![]() |
Egin klik hemen INPRIMATZEKO |
Bittor Hidalgo / Irakaskuntza / 2008-10-07 / 08:20
[ Gaiarekin zerikusia duen digresio bat, hasteko: Erabili al nezake ba edo juntagailu hautakaria halako hautua eskatzen duen galdean? Ez al nuke (derrigor edo) ala juntagailua erabili behar? Jarraipena amaieran. ]
| * | * | * |
|---|
Poztu naiz Roberto Alkarterriren erantzuna ikusita nire Atariko probak. Bai ala ez? artikuluari (aldi berean bere HABEren egiaztapen-mailak eta baliokidetza-ren inguruko iruzkin zena, biak ere erabili.com-ek argitaratuak). Horrek aukera emango duelakoan eztabaida jarraitu ahal izateko, eta, batez ere, jende gehiagok hartu dezan parte, esperientzia gehiago partekatuz, eta ez gu bionak bakarrik. Ea zirikatzearen zirikatzez lortzen dugun azkenean EAEko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza (HPS) ere eztabaidan inplikatzea, eta euskara azterketa ereduen diseinuan erabakitzeko gaitasuna duten beste guztiak ere, modu irekian ez bada ere beren barne sanedrinetan behintzat. Ez legoke gaizki, eztabaida hau ez baita guztiz gauza alferra. Uste dut.
Alkarterriren erantzunaren haritik planteatu nahi dut, niri gure azterketagintza honek, oro har, aspaldi piztu didan galdera/kezka bizi bat, ertz asko dituena, eta agian ertzok ere garrantzitsuago izan litezkeenak azkenean galdera bera baino:
Ze, itxuraz hala behar luke. Alkarterrik berak ere aldi pare batean aipatzen du irudiz ezin demokratikoagoa dirudien oinarria: berdintasunez jokatu behar dugu ikasle edo azterketari guztiekin / berdintasunean neurtu behar ditugu beti azterketariak. Eta ni beldur naiz, horretara narama nire esperientziak, ez ote diren gure azterketa sisteman, hain justu atariko probak, bereziki justu jokatzen ez dutenak azterketari guztiekin. Ze, labur: Ez al dituzte atariko probek, bereziki euskara erabiltzaileak zigortzen? Hau da, HPSren helburu diren hiztunak, euskaradunekin kontaktu aktiboan izaten saiatzen direnak, eta euskal hedabideak kontsumitzen dituztenak? Nik baietz uste. Eta aldiz saritzen, euskara soilik euskaltegian ikasi eta erabiltzen duten euskaltegi-kume hutsak edo? Beti ahalik eta urrunen dabiltzanak euskaldun aktiboekiko interakziotik, eta hauen euskara erabat kutsatu eta nahasitik, honek eta ez dielako batere balio atariko probak gainditzeko? [ Erraz aldera goazen euskaltegi deitzera, helduei euskara irakasten dien eskola mota oro, zaku berean, euskara hizkuntza eskola-edo deitu ordez. ]
Baina eta hori hala balitz, egia balitz nik galdetu/iradokitakoa, bai ez litzatekeela batere justua izango, eta bai diskriminazio larria herri honetako pertsonen arterako, eta batez ere, maila desberdinetako euskaldun aktiboentzako. Eta seguru asko ezin kaltegarriago ere bai, euskararen eta euskaldunen etorkizunerako ondorioz. Ala/edo ez? Baina hala al da, nik galdetzen/salatzen dudana?
Ze, maila guztietako atariko probetan eskatzen dena,(1) da, batez ere, erantzunen zehaztasuna, hauen balizko zuzentasuna, eta beti erantzun on bakarra aukeratzea (bide batez, oso antzekoak diren beste hiru-edo distraigarri azterketariak txar iritzi beharrekoen artean).
Euskara erabiltzaileek aldiz, hau da, HPSk bilatzen dituen hiztunek (jatorrizko euskaldun zahar onak; euskaldun zahar kaxkarragoak, baina bere euskara erabiltzen saiatzen direnak; eta are euskaldun etorri eta berri izaki (ezin eskergarriagoa zaien ahaleginez), benetan saiatzen direnak euskara erabiltzen, eta euskal hiztun izaten, euskara aktiboki erabiltzen duten haiekin interakzioan jardunez, eta ere euskaraz ditugun hedabide eskasetako euskara irensten), ba, hauek guztiek interakzio honetatik ezin dute, ez dute inondik ere jasotzen, atariko probetan ezinbesteko dituzten zehaztasunak, balizko zuzentasunak eta erantzun bakarrak. Baizik eta guztiz alderantziz: forma ia guztien erabilera aukera plurala eta ez bakarra, gure benetako erabiltzaileak, benetako hiztunak, oso pluralak direlako, jatorriz, ikasketaz, tradizioz, euskara ereduz, euskara mailaz... Forma zehaztugabeak jasotzen dituzte, beti komunikazioaren eta interakzioaren eterrean disolbatuak, atariko probotan eskatzen zaizkien zehaztasun akademikoetatik urrun. Maizenik euskara batua ez diren formak jasotzen dituzte. Eta oso maiz ere bai, gaur eguneko euskara estandarraren ohitura estuetatik bestelakoak diren euskara formak, ezjakintasunean baztertuak edo, nahiz ofizialki inork ere deklaratu ez dituen ez-batu edo txar.
