Egin klik hemen INPRIMATZEKO


Kontakizunaren logika II

Asier Larrinaga Larrazabal / Hizkuntza / 2008-10-03 / 08:20


Lehengo hilean zabaldu genuen orrian bazen adibide bat zeresana eman duena. Erabili.com-en hainbeste irakurlek iruzkinak bidali dizkigute, eta EiTB barruan ere hitz asko egin genuen esaldiaz, kanpoan zabaldu aurretik. Beharbada, merezi du gogoeta horien berri ematea, adibidearen bitartez erakutsi nahi genuena hobeto azaltzeko.



Datu pilaketak

Datu pilaketak

Aurreko orrian esan genuen testuaren zentzua galtzeko arriskua dagoela informazioa oso hitz gutxitan trinkotu nahi izanez gero. Hobe da informazio edo datu bakoitza perpaus batean ematea, eta perpausak ondo mugatzea.

«Behin betiko botoa ematea» esateko modu iluna da. Ez da ondo ulertzen. Badirudi "berresteaz" ari garela, "bozkatzeaz" aritu beharrean. Gainera, Asanblea Nazionala aipatuta, ulertutzat ematen da lege batez dihardugula. Ulertutzat ematen da, era berean, Gobernuak aurkezten dituela legeak Asanblea Nazionalean.

Halako testuak nahasgarriak dira. Datu mordoa hitz bakarrean daukate pilatuta. Goiko adibidean, «Asanblea Nazionala» terminoari utzi zaio dena argitzeko zeregina, hitz magiko bat edo izango balitz bezala.

Adierazpen aditzak

Ez da arraroa adierazpen-aditzak "hitz magiko" modura erabilita aurkitzea albiste-testuetan. Azpiko esaldian, hala gertatzen da «adierazi» aditzarekin.

Adibide horretan ez da inola ere agertzen atxilotuak errugabe izan litezkeela. Ez da nahikoa poliziak adierazi duela jartzea, droga-trafikatzaile izatea akusazio bat baino ez dela ulertarazteko. Kazetari batek, behintzat, bestela osatuko luke esaldia, garbi uzteko susmoei buruz ari dela, eta berak ez diola deliturik leporatzen inori.

Berriro lehengo adibidea

Lehengo orriko adibidera itzulita, arazoa gorago azaldutakoa da: adierazpen-aditz bati egotzi zitzaion informazioaren erantzukizuna. Aditza «jakinarazi» zen.

«Ak Bri C jakinarazi dio» esaten duenak ez dio ezer Cren fidagarritasunaz / egiazkotasunaz. Are gutxiago, aditza «jakinarazi» izanda.

Elkarrizketa asmatu hauetan, amaren erreakzioagatik garbi ikusten da zein ezberdin ulertzen dituen «jakinarazi» eta «esan» aditzak. «Esan» denari buruz jarrera kritikoa hartzen du. «Jakinarazi» dena bete-betean sinesten du.

Horrenbestez, goragoko adibidera itzulita, «ETAk atentatua egiteko asmoa zeukala jakinarazi dio gobernu-ordezkariak alkateari» entzunez gero, inork ez luke zalantzarik egingo ETAren asmoei buruz: egiatan Getxon atentatzekoak zirela ulertuko zen.

Nahitaezkoa da iturria aipatzea, ETAren asmoei buruzko informazioa objektibo eta zalantzaezintzat jo nahi ezean: «Polizia iturrien arabera, ETAk Getxon atentadu handi bat egiteko asmoa zeukan».


(ASIER LARRINAGA LARRAZABAL Euskal Telebistako Euskara Sailaren burua da)


Inprimatu



Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.com/zer_berri/muinetik/1222931207