Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Testu-antolatzaileak. Erabilera estrategikoa

Testu-antolatzaileak. Erabilera estrategikoa

2008-10-20 / 08:40 / Pello Esnal   HIZKUNTZA

Testu-antolatzaileak. Erabilera estrategikoa liburua aurkezteko, bi baliabide prestatu nituen: idatzi soil bat eta diapositiba-muntaia. Aurkezpena, diapositiben harian egin nuen eta idatzia oinarri. Honako, moldatu egin dut idatzi soila, artikulu moduan osatuz eta diapositibetako informazioa ere nolabait bertaratuz.

Bi galdera nagusi

Bi galdera nagusi

Askotan, zaila izaten da atzematea liburu baten muina eta arima, bereiztea alea eta lastoa, ez galtzea orrialdeetako labirintoan. Gure liburu honek ere badu horrelako arriskurik. Ea asmatzen dudan aurkezten.

Liburu bat aurkezteko, atzean dituen galderak azaltzea izan daiteke egokiena: zertara dator liburu berri hau?, zertarako egin dute egileek?

Bi galdera nagusi daude Testu-antolatzaileak. Erabilera estrategikoa honen abiaburuan. Hauexek:

  • Zergatik dira ulergaitzak / ulerterrazak zenbait euskal testu, ahozko nahiz idatzi?
  • Nola bihurtu ulerterrazago zenbait euskal testu ulergaitz?

Beraz, zailtasun bat dago liburu honen iturburuan, denok nozitzen duguna. Testuak sortzerakoan, nekez sortzen ditugulako. Zenbait testu entzun edo irakurtzerakoan, nekez ulertzen ditugulako. Eta hori, neurri batean edo bestean, bai ahozko testuekin gertatzen zaigu, bai testu idatziekin. Zailtasuna, berriz, berehala bihurtzen zaigu galdera: zergatik gertatzen da hori?, zer egin zailtasuna gainditzeko?

Galdera horiei era orokorrean erantzun diezaiekegu. Esanez, adibidez, erdaraz pentsatzeagatik sortzen ditugula testu ulergaitzak, edo presaka ibiltzeagatik edo euskara normalizatu gabe dagoelako. Liburu honetan, erantzun horiek zehazten saiatu gara, dagokien testuinguruan kokatu ondoren.

Bi maisu handi hartu ditugu gidari, lehen kapituluan azaltzen dugunez [ 17-22 ](1): Koldo Mitxelena (Mitxelena, 1968) eta Luis Villasante (Villasante, 1975, 1976, 1988); horiek izan ditugu abiaburu eta oinarri. Garrantzi handiko kapitulua da gure ustez. Hor ageri dira, funtsean, bi galderen testuingurua, garrantzia eta sustraiak; eta erantzunak ere bai, neurri batean.

Villasanteren pasarte batek zabaltzen du lehen kapitulua (Villasante, 1988: 142). Askotan errepikatu zuen ideia bera.

Euskarak behar du prosa egiteko moldea ongi finkatua eta trenpatua izan. Hau da, segur aski, euskarak duen premia gogorrenetako bat. Hori duen egunean, euskara bere bizkar-hezurraz horniturik izanen da. Eta hori ez duen bitartean, tresna alferra izango da, gai ez dena, zeregin askotarako balio ez duena.

Euskara hizkuntza bizia izan dadila: horra gure mintzairaren premietan lehenbizikoa; baina horren hurrengo, prosa egiteko tresna moldaturik edukitzea da, ene ustez, bigarrena.

Gernikarrak, gainera, prosa gutxitu horren eragile nagusia ere salatu zuen: XIX. mendearen amaieran eta XX.aren hasieran, euskararen mundua astindu zuen garbizalekeria. Horren ondorioz, "besoz eta zangoz katigatua" geratu zen euskal prosa (Villasante, 1975: XII; 1976: XV). Eta, hain zuzen, testu-antolatzaileen erabilera murriztua izango da prosa gutxitu honen ezaugarrietako bat (Villasante, 1975: X-XI) eta hitz-ordena desegokia, bestea.

Era berean, bai Villasantek eta bai Mitxelenak argi erakutsi zuten non aurkitu konponbidea. Mitxelenak, esaterako, honela zioen Arantzazuko 1968ko biltzarrean (Mitxelena, 1968: 218-219):

Lege zaharrei eginahalean eustea da, noski, Euskaltzaindiaren eginbidea eta ez du amorerik emango ezinbestean baizik. Euskal autore gailenak ditu eredu eta, haiei buruzko iritziak denborak gutxi edo gehiago aldatzen baditu ere, badu hor oinarri sendoa.

Sartaldeko hizkuntzarekiko prosa zenbait bidetan barrena ibiltzen ikasia eta trebatua da, latinaren ondotik, jakina, goragokorik aipatu gabe. Era berean, hainbeste ez bada ere, geure hizkuntza.

Ibilaldi horiek hizkuntza, edozein hizkuntza, arinago, zaluago, malguago bihurtu dute. [ ... ] Latinaren, eta erabat sortaldeko hizkuntzen, kutsua geure bekokian daramagu. Aitor dezagun, onar dezagun, eta goazen aurrera bide horretarik.

Hain zuzen, erantzun horiek zehazten eta garatzen saiatu gara liburuan zehar. Jakinda, batetik, ez garela lehenengoak hori egiten eta ezinbestekoa dugula euskalgintzan ari garenon elkarlana eta, bestetik, liburu honetan ez dela gaia agortzen eta bide luze samarra dugula oraindik eginkizun.

Esan gabe doa: hemen esandakoa baliagarria da, aldeak alde, bai ahozko testuentzat, bai idatzientzat. Beraz, liburuak testu dioenean, ahozko testuak eta testu idatziak esan nahi du. Halaber, sinonimotzat har daitezke, pasarte askotan, hiztuna, idazlea eta hizkuntz erabiltzailea.