Ziur, azterketarioi ere, euskaldunen komunikatzeko forma horien aniztasun eta aberastasunak baliagarri izango zaizkiena, ahozko probak aiseago pasatzeko, edota are idatzi libreetan ere naturaltasunez eta aberastasunez jarduteko, eta hauek errazago gainditu. Baina ez atariko probotarako, ezta?
Eta ez dira bakarrik Euskal Herriko kale(anitzeta)ko ahozko hizkera arruntak nahasgarri gertatzen zaizkionak atariko probako azterketari gizagaixoari. Baita ere gure hedabideetako ahozko eta idatzizko hizkera arruntak, ezta? Ze, atariko probetarako eskatzen den zuzentasun ereduen arabera, zenbat irrati-telebistetako esatari, berriketari, elkarrizketatu... dira fidagarri eta eredugarri atariko probotako eredurako? Bat bera ere ez. Eta berdin aldizkarietako edo Berria-ko artikuluetako euskararekin, ezta? Testurik zainduenean ere aurkituko du irakasle saiatuak, bere zoritxarrerako, adibide pare bat edo hiru, bera euskaltegian hainbesteko ahaleginez azaltzen saiatzen ari den ereduz bestelakoa. Orain dela gutxi arte liburuak ziren eredu zainduena erakusten zutenak. Orain horiek ere ez ja, konturatua naiz. Eta edonola, ze liburu egon liteke idatzia Euskaltzaindiaren 2006ra bitarteko erabakiak (bakoitza bere neurrian, hori bai) kontuan hartuta, EGArako eskatzen den bezala (urtero espres EHAAn argitaratuta, Euskaltzaindiaren aurreko urte edo bi urtera arteko erabakiak aipatuz)? Ze hiztunek hitz egin lezake, nahita ere, inork bi urte lehenagora arte baturako proposatu dituenak bakarrik erabiliaz, euskaldunok geurez darabilgun aukera aniztasunaren artetik (areago, kontuan izanda, maiz ahazten bada ere, Euskaltzaindiak ez dituela euskararen erabilerok txartzat ematen, nahiz eta bategatik edo besteagatik hauek proposatu ez euskara baturako).
Euskara erabili honetan murgildua den hiztunak, nahasmena baino ez du bereganatuko, atariko probak zuzen erantzun ahal izateko. Nahiz eta euskaltegira ere joan (behar), orduan bereziki ikastera, euskara guztion artetik, zein izango den uneko aztertzaileak eskatuko dion forma.
Ze, izorrai!, atariko probak gainera beteta aurkituko ditu, hain zuzen, euskaldun erabiltzaile aktibook erabiltzen dituzten formak dakartzaten distraigarriez, kasuan aztertzaileak bereziki gaitzetsi nahi dituenak, eta horretarako bereziki zigortu. Halakoak tranpa hutsa bihurtzen dira euskal hiztunarentzat, euskara erabiltzailearentzat, nolabait saritua sentitu ordez bere burua erabiltzailetasun horregatik, agian errazago sentitu lezakeena beste probetan. Azken batean, euskara erabiltzaileak ez du bakarrik euskara ezagutu beharko, baizik eta bereziki eskatuko zaio bera filologo bihurtzea, eta gauza izatea diskriminatzeko entzuten eta irakurtzen dituen euskara mota guztien artean, zein den, eta gainera zein ez, kasurik hoberenean Euskaltzaindiak baturako aukeratu duen hura, eta nolanahi ere uneko aztertzaileari egokien iruditu zaiona, euskara posible eta erabili guztien artean. Azterketariak nahitaez euskaltzain-pitagorastxo izanez bukatu beharko du atariko probok ziurtasunez pasatu nahi baditu. Ala/edo ez?
Eta hala bide batez azterketariari ematen ari gatzaizkion mezu subliminal, edota ezin agerizkoagoa, ez al da, zenbat eta gehiago murgildu euskal munduan, zenbat eta euskara eta euskaldun gehiago ezagutu, okerrago duela, nahasmena handiago izanen duela atariko proba pasatzeko, eta hobe duela (hori gainditu bitartean behintzat) ahalik eta gehien urrundu euskara erabilitik, eta euskara ahalik eta akademikoena ikasi dezala hasieratik? Hori al da HPSek zabaldu nahi duen mezua?
