Egin klik hemen INPRIMATZEKO


Euskara 21

Mikel Basabe / Hizkuntza / 2008-09-18 / 08:20


Oinarrizko txostena irakurri ondoren, zalantza bat baino gehiago geratzen da, nahiz eta diagnostikoarekin, oro har, bat egin daitekeen. Beharbada, horixe da zalantza nagusia: ez ote den batez ere diagnostikoa (eta hori ere mugatua) egiten edo, bestela esanda, diagnostikoan baino ez ote den geratzen. Testuan behin eta berriro kritikatzen den boluntarismoan ez ote den erortzen, sarritan, hemendik aurrerako jardunerako oinarrizkoa behar zuen ponentziak. Zehaztasun-gabezian geratzen ez ote den, behin eta berriro. Hizkuntza-politikaren oinarriak planteatu beharrean, hizkuntza-politikaren arazoez diharduen txostena ez ote den.



Politizazioa

Politizazioa

Argi dago hizkuntza baten -edozein hizkuntzaren- normalizazioak eskatzen duela hizkuntza hori herritarrek salbuespen ideologiko barik erabiltzea. Ez da hizkuntza normalizatua izango multzo ideologiko batek baino erabiltzen ez duen hizkuntza. Beste alde batetik, testuan sarritan aipatzen da hizkuntza-politikak beharrezkoa duela adostasuna. Bada, hasteko zehatz dezagun hori: guztien arteko adostasuna ezinezkoa da; hain justu, testuan behin eta berriro adierazten den legez, sistema demokratikoak berezkoa duelako herritarren kritika eta desadostasuna, alderdien arteko kritika eta desadostasuna ere ohikoak dituen legez. Beraz, aldekotasun zabala bilatu beharko litzateke, ezer bilatzekotan. Adskripzio nazionalaren mugak gainditzen dituen aldekotasun zabala. Gertatzen da, ostera, oinarrizko ponentziak esaten digula aldekotasun hori, teorian behintzat, egon badagoela. Gehiengo soziala eta horren ordezkari den gehiengo politikoa hizkuntzaren normalizazioa bultzatzearen alde daudela azpimarratzen da, oinarrizko txostenean, behin eta berriro. Zer gertatzen da, orduan? Non dago arazoa? Adostasuna ezinezkoa bada baina aldekotasuna aspaldi lortua badago, ez litzateke arazorik egongo. Ala? Adostasuna, gainera, ezin uztar daiteke txostenak 55. orrialdean jasotzen duen aipuarekin: "Eragingarria izan nahi duen hizkuntza-politika bat inertziak-eta astintzeko deserosoa izan behar du, ezinbestean, bestela ez balitzateke hizkuntza-politika egin beharrik ere".

Nire ustean, legeen bozketetan agertzen den aldekotasun handi samar hori ez da hitzetatik ekintzetara igaro. Aldekotasun zabala lortu zuen Gernikako estatutuak, eta aldekotasun zabala Euskararen legeak ere. Baina aldekotasun hori paperean geratu da. Bataren eta bestearen alde bozkatu zuen alderdi sozialistak -oker ez banago, oinarrizko testuan aipatzen den alderdi politiko bakarra- ez du aldekotasun hori ekintzetara pasatu, eguneroko praktikak behin eta berriro erakusten digun legez. Lehenengo eginkizuna, beraz, aldekotasun hori praktikoa ere izatea.

Euskararen politizazioak dituen arriskuez ohartarazten du ponentziak, arrazoi osoz: hain justu horregatik ari dira zenbaitzuk euskara eten barik politizatu guran. Jakin badakitelako horixe dela normalizazioaren kontra duten bitarteko eraginkorrenetakoa. Kohesio soziala arriskutan ez jartzeko ezinbesteko baldintza ez da bakarrik hizkuntza-politika malgua egitea, ezen behar-beharrezkoa baita, horrekin batera, indar politikoek ere kohesio soziala ere helburu izatea. Politizazioa, beraz, hortxe dago. Ez da agian, gauzak txarto eginez gero, gertatuko den zerbait: izan baden arazoa da. Politizazio horri amaiera ematea zehar-lerrotasunetik baino ez da ailegatuko. Egunero euskara jaurtigai legez darabiltenek -batekoek zein bestekoek- ez dute helburu hori.