Zergatik dira ulergaitzak zenbait euskal testu, ahozko nahiz idatzi?

Gure buruari askotan egindako galdera da. Erantzuten ere saiatu ohi gara. Besteak beste, bi arrazoi aipatu genituen Joxe Ramon Zubimendik eta biok Idazkera-liburuan (Zubimendi; Esnal, 1993: 171-176; 189-230): atzerakarga eta pausaldiak markatzeko zailtasuna. Atzerakargarena bere bidea egiten joan da estilo-liburuetan eta idazleen artean; pausaldiarena ere bai, baina neurri apalagoan.

Liburuan, biak aipatu eta jorratzen ditugu; baina hirugarren bat ere salatuz: ikuspegi gramatikal soila. Eta, hain zuzen, ikuspegi honen baitan kokatu behar dira biak; hor indar handiagoa hartzen dutelako; eta hortik ateratzeak, ikuspegia aldatzeak, erraztuko digulako korapiloen askabidea.


Atzerakarga [ 41-43 ]

Atzerakarga hitzak berak iradokitzen duenez, euskal testuak atzean -esaldiaren amaieran- eraman ohi du askotan mezua ulertzeko giltza. Eta askotan -gehiegitan- ez dugu jakiten nola irakurri (nola ulertu) esaldi bat, harik eta amaierara iristen garen arte. Hona hemen, muturreko adibide bat (Ararteko, 1991: 13):

Txosten honen helburua Ertzaintzak nahiz Udaltzaingoak atxilotutakoak askatasunik gabe ordu batzutan, berriro aske utzi edo, agiango epaia egin dakien, epaikarien esku jarri arte egoten direneko, Euskadiko udal kalabozo eta Ertzaintzaren espetxeen benetako eta lege aldetikako egoera aurkeztea da.

Esaldia ulertzeko, ezinbestekoa da azken hiru hitzak irakurtzera (entzutera) iristea. "Egoera aurkeztea da" horretaraino iritsi arte ez dakigu zein den "txosten honen helburua". Ez da esaldiaren arazo bakarra, baina bai funtsezkoa.

Gehienetan, aditza azken aldean ipintzeak eragiten du esaldia ulertzeko zailtasuna edo ezina. Baina ez beti. Eta, hain zuzen, horixe azpimarratu nahi izan dugu liburuan, gure ustez adibide esanguratsu bat erabiliz; oso idazkera zaindua duelako testuak (Kintana, 2002: 311):

Esango nuke San Martinek, bere belaunaldiko beste idazle askoren antzera, norbere pertsonaren distira eta ospe handiagorago barik, bere herriaren kultura maila hobetu eta haren literatur premiak asetzeko xedeaz hartu duela luma, apaltasunez, inolako pretentsiorik eta hantusterik gabe, euskararen eta Euskal Herriaren helburu orokorrekin konpromiso sakona eta saihestezina harturik, idaztea herriaren zerbitzutan aritzea dela dakien intelektualaren konbentzimenduaz.

Oraingo honetan, testu-antolatzaileen kokapenak zailtzen du esaldiaren ulergarritasuna.

Esango nuke San Martinek, bere belaunaldiko beste idazle askoren antzera, norbere pertsonaren distira eta ospe handiagorago barik, bere herriaren kultura maila hobetu eta haren literatur premiak asetzeko xedeaz hartu duela luma, apaltasunez, inolako pretentsiorik eta hantusterik gabe, euskararen eta Euskal Herriaren helburu orokorrekin konpromiso sakona eta saihestezina harturik, idaztea herriaren zerbitzutan aritzea dela dakien intelektualaren konbentzimenduaz (2).


Pausaldiak markatzeko zailtasuna [ 43-44 ]

Testu bat irakurtzen ari garela, beharrezkoa zaigu jakitea non egin pausaldiak, nola bereizi testu-zatiak, idatzia behar bezala ulertzeko. Hona hemen zenbait esaldi solte(3).

Pozgarritzat jotzen da haurra helduaren interesgune bihurtu izana gizarteko zenbait sailetan.

Haurrak gai izan beharko du berarengan ipinitako itxaropen izugarriari erantzuteko.

Haurraren gain-gainean egotea gurasoen neurosia ezkutatzen duen morrontza da. Eta are ezkutuago geratzen da giro kulturalaren eraginez eta merkataritzaren presioagatik.

Haurraren egiazko premia bat dator berak azaltzen duenarekin.

Helduaren zeregina haurrari laguntzea da heldu bihurtzen.

Esaldi horiek guztiak dira zuzenak. Baina batzuk bitan irakurri behar dira, pausaldiak non egin jabetu ahal izateko. Zer egin hori gerta ez dadin?

Horrelakoetan, batzuek koma bat idatzi ohi dute pausaldia adierazi behar duten aldiro. Uste dute beti bat datozela pausaldi prosodikoak eta pausaldi ortografikoak. Baina ez da hala.

Beraz, nola adierazi pausaldiak, zer baliatu, puntuazio-markak erabiltzea desegokia denean?


Ikuspegi gramatikal soila [ 18-22 ]

Aurreratu dudan bezala, bi zailtasun horiek are indar handiagoa hartzen dute, gauzak ikuspegi gramatikal hutsetik begiratuta.

Eta huts hori azpimarratzen da liburuan. Liburuak ikuspegi gramatikala dioenean, ikuspegi gramatikal hutsa esan nahi du. Hau da, ez du ikuspegi gramatikala gutxiesten eta are gutxiago gaitzesten. Ikuspegi gramatikal hutsa salatzen du, gramatikaren gehiegikeria.

