Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Euskara 21

Euskara 21

2008-10-27 / 08:15 / Anjel Lertxundi   HIZKUNTZA

Euskararen Aholku Batzordearen baitan abian jarri den Euskara 21 ekimenaren Oinarrizko Txostenari Anjel Lertxundik egin dion ekarpena irakur dezakezue jarraian.

Euskararen lurraldea

Euskararen lurraldea

Kontuan izanda Eusko Jaurlaritzako Hizkuntz Politikako Sailburuordetzak eskatua dela Euskara 21 txostena, logika politikoak eskatzen du, eta ez bakarrik zuhurtasunak, hausnarketaren muinak EAEko egoeran zentratu behar duela bere ahalegina, eta euskarak EAEn dituen arazoei erantzuten saiatzea duela dokumentuak bere egitekoa. Baina hori hala izanik ere: txostenak euskarari berari buruzko kontsiderazio orokor bat jaso behar zukeelakoan nago. Inor inoren soroan sartu gabe ere, egokiera baliatu behar da euskarak han-hemen dituen arazo elkarrekikoak azpimarratzeko; elkarlanerako deia egiteko; egoera desberdinen aurrean estrategia berdinak praktikatzearen arriskuak seinalatzeko; euskararen inguruko hainbat ekimen indibidual zein kolektiboen egokitasun nola-halakoaz ohartarazteko; ahalegin adostuen onura azpimarratzeko.

Hainbat hutsune

Dokumentuak kemen berezia jartzen du eskolaren munduan. Beste modu batera, ezin. Baina eskolaren inguruan esandakoei ezer kendu gabe ere: eskolari buruz bezain luze-sakonean ez bada ere, ahalegin bereizia eskaini behar litzaieke euskararen presentziari eta arazoei lantegietan, ostalaritzan, dendetan...

Merezi luke Internetek eta teknologia berriek euskarari ekar diezazkioketen onurez eta arriskuez hausnartzea ere.

Merezi luke administrazioaren paperaz ere hitz egitea, bai euskararenganako jarrerari dagokionetan, baita administrazioak berak eskaintzen duen euskarari buruzko ereduaz ere.

Merezi luke, halaber, eskubide-kortesia dialektikak eguneroko komunikazio sozialean eragiten dituen zailtasunei buruz hausnartzea ere, sarriegitan uko egiten baitzaie hiztun-eskubideei gaizki ulertutako kortesia baten tranpagatik, hizkuntza hegemonikoaren itzal luzeak hizkuntz gutxituko hiztunei betidanik eragin izan dien betizu konplexuagatik.

Tonua

Emanak gara euskararen auzia erosta-musikarekin barneratzera; euskararen inguruko guztia aldapa, neke eta zailtasun gisa bizitzera; euskararen problemak modu agoniatsu batean planteatzera eta plazaratzera.

Errealitatea beti da konplexua, bai, baina ez da beti nahasia eta basa. Euskararen errealitatea ere halatsu: ugariak dira bere egitatearen osagaiak, baina, ezin baititugu denak batera ikusi, alde ezkorrak lehenesteko joera izaten dugu. Baina lipar batez badarik ere: utz diezaiogun euskararen egoerari begiratzeari, eta azter dezagun euskal hiztunok zer nolako bizi-poza transmititzen dugun euskarari buruz hitz egiterakoan. Beti lantuka eta kexuka ari den giza talde baten irudia ematen badugu, etsipenaren mezulariak baldin bagara, neurotizatutako itxura transmititzen baldin badugu, nekez erakarri dugu jenderik euskararen plazara. Nekez erakarriko dugu inor biktimismoan goxo egindako jarrera batetik, eta auziaren errua auzoari egotziz.

Bestalde, euskaraz ez dakiten euskal herritarrek giza talde monolitiko baten moduan ikusten bagaituzte, denok berdinak baldin bagara haien pertzepzioan, kolore bakar bateko hiztun talde baten irudia transmititzen badugu, errealitatearekin batere bat ez datorren irudi oker bat eskaintzeaz gainera, geu bihurtzen gara, neurri handi batean, euskararen inguruko aurreiritzi askoren iturri eta erantzule.

Aitortzea, ordea, ez da aski: oso errotua baitago, administraziotik beretik hasita, euskara ikuspegi politiko jakinekin lotzea, pauso batzuk pentsatu eta eman beharko dira aurreiritzi horien kontra borrokatze aldera.

Horregatik guztiagatik, euskararen politikak behar du jarreren formulazio eta didaktika bat ere, islatzen dugun irudia ez dadin desatsegin desegokia gerta eta ezta kolore bakar batekoa ere.