Argi dago abertzaleen artean hizkuntzaren politizazioari amaiera eman gura dioten pertsonak, erakundeak eta alderdiak asko direna. Gauza bera gertatu beharko litzateke abertzale ez diren alderdien artean. Horien artean kohesio soziala lortu eta gobernu-lanean jardun gura duenak du berebiziko garrantzia. Hizkuntza politika erdi eperako kohesio-bide legez planteatzen duenak egiten dio herri honi mesede. Oposizioan dagoela hizkuntza-politika jaurtigai erabiltzen duenak konturatu egin behar du ezin izango duela jarrera bera izan, gobernu-arduretan jardunez gero. Hizkuntza-politika zentzukoa, malgua eta gura beste adjektibodunak norberaren talde ideologikoko muturrekoenen beldur izan barik egiten ausartzen denak etekin politikoa izango du, zalantza barik. Horretaz konbentzitu beharra dago, oraindik ere konbentziturik ez dagoena.

Egoera bitxian dago, beraz, euskararen politizazioaren kontua. Ez dira abertzaleak nagusiki hizkuntza politizatzen dutenak, baizik eta ez abertzaleak. Baina hizkuntzaren normalizazioak ez ezik, iraupenak ere euskararen erabilera normala ez abertzaleen artera ere zabaltzea eskatzen du. Zeren hizkuntza bat talde ideologiko zehatz eta bakar batena denean, gerta bailiteke talde ideologiko horrek, desagertuz gero, berarekin eroatea hizkuntza ere. Hortxe dugu, beraz, lehenengo eginkizuna: ez abertzaleak hizkuntzaren normaltasunera gehitzea, urrats hori ematetik gertuen daudenetatik hasita. Ez litzateke sobera egongo euskararen auzitik hizkuntzen auzira egitean jauzi: Erresuma honetan 10 hizkuntza daude "jatorrizkoak". Hizkuntza-aniztasun horren jabe egin beharko lirateke nagusiki elebakarrak diren herritarrak.

Hizkuntzaren egoera

Badago oinarrizko txostenaren hasieran deigarria den beste baieztapen bat behintzat: "Argi-ilunak ikusten ditugu euskararen egoeran, baina azken hogeita bost urteotan egindako lanari esker, argiguneak dira nagusi". Benetan argiguneak dira nagusi? Ala orain hogeita bost urteko egoerarekin erkatuz gero dira argiguneak nagusi? Ez baita, inondik ere, gauza bera. Eztabaida ezina da euskarak azkeneko hamarkada bietan aurrerapauso handiak egin dituena. Zalantzarik ez dago: oraina eta etorkizunerako perspektiba hobea da 2008an 1978an baino. Baina duela hogeita bost urteko egoerarekin erkatu beharrean gaur egungo egoera bada kontuan hartzen duguna? Orduan ere argiguneak dira ilunguneen gainetik nagusi? Txostenak ez dio horri erantzunik ematen. Izan ere, ilunguneak ez dira inondik ageri. Eta egon badaude, eta erraz identifika daitezke. Hezkuntzan, esate baterako. Guztiok bat gatoz batez ere hezkuntzan egin dela ahalegina azkeneko hamarkada bietan. Guztiok bat gatoz gaur egungo egoera duela hamarkada bikoa baino hobea izatearen arrazoietako asko hezkuntzan bilatu behar direla. Ereduek izan duten bilakaera (herritarren borondatearen ondorio, ez dezagun ahaztu) hizkuntzaren normalizazioa bilatzen dugun guztion pozgarri dira. Baina: zer gertatzen da lanbide heziketarekin? Noizko esparru horretan ere unibertsitate aurreko hezkuntzako gainerako esparruetan egin den ahaleginaren modukoa? Bitxia da hizkuntza-ereduak aldatu gura izateko erabiltzen den arrazoietako bat gizarte-pitzadura saihestea izatea (eredu ezberdinetan ikasten duten ikasleen artean horrelakorik sortuko ote den beldurrez), eta lanbide heziketaren eta batxilergoaren arteko hizkuntza-lubakiari horrelako garrantzi txikia ematea. Bitxia den legez ereduen porrotaz jardutea -eztabaida publikoak, ez txostenak-, eta ez jardutea, berriz, Hezkuntza sailak ereduen eskaintza unibertsitate aurreko hezkuntza osora zabaltzeko lanean izan duen porrotaz.

