Egin klik hemen INPRIMATZEKO


Erdarak euskarari sartutako ziri batzuk normalkuntzako arauetan

Iñaki Villoslada / Herri-administrazioa / 2008-10-10 / 08:25


Osakidetzako eta justiziako normalkuntzako dekretuetako eta administrazio orokorreko plangintzako artikulu banaren azterketa kritikoa egiten da artikulutxo honetan. Batzuetan arau-mota horietan gauza bitxiak topa daitezke. Edo ez hain bitxiak...



Azken urte hauetan, arlo publikoko euskara normalizatzeko arau berri batzuk jalgi dira, arlo bereziak normalizatzera etorritakoak -Osakidetza eta Justizia- edo lehengoak berritu dira -Administrazio Orokorreko plangintza-. Ez da nire asmoa arau horien balorazio orokorra egitea, Justiziakoaren gainean, puntu batean, behintzat, izan ezik, baizik eta araudi horietan sartu diren eta irakurketa bat baino gehiago izan dezaketen zenbait gauzatxoren gainean atentzio-deia egitea.

Gauza hutsalak izan daitezke, agian, baina, izan daitezke, era berean, arlo berezi horietan euskararen normalizazioaren nondik norakoan eraginen bat dezaketen kontutxoak, euskara lan hizkuntza administrazio orokor eta berezietan benetan bihurtzeari dagokionean, eta horregatik erdararen ziriak edo deituko diet:

Lehenengo ziria, Osakidetzako Euskara Normalizatzeko Dekretuko 13. artikuluan dago, lan-hizkuntzari buruz jardutean, 2. eta 3. paragrafoetan ondorengoa adierazten du:

2.- Asistentziaren jarduerari eusten dioten dokumentuetan hizkuntza ofizialak erabiltzeko moduari dagokionez, beti ere idatziko da asistentzia normaltasunez emateko bidea bermatuta.

3.- Nolanahi ere, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuak elebitasuna dokumentuen esparru honetan ere bultzatuko du.

Artikuluko hirugarren paragrafoaren arabera, euskara ere hasiko da asistentziaren jarduerari eusten dioten dokumentuetan erabiltzen (ez du argitzen zeintzuk diren dokumentu horiek, baina medikuek eta bestelako lizentziatu eta diplomatu sanitarioek beren jardunean sortzen dituztenak izan daitezkeela pentsa daiteke). Txalotzekoa da hori; hala ere, bigarren paragrafoak alderdi ilun bat du; badirudi aurreiritzi bat dagoela, bi hizkuntza ofizialak erabiltzearen ondorioz, asistentziaren normaltasuna zaildu edo oztopatu daitekeela.

Eta benetan hala dela norbaiti otuko balitzaio, zein da arazoaren irtenbidea? Dokumentu arlo horretan euskararen agerpena mugatzea ez da izango, akaso? Nire iritziz, ez litzateke onargarria euskararen garapenari oztopoak jartzen hastea arlo horretan, ezein ez beste edozeinetan, noski. Beraz, paragrafo horren erabilera zuhurra egin beharko da, arlo bateko euskararen normalizazioa bilatzen duen arau bat etxekalte bihur ez dadin.

Bigarren ziria Administrazio Orokorreko azken plangintzan dago (2008-2012). Plangintzak euskara-lan hizkuntza bihurtzea du egitasmo nagusia, eta testuinguru horretan ondorengo bitxikeria jaso du:

"Azken batean, erabilera planak bertan behera geratuko dira, arduradun politikoek erraztasun guztiak ematen ez badituzte. Eta erraztasunak emateko modu bat, ahaztu samar dagoena, elebitasun pasiboarena da. Eusko Jaurlaritzako agintari askok eta askok, euskaraz nahi bezain ondo egiteko gauza izan ez arren, ulertu egiten dute euskara, eta ulertzeko gaitasun hori giltza izan daiteke, euren sailetan euskarari ateak zabaltzeko. Hori da, gutxieneko lez, arduradun politikoen esparruan proposatzen dena; jakina, jarrera aktiboagoa hartzen badute hobeto"

Bitxia da benetan adieraztea elebitasun pasiboa giltza izan daitekeela sail batzuetan euskarari ateak zabaltzeko. Agintariei hori baino gehiago eskatu behar zaielakoan nago: euskaldun pasibo izatetik aktibo izaterako jauzia eman dezatela, alegia; eta, gainera, ez soilik erraztasunak ematea, baizik buru belarri "beren" sailetako euskararen erabileran inplika daitezela. Halaxe gertatu da genero-berdintasunaren inguruko gaian Jaurlaritzan. 4/2005 Legeak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerakoak, Jaurlaritzaren Legeko 17. artikuluari 2. paragrafo bat erantsi zion:

2.- Jaurlaritzan bi sexuek % 40ko ordezkaritza izango dute gutxienez.

