Egin klik hemen INPRIMATZEKO


Euskararen erabiltzaile estrategikoa: helduen euskalduntze eta alfabetatzearen helburu

Lourdes Elosegi / Hizkuntza / 2008-10-22 / 08:25


Leku berezia eta zerikusi zuzena izan du Euskaltzaindiak helduen euskalduntze eta alfabetatzearekin. Besteak beste, ezaguna da Rikardo Arregik 1966ko urtarrilean Euskaltzaindira idatzitako gutuna, eta Akademia honek emandako erantzuna eta ondoren sortutako kanpainak. Eta, nahiz eta gero berariazko erakundeek hartu beren gain helduen alfabetatze eta euskalduntzea, etengabe ari da eragiten Euskaltzaindia helduen euskara-irakaskuntzan. Etengabea da bien arteko harremana.



Etengabe ari da helduen euskalduntze eta alfabetatzea Euskaltzainditik hartzen; eta etengabe ari zaio eskatzen. Esango nuke, era berean, etengabe ari zaiola eskaintzen ere, nahiz eta askoz maila apalagoan izan.

Horren harian, eta betiere nabarmendu nahian Testu-antolatzaileak. Erabilera estrategikoa liburuak zer garrantzi duen guretzat -helduen euskalduntze eta alfabetatzean ari garenontzat-, bi puntu landuko ditut hitzaldi honetan: 1) helduen euskalduntze eta alfabetatzeak hasieratik egindako ibilbide kurrikularra eta 2) nola euskararen erabiltzaile estrategikoak sortzea den gure azken helburua.

Helduen euskalduntzea eta alfabetatzea: ibilbide kurrikularra

HABEren zuzendari nagusi Joseba Erkiziak artikulu jakingarri bat idatzi zuen iaz, azalduz helduen euskalduntzearen eta

alfabetatzearen gaur egungo nondik norakoa (Erkizia, 2007), bai alderdi didaktikotik ikusita ("didaktikoa baita HABEren jardueraren erdigunea"), bai alderdi instituzionaletik ikusita ere. Alderdi didaktikoa hizpide, honela zioen (nirea da azpimarra):

Jarduera didaktikoa da euskaltegien funtsezko egitekoa; eta HABErena, funtsezko jarduera hori sustatzea eta bideratzea.

HABEk, egiteko horretan, kurrikulua jotzen du oinarrizko baliabidetzat; horren arabera gauzatzen baitu irakasle bakoitzak, jakinaren gainean nahiz oharkabean, eguneroko jarduera didaktikoa.

Azken batean, bi kurrikuluk gidatu dute helduen euskalduntzea, azken hogeita sei urte hauetan: soil esanda, kurrikulu gramatikalak eta kurrikulu komunikatiboak.

Data mugarri bat ere jar daiteke, bien arteko bereizle: 2000ko otsailaren 9a; egun horretan jarri baitzen indarrean Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Kurrikulua (HEOK), hori onartzen zuen Agindua bezperan argitaratuta.

Baina ondo ulertu behar da bereizketa hori. Izan ere, hasiera-hasieratik antolatu zuen HABEk euskararen irakaskuntza benetako komunikazioari begira, nahiz eta gramatikaren arabera zehaztu zituen ikas-edukiak. Hasiera-hasieratik saiatu zen uztartzen hizkuntz formen ikasketa eta lau trebetasunen (entzumena, mintzamena, irakurmena eta idazmenaren) garapena. Hasiera-hasieratik jo zuen euskararen ezagutza eta erabilera lotzera, ikasgelatik bertatik hasita eta ekintza osagarriak eta kanpo-ekintzak eta barnetegiak sustatuz. Eta hasiera-hasieratik hasi ziren euskaltegiak eta barnetegiak euskaldun osoak sortzen.

Apurka-apurka, gorputz hartzen joan da nahi komunikatibo hura, eta kontzeptu bihurtzen hasierako intuizio eta senak: funtzio, nozio, testu, estrategia... gaitasun komunikatibo; eta ikas-eduki berriak gehitu zaizkie lehengoei. Eta lan hori guztia biltzera, sendotzera, indarberritzera eta biribiltzera etorri zen HEOK (Helduen euskalduntzerako oinarrizko kurrikulua).