Garbi dago. Duten zehaztasun, zuzentasun, erantzun on bakar eta beste oso antzeko distraigarri -maiz erabiliak diren- gehienen gaitzespen eskaerekin, atariko probek saritzen dute euskara soilik euskaltegian ikasten eta erabiltzen duen euskaltegikumea. Ze, azterketaria bizkorra da beti, beharrak eraginda. Eta lehenik euskara erabiliaren nahas-mahasean sartu ordez, gero horretatik filologo lana egin behar izanda, soilik aztertzaileari gustatzen zaizkion formak aukeratzeko euskaldunen erabilera anitzen artetik, azterketariari askoz ekonomikoago, errentagarriago zaio hasieratik zuzenean hastea soilik euskara akademikoak-edo erabaki eta erabiltzen dituen formak ikasten. Hauek, dauden distantziara daudela ere, euskararen inguruetako benetako erabileretatik. Zertarako behar du ikasle/azterketariak nahasmen(handir)ik inguruetako benetako hiztun petralekin, tituluak atera bitartean behintzat? Gero ikusiko du aurrerantzean zenbateraino gogo geratzen zaion benetako baskoekin interakzioan saiatzeko.
Balizko integrazio horretan ere ordea, zailtasun bat gehiago izango du guk ikasketa prozesuaren bitarte guztian eskaini diogun euskara akademikoa, honek bitarteko gutxi ematen diolako ikasle/azterketariari interakzio horren maila apalenak erraz eta arrakastatsu eman ahal izan ditzan, nahiz eta sobera errekurtso eman, gaur egungo liburuak irakurtzeko, edo, batez ere, azterketak gainditzeko. Zer gertatzen da, EGAdunak ere ezin badio gero Bermeoko, Aramaioko, Arizkungo edo Azpeitiko haurrari/hiztunari itxuraz ulertu anbulatoriora laguntza eske hurbiltzen zaionean?
Ez dakit nik atariko probarik behar den. Probaren bat bai noski inoren euskara maila ziurtatzeko. Zer interesatzen zaigu ordea (administrazioari, eta Euskal Herriari)?
Gehienera ere, nahikoa genuke maila bakoitzean ulertzeko adinako euskara idatzia eskatzearekin, probari, zuzentasunari bezala, batere lehentasunik eman gabe mailotan. ]
Eta orduan, behin ahozko maila hau lortutakoan, eskatu diezaiogun azterketariari gauza izatea maila hau modu alfabetatu eta jantzian emateko idatziz ere (C1-EGA idatzizkoa edo). Hau da,
Eta ahozko komunikazio maila duina eskuratzen duenean, eta saritzen (euskaldun arrunt onen ahozko C1 maila bertsua), orduan eskatuko diogu, eta saritu, hauei ere, maila idatzi alfabetatua. Bitartean, hiztun ona ez den bitartean, alferrik dugu alfabetatu ona izatea, eta horretan denbora galtzea.
Horrek dirudi bide eraginkorra, bai administrazioarentzako, eta Euskal Herriarentzako. Ez du zentzu handirik artean euskaldun ez direnak alfabetatzen nekatzeak, eta gutxiago alfabetatze maila horiek eskatzea artean euskaldundu gabe daudenean. Uste dut askok eskatu dutela halakorik nire aurretik. Eta gogoan ditut orain, J. Urruxulegi (Nor-Nori-Nork... ˇal diablo con ellos!, Berria, 2005-I-8), edo A. Zarragaren lan osoagoa (Hizkuntza plangintzak eta euskalduntze-alfabetatzea, elkarren osagarri (Bat. Soziolinguistika aldizkaria 62, 2007, 105-117; maiz hitzez hitz jarraitzen zaiona M. Jaio, L. Martinez eta A. Zarraga beraren Ikasleen motibazioa, hizkuntza plangintzak eta euskalduntze-alfabetatzea, elkarren osagarri lanari; edo artikuluan aurrera jasotzen ditudan J. Lizarralderen espiritu bereko hitzak.
Eta bitartean, irakurria eta idatzia ere erabiliko ditugu noski ikas-prozesuaren mesedean, (ia) denok dakigunez geroztik aldez aurretik alfabeto latinoan irakurtzen eta idazten. Ez ordea euskara idatzia ahozko euskara erabiliari kontrajarri beharrean, gaur egun maiz bezala. Baizik eta hau ere beste euskara mota bat gehiago bezala hartuaz, zeinetan ere komeni zaien ohitzea ikasle/azterketariei, hau helburu bihurtu gabe, behintzat ahozko C1 izan eta gerora arte.