Gauza bera dio Mitxelenak Arantzazuko txostenean (bereak dira kakotxak; bestalde, huts ez baina, soil darabil berak):

Euskal prosa arruntaren izatea, egoera eta huts-beteak aztertu nahi genituzke, "gramatikatasunean" landaturik baina "gramatikatasun" soilean oinak itsasten ez zaizkigularik.

Liburuak, hari berean, dio bi uste oker bezain gaizto daudela euskaldunon artean zabalduta euskal gramatikari buruz: batetik, arautzen duena baino gehiago arautzen duela gramatikak eta, bestetik, zenbait hizkuntz baliabideren erabileran (esaterako, testu-antolatzaileen eta hitz-ordenaren erabileran) nahikoa dela arau gramatikalak betetzea.

Baina beste murrizketa eta gehiegikeria bat ere badakar ikuspegi gramatikal soilak: esaldira mugatzen du arreta. Horren arabera, nahikoa da zuzena izatea testu bateko esaldi bakoitza, testu osoa ere zuzena izateko. Ondorioak begien bistakoak dira, zenbait testu-antolatzaileen kasuan. Ia-ia ez zaie garrantzirik ematen.

Nola bihurtu ulerterrazago zenbait euskal testu ulergaitz?

Azken batean, galdera hauxe ardatz hartua dago osatua liburua; eta horri emandako erantzuna du mami eta eduki, izenburutik beretik hasita: testu-antolatzaileen erabilera estrategikoak lagunduko digu, neurri (handi) batean, gaurko euskal prosaren bi arazo nagusi(ak) gainditzen, baina betiere ikuspegi gramatikal soila gaindituz. Horregatik, hemendik hasiko gara.


Ikuspegi gramatikaletik ikuspegi komunikatibora [ 27-29 ]

Arestian ikusi dugunez, ikuspegi gramatikal soilaren arabera, dena da gramatika hizkuntzan eta honen erabileran. Dena arau daiteke, eta nahikoa da arau horiek betetzea. Arauak betez, zuzen ez ezik, egoki ere erabiliko dugu hizkuntza.

Ikuspegi murritz eta esklusibista hori gainditu nahi du ikuspegi komunikatiboak. Ikuspegi berri honek bere baitan hartzen du ikuspegi gramatikala, eta beste hiru ikuspegiz osatu eta zuzentzen du. Ikuspegi soziolinguistikoa, ikuspegi testuala eta ikuspegi estrategikoa dira beste hiru ikuspegiak.

Baina norbaitek gaizki ulertuko luke ikuspegi komunikatiboa, baldin eta lau ikuspegi horien metaketa soil bezala ulertuko balu. Ikuspegi komunikatiboa ez da eskuratzen ikuspegi gramatikalari beste hiru ikuspegiak gehitu hutsez. Osotasun berria baita ikuspegi komunikatiboa. Ikuspegi komunikatiboak pentsamolde berria eskatzen du: paradigma-aldaketa. Nekez lortzen den paradigma berria.

Gurean ere, zaila gertatzen ari zaigu ikuspegi-aldaketa. Liburuan, bi adibide aipatzen dira, zailtasun hori azaltzeko:

  • Ohikoa izan da, profesionalen euskara hobetu behar-eta, Euskaltzaindiaren arau berriak azaltzeko ikastaroak eratzea; baina horretara mugatuz, arauak ikastea eta horiek betetzea nahikoak balira bezala; konturatu gabe euskara egokia sortzeko beste gaitasun batzuk ere landu behar direla, gaitasun gramatikalaz gain.
  • Duela urte gutxi batzuetako estilo-liburuetan, toki handia hartzen zuten gramatika-arauek, noiz eta liburu horiek arauak jakintzat eman eta harago joan beharko luketenean.

Orain, hirugarren adibide bat ekar dezakegu hona.

  • Duela lau urte, Haritschelharren euskaltzainburutza amaitzera zihoala, euskaltzain batek esan zuen, balantze modura, euskara batuaren gaia egoki bideratua zegoela; eta, lorpenak banan-banan aipatu ondoren, erantsi zuen gauza bakarra gelditzen zela eginkizun: Mitxelenak 1968an Arantzazurako egindako txostenaren seigarren atala -joskerarena- garatzea. Eta hori Gramatika batzordearen esku zegoela.

    Bai eta ez. Bai: joskera geratzen da eginkizun, euskara batuarena erabat burutzeko; eta, agian, Gramatika batzordearena izango lan hori. Baina ez: joskera ez dagokio gramatikari arautzea. Gramatikari, soilik, gutxienekoa arautzea dagokio. Hortik aurrerakoa ez da gramatikaren lana.

Izan ere [ 17 ], hizkuntzaren erabileran dena ez da arau eta lege, estu nahiz lasai. Behin arau gramatikalak betez gero eta testuaren legeak aintzat hartuta, eremu handi bat zabaltzen zaio hiztunari: askatasunaren (eta erantzukizunaren) eremua.

Eta, eremu horretan, hiztunari berari dagokio erabakiak hartzea. Horretan lagun izango ditu, lagun preziatu, gure aurreko hiztunek utzi diguten ondarea eta moldatu diguten tradizioa. Baina hiztunak berea du azken hitza, lortu nahi duenaren arabera. Berari dagokio zer aukera hobetsi, zer baliabide hautatu, zer estrategia erabili erabakitzea. Erabakimen honi deitzen diogu gaitasun estrategikoa.

Horretaz ere mintzo da Mitxelena Arantzazun. Are gehiago (nahiz eta terminoa bera erabili ez), gaitasun estrategikoa aipatuz eta goraipatuz amaitzen du joskeraren atala, sintaxiarekiko eta estilistikarekiko auziei eskainia; eta atal horrekin burutzen du txosten osoa.

