Egin klik hemen INPRIMATZEKO


Euskara da askatasunez hitz egin eta erabil ezin daitekeen hizkuntza

Ezker abertzalea / Herri-administrazioa / 2008-10-08 / 08:40


Ezker abertzaleak salaketa irmoa egin nahi du PSEk eskaini duen Euskara Askatasunez manifestuaren aurrean. PSEren manifestua burlaizezko espainolkeria da euskaraz bizi nahi dugunontzat, hain zuzen euskara baita askatasunez hitz egin eta erabil ezin daitekeen hizkuntza. PSOEk inposatutako salbuespenezko testuinguru politiko honetan, manifestu hori sarkasmo bat da demokraziaren aldetik eta, euskararen ikuspegiaren, ereduaren eta politikaren aldetik begiratuta.



Ikuspegia

Ikuspegia

Euskarazko kultura xede totalitarioekin lotzen dute. Madrilen gaztelaniaz bizitzea eta Parisen frantsesez bizitzea praktika totalitario ez bada, zergatik da xede totalitarioa Euskal Herrian euskaraz egin nahi izatea? Gaztelaniaz hil dituzte milioika pertsona Amerikan eta milaka Euskal Herrian, baina hizkuntza horrek ez du prestigio demokratikoa berreskuratu beharrik, euskarak bai, ordea. Ez da erraza asimetria handiagorik bilatzea. PSOEk, ordea, Euskal Herri euskaldunaren aldeko helburua kriminalizatu nahi du, manifestuan argi eta garbi azaltzen den bezala.

Manifestuan termino hauek azaltzen dira: euskarazko "oinarri identitario eta erabilera politizatua" gainditzea, "ikusmolde abertzaletik bereiztea", "euskarazko kulturari buruz ikuspegi moderno eta irekia" ematea "adierazpide kritiko anitz, demokratiko eta integratzailea bultzatzeko", "elkarbizitza harmoniatsu eta bizikidetza demokratikoa lortzeko".

Termino negatibo horien pilaketak iradokitzen du euskara itxia, ez-demokratikoa, desintegratzailea eta zapaltzailea dela; horregatik jarri diote "euskara askatasunez" izena manifestuari; eta aldi berean, gaztelania dela guztion hizkuntza demokratiko komuna, integratzailea eta askatzailea.

Benetan iraingarria da PSOEk euskal herritar guztiei gaztelania inposatu, euskara desegin, milaka euskal herritarren oinarrizko eskubide politikoak urratzen eta Euskal Herria desagerrarazteko ahalegintzen ari denean, erdal elebakarrezko elebitasun politikaren mitoa planteatzea. Mozorroa ken ezazue eta argi hitz egin dezagun: Gu gara elebidunak, eta eleaniztasun pertsonala planteatzen dugunok, ez zuek. Ezker Abertzalea da, oraingoz, euskal herritar eleaniztunez osatutako Euskal Herri euskalduna planteatzen duen bakarra, zoritxarrez.

Eredua

30 urtez frogatu da menpeko hizkuntz politika autonomistaren ereduak ez duela balio Euskal Herri euskaldunaren iraunkortasuna bermatzeko. Politika horren maximoak euskararen normalkuntzak behar dituen minimoen azpitik daude. Eredu horren "askatasuna, aniztasuna eta integrazio" formularen azpian, euskararen eta Euskal Herriaren mendetasuna, asimilazioa eta desintegrazioa proposatzen dira. Elebitasun baztertzailearen eredu horren azken hogeita hamar urteko praktikak erakutsi du eskasa dela euskararen kontrako faktore negatiboak neutralizatzeko, Jaurlaritzak berak onartu duen bezala. Argigarria da, ordea, euskarari buruzko oinarrizko adostasun guztietan PSOE eta EAJ bat etorri direla. Nahiz eta PSOEren egiteko izan euskara sustatzeko oinarriak sistematikoki zalantzan jartzea, eztabaidak denboran zehar luzatzea, erabakiak atzeratzea, neurrien edukiak murriztea eta ez aplikatzea. Manifestuak adierazten duen akordioan sustengatutako elebitasuna beto eskubidea da euskararen aurkako kultur fobia ezkutatzeko, elebitasun baztertzailea inposatzen jarraitzeko, euskaraz bizitzeko aukera oztopatzeko eta Euskal Herri euskalduna berreskuratzeko prozesua ukatzeko.

Politika

"Hausnarketa egin behar dela akordio berri bat lortzeko' dio, baina oraindik elebitasun baztertzailearen politika hori gehiago murrizteko. Manifestuak dio 'Enplegu publikorako sarbideak ezin dituela aukera pertsonalak baldintzatu". Zertarako? Administrazioan elebidun ez diren langileak sartzeko, denon hizkuntz eskubideak zapaltzeko, atal ezberdinetan euskaraz jardutea oztopatzeko, jardun hori zabaltzea eragozteko, euskaraz lan egitea ezinezko bihurtzeraino, orain gertatzen den bezala, baino gehiago oraindik. Menpeko hizkuntz politikaren jarrera horrekin administrazioa euskalduntzerik ezinezkoa da, baina kontuan hartzen baldin bada gainerako arlo sozial gehienetan oraindik gutxiago egiten dela, erraz ondorio daiteke politika horrek ez duela balio euskarazko komunitatea berregiteko bere lurraldean.

Zutabe estrategikoen inguruan hitz bi:

Ezker abertzalearentzat PSOEren manifestu horrek bi euskararen egoera minorizatua naturalizatzea bilatzen du eta euskararen herria berregitearen ordez, eskubideen zapalketa eta hizkuntz borroka betikotu nahi ditu.

Ezker abertzalearentzat hizkuntzen arteko bizikidetza demokratikoko proposamenik onena hizkuntza bakoitza bere lurraldean nagusi izaten errespetatzen duena da. Gure proposamena da guztion artean, orube demokratiko komun berri bat aurkitzea euskararentzat Euskal Herri osoan. Konstituzio espainiarraren betorik gabe Hegoaldean eta Konstituzio frantsesaren mugarik gabe Iparraldean, bi Estatu horien neutralitatea gordeko duena eta euskal herritarrek erabakitzen duen hizkuntz ereduari buruzko autodeterminazio eskubidea errespetatuko duena, Euskal Herri euskalduna barne.


Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)



Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.com/zer_berri/muinetik/1223445181