Eta hezkuntzako hizkuntza-ereduez dihardugula, hori ez "al da gaurko euskal gizartean herritar gehienek euskararen alde eman nahiko luketen pausorik eta Euskararen Legeak edo gainerako lege-arauek trabatzen duelako bertan behera erortzen" den puntua? Txostenak galdera hori egiten du, eta 10/82 Legeak, hain justu, eragozten du ereduak aldatzea. Hain justu.

Justua ez dena, berriz, oinarrizko txostenean erretorikoa izan gura duen galdera hori bota eta hurrengo paragrafo bietan egiten diren baieztapenak dira: ez da egia hizkuntza-eskubide horiek "zenbait kasutan nekez betetzen direla" eta ez da egia justizia alorra denik gabezia handienak dituena. Eta onartezina da autokritika agindu eta egiten ez duen txostenak hurrengo baieztapen hau egitea: "Kontua da, euskara den baino indartsuagoa ez bada, euskararen normalizazioaren aldeko jardunean gauzak aurrerago joan ez badira, gizarteak oro har mugak ezartzen dituelako dela". Hizkuntza-politika bultzatu dutenei haren argiguneen aitortza dagokienean egin behar zaien legez, ilunguneena ere egin beharko zaie, hori ere dagokien heinean.

Txostenaren lana izan beharko litzateke ilungune horiek detektatu eta argigune bihur daitezen proposamenak egin. Ez dut uste horrelakorik egiten duenik.

Hizkuntza-eskubideak

Lege-markoa aipatzen du txostenak, eta "egoki" dela irizten dio. Kasu honetan, eztabaidagai dena ez da esaten den hori, esaten ez dena baino: bizantziarra litzateke lege-markoa egokia den ala ez eztabaidatzen hastea (aldaketa proposamenik egiten ez bada, behintzat), baina ez legoke sobera lege-markoaren sorburu den Konstituzioak hizkuntza ofizialen artean ezartzen duen ezberdintasuna aipatzea. Gaztelania derrigor jakin beharra eta erabiltzeko eskubidea dago, eta besteak aukerakoak dira, hala ezagutzan nola erabileran. Ez da txikikeria: ezagutza segurtaturik dagoelako jardun dezakete hizkuntza bakarrean administrazioek. Alegia, gaztelania ez erabiltzeko eskubiderik ez daukagula herritarrok.

Testuak, berriz ere boluntarismo itzelarekin, jasotzen duenean hizkuntza-eskubideak "han eta hemen" erabiltzeko eragozpenak dituela euskara hautatzen duen herritarrak, asko jota egia erdia baino ez du esaten. Edo egiaren erdia isilpean gordetzen du. Zalantzazkoa da baieztapena, berriz ere ez esaten denagatik, baizik beren beregi aipatzen ez denagatik: hizkuntzaren normalizazioa diseinatzen ari den administrazio-atal bera ere bada hizkuntza-eskubideak erabiltzeko eragozpenak jartzen dituena. Hori horrela, eskubideak lortzeak, indarrean den legeriak behin eta berriro azpimarratzen duenez, progresiboa izan behar du, eta ingurunearen errealitate soziolinguistikoari begiratu egin behar dio. Ados. Baina progresibotasunak benetakoa ere izan behar du.