Bestalde, naturaltasunaren pedagogia bat behar dugu bai euskararen etxe barrurako, baita hizkuntzen arteko harremanetarako ere; hizkuntza normal bizitzeko terapia psikologikoak aplikatu beharrean gaude: praktika psikologikoki orekatuak bilatu behar ditugu, eta ez neurotikoak, masokistak, morbosoak, agoniatsuak, konplexuz beteak.

Eta hori guztia ere bada hizkuntz politika.

Ereduak

Aniztasunaz hitz egiten dugu eta, dokumentuak dioen bezala, euskaraz bizitzeko moduak ere anitzak dira. Jarrera aktiboagoak eta pasiboagoak daude euskararen plazan; baikorrak, ezkorrak; erasokorrak, pazientziadunak; apokaliptikoak, integratuak; adore handikoak eta txepelak. Guztiek dute beren tokia, jakina. Hori onartuta, onartu beharko dugu motibazioak ere era askotako aurpegiak dituela. Afektiboak batez ere, bai, baina baita ekonomikoak, prestigiozkoak, komenientziazkoak, atseginari lotuak, praktikoak, utilitaristak ere...

Motibazio kolore anitz horri, ordea, oso ondo etorriko litzaioke eredu sozial garden bat; ispilu garbi askotarikoa. Eta ez daukagu. Euskaldun askok, euskaraz primeran jakin arren, eta euskarari plus sinboliko halako bat aitortu arren, ez du euskaraz egiten. Baina ez da kaleko kontua soilik. Egunero ikusten dugun kontua da Legebiltzarreko jardunetan; administrazioko goi-mailetan halatsu; eta unibertsitatean; telebistako jardun formalenetan...

Euskarak prestigio soziala behar du bizitzaren alor guztietan. Eredu egokiak plazaratu.

Izurritea

Italo Calvinok dio:

"Izurrite halako bat gertatzen ari zaie hizkuntzei oro har eta gureari partikularki: gero eta abstraktuagoak, artifizialagoak, anbiguoagoak dira; gauza xumeenak ezin zuzenean esan. Izen konkretu gutxiago erabiltzen da. Hasieran, izurrite honek politikoak, burokratak eta intelektualak kutsatu zituen, gero jende artean hedatu zen, gero eta azkarrago, gero eta indartsuago".

Calvino italieragatik ari da. Ari zitekeen euskaragatik ere. Euskara ere mendebaleko hizkuntza baita eta teknologia berrien iraultza ez baitzaio arrotza, larrutik ezagutzen ari da prozesu hori. Baina egoera horri guztiari eransten badiogu, gure betiko ahuleziaz gainera, euskararen batasunak abiarazi zuen prozesu galbahegilea -batasunaren izenean ugaritasuna baztertu behar izan dugu oso denbora laburrean-, hizkuntza hegemonikoei ez bezala eragiten digu Italo Calvinok izurritetzat jotzen duen gaitzak.

Estandarra

Euskararen etorkizun hurbilak derrigorrezkoa du estandarra, baina, aldi berean, derrigorrezkoa du euskararen eredu estandarrenak -administrazioarenak- hartu duen homogeneotasun gehiegizkoa aztertzea, bai euskararen beraren ezaugarriei dagokienez, baita eredu horrek hiztunen komunitatean izan dituen eta izaten ari den eraginez ere. Ereduak dezenteko gorpuzkera hartu du oso epe laburrean -oraintsu hogei urte inork susmatuko ez genukeen bezalakoa-, baina ez beti bide onenetik. Lexikoaren hedapenak okupatu ditu hizkuntzaren ia plaza guztiak; egitura morfosintaktikoarenak, ordea, ez hainbeste. Horri erantsi behar zaio hizkera horrek gaztelania duela ispilu eta itzulpena oinarri. Hizkera maizter bat da, eta gaztelaniaren/itzulpenaren maiztertzara behartzen ditu administrazioko agiri eta jardun guztiak, eskoletako testugintzaren zati handi bat, hedabideetako albiste gehienak, euskararen kaleko presentziaren zati handia...

Nolanahi ere den: eredu estandarrenak ez ditu eguneroko euskara biziaren premiak asetzen. Ezta ase behar ere, ez da hori hizkera estandarraren egitekoa. Baina euskararen egoerak hartaratuta -eta hizkuntza hegemonikoaren plazan gertatzen ez den bezala-, hizkera estandar hori bazter guztietara hedatu da, modu guztiz uniformatuan hedatu ere, erregistro desberdinenganako ardura handirik gabe. Edo haiek itoz. Administrazioan, testugintzan, kazetaritzan, iragarpen publikoen munduan eredu pisu beti berdina -gazi-gozo handirik gabea- nagusitu da. Eredu hori klase baten jerga bihurtu da. Kode ia sekretua da, kaleko jendeari batere familiarra egiten ez zaiona. Euskara natural egiten duen herritarren multzo handi bati hori iruditzen zaio, eta hori bakarrik, euskara ereduzkoa.

