![]() |
Egin klik hemen INPRIMATZEKO |
Roberto Alkarterri / Irakaskuntza / 2008-09-26 / 08:30
Nik egun batzuk lehenago idatzitako artikulu baten harira, eztabaida interesgarria piztu nahi izan du Bittor Hidalgo irakasleak, lehengo irailaren 15ean eta foro honetan bertan: Atariko probak. Bai ala ez? Egia da zeresan handia ekarri dutela gure lantokietara (euskaltegi, hizkuntza-eskola eta abarretara) halako probek, ikasleen nahiz irakasleen artera ekarri ere, eta horrexegatik heldu nahi diot orain, ikasturte hasieran, gai honi.
Nik neuk esana dut artikulu hartan (HABEren egiaztapen-mailak eta baliokidetza) zentzuzkoena, ikuspegi pedagogiko batetik ikusita, behintzat, atarikorik ez egitea litzatekeela. Izan ere, euskara gutxi ikas-irakasten da zorioneko testak eginez; testak egiteak gehiago baitu teknikatik eta estrategiatik, beharbada. Baina, hartan ere, esan esaten nuen atarikoa, berez, ez dela azterketaren zati, baizik eta azterketara bertara joango direnen selekzioa egiten duena; galbahe-funtzio garbia duela, alegia.
Hori aurretik esanda, eta Bittorrek planteatzen duen galderari ihardetsi nahian, nik erantzun zirkunstantziala emango nuke, edo, hobeto esanda, zirkunstantzien araberako erantzuna: atarikoak bai EDO ez, azterketarako baldintzen edo zirkunstantzien arabera. Baina, jakina, berdintasunean neurtu behar ditugu beti azterketariak, eta, ditugun zirkunstantziak ditugula, nik atarikoei baiezkoa eman behar diet. Azalduko dut zergatik.
Nire ustez, gaur egun euskarari eman zaion gain-balio instituzionala, oro har, kalterako dugu, eta horrexek sortzen du lehenengo zirkunstantzia eta garrantzitsuena: nork eta zertarako ikasten duen euskara. Edo, bestela esanda, nori eta zertarako akreditatzen diogun guk, euskararen profesionalok, euskara jakite-maila bat edo beste (agian, honen segidan, galdetu beharko genuke nork eta zergatik irakasten duen euskara, baina gai hori beste baterako utziko dugu).
Euskara ikas-irakasteko orduan, egoera pedagogiko egokiena, zalantzarik gabe, gogo betean ikas-irakastea litzateke. Hau da, ikastea zein irakastea gogoz eta bokazioz egiten denekoa. Beharbada, iragan sasoi batean, nik ikasitako garaian esaterako, hala egingo zen, eta, akaso horregatik, garai hartan ikasitako hainbatek eta hainbatek, gaur, euskal hiztuntzat dugu geure burua. Hau da, egoera pedagogiko egoki hartan, erabiltzeko ikasten zen euskara, euskaraz bizitzekotan; gaur egun, berriz, bestela gertatzen dela esango nuke.
Izan ere, egoera pedagogiko kaskarra da, nolabait kalifikatzearren, gaur egun duguna. Euskara hainbeste erakundetu eta exijitu dugu lanpostuetarako, non, egun, euskara-ikasle gehientsuenentzat lan-meritu hutsa dela esango bainuke nik. Hots, orain, euskara ez da ikasten, hizkuntza sentituta, ikasi nahi delako eta euskaraz bizitzeko asmoz, baizik eta gure instituzioetako lanposturen batean puntuatzeko, besterik gabean. Beste modu batean esatearren, nik uste, garai batean, euskararen lagunei irakasten zitzaiela gure hizkuntza; egun, aldiz, "euskararen etsaiei" ez dut esango, baina bai euskarak oso lagun ez dituenei irakasten diegu, eta horrek, jakina, bere pisu espezifikoa du sortu dugun titulitisaren mundutxo honetan.