Eta neurtu liteke euskara idatziaren ulertze maila ere proba aktiboen bidez, irakurria kontatzeko eskatuz, ahoz (edo idatziz ere), proba pasibo, azkenean mikrolinguistikoak, eskatu gabe, ezer gutxirako balio digutenak zuzenean hiztunak lortzeko helburuan. Eta are sormenezko idatzi librea ere, ezin hobea da ikasketa prozesuan norberaren hausnarketa praktikorako, eta baita ere ahozko sormena bultzatzeko, ikasleari biak uztartzeko bideak ongi erakutsiz gero (idatzien ahoskatze aktiboak, hurbileko ahozko hizkerarako jauziak idatzitik...).
Eta beste hainbeste egin behar askoz gehiago interesatzen zaigun entzunaren ulermenarekin, zeina ere eskatu lekiokeen azterketariari modu aktiboan kontatzeko ahoz (edo idatziz ere), proba pasibo, eta beti maila batean mikro-linguistikoak bihurtzen direnetan, murgildu beharrik gabe.
Asko interesatzen zaiguna da ordea, entzunez ere euskaldun berri etorria lehenbailehen izatea gauza inguruko hiztun aktiboen euskara ulertzeko. Hasieratik izatea gauza, anbulatorioan lan egiten duen mediku, erizain edo laguntzailea, bertako haur/hiztunen interakziozko hizkera samurrena ulertzeko Ondarrun, Legution, Lesakan, Zarautzen edo Baigorrin (oraindik inor bada bertan euskara egiten duenik). Eta horretarako, bertako azterketarako, edo honen ondorenean, prestatu beharko du ikasle/azterketariak espres bertako hizkuntza ulertzeko (ze in biot...-en antzeko euskarak Bizkaia inguruan, zer egin behar dut...-en itxurako neutroez gainera), gaur egun guztiz baztertua dagoena, besteak beste azterketetan ez delako horrelako ezer behar. Eta bertako, inguruko euskararen ulertzeko gaitasuna maila behenetatik eskatu eta bultzatu behar da, bestela ez dagoelako interakzio posiblerik bertako, hurbileko euskaldun aktiboarekin, zer zen bilatzen ari ginena (Euskal Herria, eta administrazioa ere, bere Hizkuntza Eskakizunen helburuetan ezin argiago lehenengo mailetatik). Nahiz eta gero tituludunari ere onartu beharko zaion berak ahal duen moduan egitea bere mintzoa, nahikoa lan izango du eta, eta soilik berak nahi edo ahal duen neurrian hurbiltzea hau inguruko ereduetara.
Eta horrela landu beharko dira bereziki, inguruetan eta hasierako mailetatik, beren ezaugarriengatik eta baturako duten distantziagatik berezitasun nabarmenenak dituzten hizkerak. EAEn, batez ere bizkaierazko/mendebaleko hizkeraren ulermena (eta are bideratu ikasle/azterketariak bere nahieran bertako hizkeran egin lezakeen interakzio aktiboa, bertako euskaldun aktiboekiko integraziorako bidea erraztuko diona), eta lekuan-lekuan erdialdeko euskara batez ere ahozkoen berezitasunak ulertzeko gaitasuna (Mendaron, Azpeitian, Zaldibian, Leitzan edo Oiartzunen). Eta EAEtik kanpo, nafarrera Nafarroa Garaiaren inguruetan, zuberera hau erabiltzen den eremuen inguru, edo lapur-nafarrera iparralde inguru osoan. Eta mailaz maila igoaz ere ulermen eremuak, derrigorrean iritsi arte ahozko C1 mailan azterketari guztiak gai izatera ulertzeko, diren bazterrekoak direla, eta beraiek hitz egiten dutena hitz egiten dutela ere, gutxienez Euskal Herri zabaleko hiztun (behintzat) jantzien-edo jarduna. Eman dezagun, Bizkaia Irratiko, Nafarroako Irrati(Euskaldun)en Sareko, Iparraldeko Euskal Irratietako, eta are Xiberoko Botza-ko esatari edo hiztun jantzien mintzoak (bide batez, irratiak guztiak zeinen emanaldiak jaso litezkeen gaur egun gutxienez grabatuak eta gehienak zuzenean ere internet sarean). Zenbat erabiltzen dira hauek gaur egun euskaltegietan? Ez al du ba, legez, EGA-C1eko tituludunak gauza izan behar euskaldunekin, Euskal Herri(eta)ko euskaldunekin interakzioan jarduteko gauza izan behar? Hala soilik hizkuntza batuena egiteko gauza den hiztunarekin? Eta hori ez da bakarrik C1en helburu, baita ere B2, B1 edo A2koa ere, Europako Erreferentzia Marko Bateratuan. Ala/Edo ez? Zergatik ez da lantzen? Azterketetan eskatzen ez delako, legea bete gabe. Eta beraz, "denbora galtzea" delako. Ala/Edo ez?