Eta aurrerago honela dio:

Dena den, bada luze joko digun lan bat. Noiz ordezkatu ahal izango dugu, izan ere, ikuspegi gramatikalaren arabera egindako ikas-edukien banaketa, ikuspegi komunikatibotik egindako batez? Edo, bestela galdetuta, noizko "gramatika" komunikatibo bat?

Baliabide egokia baita gramatika, bai ikaslearentzat eta bai irakaslearentzat, zertan ari diren jakin dezaten. Batzuetan gerta baitaiteke, gaizki ulertutako ikuspegi komunikatiboaren eraginez, jardunean jardutea irakasleak eta ikasleak, zertan ari diren ongi jakin gabe.

Gatozen, bada, helduen euskalduntze eta alfabetatzeak egindako ibilbide kurrikularra azaltzera, Joseba Erkiziak aipatutakoak zertxobait zehaztuz, eta ibilbide honetan lau gai nagusi ahaztu gabe: 1) hasiera-hasieratik euskara-erabiltzaileak sortzea izan da helduen euskalduntzearen helburu, 2) funtsezkoa izan da ibilbide horretan ikuspegi-aldaketa: ikuspegi gramatikalaren paradigma ikuspegi komunikatiboarenaz ordezkatu izana, 3) ezinbestekoa da paradigma-aldaketa hori kontzeptu egokiz adieraztea eta horiek euskaran nola gauzatzen diren atzematea.


Senez, ikuspegi gramatikalaren baitan

Askotan, arrazoiz edo arrazoirik gabe, helduen euskalduntzeari leporatu zaio ezagutza eta erabileraren arteko dikotomiaren erantzule izatea. Alegia, euskaltegiak euskararen ezagutza eskaintzen diola euskaldungaiari, baina ez dituela euskara-erabiltzaileak sortzen. Horretarako, gizarteak bestelako erakunde, baliabide eta egitarauak beharrezko dituela, ikasitakoa erabiliko bada.

Joseba Erkiziak dioen bezala, ordea, hasiera-hasieratik izan du helduen euskalduntzeak gaitasun komunikatiboa helburu eta "hasiera-hasieratik jo zuen euskararen ezagutza eta erabilera lotzera, ikasgelatik bertatik hasita eta ekintza osagarriak eta kanpo-ekintzak eta barnetegiak sustatuz".

Esaterako, oraindik ere gogoan dut, duela 27 urte, Hondarribiko HABEren barnetegian, zer aldaketa egin behar izan genituen ikas-edukien hurrenkeran, hizkuntz formen hurrenkeran. Izan ere, gure ikasle haiek lehen egunetik euskaraz hitz egin zezaten nahi genuen. Ikasgelan eta baita ikasgelatik kanpo ere: jangelan, jolasgelan, liburutegian, herrian... Berehala ohartu ginen eskoletan ikuspegi gramatikaletik antolatu eta landutakoak ezer gutxirako balio ziela, eguneroko benetako behar komunikatiboei erantzuteko. Ezpairik gabe, ezagutza eta erabilera genituen helburu, nahiz eta zailagoa egiten zitzaigun ikas-irakas jardunean bi alderdi horiek uztartzea.

Nola lortu ikasitakoa eskolatik kanpo ere erabiltzea?

Irakasleok, irakasle orojakileok, hizkuntzaren berri ematen genien ikasleei: formak, lexikoa, arauak eta abar. Horiek osatzen zuten programaren lehen ardatza. Eta uste genuen ikasleen kontua zela batik bat hizkuntza gauzatzea. Beraiek eraman behar zuten praktikara; beraiek erabili ikasitakoa.

Baina ez genituen bakarrik uzten. Gertutik laguntzen genien lau hizkuntz trebetasunak lantzen: entzumena, mintzamena, irakurmena eta idazmena. Hitz egiten jartzen genituen; idazten eta entzun eta irakurritakoa ulertzen. Landutako formak erabiliz, arauak aplikatuz jardun behar zuten eta beti, hori bai, zuzentasunez. Hori zen irizpide nagusia. Horrela hornitu genuen programaren bigarren ardatza: trebetasunak.

Poliki-poliki, urratsez urrats, hizkuntzalaritza aplikatuak garai hartan zioenaren haritik eta askotan senez joan ginen gure jardun didaktikoa osatuz eta aberastuz, ikuspegi gramatikalaren baitan.