Euskararen inguruko zirkunstantzia hauek, beraz, egoera pedagogiko ezberdinak utzi dizkigute urteetan zehar, eta, egoera egokitik kaskarrera jauzi egitean, hortxe ikusten dut nik atariko probaren beharra. Hau da, atariko probak, on et txar duen guztiarekin ere, bere funtzioa bete behar du: iragazkiarena. Baina ez zentzu txarrean ulertuta funtzio hori. Benetan betetzen duen ala ez, hori beste kontu bat da; eta zer-nolako atarikoa izan behar duen, zein item diren egokiak eta abar, hori ere aparte utzi nahi nuke.
Euskara sentitu, ikasi nahi eta titulua ere behar duen ikasle batek, nire iritziz, ikasi egingo du, eta titulua ere lortuko du, lehentxeago edo geroxeago, problema handirik gabe. Ikasle mota horrentzat, hortaz, atariko proba ez da oztopoa izango; aitzitik, disfrutatu ere egingo du prestatzean. Nik, behintzat, horrelako ikasleak ere ugari izan ditut, oso esker onekoak euskararen inguruan "irakasten" zaien guztiarekin.
Zoritxarrez baina, bestelakoak izaten dira (ditut) ikasle gehienak. Euskarari batere atxikimendurik ez eta dena eragozpen, enbarazu edo ezarpen ikusten dutenak. Horiek gorrotoa eta mespretxua diote, atariko probari ez ezik, euskarari berari ere. Eta horrelako ikasleentzat atariko proba(k) nahiz bestelako kontrolak egiteari, bada, zer esatea nahi duzue, oso ondo deritzot nik.
Gertatzen dena, dena den, gorago ere esan dut: berdintasunez jokatu behar dugu ikasle edota azterketari guztiekin. Horrexegatik kritikatu dut nik, besteak beste, aurten egin berri den baliokidetza kontua, proba edo azterketa ezberdinak baliokidetu dituztelako, hain zuzen. Gauzak horrela, atariko proba denei ezarri behar (edo inori ez, besteren iritziz).
Nire erantzuna, agerian denez, ikuspegi pedagogiko batetik abiatuta eman nahi izan dut. Horrek, hala ere, ez du esan nahi ikuspegi bakarra denik atarikoei baiezkoa ematerakoan. Izan ere, eta "nire iritzi txit apalean" (Joxerra Garziari, ironikoki, maiz entzun diodanez), bestelako arrazoi batzuk izaten dira garrantzitsu Administrazioaren ikuspuntutik. Esate baterako, azterketen kostu ekonomikoa. Atarikorik gabeko milaka azterketa egin beharko balira, maila, perfil edo eskakizun ezberdinetarako eta hainbat deialdi edo oposizioalditan, urtero, eta ez dakit zenbat aztertzaileri ordainduta, eta abar eta abar, horrek sekulako kostua lekarke, eta ez luke, nire ustez, askorik hobetuko euskararen erabilera eskasarena.
Beharbada, euskal hiztun berriak sortzea baldin bada helburua, kontua ez da hainbeste hizkuntz eskakizunetan zer-nolako azterketa egiten den, edo zenbat eta zein atal izan behar dituen azterketa akreditatibo horrek. Agian, kontua izango da aukera eman ez eze behartu ere egin behar dela erabilera, Administrazioko lanpostuetan bederen. Horretarako behar adina lege eta diru badago; ez, ordea, ausardia politikorik.
Aurreko hartan nioenez, ez dira lirikarako garai onak. Baina etorriko dira sasoi hobeak, bai eta politikari berri ausartagoak ere. Badaezpada, hortxe utziko dut apuntea, ea inor animatzen den jarraibidea ematera.
Besterik ez. Ondo bizi.
(ROBERTO ALKARTERRI helduen euskara irakaslea da)
Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)
Roberto Alkarterrik erabili.com-en argitaratutakoak (irakurtzeko gainean sakatu):
![]() | Inprimatu |