Eta hizkuntzaren gaian ere ez al dizkiegu gure agintariei, arauz, minimo batzuk eskatu behar? Niri, partikularki, 2008-2012 plangintzako dekretuan jasotakoa gutxi iruditzen zait. Hori dela eta ondorengo proposamena egingo nioke Hizkuntza Sailburuordetzari: hurrengo ebaluazioan, langileen perfilen egiaztapenen datuak ez ezik, eman ditzala Jaurlaritzako sailburu, sailburuorde eta zuzendarien euskara mailaren datuak, hizkuntzen europar markoa erabiliz (perfilik ez baitzaie eskatzen, beren karguan jarduteko). Era horretan, jakingo dugu zein den sailetan euskara sustatzearen giltza dutenen hizkuntza-egoera eta planteatu ahal izango da zerbait horren guztiaren inguruan.

Hirugarren eta azken ziria -ez horregatik garrantzi txikienekoa- Justiziarena da. Egia esan, azkenerako gorde badut zerbaitegatik da. Osakidetzakoa eta Plangintzakoa, azken finean, anekdotikoak izan daitezke, baten batek erantzun diezadake arauetan murgildu naizela kontu hutsalen berri emateko, bitxikeriak direla, azken finean. Justiziako gaia, aldiz, oso bestelakoa da, ez dago gauza hutsalik hor, ondoriorik gabea edo bitxia. Justiziari buruz aipatuko dudana funtsezkoa da euskararen normalizaziorako datozen urteetan. Justiziako Dekretua, 2008ko uztailaren 29koa, akats larri batekin jaio da, arlo bereziak normalizatzera etorritako gainerako dekretuak ez bezala ez zaie eremu horretako "langile" guztiei aplikatzen:

2. artikulua.- Dekretu hau Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioaren zerbitzuko kidego hauetako langileei aplikatuko zaie: Kudeaketa Prozesal eta Administratiboko kidegoa, Izapidetze Prozesal eta Administratiboko kidegoa, Laguntza Judizialeko kidegoa, Auzitegiko Medikuen kidegoa eta Laborategiko Laguntzaileen kidegoa.

Artikulu hori irakurrita segituan konturatzen gara nortzuk falta dira hor: inportanteenak. Gauza jakina zen, noski, baina ez da, horregatik, gutxiago mingarria. Izan ere, 2001eko uztailean, Jaurlaritzak Justizia Administrazioko hizkuntza-normalkuntzarako neurriak finkatzen zituen dekretu bat atera zuen eta kategoria horiei ezarri zien hizkuntza eskakizuna. 2001eko dekretuak epaile, magistratu eta fiskalei dagokienez horrelaxe xedapen bat jaso zuen: Epaile eta magistratuei, epaileen idazkariei eta fiskalei dagokienez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta Aginte Judizialaren Kontseilu Nagusiak edo Justizia Ministerioak hizkuntza normalkuntzaren alorrean sinatutako edo sina ditzaten hitzarmenetan, 2., 3. eta 4. hizkuntza-eskakizunak hartuko dira kontuan.

Xedapen hori Konstituzio Auzitegiak konstituzioaren kontrakotzat jo zuen, tinta gehiegi gastatu gabe: "Este precepto carece de virtualidad aplicativa inmediata, pues su contenido queda deferido a futuros convenios con el Ministerio de Justicia y el Consejo General del Poder Judicial y, por tanto, a lo que aquéllos entonces determinen. Sin embargo, en su dimensión material vulnera el orden constitucional de competencias, pues no se limita únicamente a prever actividades de formación, sino que además supone incluir a los Jueces, Magistrados, Secretarios Judiciales y Fiscales en las medidas de normalización lingüística a que se refieren el título y el contenido del Decreto 117/2001, objeto de este conflicto. En cuanto que estas actuaciones sobre dicho personal corresponden, desde la perspectiva constitucional, al Estado (art. 149.1.5 CE y STC 105/2000, de 13 de abril, FJ 4), el precepto que examinamos excede de la competencia de la Comunidad Autónoma e incurre, por ello, en inconstitucionalidad".

Beraz, Espainiako estatuko eskumen esklusiboa den neurrian badakigu zer tokatzen zaigun euskaldunoi: eserita itxoitea Espainiako estatuak bere izaera eleanitzaren kontzientzia hartu arte. Nik kalkulatzen dut berrehun edo hirurehun urte nahikoak izango direla.


(IÑAKI VILLOSLADA FERNANDEZ euskara teknikaria da)


Inprimatu



Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.com/zer_berri/muinetik/1222773357