Berehala gehitu genizkien funtzioak eta nozioak hizkuntz edukiei. Urrats garrantzitsua izan zen, nahiz eta esaldien mailan geratu.

Urte batzuk geroago etorri ziren lokailuak, Euskaltzaindiaren eskutik etorri ere (Euskaltzaindia, 1990). Ordurako, hasiak ginen testua lantzen; eta ez soilik esaldiak: koherentzia, kohesioa, eta abar. Kontzeptu horiek, ordea, gehienetan ikuspegi gramatikal eta arau-emailetik lantzen genituen, hizkuntza araua besterik ez balitz bezala.

Baina, euskalduntzearen jardun didaktikoan, ikasleen beharrak eta bigarren hizkuntzen irakaskuntzaren inguruko literaturak bultzaturik, pixkana-pixkana lekua hartuz joan ziren komunikazioak, pragmatikak, testuak eta testuinguruak, gaitasun testualak, gaitasun soziolinguistikoak eta antzeko kontzeptuak.


Ikuspegi komunikatiboa: HEOK

Euskaltegiek batez ere 1990-2000 hamarkadan egindako lan eskergari esker, helduen euskalduntzeak eta alfabetatzeak aldaketa itzela izan zuen. Ez bakarrik ikuspegi gramatikalaren oinarri linguistikoa berritzen eta osatzen ari zelako; baizik eta ikaskuntza-teoriek zein didaktikak ere aldaketa asko bultzatu zituztelako. Gure esparrua -euskalduntze eta alfabetatzearena- ez zen mugimendu horretatik kanpo geratu.

Egoera horretan jarri zuen HABEk indarrean Helduen Euskalduntzerako Oinarrizko Kurrikulua (HEOK), hiru oinarri zituela -linguistikoa, psikologikoa eta soziologikoa-, oinarrizko hiru galderari erantzunez: 1) zer da hizkuntza?, 2) nola ikasten du helduak hizkuntza?, 3) zer testuingurutan ikasten da euskara Euskal Herrian?

Hizkuntzari gagozkiolarik honela dio HEOK dokumentuak (HABE, 1999: 17):

Hizkuntza sistema bat dela esateak honen alderdi estrukturala azpimarratzen du. Hain zuzen, sistema elementuz osaturik dago; elementu hauek elkarloturik daude, eta osotasunari erreferentzia egiten dioten neurrian lortzen dute beren zentzu eta balio osoa. Hizkuntzaren barruan hainbat sistema edo, hobeto esan, azpisistema aurki daitezke: sistema fonologikoa, morfosintaktikoa, semantikoa...

Baina hizkuntz sistemaren unitate komunikatiboa ez da ez hitza, ezta esaldia ere, diskurtsoa baizik, testuetan gauzatzen dena. Testuek, berriz, bere osotasuna lortuko dute, bere arau propioez gainera, azpisistema fonologiko, morfosintaktiko eta semantikoen arauak ere betetzen badituzte, beti ere komunikazioa gertatzen den xedeari eta egoerari, kontestuari alegia, egokituz.

Ikuspegi eta paradigma berri hau, ikuspegi gramatikala zuzenduz eta osatuz, haustura bat gainditzera zetorren. Hizkuntza, bat izanik ere, urteak generamatzan bitan banatuta ikusten eta irakasten -forma eta esanahia, hizkuntz formak eta trebetasunak, ezagutza eta erabilera...-, nahiz eta helburua modu bateratuan zehazten saiatu.

Bereizketa hori beharrezkoa izango da zientzia egiteko (gogora Saussuren langue eta parole, Chomskyren competence eta performence); baina kaltegarria dugu irakaskuntzan, osotasuna banatzera eta sakabanatzera datorren neurrian.

HEOKak, berriz, hizkuntzaren alderdi guztien sintesia eta batasuna berraurkitzea bilatzen du; gaitasun linguistikoa osatzea. Hizkuntza ikastea ez da bakarrik esaldi zuzenak sortzen jakitea. Esaldi horiek egoki erabili behar dira komunikazio-ekintzetan.

Hala, gaitasun linguistikoaz ez baina, gaitasun komunikatiboaz hitz egiten hasi ginen. Are gehiago: kontzeptu horretan laburbil daiteke HEOKaren funtsa, paradigma berriaren bihotzean.