Hitz-ordenaz eta aurkitu diren legeak ez dira idazlea estekatzeko gateak, honen kemenak gehi ditzaketen lanabesak baizik, hitzen indar ezkutua nabarmenduaz. Idazlearen eginkizuna erraz da adierazten, gaitz betetzen: hizkuntzari bere burua menderatuaz, hizkuntza menderatu, hizkuntz legeen lokarriak eta trabak, airea hegaztiarentzat bezala, sostengu eta laguntza bihur daitezen.


Testu-antolatzaileak era estrategikoan erabiliz [ 87-91 ]

Behin geure buruak ikuspegi komunikatiboaren baitan kokatuta, egokiago hitz egin dezakegu testu-antolatzaileen erabilera estrategikoaz.

Atzemandako arazoen arabera, bi estrategia sail bereiz ditzakegu: aurrerakarga arintzekoak eta pausaldiak markatzekoak. Dena den, batzuetan, kontua ez da mugatzen testu-antolatzaileetara. Hauek erabiltzean (lekuz aldatuz, ordezkatuz, berriak tartekatuz...) aldatu egin beharko dira testuko beste osagai batzuk ere; puntuazio-markak ere bai, agian. Hain da estua osagaien arteko elkarreragina. Horregatik, tarteka, testu-antolatzaile batekin ez ezik, birekin ere jokatu beharko da.

Adibideak, "Jainko txikia" artikuluaren bi bertsiotatik hartu ditugu (Rose, 1991). Itzulpena da lehena, eta Unescoren Albistarian plazaratu zen lehenbizikoz. Lehen bertsio horren moldaketa da bigarrena; besteak beste, testu-antolatzaileak era estrategikoan erabiliz egina. Eranskina atalean datoz bi bertsioak.

  • 1. Atzerakarga arintzeko estrategiak

    Lau estrategia erabil ditzakegu.

    • Testu-antolatzailea, ahal den neurrian, lotzen dituen zatien tartean erabili, edo ahalik aurreen

      Batzuetan, nahikoa da antolatzailea lekuz aldatzea (horretarako aukera ematen badu, jakina):

      haurraren tontokeria batzuen aurrean, adibidez (13)adibidez, haurraren txorakeria batzuen aurrean

      Beste batzuetan, alabaina (testu-antolatzaileak horretarako aukerarik ematen ez duenean), bestelako estrategiak erabili beharko dira. Esaterako, berez aurrean joaten den (edo joan daitekeen) sinonimoaz ordezkatu:

      Haurrarekin hitz egitea beharrezkoa bada [ ere ]... (13)(4)Nahiz eta haurrarekin hitz egitea beharrezkoa izan...

      Edo, nahiz eta sinonimoa izan ez, antzeko balioa-edo duen testu-antolatzaileaz ordezkatu, egin beharreko gainerako aldaketak eginez:

      Gure garaikideei begiratuz, ikusten da haurra sarri jainko berri ukiezinezko bihurtu dela (2)Gure garaikideei behatzean, ikusten da nola haurra sarri bihurtu den jainko berri ukiezin
      armonia kasu honetan elkar osatzen duten indarren arteko oreka baino gehiago istilu gabezia bezala definitzen delarik (7)eta harmonia, kasu honetan, gehiago da gatazkarik eza, indar osagarrien arteko oreka baino.
      Baina nola bultzatu dinamika hau, inguruak etengabe adierazten badu haurra beti asebete behar dela? (11)Baina nola bideratu dinamika hori, non eta haurra etengabe asebetetzera bultzatzen duen giroan?

    • Iragarlez hornitu hala horni daitekeen testu-antolatzailea

      Testu-antolatzaile batzuek (ba- baldintzazkoak, arte denborazkoak, zenbait superlatibok, ere lokailuak...) iragarleren (indartzaileren) bat eraman dezakete aurretik: baldin (eta), harik (eta), ahalik (eta), baita, ezta...

      Esaterako:

      Zenbat gurasok ez du aitortzen, munduko kontzientziarik onenaz bestalde, beren haurra dela "guztia beraientzat", guraso bezala duten egitekoa guztiz bestelakoa izan beharko zukeenean: beraiek izan behar dute erakarpen gunea beren haurrentzat. (3)Guraso askok aitortzen dute, gauzarik naturalena balitz bezala, beren haurra dela "dena berentzat", noiz eta gurasoen egitekoak guztiz bestelakoa izan beharko lukeenean: beraiek izan haurraren erakarpen-gune.

    • Tarteki (testu-markatzaile) bihurtu, eta aurreratu, berez ez dena

      Batzuetan, sintagma jakin bat, nahiz eta berez tarteki (testu-markatzaile) izan ez, tarteki bihur daiteke esaldiaren esanahia funtsean aldatu gabe. Eta, hala, aurreratzeko aukera ere ematen du, behar izanez gero.

      hurrengoan gisa bereko egoerei hobeto aurre egin ahal diezaien. (10)eta, ondoren, gero eta hobeto aurre egiteko antzeko egoerei.
      Sarri depresio sakon bat [ ... ] agertuko da une horretan (15)Orduan, depresio sakon bat sortzen zaie askotan

    • Testu-antolatzailea sartu

      Testu-antolatzaile berriak ere sar daitezke testuan.

      Moral bitxi honek psikoanalisiaren ekarpenak ukatzen ditu -handik elikatuz, hala ere-: psikoanalisiak garbi azpimarratu du pozak eta nekeak txandaka joan behar dutela haurraren munduarekin dituen harremanetan. (9)Moral bitxi honek ukatu egiten ditu psikoanalisiaren ekarpenak, nahiz eta bertatik elikatu. Izan ere, psikoanalisiarentzat garrantzizkoa da pozak eta nekeak txandatzea, haurrak munduarekin dituen harremanetan.