C1en ahozko mailak behar du izan euskara erabiltzailearen ahozko gaitasuna, maila nahikoa eta duina, aitortzeko modua. Eta baita ere C1en idatzizko mailak, euskara erabiltzailearen idatzizko gaitasuna aitortzekoa, euskara idatzia maila duinean erabiltzeko gaitasuna duela ziurtatuko diona (unibertsitatetako euskal adarretako ikasleari, idazkari lanak euskaraz (ere) egin behar dituenari, bere txostenak euskaraz (ere) idatzi behar dituen mediku edo erizainari...).
Baina berez, bai batuan, bai euskalkietan, euskara eredugarria erabili behar dutenei, eta besteentzako eredu izan behar dutenei ingurukoengan duten eragin zuzenekoagatik, maisu/maestrei, irakasleei, kazetariei, idazleei, itzultzaileei, euskaltegietako irakasleei, guztiei uste dugu dagoeneko hasi behar zaiela C2 ere eskatzen (hasia ere den bezala). Eta honekin, aurreko agirietako gaitasun guztiak maila gorenean erakusteaz gain, hau da Euskal Herriko euskara aktibo (jantzi) guztiak maila duinean ongi ulertzea eskatuta, eta euskararen erabilera gaitasun aktibo gorena eskatuta, bai ahoz eta bai idatziz (eta are euskalkian ere hala behar denean), bai eskatu beharko litzaizkiguke guri gaur egungo atariko probetako prestaerak eskatzen dituen kutixia filologiko guztiak, eta are gehiago, ondo modu eguneratuan bereizteko forma batu estandarren, euskalkietakoen, eta arrotzen artean.
Eta horregatik baita ere, seguru asko, itzulpen gaitasuna. Maila honetako agiridunak bere gaitasuna erakutsi dezan jakinaren gainean ihes eta isuri egiten gure inguruko hizkuntza ofizial erraldoien mendekotasun itsu eta orojaleari (espainola hegoan, frantsesa iparrean), modu duin eta eredugarrian.
Izan ere, bada kontu honen guztiaren azpian, azterketariari eskatzea komeni zaigun gaitasunen arteko desorekaren arazoa. Eta arazo hau, artean modu nahikoa lotugabean baldin bazen ere, jada aurreikusia zuen bere garaian EAEn (Kanadako Quebec-eko administrazio frankofonoaren esperientzietatik-edo ekarria nonbait), Hizkuntz Eskakizunak-eta sortzen eta arautzen zituen 224/1989ko urriaren 17ko dekretuak (Herri-Administrazioetan Euskararen Erabilera Normaltzeko Plangintza arautzen duena; EHAA 1989-VIII-27; Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legeak xedatutakoa arautzen-edo duena). Eta 7.081 orrialdean oso koadro garbian erakusten du, gaur egun ezin harrigarriago egingo zaigun moduan, nola 3. HE -hau da C1, EGAren parekoaren-, 2. HE (B2) eta 1. HEetako agiridunek (B1), euskara ahoz zein idatziz ulertzeko maila bera erakutsiko duten, hau da, EGAdunek duten erabatekoa nolabait -dekretuak berariaz B maila deitzen duena-. Baina eta aldiz nola ez zaien maila berau eskatuko, idatziz, ez 1. eta 2. HEdunei. Eta ezta ere ahoz 2. HEkoei. Eta hain zuzen desoreka horretan (ere?) oinarritzen da HE maila desberdinen arteko desberdintasuna. Koadroa bera gogoangarria da:
| AHOZKO TREBETASUNAK | IDATZIZKO TREBETASUNAK | |||
|---|---|---|---|---|
| ULER. | MINTZA | IRAKUR. | IDAZ. | |
| 1.H.E. | B | A | B | A |
| 2.H.E. | B | B | B | A |
| 3.H.E. | B | B | B | B |
| 4.H.E. | C | C | C | C |
Zer gertatu da ordea, geroztik, oraindik uste dugunean dekretua bera indarrean dagoela? Ez dugu uste dekretua inoiz aplikatu denik horrela. Badira nonbait ez betetzeko jaiotzen diren legeak.
Europako Erreferentzia Marko Bateratuak ere espres aipatzen du hizkuntza agirietan halako desorekak aitortzeko aukera, lekuan lekuko beharren arabera. Ez al du segitzen horrek gure beharra izaten, gaitasun guztiak maila bateratu berean aitortzen ibili ordez, gaur eguneko EAEko baliokidetze dekretuak egin nahi duen bezala -bide batez 1989koa baliogabetu gabe, beraiek jakingo dute zelan-?