Administrazioak esparru askotan lan egin dezake, baina, zalantza barik, herritarren eskubideak betetzera beharturik sentitzen denean lan hori errazago zuzentzen da, bai baitaki zer bilatu eta lortu behar duen. Horren adibide dira Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza-politikaren azken hamarkada biak. Baina administrazioaren hutsuneak ere aipa daitezke. Bai barrura begira bete barik geratu diren hutsuneak (zenbat euskalduni ez zaio hizkuntza aukeratzeko aukera ukatu, azkeneko hilabetean, eta horietako zenbat izango dira datorren hilean administrazio-sail berberaren aurrean berriz ere hizkuntza aukeratzeko eskubide gabeko egoera berberean izango direnak?), baita kanpora begira ere: Estatuko administrazioa kritikatzen da oinarrizko ponentzian, arrazoi osoz, euskararen normalizaziorako indarrean diren legeak betetzeko ahaleginik egin ere egiten ez duelako; baina, noiz egon da gai hori EAEko eta Estatuko gobernuen arteko negoziazio mahairen batean? Harako eskumena eta besteko eskuduntza eztabaidatu eta borrokatu badira ere, hizkuntza normalizazioaren atalean Estatuko gobernuak egin beharrekoak ez dira estatus horretara ailegatu. Esan liteke Euskal Autonomia Erkidegoko gobernuarentzat (eta bera da administrazioaren atal garrantzitsua zuzentzen duena) ez dela lehentasuna izan Estatuko administrazioak herritar guztien hizkuntza-eskubideak bermatzea. Eta bere administrazioak ere hala moduz betetzen ditu, gaur egun ere, hizkuntza-eskubideak. Jendaurreko zerbitzuetan, pertsona bat baino gehiagoz osaturik daudenean ere, ez da segurtatzen legeak dioena, hau da, herritarrak hizkuntza aukeratzeko eskubidea izango duela.

Gainera, atal berekoa izan arren aparte jorratzen den alderdi bat ere badago: azpikontratena (baita enpresa publikoena ere, maila batean). Azpikontratak nahinon erabiltzen dira. Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioan erruz agertzen dira. Hizkuntza-eskakizunik ez dute. Argi dago administrazioak baduena normalizazioan jarduteko lanerako esparrua: azpikontratazioetara jotzen duenean, jar ditzala hizkuntza-eskakizunak. (Beti bezala, lanpostuari eta ingurune soziolinguistikoari begiraturik egin beharko du, baina baita herritarrek hizkuntza aukeratzeko duten eskubidea bermatzen dela kontuan hartuz. Baina, bate zere, egin egin beharko du).

Ezagutza eta erabilera: bilakaera ezberdinak

Ezagutzan aurrera egin da, ez ostera erabileran. Datu enpirikorik esku artean ibili barik ere, argi dago erabileraren bilakaera ez dela ezagutzaren bilakaera bezain ona izan. Zer egin lezake administrazioak erabilera bultzatzeko? Berriro ere, barrura begira eta kanpora begirako neurriez jardun genezake. Barrura begira, administrazioan bertan hartu beharreko neurriak aipatzeko orduan, badago nabarmena den bat: bilatu behar da hiritarrak, edozein leihatilatara hurbiltzen denean, argi izan dezala hizkuntza benetan aukeratu ahal izango duena. Hizkuntza bi daude hemen, eta guztiok dakigu, tramite bat egitera goazenean, batean seguru ulertuko digutena. Bestean ere horrela gertatuko dela jakin behar du hiritarrak. Hori lortzea administrazioaren (edozein administrazioren) eginkizuna da. Eta betebeharra, hainbat legetan ezarririk dagoen puntua baita.

Kanpora begirako neurriak ere badaude. Erabilera bultzatzea aipatzen denean, gazte eta umeak izan ohi ditugu buruan. Zergatik? Gainerakoek ez dugu berba egiten? Ez dira nagusiagoak gazteagoen eredu? Ez ote dugu, erabilera gazteen esparruan sustatu beharreko kontutzat hartzen dugunean, orain arte beste zenbait alderditan egin dugun hanka-sartze bera errepikatzen? Alegia, normalizazioa berez etorriko dela, gu baino gazteagoen eskutik. (Eta, beraz, gure erantzukizuna eta inplikazio-beharra txikiak dira oso). Bitxia da, oso, helduen euskalduntzeari buruz egiten den aipamena: "Euskara ikasi nahi duten helduek, berriz, eskura daukate euskara ikasteko aukera, 139 euskaltegiz osaturiko sare publiko eta pribatu profesionalizatuaren bidez". Egia izango da, ez dut nik ukatuko -nahiz eta, hainbaten, ordenak alderantziz joan beharko lukeen, pribatu profesionalizatuak lehenengo aipatuz-; baina, horrekin nahikoa da? Hala aukeraz gainera motibazioa ere landu beharko da? Izan ere, hainbeste dira helduok eskura dauzkagun aukerak...

