Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Euskara, XXI mendeko hizkuntza bizia, egunerokoa eta noranahikoa

Euskara, XXI mendeko hizkuntza bizia, egunerokoa eta noranahikoa

2008-09-19 / 08:30 / Ana de Castro   HIZKUNTZA

Eusko Jaurlaritzaren hizkuntza politikak egokitzapena behar duela inork ez du zalantzan jartzen. Euskararen Legea onartu zenetik -urteren bat lehenago ere- herri administrazioetatik euskara normalizatzeko burutu den lan sistematikoa, Hizkuntza Politikarako Sailordetzak lideraturik, 25 urte luze pasa dira.

Autonomia Estatutuak eman zigun tresna legalaren aurretik egindako hamaika ahalegin -ahal bezala egin genuena- izan ziren abiapuntua. Sakabanatutako indarrak batzea eta, batez ere, bultzada indartsu, ofizial eta homogeneoa eman zion guzti horri gure Legeak. Indarrak batzen ez omen gara oso trebeak euskaldunok, baina hala ere Euskararen Legeak babestutako arlokako programen eguneroko garapenak, irauli ez baina egoera nabarmen aldatu da onera hiru hamarkada eskasetan. Bilbon behintzat, horrela gertatu da.

Orain arte gauzatutako hizkuntza politikak egokitzapena behar du, beraz, baina ez mendearen aldaketak estetikoki horrela eskatzen duelako; ez da, inola ere, irudi operazioa euskara sustatzeko planek behar dutena.

Arrazoia ez da planek huts egin dutela. Batzuen ustez Estatutuak ekarri digun guztia izan da porrota, dena txarto egin dugu. Horixe bera entzun dugu frankismo osteko euskal erakundeak martxan jarri ziren egun beretik. Hori ez da kritika, ez baita egiten errealitatearen gainean. Zer egiten den baino, nork egiten duen izan da argudio ezkor horren motorra. Dena dela, azken hamarkadan nabaria izan da euskararen munduan elkarlanaren bidean gertatu den hobekuntza.

Planak ez du huts egin. Oso alderantziz, Autonomia aroan aurrera atera diren plangintzei esker egoera linguistikoak onera egin duenez gero, gaurko abiapuntua ez da 1980koa, zorionez. Horixe egokitzapenerako beharraren arrazoia, egoera berriaren azterketa sakonaren beharra, aurrerantzean esku artean ditugun tresnei eta ahamenari ahalik eta etekinik handiena ateratzeko bidean.

Beste batzuen iritziz, ordea, urrutiegi joan gara gure hizkuntza normalizatzeko neurrietan. Gauza batzuk hobeto joan dira beste batzuk baino, egia da, baina orain arte egindakoa pragmatismo handiz planifikatu eta aplikatu da. Gehiegikeriak nonahi ikusten dituenaren helburua benetako elebitasunetik urruti dago; gure errealitate zabalean gertatzen den hizkuntza ofizial bien arteko desorekari erreparatzea baino ez dago.

Burutazioak

1) Adostasuna da hizkuntza politika orok behar-beharrezkoa duen sostengu nagusia.

Horrela da. Eta horretarako norbanakoen atxikimenduaren garrantzia. Baina atxikimendu mailan alde handiak daude. Askok ez du ikusten euskara komunikazio-adierazpen tresna moduan; gainditu beharreko oztopoa da batzuentzat (lan-mundura sartzekoa, adibidez) eta ez gutxiren kasuan atxikimendua oso sinbolikoa da: euskararen aldeko jarrerak ez ditu hizkuntza ezagutzera bultzatzen. Garrantzi handikoa omen da beraientzat euskaldunen eta euskal kulturaren adierazleen existentzia baina gazteleraren elebakartasunetik. Kanpaina asko antolatzen da urtero handik eta hemendik, gehienak umeei eta gazteei zuzenduak. Baina beraien eredu diren helduen testigantza elebitasunetik urruti dago. Zalantza dut gaurko gazte horiek heldu izango direnean beteko duten klitxe linguistikoaz. Bilbo inguruaz ari naiz, non biztanleria erdaldun elebakarra da gehiengo zabal batean.


2) Erabilera da etorkizunaren giltzarria, baina Legeak ezin du bermatu, herritarrek baizik... Lehenespenen politika bat sustatu beharra dago.

Gora egin du euskararen presentziak, arlo formal batzuetan batez ere, nahiz eta erabilera askoz mantsoago ezagutza baino. Guztion ahotan dago kontua. Eta zenbakiak aipatzen ditugu, portzentaiak. Azken batean, plangintzen eta gehienen borondatearen adierazle dira numero horiek. Baina gizartearen arkitektura ez da laua. Eta beharbada, zenbatek egiten duen bezain inportantea, nortzuk egiten duten jakitea argigarria izan daiteke, portzentaia horiek izango duten bilakaera nolabait usaintzeko. Piramidea da ezagutzen dugun gizarte hau, non gutxi batzuk bizimodu ereduak ezartzen dituzten -hizkuntza barne- eta gehienok bete egiten dugun, kontsumoaren kate amaigabearen ibilbidea betez. Gizartearen goiko aldean, dauden batzuk sikiera, euskara erabiliz gero eragina askoz biderkatzaileagoa litzateke euskararen alde. Ez da erraza, baina badago beste modu eraginkorrik gure gizarte aurreratu honetan?