Gauza asko esan dut hemen, ziri asko, espero dut, nahikoa izatea eztabaida pizteko, areagotzeko, edo publiko egiteko. Ez da erraza proiektu oso baten azalpena lau hitzetan egitea. Beti izango da azalekoa, eta aldi berean hitz gehiegi agian. Baina honen ondoren, ulertu liteke seguru asko, zergatik ez dudan partekatzen Robertoren ustea esaten duenean «euskal hiztun berriak sortzea baldin bada helburua, kontua ez d [ ela ] hainbeste hizkuntz eskakizunetan zer-nolako azterketa egiten den». Gaur egun euskara ikasi nahi/behar duen (ia) guztiak, hiztun bihurtu nahi edo ez, (ia) derrigor prestatu behar duelako (EAEn behintzat) azterketa. Eta hau gaur egun diseinatua dagoen eran, nire ustez, oztopo bihurtzen diogulako aldi berean eta hasieratik hiztun aktibo bilakatu nahi duenari. Horregatik uste dut ere nik ezin dugula hasieratik eztabaidatu gabe utzi, eta asko komeni zaigula eztabaidatzea zer-nolako atarikoa izan behar duen eta honen zein atal diren egokiak, nahiz eztabaida ez jaitsi gaur eguneko item partikular bakoitzera. Hori da behintzat nire irudipena.
Eta Robertok dio bere gaur egungoen itxurako atariko proben aldeko hautua ikuspegi pedagogiko batetik egin duela. Baina nik uste dut guztiz alderantziz dela, berak ere aurreko artikuluan zioenaren harian, eta soilik administrazioaren ikuspegi eklektiko hotzari komeni zaizkiola atariko probak, justizia eta berdintasuna aipatzen direnean (azterketen balizko objektibotasunaren beste atal bat), edota betiko kostua. Baina kostuaz ere hitz egin liteke, nola antolatu atariko ahozko proben sistema merke eta eraginkorra, noski euskaltegien eta irakasleen -edo ikastetxean- laguntzarekin, gaur egun HABEk bere mailetako azterketetara igarotzeko aukera ematen duen bezala, esaterako.
Eta izan ere, hori da AEBetako administrazioak, Erresuma Batukoak, Australia edo Kanada anglofonokoak hartzen duten jarrera bere azterketa ahalik eta merkeen, objektiboen, eraginkorren eta diru-emaileenak bideratzean (TOEFL, TOEIC, Cambridge, IELTS...). Administrazio hauei ez zaie (batere? asko?) inporta zer gertatzen den azterketak prestatzen hasi bai, baina iritsi ez diren guztiekin. Beraiek ez dituzte hoberenak baino aukeratu nahi beren unibertsitate edo lanpostuetarako.
Oso ikuspegi desberdina erakutsi ohi dute nolanahi beste administrazio guztiek, eman dezagun, Hong Kongeko gobernuak, Egiptokoak, Kanadako Quebeceko administrazio frankofonoak edo gureak, hauek bere ahalegina eta inbertsioa irakaskuntzan errentagarri eta eraginkorra egin nahi dutenean, eta ez bakarrik hoberenek amaitzea ingelesa, frantsesa edo euskara ikasia, baizik eta hasieratik, ikasten hasten diren guztiek hizkuntza baliagarria ikasi dezaten, bere denbora, ahalegin eta nekea eman gabe alferrikako azterketak prestatzen. Horregatik ari dira bultzatzen administraziootatik hizkuntzak ikasteko metodo zuzenak, komunikatiboak, nozional-funtzionalak, hasieratik baliagarria direnak komunikazioan, eta baita ere, zuzenean gaitasun komunikatibo hauek neurtzen dituzten erabilera ebaluazioak, performance assessment-ak. Aipatu metropoliek aldiz, oro har, azterketagintza merke eklektiko, itxuraz objektibo, beti hoberenak aukeratzeko eraginkor, eta gainera negozio eragileak bultzatzen segitzen duten bitartean.
Jada 1986an idazten ditu segidako irakurgarriak Joxe Lizarralde, garaiko HABEko hizkuntza arduradun izanak, ondo igarri eta iragarriaz 1982an nahikoa sortu berri den EGA agiria (eta antzekoak) irakaskuntzan eragiten ari ziren eta eragin zezaketen desbideratzeaz. Bira ba hitzok artikuluaren azken aurreko arnasa (EGA eta hegan, HABE aldizkaria, 98, 1986, 6):
Bai gauza bat da EGA titulua ateratzea eta beste bat hegan egitea. / Badirudi jende asko ez dela konturatzen gauza bat dela eskolako eta gramatiketako euskara, eta beste bat kalekoa eta baserrikoa. Jakina, bata ez dago bestearen kontra, baina bi mundu dira. Eskolan eta gramatikan, euskara eskema egina ikusten duzu, euskararen tripak ikusten ariko bazina bezala. Kalean eta jendartean, berriz, euskara bere saltsan ikusten duzu, inolako loturarik gabe.
Zenbait jendek, eskolan eta gramatikaren katramiletan sartu ahala, euskara biziaren erreferentzia galdu egiten du. Are okerrago, sarritan jende arruntaren euskarari muzin egiten dio, hori zerbait arbuiagarria balitz bezala.