Hizkera estandar hori, munduko perfektuena izanda ere, horixe da: hizkera estandarra. Ez du bizitzaren eremu askotarako balio. Baina haren itzala gizartearen beste eremuetara hedatzen bada -kazetaritzara, unibertsitatera, kaleko karteletara, deialdietara, eskuin zein ezkerreko alderdi eta sindikatuen jergara zabaltzen bada- hizkuntzaren sarea ahuldu egiten da.

Halako hizkera batek berezkoak ditu monotonia, lexikoaren unibokotasuna, kate morfosintaktiko askotan bera, kolore bakarra eta balio gutxi izatea jardun ez formaletarako.

Bestalde, hedabideek-eta, beren kodea propioa landu ordez, hizkera burokratikoaren alde antzuenak imitatzen dituzte, eta, okerragoa dena, hizkera burokratikoari bermea ematen, hizkera klase horren bozgorailu lana eginez.

Hizkera zurrun uniboko hori da jendearen erreferentzia nagusia. Eredua. Kode hori, erregistro hori bihurtzen da euskara estandarra, ona, imitagarria. Eliteen erregistroa da. Boterearena. Kaletarrak ulertzen ez duen erregistro bat da, ordea. Bere eremutik kanpo deus gutxi komunikatzen duena.

Euskara estandarra elite politiko, sozial, kulturalak praktikatzen baitu, jendeak bere hizkera eta elitearena konparatzen ditu, garai batean bere euskara eta pulpituetakoa konparatzen zituen bezala. Eta konparazio horretan kaleko jendeak uste zuen eta uste du bere euskara ez dela ona, dotorea, duina. Hondamen sekulakoak eragiten ditu pertzepzio horrek.

Eredua, literaturan

Literatura omen da eremurik askeena, hizkuntzaren ibilbideari bide eta bidezidorrak seinalatzen dizkiona, baina bazter guztietara hedatu den hizkuntza estandarraren eraginez, gero eta idazle gutxiagok arriskatzen du hizkeraren hausnarrean, pauso berrien saioan, etekin adierazkorren bilaketan. Ondorioz, gaurko literaturan ere gero eta gehiagotan aurkitzen dugu tonu ia beti bera. Kezkagarria da, ez soilik hizkuntzaren eliterik teorikoki eliteenean hori gertatzen delako, baita beste hainbat alorretako egoeraren nolakoaz pentsarazten digulako ere.

Elitea

Itzultzaileak, irakasleak, kazetariak...

Klase berriak darabilen gero eta euskara egituratuagoa, estandarragoa, abstraktuagoa...

Etxea, kalea, gaztea...

Eredu bat falta da euskara batua iristen ez den plazetan; ez dago euskalkiei buruzko estrategiarik; gazteen hizkera norabidean dabil eredu jator-usteetan barrena...

Kontua da tarte sekulakoa egin dela, hizkuntzaren erabilerari dagokionez, euskararen inguruan egituratu den elitearen eta kaleko hiztunen artean. Inorena ez den terreno halako bat dago hizkera jasoaren eta kaleko jardunaren artean. Zubi gutxi dago eta saiatzen diren zubiak -telebistan, adibidez- ez daude estrategia bati lotuak.

Araua

Hau horrela esan behar da, hori gaizki dago. Hizkera estandarrak berezkoa du araua jartzea, jarioaren gainetik. Halatan, jardun klase horri ikusten zaiona, zehaztasunaren izenean hedatu den arau eta betebeharren nagusitasuna da -zurruntasunarena, kontrolarena-, baina ez komunikazioarena. Hizkuntza bera ere unibokoa balitz bezala jokatzen du; irudi luke hizkuntzak erregistro bakarra duela. Hizkuntzaren eta erregistro baten arteko identifikazioa bideratzen du praktikan.

Hizkuntzarenganako txera

Hizkuntzaren auzia ez da auzi sozial soila, eta dokumentuaren defiziten artean kontabilizatu behar da, ene ustez, auzi sozialak hartzen duen pisu beharrezkoa baina gehiegizkoa. Hiztunak harreman pertsonal bat du hizkuntzarekin berarekin -ez beti zuzena, atsegina, edo erosoa-, eta norbanakoak bere hizkuntzarekin duen harreman horrek hiztunen arteko harremanari -sozializazioari- eragiten dio.

Hizkuntza zer da hiztunarentzat? Bere identitatearen zeinu bat da, ikurra, bandera, marka, sinboloa, ala arnasa bezain natural irteten zaion jarduna? Kontzientziaren deia da ala komunikazioaren lanabesa? Agian, biak batera da? Etxea da ala tenplua? Diskurtsoa da ala konpromiso kategoriko halako baten agindua? Produktu hutsa ala zerbait gehiago? Bera bezalako hiztunen zokora biltzeko gonbitea ala etxeko ateak zabaltzeko deia?