Canale eta Swain autore klasikoek eratu zuten (1980) kontzeptu hori, eta Canale-k berak garatu 1983an. Horren arabera zehaztu genituen, HEOK dokumentuan, mailaz mailako gaitasun komunikatiboa eta lau azpigaitasunak: gaitasun linguistikoa, soziolinguistikoa, diskurtsiboa eta estrategikoa. Honela dio HEOKak (HABE, 1999: 20).

Ikuspegi honetatik zehaztu ziren trebetasunez trebetasun maila bakoitzean lortu beharreko helburuak. Ikuspegi honetatik zehaztu ziren ebaluzio-irizpideak eta baita azterketa-probak ere.

Adibidez, hona hemen euskalduntzearen lehenengo eta laugarren mailetako helburu orokorrak (HABE, 1999: 33):

1.maila. Lehenengo maila burutzerakoan, ikaslea gai izango da eguneroko kontestu ezagunetan eta gai orokor eta arruntei buruzko kontaketa eta narrazio sinpleak, instrukzioak, pertsona eta objektuen deskribapen laburrak ulertu eta, ahoz nahiz idatziz, adierazteko. Halaber, eguneroko harreman hurbilen inguruan, solasaldietan parte hartzeko gai izango da. Dena den, testuaren mezu nagusia eta orokorra jaso/adieraziko du; eta zenbaitetan, helburuaren arabera eta testuaren egiturak bideratzen duenean, informazio xehea ere jasoko du.

4. maila. Laugarren maila burutzerakoan, ikaslea gai izango da kultura-maila inguruan goreneko eta norbere eta espezialitateko iritziak eta gaien inguruan elkarrizketa mantentzeko eta iritziak eta azalpenak emateko. Halaber, testu espezialduak bere osotasunean jasoko ditu; eta, hizkuntza formalean nahiz informalean egoerari egokituz eta arrakasta lortzeko moduan, era guztietako testuak zuzen, zehatz eta jator idazteko gai izango da. Euskalkietako berbaldiak eta idatzizko testuak ere ulertzeko gai izango da.

Ikuspegi berri horren baitan, indar berria hartu zuen jardun didaktikoak. Gero eta eragileago bihurtu zitzaigun komunikazio hitza. Ez zen nahikoa hizkuntza ikastea. Ez zen nahikoa baliabide linguistikoak ezagutu eta zuzen erabiltzea. Zerbait komunikatu beharra zegoen, esanahia zuen zerbait adierazi behar zen testuinguru batean. Diskurtsoa osatu behar zen. Komunikazioa gauzatu.


Gaitasun komunikatiboa eta ekintza-ikuspegia

Paradigma berri horren baitan, bigarren hizkuntzen ikas-irakaskuntzak urrats garrantzitsua eman du, nire iritziz, ikuspegi komunikatiboaren planteamenduari ekintza-ikuspegia erantsi dionean.

Europako Kontseiluak, 2002an, Europako erreferentzi markoa eman zuen argitara, marko bateratua proposatuz Europako hizkuntzen ikaskuntza, irakaskuntza eta ebaluaziorako. Ikuspegi komunikatiboaren harian, ekintza-ikuspegiaz mintzo da (jatorrizko bertsioan: "perspective actionnelle") eta horixe du marko orokor. Ikuspegi komunikatiboa bera da, baina aldi berean era orokorragoan eta eraginkorragoan eta batera bilduagoan ulertua.

Esaterako, honela dio hizkuntzaren erabileraz eta ikaskuntzaz (Europako Kontseilua, 2005: 29):

Hizkuntzaren erabilerak -ikaskuntza ere barne hartzen du-, erabiltzaileak gizabanako eta gizarte-eragile diren aldetik, gaitasun orokor zein komunikazio-gaitasun batzuk garatzen dituzten pertsonen ekintzak hartzen ditu bere baitan. Pertsonek, hizkuntz ekintzak gauzatzeko, testuinguru ezberdinetan eta baldintza eta muga ezberdinen menpe erabiltzen dituzte eskuragarri dituzten gaitasunak. Ekintza horiek gauzatzeko prozesu batzuk abiarazi behar dituzte, arlo espezifikoetan gai jakin batzuei buruzko testuak ekoizteko eta jasotzeko, eta egin beharreko atazak gauzatzeko egokien irizten dieten estrategiak erabili behar dituzte. Ekintza horien gainean duten kontrolaren bidez, partehartzaileek beren gaitasunak sendotu edo aldatuko dituzte.