  • 2. Pausaldiak markatzeko estrategiak

    Hiru estrategia erabil ditzakegu; hirurak, ikusi berri ditugun horien antzekoak. Orain, ordea, ahalik eta aurreen ez baina, pausaldien tokian joango dira testu-markatzaileak: subjektuaren eta predikatuaren artean edo aditzaren eta osagaien artean.

    • Testu-markatzailea kokagunez mugitu

      Ordainetan, noski, berarengan ipini den itxaropen izugarriari erantzun beharrean izango da haurra. (4)Ordainetan, haurrak gai izan beharko du, jakina, berarengan ipinitako itxaropen izugarriari erantzuteko.

    • Tarteki (testu-markatzaile) bihurtu, eta kokagune egokira eraman (behar izanez gero), berez ez dena

      Eta pozgarritzat jotzen da gaur gizarteko zenbait sailetan, haurra helduaren interesgune bihurtu delako (2)Pozgarritzat jotzen da, gaur, haurra helduaren interesgune bihurtu izana gizarteko zenbait sailetan
      "Haurra kontutan hartu" izan ordez "hura bizitzako erdigune bihurtu" bilakatzen da orduan. (3)"Haurra kontuan hartu", orduan, "haurra bizitzako erdigune egin" bihurtzen da.
      Bi ondorio nahiko nola halako dituen bi postulatutan oinarritzen da jokamolde hau. (7)Jokaera horren oinarrian, bi uste daude, ondorio zalantzagarriak dituztenak.
      Nerabe honek ezintasunik txikiena bortizkeria bezala sentituko du (16)Nerabe honentzat, erresistentziarik txikiena ere bortizkeria da

    • Testu-markatzailea tartekatu

      baina kultur aldetik dagoen adostasunak eta merkataritzaren presioak joera hori indartzen dutenez oso zaila da azalerarazten. (5)Eta are ezkutuago geratzen da, gainera, giro kulturalaren eraginez eta merkataritzaren presioagatik.
      bestetik, haurraren egiazko premia berak azaltzen duenera egokitzen da eta hau bere aldetik gurasoek premia horretaz duten iritziarekin bat egiten da. (7)Bestetik, haurraren egiazko premia, berriz, bat dator berak azaltzen duenarekin eta hau ere bat dator gurasoek premiaz duten ideiarekin.

Amaitzeko

Hona iritsita, egoki izango da bai atzera begiratzea, hemen azaldutakoa laburbilduz, bai aurrera begira ipintzea, eginkizun duguna aurreikusiz.

Deigarria gerta daiteke, agian, aurkezpen honetan jakintzat eman izana zer diren testu-antolatzaileak. Liburuan, bai, ematen da horien berri [ 30-40 ], eta banaka batzuk modu xehean ere azaltzen dira [ 49-64 ] eta beste batzuk adibidez hornitu ditugu
[ 67-75 ].

Hemen, ordea, jakintzat ematen ditut, gauza bat azpimarratu nahian. Izan ere, hasieran esan dudanez, bat baino gehiago gal daiteke liburu honetan. Esaterako, uste izanez testu-antolatzaileez diharduela, noiz eta estrategiak dituenean gai nagusi. Saiatu gara, behin eta berriro, galbide hori ixten, izenburutik hasita, letren tamaina ere baliatuz.

Askotan erabili ohi da behatzaren eta ilargiaren adibidea: nola norbaitek lagunari behatzez ilargia erakusten dion eta nola laguna behatzari begira geratzen den. Liburu honek estrategiak ditu erakusgai; behatzari begira geldituko da testu-antolatzaileetara mugatzen dena.

Erabakiak hartuz ikasten da erabakiak hartzen; estrategiak erabiliz, estrategiak erabiltzen. Estrategiak erabiltzeko, ordea, gaia behar da: estrategiak zerekin hartua, zeri buruz hartua. Zer horiek, liburu honetan, testu-antolatzaileak dira.

Baina non erabaki hartu asko dago testugintzan. Eta horietako bakoitzak ematen digu aukera erabakiak hartzeko. Orain testu-antolatzaileak bezala, beste elementu bat izan dezakegu hurrengoan bitarteko. Balioko ahal digu gaitasun estrategikoa lantzen jarraitzeko; besteak beste, Mitxelenaren Arantzazuko txostenaren seigarren atala -"Joskera" izenburu duena- ikuspegi estrategikoaz irakurriz.


(PELLO ESNAL ORMAETXEA Testu-antolatzaileak. Erabilera estrategikoa argitalpenaren koordinatzailea da)

  • Testu-antolatzaileak. Erabilera estrategikoa liburua 2008-9-18an aurkeztu zuten Iruñean, Euskaltzaindiko Corpus batzordeak antolaturiko XII. Jagon Jardunaldien barruan.

Eranskina

Hona hemen, azkenik, "Jainko txikia" artikulua, zutabe banatan: ezkerrean, Unescoren Albistarian argitaratu bezala; eta, eskuinean, egokitua (Rose, 1991).

Egokitzaileak artikulua ez zuen egokitu, berez, testu-antolatzaileen erabilera estrategikoa adibidez hornitzeko. Agian, horregatik, adibideak ez dira batzuetan hain nabarmenak. Alde horretatik galdutakoa, ordea, beste aldetik irabazten dugu. Adibideak, naturalagoak eta aberatsagoak gertatzen dira horrela. Bestalde, erreferente zuzena izan zuen beti jatorrizko bertsioa: frantsesez idatzia.