Hizkuntza eta ni

Hizkuntza baten nondik norakoak ezagutu nahi badira, ezinbestekoa da soziologiaren ikuspuntua. Baita komunikazioaren alorreko gorabehera psikologikoena ere.

Ez zaio, ordea, behar adinako garrantzirik ematen hiztunak hizkuntzarekin duen harremanari. Euskarak hiztunari zenbat balio dion, hiztunak hizkuntza disfrutatzen duen, txirbilak ateratzen ote dizkion. Alegia, hizkuntzarekin duen harremana naturala ote den.

Hizkuntzak ematen dizkigun aukerak baliatzen saiatzen gara hiztunok. Etengabe, atsedenik gabe, ezinbestean. Baina hizkuntza, zerbait baldin bada, testuinguru ia infinituei erantzun ia infinituak ematen dizkion tresna da.

Hizkuntzari etekin onenak ateratzeko posible da, teorian behintzat, borroka hori modu naturalean eta tentsiorik gabe bizitzea. Kontua da, ordea, ikasleek bai heldu jendeak arazoak dituztela askotan euskara natural egiteko. Gaztelaniaren presentzia etengabea nabarmentzen da. Ohikoa da esaldiak osatzen ez dituztenen jarduna. Edo beren euskarazko jardunean gaztelaniako formulak, klixeak, esamoldeak, esaldi osoak tartekatzen dituztenena. Gorabehera adierazkorrenenak erabiltzeko beste hizkuntzara jotzen dutenena.

Horrek, batetik, ondo errotu gabeko sistema baten alarma pizten du. Edo erakusten du arrakalak egiten ari zaizkiola ondo errotuta zegoen sistemari. Prozesu baten hasiera da, eta prozesuaren amaiera baliabide adierazkorrenaren helmugan dago: gaztelaniaren abaroan, alegia.

Oso arazo hedatua da. Denoi eragiten diguna aldez edo moldez. Ez diogu, ordea, arretarik jartzen, nahiz bide horretatik doan euskal hiztun askoren ibilbide gainbeheratsua, nahiz bide horretatik ari garen galtzen euskara jakin arren euskara hitz egiten ez duenaren multzoa.

Horri nola egin horri aurre?

Hiztunen arazo adierazkorrak aztertuko dituzten hausnarketak behar ditugu; bien hizkuntzen arteko joan-etorrien deskribapenak; non eta nola gertatzen diren ahuleziak. Lan horren guztiaren helburua: gero ahulezien inguruko pedagogia bat sustatzea. Murgilduegiak gaude hizkuntzaren irakaskuntza deskribatzaile araugile batean, baina arazoak beste batzuk dira. Indar guztia hizkuntzaren mekanismoen ezagutzan jartzeak ez dizkigu ez erabilera ez naturaltasuna ziurtatuko.

Aztertu beharra dago, bada, bi hizkuntzen arteko harremanean zergatik eta zertan galtzen duen euskarak. Non eta nola irabazten dion gaztelaniak euskarari. Zertzuk diren olioztatu gabe ditugun hizkuntz mekanismoak, ongarritu gabe dauzkagun hizkeraren eremuak, ongarri gehiegiz itota dauzkagunak.

Etorkizun hurbila

Gure gurasoak elebakarrak ziren. Ez zuten gure kezkarik. Beste toki batetik zetorkien, etortzekotan, kezka: bizitza aurrera ateratzeko euskara ez ote zuten traba.

Gu elebidunak gara. Gaztelaniaren konpainian bizi izan dugu euskara, noiz gaztelania nagusi, noiz euskarak bere tokia errebindikatzen zuela. Bi hizkuntzen arteko harremanen nolakoa definitu behar izan genuen gure baitako dibanean. Lehia horretan ari gara oraindik ere. Elebakarraren talaiak eta obsesioak ez digu balio.

Gure seme-alabak, berriz, eleanitzak dira. Aniztasun horretan euskarak eta beste hizkuntzek izango duten tokia hausnartzen hasi beharra dugu. Elebitasunaz mintzatzen gara eta elebitasuna dugu oraindik ere gure jardunaren ardatz eta joko-eremu, baina aurrera begiratu nahi duen hizkuntz politika batek zehaztu beharra du euskarak izango duen tokia etorkizun eleaniztun gero eta hurbilago batean.


(ANJEL LERTXUNDI ESNAL idazlea da)

  • Idazki hau, Euskara 21 ekimenaren abiapuntu izan den Oinarrizko Txostenari egin zaizkion ekarpenetako bat dugu.


Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com