Kontzeptu horietan daude ekintza-ikuspegiaren alderdirik esanguratsuenak: hizkuntz ekintza, testuingurua, testua, estrategiak. Gaitasun komunikatiboa lortzeak esan nahi du hiztuna zerbait egiteko gai dela; ekintza orokorraren baitan berariazko hizkuntz ekintza burutzeko gai dela eta ekintza hori, ahoz nahiz idatziz, testu batean eta testuinguru batean gauzatzen duela; eta gauzatu ahal izateko aukeran dituen baliabiderik egokienak estrategikoki aukeratzeko gai dela.

Gaitasun komunikatiboaren funtsa, beraz, kontzeptu nagusi bakarrean bil daiteke: ekintza komunikatiboan. Eta, honen argitan, era bateratuagoan eta eraginkorragoan azaltzen du ikuspegi komunikatiboa, euskararen ikas-irakaskuntzaren planteamendua ere bateratuz eta aberastuz.

Printzipio nagusi bat dago oinarri-oinarrian: hitz egitea gauzak egitea da; eta, hori biribilduz, eginez ikasten da egiten. Egin da hitz gakoa. Egitea da helburua. Beraz, ikasleak zerbait egitera heldu behar du ikas-prozesua amaitzean; bestela esanda, ekintza komunikatiboak gauzatzeko gai izan behar du.

Xeha dezagun termino hori. Ekintza eta komunikatiboa. Bi hitzok osatzen dute. Lehenak -ekintzak- mundu sozialera garamatza. Izan ere, batetik, agente soziala da hizkuntzaren ikasle eta erabiltzaile oro; bestetik, atazak (ez soilik mintzaira-atazak) ekintza-esparru baten baitan eta testuinguru jakin batean gauzatzen dira.

Bigarrenak -komunikatiboak- hizkuntzaren munduan kokatzen gaitu. Hizkuntz ekintzan eta hau gauzatzen duen testuan. Ekintza komunikatiboa gauzatzen duen testua, ahozkoa zein idatzia, osotasun bat da, hizkuntza bera bezalaxe. Unitate bat. Bloke naturala, nahiz eta unitate oso eta berezko horretan unitate txikiagoak ere bereiz ditzakegun.

Planteamendu komunikatiboaren arabera, gramatikak bereizitako hizkuntzaren unitate txikiek eta solteek ez baina, benetako komunikazio-unitateek hartu dute tokia irakaskuntzaren erdigune. Bloke natural hauek -ekintza komunikatiboak- izango dira hizkuntzaren i(ra)kaskuntzako abiapuntu eta helburu, eta ez unitate txikiak.

Baina bada besterik ere: planteamendu osoago honen baitan bestelako esanahia hartzen dute zenbait kontzeptu gramatikalek; esaterako, aditzaren aspektuak eta denborak. Gurean, pixkana-pixkana ari gara horretaz jabetzen (Elosegi, Esnal, 2004: 81-97). Eta horretan lagungarri izan genuen, adibidez, EGLU II (Euskaltzaindia, 1987).

Ekintza komunikatiboa terminoak, ordea, gainditu egiten du hizkuntzalaritzaren esparru zehatza. Esaterako, ohartzen gara nola psikologiak ere -zenbait psikologiak, behintzat (Vygotskyk, adibidez)- ekintzak hartzen dituen objektutzat; zehatzago, zentzua duten ekintzak (frantsesez, action sensées; gaztelaniaz, acciones con sentido); ekintza horien bihotzean dago hizkuntz jarduera, azken batean diskurtsoan gauzatzen den hizkuntz jarduera; eta diskurtso horiek dira, hain zuzen, hizkuntz zientzien objektu nagusia. Bronckartek dioenez (1996: 30, 39):

Para alcanzar sus objetivos propios, tal como los había definido Vygotsky, la psicología debe pues, a nuestro modo de ver, "salir de sí misma" o, dicho de forma más precisa, rechazar los postulados epistemológicos y los corsés metodológicos del positivismo que la ha fundado, para tomar las acciones humanas en sus dimensiones sociales y discursivas constitutivas.