Baina gazteei begirako neurriak hizpide izanez gero ere, badago lan handia egiterik. Erabilera + gazteak batuketa planteatzen denean, badago osagai bat oso kontuan izan behar dena: euskara ezin da bakarrik eskolako hizkuntza izan. Gelako lau hormen barruan gera dadin gura ez badugu, erabilera bultzatzeko ekimenak babestu beharko dira, hain justu gelarekin loturarik ez dutenak. Jardun beharko da eskolaz kanpoko ekintzak antolatzen dituztenekin, jardun beharko da kirol taldeekin, jardun beharko da gazteen aisiaz arduratzen direnekin. Horrek planifikazioa eta baliabideak eskatzen ditu, zeinak hizkuntza-politika diseinatzen dutenen esku baitaude.

Eskola, ala eskolak?

"Ikasleek eskura dezaketen euskara-gaitasun neurria ez dago bakarrik irakasleen hizkuntza-prestakuntzaren eta hizkuntza-ereduaren esku". Konforme. Baina argi dago, egia enpirikoa da, A ereduak ez duela balio hizkuntza ofizial biak jakiteko, ez duela balio eskubidea den hori bermatzeko, ezta derrigorrezko eskolaldia amaitzen denerako ikasleei ezartzen zaizkien hizkuntza-ezagutzak betetzeko ere. Inoiz ez. Argi dago A ereduak ez duela balio. Argi dago txostenean goraipatzen diren estatutuak eta 10/82 legeak zer dioten hizkuntza ofizialen ezagutzari buruz. Horiexetan jasotzen dira "guztientzako jarritako gutxieneko hizkuntza-helburu orokorrak". Apaldu egin behar ditugu? Konforme egonik ere "ikasleek eskura dezaketen euskara-gaitasun neurria ez dagoela bakarrik irakasleen hizkuntza-prestakuntzaren eta hizkuntza-ereduaren esku", proposamena helburuak apaltzea da? Izan beharko luke, bada, irakasleen prestakuntza, hizkuntza alorrean ere bai, hobetzea; eskolak baliabide eta irakasle gehiagoz hornitzea; eskola-orduetatik kanpoko ekintzetan ere jardutea; ereduak aldatzea beharbada... ala besterik gabe jarraitu behar dugu helburuak betetzen ez dutela segurua den ereduak bere horretan mantenduz, nahiz eta jakin eskola publikoko A eredua ume etorkinen ghetto bihurtzen ari dela? Bere horretan diot: eztabaida ereduak derrigor aldatzera bideratu da, beharbada lehenengo egin beharreko urratsa ereduak -guztiak- bere horretan ez mantentzea denean. Hezkuntza alorrean egin diren urratsek, metatu den eskarmentua eta gurean zein kanpoan egin diren ikerketetatik ondorioak atera beharra dago. "Ikasleek eskura dezaketen euskara-gaitasun neurria ez dago bakarrik irakasleen hizkuntza-prestakuntzaren eta hizkuntza-ereduen esku", baina horiek eragin handia dutenez, horietan lan egin behar da emaitzak hobetzeko xedez.

Horregatik, oinarrizko txostenak aipatzen duenean "hezkuntzaren eremuan aldaketak gutxika-gutxika egin behar direla, egin nahi dena orokortu aurretik aldez aurretik probatuz eta balioetsiz", baina, aldi berean, lerro gutxi batzuk geroago txosten berberak adierazten duenean horrek ez duela "esan nahi bere sasoian diseinatutako hizkuntza-ereduak bere horretan utzi behar direnik, baizik eta komeni dela eraldaketa oro aurreko bideari segituz egitea", zehaztasun-gabezia erakusten du, nahiz eta arrazoia daukan.

Proposatu egin beharko luke oinarrizko txostenak:

  1. Aldaketa berehala egitea, horrek dakartzan arriskuak eta aukerak zehaztuz, edo
  2. Aldaketa egiterik ez dagoela iritziz gero, giza eta material baliabide gehiago sartu behar direla derrigorrezko hezkuntzan, orain indarrean dauden ereduen emaitzak ahalik eta gehien gerturatu daitezen pertsona elebidunez osaturiko sozietate elebiduna lortzeko beharrezkoak diren emaitzei. Ahaztu barik A eredu publikoa ghetto bihurtzen ari dela eta administrazioari dagokiola hori saihesteko neurriak hartzea. Ahaztu barik lanbide heziketa.

Nik bigarren hautuaren alde egingo nuke, bazterrean utzi barik ereduen eredua gainditzeko proba-egitasmoak abian jartzea.