Liburuan bi bertsioak errespetatu dira funtsean, baina ortografia gaurkotuz, eta zenbait hitz nabarmenduz: bi bertsiotan, letrakera lodian, testu-antolatzaile esanguratsuenak eta letrakera lodian azpimarratuta, liburuan iruzkindukoak; eta jatorrizko bertsioan, azpimarra soilez, testu egokituan antolatzaile bihurtuak [ 81-86 ].

Jainko txikiaJainko txikia
Maiteegia gerta al daiteke haurra?Maite al daiteke gehiegi haurra?
1. Gaizki maitaturiko haurrak aipatzen direnean, sarri etorri ohi da gogora nahiko maitea ez den bat, are bat ere maitatua ez den bat, sekula ez ordea maitatuegia den bat!1. Gaizki maitatutako haurrak aipatzean, gutxiegi maitatuak etortzen zaizkigu gogora, baina ez gehiegi maitatuak.
2. Eta pozgarritzat jotzen da gaur gizarteko zenbait sailetan, haurra helduaren interesgune bihurtu delako; baina oraindik finkatzeko dago harreman mota berri hori. Gure garaikideei begiratuz, ikusten da haurra sarri jainko berri ukiezinezko bihurtu dela, izaki sakratua, denek bere babeslekuan gorde nahi dutena, munduko erasoetatik urrun.2. Pozgarritzat jotzen da, gaur, haurra helduaren interesgune bihurtu izana gizarteko zenbait sailetan; baina oraindik zehaztu gabe dago harreman-modu berri horren zer-nolakoa. Gure garaikideei behatzean, ikusten da nola haurra sarri bihurtu den jainko berri ukiezin, izaki sakratu, bakoitzak bere txokoan babestu nahi duena, munduko erasoetatik urrun.
3. "Haurra kontutan hartu" izan ordez "hura bizitzako erdigune bihurtu" bilakatzen da orduan. Zenbat gurasok ez du aitortzen, munduko kontzientziarik onenaz bestalde, beren haurra dela "guztia beraientzat", guraso bezala duten egitekoa guztiz bestelakoa izan beharko zukeenean: beraiek izan behar dute erakarpen gunea beren haurrentzat.3. "Haurra kontuan hartu", orduan, "haurra bizitzako erdigune egin" bihurtzen da. Guraso askok aitortzen dute, gauzarik naturalena balitz bezala, beren haurra dela "dena berentzat", noiz eta gurasoen egitekoak guztiz bestelakoa izan beharko lukeenean: beraiek izan haurraren erakarpen-gune.
4. Haurra, desiratua denean, sarri gurasoen ni ideal bilakatuko da: hutsune bat betetzen du, bikotearen garaipen gorena da. Eta nork egingo dio aurre jainko txiki bati? Haurra jainkoen mailara jasotzean, ez zaio ezer ukatzen, eta gurasoak prest egongo dira beren buruak hilduratzeko haurrak hildurarik izan ez dezan. Guraso askok lanbidea bera edo etxea aldatzen dute, edo are dibortziatu egingo dira, haurraren ustezko "ongizatea dela-eta". Ordainetan, noski, berarengan ipini den itxaropen izugarriari erantzun beharrean izango da haurra.4. Haurra, desiratua denean, gurasoek idealizatu egiten dute sarritan: hutsune bat betetzen du, bikotearen garaipenik gorena da. Eta nork esan ezetz jainko txikiari? Haurra jainko-mailan ipinita, ez diote ezer ukatzen, eta gurasoek nahiago dute beren burua zapuztu, haurra zapuztuta ikustea baino. Askok lanbidea aldatzen dute, edo etxea; eta dibortziatzera ere iristen dira, haurraren ustezko "mesedetan". Ordainetan, haurrak gai izan beharko du, jakina, berarengan ipinitako itxaropen izugarriari erantzuteko.
5. Haurrari erantzuteko prest egoteak sarri mendekotasun moduko bat ezkutatzen du, bertan gurasoen neurosia azaltzen delarik, baina kultur aldetik dagoen adostasunak eta merkataritzaren presioak joera hori indartzen dutenez oso zaila da azalerarazten.5. Haurraren gain-gainean egotea, askotan, gurasoen neurosia ezkutatzen duen morrontza da. Eta are ezkutuago geratzen da, gainera, giro kulturalaren eraginez eta merkataritzaren presioagatik.
6. Gure hiri modernoetan, parkeak, autobusak, eskolako inguruak, jatetxeak kultu berri hau aztertzeko leku apartekoak dira. Alde guztietan errepikatzen da lelo bera: haurra babestu. Bestela esanda: bere ekimenak ito eta bere nagikeria indartu.6. Gure hiri modernoetako bihotzean, parkeak, autobusak, eskola-inguruak, jatetxeak dira kultu berri horren aparteko behatoki. Alde guztietan errepikatzen da lelo bera: haurra babestu. Bestela esanda: bere ekimenak ito, bere nagikeria indartu.
7. Bi ondorio nahiko nola halako dituen bi postulatutan oinarritzen da jokamolde hau. Alde batetik, gizonak ahalik eta neke gutxienak pairatu behar ditu armonikoki garatzeko, armonia kasu honetan elkar osatzen duten indarren arteko oreka baino gehiago istilu gabezia bezala definitzen delarik; bestetik, haurraren egiazko premia berak azaltzen duenera egokitzen da eta hau bere aldetik gurasoek premia horretaz duten iritziarekin bat egiten da.7. Jokaera horren oinarrian, bi uste daude, ondorio zalantzagarriak dituztenak. Batetik, gizakiak ahalik eta neke gutxien jasan behar du era harmonikoan hazteko; eta harmonia, kasu honetan, gehiago da gatazkarik eza, indar osagarrien arteko oreka baino. Bestetik, haurraren egiazko premia, berriz, bat dator berak azaltzen duenarekin eta hau ere bat dator gurasoek premiaz duten ideiarekin.
8. Bestelako hitzetan, haurrak, mundura etortzearekin batera, jakingo luke bere senak bultzaturik, zer den on beretzat. Harrigarria kontzientzia oro senaren azalpen soilera murrizte hau. Nolabait, azken mendeko moral victoriarraren gehiegikerien ordaina da.8. Beraz, haurrak, jaio orduko, senaz jakingo luke zer den on beretzat. Harrigarria: senaren azalpen hutsera murrizten da kontzientzia. Nolabait, azken mendeko moral victoriarraren gehiegikerien ordaina da.