Así como la actividad social en general puede ser comprendida bajo el ángulo psicológico de la acción, la actividad lingüística puede ser comprendida bajo el mismo ángulo, como acción lingüística, imputable a un agente, y que se materializa en esa entidad empírica que constituye el texto singular.

Beraz, hizkuntz ekintza (action langagière: acción lingüística). Edo, azken batean, ekintza komunikatiboa. Kontzeptu honek bildu nahi ditu psikolinguistika, hizkuntzalaritza, soziologia eta hizkuntzaren filosofia jakin batzuen -HEOKaren planteamenduarekin bat datozenen- ekarpenak. Eta, bereganatu ez ezik, sintesi berrian laburbildu.

Hizkuntza -hitz egitea, hizkuntz ekintza- osotasun bat da, lehen-lehenik. Osotasun hori aztertzean, bereiz daitezke zenbait elementu eta osagai. Baina osotasuna ez da elementu eta osagai horien pilaketa eta batuketaren ondorio.

Neurri berean, ekintza komunikatiboa ere osotasun bat da. Baina osotasun dinamikoa. Hiztunak, hizkuntzaren (euskararen) erabiltzaileak, ekintza gauzatzerakoan testu bat (testu-generoa) sortzen du testuinguru batean. Testua eta testuingurua: elementu dinamikoak dira biak; hiztunak kontuan hartuko dituenak, aldian-aldian, ekintza komunikatiboa zuzen eta egoki gauzatuko badu.

Horren arabera, galdera bati erantzunez zehatz ditzakegu euskalduntzearen mailaz mailako helburuak: zer ekintza komunikatibo burutzeko -zer egiteko- gai izango da ikaslea ikas-prozesu jakin bat amaitzean? Adibidez:

Euskalduntzearen lehen maila amaitzean, ikasle bat gai izango da, lagunartean, berari gertatutako zerbait ahoz kontatzeko.

Kontua ez da halako hizkuntz forma(k) ezagutzea edo erabiltzen jakitea, baizik eta zerbait egiten jakitea; kasu honetan, gertaera bat kontatzen jakitea.

Baina gehiago ere zehatz daiteke helburua, hainbat elementu bereiziz.

Ikaslea, euskalduntzearen lehen maila amaitzean, gai izango da 1) lagun bezala (lagun-rolean) 2) lagunei zein familiartekoei 3) berak bizitutako gertaera bat kontatzeko 4) ahoz, 5) lagunartegiroan, 6) informatzeko edo harremanak zaintzeko edo lantzeko xedeaz

Sei elementu bereizi ditugu: 1) enuntziatzailea (rola), 2) enuntziatarioa (rola), 3) zer egiteko, 4) nola, 5) erabilera-esparrua, 6) xedea. Kasu honetan:

1. enuntziatzailea (rola):laguna
2. enuntziatarioa (rola):lagun bati
3. zer egiteko:gertaera bat kontatu
4. nola:ahoz
5. erabilera-esparrua:lagunartea
6. xedea:informatzea, harremanak lantzea

Sei aldagai horietako batek -4ak- bi balore besterik ez ditzake izan: ahoz eta idatziz baloreak. Hirugarren aldagaiak, berriz, lau balore har ditzake: kontatu, azaldu, preskribitu (agindu, instrukzioak eman) eta gauzatu. Gainerako lau aldagaiek, ordea, konta ezin ahala izan ditzakete.

Ondorioz, helduen euskalduntzearen eta alfabetatzearen helburua da konta ezinak diren ekintza komunikatiboak gauzatzeko trebatzea ikaslea.

Baina -eta hau ere funtsezkoa da- ikas-prozesu batek hasiera eta amaiera izan ohi du, eta ezinezkoa da ekintza komunikatibo guztiak lantzea ikasgelan zein bestelako ikas-sistematan.

Horregatik, ikasle autonomoa eta estrategikoa lortzea du helburu helduen euskalduntze eta alfabetatzeak; egoera eta testuinguru ezberdinetan erabiltzaile on izango den euskalduna, arrakastaz komunikatuko duena.

