa da hizkuntza-politika sustatzaile egoki bati ekitea. Besteak beste, euskara ikastea edonoren esku jarriko duen eta hizkuntza erakargarri egingo duen politika bat. Baina ez dirudi, egun, politika hori PSEren eskutik etor daitekeenik, sozialistak euskarari buruzko irudi negatiboak barreiatzen tematuta baitaude, bide batez EAEko egoera soziolinguistikoaren gaineko irudi erabat faltsu eta desitxuratua zabalduz.

"El cultivo y el estudio del euskera no están ligados por naturaleza a una ideología determinada" bota duzu. Hamar puxtarri! Aurkikuntza zirraragarria. Hustuta geratuko zinen...

Ez da bidezkoa eta salatu beharra dugu euskara eta euskaldunak ideologia jakin bati edota indarkeriari lotu nahi gaituztenen diskurtso lotsagabea. Zer esango zenuke gaztelania GALi, frankismoari, edo bestelako hamaika kalamitateri lotuta datorrela adieraziko bagenu?

Edonola ere, zeuk ere egin zenezake zeure ekarpentxoa, aniztasuna ugaltze aldera; Elorriagak (Unaik) idatzi bezala, euskaldunon portzentaia txikia izan arren, zu ere kabitzen zara, paradoxak zer diren!

Ezer positiboagorik egiteko prest ez bazeunde ere, eskatu nahi dizugu euskara eta euskal kultura manipulazio politikoaren zurrunbilotik askatzeko behintzat, ez jarraitzeko euskara eta euskal kultura desprestijiatzen, behinik behin. Hizkuntza batez ezin daiteke inor jabetu, edota edonor jabe daiteke, hobe esanda. Gu geu horren adibide garbia gara. Gaztelaniaz jabetu ginen, halabeharrez. Baina euskaldunak izan arren ez diogu erdarari bizkarra eman, are gutxiago erdaldunei.

EAEko gizartearen aniztasuna hobeto islatuko duen euskarazko kultura berri bat baduzu helburu, badakizu nondik hasi: zeuk ere bertora egin jauzi, euskaldundu. Ez zaizu ezer txarrik gertatuko.

Zu eta zutarrekin batera, ez genuke kultura duinagoa izango, dagoeneko aski duina da-eta, baina bai askotarikoagoa, bai horixe. Animo eta aurrera. Bide luzea duzu egiteko oraindik.


(ZELAI NIKOLAS, MARTIN REZOLA, IZASKUN GOIRIGOLZARRI eta JONJO AGIRRE, euskal herritar euskaldun elebidunak)


Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com