Holako jendeari zera esan beharko litzaioke argi eta garbi: on dela ikastea eta liburuetan murgiltzea, baina ez dela galdu behar zentzu ona ... Euskara ez da bakarrik morfosintaxia, hiztegia, fonetika eta bestelako arau pila bat. Euskara bizi-bizirik dagoen hizkuntza da, ahoz eta izkribuz erabiltzen dena, maila eta jenero asko dituena, hots, gaurregun oso arlo desberdinetan erabiltzen dena.
Nolabaiteko eskema batzuri lotuta dabilena galdu egiten da askotan hizkuntzaren oihan zabalean. Zenbait eskolatzek ikaslea hizkuntzaren itsasoan sartu beharrean, zenbait eremu itxitan kateatuta uzten dute, eta hortxe dago makurra. Izan ere, eskolak hizkuntzaren mundu zabalean lasai ibiltzen laguntzen ez badizu, zertan gabiltza? Horixe bai dela gauzak bere onetik ateratzea.
On da EGA ateratzea; baina hobe da hegan egiten jakitea.
Hala biz. Baina zenbatetan entzun ote ditugu antzekoak?
| * | * | * |
|---|
[ Hasierakoari helduaz: Nik esango nuke hori erakutsi dela maiz euskaltegietan, ezta?: Edo-ren erabilera gaitzesten, hautua eskatzen duten galderetan (eta bide batez ala-rena, adierazpen esaldietan, nahiz hegoalde honetan ez den hori oso erabilera ohikoa, eki eta iparraldean bezala, eta beraz ustekabean pasatzen zaigun). Eta oraintxe ez dut adibiderik eskueran, baina azterketetan ere uste dut askotan eskatu zaiola horixe azterketariari (eta gogoan ditut oraintxe nik zuzenean begiratu behar izan ditudan EAEko Hizkuntza Eskola Ofizialetako hainbat azterketa). Nola erabiltzen dituzte ordea juntagailuok euskaldun era askotakoek? Zer esaten du ala/edo juntagailu hautakarion erabileraz Orotariko EHk (1989n ala-ri dagokion I. tomoan; 1992n edo-ren VI.ean), edota 1994ko EGLU-IV? Baina eta aldiz, zer esaten du 1985eko EGLU-Iek (31-2 or.)? Edota Azkuek, P. Altunak, edo P. Goenagak (besteren artean) beren gramatiketan eta?
Horrelako kontu kontraesankorrez daude beteta gure gaur eguneko atariko probak. Zer ikasi du, ala eta edo-ren arteko gezurrezko oposizio quasi-asbsolutua ikasarazi zaion ikasle azterketariak? Zertarako balio dio? Zenbat alferreko/gezurrezko horrelako ikasten eman behar ditu bere denborak, ahaleginak eta nekeak ikasle/azterketariak atariko proba bat fundamentuz gainditu ahal izateko. Denbora, ahalegin eta neke horiek guztiak erabili ordez, jatorrizko euskaldunei ulertzeko eta beraiekin komunikatu ahal izateko ahaleginean, gutxienez jatorrizko euskaldun hauek egiten duten moduan. Eta ez, gaur egun maizenik irakatsi nahi diegun bezala, hauek egiten duten baino hobeto egiten, ezta? (Ez al da hala?)
Eta ba al dakigu benetan zer galdetzen dugun atariko probetan? Begiratuko ditugu itemez item? ]
(BITTOR HIDALGO EIZAGIRRE irakaslea da Donostiako Hizkuntza Eskola Ofizialean)
Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)
Bittor Hidalgok erabili.com-en argitaratuak (irakurtzeko gainean sakatu)
![]() | Inprimatu |
R. Alkarterri / 2008-10-07 / 09:56
Zure gogoeta sakon hori irakurri ostean, lasai asko esan ahal dizut, ńabardurak ńabardura, bat natorrela hor azaldu dituzun argudio ia guztiekin; atzean duten filosofiarekin, alegia. Ez zaizu arrazoirik falta kritikatzen duzun guztia kritikatzean, baina daukagun sistema da, ez zuk eta ez nik asmatua, eta, ahal den neurrian behintzat, berarekin funtzionatu beharra dugu. Hobetu ere hobetu beharko da (dugu), noski, eta horrexegatik ari gara honelakoak idazten, gure ekarpentxoa egin nahian.
Kontua da, nire ustez, zuk eta biok esan ditugunak esaterakoan, abiapuntu ezberdin banatatik abiatu garela, eta, horrela, normalak dira zure ezezko biribila eta nire baiezkoa-EDO atariko probari. Izan ere, lana egiten dugun lekuak, Donostia aldean zuk eta Bizkaiko Ibar Ezkerrean nik, zeharo ezberdinak dira, neurri batean elkarren antagonikoak ere ez esatearren. Eta inguru soziokultural ezberdin horietatik eratorriak dira, neurri handi batean, gure iritzi ezberdinak ere.