3) Euskarak kalean hartu behar du arnasa, eguneroko bizitzan. Erabileran dago etorkizunaren giltzarria.

Ondorengoetaratzearen zutabe nagusia, hala ere, etxean dagoelakoan nago. Eta kontu honetan familiaren egiturak eta ohiturek azken urteotan ezagutu dituzten aldaketa sakonek, euskararen ezagutza eta erabilerari dagokionez, zeresan handia izango dutela uste dut. Kalea eta etxea bi gune desberdin izan arren, lotura handia dute norbanakoek egiten duten hizkuntzaren aukera erabakitzeko orduan.

Bestetik, kaleko erabilera sakonago neurtzeko premia ikusten dut. Herritarrak kalean direla zein hizkuntza erabiltzen duten jakitea (non, adina...) datu eskergarria da gure lanerako, baina haruntzago joko nuke. Normalizazio estrategiak eta programak erabakitzeko orduan egoeraren berri zehatzagoa behar dugu. Kontsumo gizartean bizi garen garai honetan, euskarazko produktuei dagokienez, herritarren nondik norakoaren berri izatea funtsezkoa da. Zenbat liburu, musika, egunkari, telebista, pelikula, internet, bideojoko eta abar kontsumitzen diren, zeintzuk, non eta nortzuk. Eta datu hauek aldiro neurtuta, bilakaeraren ezaugarriez jabetzeko. Gaitasuna eta jarrerez gain, kontsumo indizea ere neurtzea, hizkuntza normalizazioan proposatzen diren ekimen ugari produktuak baitira, materialak zein zerbitzukoak (aisialdian, kasu baterako).

Erronkak

1) Erabilera sustatzeko neurriak. Orain arte gure inguru erdaldunean ume eta gaztetxoen esparruan gauzatu ditugu erabilera sustatzeko programa gehienak, egoerak hala eskatuta. Urte gutxitan gure programen hartzaile haietako asko helduak dira egun, bizitzan bestelako koordenada eta estimulutan mugitzen direnak. Badugu batzuekin zeharkako harremana gure programetan, guraso direnekin hain zuzen. Baina ez dugu oraindik asmatu helduengana mezuak helarazteko eta neurriak proposatzeko moduan.

2) Euskaldun berriak. Bilbo aldeko euskaldun gehienak. Seaskakoak baino, arbela kumeak. Bizi garen inguruan, hizkuntzaren industriatxoan sartuta izan ezik euskararen gaitasunean erosio handia jasaten dutenak dira milaka euskaldun hauek. Egindako esfortzu handiaren ostean hartutako saria etengabe herdoildua ikusten eta sentitzen dute; eta ataka horretatik irteteko, beste esfortzu bat, eta beste bat ondoren. Oso zaila da horrela euskaltegitik -edo eskolatik- ateratako etekina eguneroko komunikazio tresna bihurtzea. Erabilera naturaletik gero eta urrutiago daude hauetako gehienak, bizimoduaren inertziak baldintzatuta.

Irteera bat eskaini behar zaie, bikoitza. Batetik, duten gaitasun linguistikoa eguneroko harremanetan trebatu eta osatuko dien bermea. Eta, aldi berean, egin eta egiten duten esfortzua prestigiatuko duen onarpen eta prestigio sozial handiagoa.

3) Euskaraz ikasi duena euskalduna da. Derrigorrezko Hezkuntza osoa eta ondorengo ikasketak -unibertsitatean gehien bat- egindakoen lehen belaunaldia aspaldiko notizia izan zen. Geroztik milaka gaztek erabaki du ikasketa guztiak euskaraz egiteko aukera historikoa. Urtetik urtera handitzen doan kolektiboa da lan mundura abiatzen diren profesional euskaldunena.

Ikasle hauen gaitasun linguistikoa hamaika azterketa eta lan akademikotan frogatua izan da. Eta, paradoxikoa den arren, duten hizkuntza gaitasuna demostratu behar izaten dute lan munduan euskalduntzat hartuak izateko. Fielatoa da, gainkarga, beste hizkuntza ofizialaren kasuan gertatzen ez dena. Noiz, eta -adibidez- oposaketak euskaraz egiteko aukera dagoenean. Ez zait bidezkoa iruditzen.


4) Legeriaren egokitzapena

Euskararen normalizazioari dagokionez egungo egoera berriak eskatzen duen erantzuna osatu, adostu eta plazaratzeko ezinbestekoa dugu legeriaren oinarria. Orain arte hain baliagarri gertatu zaigun "Euskararen erabilpena arauzkotzeko Oinarrizko Legea"k (10/1982, azaroaren 24koa), orokorrean oraindik oso baliotsua, ukitu batzuk beharko ditu proposamen berriaren sostengua eta bermea izan dadin. Gauza bera apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuari dagokionez, Euskal Autonomia Elkarteko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duenaren kasuan.

Hauexek dira Oinarrizko Txostenari egin nahi dizkiodan komentarioak, Bilbon bizi dugun egoera linguistikotik pentsatuak. Neure eskerrik beroenak txostena osatu dutenei, egoeraren diagnosian bete-betean asmatu eta aurrera begira proposatzen dituzten ildoetan guztiz bat natorrela.


(ANA DE CASTRO RUBALKABA Bilboko Udaleko Euskara zinegotzia da)

  • Idazki hau, Euskara 21 ekimenaren abiapuntu izan den Oinarrizko Txostenari egin zaizkion ekarpenetako bat dugu.


Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com