Etorkinik ba al dago hemen?

XXI. mende hau zelan joango zaigun asmatzea gaitza da. Ikusi egin behar globalizazioak benetan zer dakarren, eta eredu ekonomikoen aldaketa zertan geratzen den. Baina orain arte ikusirikoetatik -zortzi urte daramatzagu jada XXI. mende honetan, matematikoki ez bada pertzepzioaren aldetik bai behintzat- eta zortzi urteotan gure demografiak astindu ederra jaso du. Astindua, aldaketa baino sakonagoa izan delako, eta ederra aldi berean. Hizkuntza-politikaren lege-markoa diseinatu zenean ez bezala, asko dira euren sorterria utzi eta euskal herrietara ogibidearen bila etorri diren pertsonak. Horietako askok gaztelania du lehenengo hizkuntza, baina beste askok ez. Oker ez banago, txostenak behin aipatzen ditu, 54. orrialdean: "Etorkinek, hedabideek, arian-arian sortzen diren komunikazio-beharrak, eta abarrek beste ezaugarri batzuk ekarri dizkigute, eta horien arabera moldatuko da gure gizartea, hizkuntza kontuetan baita ere". Kito.

Etorkinak ugaritu izana ez da gure artean bakarrik gertatu den zerbait. Munduko alde aberatseko herrietara etorri den immigrazioa ezagutzen dugu guk batez ere, herri pobreetatik herri pobreetara joan dena baino gehiago. Eta herri aberatsen artean ere badaude hizkuntza-normalizaziorako politika egiten dutenak: Katalunia, esate baterako. Aldeak alde -eta handiak dira gero-, XXI. mendeko hizkuntza-politikaren oinarriak finkatu gura badira, arreta berezia jarri behar zaio etorri berri diren -eta etorriko diren- herritarrei begira egin beharreko politikari. Horretan, zalantza barik, berebiziko garrantzia izango du helduen euskalduntzearen sektoreak. Administrazioaren eta sektore horren arteko harremanak asko hobetu direla aprobetxatuz, erronka berri horri aurre egiteko planteamendu bateratua lantzen hasi beharko lukete biek. Kohesio soziala bilatzea ez baita bakarrik herritartasuna dutenekin lortzen: sozietatea osatzen duten guztiak hartu behar dira kontuan, Europako beste herrialde batzuetan gertatu izan direnek ondo baino hobeto erakutsi diguten legez.

Laburbilduz

"(...) herri-erakundeen aitzindaritza ere ezinbestekoa da, baldin ezberdintasunak orekatzeko moduan paratuko badira". Horixe da hizkuntza-politikak egin beharreko hurrengo urratsa: administrazioaren aitzindaritza orokortu beharra dago, esparru zehatz, jakin batzuetatik administrazioaren arlo eta maila guztietara zabalduz. Barrura begira, hizkuntza-eskakizunak eguneratuz, erabilerara bideratuz eta, batez ere, herritarrak hizkuntza aukeratzeko duen eskubidea bermatzea ahalbidetuko duten neurriak hartuz. Euskararen ezagutza, txostenean esaten denaren kontra, ahalik eta gehien hedatuz: umeen artean eta helduen artean. Besterik ez bada, hurrengo belaunaldiak euskalduntzeko abiapuntu hobean egongo garelako. Aitzindari ez ezik, eredugarri ere izanez. Aitzindaritza hori, gainera, ideologien gainetikoa behar dugu. Alegia, berdin izan beharko lioke unean-unean agintean nor dagoen, hizkuntza-politikaren ardatz nagusiak bere horretan manten daitezen.

Kanpora begira, erabilera izanik egungo ardura nagusia, hori bultzatzeko behar besteko baliabide jarriz arlo horretan diharduten administrazioaren atalen eskura, baina baita eragile sozialen esku ere. Ez bataren eta bestearen arteko osagarritasuna bilatuz, baizik eta aitzindaritza bikoitza izango duen prozesua egituratzeko ahalegina eginez: administrazioak tira egin dezala, eta eragile sozialek ere tira egiteko ahalik eta baldintza onenak izan ditzatela.


(MIKEL BASABE Aralarren euskara lan-taldeko kide eta koordinatzaileordea da)


Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)


Inprimatu



Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.com/zer_berri/muinetik/1221644603