Kezkatuta azaldu zara, zure ustez, atariko probak “euskara erabiltzaileak, euskal hiztunak, euskaradunekin harreman aktiboa izaten saiatzen direnak” zigortzen dituelako, eta, “euskaltegi-kume hutsak”, berriz, saritzen. Jakina, hori bertsio bat besterik ez da, ze, askotan entzuna dut atarikoetako hainbat itemek saritzen dituztela, hain zuzen, euskaldun zaharrak, euskal giroan murgildurik bizi direnak, eta, alderantziz, euskaldun berriak, euskaltegi-kume horiek, zigortzen. Eta nik bertsio biek arrazoi zati bat dutela uste dut. Item batzuek, esaterako, ezertarako erabili ez edo ezin erabil daitezkeen adizkiak jakitea eskatzen baitute, baina, bestetzuek, aldiz, oso esamolde jator eta inguru euskaldunekoak eskatzen dituzte. Beraz, esan liteke jatorrizko hiztunak nahiz euskaltegi-kumeak izaten direla, antzeko proportzioetan gainera, sarituak bezain zigortuak.
Dena den, natorren esan nahi dudana zehaztera, edo ahalegintzera behintzat, luze eta aspergarriegi ez jarduteko oraingoan ere:
Are gehiago esango dizut: nik, zuk eta edozeinek bezala, lagun euskaldun-euskaldunak ditut bat ere titulurik ez dutenak; ez EGArik ez eta antzekorik ere. Horiek guztiak ni baino euskaldunagoak dira, zalantzarik gabe. Nik baina, titulu gehienak ditut euskararen gainean, lortzeko hainbat iragazki pasatu behar izan ditut aurretik, eta egin izanak ematen dit niri irakasle izateko aukera, eta ez nire lagun horiei. Lagun horiengandik ikasten dut nik euskara, ahalik eta gehien, gerora nire ikasleei zertxobait gehiago eta hobeto irakatsi ahal izateko. Zergatik hau? Bada, sistema da, Bittor, ez zuk eta ez nik asmatua, baina titulua da jaun eta jabe. Etengabe iragazkiak pasatzera behartzen gaituen sistema; azterketak, azken batean.
Horregatik kritikatu izan dut nik atarikoen irakasteko gaitasuna. Testak gainditzen erraz ikas litekeelako euskara askorik jakin barik ere. Baina, bestalde, testak egiten duen galbahe-lana ere oso garrantzitsua da, nire ustez behintzat. Eta hori ilustratzeko, kasu bat kontatuko dizut, labur-labur:
Orain urte batzuk, gurean, seigarren edo zazpigarren urrats eskas batean ari zen neska batek EGA azterketa egiteko matrikula egin nahi izan zuen, deialdi itxian. Nonbait entzunda zuen egiteko eskubide osoa zuela, urrats ertain horretan matrikulatuta egote hutsagatik. Beraren irakasleak (ez nik, ez baitzen nire ikaslea) eskubidea baietz, bazuela, baina EGArik ez egiteko eskatu zion behin eta berriro, oso maila eskasa izanik erridikulua egingo zuelakoan. Ikaslea, berriz, guztiz tematuta zebilen egin nahi zuela eta eskubidea zuelako harekin; atarikoa pasatu ezean ere, berdin ziola, azterketa zertan zen ikusi nahi zuela eta egin egingo zuela. Esan eta egin. Atarikoan, ehun itemetik berrogei ere ez zituen atera; erridikulua, alegia.
Atarikoagatik izan ez balitz, neska hark azterketa idatzi lotsagarria egingo zuen, lana eta denbora alferrik emanaraziz zuzentzaileei. Neskak ez zuen euskara ikasi nahi, gaur egungo askotxok bezala; titulua, ordea, bai nahi zuen (nahi dute). Hipokrisia horretan murgildurik gabiltza, oro har, hemengo inguruetan behintzat. Eta, horretan, atarikoak badu zeresana, dudarik gabe. Euskaldun aktibo eta jator horrek, oztopoak oztopo, ikasi egingo du atarikoa gainditzen, seguru, bai eta EGA bera ere. Ziur naiz horretaz, Bittor.
Horregatik guztiagatik nauzu ni atarikoaren aldeko. Euskara maite eta sentitzen duten asko eta asko pairatu ezinik dabiltza titulitis horren zama, badakit. Era berean, ordea, euskara maite ez, sentitu gabe ikasi eta euskal administrazioan sartu nahi duen jende ugari ere badago, gero, barrutik, euskararen eta Euskal Herriaren aurka aritzeko. Badakit euskaldunok beti bi aldiz frogatu behar dugula dena, erdaldunek ez bezala, baina, legeak “berdintzen” gaituen heinean, ezin ezberdin jokatu batzuekin eta besteekin. Nik, oraingoz, hala ikusten dut.
Ontsa izan.