|
PSE-EEko lehendakarigai Patxi Lópezek hizkuntza-politikaren gaineko proposamena plazaratu berri du, ustez "bi hizkuntzetan hitz egiten dugun euskaldunez osaturiko gizarteari zuzendua".
Euskalduna, ordea, euskaraz egiten duen pertsona da (betaurrekoduna betaurrekoak daramatzana den bezalaxe). Besterik gabe, izan Bilbokoa, Biarritzekoa, Idahokoa edo Puerto Mazarrón-ekoa. López jauna, EAEko gizartea euskal herritarrek osatzen dute, batzuk erdaldunak (elebakarrak) eta beste batzuk euskaldunak (elebidunak ia guztiak). Iruditu zaigu, ordea, zure proposamenaren hartzaileak ez direla euskaldunak bakarrik, EAEko herritar guztiak baizik. Horrenbestez, arretaz irakurri dugu, baita nolabaiteko esperantzaz ere, ezerezean geratu arren.
«Euskararen sustapena bai, baina askatasunez» diozu. Bazen garaia!. Nahiz eta, tira, «baina» hori sobera egon. Izatekotan, "euskara sustatu behar da, eta askatasunez" beharko zukeen. Oroimen historikoa lagun diogu, alegia. Herri honen denboraren talaiatik begiratuta, zenbat eta askatasun eskasagoa izan, euskara galtzaileago. Horretan bat etorriko gara, López jauna. Gogoratuko dituzu, noski, Primo de Rivera, Franco, Arias Navarro, Fraga, Sanz...
«Derrigorrezko atxikimendua», jarraitu dugu irakurtzen, «etorkizunerako gorrotoaren hazia izan ohi baita». Eta ados gaude zurekin, baina zati batean bakarrik, beti ez baita horrela izaten. Eskarmentuagatik dakigu. Honakoa sinatzen dugunok behin eta berriz izan gara, eta izaten gara, behartuak gaztelania erabiltzera. Modu txarrean, maiz askotan. Euskal Autonomia Erkidegoan bertan, argi gera bedi. Baina ez dugu gaztelania gorroto, ezta gutxiago ere, gure guraso eta aiton-amonek gorrotatu ez zuten bezala, haiek gorriak pasatu behar izan zituzten arren, sarritan, espainolez ez jakiteagatik. Gauzak zer diren...
Aldiz, Zuk zeuk eta PSEko buruzagi gehienek, ez duzue erakutsi euskara ikasteko interes handirik. Oker egon gintezke, baina gabezia hori sumatzen dugu zuengan: euskara eta euskaldunonganako errespetu, atxikimendu eta elkarbizitzarako gogo gutxitxo.
Gehiago ere esan duzu: euskarak «bere toki propioa, gaztelaniarekin partekatua» aurkitu behar omen du. Kontxo, gaztelaniarena esan beharrik ez zegoen. Euskarak inoiz galdu behar izan ez zuen tokia berreskuratuko badu, gaztelaniarekin (eta frantsesarekin) batera beharko du izan. Hori esan gabe doa, eskolaurreko haurrek ere badakite ongi. Kontua ez da hori. Kontua da gizartearen parterik handiena, erdaldun elebakarrena, prest ote dagoen "bere tokia" euskararekin partekatzeko. Zuri-zeuri, zer iruditzen zaizu?
«Euskara askatasunez» diozu. Bat gatoz. Baina, eta gaztelania?... askatasunez ere bai? Zer iruditzen? Izan ere, koska hortxe baitago, aitatu dugu lehenago ere. EAEko herri eta hiri askotan oso zaila dago euskaraz askatasunez egitea. Ez bakarrik eremu pribatuan. Erakunde publiko askotan ere bai, herritarrak bi hizkuntzetako edozeinetan hartuak izateko betebehar legezko eta demokratikoa ezarrita duten erakunde publikoetan. Zure alderdiak berak ere ezarritako betebeharra, portzierto.
Agian ez duzu jakingo, baina euskara hizkuntza ofizialean egitea Guardia Zibiliari, Polizia Nazionalari eta, askotan, Ertzaintzari berari ere, ausarkeria galanta da gaur egun ere. Erakunde frankotan deserosoa da, traba-sortzailea, ekin eta ekin behar izaten da... Zenbait lekutan, taberna arrunt batean kafesne bat euskaraz eskatzea, adibide egiaztatzen erraza jartzeagatik, kalapita politaren sorburu izan liteke. Emozioa eta abentura maite dituzu? Egizu proba, egizu euskaraz lehenengo hitza EAEko bazter guztietan. A ze gorabeherak, oilo ipurdia jarriko zaizu! Jakina, gaztelaniaz no problem. Ezta Nuarbeko plazan ere, egokiera suertatuz gero.
López jauna, erakunde publiko askotan ere, euskaldunok bizi dugun diskriminazioa sendotzea eta areagotzea proposatzen ari zara. Lehentasuna ematen diozu euskara ez jakiteko eskubideari, administrazioan euskaraz hartua izateko eskubidearen aurretik. Horixe bera proposatuko zenuke espainolarentzat? Pentsaezina, ezta?
«Gehiegitan jasan dugu euskal gizarteak dituen hizkuntzekiko erabilera politizatua eta gehiegikeria politikoez jositako giroa» diozu. Bai, bada. Eta oraingo zurearekin areago. Guk ere badugu, izan ere, «kulturari buruz ikuspegi moderno eta ireki bat». Horregatik jartzen gara ikaran eta kezkatan, ikusita nola manipulatzen duzuen euskara, bai zure taldeak bai beste batzuek ere, eta nola baztertzen duzuen euskaldunen komunitate ahula.
EAEko gizartea ez da elebiduna egun, López jauna (informazio kaskarra darabilzu, bistakoa denez). Elebiduna izan zen, baina mendetako diskriminazioak eta debekuek, besteak beste, oraingo eremu urrira murriztu dute elebitasuna. Egun EAEko gizartearen heren bat baino ez da elebiduna. Eta hori ez da "berez" gertatu, euria bezala, batzuek gizarteari hori sinistarazi nahi dioten arren.
Geuk bai, guk uste dugu Hizkuntza politikari buruzko hausnarketa sakona egin behar dela, akordio duin bat lortzeko, bi hizkuntzen hiztunen artean bizikidetza librea ahalbideratuko bada. Izan ere, gure iritzirako, euskarazko kultura moderno eta inolako sektakeria ideologikorik gabea sendotzeko bide bakarra dago, alegia, orain arte euskaldunen komunitateari bizkar emanda edota zuzenean hura baztertuz bizi izan diren sektore politiko, sozial eta ekonomikoek beren jokabidea aldatzea, eta euskara eta euskararen komunitatea errespetuz eta aintzakotzat hartuz jokatzea.
Katalunian PSCk eman bazuen urrats hori katalanarekin, arazorik gabe; baita PPko kide batzuek ere... Han naturala izan dena zergatik da hain zaila EAEn, Iparraldean edota Nafarroan?
Erantzungo diguzu nahi baduzu, López jauna.
(ZELAI NIKOLAS, MARTIN REZOLA, IZASKUN GOIRIGOLZARRI eta JONJO AGIRRE, euskal herritar euskaldun elebidunak)
Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)
|