9. Moral bitxi honek psikoanalisiaren ekarpenak ukatzen ditu -handik elikatuz, hala ere-: psikoanalisiak garbi azpimarratu du pozak eta nekeak txandaka joan behar dutela haurraren munduarekin dituen harremanetan.9. Moral bitxi honek ukatu egiten ditu psikoanalisiaren ekarpenak, nahiz eta bertatik elikatu. Izan ere, psikoanalisiarentzat garrantzizkoa da pozak eta nekeak txandatzea, haurrak munduarekin dituen harremanetan.
10. Frustrazio modu bat baliozkoa izan daiteke, baldin horrek gizakia muga baten aurrean jarri eta ezintasun hori bereganatzeko gai izango den egitura psikiko bat garatzeko aukera ematen badio, hurrengoan gisa bereko egoerei hobeto aurre egin ahal diezaien. Frustrazio bat gainditzeko gaitasun hau da gizontxoari bere autonomia astiro eraikitzeko bide ematen diona.10. Frustrazio jakin bat onuragarria izan daiteke, baldin eta gizakiari aukera ematen badio egitura psikikoa garatu eta ezintasun hori gainditzeko eta, ondoren, gero eta hobeto aurre egiteko antzeko egoerei. Frustrazio bat gainditzeko gaitasunari esker egingo da ume koxkorra, astiro-astiro, bere autonomiaren jabe.
11. Baina nola bultzatu dinamika hau, inguruak etengabe adierazten badu haurra beti asebete behar dela?11. Baina nola bideratu dinamika hori, non eta haurra etengabe asebetetzera bultzatzen duen giroan?
12. Helduaren zeregina, hasteko, haurrari heldutasunerako bidean laguntzea da, hau da errealitateari aurre egiten, ez hari ihes egiten laguntzea. Beraz, borondaterik onenez, haurraren eta egiazko bizitzaren artean horma bat altxatzen badute, haurrari egiazko esperientzia izan dezan eta erreferentzia puntu egokiak finka ditzan eragozten diote gurasoek.12. Helduaren zeregina, lehen-lehenik, haurrari laguntzea da heldu bihurtzen; hau da, laguntzea errealitateari aurre egiten -eta ez bizkar ematen-. Gurasoek, hobe beharrez, hesia jartzen dutenean haurraren eta errealitatearen artean, benetako esperientzia eragozten diote eta erreferentzia egokiak finkatzeko aukerak ukatzen dizkiote.
13. Haurrarekin hitz egitea beharrezkoa bada, zenbait pertsona helduren argibide sistematikoek eta beren pazientzia mugagabeak -haurraren tontokeria batzuen aurrean, adibidez- errealitatea bere alderdi guztietan sumatzeko gaitasuna ken diezaiokete beharbada haurrari, bizitza bere okerren aurrean beti onbera izango dela erakutsiz bezala.13. Nahiz eta haurrarekin hitz egitea beharrezkoa izan, zenbait helduren argibide sistematikoak eta pazientzia neurrigabea, ordea -adibidez, haurraren txorakeria batzuen aurrean-, kaltegarriak izan daitezke haurrarentzat, murriztu egiten baitiote errealitatea osorik atzemateko gaitasuna, eta sinestarazi bizitza beti onbera izango dela bere hutsegiteekin.
14. Era berean, munduarekiko harreman sentsuala kenduko dio, harreman erabat zerebral baten mesedetan. Adibidez: zerbait ukituz gero min ematen duela jakitea, eta ukitu eta sentitzea gauza bera al dira? Haurrak berez bilatzen ditu ezin dituen gauzak, bera kokatzeko eta nortasuna eraikitzeko bide emango diotenak. Aurkitzen ez baditu, orain ez bada geroago, hutsune horrek sortzen dion antsiaren aurrean jokabideren bat hartuko du.14. Horrela, eragotzi egiten diote munduarekin harreman sentsuala izatea ere, harreman erabat zerebralaren mesedetan. Adibidez: berdin al da jakitea zerbaitek, ukituz gero, min ematen duela, eta ukitu eta mina sentitzea? Haurra, berez, erresistentzien bila dabil, bere burua kokatzeko eta garatzeko. Aurkitu ezean, hutsune horrek sortutako antsiaren aurka erreakzionatuko du bihar edo etzi.
15. Gure haurrek ez dute ikasten gehiago mundura jaiotzen, eta adoleszentziako aldaketa jasanezinezko trantze bezala azaltzen zaie. Sarri depresio sakon bat, zinismoz eta nihilismoz jantzia, agertuko da une horretan, haurrak huts hori, gabezia hori azaleratuko balu bezala: ezerk ez du ukitu, ez du ezer ukitu, beraz ez dio ezerk ukitzen!15. Gure haurrek ez dute ikasten mundura "jaiotzen", eta jasanezina egiten zaie adoleszentziako aldaketa. Orduan, depresio sakon bat sortzen zaie askotan; eta horri, gainera, halako jarrera zinikoa eta nihilista eransten zaio, lehen bizi izandako gabezia azaltzen ariko balitz bezala: ezer ez du ukitu, ezerk ez du hunkitu, dena zaio higuingarri!
16. Nerabe honek ezintasunik txikiena bortizkeria bezala sentituko du, bizitzaren indar bizia jasanezinezko bihurtu zaio. Bere gabeziak jota bizi da, bera egituratu eta ez inguratu soilik egingo lukeen maitasun baten egarri, egiazkora eta honek duen gogortasunera iristeko bide eskaintzen dioten aukerei ihes eginez ordea beti ere. Oldarraren eta malenkoniaren erdian harrapaturik, sufritzen dagoen izakia ezin da bere kabuz abiatu bizitzara.16. Nerabe honentzat, erresistentziarik txikiena ere bortizkeria da; bizitzaren indar bizia, jasanezina. Gabeziak jota bizi da, eta egituratzeko -eta ez soilik babesteko- aukera emango dion maitasunaren egarriz; atzera eginez, ordea, errealitatera eta honen basakeriara iristeko aukeren aurrean. Agresibitatearen eta malenkoniaren erdian harrapaturik, sufritzen dagoen izakiak ezin du bizitzan berak bakarrik aurrera egin.
17. Hala, gizarte laguntzaileak, medikuak, psikologoak edo psikoanalistak gero eta sarriago egin behar diote aurre desespero mota berri bati. Haurraren arazoak ez dira sortu haurtzaro zoritxarreko batetik, bai aldiz haurtzaro mimatu batetik.17. Hala, gizarte-laguntzaileak, medikuak, psikologoak edo psikoanalistak etsipen-mota berri batekin egiten dute topo gero eta gehiagotan. Haurraren arazoen sorburua ez dago zoritxarreko haurtzaro batean, baizik eta, alderantziz, haurtzaro mimatu batean.