Euskararen erabilera estrategikoa: euskalduntze eta alfabetatzearen helburu

Erronka berri baten aurrean dugu, beraz, euskalduntze eta alfabetatzea: euskal hiztun osoak eta erabiltzaile estrategikoak lortzea. Hori lortuz gero bermatuko baitugu euskararen erabilera esparru eta egoera guztietan. Gaitasun komunikatibo hori duen hiztunak ez baitu aitzakiarik izango dena delako egoeratan bere gaitasuna adierazteko.

Hiztunak baliabide jakin batzuk izango ditu aukeran, dena delako ekintza komunikatiboa gauzatzeko. Eta aukera horien artean, bat ala bestea hartzea erabaki beharko du, egoera eta beharren arabera.

Erabakia da hitz gakoa; edo, bestela esanda, estrategia. Izan ere, estrategia egokiak erabiliz -aukera egokiak eginez- lortzen dugu komunikazio arrakastatsua.

Estrategien mundua, labur esanda, aukeren mundua da, eta erabakien mundua. Gramatikaren mundua, ordea, arauen mundua da. Arauak bete egin behar dira, eta kito! Baina hizkuntzaren erabileran dena ez da arau; eta eremu askotan har ditzakegu erabakiak. Adibidez, arestian aipatutako lehenengo mailako ekintza komunikatiboa, nola gauzatu? Kontaketa eginez ala azalpena eginez? Biak txertatuz, agian? Interaktiboa ala ez-interaktiboa? Ahots enuntziatzailea bakarra izango da?

Erabakiak hartzen eta estrategiak erabiltzen, berriz, erabakiak hartuz eta estrategiak erabiliz ikasten da. Bestela esanda, hizkuntza erabiliz landu beharko da erabakimena edo gaitasun estrategikoa.

Orain, esanahi beteagoa hartzen dute ekintza-terminotan zehaztutako helburuak (Elosegi, Esnal, 2004: 109-115):

Euskalduntzearen 1. maila amaitzean, ikaslea gai izango da, besteak beste:

4. maila amaitzean, ikaslea gai izango da, besteak beste:

Kontua ez da hizkuntzaren (euskararen) baliabide guztiak eskuratzea. Kontua da behin eskuratu eta barneratu ondoren, testuinguruaren arabera, egokitasunez eta zuzentasunez erabiltzea. Eta hori eremu zabala da hiztunarentzat.

Baina didaktikak tresnak behar ditu; euskara-irakasleak tresnak behar ditu: estrategia eta erabilera estrategikoa ulertzen eta barneratzen lagunduko dioten tresnak. Besteak beste, euskara nola erabilia izan den eta nola erabiltzen den erakutsiko dioten tresnak. Euskal testuak (zaharrak eta berriak, klasikoak eta modernoak) aztertuko dituzten adituak behar ditugu, testuetan atzemango baititugu erabilitako estrategien aberastasuna eta egokitasuna. Horiek izango ditugu eredu eta horien jarraitzaile izanik lortuko dugu komunikazio egoki, zuzen eta eraginkorra.

Testuinguru horretan, benetan baliagarria da aurkeztutako liburukia, helduen euskalduntze-lanetan ari garenontzat eta, bereziki, laugarren mailan ari diren irakasleentzat. Izan ere, askok oharkabean erabiltzen ditugu bai testu-antolatzaileak eta baita beste baliabide linguistikoak ere. Eta ezinbestekoak ditugu irakaskuntzan horrelako hausnarketak eta azterketak. Ezinbestekoa dugu oharkabeko hori esplizitu bihurtzea eta, arau bihurtu gabe, ditugun aukerak era estrategikoan erabiltzen ikastea.

Bukatzeko, Euskaltzaindiaren eta euskalgintzaren arteko harremanak etenik izan ez dezan, eskari bat egin nahiko nioke Euskaltzaindiari, eta Corpus batzordeari bereziki: jarrai dezala hizkuntzaren erabileran sakontzen eta egindako ikerketa eta azterketen berri ematen; hori baita, gure iritziz, erabilera estrategiko zuzen eta egokia lortzeko biderik eraginkorrena. Euskal testugintzak eskertuko du ekarri hori; ez gutxiago, ordea, euskalgintzak.


(LOURDES ELOSEGI HABEko teknikaria da)

Bibliografia


Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)


Inprimatu



Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.com/zer_berri/muinetik/1224228522