Bibliografia

  • ESNAL, Pello (2002): "Testu-antolatzaileen erabilera estrategikoa", in Hizpide 51: 19-33.
  • MITXELENA, Luis (1968): "Ortografia", in Euskera 13: 203-219.
  • VILLASANTE, Luis (1975): "Hitzaurre gisa", in Altube, Sebero. Erderismos. Bilbo: Indauchu, V-XII.
  • VILLASANTE, Luis (1976): "Seigarren edizioari aitzinsolasa", in Axular, Pedro. Gero. Oñati: Jakin, IX-XXXIV.
  • VILLASANTE, Luis (1988): Euskararen auziaz. S.l, s.n. ("Luis Eleizalde" saila 9).
  • ZUBIMENDI, Joxe Ramon; ESNAL, Pello (1993): Idazkera-liburua. Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia.

Adibideen iturriak

  • ARARTEKO (1991): Kalabozoak. Ertzantzaren eta udalen atxiloketa egoitzak. Los calabozos. Centros de detención municipales y de la ertzantza. Vitoria-Gasteiz: Ararteko - Euskal Herriko Unibertsitatea.
  • KINTANA, Xabier (2002): "Juan San Martin Ortiz de Zarateri urrezko luma", in Euskera 47: 311-313.
  • ROSE, Anne (1991): "Jainko txikia", in Kurrikulu-garapena: 2001-2002. Testuak: 38-39; HABEren barne-argitalpena (egokitua). Jatorrizkoak: "Jainko txikia", in Unescoren Albistaria 83: 32-33; "Le petit dieu", in Le Courrier de l'Unesco, 1991ko urria: 32-33; "Un pequeño dios", in El Correo de la Unesco, 1991ko urria: 32-33.

Oin-oharrak

  • (1) Artikuluaren zenbait pasarte eta izenburutan, zenbakiak ageri dira taket [ ] artean; Testu-antolatzaileak. Erabilera estrategikoaren orrialdeei egiten diete erreferentzia.
  • (2) Agian, errazago ikusiko dugu testua gaztelaniara (edo frantsesera) itzulita:

    Diría que San Martin, como otros muchos escritores de su generación, sin buscar el brillo personal ni una fama mayor, ha cogido la pluma con humildad, con el objeto de mejorar el nivel cultural de su pueblo y de saciar sus necesidades literarias, sin ninguna pretensión ni vanagloria, comprometiéndose de forma profunda e ineludible con los objetivos generales de Euskal Herria, con el convencimiento del intelectual que sabe que escribir es trabajar en servicio del pueblo.

    Are nabarmenago geratzen da kontua, lerroka idatzita. Lehenik, euskaraz:

    Esango nuke San Martinek,
    bere belaunaldiko beste idazle askoren antzera,
    norbere pertsonaren distira eta ospe handiagorago barik,
    bere herriaren kultura maila hobetu eta haren literatur premiak asetzeko xedeaz
    hartu duela luma,
    apaltasunez, inolako pretentsiorik eta hantusterik gabe,
    euskararen eta Euskal Herriaren helburu orokorrekin konpromiso sakona eta saihestezina harturik,
    idaztea herriaren zerbitzutan aritzea dela dakien intelektualaren konbentzimenduaz.

    Eta gaztelaniaz:

    Diría que San Martin,
    como otros muchos escritores de su generación,
    sin buscar el brillo personal ni una fama mayor,
    ha cogido la pluma con humildad,
    con el objeto de mejorar el nivel cultural de su pueblo y de saciar sus necesidades literarias,
    sin ninguna pretensión ni vanagloria,
    comprometiéndose de forma profunda e ineludible con los objetivos generales de Euskal Herria,
    con el convencimiento del intelectual que sabe que escribir es trabajar en servicio del pueblo.

  • (3) "Jainko txikia" artikulutik daude atereak eta soilduak (Rose, 1991).
  • (4) Parentesi arteko zenbakiek adierazten dute artikuluaren zein paragrafotakoak diren esaldiak.


Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com